Tostartekoak beren eskubideen defentsan


2021eko uztailaren 28an
Dirudienez, baxurako arrantzan lanean zebiltzan marinelak haserre ziren beren patroi jendearekin 1971ko uztaila hasiera hartan. Atunetara irteteko zorian zeuden arren, ezer baino lehen Gizarte Segurantzarekin zuten gorabehera bati konponbidea aurkitu nahi zioten. Ontzi jabeek, ordea, muzin egiten ei zieten haien eskakizunei, eta hara hor arrantzaleen arazoa! ZERUKO ARGIA ere kezkatu zen hartaz, eta «S.» bezala bere burua ezagutzera ematen zuen norbaitek idatzitako lanari eskaini zion lehen orrialdea. «S.» sinadurarekin inork gutxik ezagutuko zuen egilea, beharbada, baina trukean «S.»k ezin hobeto ezagutzen zuen baxurako arrantzan zegoen buruhausteriaren arrazoia, eta hori zen garrantzitsuena.


DIRU KONTUAK GARBITZEN

Marinel ororen bizimodu garratzari errepaso txiki bat egin ondoren, "berarizko itxas-gizonak ditut gogoan, bajurako arrantzaleak alegia", argitzen zuen S.-k. Izan ere, "Euskalerrian asko dira lanbide au darabilten gizonak. Auen irabazieri esker famili aunitz bizi da Kantauri itxasbazterrean. Baita berek dakarkiten arraiari esker ere. Zenbat on familietara eskabetxerietatik! Eztira gutxi atzerritik gure artera etorri diranak or ateratzen diran txanponen utaian" (sic: apika "usaian" jarri beharko zuen han, baina… tira!).
Gauza da, ikuspegi orokor hau eskaini eta gero, behin-behinean esateko zuenari bide egingo zion gaia ukitzera erabakitzen zela idazlea. "Bajurako arrantzaleek gizarte gaietan eta diru gaietan eralguntza eta antolabide oso berezia dute" azaltzen zion hartaz tutik ere jakingo ez zuen irakurlegoari, lehorreko langileen artean ohiz ematen zena eta arrantzaleen artekoa bereiziz. Lehorrean, "batzuek, lantegia jartzen dute (erderaz capital) eta besteek lantegi ortan lan-egin ta eguneroko lan-saria jaso eta kitto" baina, "eztago bajurako arrantzaleen artean orrelakorik".
Nolakoa ote, bada, baxurako arrantzaleen egituraketa hori? Horrelakoxea: "Norbaitek edo norbaitzuek (askotan bat baiño geiago izaten dira ontzi jabeak) itxasontzia jartzen dute arrantzarako bear diran tresna guztiekin. Auek dira nagusiak. Bear dituzten gizonak artzen dituzte eta aueri, mutillak eta baita tostartekoak ere deitzen zaie. Badijoaz itxaso zabalera eta egiten dute (egiten badute jakiña, askotan utsik itzultzen bait dira)". Dena dela "arraia dakartenean aren dirua bi zati egiten dute. Erdia ontziarentzako (ori leenago, gero esango degu zerbait oni buruz), beste erdia ontzian dabiltzan guztientzako. Emen badute parte nagusiak ere, arrantzan badabiltza".


ARAZOAREN MUINA

Derrigorrezko zitzaion «S.»ri xehetasun hauek guztiak ematea, ondoren zetorrena uler ziezaioten: "Orain dala amabi urte, aurrerapen asko egin zan itxas-ontzietan (radar, sonda, gonio) eta nagusiek mutil baten partea eskatu zuten ontziarentzat". Gauzak horrela, "ez dira % 50 ontziarentzat, % 52,70 baizik gutxi gora beera". Hortaz gainera, "mutillentzako gelditzen dan zati ontatik ontzian jateko ta abar bear diranak artzen dira. Baita ere jela, arrai kaja eta abar".
Bizimodu latza, arrantzaleena, eta gutxi ordaindua, gainera! Baina bazuten gehiagorik ere. Gizarte Segurantzaren beharra begibistakoa da denon kasuan, eta arrantzaleenean areago, esango nuke. Eta hori izaki istilu sortzailea:
"Leenago seguru social au estaltzeko, nagusiek eta mutillek erdibana ordaintzen zuten. Baiña orain urte bete, 1970'go uztaillean, urrengo abuztutik aurrera, seguru au estaltzeko, nagusiek % 30,47 eta mutillek % 6,99 eman bear zutela agindu zuten goitik. Eta emen dator koxka. Nagusiek eta mutillek segurorako eman bear zuten onekin etzuten irutik bi besterik estaltzen seguroa. Irugarren partea zintzilik gelditzen zan". Hau da, "illeko ogei egun bakarrik gelditzen ziran seguropean".
Honek ondorio larriak zituen tostartekoentzat eta haien familientzat, zeren "norbait elbarritzen bazan" edota, okerrago oraindik, "iltzen bazan, bere emazteak esate baterako, etzuan seguro osoa jasoko".
Jakina, "ez zuten arrantzaleek au orrela, utsune onekin utzi nai eta asi ziran, laneko ordezkariak bitarteko zituztela, itunbe bat egin nairik. Mutillak, nagusiekin erdibana ordaintzeko konforme zeuden, baiña ez ontzi jabeak". Hauek "gelditzen dan utsune ori betetzeko irabazien banaketa egitean ontziari (kapitalari) % 52,70 eman bearrean % 57,70 erantsi bear zitzaiola adierazi zuten" eta bistan da "onekin etzeuden konforme tostartekoak eta or sortu zan auzia".
Eta gerorako uzterik ez zegoen auzia zen hura, antza. "Atunetara joateko garaian arkitzen dira, bainan tostartekoek ez dute atera nai auzi au erabakitzen ez dan bitartean. Garrantzi aundia ematen diote mutillek zintzillik dagon seguro arazo oni". Ulertzekoa!
Marinel soilak eta patroiak aurrez aurre. Nola bukatuko ote zen hura? Ez «S.»k ez Z. ARGIAk ez zeukaten gauza oso garbi: "Nola erabakiko ote da auzi au? Ba dirudi bide onean dijoala, itxaropen ori daukate beintzat, tostartekoek"

