GAZTELUKO PLAZA, HIRIA ULERTZEKO BI MOLDE DESBERDIN


2021eko uztailaren 19an
Plaza baten azpian aparkaleku bat egiteak, horrexek aztoratu du Iruñea azken bi hilabeteetan. Halako dozenaka egiten dira egungo hirietan, tira-bira batzuekin zenbaitetan eta kontsentsuz askotan. Iruñekoa, ordea, Gazteluko Plaza da, kolore guztietako iruindarren plaza kuttuna. Horrek sorrarazi du ekaitza. Iruñean griñaz bizi da eztabaida: aparkalekua bai, ez, modernitatea zer den, erreferenduma, poliziaren kargak, proiektuaren aurkako kale agerpen jendetsuak, udal agintarien jauntxokeriak... Jakinmina handia da, ikusi besterik ez dago plaza inguratzen duen hesian zabaldutako leihatiletatik herritarrek etengabe nola begiratzen duten. Eta amorrua ere bai, hezsan kolpatu ondorengo hotsak lekuko, batez ere gauez eta asteburuetan gehiago. Iruñeko Kale Nagusiak harridura erakutsi zuen urteetan egin gabeko Riau-Riauak abuztuaren beroan kalea lepo bete zuenean. Atzerritar zenbaitek San Ferminak uztailean ez ote ziren galdetzen zioten elkarri. Gazteluko Plazarenak haserrez, pozez, festaz, kolorez eta kezkaz jantzi du aurtengo Iruñeko uda sargoritsua. Askoren oposizio barrunbatsua eta boterearen itzal isil eta harroa aurrez aurre dira.

Arazoa ez da atzo goizekoa, eta sustraiak ondo finkatuta ditu denboran. 1930 inguruan egin zen Gazteluko Plazako azken bermoldaketa eta harrezkero antzerako itxura mantendu izan du gaur arte. Baina lur azpiko aparkalekuaren proiektua zehazki, 1973an proposatu zen lehenbiziz. Orduan Iruñeko udalak gehiengo osoz atzera bota zuen, gutxi gorabehera egungo aparkalekuaren oposizio nagusiak erabiltzen duen argudio nagusietako batekin: «Hobe da aparkalekuak zentruaren inguruan eraikitzea».


PROIEKTUAREN NONDIK NORAKOAK.

Iruñean sarri eta aspalditik entzun ohi dira Gazteluko Plaza eta Sarasate Pasealekuaren lur azpiko aparkalekuen oihartzunak. Edozein modutan, UPNk ez zuen proiektu zehatzik erakutsi 99ko udal hauteskundeetako programan. Hala ere, 99ko amaieran proiektua lehiaketa publikoan atera zen. Arkitektoen artean zabaldua zegoen proiektua ondo hautatutako ‘etxeko’ batzuen artean banatuko zela eta horren froga zera da, Nafarroan dauden 680 arkitektoetatik 4 bakarrik aurkeztu zirela lehiaketara. Clua arkitektu katalanari -Nafarroako Unibertsitateko (Opusekoa) irakaslea- eman zioten Gazteluko Plazako aparkalekuaren proiektua egiteko zeregina eta Alonsori Sarasate Pasealekukoa. Aparkaleku proiektuekin jarraitu aurretik, dena den, Iruñeko eremu honetako trafikoa eta aparkalekuaren beharrari buruzko ikerketa bat egin behar zen. Hala egin zen eta emaitza bitxiak izan ziren: aparkalekuok ez ziren behar-beharrezkoak, inguruan diren lur azpiko beste hiru aparkalekuek -zezen plazakoa, Rincon de Aduana eta Carlos III.a kalekoa- hasebetetzen dutelako lur azpiko aparkalekuetako eskaria. Gaztelu Plazakoa, beraz, ez zen beharrezkoa, baina egiten bazen beteko zen, eta azken argudio honek balio izan zuen egindako azterketak proiektuari ateak zabaltzeko. Arrazoiak ugari egon daitezke, aldekoak zein kontrakoak, baina aipatu hiru aparkalekuen erraietan sartuz gero, erraz ikus liteke, ostiral eta larunbat arratsaldetan salbu, toki asko eta asko libre direla.
Alde Zaharrean eta lehenengo zabalgunean dagoen aparkaleku eza, ordea, begibistakoa da, eta bertan bizi direnak eta merkatariak dira arazoaren zama gogorren bizkarreratzen dutenak. Diagnostiko horretan kontsentsua dago alde guztietan, eraiki beharreko alternatibetan dira desberdintasun nagusiak: hiri ereduan, honen kudeaketan eta hirian autoak izan behar duen tokian oinarritzen da auziaren eztabaida. Arazoari modu zabalago batean helduz, herritarrek udal kudeaketan izan behar duten protagonismoa legoke auziaren ardatzean.
Proiektua aurrera zihoala ikustean, Iruñeko Alde Zaharreko Mahaiak -Auzokideen Elkartea gehi Merkatarien Elkartea-, lur azpiko lau aparkaleku proposatu zituen alternatiba gisa honako ordena lehenetsiz: Santa Maria Errege Plaza, Santo Domingoko egungo lur gaineko aparkalekua, Rincon de Aduanakoa eta Compañia kalekoa. Azken bi aparkaleku hauek eginak dira dagoeneko.


enpresa hautaketaren inguruko gorabeherak.

