BASERRIA DESAGERTZEKO ZORIAN


2021eko uztailaren 19an
Euskal Herriko nekazaritzako baserriak, Bizkaian eta Gipuzkoan bereziki, hilzorian eta desagertzear daude. Dirudienez galera historiko horren oinarrian, nagusiki, belaunaldi gazteek jarduera horrekiko erakusten duten interes urria dago, beren aurrekoek hainbeste urtez landutako arloari jarraipena emateko gogo eskasa. Hala ere, badira beste arrazoi batzuk, besteak beste, arlo horretako ustiapenek merkatu berrietara egokitzeko dituzten zailtasunak eta hiriak nekazariari eta lanerako erabiltzen duen lurraren aprobetxamenduari eskaintzen dizkion aukera erosoagoak. Etorkizun hurbil batean nekazaririk gabeko eskualdeak ezagutuko ditugu.

Horrela diote Donostialdea-Bidasoaldeko errealitatea aztertu duen ikerketaren ondorioek. Eskualde horrek hiri ingurunearekiko hurbiltasunaren eragina jasaten du eta, euskal baserriaren inguruko antzeko beste ikerketa batzuen arabera, egoera hori Gipuzkoako eskualde guztietan eta, are gehiago, Euskal Autonomia Erkidegoaren alderdi atlantiko osoan berdintsua dela esan daiteke. Hori da, hain zuzen ere, Juan Cruz Alberdik egin eta «Sustrai» aldizkariak, bere azken alean, 58. zenbakian, argitaratzen duen txostenak dioena. Txosten hori erabili dugu gure lanerako oinarri gisa.

ESKULANAREN URRITASUNA.

Baserrietako familietan gertatzen den nekazaritzarako eskulanik ezak hilzorian jarri du euskal baserriaren antzinako jarduera. Lurraren ustiapenean oinarritzen den sistema orok transmisiorako mekanismo batzuk ditu jarraipena eta garapena ziurtatu ahal izateko, eta horien hausturak erabateko suntsipena eragin dezake. Hain zuzen ere, familiako eskulana da mekanismo horietako bat, nagusienetakoa. Belaunaldi berrietan, familiako gazteenetan, baserriko lanerako asmoa eta gogoa balego, ziurtaturik legoke haren jarraipena. Baina aipatu ikerketaren arabera, ezin esan hori denik gaur egungo errealitatea, alderantzizkoa baizik. Aztertu diren kasu gehienetan gazteenek ez dute inolako interesik erakusten jarduera horren lekukoa hartzeko.
Horren ondorioz sortzen den prozesuak nekazaritza lanen amaiera eragiten du. Prozesu hori, hasi, baserriko lanen ardura nagusia duenak 50 urte inguru betetzen dituenean hasten da, eta, amaitu, ardura hori hirurogeiko hamarkada ingurura arte euskal baserriak bizi izandako nekazaritza giroko gizartea ezagutu ez zuen belaunaldien esku geratzen denean amaitzen da. Familia barruan nekazaritzarako eskulana berritzeko zailtasunak sistemaren egitura osoan du eragina, noski: nekazaritza eta abeltzaintzako lanetan, nekazaritzarako erabilgarria den lurren aprobetxamenduan, baserriko lurren oinarrian, eta jarduera osagarrietan (landa turismoa, jatetxeak eta abar).
Horrela, nekazaritza eta abeltzaintzako lanek desagertzeko bidea abiatzen dute, honako urratsak igaroz: ustiapenean inolako berrikuntzarik eta hobekuntzarik gabe jarduten dute; estentsibotasuna (esnetarako behietatik haragitarako behietara edo ardietara, bazterketa ekonomikoa, hondarreko jarduera edo erabateko atzerakada) hasten dute; nekaza-ritzarako lur erabilgarriaren aprobetxamenduak ere estentsiboak bihurtzen dira, larreetatik belar mozketaren bidezko bazkara pasatuz, belar mozketarik gabeko bazkara, eta, azkenik, bere energia gaitasun guztia galtzera; nekazaritza lanetarako lurrak murrizten dira. Baserriaren oinarri den lurra unitate are txikiagotan zatitzen da, baserriaren jabetzari eusteko adina ematen ez duen hura anai-arreben artean zati berdinetan banaturik oinordetzarako garaia iristen denean. Jarduera osagarriak, hau da, landa turismoa edo jatetxe jarduerak, jarduera nagusi bihurtzen dira nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak ordezkatuz.
Haustura horren zergatia eskulanaren urritasuna baldin bada, ikertzaileek diotenez, egoera hori eragiten duten arrazoiak ingurune horretatik kanpo bilatu behar ditugu: nekazaritza eta abeltzaintzako lanen garapen orokorrean, eta hiriak nekazaritzako lurretan eta langileengan duen eraginean. Horrela ziurtzat jotzen da hiriekiko hurbiltasunak eta ekonomiaren globalizazioak jarduera horren bazterketa eragiten duela. Merkatu libreko ekonomia globalizatzailearen errealitatean ustiapen gutxi batzuek asmatu egiten dute globalizatze horretara egokitzen, eta beren errendimenduak hobetzea eta ustiapenak kapitalizatzea lortzen dute. Baina gehienek ez dituzte beren instalazioak berritzen, nekazaritzako errenta murriztu egiten dute eta, azkenik, jarduera bazterrean uzten dute. Eta espezializatzen direnak ekarpen energetikoa erabat kanpotik ekartzera beharturik daude, gastu aldakorra izugarri areagotuz eta Europako beste ingurune edo herrialde batzuetan baino mozkin gutxiago lortuz.
Ingurune hurbileko hiriek, bestalde, geroz eta murritzago egiten dute inguruetako nekazaritza jarduera. Egoera hori eragiten duen arrazoi nagusietako bat landa lurren prezioan datza, nekazaritza arloko balioan oinarritu ordez hirigintza esparruko balioan oinarritzen delako. Lurren desjabetzak bata bestearen ondoren datoz, hirigintza planen inguruko espekulazioa sortzen da, eta horrek eragin handia du inguru horretan finkaturik dauden ustiapenetan, haiengan gogo txarra, egonkortasun eza, ekoizpenerako instalazioak ez berritzea eta, azkenik, ustiapenak baztertzea bultzatuz.
Nolanahi ere, bada beste arrazoi bat nekazaritza eta abeltzaintzako eginkizunak uzteko. Egia izanik hiriak eragin handia duela nekazaritzako lurren prezioan, ez da gutxiagorako hiriak berekin dakarren lanpostuen eskaintza ugaria. Hau da, nekazaritza arloko lanak zerikusi gutxi du denbora librea, neke gutxiago eta inbertsio beharrik gabeko etekina eskaintzen duten lanpostuekin, eta konparaketa horretan nekazaritzako lana izango da beti galtzaile ateratzen dena.

LURRAK MURRIZTU eta NEKAZARIAK DESAGERtu.

Donostialdea-Bidasoaldean egindako ikerketaren ondorioak ikusita, eta ondorio berberak Gipuzkoa eta Bizkaiko beste eskualde askotarako ere balio dezaketela kontuan izanik, garbi dago etorkizun hurbil batean nabarmen murriztuko direla nekazaritzarako lurrak nahiz esparru horretan aritzen diren langileak.
Oraindik landa lur ugari dago, baina 100 metroko altueratik beherako nekazaritzarako lur erabilgarriak, batez ere mekanizatu daitezkeen lurrak, ez dira hainbeste. Ikerketak dioenez, auzo urrunenak eta lur garaienak, nekazaritzarako ezaugarri eskasenak dituztenak, izango dira jarduera horretan jarraituko dutenak, eta gainerako lurrak hirigintza planetarako erabiliko dira.
Nekazari kopurua ere nabarmen gutxituko da, eta bi lan motatan antolatuko da: aisialdiaren inguruko nekazaritza eta profesionalizazioa. Hala dio ikerlanaren bigarren ondorioak. Batetik, jarduerarekin jarraitzearen aldekoak daude, lanaldi guztia horretan jardungo dutenak. Estrategia produktibista batean erabat sarturik, horietako askok soldatapeko eskulana kontratatuko dute, pixkanaka familiako laguntza erabat ordezkatuz. Ikerketak dioenez, ustiapenetako askok, inolako helburu ekonomikorik gabe, artalde txiki batzuk, behi edo zaldi batzuk, sagasti txikiak edo kanpoan baratza batzuk landuko dituzte. Horixe izango litzateke multzo ugariena, eskualdeko nekazaritzaren oinarria, nahiz eta epe luzera begira galtzen joango den.
Lur zoru erabilgarria sastrakaz eta baso atlantikoz beteko da. Hori da ikerlanaren hirugarren ondorioa. Nekazaritzarako lurrak, pixkanaka, desagertu egingo dira dagoeneko estentsiboa den jarduera murrizten eta desagertzen doan heinean. Egoera hori, modu orokorrean, mekanizaziorako zailtasunak dituen lurretan gertatuko da, baina nekazaritzarako makineriarekin aritzeko moduko lurretara ere zabalduko da, batez ere lurra eskatzen duten abeltzaintza arloko ustiapenik ez dagoen lurretan. Nolanahi ere, nekazaritzako aprobetxamendua ez da aldatuko.
Nekazariarekin batera silbikultorea desagertuko da. Horregatik, ikertzailearen ustetan, nekazaritzarako erabilgarriak diren lurrak horretarako erabiltzeari utzitakoan, bertan behera utziko dira, eta landaredi naturalez beteko dira. Ziurrenik, datozen urteotan, sastraka eta baso atlantikoa hedatuko da.
Gaur egungo baserria, etxebizitza eta nekazaritza edo abeltzaintzako ustiapena bateratzen duena, desagertu egingo da. Horixe da ikerlanaren laugarren eta azken ondorioa. Maiorazkoa desagertzea, dio, jabetzaren banaketa ari da eragiten, eta datozen urteotan geroz eta gehiago zabalduko da egoera hori. Baserriaren egitura nahiko osorik iritsi da gure garaietara, baina orain, seme-alaba guztien eskubideen berdintasuna onarturik eta haren zeregin produktiboa desagerturik, lur zati txikietan zatituko da jabe ezberdinen izenean. Une horretatik aurrera are zailago gertatzen da nekazaritzako edo abeltzaintzako unitate bat eratzea.
Ikertzailearen iritziz, agian aurreikus zitekeen prozesu horren abiadura handia da bere ezaugarririk deigarriena. Batetik, ekoizpen jardueren bilakaerak, une ekonomikoak eta hirigintzarako dagoen lur eskaerak, eta, bestetik, jardueraren beherakada nabarmenak eta baserriaren jabetza gizarte hiritarrean jaio eta hezitako belaunaldi baten esku, hau da, balio berriak eta ekonomi baldintza berriak ezagutzen dituen belaunaldi baten esku, geratzeak areagotu eta azkartu egiten dute hirien inguruko lurretan garatzen den edozein nekazaritza jardueraren amaiera


