Euskal Herria, drogaz garbia?


2021eko uztailaren 28an
Udazkenean ondo sarturik jada, ikastaro berrian murgilduta, jende gaztearen arreta irabazteko garai egokia zen. Beharbada horregatik eskaini zion ZERUKO ARGIAk bere lehen orrialdea "Droga" gaiari. Nonbait beldurtzekoa zen haiek hedatzen ari ziren modua… etxetik kanpo. Izan ere, honela oharrarazten zitzaion letra larriz irakurleari: "Euskal Erriaren ondoan bai Frantzian eta bai Espaiñan, asko ari da zabaltzen". Etxean zer, ordea? Euskal Herria drogaz guztiz garbia ote zegoen, bada?


DROGA MALTZURRENAK

Olalde izenpetzen zuen batek egindako azterketaren arabera, "Drogak gaurko munduan, batez ere gazteen artean, sortu duen korapilloa, ez da nolanahikoa. Urrutiago joan gabe, Euskal Erriko mugetan bertan asko izan dira zigortuak drogazale edo droga-saltzaille zirelako".
Arazo larria, zalantzarik gabe, baina gaitz erdi, auzoan gertatu bide zen bakarrik. Horrelako euskaldunik ez zegoelako, ala euskal drogazaleak besteak baino azkarragoak zirelako? Olaldek ez zuen hori argitzen.
Hark zioenez, Euskal Herriko mugaz harantz guraso jendea beldurrez airean zegoen "gazte jendeak gero eta gehiago erabiltzen" zituelako "‘atxis’, ‘marijuana’, ‘anfetaminak’, ‘eroina’, ‘L.S.D.’direlakoak". Zorionez, ez zirudien gaztedi horrek arazorik zuenik edariarekin, alkohola ez baitzuen Olaldek inon aipatzen. Bestelakoa zen haren kezka: "Zer neurritan erabiltzen ote dituzte?". Galdera garrantzitsu honen jarraian, horregatik, ohar bat zetorren: "Ez daukagu oraindik Euskal Erriko datorik eta Frantziakoez baliauko gara oraingoz".
Beraz, izan bazela drogazaleren bat gurean ere ondoriozta dezakegu…


INJEKZIOEN ERABILPENA

Dena den, Olaldek ematen zituen Frantziako datuak ez ziren inor lasaitzeko modukoak: "1966 urtean, milla eta bostehun frantzesek artzen zuten droga indizio bidez. Millak, eroina erabiltzen zuten. Gaur berriz, ofizialki, ogeita amar milla frantses dira ala ohitutakoak. Au da, zenbaki ori motz gelditzen da. Frantses auen adiña, hamasei urtetatik ogeita bostekoa da. Gizarte mailla guztietan sortzen dira, bai aberatsetan, bai estudianteetan, bai langilleen artean ere. Baiña batez ere uri aundietan bizi diran ikasleak, batxiller-ikasleak dira gehien erortzen direnak drogapean. Esan diteke Frantziako ikasle gazte auetatik, ehuneko 20, drogazale, batez ere atxis-zale direla".
Beharbada irribarre egin duzu azken hau irakurtzean, irakurle. Baina zer egingo diogu, Olaldek ez zuen haxixa batere maite, nahiz entzuna izan bereizi behar zela beste batzuengandik: "Atxis bera, sendagillearen iritziz, ez da pozoi bat, baiña oso kaltegarria bai", baieztatzen zuen. Zergatik hori?
"Asi gaitezen atxis-aren salerosketatik. Droga hau erosterakoan, nahi eta nahi ez, beste drogatuekin arremanetan jarri behar izaten du erosi nahi duenak. Eta atxis-sailtzaileak ez du etsiko beste droga gogorren bat saldu arte. Or dago benetako arriskua: bide ortan jarriz gero, ez dago, gehienetan, atzera egiterik eta ustekabean, eromena edo eriotza ekar dezaketen drogazale bihurtzen dira".


KALTEAK ETA ORDAINAK

Oliebenstein sendagile eta drogetan aditu frantziarrak emandako datuetatik Olaldek ondorioztatua da aurrekoa. Beste honako hau, ordea, nahikoa bere kabuz erabaki zuela esango nuke: "Atxis, irurogeita amar bat eratara azaltzen da plazara eta, esandakoak esan, Pakistan aldeko atxisak opioa dauka eta oso gogorra da. Opioa arrisku aundiko droga da; eroina, opiotik sortzen da. Bestalde, atxis erretzea legez kanpo ibiltzea da eta atxis erretzera biltzen dan taldeak gizartearen legeak zapaltzen ditu eta gizartea bera arriskuan jartzen. Sortaldeko zibilizazioak, opioak galdu zituen".
Apika tirioak eta troiarrak bere komenentziara pilatze horrekin ez zuen irakurle haxix-zalea behar bezala izutu, eta horrela ekiten zion hurrengo pasartean: "Atxis erretzeak ihes egitera bultzatzen du, gizartea ahaztutzera, alferkerira… asieran, eta gero etxetik ihes egitera, pop-jaietara, eta norberaren buru-erailtzera". Alajaina!


ESTRATEGIA OKERRAK BAZTERTU

Behin esan beharrekoa esanda, ulerkorrago agertzen zen Olalde: "Gazteentzat zoramena eta eriotza itz utsak dira eta ez diete beldurrik. Horiek ez dakite zer dan alienazioa, zer dan betiko morrontza, eta bestalde, ain gertu jartzen diete atsegiña!".
Gauzak horrela, okerreko estrategiak baztertu beharra zegoen. Adibidez: "Gurasoek gazte bati, indizioa artzen badu ilko dala esan diote. Seme orrek ondo daki indizioak ez duela iltzen, probatua baitu… Eta ez die jaramonik egiten aurrera ere. Baiña eroinarekin ez dago kontu onik. Eroinazaleak aukera gogorra egin du: zoramena, morrontza eta ziur asko, eriotza. Obe da egia esatea eta droga bakoitzaren kalteak bereiztea", zioen gure Olaldek. Inoiz ez omen berandu, bide onera itzultzeko… Baina hara nola egiten zuen kalte horien bereizketak!
"Zergatik da ain kaltegarri eroina? Asiz gero ezin utzi delako. Ohitura artzen du gorputzak eta ez dago uzterik. Tratamentu gogorra egiñaz ere, ehunetik amar edo amabostek bakarrik lortzen du uztea. Anfetaminak, berriz, buru-muinera jotzen du eta eriotza dakar. Arriskua askoz ere aundiagoa da droga hauekin". Kito

Ez ditzagun zapuztu gazteak
Elkar kompreni eziñik gabiltz gazte eta urteetan aurrera goazenok… Ondo gabeko lezea aien eta gure artean. Elkarri eskua luzatu eziñean. Leengoa eta oraingoa bi puska egiñik daudela dirudi. Bizi-poz aundirik gabe bizi gerala esango nuke, gaur egunean adiñekook. Beren jazkeraz eta txima aundiz, arrigarri zaizkigu gazteak. Zaartzaro bidean, alaitasunik ez degu arkitzen gazte-biotzetan. Ezertxo on egin ez bagendu bezela, begiratzen gaituzte. Gure semeen pentsaera eta jokabideak kompreni eziñezkoak ditugu. Badirudi ez direla gure seme: Esker txarreko. Erantzun gozo bat ez. (…) Razismoz beteta daukagu mundu triste au: Judutarren aurkako razismoa. Beltzen aurkakoa… Il aurretik, arren, ez dezagun are beldurgarriago den beste razismo bat sor: Gazteriaren aurkako razismoa, mundura ekarri dituzten semeenganako gurasoan razismoa. Gauza tristeagorik bai ote? (…) Zorretan gaude gazteekin: iskillu eta armaz jositako gizartea uzten diegu; guk egiñak, bomba atomikoak, gurea, zuzengabekeriaz betetako mundua; gurea, gizonak elkar jateko eratu degun biziera; gureak ainbat eta ainbat gaiztakeria. Bizi eziñezko munduaren ordez, bizitzarik ez dagoen illargia eskeiñi bear ote diegu gure ondorengoei? Borondate oneko gazte eta adiñeko: Luza bostekoa; elkarturik gizarte zuzenago bat egin dezagun.
Izenpetu gabea (1971-X-24)

Euskara Telebistan
Urriaren 4ean, astelehenarekin, agertu da ORTF-ak Bordeletik botatzen duen telebixta emankizunean euskarazko lehen ikusgarria. Ez zuen malizia handirik lehen emankizun horrek. Bainan euskaldun guztien bihotzak hunkitu ditu eta zorionez bete. Euskara telebistan sartu da (...) (1971-X-24)

Txuleta
Txuleta, haragi "egina" bat da. Elementu kultural dugu, baina ez osoki. Txuletak, beregan uztartzen ditu natura eta kultura mailak. Txuleta bat eskatzean honela mintzatu ohi izan gara: "Asko egina nahi dut" edo "gutti egina zait laket". Txuleta oso errea zerbait osatua dugu, konplet den zerbait. Baina tripa-zai-jakintsuak diotenez txuletak ez du oso egina behar (…) Denik ere, txuletaren mitoak geure kulturaren funtsa eskasa adierazten digu. Ez gara "osoki" eginak eta erdibideko gauzak adoratzen ditugu. Noski, txuleta oso eginak eskatzen ba ditugu, okelarik gabe geldituko gara, eta geure ahosapaiaren finezia biziro haserre gertatuko da. Baina honela gertatzen bada ere, beti izanen dugu zer hozkatu. Bestalde, euskaldunok ahozko fasean finkaturik ote garen susmoak hartzen hasia naiz; eta seksoal gauzetan, ahoko fasea haur ttipiena da. Haur ttipiak amaren titiak bezala, guk adindunok txuletak hozkatzen ditugu. Oteizak dionez euskaldunok, haur gara… nerekiko zera erantsiko nioke Oteizaren esanari: Euskaldunok, haur zahar gara, hortzik gabeko haragi zale (1971-X-24)


Azkenak
2024-09-13 | ARGIA
Tematzearen emaitza: errepide seinaleak euskaraz

Herritarrak eskatzen du seinaleak euskaraz jartzeko. Gobernuak erantzuten dio legeak ez duela horretara behartzen. Behatokiak erantzuten dio, legeak ez badu derrigortzen ere, euskaraz jartzeko debekurik ez duela. Gobernuak bereari eusten dio. Alabaina, herritarrak tematzen dira... [+]


2024-09-13 | Euskal Irratiak
Baionako zitadelako eraikuntza proiektuak arrangura piztu ditu ekologistengan

Baionako zitadelan proiektu berriak ditu armadak. Eraikin berriak egin nahi ditu eta horretarako oihanaren zati bat deseginen dute eta ura atxikitzeko bi gune ere sortu nahi dituzte.


Aysenur Ezgi Eygi-ri zuzenean egin zioten tiro burura Israelgo soldaduek, autopsiaren arabera

Turkiar-estatubatuar aktibista irailaren 6an hil zuten Beiti herrian, Nablus hiriaren ondoan, Zisjordanian, Palestinako Lurralde Okupatuetan. Orain forentseen azterketek iradokitzen dutenez, Israelgo soldatuek zuzenean egin zioten tiro aktibistari.


Iturbide, Jiménez eta Azkona estatuaren biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.


Madrilgo Rolando kafetegiko hamahiru hildako haiek ETAm-ren eta ETApm-ren zatiketaren erdian

Ostiral honetan betetzen dira 50 urte ETAk, 1974ko irailaren 13an, Madrilgo Rolando Kafetegian bonba bat lehertarazi eta hamahiru pertsona hil zituela. Ofizialki 2018an onartu zuen erakundeak ETAren egiletza, bere burua desagertze bidean jarri zuenean.


2024-09-13 | Gedar
Bi lizarratar epaitu dituzte, Voxen salaketa baten harira

Faxisten aurka protesta egiteagatik auzipetu zituzten Lizarrako bi kideak. Asteazkenean, epaiketaren egunean, Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea egin zuen epaitegi aurrean. Voxeko faxistak jarrera probokatzailearekin agertu ziren bertara, eta Guardia Zibilak... [+]


2024-09-13 | Ahotsa.info
Urriaren 12an Tafallan eginen du manifestazioa Ernaik “españolismo eta faxismoaren aurka”

“Españolismoaren eta faxismoaren normalizazioan” Hispanitatearen egunak jokatzen duen papera salatzeko urriaren 12an Tafallan mobilizatuko da Ernai. “Gu, Nafarroako etorkizuna gara, haiek, aldiz, iragana. Faxismoak herri honetan lekurik ez duela argi... [+]


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Donostiako bi familia etxegabetze arriskuan daudela salatu du Kaleratzeak Stop plataformak

Zaurgarritasun ekonomikoaren baldintzak betetzen dituzten arren, Santander bankuak ordainketak epe batez etetea ukatu die bi familiei.


Garaileak esaten duenean amaitzen al da gerra bat?

Badakigu gerra bat noiz hasten den, baina ez noiz amaituko den. Hainbatetan entzun dugu esaldi hori, eta topikoa dirudi, baina arrazoirik ez zaio falta, gaur egun munduan barrena bizirik segitzen duten gatazka ugariei erreparatuz gero. Gauza bera esan liteke 1936ko uztailaren... [+]


87 milioi urteko amonite fosil bat aurkitu dute Langraiz Okan

60 bat zentimetroko diametroa duen amonite bat aurkitu du mendizale talde batek Arabako herriaren inguruetan. "Aurkikuntza handia" dela azpimarratu du Arabako Foru Aldundiko Kirol eta Kultura diputatu Ana del Valek.


Eguneraketa berriak daude