«Neure markaz ere barre egiten dut»

Kukuxua (arkakusoa) bezain txikia zinela hasi omen zinen marrazten. Familiatik datorkizu zaletasuna...
Nire aitak ederki marrazten zuen, eta lan karga izugarria izanagatik, txikitatik asteburu oro txango batera eramaten gintuen; etxeratzean bidaiaren laburpena egiten zigun marrazkitan, eta guk ere gure koadernoa genuen. Hiru anai txikienak ginen, batez ere, aitarekin mendira joaten ginenak, eta geure artean halako lehia txiki bat sortzen zen beti, ea nork marrazten zuen hobeto ez dakit nongo ermita, edo ikusi genuen untxia… Gerora ama pintura klaseak ematen hasi zen, eta gu ere eramaten gintuen bere klaseetara.

Institutu garaietan ez omen zinen oso fin ibili…
Nire gurasoek ondoegi zaintzen gintuzten beti, eta beldur asko zituzten. Nire ilusioa Arte Ederrak egitea zen. Garai hartan Arte Ederretan sartu zintezkeen institutua bukatu aurretik. 13 urte nituenez, gurasoek esaten zidaten lehenik eta behin selektibitatea bukatzeko eta ondoren hartzeko nahi nuen ikasketa. Gogoratzen dut institutura erabat haserre sartu nintzela, erreta, interesik gabe. Hainbeste egiten nuen paso, ze institutu guztietatik bota baininduten, eta hortxe bukatu zen nire karrera! Dekorazioa egiten hasi nintzen, eta utzi egin nuen, oso gogoko ez nuelako.

1989an sari mordoa jaso, eta zure erakusketek zer esana sortu zuten...
Gauza berriak egiteko amorratzen nengoen, errebindikaziozkoak, eta beraz, erakusketak ireki orduko ixten zizkidaten. San Fermineko kartelarekin dagoeneko polemika piztu zen, kartelean nire telefono zenbakia jartzea proposatu nienean (promoziobidea zelako). Udal batzordeak onartu egin zuen, baina alkateak ez, eta 20.000 kartel zaborretara botata, beste hainbeste kaleratu ziren, nire telefonorik gabe. Hortik hasi zen udalarekiko nire liskartxoa, erdi bazilekoa.
Argazkigintzako Artista Gazteen saria irabazi nuela-eta, Ziudadelan jarri behar nuen erakusketa. Erretratuak egin nituen, eta nire buruari eginak "Autorretrete" izena zuen. Jakina: komunean eserita ageri nintzen. Katalogoan argazki nagusitzat jarri nuen, azpian udaleko logoarekin. Lerdokeria bat zen akaso, baina instituzio batek horren guztiaren gainetik egon behar luke! Gauza da, katalogoa zentsuratu zidatela. Berriz ere saltsaren erdian ni, eta puri purian nengoenez, beste erakusketa batetik deitu zidaten.
Central Hispanoan zen erakusketa. Amonarekin bizi nintzen, eta nire etxeko kontraste egoerak azaltzen nituen. Koadro batean, ohe gainean "El camino de Balaguer" ageri zen, eta alboan aldizkari porno bat. Bankuan, ikusten denez Opus zen akzionista nagusietako bat, eta koadroa kentzeko esan zidatenean nik erakusketa itxi nuen.
Lau egunetara, Aurrezki Kutxa Munizipalarekin liskar bera: nire koadroetan dena zen sexua eta heriotzaren nahasketa, esan nahian hildakoak damututa daudela, eta bizirik gaudenoz barre egiten dutela ez dugulako ahal beste gozatzen. Koadro batean Kristo lurperatua ageri zen zakil eta guzti. Beste batean bi homosexual, bi zakilak batuta, kapuluekin bihotz forma osatuz. Koadroa zentsuratu zidaten, baita katalogoa ere. Banku horretan bertan nire aita zuzendaria izan zen, eta erakusketa eta artea sustatzen saiatu zen batez ere. Aita hil ostean, hain justu bere filosofia ezagutu zuen jendea bera izan zen ni zentsuratu ninduena.

