GOI MAILAKO IKASKETAK HARMONIA BILA


2021eko uztailaren 16an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Askoren iritziz zaharkituta dagoen musika hezkuntza sistemari ari zaio amaiera iristen. Datorren ikasturtean 1966ko Hezkuntza Artistikoen Legea desagertu, eta dagoeneko hainbat urte indarrean daramatzan LOGSE legeak hartuko du etorkizuneko musikari izango direnak formatzeko ardura. Hobekuntzak omen dakartza lege berriak, baina musika ikasleek botako duten izerdiak ere gora egingo du.

Oraindik prestaketa atzeratu xamar dagoen arren, Euskal Herrian posible izango da datorren ikasturtetik aurrera goi mailako musika ikasketak egitea. Polemikaz inguraturik jaioko bada ere, urrirako prest egongo omen da Donostian Goi Mailako Musika Kontserbatorioa.
Espainiako Estatuan, 1966an indarrean sartu zen Hezkuntza Artistikoen Legeak gidatu du musika irakaskuntza azken hamarkadetan. Lege honen ezaugarri nagusienetariko bat, masifikazioa izan da. Zeuden musika zentro apurretan, ikasle ugari pilatzen ziren eta ikasleak jasotzen zuen arreta mugatua zen.
Bestalde, jende askok bere kabuz ikasten zuen, eta ikasketak ofizialtzeko kontserbatorioan egiten zituen azterketak. Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioan, baziren 22.000 azterketa egiten zituzten urteak ere. Donostiako kontserbatorioan ere, antzekoa gertatzen zen. Kanpoko jende asko etortzen zenez, ia ekain guztia azterketak egiten igarotzen zuten bertako irakasleek.
Askok zalantzan jartzen dute 1966ko lege honen bidezko musika ikasketen kalitatea. Beste askorentzat, erabat zaharkiturik dago. Uritze Lakak, esaterako, 66ko legeak araututa gauzatu ditu bere musika ikasketa guztiak; datorren ikasturtean amaituko du Goi Maila. Bere esanetan, hezkuntza orokorrean eta musika ikasketetan jaso duen hezkuntzak, ez dute zerikusirik izan: «Musika ikastetxeetan jaso dudanak nire gurasoen garaikoa ekarri izan dit gogora".
Musika irakaskuntza eraldatzeko asmoarekin, LOGSE legea 92-93 ikasturtean sartu zen indarrean. Lege honek, musika irakaskuntza hiru mailatan banatzen du: oinarrizkoa (lau urte), erdi mailakoa (sei urte) eta goi mailakoa (lau edo bost urte).
92-93 ikasturtean musika ikasten hasi zirenak, LOGSE barruan hasi ziren eta lege berriak ikasle hauekin batera egin du gora, mailaz maila. Aurtengo ikasturtean erdi mailako azken urtera iritsi da, eta datorren ikasturtetik aurrera, goi mailako musika ikasketak lege honek gidatuko ditu. 1966ko Hezkuntza Artistikoen legea aldiz, datorren ikasturtean desagertuko da erabat, orain goi maila lege zaharrarekin egiten ari direnak euren ikasketak bukatzean.
LOGSEk zerbaitetan aldaketa ekarri badu, irakasgaien antolaketan izan da. Legeak argi azaltzen du ikasturte bakoitzean zeintzuk diren, nork bere musika tresnaz gain, ikasi beharreko irakasgaiak. Ikasleak ez du beraz, lehengo moduan, zikloa bere nahietara egokitzerik.


Ikasleen izerdia.

Antolakuntzan hobera egiteak, neurri handi batean ikaslearen ahaleginaren gehitzea esan nahi du. Uritze Laka, esate baterako, 66ko legearen barruan ari da gauzatzen bere flauta ikasketak eta baita gainerako irakasgai osagarriak ere. Ikasturte bakoitzean, egokien ikusitako irakasgaiak aukeratu ahal izan ditu, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, beti ere zeukan denboraren arabera.

Hariaren beste muturrean dago Jorge Pacheco, 19 urteko gaztea. Perkusioa ikasten ari da LOGSEko erdi mailan eta asteko egunik gehienak kontserbatorioan ematen ditu. Berak asmo argia dauka musikaren bidetik jarraitzeko eta horregatik utzi ditu gainerako ikasketak, baina bere ikaskide asko oso larri ikusten ditu. "Goizean institutura joan eta gero, astean hiru edo lau aldiz etorri behar izaten dute kontserbatoriora. Hiriburukoentzat gogorra bada, zer esanik ez probintziatik etorri behar dutenentzat. Horretaz gain, etxean ordu ugari eskaini behar dizkiote beraien musika tresnari".
Ordu pilaketak ondorio negatiboak omen ditu musikarien formakuntzan. Francisco Ibañez, Gasteizko kontserbatorioko zuzendariaren iritziz, "instrumentuarekin erdi mailan ikasleek lortzen duten maila, lehen baino baxuagoa da, denera iristea zaila egiten baitzaie".
Zailtasunak dituzte ikasleek Batxilergo eta musika ikasketak bateratzeko eta horregatik askok bertan behera utzi dituzte musika ikasketak. Ikasturte honetan, Donostiako Kontserbatorioan 30 lagunek utzi dituzte musika ikasketak, bi hezkuntzak uztartu ezinda. Ordu pilaketari eta bideetan igarotako denborari irtenbidea emateko, LOGSE legeak Batxilergo musikala aurreikusten du, hezkuntza orokorreko ikasketak eta musikalak bateratzen dituena.
Leioako Kontserbatorioa da batxilergo mota hau eskaintzen aitzindarietako bat. Jose Miguel Barandiaran institutuko irakasleak, kontserbatoriora bertara joaten dira, batxilergo musikaleko ikasleei derrigorrezko irakasgaiak eta hautazko bat ematera. Musika ikasketak ere ikastetxe horretan bertan gauzatzen dituztenez, ez daukate lekuz mugitu beharrik. Hau egin ahal izateko ordea, beharrezko baldintza da hezkuntza orokorreko eta musikako ikasturteak parean eramatea.
Aurtengoa izan da Leioan esperientzia hau aurrera eraman den lehen urtea eta bost neska jardun dira batxilergo musikalean. Balorazio sakona egiteko arin den arren, arduradun eta gurasoak gustura ageri dira lehen emaitzekin.
Erdibidean legoke aurten Gasteizko hiru ikasle egiten ari direna. Batxilergoan derrigorrezko diren irakasgaiak beren institutuetan egiten dituzte, eta hautazko moduan, musika irakasgaiak gauzatzen dituzte kontserbatorioan. Francisco Ibañez, Gasteizko kontserbatorioko zuzendariak oso positibo ikusten du esperientzia hau: "Hautazko asignaturak kontserbatorioan egiten dituzten ikasleak, hobeto dabiltza musikan. Dena den, hori egiteko, argi izan behar dute musikaren bidetik jarraitu nahi dutela".
Batxilergo musikalak ikasle hauetako askoren zama arintzen duen arren, ez dirudi horrelako zentroak ugarituko direnik. Gurasoak beldur dira, musikaren bidetik abiatu eta seme-alaben hezkuntza orokorra kaltetuta aterako denentz eta ondorioz, eskaria oso txikia da.


Talde izaera.

Musika ikasleak etorkizunean izan dezakeen aterabideetako bat, irakaskuntzarekin batera, orkestraren bateko partaide izatea da. Hori kontuan harturik, LOGSE legeak musikari talde izaera barneratu nahi die haurrei txikitatik. 66ko legearekin geroago hasten baziren, lege berriarekin oinarrizko mailan parte hartzen dute haurrek instrumentu talde batean. Maria Pura Graña, Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioko idazkari teknikoaren iritziz, "orkestra praktikari lehenago ekiten diotenez, taldean lan egiten ohitzen dira haurrak eta belaunaldi izaera ere barneratuago dute".

Beraien musika hezkuntzan aurrera egiten duten heinean, taldean gero eta gehiago jotzen dute eta honek jendaurreko emanaldiak egiteko aukera ere zabaltzen die. Jorge Pacheco ikaslearen esanetan, "ikasleak ohitu beharra dauka taldean jotzen. Orain arte, sarri ikastetxetik kanpo aurkitu behar izaten zen taldea eta lege berriarekin eskolan bertan taldea osatu eta jotzeko aukerak daude".

Amaitu da libretik ikastea.

Ikasketak era ofizialean egiteko aukera bakarra kontserbatorioa da. Orain arte indarrean zegoen legearekin, asko ziren kontserbatorioan matrikulatu eta beste ikastoki ez ofizial batean edo beren kabuz ikasten zutenak. Kurtso bukaeran kontserbatorioan azterketak eginez, ikasketa horiek ofizialtzea lortzen zuten. Hori, ordea, amaitu da eta LOGSE legearen barruan ezinbestekoa da klaseetara joatea. Ikastokietan kontrolatu egiten da nor joaten den eta nor ez.
Kontserbatoriora joan gabe musika ikasi eta ikasketa horiek ofizialtzeko aukera bakarra dago: ikasleak bere kabuz erreglatu gabeko ikasketak egin eta azterketa bidez LOGSEko ikasketetara sartzea. Erdi mailako edozein kurtsotara eta goi mailako musika ikasketetara egin daiteke jauzi hori. Aurretik ofizial ez diren ikasketak egin dituztenek, eskatutako maila dutela uste izanez gero, LOGSEk arauturiko ikasketetara sar daitezke.

Goi Mailan aldaketak.

Oinarrizko eta erdi mailako zikloak igaro ostean, datorren ikasturtean iritsiko dira goi mailara LOGSE legeak gidaturiko musika ikasketak. Orain arte, ugari ziren Goi Mailako Musika Kontserbatorioak. Euskal Autonomia Erkidegoan esaterako, hiru hiriburuetakoek zeukaten maila hori eta Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorioa ere maila berdinean zegoen. LOGSE legea indarrean sartzearekin, ordea, maila hori gainditu egiten dute. Kepa de Miguel, Donostiako kontserbatorioko zuzendari ordearen esanetan, "katedratikoek ere galdu egin dute beraien katedra. Kontserbatorioan orain arte katedratiko zirenak, musika irakasle dira orain".
Lege berriarekin, goi mailako zentro gutxiago ezarri nahi dira, daudenen kalitatea hobetze aldera. Euskal Autonomia Erkidegoan bakarra ezarriko da eta Nafarroan ez da goi mailakorik izango.
Kontserbatorioen ezaugarriak aldatzearekin batera, bertan emango diren ikasketek eraldaketa sakona izango dute. Orain arte bi urtetan gauzatzen zen goi maila, lau edo bost urtetara luzatuko da hemendik aurrera, beti ere musika tresnaren arabera.
Unibertsitateko beste ikasketa batzuren egitura hartuko du datorren ikasturtean indarrean sartuko den goi mailak, kredituen sisteman oinarrituriko irakasgaiekin. Kepa de Miguelen hitzetan, "66ko legearekin exigentzia maila oso handia da goi mailako bi ikasturteetan, dena oso kontzentratuta dagoelako. Orain materia berri batzuk izango dituzten arren, ez da lehengo kontzentraziorik egongo. Exigentzia maila, hala ere, handia izango da".
Aipatu beharrekoa da aurreko legearekin goi maila bi ikasturtetan aurreikusten bazen ere, ikasleen portzentaje handi batek urte gehiagotan banatzen zituela ikasketak.


Goi Mailakoa Donostian.

LOGSEk ezarritako erronka begibistan edukita, Euskal Autonomia Erkidegoan hasieran ez zegoen goi mailako kontserbatorio bat egiteko asmorik. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, musika ikasketekin jarraitu nahi eta kanpora joan behar zuten ikasleei, diru laguntzak ematea pentsatzen zuen. Azkenean, ordea, goi mailako musika kontserbatorioa egitea erabaki du, kontserbatorioetako arduradun, ikasle eta irakasle askoren harridura eraginez.

Bere garaian agindutakoa betetzeak, ordea, badauka bere lana. Izan ere, LOGSE legea zorrotza da goi mailako kontserbatorioak nolakoa izan behar duen argitzean. Eraikin bereizi batean kokatu behar da kontserbatorioa eta bertan ezingo dira oinarrizko eta erdi mailako musika ikasketak eman. Gainera gutxieneko neurri jakin bat izan behar du, gela insonorizatuak, kontzertuetarako auditorioak, fonoteka, liburutegia...
Eusko Jaurlaritza goi mailako kontserbatorioa egitekotan zela jakitean, erkidegoko hiru hiriburuek beren proiektuak aurkeztu zituzten, zentroa berauetan koka zedin. Jaurlaritzak azkenean, Donostian jartzea erabaki du. Gasteiz eta Bilboko kontserbatorioetako arduradunak ez dira ordea gustura ageri bat bateko erabaki honekin.
Kontserbatorioa jartzeko erabakia hartuta dagoen arren, prestaketak atzeratu xamar daude. Goi Mailako Musika Kontserbatorioan sartzeko hautaprobetan, ikasleek hiru ariketa egin dituzte, obra bat interpretatzea, aurretik prestatu gabeko obra bat irakurtzea eta froga teoriko bat egitea. Kepa de Miguelek dioenez, "irakasle eta ikasleak oso kezkatuta daude. Goi mailako kontserbatorioa Donostian jarriko dutela kaleratu dute, baina nork gestionatuko du? Zein titulaziodun irakasle egongo dira?". Ikasle asko orain arte zain egon dira hemengo kontserbatorioan izena ematekotan. Baina orain kezkatuta daude, ez baitakite hemengo kontserbatorioaren kalitatea nolakoa izango den. Gainera beste herrialdeetan jadanik izena emateko epeak itxita daudenez, kanpora joateko aukerak ere murritzagoak dira.
Maria Pura Graña Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioko idazkari teknikoaren iritziz "lehenago ezagutu behar zituzten irakasleak, zentroa bera, hautaprobak... Kontserbatorioa jartzea ongi dago, baina kalitatezkoa behar du izan". Gai honen inguruan desinformazio handia egon dela salatzean, bat datoz kontserbatorioetako arduradun denak. Donostiako agintariek azaldu dutenez, Miramar Jauregia izango da Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren behin-behineko egoitza. Hiru urteren buruan, behin betiko egoitza prest egotea aurrikusten dute. Ez dago argi, ordea, non izango den.

Nafarroan Goi Mailakorik ez.

Nafarroako Gobernuak goi mailako kontserbatoriorik ez egitea erabaki du, ikasleen eskaria urria izango dela argudiatuz. Pablo Sarasate Kontserbatorioko arduradun, irakasle eta ikasleak, haserre dira neurri honekin. Are gehiago, erdi mailako kontserbatorioarentzat eta Pablo Sarasate Orkestrarentzat egoitza berria eraikiko dutela jakinda. Ramon Garcia ikasketa buruaren aburuz,"behin eraikin berria egiten hasita, egin dezatela goi mailarako balio duena. Hamazazpi katedradun dauzkagu, puntako irakasleak dira...". Aurten erdi mailako ikasketak amaitzen dituztenak gutxi badira ere, azken urtean ehun ikasle inguruk hasi dituzte ikasketok. Agintariek kontserbatoriorik ez jartzeko erabili duten argudioa zera izan da: dauden ikasleekin ezingo litzatekeela LOGSEk eskatzen duen moduko orkestrarik sortu. Ramon Garciaren iritziz, ordea, "hori ez da horrela, kurtso bakoitzeko ikasleekin eta irakasleen laguntzarekin osa baitaiteke. Musikari ez direnek hartzen dituzte erabakiak. Kulturari kolpe handia emango dion erabaki oker bat da".
Nafarroako Gobernuak, goi mailako musika ikasketak egitera kanpora doazenei diru laguntzak emateko asmoa azaldu du. Garciaren iritziz, "hemen ikasten jarraituko zuketen ikasle asko musika ikasketak sakondu gabe geratuko dira, kanpora joaten ausartuko ez direlako"

Ika mika
- Kepa de MiguelDonostiako kontserbatorioko zuzendariordea

"Garrantzitsuena Euskal Herrian Goi Mailako Musika Kontserbatorioa izatea da".

"Azken mementoko erabakia izan da, ez dio inork usainik hartu. Donostiak badu hainbat gune erakargarri: tradizio musikal handia, Europako atean dago geografikoki, hemen dugu Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitza, Musika Hamabostaldia, Donostiako Orfeoia, Donostiako Nazioarteko Piano Lehiaketa, Kursaala... Normala da, bat aukeratu ostean, kaltetuek protesta egitea. Nire ustez garrantzitsuena Euskal Herrian Goi Mailako Musika Kontserbatorioa izatea da".


