"MAIALENEN ZATI HANDIAGOA AZALTZEN SAIATUKO NAIZ"

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ia ume, ile luze eta bota zulatuekin gogoratzen dugu hasierako Maialen. Zuk nola gogoratzen duzu zure lehen saio ofiziala?
91-92 urtean izango zen. Garai hartan bertsolaritza ez zen orain bezala bizi: ez zegoen orain adina gazte, ezta emakumerik ere... Eskolarteko Txapelketa irabazi nuen eta kuriosoa zen neska gaztetxo bat nabarmentzen ikustea...
Badakigu zer arrisku dagoen komunikabideekin. Morbosoa, pieza arraro izateko oso pieza polita nintzen, kuriositate bezala erakusteko herriz herri, eskaileretan igotzen den ijitoen ahuntza bezala. Egunkarietarako eta elkarrizketa batzuek egin nituen... nik ez nuen ezer asko esateko, 14-15 urte nituen eta! Ez nintzen jabetzen oso ondo non nengoen, bertsotan egiten nuen baina besterik gabe, zaletasunagatik. Konturatzen nintzen kanpotik salgarri samarra zela irudi hori eta izututa nengoen horrek sortu zezakeenarekin.
Urte hartan Hondarribitik deitu zidaten, emakumeen eguneko saioan kantatzeko proposatuz. "Zure bertso kideak Kristina Mardaras, Andoni Egaña eta Anjel Mari Peñagarikano" izango dira. Ni harrituta geratu nintzen telefonoan. Antolatzaileari esan nion, "ez dut uste inondik inora horiekin kantatzeko mailarik daukadanik eta gehiegi iruditzen zait horrelako saio batean parte hartzea". Gogoan daukat erantzun zidana: "Joe, Maialen, zezenari adarretatik!", esanaz bezala, marroi horretan sartu bazara badakizu zer dagoen, eta aurrera egin behar duzu nola-hala. Telefonoan ahozabalik utzi ninduen. "Bueno, bueno, bada, joango naiz..." eta joan egin nintzen. Nire lehen saio ofiziala izan zen. Saio polita atera zen, txukuna. Telebistaz bota zuten eta horrek munduko txapelketa denak irabazita baino oihartzun gehiago ematen dizu. Horrela hasi ziren beste herrietatik deitzen.
Garai hori gogorra izan zen niretzat: jaialdi potoloetatik deitzen zidaten, eta oso kontziente nintzen ez nuela inondik inora mailarik jaialdi horietan kantatzeko. Hasi berria nintzen eta ez zegokidan maila horretan sartzea, irreala zen. Banekien askotan "Copito de Nieve" bezala eramaten nindutela. Begira zer dugun! Gorila txuria ez, hamabost urteko neska eta gainera bertsotan egiten duena.

Bertsolari gazterik eta emakumezkorik ez zegoen mundu hura erakargarri al zitzaizun?
Oso motibatuta joaten nintzen, niretzat gauza handia zen Sebastian, Egaña eta Muruarekin kantatzea. Helduek edo elitean zeudenek zoragarri tratatzen gintuzten, mimo handiarekin. Baina salto handia zegoen gazteongandik haiengana. Adinez eta giroz urrun zitzaigun jendea. Gazte talde bat atera izan ez bagina, erdiek ez genuke aurrera egingo, gurea ez zen giro batean, gurea ez zen adineko jendearekin... Egun frogatuta dago, inor ez dela perretxikoa bezala bakarrik atera. Denak binaka atera gara: Igor-Unai, Estitxu-Silbeira, Irazu eta biok, Sustrai eta Amets... giro hori bizi egin behar duzu. Bertsoak bakarrik ezin zaitu motibatu, testuinguru oso batek erakartzen zaitu.

Zer izan da zuretzat bertso eskola?
Ni bertso eskolara oso gutxitan joaten nintzen bertsotara. Joaten nintzen bakoitzean hizketan bukatzen genuen eta ez genuen bertsotan batere egiten. Nik bertso eskola bertsotarako leku baino askoz gehiago bizi izan dut bertsoarekiko zaletasuna konpartitzen duten lagun talde bezala. Zentzu horretan gauzak egiteko gogoa, eta disfrutatzeko asko eman dit bertso eskolak.

