Euskal Herrian arkitektonikoki beste nazio batzuetatik bereizten gaituen eraikinik badugu, horixe dugu pilotalekua. Herrixkarik txikienak ere pilotan aritzeko horma altuago ala baxuago bat edo espazio zabalago ala estuago bat aurkezten dio zaletu edota bisitariari. Horregatik, eta pilota gure kirol nazionala izanagatik, harritzekoa da gure kirol-zelaiei buruz dagoen informazio eskasa; antzinako eta gaurko pilotari eta partidei buruzkoa zabalagoa da, noski, baina ez dirudi protagonistak abadeak eta mezak direlako elizek garrantzi gehiago izan beharko ez luketenik.
Beste alde batetik, azkeneko hamarkadetan gure herri zein hirietako frontoi zaharren alboan frontoi berri erraldoiak sortu dira, harria baztertuz material industrialez eraikiak, eguzki-izpiak saihestuz metalezko maskor batez estaliak, eta, ohiko estetikari jaramonik egin gabe, barrutik telebista helmuga eta kanpotik kolore biziz margotuak. Pilotaleku baino polikiroldegi gehiago, espazio berri hauen ondorioz betiko frontoiak haurren jolasetarako edo behin-behineko aparkalekutarako (Lapurdiko Sarako errebote-frontoi zoragarria honen adibiderik negargarriena izan liteke) baztertuta geratu dira. Hiritar bizimoduak eta usadioek ez dute barkatzen, eta orain arte Euskal Herriko topikoak «herri bakoitzeko frontoi bat» (gutxienez, eta zein baino zein ederragoa) bazioen, belaunaldi batzuetan hainbat mendetako historia bizi izan duten harriak modernitatearen biktima bihur daitezke.
Mendietako pilota-soroetatik frontoi industrialetaraino.
Euskal Pilota, Javier Ugarte adituaren esanetan, «lusus pilae cum palma» latindarraren eta «jeu de paume» frantziarraren eboluzioaren emaitza kontsideratzen da, baina hori baino lehen antzinako euskal artzainek (beste herri askok bezala, zerbait biribila hartu eta botatzea gauzarik naturalena baita) jadanik pilota baten antzeko zerbaitekin boleaz aritzen ziren, mendi edo zelaietan (zoruak, boleaz zenez, ez zuen garrantzirik) eta bata bestearen aurka.
Gauzak horrela, pilotari buruzko lehen agiria 585. urtekoa dugu, Leovigildo errege bisigodoaren garaian euskal presoen arteko partida bat izan omen zelako, baina erabilitako pilotalekuaz ez zaigu ezer iritsi. Beste zortzi bat mende itxaron beharko ditugu honetaz zerbait jakiteko. Izan ere, euskaldunak eta pilota nahasten diren bigarren erreferentzia idatzia 1331n helduko zaigu, Joana II Nafarroakoaren garaian alegia, bere aita Luis «Hutin»en pilotarekiko zaletasuna «ludus pilae» («pilotaren jokoa») izeneko kronikan jasoa geratzen denean. Honen arabera, erregeak eskuz, beste baten aurka eta Iruñeko dominikotarren klaustroan jokatzen zuen. Kontuan izan behar da Erromatar Inperioaren galeraren ostean, Erdi Aroan zehar, pilota eta kulturaren inguruko beste hainbat arlo monasterioetara mugatu zela, bertako monjeek iraunarazi zituztelarik.
Behe Erdi Aroan, berriz, pilota Europa osoan zehar zabaldu zen, Gaztela, Nafarroa (XIV. mende amaieran Erriberriko Gazteluak pilotaleku bat gordetzen zuen), Ingalaterra eta Frantziako gorteetan denbora-pasa nagusia bihurtu zelarik; batzuetan gazteluko lubakian edo harresien aurka jokatzen zen, baina askotan gaztelu barruan espazio bereziak sortzen ziren, oraingo trinketen aitzindari izan ziren «tripotak» alegia.
