«NIRETZAT OBLIGAZIO BIHURTU DA KOMIKIAK EGITEA»


2021eko uztailaren 27an
Mauro Entrialgoren (Gasteiz, 1965) komiki eta binetak medio eta argitalpen desberdinetatik pasa dira ("El Víbora", "TMEO", "El Jueves", "Primera Línea", "Makoki", "Interviú", "El Diario Vasco", "El País", "Diario 16", "Egin" eta abar). Hauetatik ateratako bere pertsonaia famatuenekin zortzi komiki bilduma argitaratu ditu, besteak beste, "Herminio Bolaextra", "Miguelito", "Alter Rollo" eta "El demonio rojo". Komikiez gain antzerkia ("Herminio y Miguelito", "30 millones de gilipollas" eta "No hay huevos"), zinema ("Gente Pez"), telebistarako gidoiak, arte erakusketak, disko eta kartelen ilustrazioak egin ditu, eta hau gutxi balitz, musika talde batean ere jotzen du.

Mauro Entrialgok hamaika lan egin du, nondik hasten da hau guztia?
Irakurtzen hasi aurretik ere, komikiak erosten nituen. Honetara dedikatzen diren beste hainbat bezala, eskolan nire eginkizun nagusia testu-liburuak marrazkiz betetzea izaten zen. Gutxinaka istorioak kontatzen hasi eta berehala fanzine batzuetan argitaratzen hasi nintzen. Pixkanaka-pixkanaka, argitalpen desberdinetan sartzen hasi nintzen eta azkenean zaletasuna ogibide bihurtu zait.

Nahiz eta gauza ugaritan jardun, komikiak egiten jarraitzen duzu. Komikiek beste euskarriek ematen ez duten askatasuna ematen dutelako agian?
Egia esan beste gauza batzuk egiten hasi nintzen, ilustrazio eta komikiekin aurrera egitea zaila egiten zitzaidalako. Ezin nuen hori bakarrik egitetik bizi. Denborarekin gustua hartu nion, eta gaur medio bakar batetik bizitzera irits naitekeen arren, gauza desberdinak egitea gustuko dut.

Egiten dituzun gauzetatik komikiak dituzu gogokoen?
Beno, komikiak egitea gustuko dut, baina jada lan bat bezala ikusten dut eta ezin dezaket esan komikiak egiten asko dibertitzen naizenik. Niretzat obligazio bat bihurtu da komikiak egitea.

Nola dakusazu komikien mundua?
Egia esan oso merkatu berezia da komikiena. Nik uste irakurle gehienak mutil gazteak direla, "freak" samarrak batzuk. Komiki denda batera joatea besterik ez dago. Niri ez zait interesatzen merkatu hain berezientzako lan egitea, komikizaleentzat baino nahiago izaten dut jende guztiarentzat lan egitea eta horregatik jo izan dut "TMEO" edota "El Jueves" bezalako aldizkarietara. Bestalde, bineta eta tira komikoek, interes orokorreko argitalpenetan jasotzen direnez, orokorrean publiko zabalago bat dute.

Zure komikiak pertsonaietan oinarritzen dira. Zein punturaino identifikatzen zara hauekin?
Badago ohitura bat jendearen aldetik komikigilea bere pertsonaiarekin lotzeko. Jende askok, pertsonaia komikigile bera dela uste du. Ez zait justua iruditzen, adibidez zinema zuzendari bat ez baita bere protagonistaren irudiarekin lotzen. Beste ezein sormen lanetan bezala, komikietan ere jakina izango dela autorearen izate edota bizitzaren zatiren bat, baina honek ez du esan nahi pertsonaia autorearen irudia denik.

Pertsonaiekin jarraituz, agian "Herminio Bolaextra" da famatuena. Zuk gehien maite duzuna ere bai?
Egia da batzuk beste batzuk baino gehiago maite ditudala, baina hau garaiaren araberakoa da. Batekin oso lanpetua ibili banaiz, azkenean nekatu egiten nau pertsonaia horrek eta hortaz beste batekin hasteko gogoa izaten dut. Orain adibidez, Herminioren pertsonaia bi hilabetean behin baino egiten ez dudanez, oso gustura hartzen dut; baina honek berak asko nekatu ninduen orain urte batzuk bilduma atera behar izan nuenean. Pertsonaia desberdinekin lan egitea gustatzen zait.