Bertso eskolan hain gutxi eginda nola iritsi zara horrela kantatzera?
Plazak izan dira nire bertso eskola. Zurrunbilo handi bat izan zen eta ustekabean harrapatu ninduen. Gaur egungo umeek ez dakit nora iristea planteatzen dute. Guk ez, bertsolaritza ez zegoelako modan eta ez zebilelako hainbeste gazte. Gure planteamendua beste bat zen, gozatzekoa. Uste gabe joan nintzen bidean. Pausuan pausuan, konturatu gabe.

Herrian zer izan behar du bertso eskolak?
Zer egin behar duen esateko ez dago formula magikorik, herri bakoitzaren errealitatea ikusi beharko da. Bertso eskolak bi funtzio ezberdin izan ditzake: batetik bertsotan irakasteko eskola bat izatea, bertso munduaz irakatsi eta zaletasuna kutsatzeko eskola bat; eta bestetik dago bertso eskola horrek herrira begira egin dezakeena. Uste dut garrantzitsua dela bertso mundua kaleratzea. Bertso mundua ulertu daitekeen erarik zabalenean ulertuz: alor ezberdinetako kolaborazioekin, konbinaketa ezberdinak probatuz, bertso batek eman dezakeena arakatuz, gure burua frogan jarriz eta esperimentatuz, saltsak eginez... ea zenbat tono eman ditzakeen hain kolore jakina duela dirudien horrek. Jende ezberdin askorengana iristeko aukera du bertsolaritzak.
Baina ez dugu obsesionatu behar herriari zerbait eskaini beharrarekin. Ez dugu bertsolaritza plazaratu nahi bertsoekin lata emateko, guretzat plazer bat dena konpartitzeko baizik. Jendeari azaltzeko zer plazer izan litekeen hitzekin jolastea, musikarekin, elkarrizketa... bertsoaren gozamena plazaratzea, hori da bertso eskolak kalera begira duen zeregina.

Zer egitura hartu behar du bertso eskolak?
Nik uste bertso eskola dela bertsolaritzako erakunde oinarrizkoena. Herriarengandik gertuen dagoelako. Oinarri oinarrian gauza bat dago: gozatzea. Gozatu dugun heinean joan gara gauza berriak sortzera, bileretan parte hartzera, bertso asteak antolatzera... baina hori dena giro ona dagoelako sortu da eta gustura egon garelako. Bertso eskolan lehenengo egin behar dena giro ona sortzea da, eta gozatzea.

Zer zentzu du bertsotan aritzeak?
Batetik, bertsoa hizkuntzarekin egiten duzun jolas bat da, norgehiagoka dialektiko bat, baina jolasean arituta. Hizkuntza ariketa edo ariketa literario bezala ulertu daitekeena. Eta bestetik bertsoa komunikazioa da.
Inertziaz saio piloa egin, eta iristen da momentu bat egiten ari zarenaren zentzua galtzen duzuna. "Zer ostiatan ari gara? Zergatik eta zertarako? Jolas bezala bertsoa oso ongi dago, baina zer ari gara jendeari esaten, zer dugu eskaintzeko?" Une grisenetan hori pentsatzen duzun bezala, une argienetan sentitzen duzu "zerbaitegatik eta zerbaitetarako ari gara".
Huskeriei kantatzea plazer bat izan liteke txiste eta ariketa gisa, baina betetasun handiena berez esan nahi dituzun gauzak esaten dituzunean sentitzen da. Jendearekin konexio bat lortzen denean eta zuk esandakoak besterik ez bada jendeari pentsatzeko balio dionean, edo emozioak pizteko.

Gaiak ez al zaituzte askotan mugatzen?
Bai, eta hori frustrantea da. Axalkeriekin saio onak atera litezke eta norberarentzat oso betegarria izan liteke hitz joko eta txisteen mundua. Baina momentu batzutan baduzu barruan zerbait esateko, baduzu zer eskainirik (eta sentsazio hori ez da sekula galdu behar, bestela alperrik ari gara). Eta aldiz ez daukazu gairik, ez dizute uzten zirrikiturik txikiena ere zuk nahi duzunik esateko.

