«Olatuak aukeratzeko olatuak irakurri behar dira»

  • «Beach Boys» piura osoa dute hiru anaiek: eguzki koloreko ilea, itsasoa begietan, kresalaren gazia azalean eta grazia hizketan. Olatuak irakurri eta taularekin uretan idazten dute. Hondartzen arabera marrazten dute munduko mapa, eta munduko hondartza denetara zabaldu dute Euskal Herriko hondar-alea.Surfaren modan baino, surfaren kulturan bizi dira: bizimodu lasai horretan, itsas-gora eta itsas-beherek markatzen dute denbora. Guk barealdi batean harrapatu ditugu Iker eta Kepa. Eneko hurruneko olatuetan omen dabil...
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Nolatan atera zarete hiru anaiak surflari, denak ere olatuaren kalparreraino igotzea lortu duzuenak gainera?
IKER: Eneko eta biok skate-arekin ibiltzen ginen eta gure koadrila surfean hasi zen. Giro horrek bultzatuta guk ere probatu egin genuen. Lehenengo taula bat lortu genuen, geroago beste bat erosi... Eta hortik aurrera buru-belarri sartu ginen surfaren munduan.
KEPA: Ni kortxoarekin hasi nintzen, eta gero Ikerrek bere taula zaharra pasa zidan.
IKER: Bai aitak eta bai amak asko lagundu digute; ikastolatik ateratzerako bila etortzen zitzaizkigun kotxez, hondartzara eramateko.

Surf egiterakoan, zein dira anaia bakoitzaren ezaugarriak?
KEPA: Iker eta biok hanka ezkerrez jartzen gara zutik, eta Eneko eskumaz.
IKER: Bai, hori da: bera "regular" da, eta gu "gufi". Olatuak ezkerretara apurtzen duenean, gu olatuari begira joaten gara, eta Eneko bizkarra emanez. Eta olatuak eskuinera apurtzen duenean, alderantziz. Esaten da errazagoa dela olatuari bizkar emanez surf egitea. Beraz, olatua eskumara lehertzen bada, guretzat hobeto da, eta ezkerretara lehertzen bada, Enekorentzat. Hori olatu txikietan, baina olatu handi eta indartsuetan, hobe da olatuari aurpegi emanez joatea.

Olatuak zeren arabera lehertzen dute ezker edo eskumatara?
IKER: Harea edo haitzaren kokapenaren arabera. Korronteak nondik sartu, harea modu batera kokatzen da, eta horren araberakoa da olatua. Hondartza askotan bi aldeetako olatuak daude, baina Mundakak, esaterako, ezkerreko olatuak bakarrik ditu.

Zer ezberdintasun dago hareako eta haitzetako olatuen artean?
IKER: Haitzetako olatuak beti leku berean egoten dira, eta hareazkoak ez. Haitzetakoek normalean indar gehiago izaten dute eta arriskutsuagoak dira. Ezberdintasuna neurtu baitaiteke zeren kontra jotzen duzun, haitzaren kontra edo harearen kontra!

Txapelketetan zer da puntuatzen dena?
IKER: Maniobra gero eta bortitzagoak, eta haien arteko kateak gero eta hobeak, orduan eta puntu gehiago lortzen dira. Baina horrek zerikusia du zein olatu hartu erabakitzearekin. Jakin egin behar da olatuak aukeratzen, hogei minututan hamar olatu hartzeko aukera bakarrik izaten baitugu, eta ondoren hiru onenak bakarrik puntuatzen dira. Zorteak bere indarra du surfean.
KEPA: Olatuak aukeratzeko olatuak irakurri behar dira. Zer forma dakarren ikusi, eta irudikatu egin behar da olatu horretan zehar zer egin dezakezun. Baina askotan dagoena hartu beharra dago, txarra izanda ere.
Futbol edo tenisean, zelaia beti finko dago. Baina surfean sartzen zara itsasora, eta nahiz eta forma onean egon, agian hogei minutu horietan ez zaizu hartzeko moduko olaturik tokatzen. Eta txapelketatik kalera zoaz!

Zer entrenamendu jarraitzen du surflariak?
KEPA: Jendeak normalean surfa bakarrik egiten du; gu gimnasiora ere joaten gara tarteka. Surfean oraindik ez dago oso ongi landuta entrenamendua.
IKER: Hala ere, gero eta kirol profesionalagoa da, eta jendea gero eta gehiago prestatzen da. Indarra ere hartu behar da, baina garrantzitsuena alde teknikoa da, beraz, uretan ordu asko sartzea da onena.

Osasun aldetik, surfak zer gorputz atali pasatzen dio faktura?
IKER: Epe motzera orkatilek eta belaunek sufritzen dute gehiena. Baina denborarekin begiak, belarriak eta azala izorratzen dira batez ere, eguzkiarekin.
KEPA: Enekok begi barruko txuria gorrituta du, baita begi niniko urdin kolorea ere. Arrantzaleek ere hala izaten dute, eguzkia eta kresalaren erruz. Ehun moduko bat sortzen da, eta begi niniko puntu beltza estaltzen duenean itsu geratzen dira. Ebakuntza nahiko sinplea omen da, baina larritzen hasiak gara.

Sarri erorketak maniobrak bezain ikusgarriak dira. Zerekin ibili behar du kontuz surflariak?
KEPA: Uretan hainbeste denbora pasata, olatu handietan nekatuta itotzeko arriskua egoten da.
IKER: Eta askotan arriskutsuagoa izaten da taulak emandako kolpea olatua bera baino. Kaskoak atera dituzte, baina nahiko ezerosoak dira. Jendeak olatu handietarako bakarrik erabiltzen ditu. Nire ustez jarrera kontua da: edo erabiltzen duzu, edo ez. Baina erabiltzekotan beti erabili beharko litzateke, olatu txikietan ere taularen kolpea ez baita txantxetakoa.

Zuek ez zarete tiburoi artera sartzen diren horietakoak izango, ezta?
IKER: Ez, oraingoz ez. Baina ibili gara tiburoiak egoten diren lekuetan.
KEPA: Maldibetan. Gauez tiburoiei arrain puskak ematen genizkien jateko. Goizean uretara sartzen ginen. Sekula ez omen da ezer pasatu, baina beste surflariengandik aldenduz gero, a zer estuasuna!

Nesken surfak zer moduzko maila du?
IKER: Neskek berez surferako gaitasun gutxiago dute. Surfean ikusita grabitate zentroa baxuagoa dute, ez dakit zergatik. Baina azken bost urtetan maila asko hobetu da, eta punta puntako neskek oso maila altua dute.

Zein dira surferako beharrezkoenak diren bertuteak?
IKER: Lehenengoa da ikuspegia. Hori entrenagarria da, baina surferako ikuspegia berez edukitzen dena ere bada. Eta oreka lortzeko pisua aldatzen jakitea: atzeko hankatik aurrekora...

Euskal Herriko surf harrobiak lore asko jaso ditu azken aldian. Zer lan egin da eskoletan?
IKER: Gero eta eskola gehiago dago, eta gero eta gazte zein heldu gehiagok egiten du surfa. Zarautz da eskolak sortu dituen lehen herria, eta lan horrek bere ordaina eman du, egun ateratzen diren gazte denak Zarauzkoak baitira, salbuespenak salbuespen.

Surfaren historian Euskal Herriak leku berezia omen du...
IKER: Europara Euskal Herritik sartu zen surfa: orain mende erdi edo, amerikarrak Miarritzera etorri ziren film bat grabatzera, eta zer nolako olatuak zeuden ikusita, Amerikatik taulak bidaltzeko eskatu zuten. Hortik zabaldu zen Europara.

Egun surfa kirola bakarrik ez, moda ere bada...
IKER: Argi dago jende asko modagatik janzten dela surf estilora, arropa eroso eta alaiekin. Surfa gero eta gehiago hedatzen ari da, eta berarekin surfaren kultura. Gainera surfaren barruan kultura ezberdinak daude, herri batean egon daitezkeen moduan. Hippyagoak, pijoagoak...
KEPA: Surf modako arropa oso garestia da, eta batzuk nahiago dute xoxak material onean gastatzea (taula edo traje ona hartzea), arropa garestietan baino. Alderantzizkoa ere ikusten da, taula txarra baina sekulako arropa dotorea duen jendea, alajaina.

Zuek mundua hondartza eta olatuen arabera ezagutuko duzue. Bidaia bat prestatzerakoan zuzenean jotzen duzue hondartzen katalogoetara?
IKER: Hondartzen arabera antolatzen ditugu bidaiak, baina nora joan, hango herriak eta kulturak ere ezagutzen dira. Gainera surf lekuak berez oso interesgarriak dira: Indonesia osoa, Polinesia, Australia, Hego Amerika osoa...
Baina txapelketara joaten garenean ez da beste gauzetarako tarterik izaten, jokatu eta itzuli egin behar izaten baitugu.

Herri bakoitzean surf mota bat egiten al da?
KEPA: Nabaritzen da herri bakoitzeko olatuak nolakoak diren: haitzetakoak edo hareetakoak. Kanariarrek esaterako, beste surf bat egiten dute, han dena sumendietako harriak eta haitzak baitira. Bestalde, txapelketetan antzematen dira bakoitzaren premiak: Brasildarrek diru gutxi izaten dute, eta zelako gogoekin sartzen diren uretan eta zelako gauzak egiten dituzten olatuetan! Arriskatzeko gai dira puntuazioa igotzeko. Munduko txapelketan bazen gizon bat iglu batean lo egiten zuena, dirurik ez zuelako. Uretara sartzean, hor zioan bere etorkizuna, txanda bat gehiago pasatzea diru gehiago irabazteko aukera baitzen beretzat. Lehen txandatik finaleraino iritsi zen.
IKER: Kulturak ere ezberdinak dira, eta horrek zerikusi handia du. Australiarrek esaterako, surf indartsuagoa eta dotoreagoa dute. Herri bakoitzean surf kultura bat sortu da: normalean herri horretako figura mitikoek sortu dute eredua edo eskola. Egun puntakoenak Australia, EEBB, Brasil eta Hawaii dira.

Nolakoa da Euskal Herriko labarra?
IKER: Surflari batentzat baldintza oso onak ditu, ezin hobeak. Arazo bakarra uraren tenperatura da. Olatu mota guztiak daude: haitzetako olatuak, harea olatuak, ibaiko olatuak... Indar gutxiago, gehiago dutenak, tubodunak, tuborik gabeak...

Nola dago surflari profesionala izateko aukera?
IKER: Europan 10-15 profesional egongo dira, horien artean Eneko. Kepa, berriz, erdi profesionala da. Ikusten da surfa goraka doala, eta zenbat eta diru gehiago mugitu, orduan eta profesional gehiago egongo dira.

Noiz bukatzen da surflari baten bizitza?
IKER: Hemen oraindik ez dago 60 urteko surflaririk, baina ez da asko falta hori ikusteko. Australian normala da.
KEPA: Baina han klimak laguntzen die. Hemen, neguko hezetasunarekin ur hotzetara sartzea... Beste kontu bat da!

Zer alde dago hasierako eta oraingo taulen artean? Zertan hobetu dira?
IKER: Erabiltzen den materiala orain 25 urteko bera da, baina material horri ematen zaion tratamendua asko hobetu da. Lehengo taulek 4-5 kilo pisatzen zituzten, eta orain 2,5.
Taulari kurba emateko moldea erabiltzen dute, baina azken ukitua eskuz ematen da. Beraz, taula bakoitza da ezberdina. Artisau-lanari garrantzi handia ematen zaio.

Zenbat denboran xautzen dituzue taulak?
IKER: Denborarekin pisua hartzen dute: zuloak partxez estali behar direlako, eta pixkanaka ura sartzen zaielako. Baina bestela iraun, guk badugu etxean 25 urte dituen taula bat.
KEPA: Bai, baina ez dugulako asko erabiltzen. Niri egunero erabiltzen ditudan taulek 6 hilabete irauten didate. Eta asko erabilitakoan erditik apurtzen zaizkit.

Euskadiko Federazioan mugaz bi aldeko surflariak al daude?
Iparraldeko surflari batzuk sartu dira Euskadiko Federazioan, baina gutxi dira. Hauek duten oztopoa da, denok ordaintzen dugun ohiko fitxaz gain, atzerrian surf egiteagatik ere kuota bat ordaindu behar dutela.

Hossegorren jokatu den Europako Txapelketa zela eta, nahikoa hauts harrotu du Espainiako Federazioaren jokabideak...
IKER: Orain arteko Europako txapelketetan Euskadiko Federazioarekin jokatu izan dugu. Baina oraingoan, Espainiako Federazioa Europako Federazioan sartu da, gu ateratzeko eskatuz. Orain arte ez zegoen Espainiako Federaziorik, eta Euskal Herrikoak, berriz, 10 urte daramatza lanean. Europako estatutuen arabera ezin gintuzten Europako Federaziotik bota, baina modu onean esan ziguten kanpoan geundela.

Zein izan zen zuen erantzuna?
IKER: Guk erantzun dugu ez garela Europako Federaziotik irtengo. Espainiako Federazioan sartuko bagina, gure eskolak mantenduko genituzke, baina euskal fitxa galduko genuke eta euskaldun moduan parte hartzeko aukera ere bai.
Euskadiko Federazioa Europakoaren barruan dagoenez, aurtengo diru kuota ordaindu dugu, eta Hossegorreko txapelketan parte hartzeko ahaleginak egin ditugu: beste federazio baten bidez lortu genuen inskripzio orria, eta bete ere bai. Baina Europako Federazioak urteko kuota eta inskripzioko kuota atzera bota ditu. Beraz, ez dugu txapelketan parte hartzerik izan.

Ez duzue Hossegorren parte hartzerik izan, baina hala ere joan egin zarete. Zer helbururekin?
IKER: Hossegorrera festa giroan joan gara, trikitixa eta txalapartarekin. Informazioa banatu dugu kaleko jendearen artean, eta beste federazioei ere gure egoera azaldu diegu, ea Europako Federazioa pixka bat gorritzen den.

Aurrera begira, zer etorkizun ikusten diezue Euskadiko federazio eta selekzioei?
IKER: Zaila dago. Espainiak eta Frantziak borondate politikorik ez duten artean, eta Euskal Herriko politikoak bustitzen ez diren artean (orain arte hitz batzuk bota bai, baina ez dira batere busti), jai daukagu.
KEPA: Egoera politikoa horrelakoa da, eta kirolean ere nabaritu egiten da

CURRICULUMA
ENEKO ACERO
- Jaio: Algortan, 1977an
- Surflari profesionala
- Errekorrak: Bost "W.Q.S" irabazi dituen europar bakarra; Narrabeen-go Pro-Junior txapelketan europar batek lortu duen klasifikazio onena; Europako Zirkuitu Profesionalean garaipen gehien lortu dituena (18)
- Tituluak: Beste askoren artean, "Europako zirkuitu"ko Txapeldun, (1999); "Europako Txapeldun", (1999); "Europako Txapeldun" sub 16 maialan (1992); "Bizkaiko Kirolari Onena" (1995).

KEPA ACERO
-Jaio: Algortan, 1980an.
- Surflari erdi profesionala, eta Marketing ikaslea.
-Tituluak: Beste askoren artean, «Europako sub18»ko Txapeldun (1998); Capbretoneko Pro-Junior Internazionalean Txapeldun (1991) infantiletan; «Euskal Herriko Surf Biltzarra»ko txapeldun (2000); Europako Zirkuitu Profesionalean 6. (2000); Euskadiko Txapeldun 14 urtez beherakoetan (1994); Zarauzko «Foster’s» txapelketan 2. (1999);
-Sariak: Eusko Jaurlaritzak «Eliteko Kirolari» izendatua 1996tik 2000ra; Bizkaiko Foru Aldundiak «Proiekzio Kirolari» izendatua 1996tik 1999ra; 1998an Europako Selekzioan jokatu zuen, 18 urtez beherakoetan.

IKER ACERO

-Jaio: Algortan, 1975ean.
-Surflari eta komertziala.
-Tituluak: Beste askoren artean, «Foster’s» zirkuituko txapeldun (1999); Euskadiko Txapeldun (1994 eta 1999an); «I.Ballentine’s» zirkuituko txapeldun (1996); Bizkaiko Txapeldun (1993); Lanzaroteko «Quilsilver» Sari Internazionalean 5. (1998); Europako Zirkuitu Profesionalean 22. (1998).
-Sariak: Eusko Jaurlaritzak «Eliteko Kirolari» izendatu eta IVEF (Instituto Vasco de Educacion Fisica)ek hala onartua 1996tik 2000ra; Bizkaiko Foru Aldundiak «Proiekzio Kirolari» izendatua 1997tik 1999ra.

Doinua: Mutil koxkor bat
Olatu baten gain bazatozte
hiru anai ekinean
bakoitza bere aldetik baina
norabide berdinean
Hossegorrera joanda ikasi
duzue azken finean
federazio horrek berean
jarraitzen duen heinean
surf nola egin atzerantz doan
olatu baten gainean.
Aitor Mendiluze


KEPA: Hawaiiko olatuak oso arriskutsuak dira, jendea hil izan dute. Sartu nintzen uretara, eta jende pilo bat zegoen: 50 pertsona 10 metro karratutan. Arriskutsua denez, behar den lekuan egon behar da olatua hartzeko, edozein modutan harrapatuz gero sekulako zartakoa hartzen baituzu. Olatu bat hartzea erabaki nuen, baina ez nintzen hartzera iritsi. Eta buelta eman nuenean, olatu segida handi bat zetorrela ikusi nuen. Dagoeneko metro pila bat nituen eginak hondartza alderantz, eta berriro itzultzeak sekulako beldurra ematen zidan. Gainera surflari denak nire kontra zetozen. Azkenean justu justu pasa nuen olatua, baina sekulako trago txarra izan zen, eta berehala atera nintzen uretatik.

IKER: Orain urtebete 10 surflarik Indonesiara bidaia egin genuen. Esaten dute tiburoiek Indonesian ez dutela erasotzen, baina ilunabarrean afaltzen omen dute. Olatuak hartzen ari ginen, eta eguzkia ezkutatzen ari zela, tiburoi bat ikusi genuen... Itsasontzi batean egiten genuen lo, eta uretan geunden hiru surflariak oihuka hasi ginen, txalupakoei laguntza eske. Elkarri bultzaka igo ginen karelera, eta lasaitu ginenean tiburoia ikustera joan ginen txalupaz. Inguratu ginenean, enbor bat ikusi genuen, tiburoi hegatsaren formako adar batekin.


Azkenak
Munstrok izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Baionako jendarmerian daude.


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude