Lehorreko pateretan itotzen direnak izan ditu gogoan Iñaki Frierak, Susa argitaletxeak kaleratutako nobela hau idazterakoan. Paradisu europarrera iristea lortzeagatik, hemengo bizimodu neketsu eta bortxazkoan larrua ez bada duintasuna galtzera derrigorturik aurkitzen dira etorkin horiek. Izan ere, ez dituzte bakarrik beren biziak arriskuan jartzen sorterrian dauzkaten premia larriei aurre egin nahian zorioneko Europarantz eramango dituzten pateratzarretan sartu eta itsasoan hondoratzen direnak. Itsasoa zeharkatzea lortu duen askori ere, behin lur amestuan, antzekoa gertatzen zaio: bere arazoaz baliatzen den gaizkile jendearekin aurkitzen dela sarritan. Azkar asko ohartuko da horretaz Ahmed, bere arreba aurkitu nahian Espainiara etorri berria den marokoar gaztea, «Lehorreko paterak» nobelako protagonistetatik bat.
FRAGA, RETRATO DE UN FASCISTA
Gustavo Luca
KALE GORRIA
165 orrialde
2.300 pezeta
92 libera
MANUEL FRAGA, EDO AGINTARI FAXISTA
Antia Milde Carballeirak gazteleratua izan da «Kale Gorria» aldizkariak kaleratu duen Manuel Fraga Iribarneren biografia hau. Gustavo Luca dugu biografiaren egilea, «A Nosa Terra» aldizkarian hogei urte baino gehiago lanean daraman kazetari eta idazlea, eta bistan da, galizieraz idatzi zituen Galiziako Xuntan bizi-artean lehendakari izateko asmo sendoa duela behin eta berriz agertu duen gizonari buruz kontatu beharrekoak. Gustavo Lucak dioenez, besteak beste adierazpen askatasunari zentsura ezarri ziona, eta 1976ko martxoan polizia espainiarrak Gasteizen eginiko sarraskiaren eta langile hilketaren erantzule zuzena izan zena, hau da, Manuel Fraga, Europan gobernatzen dirauen azken agintari faxista da eta harro dago Francoren ministro izaten jardundako denboraz eta egin zuen guztiaz.
BIHOTZA ZUBI
Joxantonio Ormazabal
ELKARLANEAN
101 orrialde
1.050 pezeta
42 libera
SENTIMENAK ADIERAZTEN LAGUN DEZAKEEN LANA
Hamabi urtetik aurrera dauzkaten irakurleengan pentsatuz idatzi du Joxeantonio Ormazabalek «Bihotza zubi» idazlana, prosa poetikoz eta poema laburrez osaturiko liburua. Bertan, Elena Odriozolak egindako marrazkien laguntzaz, sentimen ezberdinak adierazteko erak proposatzen ditu Joxantonio Ormazabalek. Adibidez, tristura alairik ez dagoela, alaitasun tristerik ez dagoen bezala. Eta mundu honetan triste egoteko arrazoi ugari dagoela, gorrotoak gorroto eta maitasunak maitasun izaten jarraitzen dutelako. Giza-emakumeok ibaiaren bi aldetan bizi gara Joxantonio Ormazabalentzat, eta zubia falta da elkar ezagutzeko, elkar maitatzeko, elkarri laguntzeko, elkarrekin barre eta negar egiteko. Dena den, ibairik zabalena ere erraz zeharkatuko omen genuke alde batetik bestera, bihotzak zubi bihurtuko bagenitu.
POETIKAK/ POLITIKAK: KRITIKA ETA UTOPIAK
Batzuen artean
FRANCISCO JARAUTA/ GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
139 orrialde
Francisco Jarautak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamenduak euskaraz eta gazteleraz kaleratu duten «Poetikak / Politikak: Kritika eta Utopiak» liburuan jasotzen diren idazlanak, 1998ko irailaren 7tik 11ra aipatu gai horien inguruan burutu zen Joeren Analisiaren Nazioarteko VII. Mintegian parte hartu zutenenak dira, hau da, Gillo Dorflesen «Poetika berriak eta forma hausteak», Aldo Giorgio Garganiren «Transiciones entre códigos y enredos textuales», Josep Quetglasen «Besteen iritzien eta neure aurreiritzien nahasmenduak munduaren, deabruaren eta arkitekturaren inguruan», Mireia Sentísen «Black suite: Fundamentos de la experiencia afroamericana», Perry King & Santiago Mirandak burututako «Dentro y fuera de Troya» eta Emilio Solaren «Avisos de la frontera».
GANGSTERREN IHESI
Mikel Valverde
SM
31 orrialde
1.175 pezeta
47 libera
JON ARKAKUSOREN ABENTUREI BURUZKO KOMIKIA
Marino Lejarretari eskainia dago SM argitaletxeak plazaratu duen Mikel Valverderen «Jon Arkakusoren abenturak. Gangsterren ihesi» komikia. Asun Garikanok euskaratua izan da. Tximeleta eta txoriei begira denbora pasatzen zaio Jon Arkakusori, eta ordu erdia bada bera doan tokitik tropela pasa zela. Halere horrek bost axola txirrindulariari, egundoko pixagalea sentituko ez balu. Hoberena gizalegeari jarraitzea dela-eta, errepidea utziz sastraka on bat aukeratzen du Jon Arkakusok pixa egiten inork ikusi ez dezan. Baina hain ondo ezkutatzen da, ezen atzetik duen auto erratzakoek ikusi ere ez dute egiten, eta azkarrago joatea erabaki duelakoan aurrea hartzen diote ziztu bizian. Bost minutu beranduago, berea egina du Jon Arkakusok, baina baita bakar-bakarrik gelditu ere! Eta justu ordurantxe topatu behar gangster maltzur haiekin...
ARGIAREN
2002 EGUTEGIA
Batzuen artean
ARGIA
365 orrialde
950 pezeta
38 libera
2002 EGUTEGIA, TUTERAKO ARGIA IKASTOLA GOGOAN
Hona hemen, pottolo-pottolo, ARGIAk aurkezten dizuen 2002. urteko egutegia, Tuterako Argia ikastolari eskainitako oparitxoa eta guzti (hangoentzat izango baitira 0,6 euro, 4 libera edota 100 pezeta saldutako ale bakoitzetik). Bizi izan ditugun urteak nola joan zaizkigun ezin hobeki dakigunez, makina bat itxaropen jarriak dauzkagu oraindik hasteke dagoen horri begira. Datorrena, gainera, kapikua izaki! (beno, munduaren alde hontakoona bai, behintzat; egutegi ezberdin batez baliatzen diren beste guztiena baliteke horrela ez suertatzea). Nolanahi ere, ea aurrekoa baino hobeagoa gertatzen zaigun. Eta joandako guztiak bezala aldian aldiko egoera polit eta epe luze goibelez zipriztindurik igaro behar badu ere, hor dituzue, egunez egun, minak arintzeko ARGIAk prestatu dizkizuen errezeta gozo eta izkirimiriak.
ORDAINA ZOR NIZUN
Joxemari Urteaga
ELKAR279 orrialde
2.500 p./100 lib.
POLIZI ISTORIO BIKAINEZ OSATUTAKO LIBURUA