Bertso eskolan ez al da hain justu zeresana gutxien lantzen dena?
Batzutan uste dugu bertsolaria bere pertsona izatetik kanpo dagoela. Eta hori ezinezkoa da. Zuk zure ideologiatik, zure sentsibilitatetik, zure desio eta tripako minetatik kantatzen duzu. Jendeari bertsotarako teknika irakatsi diezaiokezu, baina pentsatzen, arrazoitzen, eta gaiei buruzko ikuspegietan norberak heldu behar du. Hizkuntza eta bertso ariketak landu litezke, baina gero norberak duen aberastasuna norberarena da.
Bertsotan egitea ez da teknika bakarrik. Ez bada gai pentsatzeko, edo ez dakit zeren inguruan sentsibilitate pixka bat edukitzeko, ez badu grazi izpirik, berdin zait bertsotan hamar zortzi oso ondo kontatzea edo errimarik estuena erabiltzea. Baina hori lantzea zenbateraino da bertso eskolaren eginkizuna? Hori norberaren esku dago.

Bertsolariak garai batean berriemaile ziren. Eta gaur?
Prentsarik ez zegoen garaian bertsolariak prentsa ziren. Txirrita herri askotara informazioa iristeko modua zen, bere bertsoen bidez jakiten zen Kubako gerraren berri. Egun funtzio hori galdu du.
Ez dut uste bertsolariari iritzi lider izatea eskatzen zaionik, nahiz batzuek agian badiren. Ez dut uste bertsolaria apaiz edo politiko bat denik. Bere ikuspuntutik jendeari zerbait kantatzen dion norbait da. Uste dut hori dela emateko duena.
Gillermo Velazquez Mexikoko bertsolariak esaten du Mexikon bertsolariak mozkorren dibertitzaile izatetik iritzi lider izatera pasa direla. Hemen ez nuke hainbeste esango, baina bertsolariak esandakoak badu pisu bat: badelako norbait, herriz herri dabilelako eta herriari pultsua gertutik hartzen diolako. Herri baten jakinmin, haserre edo kezkak zein diren oso gertutik ezagutzen du. Eremu euskalduneko errealitatearen ikuspuntu zabal bat du.

Estereotipoek norbera den bezala azaltzen laguntzen dute edo muga dira?
Dexente baldintzatzen du eta nik nire burua nahiko mugatua sentitzen dut. Estereotipoa bertsolariak sujeritu eta jendeak sortzen duen zerbait da. Fosiltzen joaten da eta gero horren barruan mugitzea oso zaila da. Jendeak oso ezaugarri jakin batzuekin definituta baizauzka. Neska gazteak plazara atera ginenean oso jarrera harroa eta lotsagabea hartu genuen. Erantzun zale eta oso lotsagabe agertu ginen. Egoerak ere hori eskatzen zuen, eta hasieran inkontzienteki egiten genuen, baina gero jabetu ginen hamabost urteko bi neskatxek bertsolari kontsakratuei ez dakit zer zirika botatzea oso efektiboa zela entzuleen belarrietara.
Agian abusatu egin genuen jarrera horretatik, errazegi jo genuen horretara eta jendeak ere segituan sailkatu gintuen hor. Egun bertsozaleak jartzen didan ezaugarrietako bat hori da: zer erantzuna, zer prontoa, zer lotsagabea! Denborarekin irudi eta estereotipo horretan oso mugatua sentitu naiz. Ahalegintzen ari naiz aspaldi honetan, jendeari adierazi nahian hori bai baina hori baino askoz gehiago ere eskain dezakedala. Bestela, banoa. Baina behin zure kanpoko azala hain gogortuta dagoenean, azal horren barrenean mugitzea oso zaila da.
Beste gai eta tono askotan hitz egin dezakedala uste dut. Gainera estereotipo oso jakina edukitzeak sinesgarritasuna kentzen dizu. Komunikatzeko garaian jendeak oso gai umoretsutan eta zirikatzzaile eta oso lotsagabe ikusten banau, sentitzen dut ideologiaren munduko gaietan edo sentimenduen inguruko gaietan nik esan dudana ez dela sinesgarria nik, ez dela iristen hain ondo. Jendeak ez duelako espero.
Ez dut esan nahi estereotipoak egiatik ezer ez duenik. Gu lotsagabeak izan baginen, baina esajeratu egiten genuen. Ez dut bertsotan teatrorik egin izanaren sentsaziorik. Bertsotan nire zati handi bat doa.