Azkenak
Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoari.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


2025-01-16 | Euskal Irratiak
Laborantzari buruzko ikuspegi desberdinak agerian, Departamenduko Laborantza Ganbararako bozetan

Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.


Montanako (AEB) Auzitegi Nagusiko epaile anderea... euskaraz

Irulegi irratiak elkarrizketatu du AEBetako Montana estatuko Auzitegi Nagusiko epaile Katherine Bidegaray. Gurasoak behe nafartarrak zituen, aita Mendibekoa eta ama Ahatsakoa.


2025-01-16 | Leire Ibar
Osakidetzako zuzendari ohi Mikel Sánchezek Mutualiarekin fitxatu du

Sánchez, 2019tik 2024ra Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria izan zena, azaroan hasi zen Mutualia enpresako mediku-zuzendari gisa. 2024ko udan kargua utzi eta hiru hilabete eskasera egin zuen jauzia enpresa pribatura, Jaurlaritzaren oniritziarekin.


Gazarako su-etena adostu arren, akordioaren bozketa gibelatu du Israelek

Adosturiko puntu batzuk aldatzen saiatzea leporatu dio Benjamin Netanyahuk Hamasi, baina azken honek informazioa gezurtatu egin du berehala. Urtarrilaren 15eko arratsaldean adostutakoaren arabera, hiru fase lituzke meniak eta igandean abiatzekoa dute. Bizkitartean, erasoekin... [+]


Militantzia politikoaren debekurik ez!

Asteartean eman zuten jakitera bost gazte lapurtarren kontrako sententzia. Hamabost hilabeteko espetxe zigorra gibelapenaz bi gazteri, 500 euroko isun banarekin; 140 orduko lan behartua eta 500 euroko isun bana beste bi gazteri; eta, azkenik, 1.700 euroko isuna beste... [+]


Adingabeak babesteko Foru Legea behingoz praktikara eramatea eskatu diote Nafarroako Gobernuari NUPeko ikertzaileek

Sandra Siria Mendaza eta Hodei Sarasa Camacho Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko irakasleek haien ikerlanen ondorioak azaldu dituzte Nafarroako Legebiltzarrean. 2022Ko legean “komunitateko tutore” figura berria sortzea eskatu dute, harrera baliabidetan... [+]


“More with less”

Lehengo batean, The Wire telesail sonatua berrikusten ari nintzela, etsipena gogora ekarri zidan eszena bat heldu zen. Bertan, The Baltimore Sun egunkariaren zuzendaritzak langileak bildu eta datozen aldaketei buruz ohartarazten die; hau da, kaleratzeez eta distira gutxiagoko... [+]


Smartphonea: gure fetitxe erregea

Bizi dugun kultura kontsumistak, erabiltzaile oro agintzen du gozamen neurrigabera. Slavoj Zizek dioen eran, Goza ezazu zure fetitxea, hiper-modernitatearen agindu ozena bihurtu da. Fetitxearen lekua betetzeko dauden gailu teknologikoen bidez gauzatzen baita egungo gozamena... [+]


2025-01-16 | Leire Ibar
Haurrak generoaren arabera banatzen dituzten ikastetxeak desagertuko dira Gipuzkoan datorren ikasturtean

2025eko irailarekin hasiko den ikasturtean ez da izango sexu bereizketarik Gipuzkoako ikastetxeetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez. Eskibel eta Erain ikastetxe kontzertatuak dira gaur egun ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten bi... [+]


2025-01-16 | Hala Bedi
Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeko bi kide
“Boterean dagoen klasearen interes nagusia beti izango da gazteen antolakuntza oztopatzea”

Larrabetzuko Hori Bai Gaztetxeak 60 urte bete ditu. Euskal Herriko Gaztetxe zaharrena da Larrabetzukoa.


2025-01-16 | El Salto
Amazonek bat egin du olatu ultrarekin, eta pertsona LGBTQ eta beltzen eskubideak babesteko politikak apaldu ditu

Hainbat enpresak aniztasun eta inklusio politikak aldatu dituzte Donald Trumpen gobernu berriari ongietorria egiteko.


Eguneraketa berriak daude