Dena aipatzea luze joko lukeen gorabehera ugariren ondoren, eraikuntza lanei ekiteko martxoan zazpi enpresa aurkeztu ziren zabaldutako lehiaketa publikora eta apirilaren hasieran EYSAri (Estacionamientos y Servicios S.A) eskaini zitzaion iluntasunez beteriko prozesu batean. EYSA, Fomento de Construcciones y Contratas (FCC) enpresaren filiala da. FCC Estatuko eraikuntza enpresa garrantzitsuena da, Marcelino Oreja da FCCko lehendakaria eta Koplowitzdarren inperioak kontrolatzen du kapitalaren %33rekin.
EYSAk ez zuen aparkaleku proiektu eskaintza merkeena proposatu, ezta auto gehien hartzen zuena ere, baziren udalari urteko kuota handiagoa ordaintzen ziotenak eta beste hainbat eskaintza hobe egiten zituztenak, hori dioskute guk arkitektoen artean egindako kontsultek. Proiektua, alabaina, eta ezkutuko interesen susmopean, EYSAri eskaini zitzaion. Hala diosku horietako arkitektu batek: «Aurkeztutako enpresen artean zegoen Carlos III.eko lur azpiko aparkalekua egin zuen enpresa eta puntu askotan baldintza hobeagoekin, baina enpresa hautatzeko irizpide-zerrendan puntu asko oso korapilotsuak dira eta oso modu subjektiboan baloratzeko modukoak, kudeaketa moldea, esperientzia...». Hautaketa egin zuen epaimahaia bost pertsonez osatua zegoen: Yolanda Barcina alkatea eta berak hautatutako lau zuzendari (herri lanak, hirigintza, ingeniaritza eta ekonomia). Lehiaketara aurkeztutako hiru enpresek prozesuaren aurkako helegitea jarri zuten.
Azkenean EYSAk 800 plazako aparkalekua egingo du, erdia bertako bizilagunentzat eta erdia erdigunera doan herritarrarentzat. Plaza bakoitzak 2.850.000 pezeta (114.000 libera,) balioko du eta erosten duenak 75 urtetan erabili ahal izango du. Eraikuntza eta hustiaketan 5.000 milioi pezetako gastua izango du eta 16.000 milioi pezetako sarrerak aurreikusten ditu, beraz, 11.000 milioi pezetako irabaziak. Hustiaketan egiten dituen irabazietan dago gakoa, aparkalekua bera egiteak ez baitu diru ‘asko’ ematen (400-500 milioi pezeta). Horregatik, adibidez, Santo Domingoko parkin proiektua lehiaketa publikora atera zenean, ez zen enpresarik aurkeztu, enpresen arabera hustiaketa baldintzak ez zirelako oso errentagarriak.
Ikusi beharko da orain datorren asteetan zer gertatzen den: batetik hor da erreferendum alternatiboaren deia eta, bestetik, egiten ari diren aurkikuntza arkeologikoak. Zenbait gauza agertu da dagoeneko, baina garrantzitsuena nahiko ezustekoa izan da, erromatarren garaiko aurkikuntzak dira eta. Ez bide dira lehen mailakoak ere, baina erromatarrek Nafarroan egin zuten denboraz eta kokaguneaz ikerketa lerro berriak zabal ditzakete. Oraindik indusketa lanek aurrera darraite eta Biana Printzea erakundeak eman behar du eraikuntza lanekin jarrraitzeko azken oniritzia. Edonola, EYSAk ez dirudi dena aurrera aterako den inongo zalantzarik duenik, eta hala jokatzen du, prentsan aparkalekurako plaza eskaera egiteko epeak zabalik ditu jada eta egunkariko iragarkiak dioen Arrieta kaleko bulegora jo dugu. Kontraste gisa datu bitxi bat: orain arteko aparkalekuen eskaera egiteko, bai bizilagunaren bai autoaren inguruko datu mordoxka eskatzen zen moduan, oraingoan izena eta erroldatze agiria besterik ez dira erakutsi behar. Nire aurreko neskak, bere agiriak entregatu ondoren ea noizko bukatuko den galdegin dio bulegariari: «Ez dakit, gainera orain ‘hildako’ horiek agertu direnez...». «Hildakoak?», galdegin du harriduraz neskak, «bai neska, hala deitzen diet nik topatu dituzten erromatarren arrasto horiei». Muturra okertu du neskak eta zera erantzun: «Bada, jakin ezazu hemengo jende askorentzat ‘hildakoak’ udaletxean daudela» (gaztelaniaz izan zen elkarrizketa eta ‘hildako’ hitzari honek kale hizkuntzan duen ‘zama’ adiera eman zion neskak). Mutu geratu zen bulegaria

