Hamabi urtez kale antzerkian, bideoklipen errealizazioan eta antzerki-musika biretan jardun ostean, Gaitzerdi taldeak aretoetara jauzi egitea erabaki du. Sorreratik antzerki garaikidearen iturritik edan duen konpainiak Berpizkunde garaian idatzitako testuei heldu nahi izan die gainera. "Taldeak benetako beharra zuen antzez espazio itxietan lan egiteko. Azken finean areto ikuskizunak egiteko sortu genuen Gaitzerdi, nahiz eta arrazoi ezberdinengatik, eta pausoz pauso lan egin nahi izan dugulako, orain arte beste motako lanetan aritzea egokitu zaigun", dio taldeko zuzendari Kepa Ibarrak.
Duela bi urte hasi ziren taldekideak testu egoki baten bila eta azkenean, ia kasualitatez, Berpizkunde garaiaren alderik ustelenaz mintzo diren testu hauekin topo egin zuten. "Garai distiratsu, estetiko eta plastiko hartako injustiziez, goseaz, borrokez eta fobiez hitz egiten dute batez ere testuek. Muntaia egiteko behar genituen dramatizazio gogor, konplexu eta batez ere konprometitua ere ez zitzaien falta». Kasik bere idazki guztietan "Ruzzante» pertsonaia aipatu izanagatik haren goitizena hartu zuen Angelo Beolco aktore eta autore italiarra da testuen egile. «Il parlamento di Ruzzante» eta «Menego» bezalako testuengatik ezaguna den paduarrak errealismoa eta naturaltasuna defendatu zituen garaiko literatura erretorikoaren aurrean.
Gaitzerdiren lanaren lehen minutuetan ohartzen da ikuslea ez dagoela obra historiko baten aurrean, ezta pertsonaien gorabeherak ardatz dituen kontakizun baten aurrean ere. «Gose Kapitaina» proposamen berri bat da, jolas bat, "joko artistiko bat da. Elementu ezberdinak nahasten eta elkarlotzen saiatu gara estetikatik hasi, aktoreak dituen baliabide guztietatik pasa eta testuarekin jolastera iritsi arte», dio Yolanda Bustillo taldekideak. Zuzendariaren aburuz antzezlanak festa bat izan nahi du. Testu konprometitu baten gainean metodo ezberdinekin jolastuz ikuslea analisiak egitera bultzatzea omen da xedea.
Mezudun jolasa
.
Antzez metodo berrien ikerketaren ildotik oso gogoko duten biomekanika hautatu du Gaitzerdik ikuskizun honetarako. Lan egiteko metodo honen bidez aktoreak bere burua eraikitzen du, atal ezberdinetan biderkatuz; dramaturgian, mugimenduan, koreografian eta abar. Iñaki Ziarrusta, Yolanda Bustillo eta Borja Ruiz aktoreek gorpuzten dituzte guztira kontakizunean parte hartzen duten bederatzi pertsonaiak. Aktoreak ia bi ordu irauten duen emankizunean ez dira eszenatik irteten. Maskarak, jantziak edo makilajea bezalako baliabideen bidez pertsonaia ezberdinak eratzen dituzte aktoreek. Ohiko antzerkian ez bezala, baina, hauek ez dute ikuslearengan inolako emoziorik lortzea helburu, testuingurua eraikitzen laguntzea baita hauek duten funtzioa. "Pertsonaiak diseinatuak, marraztuak daude, ez dute psikologiarik eta, hartara, publikoak ezin du hauekin identifikatuta sentitu». Bertolt Brechtek aldarrikatutako urruntze-efektuak eta John Cageren musika hauskorrak ikuslea eta eszenaren arteko distantzia areagotzen laguntzen dute.
«Gose Kapitaina» ia antagonikoak diren bi zatiz osatuta dago. Lehenengo aktoan xake-jokoa da kontakizunaren ardatz. Ruzzante zaldia, Juana erregina eta Menato peoia gerraz hizketan ari diren bitartean guda bortitz batean murgilduta daude. Partidari xake-mate batek ematen dio amaiera.
Bigarrenean Commedia De'll Artetik nahiz Commedia di Caratteretik oso gertu dagoen kontakizun bat aurkezten zaigu. Bilora nekazari xumeak Dina bere emaztea berreskuratzeko eginiko ahaleginak dira istorioaren gakoa. Itxuraz komedia hutsala denak testuinguru gordin baten isla izan nahi du, umore gagen atzean errealitate sozial gogorra ezkutatzen baita, "nekazalgoaren eta hiritarren arteko lehia erakusten du finean».
Pertsonaien psikologia ezak ikuslearengan halako ezerosotasun bat sor dezakeela onartzen du zuzendariak: «Hartzailearentzat gogorra izatera irits daiteke baina, sentitzen dut, ikuslea hezi egin behar dela uste dut. Publikoari alde batetik ikusi nahi duena eskaini behar zaio baina bestetik inoiz burutik pasako ez litzaiokeen hori ere eman behar zaio. Hori da gure eginbeharra».
Metodo mekanikoa.
Biomekanika dela medio guztia zehatz-mehatz neurtuta dago «Gose Kapitaina»n. Erritmo mentalekin lan egin dute antzezlana eraikitzeko: "Kronoekin egiten dugu lan. Bost minutuko eszena bat antzerki konbentzionalean batzuetan hiru eta besteetan zazpi minutuz luza daiteke, gure kasuan ez. ‘Gose Kapitaina’ren lehen eszenak, esaterako, 55 minutu irauten ditu eta aktorea soilik 15 segundutan erratzen da. Beraz, lana eginda etortzen gara antzokira, ez dugu espaziora egokitu beharrik». Yolanda Bustillo aktorearentzat esperientzia gogorra izan da biomekanikoki lan egitea. Gaitzerdin beti modu oso zehatzean egin dute lan, batez ere lan fisikoetan aritu direlako. Dena den, maila honetako testu bat lantzen duten lehen aldia da eta, beraz, sormen prozesua oso konplexua izan da.
Euskal antzerki garaikidearen bila abiatu dira Gaitzerdikoak beren lehen areto ikuskizun honetan. Ikuslearen harrerari begira horrek dituen arriskuak ezagutzen badituzte ere, apustu garbia egin nahi izan dute euren lan egiteko moduari eutsiz. Izan ere, argi dute antzerkigintzan duten eginbeharra. "Zorroztasunez lan egin nahi izan dugu beti, duinak eta kalitatezkoak diren lanak plazaratuz»
Duela mende bateko antzez metodoak
Biomekanika metodoaren bultzatzaile nagusia Vsiévolod Meyerhold (Penza, 1874-1942) izan zen. Antzerki zuzendari eta teorikoak Moskun hasi zuen bere ibilbide profesionala, Stanislavskiren arte antzokian. 1902an, ordea, bere konpainia propioa sortu zuen. Eta bertan antzez metodo berriak erabiltzen hasi zen garaiko naturalismotik ihesi. Meyerholden aburuz aktore-espazioa zen landu beharreko benetako esparrua. Sentimenduak mugimendu bilakatzea da biomekanikaren xedea, pertsonaia zati ezberdinetan banatuta objektiboki berreraiki ahal izateko.
Bertolt Brechtek (Augsburg, 1898- Berlin, 1956), berriz, urruntze-efektua erabili zuen. Honekin ikuslea pertsonaiekin identifika zedin ekidin nahi zuen antzerkigile alemaniarrak. Brechten teoriaren arabera, urruntasuna ezinbestekoa da publikoaren heziketa prozesua bermatzeko. Distantziaren laguntzaz ikuslea alde emozionala alde batera uztera behartzen da, eta honenbestez, pentsatzera bultzatu
Kepa Ibarra, Gaitzerdiko zuzendaria «Euskal antzerki propioaren bila gabiltza»
Institutu garaian ohartu zen Kepa Ibarra ikerketaren bidetik zihoan antzerkiak erakartzen zuela. Antzerki garaikideak liluratu egin zuen erremediorik gabe. Getxoko Antzerki Eskolan eta Santurtziko konpainia batean lehen urratsak eman ondoren ikerketak eta frogak egiten hasteko unea zela sumatu zuen egun batean: halaxe sortu zuen Gaitzerdi taldea. Ordutik euskal antzerki propio baten bila dihardu lanean.
n Antzerki berritzailearen bilaketak nazioartera begira jarri zaitu beti....
Bai, beti kanpoko korronteetatik edan behar izan dut. Zoritxarrez hemen ez dugu oinarririk, euskaldunak diren ideia edo sustraiak falta dira. Gaitzerdi sortzean euskal nortasunaren adierazle gisa txalaparta eta halakoak sartzea folklorismoetan jaustea zela iruditu zitzaigun, ez genuen halakorik nahi. Horregatik euskal antzerkiaren bila abiatu ginen. Dena den, sekulako zailtasunak ditugu gaur egun ere horretarako. Oraindik euskaldunok izaera politikoa duen horma bat dugu aurrez aurre eta horrek itsutu egiten gaitu maiz. Nire ustez konpromiso politiko sendoak izatearen eta bide berriak bilatzearen ideiak ez dira bateraezinak. Hor daude Andaluzia edo Kataluniaren kasuak, hauetan antzerkiak sustraiak ditu, indarra eta konpromisoa. Osagai horiek guztiek ematen diote taula gainean egiten denari izaera propioa.
n Euskal Herrian antzerkia ere salerosketa produktu bilakatu delako izan daiteke?
Antzerkia, oro har, ia barrokoa den garai batean dago, alegia: denak balio du. Gaur egun antzezlan berean ikuslea entretenitzeko helburuarekin hamaika elementu erabiltzeko joera dago (bideoa, zinema, soinuak...). Nire ustez barroko garai honetan bada esentzia falta bat. Horregatik bilakatu dira antzerki talde asko ekoizle huts, esentzia eta sustrai falta izugarria dagoelako Euskal Herrian. Honekin ez dut esan nahi egiten diren antzezlanak txarrak direla baizik eta definizio edo esentzia falta zaiela. Baita Gaitzerdiren kasuan ere, ziur nago.
Lau hormarik gabe lan egiteak zer eskaintzen dio talde bati?
Kaleak konfiantza emateaz gain heldu egiten zaitu. Dena den, kaleak sarritan hotzak ere izan daitezke eta jakin behar da hori taldearen hobe beharrerako erabiltzen. Gaitzerdiri indarra emateaz gain kalitatea ere eman diola uste dut. Jaurti nahi duzun ideia guztia irensten dizu batzutan kaleak, mezuak askoz ere ahulago iristen baitira. Beraz, askoz ere zailagoa egiten da nahi duzun kalitatea lortzea.
n Antzerki taldeek arriskatzen al dute gaur egun?
Bai, oro har arriskatzen da. Gauza da talde motaren arabera jokoan dagoena oso ezberdina dela. Talde finkoek gehiago arriskatzen dute proiektuak porrot eginez gero taldeak bakar bakarrik egin behar baitio aurre horri. Askotan taldearen beraren biziraupena ere kolokan jarri dezake urrats oker batek. Ekoizle gisa aritzen diren taldeek, ordea, asko arriskatzen badute ere, ez dute euren biziraupena arriskatzen. Galera ekonomikoak izaten dira batez ere