«BETI BESTEEK KONTATU NAHI ZUTENA GORPUZTEN JARDUN DUT»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Zinemak, antzerkiak zein telebistak goxo tratatu dute eta urtetan jasotako esperientziak "lanbidean irizpide sendoak eskuratzen" lagundu dio. Gainera, azken urte hau oso oparoa izan da aktorearentzat: zineman Montxo Armendarizen "Silencio Roto" filman parte hartu du eta telebistan "Teilatupean" telesailean eta "Zine Oro" saioan ikusi ahal izan dugu. Tentazioak antzerki taldearen "Ez da hain erraza" lanarekin, berriz, Euskal Herriko areto gehienak zanpatu ditu. Hau guztia aski izan ez eta profesioan jauzi berri bat eman du Kanpingags izeneko antzerki konpainiaren sortzaileetako bat baita. «Biblia osoa (gutxi gorabehera)» izango da konpainiak ekoiztuko duen lehen lana.

Zerk bultzatu zaitu antzerki ekoizpenaren munduan murgiltzera?
Egia esan ez naiz inoiz enpresazale amorratua izan, baina hainbat aukera suertatu eta pausoa emateko mementoa iritsi zela pentsatu genuen. Kanpingags Tanttakarentzat egin genuen ikuskizun baten ondorio da, «Shakespeare osoa (gutxi gorabehera)» antzezlanarena, hain zuzen ere. Garai hartan Tanttakak Reduced Shakespeare Company talde amerikarrari erosi zizkion antzezlanaren eskubideak. Guk hemen bizpahiru urtetan antzeztu genuen eta izan zuen harrera paregabeaz ohartuta, lan estilo horretatik jarraitzeko irrika sortu zitzaigun. Hala, Asier Hormazak, Patxi Barcok eta nik Reduced Shakespeare taldea gaur egun New Yorken arrakasta handiarekin antzezten ari den ikuskizunaren eskubideak erostea erabaki genuen, «Biblia osoa (gutxi gorabehera)» lanarenak, alegia. Orduan otu zitzaigun gure taldetxoa sortzea, batez ere ekoizpenaren mundu horretan sartuta produktuaren gaineko kontrol gehiago eduki ahal izateko eta, beraz, egin nahi duguna gure modura egiteko. Diru laguntza bat ere jaso dugu eta, honenbestez, lehenbailehen muntaiarekin hastea espero dugu. Umorea ardatz duen obraren testua ingelesetik euskara zein gaztelerara itzultzen ari gara orain. Egokitzapen lana ere oso garrantzitsua izango da, azken finean, amerikarrek Bibliari buruz egindako ikuskizun bat da hau, eta beraz, gure herrialdera moldatzeko ahalegin berezia egin beharko dugu.

Bibliaren gaia ukitzeak gure herrian hainbat errezelo sor dezakeela uste al duzu?
Ez, inolaz ere. Prestatzera goazen antzezlana ez da sinestunen mundu horrekiko kritika bat. «Shakespeare osoan» ere autorea umorezko antzerkia egiteko aitzakiatzat erabiltzen zen, clown eta pailazoarena egiteko batez ere. Kasu honetan ere hala da, Bibliak ari nagusi gisa balioko du, baina funtsean hiru saltzaile hauen bitxikeriekin dibertitzeko lan bat izango da. Ez da inondik ere Bibliarekiko kritikoa den lan bat izango.

Kanpingags konpainiaren lehen antzezlanarekin kontinente berrira jauzi egiteko asmoa ere azaldu duzue.
Bueno, bai. Hala ere, oraingoz asmoak besterik ez dira ez baitago ezer zehaztuta. Egia da lehen eginiko lanari esker harreman polita sortu dela Reduced Shakespeare konpainiako kideekin. Eurek mundu anglosaxoia jorratzen dute guk gaztelerakoa lantzen dugun bitartean. Horrek Ameriketako hainbat tokitan ikusle potentzialak izatea dakar, eta hala, konpainia honek interesa agertu du gugan. Beraz, gauzak txukun badoaz gure lana zabaltzeko aukera ikusten dugu; ez dugu ideia hori baztertzen. Dena den, egun, horiek asmoak besterik ez dira.