Erreferenduma oztopatzeko ahaleginak
Erreferendumaren aldeko plataforma aurtengo urtarrilean sortu zen. Aparkalekuaren proiektua UPN, PSN, eta CDNren oniritziarekin atera bazen aurrera, alderdi horietako jende ezagun ugari ikus zitekeen plataformako izenen artean. Udal arauetan aipatzen denez, 16.000 herritarren sinadura nahikoa da erreferendum bat antolatu ahal izateko. Plataformakoek 25.000 sinadura lortu dituzte baina, hala ere, udalak ez du aintzakotzat hartu eta uko egin dio erreferenduma antolatzeari. Plataforman San Fermin festen aurretik erreferendum alternatiboa antolatzearen aldeko ahotsak entzun ziren, baina ez zen ezer eskatu.

San Ferminen ondoren udalak goizeko 5etan Gaztelu Plazako zuhaitz gehienak bota eta gero sortutako mugimendu zabal eta jendetsuak eman zien erabakia hartzeko adorea: "Irailaren 29an erreferendum alternatiboa egingo da". Zenbait erreferendumen aurretikoekin, herritarrek erantzun zezaketela uste zuten. Dela laupabost urte egun Iruñeko auzoa den Mendillorri urbanizazio berrian, herria bilakatu edo Iruñeko auzoa izan erabakitzeko erreferendum ofiziala egin zen eta bizilagunen %67k parte hartu zuen kontsultan. Iruñean jarraitzearen aldekoek irabazi zuten. Aurten, halaber, Adios herrian herriko kale izenak eta halakoak euskaraz eta erdaraz edo erdaraz bakarrik izatearen artean erabaki behar zen; aukera elebiduna atera zen garaile, ozta-ozta bada ere. Iruñean ere, aparkalekuaren alde edo aurka egiteko ordua zela erabaki zuten plataformakoek.
Aparkaleku proiektuaren aurkakoek -peatonalizazioaren aldekoak guztiak dira- hiru arrazoi multzo aipatzen dituzte. Batetik, arrazoi urbanistikoak, hiria autoa ez den beste osagai batzuen inguruan antolatu behar dela alegia; halako parkinekin jendea erdigunera autoz joan dadin bultzatzen dela diote. Bigarrenik, ingurugiro arrazoiak: autoak dakarren kontaminazioa, zarata, espazioa... Hirugarrenik, arrazoi sentimentalak: auzo berriak izan daitezela modernoak, baina antigoaleko txokoak zahar manten daitezela beren itxura orokorrari dagokionez. Finean, Gazteluko Plaza sentimenduz eta sinbolismoz beteriko espazio bizia dela deritzote, eta jendeak ematen dion garrantziagatik ez litzatekeela ukitu behar herritarrei zuzenean galdetu gabe. Demokraziaren ikuspegi desberdinak ere, beraz, ageri dira arazoan. Aparkaleku ezaren arazoa egiazkoa da, beren ustez, baina Alde Zaharraren periferian egindako aparkalekuekin konpon litekeena.
Parkinaren aldekoek bi arrazoi nagusi aipatzen dituzte. Bata, aparkalekuen beharra. Diotenez, 1.800 bizilagunentzat aparkaleku defizita dago, eta horrez gain Alde Zaharrean 650 merkatari daude. Bigarren arrazoi nagusia honakoa litzateke: arazoari irtenbide bat eman ezean, Alde Zaharraren merkatal munduaren gainbehera aurreikusten dute eta honekin batera auzoarena. Modernitatearen kontzeptua ere ageri da zenbaitetan, garapena Gazteluko Plazaren berrikuntzarekin lotuz.
Orain, Jose Manuel Iribas gobernu ordezkariaren debekuaren ondoren, dena zertan gelditzen den ikusi beharko da, baina plataformak irailaren 29ko datari eutsi dio. Erreferendum ahalik eta normalena prestatzeko ahalegin handia egiten ari da plataforma eta, dirudienez, udalak ez du arriskurik hartu nahi edo hartzen badu erreferendumaren ekimena aurretik ondo korapilatu eta nahasi nahi du. Plataformak bere helegitea jarri du eta orain denborak esango du


Azkenak
Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


2025-04-25 | Aiaraldea
Baso Erresilentea proiektua martxan, mendietako jasangarritasunaren mesedetan

Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


Eguneraketa berriak daude