Zentsurak zer alde on ditu?
Oso une dibertigarriak izan ziren. Barrerako aukera eman zidaten, eta gainera eskualdean ezagun egin ninduten. Erakusketak zentsuratzen saiatu zirenek, txorakeria bati hainbeste garrantzia emateagatik, azkenean publizitatea egin zidaten. Bizitza osoan eskertuko diet!

1989ko San Ferminek Kukuxumusu proiekturako bidea markatu zuten...
San Ferminetako kamisetak egitea pentsatu genuen, zeudenak eskasak zirelako. Eta guk egina beste denak baino askoz ere eskasagoa zen! Baina ezberdina zen behintzat. Gibelaldean zulo bat zuen, inguruan odola, adarkada bat balitz bezala. Hiru lagun elkartu, gure aurrezki guztiak jarri, eta 5.000 kamiseta atera genituen. 4.500 kamisetarekin gelditu ginen, denda guztiek dagoeneko euren eskaerak eginak zituztelako (guk ideiarik ere ez genuen nola funtzionatzen zuen merkatuak). Lagunen bidez, taberna, txorixo dendatan-eta jarri behar izan genituen salgai! Baina garai hartan ez zen halako kamisetarik, eta funtzionatu egin zuen. Hurrengo San Ferminetarako, denda guztiak gure bila hasi ziren.

n Urte berean souvenir dendatan egin zineten famatu…
Souvenir munduan sartu ginenean, denda horiek tipikoak ziren: objektu txikiz betetako apalak, eta kamisetetan hiriaren izen erraldoia, marrazki itsusi batekin. Guk gai kultural eta tradizionaletan umorea bilatu nahi genuen, beti modu berean landuak baitziren. Beste estetika eta trataera bat emanda, helburua barre egitea zen eta da, baina inor mindu gabe. Espainiako Estatu osora zabaldu ginen, lagunen sarearen bidez.

Bai, baina hasieran sozio bakoitzak bestelako diru iturriak genituen. Proiektu berri hau aparteko gauza bezala hartu genuen, tontamentean. Ez genuen aurreikusten gerora hainbeste lankide izatera helduko ginenik, ez honetan bete-betean ariko ginenik ere. Bagenekien nahaspila txiki batean sartzen ari ginela. Izatez, hasieran 700.000 pezeta jarri genuen bakoitzak geure poltsikotik. Inguruko lagunei ere proposatu genien, nahi zuena sar zedin proiektu honetan (gaur lagun batzuk damutzen dira…ji, ji).
Hasi ginen hiru kideok. Ez dugu elkarren antzik batere, ezertan gainera. Baina gauza batean bat gatoz, eta asko esaten du: hiruok eroak izateagatik libratu ginen soldadutzatik!

Hiru lagun hasi zineten. Gaur marrazkien fabrikak filosofia bera jarraitzen du?
Lagun artean enpresa bat sortzeak arazo gehiago dakartzala diote. Guk ez dugu edozein lagun hartzen, baina postuan enkajatzen duen lagunik badugu, lehentasuna eman izan diogu beti. Enpresa gero eta konplikatuagoa da, arazo gehiago sortzen dira handitu ahala, baina era berean oinarri sendo bat ematen dizu gauza berriak sortzeko. Egun departamentu asko ditugu. Nik sormen arloa daramat, Koldo Aiestaranek gerentzia, eta Txomin Domingo de Bidaurretak arlo ekonomikoa. Giroa sortzen saiatu gara. Estatuan zabaldu ditugun dendak ere enpresa honetako parte dira, eta irabaziak kide guztien artean banatzen dira.

Zergatik gustatzen zaizu hainbeste animaliak marraztea?
Beti gustatu izan zaigu hiru anaioi, eta beti marraztu izan ditugu animaliak gizakien egoeratan. Kukuxumusu barruan esparru hori da gehien ustiatu duguna. Erridikuluaz gehien jabetzen zara animali bat gizakiaren ohizko egoera batean jartzen duzunean: esaterako, bi zakur kalean hizketan, eta batek gizaki bat katean lotuta darama, hanka altxata zuhaitzari pisa egiten ari zaiola.

Nola produzitzen dira ideiak?
Gero eta jende gehiago dago ideiak jartzen dituena. Kukuxumusu taldeko proiektu bat da, eta nik beti jendearekin lan egin behar dut, bakarrik desastre hutsa naizelako!
Sormenerako informazioa saltzaileek eta zuzendari komertzialek ematen didate: "Bilbon, Guggenheimi buruzko kamisetak eskatzen ari dira" esaterako. Emandako ideietan, nik zer egin eta zer baztertu erabakitzen dut. Behin ideia berri bat egiten dudanean, lankideei erakusten diet (beti oso ondo dagoela esaten didate, eta alerik saltzen ez denean "esan genizun!» salatzen naute...). Saltsa horri, gauza berriak sortzeko irrika horri eusten saiatzen gara, hainbeste urte eta gero ez nuke jasango proiektu hau txorixo fabrika bat bihurtzea.

Zuri gehien gustatzen zaizkizun kamisetak egiten dituzu, edo salmentek eskatzen dutena?
Niretzat propio egingo nituzkeen kamisetak, ez nituzke alerik ere salduko. Ez nago prostituituta ere, baina Kukuxumusuk egun gainditu egin nau. Osagai asko nahasten dira: saltzaileen proposamenak, kolore batzuk asko saltzea eta zuri gehien gustatzen zaizuna ez saltzea… Nahi gabe zurrunbilo artistiko enpresarialean sartzen zara, eta merkatuak eskatzen dizuna egiten duzu, beti ere zure filosofia eta estiloaren barruan.

Zein da zure gustukoa litzatekeen kamiseta, eta merkatuan batere salduko ez litzatekeena?
Kukuxumusuko estiloa berezia da, oso markatua, infantila, espresiboa. Bestelako nire marrazkiak gustatzen zaizkit neronek janzteko: estilo beretsua da, baina hainbeste zaindu gabea, zirriborroagoa, kolore gama iluna, marroi-gris-urdinez betea.
Marrazkien %90 nireak dira. Asisko anaiak eta Txema Sanzek egiten dituzte besteak. Soinean eramaten ditudan Kukuxumusuko kamisetak Txema edo anaiarenak izaten dira gehienak. Eurak, enpresan hain sartuak ez daudenez, askeagoak dira arlo komertzialetik, eta gauzak euren modura egiten dituzte gehiago, baina era berean ez dira hainbeste saltzen. Sorgin gurpil bat da azkenean. Oraintxe soinean dudan honek txoratzen nau: "Kakaxumusu" diona. Grazia egiten dit horrexegatik, neure markaz barre egiten dudalako.

Moda kontua da? Denborarekin gantxoa galtzeko beldur zarete?
Bai. Hala ere, gure marrazki mota oso herrikoia dela uste dut. Batzuk oso jende jakinak erosten ditu, eta guri interesatzen zaigu gutxiengo hori, eta gero badira gehiengo handiak erosteko moduko kamisetak. Hain zabaldua egonda, oraingoz zaila da goizetik gauera dena pikutara joatea. Baina gu geu konturatu gara, hasi ginenetik 10 urtetan izugarri eboluzionatu dutela gure marrazkiek, eta denborarekin batera eraldatzen ez badoa Kukuxumusuk porrot egingo du. Ez dugu modaren zurrunbiloan sartu nahi, baina egia da oso gertutik jarraitzen dugula ze kamiseta mota janzten diren, koloreekiko joera, eta baita marrazkiena ere.

Zein dira zuen marrazki erreferentziak?
Konpetentzia zertan dabilen begiratzen dugu. Zoritxarrez, konpetentziak kopiatu egiten gaitu, eta erreferentea geronek jartzen dugu. Pena da, lehenago marka ezberdin asko baikeunden merkatu berean, produktu ezberdina eskaintzen. Baina jendeak, bere estilo propioa sortu beharrean, fusilatu egiten gaitu, eta goragalea ematen du horrek! Konpetentziak baino gehiago, azkenean jendeak esaten dizu nondik jo. Urte bukaeran salmenten errepasoa egiten dugu. Bilduma berrietan, marrazki herrikoiez gain beti sartzen ditut hamar bat marrazki arraro, probatzeko.

New Yorken bizi izan zara 5 urtez. Zergatik New York?
Hiru txanponekin joan nintzen 18 urte nituela. Hanka lurrean jarri orduko buruan sekulako pelotazoa ematen dizun hiri horietakoa da. Han sei hilabetetan ikasi nuen hemen 5 urtean ikasi gabeko dena.1988an itzuli nintzen zinea ikastera, eta berriz maitemindu nintzen hiriarekin. Euskal Herrira etorrita, Kukuxumusuko proiektuarekin hasi nintzen, eta New Yorkera lanez betetako maletina eraman nuen, aldi berean aisialdiko bizitza egin eta kaletik ikasteko asmotan.
Hiri handiak gustatzen zaizkit; baina ez hiri zainduegi horiek, lurreko pipa azalek atentzioa deitzen duten hiri korrektoak. Kaosa gustatzen zait, eta New York horixe da: luxua eta pobrezia nahasten dira, arrazak, kulturak… Espaloi beretik 30 aldiz igarota ere, beti harritzen zaitu zerbait berriak. Eta aldi berean, galduta ez zaudenaren sentsazioa duzu, erraza baita hiriaren egitura menperatzea. Artea bonbazo bat da. Ni artearen kontzeptu batekin joan nintzen bertara, eta 5 galeria ikusita eskema guztiak hautsi zitzaizkidan. Mundua mugitzen duen hiria da.

Bi hegazkinen «dorreartzeak» zer inpakto egin zizun?
Pena izugarria eman zidan. Ez hildakoengatik bakarrik (egia esan, heriotzak ez ditugu benetan sentitzen gertukoak ez direnean). Atentatua dorre bikien aurka egiteak berak eman zidan amorrua: sinboloa botatzera joan dira, baina sinboloarekin batera kultura ezberdinetako jendea da erori dena.
Eraikin erraldoi horiek espeltakularrak ziren benetan. Nire anaia New Yorkera joan zenean, lerdokeria tipikoa egin nion: Iruñean betaurreko itsuak jarri, eta non zegoen ez zekiela, hegazkinetik jaistean dorre bikien aurrera eraman nuen. Betaurrekoak kenduta, handitasunaren aurrean shock galanta hartu zuen.

Errepublika Dominikarra ere gogoko duzu. New Yorkekin alderatuta, ez al da kontraste handia?
Bai, emozioz negar egiteko modukoa da kontrastea. Santo Domingo hiri dibertigarria da, alaia, jendea gauza gutxirekin bizi da inor baino zoriontsuago. Eta lekua bera da paradisua. Niri palmerek sekulako bizia ematen didate. Lau sosetan erosi genuen lur zati bat, eta etxola bat jarri. Orduan ez zen batere turistikoa (bi urte ziren argia jarri zutela hirian), laster xarma kenduko diote baina.
Bertako kale nagusiak beti gogorarazten dit New York, aulki batean eserita kaleari begira orduak eman ditzakezulako: ume bat oiloekin pasako da, gizon bat builaka, atsoa erruloekin… hiri ero horiek gozamena dira.

Parrandazale profesionala zara.
37 urte ditut, egia esanda dagoeneko amona bat naiz! Baina ezin dut kaleko giroa utzi. Asteburuak, festak... maite ditut. Droga guztiak legeztatzearen alde nago, eta barregura ematen dit tabernan patxaranarekin atxurtuta dagoen jendeak, bestelako drogak kontsumitzen dituen jendeari begirada salatzaileak botatzen dizkietenean. Betikoa da, hipokresia. Jende batentzat ilegala den droga nazkagarria da, eta legeztatua dutena bikaina.