Hauen bien arteko ezberdintasun nagusia izena izan liteke, pilotaren munduan hauxe dugulako gutxien eboluzionatu duen jolastokia. Gaur egun ere pilotari arrotzak egiten zaizkion »baina jokoaren zati garrantzitsua bihurtu diren- elementuak gordetzen dira, hala nola, txiloa (burdinsareko leihatila) edota danborra (frontisa eta eskuineko paretaren arteko angelu ez-zuzena). Ziur aski gazteluren bateko lubaki edo patioak izango zituen eta hasierako tripot horretako zailtasunak jokoaren arau bihurtuko ziren, gaur egun arte iraunez. Bestalde, trinketen ezaugarri nagusi den ezkerraldeko teilatutxoaren justifikazioa (hau ere jokoaren ezinbesteko zati) zaldun jokalarien mugimenduak ikusgai zituzten gorteko damen segurtasuna izango zela uste da.
Eboluziorik handiena ezagutu duen jolas mota kanpoaldean jokatutakoa izan da, inolako eraikinik behar ez zuenez (herri orotan aurki zitekeen eta koadratzen zen zoru lau samar bat eta sakea egiteko harlauza bat besterik ez) herritarren artean arrakastatsuena zen-eta. Denborak aurrera egin ahala zelaiaren mutur batean erreboteko horma bat altxatzen hasi ziren, justifikazioa xisteraren erabileran aurkitzen zuena (lehenago eskularru batekin jokatzen zen); izan ere, xisterak hormaren aurka errebotatzen zuen pilota hartzea ahalbidetzen zuen.
Eskularru garesti eta astun horrekin aritzerik ez zuten haur eta gaztetxoak, bitartean, esku hutsez (geroago xisteraz) eta pilota txikiago eta biziagoekin jokatzen hasi ziren, aurkitzen zuten lehenbiziko horma lauaren aurka. Horma hauek eraikin garrantzitsuenetakoak izan ohi ziren, eliza eta udaletxekoak askotan, eta euria egiten zuenean jolastoki bihurtzen zirenak arkupeak eta kontzejupeak izaten ziren. Garai honetan pilotak kautxuz eginez gero biziagoak eta botekoak (ordura arte beti boleaz jokatzen zen, pilotak ez zuelako boterik egiten) bihurtzen zirela konturatzen hasi ziren, eta jokoarentzako zoru egokia prestatzen hasteaz gain erreboteko pareten neurriak handitu behar izan ziren. «Ble»aren edo hormaren aurkako pilotaren iraultza izan zen, batez ere Ipar Euskal Herrian.
Euskal Herri penintsularrean gehiago jokatzen zen elizako arkupeetan, eta ohituraren poderioz ezkerreko pareta bat erabiltzeak jokoari ekartzen zizkion aukera guztietaz ohartzen hasi ziren, batez ere II. Karlistadaren ostean eraikitzen hasitako ezker paretako (eta erreboteko, palaren eta xisteraren kasuan) frontoien sorkuntzan emaitza izango zutenak.
Iritsi zaizkigun pilotaleku ezberdinak.
Gaur egun Euskal Herri osoan zehar -beste leku askotan bezala- mota guztietako frontoiak aurki ditzakegu, beraien kopurua ezezaguna izateraino bezain ugariak. Mendietan, zelaietan, baserrietan, herrietan, hirietan… bakoitzak egitura eta itxura ezberdina erakusten du, baina, salbuespen gutxi batzuekin, denak inguruko osotasunean ezin hobeto integratuak agertzen zaizkigu.
Soropila pilotaleku-motarik sinpleena dugu. Gaur egun ia bakarrik Zuberoako zenbait mendi edo lautadetan aurki genitzake baina antzina artzainen arteko desafioek jende ugari erakartzen omen zuten, janari eta guzti astoen gainean hurbiltzen zirelarik, eta pasioak askotan gainezka egiten zuen, ikusleen artean ukabilkada edo makilakadaka amaitzeraino. Zelaian bertan, urrunetik ez dugu pilotalekurik nabarmenduko, baina hurbilduz gero aitzurraz eginiko eskasak ikusiko ditugu, 15-17 metro arteko marra paralelotan; marra perpendikular batek espazio hau bi erditan zatitzen du eta sakea egiteko harlauza bat dugu, besterik ez.