Egoera edo gag bat bururatzen zaizunean, «X» pertsonaiarentzat ona izan daitekeela pentsatu eta horretarako gordetzen duzu edota pertsonaiak berak dira bere izaerarengatik gagera eramaten zaituztenak?
Egoera desberdinak pertsonaiari egokitzen dizkiot. Pertsonaia asko izateak abantaila hori dauka, izan ere egoera guztiak pertsonaia bati gertatzen bazaizkio, azkenean pertsonaia honek indarra eta pertsonalitatea galtzen du. Pertsonaia batentzat ona izan daitekeen egoera bat beste batentzat agian ez da hain ona. Bakoitzaren pertsonaiak ondo ezagutu behar dira horretarako eta hauen ezaugarriekin ondo jokatzen jakin. Sexuaren inguruko pasadizo on bat etortzen bazait burura, ziurrenik "Demonio Rojo" pertsonaiaren inguruan kokatuko dut hau.

Data-base antzeko bat duzu, hortaz.
Bai. Ordenagailuan "Ideiak prozesuan" izeneko karpeta bat daukat eta bertan bururatzen zaizkidan ideiak biltzen joaten naiz. Nahiz eta lanean ez ari, ideia bat bururatu ahala bertara jotzen dut ideia erregistratzera, baita dutxan edota autobusean banago ere. Istorioak idazterako orduan bertara joateak laguntza handia ematen dit.

Errealitatea da iturri nagusia?
Gertuko errealitatearen gauzen inguruan idazten dut. Ikusi edota entzuten ditudan gauzetatik ateratzen ditut ideiak. Horrela hasi nintzen lanean eta horrela jarraitzen dut. Beste gauza bat da zein punturaino den errealitatea nire lanetan ikusten den bezalakoa. Hori ez nuke erantzuten jakingo, bakoitzak errealitatea bere moduan ikusten duelako.

Unibertsaltzat har daitezke?
Bildumetako bat Kanadan argitaratu zen, baina egia esan ez dut oso argi. Atzerritar batek baino gehiagok esan dit bere lurraldean ez litzatekeela nire umorea ulertuko, baina aldi berean beste batzuk euren lurraldeetan argitaratzera animatzen naute. Hala ere, nik uste gauza batzuk bai, baina orokorrean hemen baino gutxiago ulertuko liratekeela, azken finean hemengo errealitatean oinarritzen baitira.

Komikietako pertsonaiak antzerkira eramateko ez zenuen bada zalantzarik izan.
Ez pentsa. Sobradun antzerki taldekoak izan ziren "Herminio" eta "Miguelito" pertsonaiekin antzezlan bat egitera animatu nindutenak. Komikietako gag eta egoeren batuketa bat izan behar zuen antzezlanak hasieran, baina hau bidegabekeria bat zela ikusi eta antzezlana idazten hasi nintzen. Arrakasta handia izan zuen.

Eta gero beste bi, "30 millones de gilipollas" eta "No hay Huevos", hauek Eloy Beatorekin batera idatziak. Zer moduz eraman zenuen beti bakarrik idazten ohitua egonda, beste baten iritziak entzun behar izatea?
Ondo, ordutik errepikatu dut. Eloy Beatorekin hasteko arrazoia, "Herminio y Miguelito"n zuzendari bezala ohar asko eta onak egin zituela izan zen. Hurrengo lanetarako biek hasieratik elkarrekin lan egitea onena izan zitekeela pentsatu eta horrela egin genuen.