Bihar zer?
Kukuxumusu proiektuarekin hasi nintzenean argazkigintza eta pintura albora utzi nituen. Egun, Kukuxumusuko departamenduak ondo egituratzen goazen neurrian, nire asmoa laster New Yorkera itzultzea da denboraldi luze baterako, eta utziak ditudan argazkigintza, kartelgintza eta halakotan hastea berriz ere

Aita izan da nigan eragin gehien izan duena: Urmeneta familian miretsia izan da, eta nirekin, pertsonalki ere, gizon geniala zen. 17 urte nituela, nondik jo ez nekienean, burujateetan beti, gau batean antsia atake batek eman zidan. Gurasoak esnatu nituen, "itota nago, ez dakit zer gertatzen zaidan…". Lasaitu ninduten, eta ohera joan nintzen. Hiru egunetara, aitak idatzi zidan oharra jaso nuen:
"Ez dakigu zer gertatzen zaigun, eta horixe da gertatzen zaiguna"
Ortega y Gasseten esaldia zen. Eta azpian, nire aitak, beti hain handi, seguru, zurrun ikusten nuenak, niretzat zauriezinak, idatzi zuen:
"Eta denoi gertatzen zaigu"

Zsalmenta iaztik seikoztu egin da.
- Logotipoak: Besteak beste, 2002ko Pilotako Mundialarena, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz eta Herri Urratsenak egin ditu.
- Argazki, kartelgintza eta pintura erakusketak eskaintzeaz gain, Iruñeko taberna batzuk margotu ditu. Ilustrazioak ere egin ditu, baita New Yorkeko US Open Tennis eta Maratoierako kamisetak ere.
- Sariak: Askoren artean, 1989ko San Ferminetan bere kartela izan zen hautatua, eta urte berean «Cartel de Festivales de Navarra», Artista Gazteen saria (Iruñeko Udalak emana), eta Argazkigintzan lehen saria (Burlatako Udalak emana) jaso zituen. 1994an, berriz, Eusko Jaurlaritza Turismo Bulegoak antolatutako kartel lehiaketa irabazi zuen.

Doinua: Mutil koxkor bat
Irudi baten esanahiari
irripar bat eransteko
asmoarekin hasi zen dena
honetara iristeko.
Ohitura zaharrak, kultura eta
hamaika gai ezusteko,
kamisetatan agertzen dira
nahi duenak ikusteko,
hori bai dela modu polit bat
janzten duena janzteko.
Aitor Mendiluze


Azkenak
Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Israel Donostiako Klasikotik kanporatzeko eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak

Larunbatean zeharkatuko ditu hiriko kaleak Donostiako Klasikoak, eta Gernika-Palestina herri ekimenak Israelek bertan duen presentzia salatu du, prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “genozidioa eteten ez duten bitartean” klasikoak ez luke Israel-Premier Tech... [+]


Egiazko arrazoia Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko

Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko helburua ez da erresistentzia ahultzea. Benetako asmoa da inteligentzian eta arlo militarrean bere nagusitasunaren irudia berrezartzea Israelgo iritzi publikoaren aurrean .


Puigdemontek esan du osteguneko inbestidura saioan izango dela

2017tik Bruselan dago Kataluniako presidente ohia, baina itzultzea erabaki du Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako. “Normaltasun demokratikoko baldintzak ez” izatea salatu du, eta aipatu du itzultzeak suposatzen duen atxiloketa arriskua.


Donostian jarrera eta eraso arrazistak ugaritzen ari direla salatu eta borrokatzera deitu dute

Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Israelgo armagile nagusiaren fabrika batera sartu eta gerrarako materiala suntsitu dute Erresuma Batuan

Palestine Action taldeak dio bere ekintzaileek astelehen goizean (abuztuak 6) Elbit-ek Bristolen duen fabrika "inbaditu" dutela. Ikerketa eta fabrikazio zentroa oso zainduta dago, eta espetxeko furgoneta bat erabili dute kanpoko perimetroa txikitzeko.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


Talde ultraeskuindar baten errekurtsoak geldituta du Donostiako Loiolako Kuartelen salerosketa

Loiolako kuartelen afera ez dago bere onenean. Espainiako Defentsa Ministerioak eta Donostiako Udalak akordioa “aldi baterako” etetea erabaki zuten joan den astean, hilaren 18a baino lehenago ezin izango zutelako gauzatu, eta hori delako, hain zuzen, salerosketa... [+]


Eguneraketa berriak daude