Diru-goseari uko egiten
Gauza zallik baldin bada, zallenetako bat auxe: diru-goseari uko egitea. (...) Joan dan bagillaren 5'ean ikusi nuan zerbait garbia eta kutsugea. Azkoiti'ko pelota-tokian zan, ain zuzen ere. Gaueko bederatzi terdiak ziran. Jendetza aundia bildu zan pelota-partiduak ikustera. Bi eratako eragiñak bultzata joan ziran, noski, ainbeste ikusle. Batetik, pelotari ospetsu izandakoak zirala, gau artan jokatzen zutenak: "pelotari zaarrak", txapeldun izanak. Bestetik, berriz, IKASTOLA'ren aldeko laguntza bildu bearrak eraman zituan pelota-zale ugari aiek danak. (...) Eta orra partidu zoragarria gertatu! Partidu garbia,esango nuke. An etzandirurik jokatzen. Partidu-irabazleen eta galtzaillen artean dirurik etzan jokatzen. Ezta ikusle artean ere etzan diru-trabesik. Alde guzietatik joku garbia, benetakoa, jatorra, egiazkoa. Lau pelotari ospetsuek bai gogoz eta burutsu jokatu zutela! An ez genuan txantxarik ikusi; an etzan iñor "paxara" egiten ibilli. Ala saritu ere zituzten lau pelotariak. Oraindik alako txalorik eta eupatekorik! (...) Arriaran III eta Gallastegi batetik, Arrasate'ko Ezkerra eta Akarregi bestetik. Zeiñen laukote yayoa eta bikaiña oraindik ere, berrogei ta amarna urte irauliak dituztelarik ere ia-ia laurak! (...) Eta... ba dute jarraitzaillerik ere. Ondoren bestelau pelotari, laurak gazteak: Ansola eta Etxaniz batetik, Egiguren eta Otaegi bestetik. Pelotan, noski, ta ntorik geiena egin zutenak ziran irabazle: aurrenengobiak. Ikusle guziontzat, ordea, laurak berdin jatorrean eta gizatasunean. (1971-VII-04 eta 11)

Fanderia: ez merkenak, bai onenak!
Iragarkia, 1971-VII-04 eta 11

Janari bidez izaten dira/ ganadu on, indartsuak,/ Eta nora jo jakin bear du/baserritar burutsuak,/ Berebiziko aragi pillak;/ gañera esne putzuak,/ Oiek guziak berekin ditu/ Fanderia'ko pentsuak. (Errenteri)

Georg Lukacs hil denez gero
Jose Azurmendi, 1971-VII-04 eta 11

Georg Lukacs lehengo Gerra Mundialaz gerozko filosofo eta intelektual marxista entzutetsuena izango zen Europan, apika. Literatur-kritikoek haina zor diote klase-burrukaren teorikoek, eta -harrigarriago- mendebaleko marxismoaren berbizkundeak haina behinolako esistentzialismoak: geroago Kierkegardianoen zenbait kezka berak zabaldu bait zuen. Eta halere, "Arrazoimenaren errauspena" liburu garratzaren idazle indibidualista, errealismoaren aldezkari sutsuak F.Kafkari errealismo gutxiegi kausitzen zion. Kafka ofizialki gaitzeritzita zegoen marxisten aldetik, eta Lukacsen kritikak kondena hau bermatzen zuen, Kafka sozialismoarentzat berrirabazi zuen zenbait (E. Fisher, etc.) Lukacsen adiskide izan arren. Idazle nekagaitz eta kritiko zorrotz honen lanak Lukacsek berak gogotik aipaturiko Leninen esaldi bat eduki zezakean abiaburu: "errealidadea legea baino aberatsago da... ta horregatik legea, edozein lege, motz, kamuts, hertsi ta hurbil-inguruzkako, aprosimatibo bakarrik da". Abiaburu zaila, jakina. Erakundez harmatutako ideologiazko "legea" eskas bezain zital izan ohi bait da, eskasia hura hauteman duenarekin batez ere. Lukacs Kafkak deskribaturiko eta berak errealismorik gabeko epaitutako "hauzian" kausitu zen bere bizi guztian. Lukacs marxista zen. Goitik beheraino marxista -eta goitik beheraino marxismoaren kritikatzaile (...)


Azkenak
ANALISIA
Aznarrek lagundu diola Aitor Estebani?

Aitor Esteban izango da EAJko EBBko hurrengo lehendakaria eta jeltzaleek salduko dute horrela, zuzendaritza berrituta, buruzagitza berria prest dagoela alderdiaren berrikuntza prozesuarekin jarraitzeko.


Udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia Donostian, Astigarragan eta Usurbilen

Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]


“Mezu faxistak” zabaltzen dituen EHUko Arabako Campuseko irakaslea salatu du Ikamak

Gasteizko EHUko Farmazia Fakultateko irakasle batek sare sozialetan “mezu faxistak” zabaltzen dituela salatu du Ikama ikasle taldeak. Joan den irailean, EHUk Leioako Campuseko irakasle bat kanporatu zuen sare sozialetan zabaltzen zituen mezuengatik.


Raimundo el Canasterori babesa adierazi diote 230 musikarik, eta musikaren bidez boterea kritikatzea zilegi dela aldarrikatu dute

Belako, Chill Mafia, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Ibil Bedi, J Martina, ØDEI, Olaia Inziarte, Nøgen eta Tatxers daude sinatzaileen artean. 237 musikariren zerrenda argitaratu dute.


'Itzal(iko) bagina'
Hemen gezurra nagusi

Itzal(iko) bagina
Taldea: Lokatz Loreak.
Aktoreak: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.
Zuzendaria: Iraitz Lizarraga.
Noiz: otsailaren 2an.
Non: Usurbilgo Sutegi aretoan.

-------------------------------------------------------
 
Bertsoa bertsolaritza,... [+]

Behe Bidasoako eraso faxistak eta Devenir Europeo

Eraso faxistak, xenofoboak edo homofoboak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere, eta kezka barreiatu da han-hemenka. Behe Bidasoa da eraso horiek pairatzen dituen eremuetakoa, eta hor, zehazki, eraso edota ekintza gehienak Devenir Europeo (Europaren bilakaera) izeneko... [+]


Argitaratu gabeko 36ko gerrako bideoak eskura jarri ditu Los Angelesko Unibertsitateak

Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.


2025-02-07 | Aiaraldea
Amurrioko Udal Gobernuari entregatu dizkiete Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza berrezartzearen aldeko 1.700 herritar eta eragileen atxikimenduak

Komunikabideko hainbat langile eta bazkide bertaratu ziren duela astebete Amurrioko Udaleko plenora, dirulaguntza bigarren urtez ezabatu dela salatzeko. Txerra Molinuevo alkateak ez zuen inolako erantzunik eman.


Erorien Monumentuko sinbologia faxista duten elementuak kentzeko eta interpretazio zentroa sortzeko lege proposamena aurkeztu dute

PSN, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarien sinadurarekin aurkeztu da gaur eta onartua izateko babesa izango du.


2025-02-07 | Gedar
Txantreako Eunate ikastetxeko irakasle erasotzaileak alde egitea lortu dute ikasleek

Iruñerriko IAk azaldu duenez, irakasle horrek ikasleak sexualizatu eta bortxaketak justifikatu zituen. Aurreko ostiralean eserialdi bat egin zuten eta sinadura bilketa bat izan dute martxan, irakaslea botatzeko.


2025-02-07 | Uriola.eus
Bi gizonek eraso homofobikoa salatu dute Bilbon

Lauzpabost pertsonak osatutako talde batek jo egin zituzten baita irain homofoboak egin ere.


2025-02-07 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs
“Euskal irainak baitezpadakoak zaizkigu, elbarritu emozionalak ez gaitezen izan”

Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak "lan tresna" baitira beretzat.


Aktibismoan osasun mentala zaintzeko zenbait tresna

Aktibisten ezinegonak bildu, eta horiek kolektiboki lantzeko gida bat sortu dute zenbait aktibistek. Besteak beste, estresa, beldurra, frustrazioa eta nekea landu dituzte.


Eguneraketa berriak daude