Basa-frontoiak aurrekoari lauzpabost metro altueran eta bospasei metro zabaleran izan dezakeen tailatutako harrizko horma bat gehitzen dio, eta baita hormaren ondoan sakea burutzeko harlauza ilara batzuk, hortik atzerako guztia zelai laua dugulako. Frontoi sinple honetan eskuz jokatu ohi da, egin zenean horretarako pentsatua zelako eta bere baliabideek ez dutelako gehiagorako ematen, beraz ez da oso sakona izaten. Hori bai, atzealdean eraikinik edo oztoporik ez badago erreboterako ere balio dezake. Euskal Herriko auzo askotan aurki daitezke, batzuetan alboetan ikusleak esertzeko hormatxoekin ala gerizpea eskaintzen duen zuhaitz handi batekin.
Eboluzio honetan hirugarren urratsa herriko pilotalekua genuke. Honetan, aurrekoaren hormatxoa alde bakoitzetik 10-12 metro erakusten duen frontisa bihurtu zaigu, eta lurreko harlauzak ere zabalagoak eta zainduagoak aurkezten zaizkigu, horrela sakearen nondik norakoak jokalariek eurek erabaki ditzaketelarik. Frontisean ona markatzen duten bi marra bertikal margotzen dira eta zelaiaren bi alboetan ikusleentzako harmailak ikus ditzakegu. Gaur egun Ipar Euskal Herriko herri gehienetan ikusten ditugun plazako pilotalekuak estilo honetakoak dira, eta bertan hainbat modalitatetan ari daiteke, hala nola esku hutsez, palaz, xisteraz… Horretarako, 60 metrotik aurrerako sakonera izatea komeni da.
Erreboteko frontoia aurrekoa bezalakoa da, baina orain zelaiaren beste muturrean horma karratu eta txikiago bat altxatu dugu, eta bien artean 90-110 metro arteko jolaslekua geratzen zaigu, bi taldek batak besteari (tenisean bezala) xisteraz pilota bota diezaion. Joko hau pilota munduko denen artean ederrena dela diote, eta batez ere Ipar Euskal Herrian da oso sustraitua; Hegoaldean Zubieta, Billabona eta Doneztebeko kasuak ditugu.
Iparraldean aurreko biak baditugu jaun eta jabe, Hegoaldeko inongo herritan falta ez den pilotaleku mota frontoi irekia ala ezkerreko paretako frontoia izenak hartzen dituena dugu, frontis karratu eta altuera berdintsuko ezker horma erakusten dituena. Leku batzuetan hirugarren horma bat ere izan daiteke, errebotekoa, eta denetan zorua jadanik porlanezkoa (gaur egun asfaltozkoa) izan ohi da. Hauetako frontoi asko denborak aurrera egin ahala estaltzen joan dira, eta horietako batzuk pilotaleku industrial edo komertzialak bihurtu dira (Labrit, Beotibar, Astelehena), baina funtsean denek erakusten dituzte ezaugarri berdintsuak: Motzak (32-36 metro) ala luzeak (52-56 metro), bertan modalitate orotara joka daiteke, hots, eskuz, palaz, xisteraz, erremontean…
Azkenik eta bukatzeko, lehenago azaldu ditugun guztiekin zerikusi handirik ez duten trinketak ditugu, desagertzear dauden irekiak (sabairik gabeko etxe karratu bat bezalakoak) edo arruntagoak diren estaliak, batez ere Iparraldean. Beste guztietatik xehetasun askotan desberdintzen dira, eta lehenago ere aipatu dugun bezala, bere elementuetatik askok (txiloa, sareak, teilatutxoa…) ez dute printzipioz erabilpen argirik erakusten baina denek dute garrantzi handia jokoan