"Amerikan ere zakur eta ardiei euskaraz egiten diet"

  • Artzaina eta indianoaren planta osoarekin azaldu da Dionisio: cowboyen txapela buruan, oinetan kanperak, eta alkandora koadrodunarekin.Iruñako sagardotegi batean harrapatu dugu, Artzain Eguneko gazta saritua jateko pronto.Publizitateak hain juxtu «artaldetik» ateratzen dena jartzen du modan: artzaina. Eta Dionisio, artzain ona bezala, ardiekin joaten da toki denetara, maiz segapotoa etxean ahaztuko bazaio ere.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Amerikara artzain joan zinen, garai batean beste askok ohi zuten bezala. Nola hasi zinen artzain lanetan, eta nola iritsi zinen Amerikara?
13 urterekin atera nintzen eskolatik, eta mendian hasi nintzen mandazain. Beti amestu dut artzain izatearekin, eta 15 urterekin, erosi nituen nire lehen zortzi ardiak. Eta 18 urte egitera nindoala, joan nintzen Amerikara.
Amerikara alde egiteko arrazoi bat baino gehiago banituen. Hasteko, ez nuen soldadutzara joan nahi, Franco agintean baizen, eta orduan ez zen intsumisorik... Gainera western asko ikusten genituen zineman, eta abentura kutsu horrek asko erakartzen ninduen: unaiak zaldi gainean, ardiak eramanaz, mendi eta lur zabalak zeharkatzen, libre-libre...

Amerika zapaldu zenueneko egun hura western filmetakoen modukoa izan al zen?
Elizondon zegoen artzainon gestoria, eta bera arduratzen zen gu Amerikara bidaltzeaz. Lehenengo, Madrildik New Yorkera joan ginen hegazkinez. Handik Utahko estatura iritsi ginen, eta bertako aireportuan nagusia genuen esperoan.
Hasiera oso gogorra izan zen. Mendira eraman ninduen, eta 2.000 ardi, bi zaldi eta lau edo bost zakur utzita, esan zidan, "hauek denak hartu eta segi, norabide honetan. Ikusiko zaitut hemendik bi astera". Ez nuen bi astean beste inor ikusten, nagusi hura bakarrik Berak ekartzen zidan beste bi astetarako jakia eta irauteko behar nuena. Oso izututa nengoen.
Ingelesez ez nuen hitzik ere egiten. Askotan gurutzatzen nituen unaiak, behiekin. Zer esaten zidaten ere ez nuen ulertzen, eta eskua altxata agurtzen nituen.
Sei urte geroago, Kalifornian bizitzen jarri nintzenean ikasi nuen ingelesa, jendeari adituz.

Nola bizi zara orain?
Kalifornian bizi naiz, eta baditut sei arrantxo. Ez dira nireak, errentan hartuak ditut. Arrantxoen artean 6-10 kilometrotako distantzia dago, eta batetik bestera ibiltzen naiz.
Ardiak eta behiak hazten ditugu etxean. Lehen bagenituen 2.500 pasa ardi. Baina prezioak jaisten hasi ziren eta koioteek ere ardi asko hiltzen zizkiguten. Beraz, orain behi gehiago jartzen hasi naiz eta ardiak kentzen. Orain 300 behi buru ditut, eta 1.000 ardi buru baino gehiago ere bai.

Zer alde dago Euskal Herriko eta Amerikako artzaintzaren artean?
Euskal Herriko eta Amerikako artzaintzaren artean ez dago ezberdintasun handirik. Han edo hemen, ardia ardia baita. Baina Amerikan mendiak eta lurrak handiagoak dira. Han behiak urtean bi aldiz biltzen ditugu, zaldiz. Eta ardiak, berriz, motoan, errazagoa baita. Han ere badira hemen bezalako arazoak eta ardien gaitzak, baina zorionez behi eta ardi erorik ez dugu.
Hango ardi arraza merino deitzen dena da, ez hemengo latxa. Merino ardia handia da, munduan ilerik onena duena. Sorlekuz Espainiako arraza zen, baina gero mundu osora zabaldu zen. Merino ardiak ez dira jezten. Bildotsa 7 hilabeterekin saltzen da, 80 bat kilo egiten denean. Beraz, Amerikan behi gazta egiten da, baina ez ardiena. Dendetan Idiazabalgo gazta saltzen da, hemendik eramanda.

«Amerikara joan nintzen, xentimorik gabe...» Nola bete duzu zuk indianoaren ametsa?
Suerte handi bat izan da, ni ez nintzen sekula horren bila joan. Los Angelesko casting agentzia batek 5 pertsona jarriak zituen estatu osoa arakatzen, AT&T telefono konpainiak bere iragarkirako nahi zuen jiteko gizona bilatzeko. 267 elkarrizketa eginak zituzten ordurako, tartean Hollywoodeko aktoreei ere bai, eta ez zuten oraindik gizon hori harrapatzen.
Lehengo urteko Bazko Eguna zen, eta andrearen etxera joan ginen bazkaltzera. Etxera itzultzerakoan, Tomales herriko taberna bakarrean geratu ginen, William Tell House-n, Coors botilatik trago bat jotzen.
Toni Cervantes, casting agentziako emakume hori, Tomales-en bertan suertatu zen egun hartan, eta herriko dendan galdetu zuen ea artzain idurikorik ba al zen inguruan. Dendako gizonak nire berri eman zion. Tabernara azaldu zen nire bila, eta arrantxora joan eta ardiak erakutsi nizkion.
Hona eta hara ibili ninduen ardiak gidatzen, kamerarekin hartzen ari zen bitartean. Nonbait gustatu egin zitzaion nire pausaje eta planta, eta esan zidan "hemendik bi edo hiru egunetara deituko dizute Hollywoodetik". "Bai zera, Hollywoodetik deituko didate niri, zaude isilik!" pentsatu nuen.
Eta deitu zuten, bai, frogak egitera joateko. Hiru gizon agertu ginen castingera. Hollywooden bazen mahai luze bat zuzendariz, produktorez... beteta. Auskalo zenbat kargudun jende.
Makila eta telefonoa hartuta batera eta bestera ibili behar izan nuen, atzapar hauekin zenbakiak markatu, kamerari begiratu, alde batetik eta bestetik, irribarrea egin, ez egin...
Hasieran arrunt nerbioso nengoen, kamera pare parean nuela, baina gero gustura sentitu nintzen, patxadatsu.

Animaliekin iragarkiak grabatzea zaila izango da. Artzainari ere kasu egiten al diote behar denean?
14 iragarki ezberdin baditugu eginak, eta denetan agertzen naiz ardiekin: Los Angelesko taxian banaiz, edo mendiaren erdi-erdian, ardiekin naiz. Jatetxean edo zentro komertzialean ere berdin.
Hasieran arazoak izan genituen, ardiek ez baitiete jendeari jarraitzen. Gainera Hollywoodeko ardiak dira horiek, izar bizitzara ohituak! Baina pentsatu nuen ardiak gidatzeko sistema: arrantzako pita ardi bati lotu, eta pita hura bera nire uhalari lotzea. Horrela, oinez abiatzen naizenean, ardi hori nirekin ekartzen dut, eta beste ardi denek atzetik jarraitzen diote.
Grabatzerakoan gauza xelebreak gertatzen dira: behin jatetxe batean ari ginen iragarkia grabatzen. Ni nire ardiekin nengoen, eta jendea bazkaltzen ari zen. Ardietako bat gelditu, eta letxuga jaten hasi zen andre baten plateretik. Ederra festa jarri zuena. Andrea dena izutu zen!

Artzain bakarti bat jarri dute bizitza modernoaren ikur gisa. Zergatik aukeratu zintuzten? Zer zen bilatzen zutena?
Iragarkiak oso mezu soila du: Nahiz eta zu mendi puntan bakarrik egon ardiekin, segapoto txiki hori izanez gero, mundu osoa daukazu eskura. Eta mezu hori zabaltzeko, nik uste pertsona erreal bat nahi zutela, gertukoa eta arrunta dirudiena. Bestela ez dakit zer ikusi zuten nigan!

Iragarkiez haratago, amerikarrek nola ikusten gaituzte euskaldunak?
Arrunt ongi. Euskaldunak fama handia du nola artzain, edo behiekin. Jende langilea eta hitza betetzen duena da euskalduna amerikarrentzat.

Eta zuk nola ikusten dituzu amerikarrak?
Hemen bezala, denetik dago: batzuek onak dira eta besteak txarrak. Aldea dago arrantxoko bizimodua eta jendea ezagutu ala hirikoa. Arrantxoan jendea finagoa da, eta ez da hainbeste tira-bira egoten.
Hirietan ez naiz asko ibiltzen, baina hango jendea ezberdina iruditzen zait. Hango hirietan presaka bizi dira. Ez dute hemen bezala bazkaltzeko eta ordu erdiko siesta egiteko denborarik hartzen. Zerbait jan, eta berriro lanera joaten dira, beti korrika.

Hainbeste urte Ameriketan, andrea ere hangoa bertakoa duzu... Nola gorde duzu hizkuntza?
Euskalduna sortzen denean bat, barrenean eramaten du, odolean, eta hori ez da sekula galtzen. Han beti ingelesez hitz egiten dut, baina ardiekin eta zakurrekin beti euskaraz aritzen naiz.
Nire zakurrek Txiki eta Txoko izena dute eta euskara bakarrik dakite, ez dute ingelesezko hitz bat ere ulertzen. Gainera baditut bi anaia inguruan bizi direnak, eta haiekin ere beti euskaraz egiten dut. Eta Amerikan bizi garen euskaldunok elkarrekin harremana gordetzen dugu, esaterako, urtean behin euskal festa eginaz.

Hemengo zer gauzekin gogoratzen zara gehiena?
Hemengo lagunak eta jatekoa nabari ditut faltan Amerikan naizenean. Eta herriz herri, festaz festa ibiltzea ere bai. Horrelakorik ez dago Amerikan.

Beti hemengoa faltan nabaritzen dela esaten da, baina ez al duzu hona etortzeko asmorik?
Orain bi urtez behin etortzen naiz Euskal Herrira, udako oporrak pasatzera. Baina beti izan dut hemen bizitzeko gogoa. Sei hilabete han eta beste sei hemen pasa nahi nituzke.
Baina ez naiz erabat hemen bizitzen jarriko, ez baititut hango behiak eta ardiak saldu nahi. Are gehiago esango dizut: sei hilabetez hona etortzen hasten banaiz, hemen ere ardiak jarriko ditut! Ardiak maite ditut, nire lanbide bakar eta jada nire zati ere badira.
Artzaintza bizimodu berezia da: gehienak bakardadearengandik ihesi joaten dira, eta artzainak, berriz, bakardadea maite eta bilatu egiten du. Gainera naturarekin harremanetan egotea gustatzen zaio, animaliekin, haizearekin, euriarekin, belarrarekin...

Hona iritsi zarenez geroztik ez zara geratu ere egin. Hamaika gonbidapen jaso duzu batean eta bestean. Gaur bertan hiru kazetari elkartu gara zu elkarrizketatzeko txanda hartuz... Nola daramazu fama kontu hori?
Ez dut uste hainbeste iragarkitan, telebistetan eta egunkarietan atera izanagatik ni aldatu egin naizenik. Baina harritu egin naiz, orain jendeak ezberdin tratatzen nauela ikusita.
Lehen artzain ezezagun bat nintzena, orain beste zeregin batzuetarako ere deitzen didate: Amerikako Ardi Industriako Elkarteak bere konferentzian hitzaldi bat emateko deitu zidan, eta orain gutxi Uharte-Arakilen izan nintzen Nafarroako Artzain Egunean, gazta txapelketako epaimahaian...
Amerikan, batzutan jendeak ezagutu egiten nau kalean pasatzerakoan. Kasinoan nengoen batean, gizon bat etorri zitzaidan zuzen-zuzenean eta bota zidan: «Esan al dizute inoiz AT&T-ren iragarkiko gizonaren berdin-berdina zarela?»

-Jaio: Goizuetan, 1954an.
-17 urterekin EEBBetara (Wyoming) joan zen artzain.
-Bizi: Kalifornian, Tomales herrian.
-Artzaina.
-Amerikar telefono konpainia indartsu batek, AT&T-k, bere iragarkietarako kontratatu du bi urterako, milioi bat dolarren truke. 14 iragarki egin ditu guztira.

«Ardia da munduko animaliarik otzan eta inuzenteena. Ez da inozoa.»
http://www.cooljobs.com/coolbin/shepherd.asp
t
«Makiladoreek ez dute lan handirik nirekin. Eguzkitako krema bakarrik ematen didate.»
http://www.ptreyeslight.com/stories/july19_01/shepherd.htm
«Ez dut errejimenik egin telebistarako. Pentsatzen dut artzain mehar bat nahi izan balute, edonon aurkituko luketela.»
http://www.cooljobs.com/coolbin/shepherd.asp
«Ez naiz batere ona hitzaldiak ematen. Nahiago dut ardi artean egon.»
http://www.ptreyeslight.com/stories/july19_01/shepherd.htm
«Lehen, telebista ikustean aisa egiten nuen zapping. Orain, badakit bost segunduko iragarkia bost eguneko lana kosta zaiela.»
http://www.ptreyeslight.com/stories/july19_01/shepherd.htm


Nire bizitzako egun bereziena aurten Uharte-Arakilen ospatutako Nafarroako Artzain Eguna izan da. Bertako artzainek gonbidatuta, ni bertan izan naiz 50 kiloko gazta erraldoia mozten eta epaile lanetan. Niretzat oso hunkigarria izan da, hemengo artzainek, nahiz eta Amerikan bizi naizen, ni gogoan izana. Artzainen arteko elkartasuna agerian jarri du.
Jokoan bete-betean sartu nintzen, eta egun hura laguntzeko, enkantean aritu nintzen. Nik hirugarren geratu zen gaztaren erdia erosi nuen, beste erdia gastatua baitzen probaketan. 19.000 pezetan erosi nuen. Bigarren geratutako gaztaren erdia 20.000 pezetatan saldu zen. Eta lehendabiziko gaztaren enkantean 340.000 pezetan joan nintzen, baina 350.000 pezeta eskaini zituen beste batek, eta hark eraman zuen.

Doinua: Mutil koxkor bat
Lehen artzaia bakarrik zinen
orain aldatu da dena
izatez mundu bitxia baita
publizitatearena
aberastea izan da zure
«look»ak ekarri duena
lehen Dionisio bakarrik zinen
orain Mister Txoperena
amerikarren «way of live»aren
adibiderik onena
Aitor Mendiluze


Azkenak
Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Eguneraketa berriak daude