Demokraziarekin batera antzerkiaren alderdi ludikoa gailendu zela adierazi berri du Alfonso Sastrek. XXI. mendean, ordea, antzerkia kritika sozial eta politikoa egitera itzuliko ei da...
Egun euskal antzerkigintzak dituen gabezia guztiak kontuan hartuta ere nik ez nuke esango egiten den guztia arina denik. Memento honetan, adibidez, Tanttakak «Errudun jaioak» lana kaleratu berria du, naziak izan zirenen seme-alaben testigantzak biltzen dituen obra. Honekin esan nahi dut egiten direla nolabaiteko kritika edo gogoetak plazaratzen dituzten antzezlanak.
Sastrek esaten duenarekin bat egiten dut, dena den. Nire aburuz antzerkiak gaurkotasun bati lotuta egon behar du, egoerarekin bat egin eta esanahi bat plazaratzearekin batera. Kontzientzia hartzeko balio behar du antzerkiak eta ez soilik barre arin batzuk eragiteko. Agian, zineman gertatzen dena ematen da antzerkian ere, entretenimendu hutserako sortutako produktuak kaleratzen baitira maiz. Joera horren aurrean beharbada faltan dago antzerki zorrotzagoa. Dena den, lehen esan dudan moduan pentsatzeko beta ematen duten lanak ere egiten dira.

Antzerki ekoizpenek diru publikoaren beharra izateak hori guztia baldintzatzen ote du?
Kalean dagoen eztabaida da hori, zein puntutaraino babes ofizialak ez duen halako eskuhartze bat ahalbideratzen, kritika horri ateak ixten dizkiona. Hala ere, nik ez dut uste arazoaren muina hori denik. Nire iritziz, eta agian ozen pentsatzea da, norabidea galduta gabiltza. Badirudi duela urte batzuk gauzak argiago zeudela. Beste mentalitate bat zegoen.
Bizi dugun gizarte eta mundu honetan hutsune asko daudela sumatzen dugu. Hainbestetan aipatzen den demokrazia honek zuloak besterik ez ditu eta, finean, herriaren esku beharko lukeen zerbait izan beharrean boteretsuenen esku dagoen tresna bat da. Baina sare horren baitan guk ere bizimodu mota honi eta ditugun ondasunei eutsi nahi diegu hein handi batean. Beraz, egoera kritikatzen dugu alde batetik, baina bestetik zaku horretan sartuta gaude. Nire ustez aipatu dudan norabide galera hori sarritan hortik dator. Gai honen inguruan zeresan eta eginbehar asko dago. Globalizazioaren aurkako mugimenduaren muina horixe da. Konturatzen hasiak gara sasi-demokrazia hau gu hobe bizitzeko asmakizun bat besterik ez dela. Ni itxaropentsu naiz egunen batean gauzak aldatuko direla eta beste oreka bat eta beste justizia batentzat lekua egongo dela.

Batez ere taula gaineko aktorea bazara ere, telebista eta zinemak erakarri izan zaitu.
Lanak beti esperientzia ematen dizu eta, beraz, aberasten zaitu. Ni batez ere antzerki munduan aritu naizenez, gauzak proposatzerako garaian arlo honetan irizpide gehiago dut. Baina, egia da, azken urteotan zorte ona izan dut eta baita medio ezberdinetan jarduteko aukera ere. Hemen, Euskal Herrian, oso garrantzitsua da denetik pixka bat egitea, zeren nahiz eta konpainia edo antzezlan garrantzitsuetan aritu oso zaila da horretaz bakarrik bizitzea. Arlo bakoitzean aritzeko irizpideak oso ezberdinak direnez, ezinbestekoa da arlo ezberdinetan mugitzea. Antzerkian, esaterako, lana prozesu baten baitan ateratzen duzu aurrera eta ondoren pauso horiek amaituta, eszenaratu egiten duzu lortutako emaitza. Behin lana estreinatuta, gainera, beste prozesu berri bat hasten da. Telebistan, berriz, egun batetik bestera egin beharreko lana izaten da, ez dago apenas prozesurik, lehenbailehen ekarpenak egin eta gauzatu egin behar dituzu. Sukaldean bezala da, gauza batzuk maitasun osoz egiten dira eta beste batzuk ordea, ziztu bizian, hanburgesen kasuan bezala, telebista gure Mc Donald’sa da.

Eta euskal aktore bat irits daiteke zein sukaldetan lan egin nahi duen hautatzera?
Nik esango nuke ezetz. Euskal Herrian bizi garenok ez dugu aukerarik. Noski, baztertu baztertzen ditugu gauzatxoak baina normalean sortzen zaizun aukera sorta oso murritza izaten da eta gehienetan egokitzen zaizuna egin behar izaten duzu. Oso egunean bizi gara eta hemen bizi garen aktoreok ez dugu perspektiba luzeekin lan egiteko aukerarik izaten. Inork ez du bere etxean libreto edo gidoi pila bat mahai gainean noiz irakurri eta aukeratu zain. Mementoan mementokoa egitea tokatzen zaigu.

Kritikoa al zara zure lanarekin?
Bai, oso. Agian horregatik gustatzen zait hainbeste antzerkia, bertan ez dudalako sekula nire burua ikusten, eta horrek lasaitasun handia ematen didalako. Beste kasuetan, ordea, bai. Batez ere zineman egin izan ditudan lanetan asko kostatu izan zait nire burua ikustea. Emaitza pare bat aldiz ikusita onartzera iritsi eta gai naiz gauzak beste distantzia batekin ikusteko, baina egia da asko kostatzen zaidala. Gainera gauzak astiro eta ondo pentsatuta egitea gustatzen zaion pertsona horietako bat naiz, bat-bateko erreflexu hori nahiko geldoa daukat. Antzerkiak gauzak ondo pentsatu, ikusi eta zuzentzeko tartea eskaintzen dizunez ondo sentitzen naiz honetan. Telebistan edo zineman, berriz, egindakoa ikusi eta zera pentsatzen dut askotan: "Hau ez nuen horrela egin behar" edo Beste modu honetan egin izan banu...". Gainera, izan duzun lantaldearen arabera nahiko arrotza egiten zaizu lan prozesua eta, noski, maiz etxera joan eta emaitza ikusitakoan sorpresatxoak izaten dituzu.

Horretan ezberdintasunik nabaritzen al da Euskal Herrian edo kanpoan lan egiteko moduen artean?
Batez ere telebistaren kasuan nabaritu izan dut hori. Norberaren izaeraren arabera izaten da askotan, baina nire kasuan konfiantza behar izaten dut ingurukoekin gustura lan egiteko. Horregatik ezberdina da niretzat Madrileko telesail batean edo bertako batean lan egitea. Hemen jada urteen poderioz lan taldea ezagutuz joan naiz eta horrek lasaitasun handia ematen dit lan egiteko garaian. Hemendik kanpo gehiago kostatzen zait, beldurtiagoa edo lotsatiagoa azaldu izan naiz askotan. Zineman ere maiz arrotz sentitzen zara aldiro lan taldea guztiz ezberdina delako. Antzerkiaren alorrean, berriz, urteetan jende asko ezagutu dut eta egun jada ezaguna dudan taldearekin ari naiz lanean. Euskal Herrian egiten ditudan lanetan gertutasuna dago eta hori mesedegarria da lanerako.

Behin Kanpingagsekin buru-belarri sartuta, izango al duzu tarterik beste lanetarako?
Bai. «Biblia osoa»k dedikazio gehien muntaiaren garaian eskatuko dit, hau da, bizpahiru hilabetez. Gainera orain arte inoiz egin ez dugun zerbait egiteko asmoa dugu Kanpingagsen lehen antzezlan honetan. Beste konpromiso batzuei aurre egin ahal izateko eta nolabaiteko askatasuna izatearren cover edo ordezko aktore batzuk trebatuko ditugu. Asmoa lehen entsegu egunetatik ordezkoekin lan egitea da hauek ikuskizunaren jabe egin daitezen. Beraz, behar izanez gero, edozein unetan gure lana beste aktore batzuk egiteko aukera izango dugu.

Ekoizle eta aktore bezala zein erronka dauzkazu orain?
Broma gisa beti esan ohi dugu gure hurrengo ikuskizunaren erronka alde batetik, dirutza bat egitea dela eta bestetik, berriz, ez dadila halako dirutza egiten ari garenik nabaritu. Baina, orain serio, pittin bat nire buruaren jabe izatea litzateke erronketako bat. Azken finean, urte hauetan nahiko mertzenario izan naiz, kontratatu gisa aritu bainaiz gehienetan lanean. Beti besteek kontatu nahi zutena gorpuzten jardun dut. Konturatzen hasia naiz aktore lanaz gain niregandik ekarpenak egiteko, zuzentzeko, sortzeko... edo nork daki zer egiteko garaia iritsi zaidala. Beraz, aktore soil lana utzi eta beste bide batzuk jorratzen hasteko tenorea heldu zaidala uste dut


Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Eguneraketa berriak daude