«Oso pelikuleroa naiz, ideia eta proiektu berriak asmatzen beti »

  • Institutuko garaietan «lagun txarrekin» elkartu zelako da aktore, akaso. Niko Lizeaga, Jose Mari Berasategi eta tamainako alproja koadrilarekin, ondo pasatzea zer den behintzat ikasi zuen Tanttaka antzerki taldean. Ordutik txalo-zaparrada askok busti du proiektu berrietan busti den aktorea. Sei uda badira Hankagorri taldean dabilena kalean antzerkia eginez, asko lotsagorritu gabe, haurrei jolasetan zapatak urratuarazten. Telebistako Joxe Antonioren betaurrekoak erantzita, Anjel bai pertsonajea: artisten orbita baino «glamourosoagoak» zaizkio astelehen arruntak. Entziklopediaz betetako apala baino apalago, hizketan «Xilbestre Estalone» galanta da, espainol zaharra bezain (umorez) euskalduna.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Kale antzerkian aritzen zara asko. Zer ezaugarri izan behar ditu aktore batek kale antzerkia egiteko?
Lotsa gutxi, hasteko! Aktore askorentzat sufrimendua baino ez da, eta hitz joko hauxe darabilte: "Teatro de calle? Calle hombre, calle!". Niri berriz asko gustatzen zait.
Polita da, kaleak horixe duelako: jendea batetik bestera doala, eta gustatzen ez bazaie hanka egiten dute eta kito. Eta ez duzu zertan larritu. Hori antzoki itxi batean gertatuko balitz, aktoreak oholtzan erabateko frustrazioa sentituko luke, "ai ama, badoazela!".
Aktorearentzat ere ez da berdin kaleko lana, edozer gauza gerta baitaiteke. Batez ere kale antzerkiak probokazio hutsa direnean. Estilo horretan Trapu Zaharra taldekoak dira maisu. Sekulako eszena sortzen dute kalean, oinezkoek sinesteko moduan, jendearen erreakzioa pizteko intentzio osoarekin. Behin Zaragoza aldera joan, eta probokazio hutsean ari ziren, bikote baten paperean elkarri sekulakoak botaz. Eta halako batean, senarrak emazteari zaplako bat ematen zionaren itxura egin zuten. Etorri zen kalean zebilen italiar bat, zaplako handiagoa eman zion aktoreari, eta esan: "emakumeak ez dira horrela tratatzen!". Gisa honetako antzezpenek arrisku handia dute beregan, eta edozein aktorek ez du balio.
Gurea kalekoa da, baina argi gelditzen da antzerkia dela. Ez beti ordea. Behin Hika taldekoekin Adunako festetara joan, eta han ez zekitenez kale antzerkia zer zen, denetatik entzun behar, egitan ari ginelakoan.

Kaletarrek "erasotuak" zaretenean, nola erreakzionatzen duzue?
Zu lanean ari zara, eta ezin diozu kaletar bati edozer bota. Gertatzen dena gertatzen dela, errua gurea da, gu sartzen garelako jendearen espazioan. Antzerki edo telebista munduko jende askok nik uste ez duela kontzientzia hori. "Jaiak" saioa grabatzerakoan, esaterako, goizeko 3:00etan herriko festetan sartzen bazara, eta parrandan dabilen bati mikroa jartzen badiozu, agian bere erreakzioa mikroa botatzea da, baina guk ez dugu hari errietan hasteko eskubiderik, gu gara bere giroan sartu garenak.

Kale antzerkiaren egoera nola dago?
Gauzak aldatu egin dira, ez dakit onerako ala txarrerako. Nik uste orain helduentzat kale antzerki gutxiago egiten dela. Haurren esparruan, berriz, eskaera badago.
Telebistan produkzio propioa asko ugaritu denetik, iruditzen zait aktore berriek nahi dutena telebistan ateratzea dela, "Hasiberriak"en edo antzerako saioetan. Eta antzerkia beste gauza bat da. Antzerkia goizeko 3:00etan kamioia kargatzen aritzea da!
Orain prentsaren aurrean sariak eta jaialdiak modan daude. Jokulariak sariak ez dakit zenbat urtetan egin ditugun, baina hasieran inork ez zekien bazirenik ere. Orain berriz, aktoreak eurak ere ondo jantzita joaten dira Arriagara, glamourraren kutsu hori eman nahian; eta antzerki mundua sekula ez da halakoa izan. Nik uste telebistan diru pixka bat mugitzen delako eman dela aldaketa hau, eta aktoreok diru pixka bat ikusten dugulako.

Prentsako kritikak zenbaterainoko eragina du antzezlan batengan?
Hori ere aldatu egin dela esango nuke. Garai batean kritika gehiago egiten zen. Gogoratzen naiz hasi nintzenean Begoña del Tesok "Deia"n idazten zuela; obra bat antzeztu, eta hurrengo egunean egunkaria azkar irekitzen genuen, ea Begoña del Tesok zer jartzen zuen. Orain ez du halako garrantziarik adituen kritikak, eta gainera zentzu askorik ere ez dut uste duenik. Kritiko bati ez gustatu izanak zenbateraino esan nahi du beste ikusleei ere gustatuko ez zaienik?
Beste kontu bat da programatzaileena (kultur etxeetako arduradunak_). Horiek dira benetako gakoak. Eta askotan ikuskizunera gonbidatu, eta ez dira azaltzen. Orduan, nola salduko duzu zure emanaldia? Nahiz eta ona izan, programatzaileek ez badute ikusten, antzezlanak ez du emanaldirik izango.

Hankagorri taldea nondik nora sortu zen?
Nire harrikada bat izan zen. Aisialdi mundua eta antzerkia uztartu genituen. Ni antzerki mundutik nentorren, eta Ana Arizetak aisialdiko jende asko ezagutzen zuen. Biak elkartuta umeentzat ikuskizun bat egin nahi genuen, ikusgarritasuna galdu gabe baina parteidetza bultzatzen zuela. Eta asmatu dugula iruditzen zait, harrezkero beste talde batzuek ere formula hori hartu baitute.

Hankagorri taldeak gipuzkeraz eskaintzen ditu emanaldiak. Zergatik erabaki hori?
Hasieran modu naturalean egin genuen, bakoitzak gure hizkeran, halaxe irten zitzaigulako. Baina bigarren urtean konturatu ginen hizkera ere badela taldearen ezaugarria, jendeak horixe aipatzen zigulako harrituta.
Beste taldeetan antzerkia egin izan dudanean, euskara batuan egitea suertatu izan zait, eta oso ongi iruditzen zait gainera. Baina Hankagorriren ezaugarrietako bat da hizkerarena, eta nik uste horretara jo behar dugula aurrerantzean ere. Talde bakoitzak bere estiloa topatu behar du, ona edo txarra izan, zeren eta beste taldeek egiten duten gauza berbera egiteko, lehendik ere badira nahikoa.

Euskaraz bakarrik aritzen den aktorea mugatuta al dago?
Beste taldeetan denetatik ikusi dut, baita emanaldi denak gazteleraz egin, eta dirulaguntza jasotzeko azken bi asteetan euskaraz egiten dutenak ere. Gainera beti dago aktoreren bat euskara menperatzen ez duena, eta gazteleraz funtzionatzen da. Hankagorrin denok euskaldun zaharrak gara, eta horregatik ez dugu sekula arazorik izan.

Testu bat hizkuntza batean ikasi eta gero itzulpena ere ikastea ez al da korapilatsua?
Niretzat ez, euskaldun zaharra bezain espainol zaharra bainaiz. Beste aktore askorentzat da zaila.

Antzerki merkatuan nolakoa da euskararen egoera?
Horretan bai aurreratu dela. Herrietan antzerkia batik bat euskaraz egiten da. Baina hiriburuetan ez. Hirietan euskarazko ikuskizun bat ikusteko, asteazken batean joan beharra dago antzokira. Hori taldeak salmentari begira daudelako da. Eta jakina da euskarazko emanaldia ikusi nahi duena militanteagoa dela, eta saiatuko dela ostegun batean antzokira joaten. Beraz, antzerki enpresek emanaldi bat euskaraz eta lau gazteleraz egiten dituzte, baina euskararen errealitatea ere hori da.

Gidoiak ere idazten dituzu?
Eskaini izan didate gidoilari lana, baina nik ez dut nahi, ez da nire lanbidea. Gustatu, gustatzen zait, baina sekula ez naiz idazten saiatu ere egin. Hori da Euskal Herrian dugun arazorik handiena: gidoilari gutxi ditugula. Euskarazkoak, are gutxiago. Desprestigiatuta dago gidoilariaren lana eta agian horregatik daude hain gutxi. Oso gutxi kobratzen dute. Gehiago irabazten da telebistan irudia edo aurpegia jarriz. Nire ustez hain justu gidoilariek kobratu behar lukete gehien, beraiek direlako istorioa sortzen dutenak. Eta garrantzitsuena zerbait kontatzea da, istorioa bera; nola eta nork kontatzen duen, ondoren dator.

Joxe Antonio Aranaren pertsonaiak arrakasta handia lortu du "Sorginen Laratza" telebista saioan.
Gidoilariaren ideia izan zen, eta asko gustatu zitzaidan. Iruditzen zait jendearentzat oso hurbileko pertsonaia dela, eta horrexegatik funtzionatu duela. Baina hurbilekoa izateak esan nahi du pertsonaia hori zaindu egin behar dela. Joxe Antonio Arana sexu tertulietan sartu nahi izan zuten eta ez nuen onartu. Joxe Antonio hori nire aitona izan zitekeen, edo edozein ikuslerena, eta badakigu horrelako aitona batek ez lukeela sexuaz hitzik egingo. Gidoilariek ez dakite euskaraz eta agian ez dute pertsonaia horren errealitatea ongi ezagutzen, nik ez dakidan bezala Extremadurako aitona batek zer esango lukeen. Beraz, pertsonaia hori nik zaindu dut pixka bat.

Pertsonaia euskalduna da, baina ez hizkeraz bakarrik_
Pertsonaia horrekin umore euskalduna ere landu dugu, eta nire ustez ETBk orain arte ez du hori egin fikziozko pertsonaiekin. Beti Espainiako umorea imitatu da eta euskaldunok gure berezitasunak baditugu umorean ere. Umore espainola askoz exageratuagoa da, keinu gehiago egiten dituzte. Guk ez dugu hainbeste imintzio egiten (begira bestela bertsolarien posea).
Gainera, nabaritzen dut jendeak euskaraz barre egiteko benetako beharra duela. Ez dakit beharra den, edo telebista aurrean euskaraz barre sarri egin ez duelako den_

Iaioena imitazioetan zara.
Hemendik bost urtera galdetzen badidazu gaur argazkilariak zein alkandora duen jantzita, ez dut ideiarik ere izango. Baina agian, bere keinuren batekin gogoratuko naiz. Gainerakoa gogoratzeko desastre bat naiz, baina keinuak, ibilera_ ez zaizkit ahazten. Hori ez da antzerki eskoletan ikasten. Ni, berriz, lehen egunetik irakasleak imitatzen hasi nintzen eta baten bat haserretu ere egin zitzaidan.

"Sorginen Laratza"n, zuzeneko programa izanik, bat batekotasunak garrantzi dezente du. Zer nolako aktore mota da saio horretarako egokia?
Estereotipotan sartzen dakiten aktoreak komeni dira. Hiru minutuko tartean ez dagoelako denborarik nortasun oso bat garatzeko. Aktoreen artean arraro asko dago: esaldi bat esan behar, eta ordubete pasatzen dutenak "nor naiz ni, zergatik bai, zergatik ez_" pentsatzen, azkenean "Kafe bat, mesedez!" esateko. Ni ez naiz horietakoa. Horrelako programa batean pertsona moldakorra behar da, ohituta dagoena jendearekin antzerkia egiten, eta inprobisatu behar badu inprobisatzeari beldurrik izango ez diona. Ikusleekin zuzenean lan egiten ere jakin behar da: saltseroren bat ikusiz gero jokoan sarrarazi, harengana joan eta zerbait esan_ Hori asko gustatzen zait niri, baita kale antzerkian ere.

Telebistan oso denbora gutxirekin lan egiten da. Hori zer da, ona edo txarra?
Kasu honetan gustatzen zait, zuzeneko programa delako. Beste kontu bat da grabatutako saioa denean eta dirurik ez dagoelako presaka aritu behar denean. Hain justu zuzenekoa izateak erakarri ninduen, beste gauzen artean, lan hau hartzerakoan. Grabatzeko sekulako pazientzia behar da. Zuzenekoa berriz, gaizki edo ongi atera, bukatu da eta bihar beste gauza bat egingo duzu. Gainera gidoiak ez ditut hitzez hitz ikasi beharrik eta gustuko lana dut.

Antzerkitik telebistarako pausoa eman duzu. Lan erritmoan bakarrik ez, patrikan ere nabarituko zenuen alde ederra...
Egia esan, alde horretatik ere ilusioa egin zidan urte askotan antzerkian aritu izan den bati telebistako lan bat suertatzeak. Zergatik ezin da dirua irabazi, aktore izanda? Beti eduki dugu dirua irabazteko beldur hippy bat. Orain, agian, hippytik Yupiera pasa gara_ Telebistan hilabetean askoz gehiago irabazten da beste antzerki lanetan baino, baina horregatik ez da zergatik antzerki mundua utzi behar. Lan batean irabazten denak hain justu eman dezake dirurik ematen ez duten proiektuetan aritzeko gaitasuna.

Zeintzuk dira gustuko dituzun beste proiektu edo zaletasun horiek?
Ez naiz oso originala horretan (ez naiz ornitologian aditua). Hankagorri proiektuak berak, zaletasuna eta lana nahastu ditu. Dirua irabazi dugu, noski, baina gure helburua ez da emanaldietatik bizitzea, afizio hutsa da. Askotan "inbertitu" dugu diru hori gauza berriak sortzeko (txotxongilo ikastaro bat hartuz, esaterako). Saltsan ibiltzea da kontua. Bestalde, oso pelikuleroa naiz, eta beti aritzen naiz ideia eta proiektu berriak asmatzen, gero paperean idaztera ere iritsi ez arren.

Zer behar du aktoreak komunikatzaile ona izateko?
Aurrean jendea dagoela gogoratzea, hori da garrantzitsuena. Askotan iruditzen zait antzerkian geure buruarentzat lan egin dugula. Egiten diren gauza batzuek oso errespetagarriak dira, baina ezin da pentsatu horretaz bizi daitekeenik. Errealitatea da jendeari telebista gustatzen zaiola. Ez dut esaten antzerkian telebista egin behar dugunik, baina kontuan hartu behar da jendeari zer gustatzen zaion. Zuk bakarrik ulertzen duzun umorea egiten baduzu, hor geratuko da, eta ez saiatu horrek arrakasta izan dezan, alferrik izango da-eta. Baina bestalde, ez dut sinesten jendeari eskatzen duena ematen zaionik. Jendeak ez du eskatzen, eman egiten zaio, eta ematen zaionaren artean aukera egiten du.

Zuri ere gertatuko zitzaizun halakorik: antzezlana ikusleei ez egokitua izatea...
Sarri eskoletatik etortzen dira antzezlanak ikustera eta behin gogoratzen dut obra ez zela eskola umeentzat aproposa. Saioa hasi aurretik, nik nire burua imaginatzen nuen ikusleen adinean, antzezlan hori ikusten. Emanaldi erdian, haurrek kiratsa darion petardo horietako bat bota ziguten eszenategira. Taldeko batzuek haserretu egin ziren, baina esaten genien, "Zer nahi duzue, bada? Guk ere adin horretan gauza berbera egiten genuen!" badirudi ahaztu egiten zaigula

- Jaio: Donostiako Antigua auzoan, 1966an.
- Aktorea.
- Antzerkia: Hernanin Tanttaka taldearekin hasi, eta ondoren Eusko Jaurlaritzak antolatutako «Antzerti» eskolan egin zituen ikasketak. Ordutik antzerki taldeetan hainbat antzezpen eginak ditu. Besteak beste: «Eta ohea egin gabe» eta «Euskal Off 2050» antzezlanak Hika taldearekin; Orain taldearekin «Modigliani pintorearen historia» eta «Dartagnanen historia», eta Bederen bat taldearekin «Jacks eta nagusia». Hankagorri taldearen sortzaile, 1996az geroztik udaoro haurrentzat kale antzerki berri bat egiten dihardu talde honek: «Piratak» (1996); «Saltsatronik» (1997); «Bonb Eroak» (1998), «Mukikrosa» (1999); «Petrikiloak» (2000); «Urbasako Astronautak (2001).
- Telebista: «Kili-kolo» eta «Jaiak» saioetan aurkezle izana, egun «Sorginen Laratza»ko aktore da. Bikoizketa lanak ere egin ditu.
- Irratia: «Babilonia» irrati-nobelan parte hartu zuen iaz, Euskadi Irratian.
- Sariak: »Jokulariak» sariketan (Euskal Aktoreen Batasunak antolatua) «Telebistako aktorerik onena»ren saria jaso du aurten.

Ez naiz oso prebisorea, unearen arabera egiten ditut gauzak. Nire bizitzan bi erabakik markatu dute etorkizuna. Batetik, antzerki eskolan sartzeak, bestela egun beste edozer gauza izango nintzen. Eta bestetik, sekula hartu dudan erabakirik gogorrena eta politena izan da aita izatea.

Doinua: Iparragirre abila dela
Antzoki, kale nahiz telebistan
hain nortasun ezberdinez
azaltzen zera, halere beti
zirrara bat eraginez
hainbat lan eta obra
egin ondoren, horra
guk opa dizugu zinez
«Jokulari» bat irabaztea
aitatxorena eginez.
Aitor Mendiluze


Azkenak
2024-07-12 | Gedar
Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen, faxista bati aurre egiteagatik

Orgullo Cazurro talde faxistako kide bati kontra egin zion atxilotuak, eta bideo batean jaso zuen hori. Guardia Zibilak atxiki du berriki, eta badirudi "gorroto-delitu bat" egotzi diola.


2024-07-12 | Euskal Irratiak
Cyclopotes elkartea: Ikusmenik gabeko jendeen inklusioaren alde, bizikletaz ibiltzeko

Angeluko Cyclopotes elkarteak ikusmen-gabeko jendeer parada ematen die bizikletaz ibiltzeko. Tandem club des déficients visuels du zinezko izena elkarteak eta 2004ean sortu zen. Joan den astean Amikuze eta Oztibarren gaindi pasa dute aste osoa, egun guziez ibilbide... [+]


Donostian 300 pertsona baino gehiago “muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute

Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center... [+]


Etxera dira jada Tsunami auziko Suitzako erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa

Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Fronte Herritar Berria garaile atera da, eta hirugarren kokatu da eskuin muturra

20:00etan atera dira lehen datuak, harridura orokorra eraginez: zundaketa guziek lehen kokatzen zuten eskuin muturreko RN hirugarren atera da eta ezkerreko FHB Fronte Herritar Berria garaile. Gehiengoan edota gehiengo osoan ikusten zen RN Batasun Nazionalarentzat zaplaztekoa... [+]


Anibal direktiba
Urriaren 7an Israelgo Armadak bere soldaduak eta zibilak ere hil zituen, ‘Haaretz’-en arabera

Israelgo egunkari Haaretz-ek hilabeteetako ikerketa egin du Israelgo Armadak iragan urriaren 7an Hamaseko erasoari nola erantzun zion aztertzeko. Armadako soldadu eta ofizial ugarirekin hitz egin du eta ondorioa argia da: Israelek Anibal direktiba indarrean jarri zuen, aurretik... [+]


Kanak gazte bat hil du Frantziako Poliziak, maiatzaz geroztik protestetan hildako zortzigarrena

Frantziako Estatuaren aurkako protestak aitzina doaz Kanaky irlan eta errepresioak ere ez dauka etenik. Uztailaren 10ean tiroz hil du errepide blokeoan zegoen Rock Victorin Wamytan gaztea. Independentisten artean ezaguna den familia batekoa da gaztea: 1998ko Noumeako Bake... [+]


Protestak eragin ditu Sharifeh Mohammadi sindikalista kurdua hiltzera kondenatu izanak Iranek

Langile eskubideen aldeko ekintzaile Sharifeh Mohammadiri heriotza zigorra ezarri diote. 2023ko abenduaren 5ean atxilotu zuten aktibista matxinada karguak egotzita.


Podemoseko 69 diputatu zelatatu zituen Espainiako Poliziak

“PPko polizia patriotikoak” Barne Ministerioaren datu-baseen bitartez, Podemoseko politikariak espiatu zituela informatu du El Paísek, horien artean Pablo Iglesias, Yolanda Díaz, Ione Belarra edo Irene Montero. Espainiako Estatu osoko autonomia erkidego... [+]


“Itxaropen haizea dakar Fronte Herritar Berriaren dinamikak”

Iñaki Echanizek irabazi du Zuberoa, Nafarroa Beherea, Hazparne eta Biarnoko zati bat barnebiltzen dituen laugarren hautesbarrutian. 2022an bezala, garaile atera da, ezkerreko Fronte Herritar Berriaren izenean.


2024-07-11 | Nicolas Goñi
Gazteen artean, ezker-eskuin banaketa politikoa genero ikuspegitik ere aztertu daiteke

Azken bi hamarkadetan, herrialde garatuetako belaunaldi gazteetan zabaldu da generoen arteko urruntze ideologiko bat. Gizon gazte gero eta gehiagok ideia kontserbadoreak edo eskuin muturrekoak onesten ditu eta emakume zein pertsona ez-bitar gazte gero eta gehiagok bere burua... [+]


“Janaria mintzaira bat da, epistemologia alterno bat”

Iruñerrian ondo ezagutzen dute, baina ni neu txundituta geratu nintzen Ana Laura Duarteren janari-instalazioak ikusi nituenean, lehenik Iruñeko Ziudadelan eta handik astebetera Uharteko parke batean, ekainaren erdialdean. Instalazio efimeroak izan ziren biak ala... [+]


Eguneraketa berriak daude