Estereotipo hori beharrezkoa zuen lehen emakume generazioak?
Askotan hitz egin izan dugu Estitxu Arozenak eta biok horretaz. Jarreraz eta estetikaz ere biok oso antzerakoak ginen. Lekutxo bat egin dugun emakumeak kasualitatez gara elkarren antzerakoak? Edo ez dago beste eredu, beste estetika batentzat lekurik bertsolaritzan? Dakiguna da dena delakoagatik leku bat egin dugula. Orain nire ahalegina izango da txoko horretan lotsagabea bakarrik ez izatea, erantzun onak edo arrazoi onak bakarrik ez botatzea, abaniko zabalago bat eskaintzea, eta gero eta Maialenen zati handiago bat azaltzea taula gainean. Estereotipotan beti zati bat badoa, baina uste dut beste zati handi bat ezkutuan geratzen dela.
Hain justu zuen esterotipoetan falta dena ez al da alde "femeninoa"?
Hasteko esan nahi dut munduan nazka gehien ematen didaten hitzak direla "femenino" eta "maskulinoa", baina tira, erabili ditzagun elkar ulertzeko. Egia da Egañak esaten zuena, emakumeoi baloratu izan zaizkigunak "maskulinotzat" jotzen diren ezaugarriak izan direla. Ausardia, indarra, harrotasuna... Eta gure alde "femeninoa" behin bertsolaritzan txoko bat egin eta gero garatzen hasi behar dugula. Baina plazatan emakume gehiago dagoenean egongo dira emakume ezberdin gehiago. Orain lau katu gabiltza eta zaila da aniztasun handia egoten. Gizonezkoetan 30 daude, eta badaude kantakera, estereotipo, ideologia... ezberdinetakoak. Nesketan ez dago aukera hori.

Bertsolaritzan normalizatu al da emakumeen presentzia?
Ez dut uste. Beti dago zerbait egiteko, gugandik hasita. Ni bilakaera naturalaren aldekoa naiz. Ez zait gustatzen eta ez zait egokia iruditzen behartzea. Garai batean egoki ikusten ez nuen bezala emakumezkoen saioak egitea, emakumeak bazeudela demostratzeagatik bakarrik. Aurrera pausoak naturaltasunez egiteak denbora gehiago eskatzen du, baina horrela hartzen du egoerak indar eta sinesgarritasun gehien. Egun gero eta emakume gehiago daude bertso eskoletan, eta plazatan berriz, hutsune bat dago.
Ez nuen espero, baina kanpoan egon naizen boladan entzun ditut komentario batzuk, ni joan naizenetik beste emakumeek plaza gehiago egiten dituztela diotenak, eta horrek zeregin dexente dugula adierazten du. Ez garai batean adina, baina oraindik antolatzaileek, beren sanoenean, "neska bat behar genuen eta zuri deitu dizugu" esanaz deitzen digute. Garai batean horrela zen erabat, eta orain beste errekonozimendu bat dugu. Pentsatu nahi dut deitzen didanak niri eta ni naizelako deitzen didala, eta ez emakume naizelako. Horren aurrean egin dezakegun gauza bakarra da emakume izateagatik deitzen diguten saioetan demostratzea bertsolari garelako gaudela han. Egoera naturalagoa den heinean normalagoa izango da hiru emakume dauden saio bat edo batere ez dagoena ikustea.

Zuen generazioa gazte izango zen hasi zinetenean...
Gazteak bagara baina gure taldea ezin da bertsolari gazte gisa hartu. Nobedade izateari aspaldi utzi genion. Jada ez dugu bertsolari gazte baten ahotik ateratako ikuspuntu berririk... hori bukatu zen! Orain bertsolari gazteak beste batzuk dira. Bertsolari gazte izan ginenok epe motzera benetako eliteari eutsi beharko diogu edo bestela pixkanaka bazterrean geldituko gara. Era berean beste gazte talde berri bat sortzen joango da, gu lehen izan ginena ordezkatuko duena, baina berria.
Garai batean gazteak ginelako barkatu egiten zitzaigun edo beste belarri batzuekin entzuten zen guk esana, beste efektu bat sortzen zuen. Gazteen inguruko erreferentziak sekula bertsotan esan gabeak ziren. Orain dena oso entzuna dago, makarradak ez dira makarrada, eta geratzen zaigun aukera bakarra oso maila ona ematea da. Ez dugu beste aukerarik, kondenatuta gaude. Ez gazte izateak, ez erreferentzi mundu ezberdina izateak, ez ezerk ez gaitu salbatuko.