Zuen publikoa nagusiki gaztea da. Eurentzat idazten duzue?
Printzipioz ez genuen jende gaztearentzat egiten, baina egia da aretoetara gerturatzen ziren gehienak gazteak zirela. Gure asmoa antzerki "ez aspergarria" egitea zen. Orain gauzak aldatu egin dira baina tradizionalki antzerkia nahiko aspergarria izan da. Antzerki klasikoak edota antzerki esperimentalak oso publiko konkretua dute. Kaleko jendeari ez zaizkio gauza hain bereziak interesatzen. Kontua ez zen ordea antzerki komertzial tipikoa egitea, baizik eta tarteko zerbait, entretenigarria, bizia. Hobekien erantzun zutenak gazteak izan ziren, aretoetara sartzen zirenen piurak ikusita, antzerki batera baino rock kontzertu batera zihoazela zirudien.

Gazteak izan dira baita ere zinema aretoetara "Gente Pez" ikustera joan direnak. Publikoak ondo erantzun du baina kritikak...
Hori ere bagenekien. Film nahiko arraroa da zentzu batean eta kritikoen artean baino, jende gaztearen artean funtzionatzea logikoa da. Dena den, filma ondo jarri duten zine kritikariak ere badira.

Hasieran Jorge Iglesiasekin batera zuzendu behar zenuen filma, azkenean berak bakarrik egin du. Baina oso gainean izan zara. Nolakoa izan da zineman izan duzun lehen esperientzia?
Zinema egitea ez zait batere gustatu. Gauza gehiegi, jasanezina. Arazo bat bestearen ondotik etortzen zen eta azkenean nazka-nazka eginda bukatu nuen. Prozesu guztian hor egon naizen arren, Jorgek zuzendu zuen azkenean. Nire lana errodajean, nolabait iritzi emailearena izan da. Hori eta Jorgerekin batera gidoia idaztea, jakina.

Eta, emaitzarekin gustura?
Beno, gauza batzuekin ez naiz identifikatua sentitzen, nik agian beste era batean ikusten nuen, baina logikoki, Jorgeren ikuspegitik egin da eta erabat errespetatzen dut. Bestalde, zinema barrutik ezagutzeak ere merezi izan du.

Beste medio bat, izan ere arte erakusketaren bat ere egin baituzu...
Artea gustura egiten dut. Ez dut honengatik dirua jasotzen, baina polita da instalazio edota koadroen bitartez komunikatzen saiatzea. Erabat aske sentitzen naiz nahi dudana egiteko, ez daukat ez muga ez presiorik eta hortaz, nire gauza berezienak egiteko bidea aurkitzen dut.

Eta musika?
Gitarra jotzearekin batera abestu ere egiten dut, oso gaizki, Pop-Punk edo antzeko estiloan. "Fat Esteban con Juanjo Pedegrosa" da taldearen izena. Honekin ere ez dut sosa handirik ateratzen. Lehenengo diskotik mila ale baino ez genituen saldu, baina tira. Musika konposatzea asko gustatzen zait eta nire abestiak inork ez lituzkeenez joko, nik neuk jotzen ditut.

Hainbeste gauzatarako denbora nondik ateratzen da?
Ateratzen da. Ez ditut gauza guztiak batera egiten. Lan puntual dezente izaten dut, komikien feria baterako ilustrazioa dela edota Xixongo zinemaldirako gala. Bestalde, "El Víbora" eta "El Jueves" aldizkarietarako lanean jarraitzen dut eta zinema eta telebista proiektu batzuk idatzi ditut. Azaroaren 23an, Logroñon, antzezlan berria estreinatuko dut.

"Se empieza con los porros" antzezlanak gehienetan bezala umorea al du oinarritzat?
Bai. Egia esan horrela ateratzen zaizkit istorioak. Santiago Oruerekin batera idatzi dut eta droga desberdinen inguruko istorioa da. Nola bakoitzak berea ontzat hartu eta besteena txartzat duen, honek sor ditzakeen egoerekin.

Besterik?
www.mauroentrialgo.com web orrialdea prestatzen ari naiz. Web orrialde berezia egin nahi dut Madrilgo lagun batzuekin batera. Aurki jarriko da martxan, sartzeko gonbitea luzatzen diot jende guztiari.

Sartuko gara

Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Eguneraketa berriak daude