«Belaontzia zaldi basatia da»

  • PERFILAItsasgizon honen bizitza pantailaratuko balute, Hollywoodeko Oscarra jasoko luke, «zientzia fikzioaren» atalean: Gerra Zibilak umetan Belgikara eramana, gaztetan Frantzian basomutil, gerora lurrunezko ontzian agregatu gisa, merkatal barku ingelesetan aritua, Liverpoolera ezkondua... Colonek inbidia lioke, Amazonian Ugartek bere negozio propioa duela jakingo balu, eta Elkanok ere bai, munduari bira bakardadean eman dion lehen euskalduna Ugarte izan dela baleki.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Gerra Zibilean aitak Belgikara bidali zintuen ume zinela. Itzuli eta 17 urterekin Frantziara aldegin zenuen...
Nautikako eskolan hasi nintzen Deustun, eta ikasketak bukatu aurretik, Frantziara joan ginen 3 lagun. Hemen itota sentitzen ginen. Estatu honek ez zuen inolako kontakturik besteekin, isolatuta zegoen, gerran alemaniar eta italiarrekin kolaboratu izana leporatzen ziotelako. Gerra bukatuta frantsesek jendea behar zuten lanerako, eta hala, muga klandestinoki pasata lanean aritu ginen aparailu elektrikoen enpresa batean. Baina gero frantsesei Sarreko meatzeak itzuli zizkieten eta gu meatzetara bidali gintuzten, eta hura ez zen gustuko lana! Beraz, trenetik ihes egin, eta itzultzea erabaki genuen. Landetan barrena gindoazela egurra mozten zuen enpresa bat topatu genuen, nondik zentozen eta nor zinen galdetzen ez zizuna.
Nire benetako asmoa Belgikara iritsi eta atzerriko barkuetan nabigatzea zen, espainiar flota oso zaharkitua baitzegoen. Ez ginen iritsi, itzultzea erabaki genuen, baina Pirinioak gurutzatzerakoan oso eguraldi txarra egin zigun, elurra barra-barra, galdu egin ginen... eta halako batean argi bat ikusi genuen; baina Guardia Zibilarena zen! Atxilotu, eta Martutenera ekarri gintuzten, berri-berria zen, eta guk inauguratu genuen!

Ondoren nautika ikasketak bukatu, eta agregatu gisa hasi zinen lanean...
Bai, baporezko barku zahar bat zen, ikatza erregai zuena. Bertan Mundakako kapitain bikain bat ezagutzeko zortea izan nuen, Julen Arrandiaga. Niretzat bera izan da itsasgizonen eredua. Gaur teknologia aurrerapen handiak daude, baina orduan usaimenarekin nabigatzen zen oraindik. 1946. urtean Iparraldeko itsasoa zeharkatzea (minaz josia zegoenean, itsasargiak suntsituta zeudenean, laino itxiarekin, eta gainera berez halako itsaso gogorra izanda), balentria handia zen. Julenek bikain egiten zuen. Eta jendearekiko tratuan ere kapitain ona izan da. Berarekin urte luzetan egin nuen lan agregatu gisa, eta beranduxeago kapitain gisa erreleboak egin nizkion.

Liverpoolekin harreman handia izan duzu. Nola iritsi zinen bertara?
Liverpoolera sarri joaten ginen merkatal ontzitan. Barku liberiar batekin joan nintzen batean, zubi bati kolpe ederra eman genion, sekulakoa gainera, Manchesterrerako errepide nagusia moztuta utzi baikenuen, eta barkua txikituta. Eta orduan neska bat ezagutu nuen, nire andregaia egin zena (gaur emazte dudana). Barku liberiarra saldu zenean Liverpoolera itzuli eta ikastaroak egin nituen: radarrarenak (orduko berrikuntza zen), itsasorratz giroskopikoarena (puntako teknologia zena)...

Merkatal barku ingeles batean sartu eta Amazonian barrena jardun zenuten merkataritzan. Behin zerrategi bat erosi omen zenuen...
Belenen geunden (Amazoniaren sarreran dago, eta bertako lehenengo portu ozeanikoa da), ihauteriak ziren eta parrandan genbiltzan, pozik, euforiak jota. Gizon ingeles batekin topo egin, eta hizketan hasita esan zidan bere zerratokia saldu behar zuela. Trago bat eta beste baten ostean, azkenean berotu, eta bitan pentsatu gabe barkura joan, dolarrak hartu, tabernara itzuli eta dirua mahai gainean jarri nion. Orri bat eskatu tabernan, eta planoa egin zidan zerrategia non zegoen markatuz, eta idatzi bat egin zuen, esanaz jabe berria ni nintzela (ingelesez, noski). Hark alde egin, eta nik gorriak ikusi nituen gau hartan, lapurtu egin nahi izan zidatelako. Emakume bat amu bezala erabili zuten, eta ni etxe bateraino eraman ninduen. Baina etxera sartzerakoan, eskerrak aurreko txabolan norbaitek kinke bat piztu zuen. Argi hura medio nik labana handi baten distira ikusi, eta erasotzera zetozela jabetu nintzen. Hortik aurrera borroka hasi zen. Labana ez zuten erabili, baina bestela ere nahikoa egurtu ninduten! Bertako polizia zaldiz etorri, eta lapurrek korrika egin zuten ihes, ni bertan zaurituta utzita.

Zerrategian lan egiten zuen tribua Yagua zen...
40-50 kideko tribu bat zen, oso jende jatorra benetan. Euren ohiturak eta erritualak sendo mantentzen zituzten. Bazen misiolari bat, tribura joaten zen aldiro jantziak eramaten zizkietenayaguei, biluzik ibil ez zitezen. Eta tribukoek, misiolaria etortzen zenean jantzi egiten zituzten, hari ilusioa egiteagatik, baina tributik alde egin orduko arropak jaso egiten zituzten, hurrena etortzen zenerako!

Zein hizkuntzatan ulertzen zenuten elkar?
Zerrategiko tribuak gaztelera eta portugesaren arteko nahasketa bat hitz egiten zuen nirekin. Baina euren artean bertako hizkuntzan mintzatzen dira.
Jesuitak izan ziren bertara heldu ziren lehenak, eta garai hartan tribuak ez ziren Amazonas ibaian bizi (ez baita ibai osasungarria), erreka naturaletan baizik. Baina jesuitek konbentzitu egin zituzten Amazonias ibaian bizitzeko, errepide bat baita, komertziorako aproposa. Eta jesuitak izan ziren komertzio harremanetarako bertako bi hizkuntzak ikasarazi zizkietenak (ketxua, Amazonia goialdean mintzatzen zena, eta guarania, behealdekoa). Baina gerora, gu bezalako kolonizatzaileen eraginez, portugesez eta gazteleraz hitz eginarazi zitzaien, eta orain bien arteko nahasketa bat hitz egiten dute.

Nabigatzaile bakarrarekin belaontzian munduari bira ematen dioten bi bela lasterketa daude: Vendée Globe eta Boc Challenge. Zein da bi horien arteko ezberdintasuna?
Ezberdintasuna garrantzitsua da, nahiz eta biak leku berdinetatik pasatzen diren.
Boc Challenge-a 4 etapatan jokatu beharrekoa da: Newportetik Cape Town-eraino, gero Sydneyra, handik Cabo de Hornosera, eta azkenik Newportera. Lasterketa hau oso polita da, lehenik eta behin zailtasun teknikoek zure abilezia frogan jartzen dutelako. Gainera lasterketan bete-betean ari zaren sentsazioa ematen du, zeren ez zara beste partaideengandik urrun ibiltzen, eta lehia badago. Baina pixka bat gaizki iruditzen zitzaigun etapak eginez erritmoa hautsi beharra, eta nabigazio osoa geldialdirik gabe egiteko ideia sortu zen. Ideia txarra benetan!

Vendée Globe ez da imaginatzen dugun belaontziko bidaia idilikoa...
Inondik ere ez da idilikoa bidaia hori! Jendeak itsasoaren kontzeptu arraroa du: "Vacaciones en el mar" ikusten dute, eta uste dute zerua beti dela urdina, eguzkia ageri dela beti, zereginik ez... eta justu kontrakoa da, etengabeko lana: bela pisutsuak manejatu behar dira, gauzak konpondu, denbora guztian atezuan egon eta pentsatu egin beharra dago haize gehiago hartzeko nondik jo... Eta gainera ontzia zaldi basatia da! Belaontzi batek 20-25 korapiloko abaila har dezake (50 kilometro orduko)... ezin duzu imaginatu ere egin zer den hori! Naturaren indarra da, ontzi batek bete betean harrapatu egiten duena. Haizearen eztanda belan, olatuak itsasontziaren bizkar gaina zeharkatzen etengabe, 20°ko tenperatura zero azpitik, beti arropak blai eginda, hainbeste denbora, hainbeste milia...
Tarteka olatu piramidalak hartzen ditugu, gurutzatu egiten diren bi olatu. Haizea iparmendebaldetik sartzen da, eta gero hegoekialdera aldatzen du norabidea; bi haizeek sortutako olatuak bat eginda piramideak sortzen dira, 30 metrotako altuera izan dezaketen olatuak! Eta hori hausten denean, milaka tona olatu jausten dira, bertatik tren bat pasako balitz bezalako eztanda-hotsa ateraz. Olatu piramidal horiek, nire barkuari, hartu eta bira osoa eman izan diote. Beraz, inondik ere ez da idilikoa! Eta partaideen erdiak ez du ibilbidea bukatzen.

Gainera, radarra izorratu zitzaizun, icebergak zeuden zonaldean...
Radarra antena handi bat denez, olatuek barkua etzatean askotan galdu egiten da. Kasu hartan icebergak zeuden zonaldean gertatu zitzaidan. Jada radarraren antenak txikiagoak egiten dituzte, eta hobe defendatzen dira itsasoaren indarraren aurrean. Baina hegoalderantz gindoazela, lasterketako 5 barkuk jada radarra galdua zuten. Eta radarra da icebergak detektatzeko modu bakarra: 5 milatara detektatzen du, eta denbora ematen dizu norabidez aldatzeko. Eta egoera hartan zer egin?

Esan ezazu zerorrek: zer egin?
Ez dago ikuspen onik (behelainoa, haizea...), baina bat-batean, agian zortea duzu eta haizea icebergetik dator, eta somatu egiten duzu: iceberga ur gezaren masa handi bat delako. Edo entzun egiten duzu olatuak iceberga jo duela. Beraz, etengabe ernai egon behar duzu, lorik apenas egin gabe.

Barkua hautatzerakoan oso kontserbadorea izan omen zinen. Zergatik?
Bai, arrazoi batengatik: lasterketa bukatu egin behar nuela. Badira lehiakide batzuk buruan gauza bakarra dutenak: irabaztea. Eta horregatik ontzi azkarrak hautatzen dituzte, baina errazago puskatzen direnak. Beraz, dena jartzen dute jokoan: edo lehenak helduko dira, edo ez dira helduko. Jende gazteagoa izaten da hori, garaipenak gerora finantzabideak aurkitzeko erraztasuna emango dielako.
Nik ordea, 60 urteak ondo beteak nituen, eta lasterketa bukatu egin behar nuen. Bestela, ez Euskal Herrian bakarrik, baita Espainia osoan ere, berehala esango zuten: "Ugarte zahartuta dago, eta erretiratu beharra izan du". Horregatik aluminiozko barku bat hautatu nuen, bidaia osoa irautea bermatzen zidana, baina asko pisatzen zuena. Eta asmatu egin nuen. Iritsi ziren barkuetatik, baziren 3 hondoratzeko zorian zeudenak, zorte hutsez iritsi zirenak.

Cabo de Hornoseraino iristea benetako infernua izan zen. Noizbait lortu iristea, eta... turistak bertan!
Tripako min galanta eman zidan! Pentsa ezazu: zu Cabo de Hornosera bidean zoaz, eta 300 mila eginda planoan begiratzen duzu, eta esan "baina ez dut eta ezer aurreratu! Ez naiz sekula helduko, puntu hori ez da existitzen!" Eta egunak eta egunak ematen dituzu, etengabe konponketak egin eta itsaso gogorrean barkua azalean mantendu nahian, eta morala gero eta hondoratuagoa duzu... eta halako batean, egun santu batean iritsi nintzen. Eta ingurura begiratuta, hantxe zegoen bidaia ontzi erraldoi bat, zuria, turistaz beteta, eta denak argazkiak ateratzen. A ze amorrazioa. Egun hartan Cabo de Hornosek nirea behar zuen izan, nirea bakarrik! Eta ez jauna: nirea, eta beste 500ena zen!

Bidaia barku batean ur haietan lasai asko bidaia daiteke?
Ontzi horiek oso handiak izaten dira, segurtasuna badute, baina ez dira erosoak, jendea zorabiatu egiten da. Baina turistentzat garrantzitsuena Antartidan egonak direla esatea izaten da, argazkiak atera eta herriko denei jakinaraztea. Behintzat barkuan berogailua izaten dute, jaten ondo ematen diete, eta Antartidaren gogortasuna kristalaren atzetik ikusten dute!

Itzuleran, lurrera ohitu beharra izango zenuen...
Bakarka egin nuen nire lehen lasterketa hartatik (OSTARetik) gauza bat ikasi nuen: bizitza normalean sartzeko modu bakarra, alkoholera jotzea zela. 185 egun ematen dituzu itsasoan, eguneko 24 orduak ernai, etengabe lan fisikoa eginez... Eta behin lurrera helduta erritmo hori bat-batean eteten da. Eta ez duzu behar bezala lorik egiten, beti atezuan baitzaude soinu bakoitza zerena ote den pentsatzen. Whiski botila erdia edaten baduzu, berriz, loak hartzen zaitu ziplo.
Gainera alkohol maila oso baxuarekin heldu nintzen lurrera, eta bat-batean txanpain botila bat eman zidaten, eta zanga-zanga hustu nuen! Afaritan ardoa (bi aldiz afaldu nuen), gero kopatxoa... eta lo patxada ederrean egin nuen. Baina biharamunean, bainua pozik hartzen ari nintzela (ur beroko bainua! Luxu ederra!), andreak esan zidan: "gau ederra eman didazu!". Zirudienez, ohetik jeiki eta balkoitik jaisten saiatu nintzen, logelako hormari pixa egiten hasi omen nintzen...

Jateko grina ere ez zen makala izan.
Pentsa. Itsasoan 4.500 kaloriatik 1.000 baino kaloria gutxiagotara jaitsi behar izan nuen eguneko otordua, itsasoak barkua etzan eta janari erreserbaren zati bat galdu bainuen, baita urarena ere. Gose handia pasa nuen. Ura berriz, euritik eta kazkabarretik jasotzea espero nuen, baina ur horrek ez zidan balio, ontziaren bizkarrera jausten zenean itsasoko urarekin nahasten baitzen; beraz, erreserbatik litroaren hirulaurdena bakarrik edan nezakeen egunero, eta ura gezatzeko bonba batekin ordubeteko lana eginda botila bat ur atera nezakeen.
Lurrera helduta, egun askotan izan nuen gosea eta janariarekiko obsesioa: denda baten aurretik pasatzen nintzen aldiro eskaparate aurrean gelditzen nintzen begira-begira.

Munduan barrena bizi izan zara. Herrialderen batean errotuta sentitu zara?
Euskalduna naiz, eta niri Bizkaiko Golkoa eta bertako jendea gustatzen zait. Hala ere lasai asko bizi naiteke munduko edozein lekutan. Ingalaterran gustura bizi izan naiz, izugarri gustatzen zait Nerwport (EEBB), Belenera sarri joaten naiz (negozio bat dut bertan), eta Amazoniara noanean kosta egiten zait itzultzea, asko gustatzen zaidalako bertako giroa.


- Jaio: Areetan, 1928an.

- Itsasgizona.
- Deustuko Nautika eskolan ikasi zuen, eta baporezko ontzi zahar batean hasi zen agregatu gisa. Bere marinel bizitza profesionaleko azken 3 urteak Britainiar Marina Merkantean egin zituen, eta Liverpoolen jarri zen bizitzen 1960an. Hamar urte beranduago itzuli zen Bizkaira.
- Palmaresa:
+Bakardadeko erregatak: Belaontzian bakardadean egiten den erregata batean lehen aldiz 1979an hartu zuen parte, AZAB izeneko frogan, eta bigarren postua lortu zuen. 1987an ostera parte hartu eta irabazle atera zen. OSTAR erregata 5 alditan burutu du (1984an bigarren postua eskuratu zuen, eta 1988an hirugarrena).
+Bakardadeko erregatak munduari bira emanez: 1991-92an Boc Challenge lasterketan izan zen lehen aldiz, munduari 4 etapatan bira emanez, eta1994-95ean ostera ere bela lasterketa hau jokatu zuen. 1992-93an Vendée Globe lasterketa ospetsuan parte hartu zuen, munduari geldialdirik gabe bira emanez.
- Argitalpenak: «Regata en solitario alrededor del mundo» eta «El último desafío» liburuak.
Doinua: Bizkaiko aberatsak

Bizitzak itsasoa
bere emagina
Areetan sortuak

berez itsasmina
Elcano ez, Ugarte
genuke jakina
lurrari buelta emanda
gure kapitaina
Guggenheimen sartuta
ibili bazinaJexux Mari Irazu
Julen Arriandiaga kapitaina izan da niretzat itsasgizonaren etsenplua. Historikoki ere baditut idoloak: Cristobal Colon, Errege Katolikoak konbentzitzen jakin zuelako dirua eman ziezaioten, leku mitiko bat aurkitzera joateko, inork ez zekiena bazenik ere! Eta Sebastian Elkanok ere jende asko konbentzitu behar izan zuen dirua jar zezaten bideak aurkitzera joateko, baina ez portugesak joaten ziren bidetik, beste aldetik baizik! Bost barku atera, eta ontzi bakarra heldu zen: Elkanok zuzendutako ontzia.

Jaunartzea egiteko amari kapitain trajea eskatu zion, nola ez!


Azkenak
Emisio gutxiko eremua behin-behinean etetea erabaki du Euskal Hirigune Elkargoak

Frantziako legebiltzarrean Errepublikanoek eta Batasun Nazionalekoek egindako zuzenketen harira dator erabakia. Zuzenketak onartu dituzte, eta, beraz, Euskal Hirigune Elkargoak emisio gutxiko eremua ezartzeko gastu ekonomikorik ez egitea erabaki du.


Birundaren aldeko manifestazioa egin dute Donostiako Parte Zaharrean barrena

Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.


Euskal Herriko II. Ekotopaketak egin dituzte asteburuan, garaiko erronkez eztabaidatzeko

Jauzi Ekosizialeko kideek antolatzen duten bigarren edizioa da. Euskal Herriko trantsizio ekosozialak "inoiz baino premia handiagoa" duela adierazi dute, "datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada".


2025-03-31 | Ahotsa.info
Burlatako Gazte Asanbladak gaztetxearekin jarraitzeko akordioa iragarri du Udalarekin

Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.


Bost urterako inhabilitatu dute Marine Le Pen, Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik

Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]


BDZk CAFi exijitu dio Israelekin harremanak mozteko, igandeko manifestazioetan

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.


STEILASek eta LABek jakinarazi dute Hezkuntza Sailak bertan behera utzi duela gaurko deituta zuten bilera teknikoa

Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.


Armen lobbyek (Euskal Herrikoak barne) gerrara eraman nahi gaituzte

Joan den ekainaren amaieran bukatu genuen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuaren lehenengo zatiak Gerra badatorrela! du izenburu, bertan... [+]


2025-03-31 | ARGIA
Iruña-Veleia afera argitzea eta ondarea ez suntsitzea eskatu dute Gasteizen

Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura... [+]


2025-03-31 | Gedar
Etxebizitza-arloko arrazakeria salatu eta apirilaren 5ean mobilizatzera deitu dute hainbat kolektibok

Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.


2025-03-31 | Usurbilgo Noaua
Zaintza eredua eraldatzeko ahalegin betean segitzen du Usurbilek

Usurbil herri zaintzaileagoa izateko lankidetzan ari diren herrikide, eragile eta erakundeen talde argazkia duzue albiste honi atxikitakoa. Larunbatean Sutegin egindako "Usurbil, herri zaintzailea" izeneko ekitaldian atera genuen. Norabide horretan herri hau egiten ari... [+]


Aitor Esteban EAJko presidente berriak batasunerako deia egin du alderdiaren IX. Batzar Nagusian

Kargua "ohore handiz, erantzukizunez eta apaltasunez" hartuko duela adierazi du Atano III.a pilotalekuan, 1.800 lagunen aurrean. Aberri Batzarrak Euskadi Buru Batzar berria osatuko duten zortzi kideak ere hautatu ditu.


GALek eraildako Xabier Galdeano oroitu dute Algortan 40. urteurrenean

Egin egunkariko zuzendaritzako kide eta langilea Donibane Lohizunen erail bazuten ere, Algorta jaioterrian egin diote oroimen ekitaldia, igande eguerdian. Bertaratutako lagun zein senitartekoek presente izan dute estatuaren indarkeriak hil zuela.


analisia |
Save the Children, saldu bonbak (II)

Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]


Eguneraketa berriak daude