Izokin bat, basurde bat, errota bat, egurrezko etxe bat, nahikoak izan ziren sute ikaragarriak eragin eta arerio hilgarriak sortzeko» dio Labayruk. Dagoeneko 1085. urtean Abendañok Zumelzuko dorrea suntsitu zuen. Baina XIII. mendea arte itxaron behar da oinaztar eta ganboatarren arteko banaketa garbia ikusteko. Ordurarteko liskarrak bi alderditan egituratu ziren orduan. Gebara, Olaso, Ugarte... Ganboarekin ziren bitartean, oinaztarren artean zeuden, Butroe, Lazkao edo Loiolako jaunak. Abendaño, Artazubiaga, Jaolaza, Olazabal, Olaso... luzeegi joko luke bando bateko zein besteko Ahaide Nagusiak hemen aipatzeak. Batetik bestera mugitutakoak ere bazirela kontuan izanda, zerk banatzen zituen hain gogorki oinaztar eta ganboarrak? Zein ezberdintasun konponezinek eraman zituen ehundaka urtetako borroka etengabera?
Entziklopedia zaharra zabaldu eta «bando»ren azalpenean behera eginda topatu dugu giltza. Ganboarrak Gaztelaren aldekoak direla dio hemen. Oinaztarrak, orduan, Gaztelaren aurkakoak ote? Orduan, ez dirudi gauzak 500 urtetan hainbeste aldatu direnik.
Ez ziren bakarrak.
Bandoen arteko gatazka ez da, ordea, hain sinplea, ezta hain «geurea» ere. Gaiaren inguruan asko idatzi bada ere, gertakizun puntualak aztertu izan dira bereziki eta fenomeno isolatua bailitzan hartua izan da. Azken urteotan, ordea, historialari talde baten ahaleginei esker, gai honen ikerketak aurrera egin du nabarmen.
Alde batetik mende horietako gatazkak oinaztarren eta ganboarren artekoak bakarrik ez zirela agerian geratu da. Ahaide Nagusiek hiribilduekin ere liskarrak izaten zituzten, baita hiribilduek euren artean ere. Bestetik, ezinbestekoa da Europako gainerako herrialdeetan gertatutakoa erreferentziatzat hartzea eta, horrela, garbi ikusten da. Jose Ramon Diaz de Durana ikerketaren buruak, gatazka sozialtzat hartzen du bandoena eta Europak Berant Erdi Aroan bizi izan zuen lehen krisi feudalaren testuinguruan aztertu beharra azpimarratu du. XIV. mendean, esaterako, Ialiako hiri eta errepubliketan liskar biziak izan ziren eta hurrengo mendean Ingalaterran guda zibila izan zen, Gaztelan eta Aragoien ere egoera gatazkatsuak ezagutu ziren. Berezitasunak berezitasun, Erdi Aroko azken urteotan Euskal Herrian gertatutakoa Europako krisi eta gatazka sozialarekin parekatu daiteke.
Berezitasunak izan badira, hala ere. Batetik Ahaide Nagusiak (Gipuzkoa eta Bizkaian batez ere) Europako nobleekin alderatuta xumeagoak zirela esan behar da. Badira salbuespenak, Oñati eta Deba Garaia bere menpean zituen Gebarako jauna kasu. Baina, orokorrean bertako nobleziak ez zuen beste toki batzuetan adinako indar ekonomikorik eta, hori bai, oso erasokorra zen.
Dena den, diru-sarrera berrien bila, denborarekin Ahaide Nagusiek gero eta joera handiagoa izan zuten Euskal Herriaz kanpoko aristokraziarekin eta Gaztelako gortearekin harremanak estutzeko. Inazio Loiolakoa, adibidez, gero santu izango zena (izan, ez dakigu oso santu izango zen lehenago banderizo zital izandakoa, baina santu egin zuten behintzat) Gaztelako gortera bidali zuten hezitzera eta harremanak egitera, familiaren egoera «kaskarra» hobetzeko modua baitzen.
Euskal Herria Europako gainerako lurraldeetatik bereizten zuen beste ezaugarri bat Kaparetasun edo Hidalgia Unibertsala zen. Hiribilduen taktikaren garaipen gisa jotzen du hori aditu askok. Izan ere Ahaide Nagusiek «gehiago balio» izatean oinarritzen bazuten euren botere egitura, kaparetasunak justifikazioa bertan behera uzten zuen. XV. mende hasieratik aurrera denak ziren aiton-seme, Ahaide Nagusiek ez zuten zertan estamentu berezi bat defendatu beharrik. Noski, Kaparetasun Unibertsala juridikoa zen huts-hutsean eta desberdintasun ekonomikoetan ez zuen eragin berezirik izan, baina hiribilduek gatazkan irabazitako apustua zela esan genezake.
Izan ere, lehen esan dugu Oinaz eta Ganboa, Ganboa eta Oinaz eskema soila baino askoz konplexuagoa izan zela Berant Erdi Aro gatazkatsu hura. Bando bien arteko topaketa odoltsuaz haratago, Ahaide Nagusien eta hiribilduen arteko gatazka zela esan genezake, Erdi Arotik zetorren mundu zaharraren eta Aro Modernoa zabalduko zuen antolaketa berriaren arteko talka.
Mundu zaharra, mundu berria.
Mundu berri bat gainera eroriko bazitzaien, etsai arriskutsuena hiribilduetan indar gero eta handiagoz hedatzen kontzeju, egitura eta aktibitate ekonomiko berrietan bazen, zergatik erasotzen zioten elkarri Ahaide Nagusiek? Jon Andoni Fernandez de Larrea historialariak dionez, garrantzitsuena ez zen arerioa erabat garaitzea, borroka bera mantentzea baizik. Etsaia erabat garaitzea ez zitzaien komeni, haien ohorea eta bizimodua mantentzeko aitzaki egokia baitzen borroka egitea.
XV. mende erdialdetik aurrera, hala ere, hiribilduen botereak gora egiten zuela ikusita, sua eta ura bezain nahastezinak ziren oinaztar eta ganboarrak batzeko joera izan zuten. Euren dorretxetako leiho estuetatik bailarako mehatxua etxez etxe, dendaz denda, kalez kale hazten ikusita, betiko etsaiaren babesa bilatu zuten. Noski, ohitura zaharrak ez omen dira galdu behar, eta tarteka gora-beheraren bat izan zuten (Bañez de Artzubiaga Arrasaten hil zutenekoa kasu). Baina orohar gehien komeni zitzaiena aukeratzen esperientzia zutela erakutsi zuten Ahaide Nagusiek.
Gaztelaren alde eta kontra.
Horretarako usaimen berezia baitzuten banderizoek. Eta horrek bertan behera uzten du, hain zuzen, euren arteko arazoa Gaztelarekiko jarrerak ekarri zuela dioen hipotesia. Gaztelako koroak XV. mendean bizi izan zuen krisi dinastikoan geratutakoa Ahaide Nagusien oportunismoaren adibide garbia da: Gaztelako Pedro I eta bere anai Enrike Trastamarakoaren arteko gatazka baliatu zuen Nafarroako Karlos II.ak Gipuzkoako hainbat lurralde bereganatzeko. Orduan, bertako jaun batzuek Nafarroako erregearen zerbitzura jardutea erabaki zuten. Enrike Trastamarakoak Gaztelako bazter nahasiak lasaitu zituenean ostera, berriro Gaztelako koroaren gerizpera hurbildu ziren jaun horiek, Karlos II.aren haserrerako. Gaztelako koroak ez zuen, kasu puntual zenbait baztertuta, ez Ahaide Nagusiekin ez hiribilduekin arazorik izan. Batzuei zein besteei pribilegioak eskainiz, bi aldeekin jokatzen zuen, modu honetan komeni zitzaion oreka lortuz.
Irtenbide naturala.
Zeren kontra edo zeren alde borrokatzen zuten orduan? Zer dago bandoen gatazkaren jatorrian? Zer aztertua ba omen dago oraindik eta dokumentazioari tira egin beharko zaio gatazkaren sustraiak azaleratu nahi badira. Oraingoz, bada hipotesi bat indarra hartzen ari dena eta Jose Anjel Lema historialariak azaldu digu berau. Behe Erdi Aroan krisia jasan zuen Europa osoko nobleziak. Errentak larriki egin zuten behera eta nobleek aberastasun iturri berriak bilatu behar izan zituzten. Gorteetara hurbildu eta erregeen zerbitzura pasa ziren asko, erregeek jasotzen zituzten zergetatik zati bat jasotzen hasi ziren beste batzuk. Nekazarien gaineko presioa areagotzea hautatu zuten askok Bizkaia eta Gipuzkoan. Baina, lehen esan bezala, Euskal Herriko noblezia alde batetik xumea eta bestetik erasokorra izaki, ekintza militarra nagusitu zen gurean errentak zabaltzeko bide gisa. Hura zen bide naturala, nobleek hobekien egiten zekitena eta sarritan egiten zekiten gauza bakarra. Erdi Aroko orden banaketak hala ezarria zuen: kleroak otoitz egin behar zuen, nekazariak lan eta nobleak borroka. Borrokaren bidez aberastasunak lortzea, gainera, ohorezko lukrotzat jotzen zen (askotan zaila gertatuko zen, benetan, noblea eta bide lapurra bereiztea).
Hala ere, alferrik egin zituzten ahalegin horiek eta azkenean hiribilduak gertatu ziren garaile. Monarkia absolutisten itzalpean, hirien botere politiko eta ekonomikoa hedatu zen, mundu feudalari agur esaten zitzaion bitartean. Ahaide Nagusiek ere agur esan behar izan zioten lurrean eta familian oinarritutako egiturari. Ez ordea gizartean zuten egoera pribilegiatuari. Errenten usainean, beti ere komeni zenari eutsiz, egoera berrira egokitu ziren. Lehenago, garaipenerako enpeinu berezirik jartzen ez zuten horiek ez zeuden, ez, galtzeko prest.