Lizarra-Iruñerria. Zistertar eta benediktarrak otoitzean


2021eko ekainaren 30ean

Lizarrerria inguruko monasterioak

Ibilbide honen hasiera zistertarren Irantzuko monasterioa (XII-XIV. mendeak) izango da, Abartzuzako udalerrian eta Lizarratik gertu. Borgoñako monasterioetan oinarrituz bailaratxo idiliko batean eraikia, jainkotegiak oin errektangularra eta hiru barneluzego ditu; sabaia gurutzeriakoa da. Klaustroa (begiratu iturriaren inguruko arkuak) jatorriz XIII. mendekoa da, baina berreraiki egin zuten. Kapitulu gela eta tximinia handiko sukaldea (gurutzeriako sabaiekin) ere aipatzeko modukoak dira. Kanpoaldean gurutze ikusgarri bat ere bada. Zabalik dago egunero 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Helduentzako sarrera 300 pezetakoa da; umeena 250 pezetakoa.
Herrirantz itzuliz, errepidetxo atseginaren ondoko atsedenlekuaren eta gurutze monumental baten ondotik pasako gara, Abartzuza bera harrapatu baino kilometro erdi lehenago. Herriko bidegurutzean eskuinerantz joko dugu.
Hemendik 7 kilometrora zuzen joanez, Lizarran sartuko gara, zuzen eta ezkerrerantz zentruan sartuz. Osotasun monumental aberatsa, merinaldeko hiriburuak Erdi Aroan izan zuen garrantzi zibil eta erlijioso handiaren ondasun ugariak erakusten dizkigu, batez ere Rua auzo monumentalaren inguruko jauregi eta tenplu ugariek.
Monumentuz josita ageri zaigun auzo honen ondotik, Logroñorako errepidean, kilometro pare batera eta Aiegiko udalerrian Iratxerekin egingo dugu topo, eraiki zen moduan (ondorengo erreformarik gabe) ailegatu zaigun monasterio bakarretakoarekin.
Benediktarrek fundatua, X. mendean dagoeneko existitzen zen. 1045ean penintsulako erromesentzako lehen ospitala izan zuen, eta XI. mendean Santa Maria la Real eliza altxatzen hasi ziren (absideak, leihateria, apezpiku baten hilobia eta dorre herreriarra azpimarragai). Klaustro plateresko ederra XVI. mendekoa da. Zabalik dago astegunetan (abenduan, astelehenetan eta astearte arratsaldetan ezik) 9:30etatik 13:30etara eta 17:00etatik 19:00etara. Asteburu eta jai egunetan 8:30etatik 13:30etara eta 16:00etatik 19:00etara. Sarrera doan.
Monasterioaren ondoan Ardoaren Museoa duzue eta oso hurbil Jurramendi edo Mendixurra, karlisten mendi ikusgarri eta erdi sakratua.


LIZARRA


Euskal Herriko jai askotan dantzatzen den Larrain dantzaren jatorria herri honetan dago. Bertako gaiteroek ere ospe handia izan dute betidanik, bertako folklorea mantentzen jakin duen herriaren seinale. Baina batez ere, Lizarraren gaur egungo garrantzia izen bereko merinaldearen buru eta nafar erdi-mendebaldeko hiri nagusia izatetik datorkio, eta protagonismoa azkenaldian, bertan sinatutako itun politiko garrantzitsuagatik.
Horrez gain, Urbasa eta Andia mendizerren pean egoteak ingurune ederretaz gozatzeko aukera eskaini dio (Urederraren sorburu izugarria kasu). Azkenik, edo agian lehenbizi, Lizarra historia eta monumentuz beteriko hiria da, azken mila urteetako gorabeherek utzitako arrasto aberatsa.


Laburpen historikoa

Santxo Ramirez Erregeak XI. mendean fundatua, Santiagoko Bidea bertatik pasatzeak garapen handia jasatea eragin zion. Horrela, populatutako burgo berriak eraiki ziren, 1266. urtean gune bakar batean batu zirenak. Horrenbestez, Erdi Aroan hiria garrantzi handia izatera iritsi zen, bere urrezko garaia biziz.
Ordudanik, eta azken urteak arte, garrantzi historiko gehieneko gertaera XIX. mendean izan zen, karlisten gotorlekurik nagusienetakoa bihurtu zenean. Gaur egun, merkataritzaz (bere ekonomian betidanik garrantzitsua) eta industriaz arduratzen den hiri monumentala bihurtu da.


Ikustekoak

Lizarra Ega ibaiak sortzen duen eta hegoaldera begira dagoen meandro baten barrualdean kokatzen da, poltsa baten barruan bailegoen. «U» moduko horren eskuinaldean (ekialdean) auzo monumentala barreiatzen da (antzinako frankoen burgoa), ibaiaren bi bazterretan zehar (batez ere hiri gehiena kokatzen denaren beste aldean, hots, "poltsa"ren kanpoaldean). San Pedro Ruakoa, auzo oso hau, monumentu izendaturik dago.
Horrela, hirian zeharreko ibilbidea Turismo Bulegotik oso gertu dagoen San Martin plazatik hasi dezakegu. Hau Iruñea eta Logroño arteko errepidearen alboan dago, ibai gaineko zubiaren parean eta auzo osoaren erdigunean kokatzen da. Plazaren erdian Berpizkundeko Txorroen Iturria ikus dezakegu, XVI. mendekoa. Plaza honetan antzinako udaletxe barrokoa da nagusi (XVII. mendekoa). Gaur egun epaitegi funtzioa du.
Honen aurrean Rua luzatzen da, auzoa zeharkatzen duen kale nagusia. Udaletxe zaharra aurrean dugula, eskuinaldean San Pedro Ruakoa elizara igotzeko eskailerek eta tenpluak berak sortzen duten osotasun ikusgarria agertzen zaigu. Ilunabarreko argi leunaz inguru honek itxura ederra hartzen du.
Eliza-gotorlekuaren aurrealde polita (arku polilobulatuan arreta jar ezazue) XII. mendearen azken urteetakoa da, erromanikoa. Dorre garaia defentsa funtzioarekin eraiki zen barrualdean, trantsiziozko (XIII. mendea) abside eta alboko sabaiez gain, erromaniko eta gotiko estilotako irudi multzo garrantzitsua miretsi dezakegu. Azkenik, bi galeria besterik gordetzen ez dituen klaustro erromanikoa azpimarratu behar dugu, XII. mendearen azkenetakoa hau ere.
Berriz ere eskailerak jaitsiz, Ruaren jarraipena den San Nikolasen hasieran, Nafarroako erromanikoaren eraikin zibil bakarra dugu: XII. mendeko Nafarroako errege-erreginen jauregia. Antso Jakintsuak altxarazi zuen. Leihoak eta kapitelak nabarmentzen dira, eta gaur egun Gustavo de Maeztu Museoaren egoitza da.
San Nikolas kalea segitzen baduzue Gaztelako ate edo sarrerara iritsiko zarete, eskuinerako lehen kale ahoan, eta dagoeneko errepide orokorrean ezkerrera Rocamadorreko Andra Mari. Eliza honek, XII. mendeko abside erromanikoa eta Ama Birjinaren irudia izan ezik, beste guztia XVI. mendeko barroko estiloan egina du.
Leku beretik itzuliz, hasierako San Martin plaza igaro ostean, segituan San Kristobal jauregia ikusiko dugu, ezkerraldean. XVI. mendeko eraikin plateresko honen barruan (gaur egun Fray Diego kultur etxea) Berpizkundeko estiloko patio atseginari bisitaldia egin diezaiokegu.
Pixka bat aurrerago, Erdi Aroko itxurako armarridun etxeen artean paseatuz, Gobernadorearen jauregi dotorera iritsiko gara, barrokoaren hasierakoa (1613). Kalea amaitu eta berehala, ibai gaineko Kartzelako zubia dugu, 1873an suntsitu zuten erromanikoaren berreraikipena.
Zeharkatu aurretik, eskumaldean dugun Santo Domingo elizaraino igo gaitezke, gaur egun jubilatuen egoitza. Alboan Gazteluko Santa Maria Jus eliza erromaniko-barrokoa du, antzinako juduen sinagogaren gainean eraikitakoa. Azkenik, ibaiaren alde hau bukatzeko, aurrealde gotikoa duen Hilobi Santua bisitatuko dugu.
Atzera egin eta lehen aipatutako Kartzelako zubia igaroz (begira zein ederki geratzen diren ibai gaineko etxe multzoak) hiriko gunerik handienean sartuko gara. Ezkerreko Ruiz de Alda kale monumentala hartuz gutxira San Migel eliza dagoen plazatxora iritsiko gara. XII-XIV. mendeko eraikin erlijioso honek lehenbizi ikonografikoki oso aberatsa den aurrealde erromaniko berantiarra erakusten digu, eta jada barnean, XV. mendeko Santa Anaren erretaula eta Ama Birjina erromanikoa.
Ekarri dugun kalea segituz hiriko merkatal gunean sartuko gara, kale nagusia eta Inmaculada pasealeku paraleloaren inguruko kaleek osatzen dutena. Gu zuzen dugun kale nagusiaren eskuinaldeko Foruen plazan sartuko gara, bertan San Juan eliza dugu-eta. Ate gotiko bat du eta bestea erromanikoa, aurrealdea mende honen hasiera arte ez zen amaitu. Barruan erretaula azpimarratuko dugu.
Foruen plazatik Labriteko Juan kalera eramaten duen izkinatik ateraz gero, laster San Pedro Lizarrakoa tenplura iritsi gaitezke, herria bera baino zaharragoa dena (1024koa gutxienez). Pixka bat harantzago, berdegune batean Puy-ko Andra Mari eliza aurkezten zaigu, 1951koa baina XIV. mendeko Ama Birjina gotikoa gordetzen duena.
Berriz ere San Pedron, eskuinerantz ibaira hurbilduko gara, tartean Erretiratu edo Recoletotarren monasterio ondotik pasatuz. Azkenik, ibai-meandroaren barnealdean dagoen pasealeku atseginaren ondoan, eta eraikin erlijioso eta zibilen zerrenda luzeari amaiera emanez beste bi ikus genitzake: Santa Clara eta San Benito monasterioak. Amaitzeko, ibilbide monumental luzearen ostean, ongi etorriko da berdegunean atseden hartzea.
INFORMAZIO PRAKTIKOA
LIZARRA

Turismo Bulegoa: K/ San Nikolas.
948- 55 63 01.
Udaletxea: Inmaculada pasialekua.
948- 54 82 00.
Osasun Zentrua: 948- 55 62 87.
Gurutze Gorria: 948- 55 10 11.
Mediku-Laguntza eta botikak: Kale nagusian zehar.
Jatorduan:
Casanova Jatetxea- Fray W. Oñate 7.
La Cepa Jatetxea- Foruen Plaza 18.
Roma Bar-Jatetxea- Chapitel 17.
Navarra Jatetxea- Gustavo Maeztu 16
Richard Jatetxea- Deierri Etorb. 10.
Astarriaga Erretegia- Foruen Plaza 12.
Katxetas Jatetxea- Estudio Gramática 2.
El Volante Bar-Jatetxea- Merkatondoa 2.
Jan eta lo egiteko:
**Hotel Yerri- Deierri Etorbidea.
948- 54 60 34. Logela 6.800-7.800 pzta.
Lizarra Kanpin-Aterpetxea- Ordoiz z/g.
948- 55 17 33.
Lo egiteko:
*Hostal Cristina- Nafarroa Beherea 1.
948- 55 07 72. Logela 6.000-7.000 pzta.
*Pensión Caro- Santiago Plaza 50.
948- 55 41 58.


AIEGI

Jatorduan:
Montejurra Jatetxea- Logroñora bidea, 49. km.
Lo egiteko:
***Hotel Irache- Iratxeko zelaia 7.
948- 55 11 50. Logela bikoitza 7.000-12.100 pzta.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude