Egoskorra, ahoberoa eta oso alferra izan daitekeen arren, Bambulo abenturazaleak badu jendearen ikusmina sortzen duen zerbait. Ez da beste kanidoen gisakoa eta horregatik maiz txakur berde bat baino arraroagoa dela ere esan izan diote. Bilboko bizileku erosoa utzi eta bidai luze batean murgiltzea erabaki zuen egun batean txakur intelektual honek. Virginia Imaz aktoreak gorpuzten duen animaliak bidaia honekin Historia ofizialeko hainbat memento garrantzitsutan txakurrek jokatutako papera ezagutaraztea du helburu: "Historialari izango naiz. Okerrak konpontzeko, noski. Nire idazkietan beti izango da tartea txakurrentzat baita bestelako banakotasun marjinalentzat ere". Nahiz eta erabaki hura hartu zuenetik urte asko igaro, Bambuloren idazkariari esker ezagutu ditzakegu orain arratoi-txakur eszentriko honen memoriak.
Txalok atondutako lan honetan, beraz, Historia hankaz gora jartzeko proposamena luzatzen zaigu. Xabier Agirre aktoreak antzezlanak nolabaiteko kritika bat ere mahaigaineratzen duela uste du: "Historiagileei zuzendutako kritika da batez ere. Azken finean Historia beti irabazleen ikuspegitik kontatzen da. ‘Bambulo’n garbi gelditzen da, ordea, prismaren arabera gertaera bera hamaika modutan uler daitekeela".
Testuen moldaketa egiteaz eta ikuskizuna zuzentzeaz arduratu den Ramon Bareak aspalditik zuen asteasuarraren istorio baten gainean lan egiteko gogoa: "Oso gogoko dut Atxaga. Gainera, nobelagile ospetsu izan aurretik idatzi zituen lehen antzezlanak elkarrekin landu genituen, kale antzerki bidez bere testuak erabiltzen baikenituen".
Atxagaren konfiantza OSOA.
Bere idazlanak oholtza gainean ikusten ohituta dagoen idazleak ez zuen ideia honen aurrean inolako baldintza edo oztoporik jarri. "Hasieratik bertsio honengan konfiantza zuela adierazi zigun". Ikuskizunean agertzen diren hainbat bideo zatitan parte hartzea ere onartu zuen idazleak, beste pertsonaia ezagun batzuekin batera (Alex de la Iglesia, Santiago Segura eta Alex Angulo horien artean).
Bareak Atxagak argitaratutako hiru liburuetatik lehenengo biak aukeratu zituen nolabaiteko hasiera eta amaiera zuen istorio bat osatzen zutelakoan, Bambuloren lehen urratsak eta krisia hizpide dituztenak, alegia.
Zuzendariaren aburuz oinarrizko testuak elkarrizketa ugari dituenez testuen antzerkirako moldaketa nahiko erraza izan da. Era berean, nobelaren egitura narratiboa mantentzeko ahalegin berezia egin du Txalok: "Testu originaletan kontakizunak sekulako jauziak ematen ditu bai denboran eta baita espazioan ere. Hori horrela mantendu nahi genuen eta horregatik du antzezlanak halako kutsu zinematografikoa". Pascal Gaignek espreski lan honetarako konposatutako musikak areagotu egiten du kontakizunaren film kutsua.
BERROGEI eszena aldaketa BAINO GEHIAGO.
Bambulio, Bambulus edo Bambulides arbasoen izena Historiako liburuetatik desagertu izanak bultzatzen du Bambulo egiaren bila. Nola uler daiteke Hego Poloa Amundsenek aurkitu zuela zabaltzea, finean txakurrez bultzatako trineo batean iritsi bazen? Ikerketek aurrera egin ahala Salomon erregeari bi amen arteko hautaketan Bambuloren arbaso batek lagundu ziola deskubrituko du, besteak beste.
Leku eta memento ezberdinak irudikatzeko Jose Ibarrolaren ikonografia eta espazio eszenikoaren bidez panel erraldoi batzuk kokatu dituzte eszenategian. Hauen gainean hainbat bideo eta irudi proiekzio egiten da, eta beharrezkoa denean aldeetara ere mugitzen dira panelak. Barearen hitzetan, "muntaia oso korapilotsua izan da. Azken finean paisaia irudikatuak eratu behar izan genituen eta gero guztiari halako bizitasun bat eman. Hasieran mugimendudun irudi gehiago sartu nahi genituen baina lehen entsegutan protagonismo larregi zutela ohartu eta ia irudi gehienak estatiko bilakatzea erabaki genuen".
Muturreko pertsonaiak NAGUSI.
Txaloren azken lana ikuslego zabal bati zuzendutako komedia bat da, taldeko kideek azaltzen duten moduan, "umore zuriz zipriztindutako komedia bat". Bambulok "kontinenteko txakurrik inteligenteena" dela iritzi badio ere, funtsean oso bihozbera den animalia da. Pertsonaia nagusiaren izaerak pailazo batenarekin parekotasun handia izan zezakeela eta Virginia Imazi proposatu zioten Bambuloren larruan sartzea. Sudur gorria txakur baten muturrarekin ordezkatuta fikziozko pertsonaia sinesgarri bilakatzen du Imazek, nahiz eta testu kopuruak sarri bere antzezlanari mugak jarri: "Clown ikuskizunean testua ez da %50 baino gehiago izaten. Gainontzekoa azpi-testuek, jolasek... osatzen dute. Hemen ordea, testuak karga handia du". Imazek inguruan dituen pertsonaia guztiak sei aktorek gorpuzten dituzte: Loli Astorekak, Begoña Bilbaok, Itziar Rekaldek, Carmelo Muñozek eta Xabier Agirrek, hain zuzen ere. Jose Kruz Gurrutxaga Muñozen ordezkari izango da euskarazko bertsioan. Bambulo bezala, antzerki obraren gainontzeko pertsonaiak ere karikaturizatuta daude: "Niretzat ikuskizunak komiki mundutik puntu bat ere badu, pertsonaiak marrazki bizidunen modura azaltzen zaizkigu. Horregatik da hain dibertigarria", dio Agirrek.
«Commedia dell' Arte» edo fartsatik oso gertu dauden antzezpenek hein batean aldrebeskeriaren bidez ikusleari irribarrea lapurtzen diote: "Txantxatik edo ironiatik oso gertu dagoen barrea dela uste dut, azken finean mundu guztiak daki Amerika ez zuela txakur batek deskubritu. Baina jolaserako gonbite bat da: zergatik ez pentsatu Colonen txakurra izan zela lehen zaunka egin zuena?".
Bilboko estreinaldiaren ondoren Bambulok Gernika, Iruñea, Villabona, Alacant, Donostia eta Gasteiz bisitatuko ditu