«Egurrak komunikazio bat du, hitzez azaldu ezin dena»

  • Besteek zer esango beldurrik gabe bizi da; lotsa inbentu txatxua baita, sormenari mugak jartzen dizkiona. 500 urtetan gazte mantentzeko sekretua esan digu: egunero bizi. Siesta sakratua du, eta ardoak bedeinkatutako ideiak dira onenak. Bera izan da algara eragiteko intentzio osoarekin babarrunak museora atera dituen bakarra, museoetan ere puzkerrak lasai bota behar direlako.
Iparraldean trebatu zinen egur lanketan. Enkofradore, zurgin, teilatu egiten, ebanista eta zaharberritze lanetan.
Iparraldean lanean aritu nintzenean asko ikasi nuen; jakina, han lehenengo egunetik ez dizute lanik onena ematen, eta lehenik enkofradore, gero zurgin, teilatu egiten, eta ebanista lanetan jardun nuen. Urdailetik operatuta, medikuak esfortzurik ez zitzaidala komeni esan zidan. Ni bulegora joateko ez nengoen, eta Donibane-Lohizunen kolokatu nintzen zaharberritzaile bezala. Oso gustura egon nintzen, nagusia nuen zoragarria. Hark esaten zidan: «Naparra, etorri, etorri: arno puskat edan behar dugu zerrazahia pusatzeko». Badakizu zer den lanean gustura aritzea? Askoz gehiago ikasten da, eta hark asko erakutsi zidan. Horregatik orain nahi dudanean eskultura bat egiten dut, baina baita etxea ere, eta horretarako gaztetatik ikasi egin behar da!

Iparraldetik itzulita, Remigio Mendibururekin deskubritu omen zenuen artea...
Nik orduan artea zer zen ideiarik ere ez nuen. Betelun hasi nintzen zaharberritze lanetan. Behin joan nintzen Mendiburu eskultorearen etxera, eta ni harrituta: «zer demontre egiten du gizon honek!» Txorixo fabrika bat zirudien: burdin bat alde batera eta beste bat zintzilik jarrita... Eta bera ere nire etxera etortzen hasi zen. A zer arratsalde pasak egiten genituen sutondoan! Hura arrantzalea eta ni artzaina izanda, itsasoa eta mendiaren besarkada izan zen gure artekoa, elkarrengandik ikasi genuen. Nik egurrari buruz hitz egiten nion, eta berak berriz ilargiari buruzko azalpenak ematen zizkidan.

Mendibururen eskutik beste artista askorekin jarri zinen harremanetan...
Mendiburuk Jorge Oteiza eta Sigfrido Koch aurkeztu zizkidan, eta pintore asko ere bai. Haiekin hasi nintzen erakusteka eta museoetara joaten. Gasteizen ikusi nuenean lehenengoz Tapiesen obra bat, Mendibururi esan nion: «Hau artea al da? Ni orduan galeria batean jaio ninduan!» Noski, baserri zaharretan paretek sekulako eraketa izaten dute, eta lehengo egur-topaketak gaur eskultura bihurtuta ikusten dira, arte modernoa da gainera. Orduan hasi nintzen gure baserriko zoko guztiak ateratzen. Lotsarik ez dut asko, eta herriari erakutsi nahi izan diot zer den gure artea, baserrietan betitik egon dena.

Zer abantaila du unibertsitatean ez ikasi izanak?
Nola ez naizen sekula unibertsitatetik pasa, ez dut sekula aprobatu, baina suspenditu ere ez!
Ni jendea ezagutzean esnatu nintzen. Nire eskola izan dira baserrietako arkitektura herrikoia eta erakusketak. Baserriko piezak hartzen ditut. Pieza hori egin zuenak, funtzio batetarako egin zuen, baina hori eskultura izugarri polita da niretzat. Behar duzun bakarra da barruan duzun lotsa hori kentzea, eta horretarako ikusi egin behar dira erakusketak. Artea irakurri egin behar duzu, eta ezagutu, jakiteko zuk ere baduzula formekin idazteko gaitasuna.

Baserrietan eskultura modernoak ezkutatzen direla konturatzeko sentsibilitate berezia beharko da...
Nire eskultura bakoitza, ez banu jaio naizen herriarekiko maitasunik izan, ez nukeen egingo. Hori ikusteko maitasun bat izan behar diozu. Horrelakoxe pieza asko eta asko jendeak etxean izaten du, baina ez badu ikusten, eta sutara botatzen badu, maitasunik ez diolako da. Txikitako alaitasun horrek, bizipoz horrek ematen dit baserriko piezekiko maitasuna.

Aitona zurgina zenuen. Aita basozaina. Nolako egurra, halako ezpala...
Nire txikitako jostailuak aitonaren lantresnak izan dira. Beteluko tailerretan egur ttikiak lapurtzen genituen. Errepide ertzean jolasten genuen, eta kotxeren bat pasatzen bazen, hura marraztu eta etxera joanda egurrean egiten genituen. Pilotak-eta dena geronek eginak ziren. Niri oraingo umeek ematen didate pena, bi urterekin eskolara bidaltzen dituzte-eta!
Nik 500 urte ditut. Aitaren etxera joaten ginenean, Uharte-Arakilera, ogia egiteko garia aletu behar, orain 500 urte bezala. Xaboia eta dena etxean egiten genituen. Oraingo umeek, berriz, «game-boy» edo beste makina horiekin jolasten dute. Pentsa ezazu, guk egindako jostailuak eta oraingoak zer diren! Gaurko umeen burua eta nirea ezin dira berdinak izan!

Kubara egindako bidaian zure txikitako garaiak topatu omen zenituen...
Bidaia hark asko markatu nau. Gu ginen bezala bizi dira. Ez dago ezer ere, baina dena dute: alaitasuna. Jaio orduko dantzan hasten dira-eta! Herri ttiki batzuetan izan nintzen, eta erakusketa kalean jartzen genuen, lurrean bertan. Jendea etorri eta sekulako festa jartzen zuten, hura martxa!
Itzuleran, han ikusitakoarekin lan bat egin nuen, «Eusko-afrocubana» izenarekin. Baina Kuban bertan ez dago kultura primitiborik, Mexikon edo Afrikan topa dezakezun bezala, Kubako natibo denak akabatu egin zituztelako.

Zergatik gustatzen zaizu egurra lantzeko?
Egurrak niretzat komunikazio bat du, hitzez azaldu ezin dena. Igandea edo jaieguna izan, ni tailerrera joaten naiz egurrarekin lan egitera, gozatzera. Oporrik ez dut behar: bizi egin behar da urte guztian! Oporrena moda kapitalista da, industriak ekarria, urte osoan esperoarazten diguten atsedena. Ez dut ezagutzen artzain bat sekula oporrik hartu duenik, eta neguan herrira jaistean desiatzen egoten dira mendira itzultzeko. Nik ere egurrarekin lana gustoz egiten dut.
Gainera egurrak laugarren dimentsioa du: denborarena. Egurrari denborak bere forma ematen dio, bere kolorea hartzen du denboran zehar, eta hori egin diona ez da Gorriti izan, denbora izan da.

Lehendik eginak dauden formen gainean sortzen duzula eta, zurea «kopia» bat dela entzungo zenuen inoiz...
Behin, erakusketa batean, emakume batzuek entzun nituen esaten: «Txillida nola imitatzen duen!». Eta ni eurengana joan, eta modu onean erantzun nien: «Begira, ni lan horren egilea naiz, eta hau ‘gari kutxa’ da, egun galdua den ofiziorik zaharrena. Forma hauek orain 500 urte eginak izan ziren, eta Txillidaren birraitona ere ez zen ordurako jaioa. Nik baserrietan gordetako formen bidez idazten dut». Denok daukagu ama. Nahiz izan munduko artistarik originalena, harek ere bere ama badu. Oinarrizko forma hori ikusi eta gero iturri bat egingo duzu.

Zeure burua ez duzu artistatzat hartzen. Ofizioarekin idazten duzula diozu. Zer alde dago?
Artista batek duena, zineko zuzendariarena bezala da: konketa batekin Niagarako urjauziak egiteko gai izatea. Artistak, tantta batekin euritea egiten du, irudimena izugarria dute. Jorgek nire lana artista begiekin ikusten du, eta hitzez adierazten badaki, teorizatuta du. Nik ez dut artearen ezagutza hori, nire ofizioa da ondo ezagutzen dudana. Lehengoan, nire pieza bat izugarri gustatu zitzaion Oteizari, baina esan zidan: «baserrian ez da-eta zentrua existitzen!». Nik berriz, ofizioa dudanez, konposizioa beti disziplina batekin ikusten dut: eskuadra, zentrua... halakoak kontuan hartuta; eta gero eta gutxiago edukita hobe!

Zugan zertan antzematen da Oteiza eta Sigfridoren eragina?
Ni leihoekin oso lotuta nago, konturatzen bazara bi espazioak elkartzen dizkigulako: barruan gauden espazioa eta kanpokoa batzearen kulpa guztia leihoak du. Sigfrido eta Oteizarekin horrelako gauzak ikasten dira, eta nik sortzeko lotsa asko galdu dut horiekin.

Artelanetan sarri ez da erreza antzematen egileak zer adierazi nahi duen...
Oso zaila da barruan gordea dagoen hori irakurtzea. Ni Tapiesekin oso lotuta nago, eta bere erakusketan gauza bat zuen hizki handitan idatzia: berak zerbait egin zuela, baina bakoitzak beste gauza bat ikusiko genuela bertan. Azkenean bakoitzak ikusten duenak balio du.
Nire lana oso herrikoia da, herriari lotutako sentimenduak sortzen du. Sentimendu horiek denak ofizioarekin idazten ditut egurrean. Nire eskulturatan hizkuntzak daude, formak, espazioak. Eta ez baduzu ulertzen disfrutatu egin behar da formarekin, kolorearekin, egiturarekin, eta kito. Egiten dudana ezin dut hitzarekin adierazi. Ez dago azaltzerik hau egiteko zenbat amorru eta errosario ikusi ditudan!

Beste herrietako jendeak uler dezake zure lana?
Katalunian egin izan ditut erakusketak, eta ulertzen dute. Nahiz Bartzelona edo Madrileko jendea izan, herrikoa bada sentitzen du nik formekin esaten dudana. Zumetaren pintura, esaterako, nik ez dakit zergatik den, baina gustatu egiten zait izugarri. Eta Mikel Laboaren musika asko gustatzen zait. Sentimenduek ez dute hitzik, ez dago azaltzerik. Pariseko gizon batek, nire erakusketa ikusita esan zuen oso primitiboa zela, sustraiak gogorarazten zizkiola. Hark ulertu zuen nik esaten nuena. Nazio guztietan dago oso herrikoia den jendea.

Beste artista garaikideen lanak irakurtzeko gai zara?
Batzurenak bai, baina beste askorenak ez, hori beste hizkuntza bat baita. Nire lana ere modernoa da, baina berez pentsa zeinen zaharra den! Ni nator orain 500 urtetik gaur arteraino. Eta oraingo artistek ikusten dute gaurtik aurrerakoa. Beraz, hizkuntza hori oso zaila egiten zait irakurtzeko. Baina sentitu bai, formekin asko gozatzen dut.

Artean bakoitzaren interpretazioak balio badu, noiz esan daiteke artelan bat ona dela? Diru-kontuak alde batera utzita, zer da balioa ematen diona pieza bati?
Zaila da esatea artelan bat zerk egiten duen ona. Hori sukaldea bezalakoxea da: ez da berdin otarraina edo sardin zaharra. Baina askotan porrupatatak ere goxoak egoten dira gero!

Zer funtzio dute museoek?
Museoek izan behar lukete museo biziak. Ezkion Gipuzkoako Diputazioak museo bat jarri du, 1500-1600 urteko baserri bat konponduta. Baina niretzat erlikien hilerri bat da. Hor baserritar bat jarri beharko lukete, eta diruz lagundu behar liokete baserri hori bizirik edukitzeko, jendeari erakusteko garai bateko baserri zaharren bizia. Egin duten hori lo dagoen museo bat da. Eskulturak bizirik mantendu behar dira, eskutan hartu eta ukitzeko moduan, lekuz mugitu... Nik etxean ditudan piezak hartu eta museoan «1500. urteko egurra, halako baserrikoa» txartelarekin zintzilikatuko balituzte, bere bizia galdu du horrek.

Guggenheimez zer iritzi duzu?
Futbolean sekulako milioi pila mugitzen da fitxajeetan; kulturan tarteka-tarteka astakeria bat egiten da, baina gutxienez hori Euskal Herrian geldituko da, ez dute eramango! Niri Guggenheim bera izugarri gustatzen zait, ikusgarria da. Gero barruan zer dagoen? Kultura «yankie»a dela? Hori beste kontu bat da. Euskal Herrian artista asko eta onak daude, eta nik uste egunen batean hori izango dela Euskal Herriaren benetako museoa.

Lehenengo aldiz joan nintzenean, hain justu Bernardo Atxagari «Komunikazio Saria» eman zioten. Niri museora joan eta eskulturak hartu, ukitu, erabiltzea gustatzen zait, baina han ez zidaten uzten!


«Herri bat basoa bezalakoxea da: zuhaitzari adarrak mozten badizkiote berriak aterako zaizkio. Eta zuhaitza moztu nahi dutenerako jada berandu da, haizeak bere haziak zabaldu baititu».
http://www.contrast.org/egin/18jul-6.html
«Gu komando kultural bat gara eta gure lan bakarra da aurrera jarraitzea».
Euskaldunon Egunkaria, 1999-02-14
«Duela zortzi urte Sigfrido Koch lagunak etxean nuen meta San Telmo museora eraman behar nuela esan zidan. Orduko beldur edo lotsa kendu eta eraman egin dut».
ARGIA, 1996-02-11
«Ez da erraza nere barruan dudana jendeak hartzea, barrunbea ez baita ikusten, norberarena da. Hainbeste aurrerapen, fax, internet... baina aparatu bat egongo balitz nire barrunbea erakusteko errazagoa litzateke».
Nabarra, 2001-07
«Eltzeak apurtu! Babarruna askatu!»
Euskaldunon Egunkaria, 1999-02-14
«Bost urterekin hasi zen nire proiektua eta bizi naizen bitartean gauzatuko da».
ARGIA, 1996-02-11
«Graziadun gezurrak kontatzea ez da erreza».
ARGIA, 1994-06-05

Iparraldetik etorri nintzelarik ezagutu nuen Remigio Mendiburu. Eta inpresionatu egin ninduen, eskultura zer zen deskubritu nuelako. Lau burdin zaharrekin egiten zituen lanak kalean jarri zitezkeenik ez nuen imaginatu ere egiten. Nere barruan zegoen eskultura hori, forma hori deskubritu nuen berari esker.

CURRICULUMA
- Jaio: Oderitzen, 1942. urtean.
- Zurgina, eskultorea, pintorea.
- Ume zela Betelura joan zen bizitzera, aitaren lanak eramanda (basozaina zen).
- Donibane-Lohizunen zurgin eta zaharberritze lanetan jardun ondoren, orain 27 urte etorri zen Arribe-Atallu herrira. Bere etxe ondoan «Batzarre» erakusketa galeria jarri zuen.
- Erakusketak: Bere lehen erakusketa 1975ean jarri zuen, «Batzarre»n, 30 euskal artistek ere parte hartuz. Ordutik hainbat erakusketa eskaini du, Euskal Herrian batez ere, baina baita Katalunian eta Parisen ere.
- Artelanak: Beste askoren artean, berak eginak dira Bilboko Areatzan Santi Brouard eta Josu Muguruzaren omenezko monolitoa (1999), eta 1995az geroztik Korrikan eskuz-esku dabilen lekukoa.
- ETBn «Konta ditzagun gezurrak» umeen saioko aurkezle izan zen 1994an.


Doinua: Mutil koxkor bat
Habe zahar bati ez zuen zentzu berezi bat ematea,
enbor batean eskultura bat
dagoela esatea,
gauza xinple bat zure eskutik
hain urrun eramatea
ezkutukoa agerraraziz,
hori bai dela artea
babarrunetik metafora bat
atera ahal izatea!


Azkenak
Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


2025-04-25 | Aiaraldea
Baso Erresilentea proiektua martxan, mendietako jasangarritasunaren mesedetan

Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


Eguneraketa berriak daude