Zertan da eredu bertsolaritza?
Egun politika eta gizarte mailan gauden bezala egonda eredu iruditzen zait bertsotan dagoen kolorea, eta elkarrekin zerikusirik ez duen jende pilak duen elkar bizitza aberatsa. Puzzlea osatzea lortu dugu, bakoitzaren haserre, pega eta ezadostasunekin. Oso iritzi trukaketa interesgarria dago. Baditugu elkarrentzat belarriak, eta elkarrentzat bertsoak ere bai.
Elkartea ere eredu iruditzen zait. Bere printzipioei sinestuta eutsi diegu, eta begira bere txikitasunetik egun zenbaterainoko indarra hartu duen eta zenbaterainoko errespetua lortu duen handi jendearen artean. Gutxi edo batere ez prostituituta, gainera. Oso ekimen interesgarriak ditu herrigintzarako. Baina tira, ez dugu jainkotuko.

Zergatik eman da elkarbizitza hori bertsolarien artean? Kasualitatea da?
Ez dakit. Agian bertsolaritzaren oinarria elkarrizketa delako. Bertsotan norbaitekin aritu eta saioa aurrera atera behar baduzu, bat egin behar duzu berarekin, esan eta entzun. Era berean herri baten aurrean kantari ari zara eta herri horretan ez dira denak zure antzekoak, zure kopiak, zurekin ados daudenak. Mila ideologia, mila kolore eta bi mila belarri daude. Asmatu egin behar duzu denengana iristen. Agian horregatik garatu da horrelako zentzu zabal eta malgu bat, ondokoarekin moldatzen jakiteko eta testuingurura egokitzeko.

Kanpoan izan zara. Zer ekarri duzu?
Niretzat ausardia puntu bat bazuen bertsoak bederatzi hilabetez uzteak. Oso interesgarria da kanpora atera eta beste paisaje, beste jende mota bat, beste bizimodu bat ezagutzea. Baita zure burua ezagutzea ere testuinguruz kanpo zaudenean, Euskal Herrian duzun babesa falta zaizunean antzematen baitituzu zure hutsuneak. Zure burua kolokan jartzea momentuan ez da atsegina. Baina gerora zure buruarekin izan duzun harremanak asko ematen du.

Doinua: Saltarina da txepetxa eta
Euskal Herrian bertsolaria
Hernanin frailiatarra
depresiotan pasiatzaile
ilargi bueltan izarra
mikro aurrean danbatekoa
ispilu aurrean bakarra
ron txupitotan mundu jario
Leioan arte ederra
misterio baten indarra

Jexux Mari Irazu

Jaio: Hernanin, 1976an.

Bertsolaria.
Arte Ederretan lizen- tziatua.
Eskubaloian aritu zen alebin garaitik jubenilak arte eta Euskadiko selekzioan jokatu zuen 91-92an.
Bertsotan: Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen bi aldiz txikien mailan, eta handietan beste bitan. Osinalde saria ere irabazi du eta 1997ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian finalean kantatu zuen.

Pangea espedizioarekin munduko sakonuneak zanpatu ditu aurten.

«Kuriosoa da, Txirritarekin badut zeharkako familiarteko harreman bat, baina ez Lujanbiotarren aldetik».
Euskaldunon Egunkaria, 1999-05-30

«Gure eguneroko munduan oso presente dauden gai eta kontu batzuk, gero, gure bertso munduan ez dira inoiz aipatzen, edo betiko ikuspegitik jartzen dira. Drogen gaia, esaterako».
Bertsolari aldizkaria, 1999ko negua
«Espero dut Pangearekin bizitu ditudan esperientzia aberasgarri horiek almazenean gordeko ditudala. Neurtu gabe ditut, baina egunen batean hamar zortzian aterako zaizkit. Azkenean bertsotan entrenatzea neurri eta errimak lantzea baino agian gehiago da bizipenak gordetzea.»
Bertsozale berripapera, 31.alea
«Behin gizon batek esan zidan emakume bat bertsotan aritzea ez zela naturala, berak ikusiko du nola bizi den bere erremin horrekin...»
Euskaldunon Egunkaria, 1999-05-30
«Umorea aldatu egin da, behar bada zaharrek ez dute gurea ulertuko, zeren pelikuletako eta komikietako umorea baita, edo publizitatearena, ingeles hitzekin.»
Bertsolari aldizkaria, 1999ko negua
«Ikasle pisu batean bizitzea derrigorrezko bolara jarri behar lukete".
Euskaldunon Egunkaria, 1999-05-30

ARGAZKI ZAHARRA
Maialen Lujanbio, Eñaut Agirre, Gorka Tolosa eta Jexux Mari Irazu.
Hernaniko bertso eskolako kideak 1992an.


Azkenak
Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Eguneraketa berriak daude