- Francisco Ibañez

Gasteizko Kontserbatorioko zuzendaria
"Gasteizek Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren premia zuen".
"Bilbok bere orkestra du, Donostiak Euskadiko Orkestra... Hemen ez dugu ezer, eta kontserbatorioko orkestrak beteko luke hutsunea. Hau administrazioaren hiria da eta ia ez dago kultur ekintzarik. Orain dugun kontserbatorioan diru gutxirekin koka zitekeen behin-behineko egoitza. Bestetik Donostiaraino joatea oso deserosoa da guretzat eta Bilbokoentzat. Musikari batek ezin ditzake egunean lau ordu errepidean pasa. Azken finean, erabakia borondate politiko baten ondorioa izan dela iruditzen zait".


- Itziar Aldama

Bilboko Kontserbatorioko zuzendaria
"Kultur azpiegitura sendoagoa dugu Bilbon".
"Bilbon tradizio musikala handiagoa da. 1942an ezarri zen musika kontserbatorioa, Opera Lagunen Bilboko Elkartea dugu, iragan hilean sei opera izan genituen, Bilbao Orkestra Sinfonikoa ere badugu. Azpiegitura kultural sendoagoa dugu. Gainera ikasle kopururik gehien dugu Bizkaian. Bestetik geografikoki oso gaizki kokaturik dago Donostia. Kanpotik datozenek (Errioxa, Kantabria, Nafarroa, Araba...) nahiago dute Bilbora etortzea"

Iparraldea: aukera zabala, baina goi mailarik ez
Musika zaletasuna hemen bezainbestekoa izan arren, Iparraldean erabat desberdina da musika ikastegiek duten antolaketa.

Maite Idirin kantari ezagunak bildu digun informazioari esker, badakigu ordea, musika ikasteko aukerak anitzak direla Iparraldean.
Beheko mailan udalek sustaturiko Musika Eskola Munizipalak daude, titulaziorik ematen ez dutenak. Maila beretsua daukate Musika Eskola Munizipal Agregatuek, udalak eta estatuak sostengaturikoek. Musika zaletasunak bultzaturiko haurrek kultur elkarteek bultzaturiko eskoletan ere ikas ditzakete solfeoa, kantua, akordeoia...
Maila altuagoan Baionako Herrialdeko Musika Kontserbatorioa dago. Musikaren bidetik jarraitu nahi duten gazteei bideratuta dagoen arren, ez du goi mailako ikasketarik eskaintzen. Orain gutxira arte, Baionakoa, Musika Eskola besterik ez zen, baina zegoen ikasle kopuru altuagatik, bertan ezarri zuten kontserbatorioa.
Goi Mailako musika ikasketak egiteko, Ipar Euskal Herriko gazteak kanpora joan beharrean izaten dira. Paris eta Lyonen daude Frantziako goi mailako musika kontserbatorio bakarrak. Maite Idirinek esan digunez, euskaldun gehienak Parisera joaten dira. Kontserbatorio hauen ezaugarri nagusienetariko bat irakasleak dira; musika munduan sona handia duten irakasleak biltzen baitituzte. Goi Mailako Kontserbatorioetan CAEM titulua jasotzen dute ikasleek, musika irakaskuntzan gaitasuna aitortzen dien titulua.
Goi mailako kontserbatorio hauez gain, badira sona handiko musika eskola pribatuak ere. Horren lekuko dugu Parisen dagoen "Escola Cantodum", 1894. urtean sortua eta euskal musikari askoren trebalekua

Aurrez aurre
1966ko Hezkuntza Artistikoen legea
- Ikasleek bere nahien arabera banatzen dituzte ziklo baten barneko irakasgaiak.
- Astean ordu erdiko klasea musika tresnarekin.
- Libretik ikastea posible.
- Erdi maila amaitzean "instrumentu jole profesional" titulua.

LOGSE
- Zehaztuta dago urte bakoitzean zein irakasgai ikasi.
- Astean ordubeteko klasea musika tresnarekin.
- Ezin da libretik ikasi, beharrezko da kontserbatoriora joatea.
- Goi maila amaitu arte inolako titulurik ez.


Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Eguneraketa berriak daude