«Ni ez naiz inoiz politiko izan. Nomada bat izan naiz»

  • Gorriak eta bi ikusi ditu, eta aldiz, bere bizitzako pasadizoek negar eragin digute barrezka.Maixuari eginak, aitari sartutako errespetua, kristauei konfesatuarazitako bekatuak... betidanik jarri dizkie klase guztietako agintariei ileak tente. Benetako gaiztakeria gezurrezko zintzotasuna baino hobea dela erakusten digu. 68an, berriz, berak utzi zuen Martuteneko kartzelan Pantxo Villaren bibotea, eta luzaroan moztu ez dezala desio diogu.
Noiz bihurtu zitzaizkizun mitinak, bilerak, adierazpenak, manifestazioak, espedienteak, juizioak, kartzela, tortura eguneroko ogi?
Izar enpresatik 12 lagun bota gintuzten, grebak antolatzen aritzen ginelako. Ondoren erbestera joan nintzen, eta 1977an itzultzean peoi hasi nintzen. Behin Santi Brouard etorri zitzaidan enkargu bat ekartzera. Ni obran, eskorgarekin eta lohiez beteta ikusi ninduen eta hark esan zidan "zuk ezin duzu hemen egon, zuk lan politikoa egin behar duzu..."
«Anaitasuna» aldizkarian hasi nintzen lanean liberatu moduan. Eta denbora gutxiz beste bi enpresetan lan egin ondoren segituan HBko bozeramaile lanetan hasi nintzen. Santik eskorgarekin ikusi ninduenean etorri zen nire desgrazia. Orduan sartu nintzen politikan. Ni ez naiz inoiz politiko izan. Politiko izateko bokazioa behar da eta nik ez dut egundo bokaziorik izan.
Nomada bat izan naiz, beti egon naiz sindikalismo barruan, borroka barruan, militantzian sartuta, baina langile edo abertzale mailan. LABen sorreran, ETAko fronte langilean sartuta egon nintzen, CCOOekin kontaktuan...
Baina alderdiko lotura hori ez da niretzat egina. Independientea izan naiz eta uste dut ukitu anarkista bat ere badudala. Gainera, sekula ez zait gustatu bizimodu publikoa izatea. HBko bozeramaile izan nintzenean, berriz, nire aurpegia bedeinkatuta egon zen Espainiako Guardia Zibilen kuartel denetan. Karpeta potolo bat dut ganbaran gordeta, sumario denekin.

Goma-aparrezko panpinetan karikaturizatu zaituzte. Nolakoa da zure benetako izaera?
Nire izaera oso berezia da, oso zabala, oso independientea.
Oso temosoa ere bai: txikitan, Manu izeneko mutil handi bat genuen bizilagun. Ni, berriz, gaztetan txikia izan naiz. Baina hala ere borrokan hasi eta sekulako astindua ematen nion. Bere amonak gure aitari kontu hartzen zion, eta aitak epelak ematen zizkidan. Hurrengo egunean Manuri handiagoa ematen nion, eta aitak iluntzean niri... Azkenean uste dut ni baino lehenago aspertu zela gure aita.
Basoan, errekan eta txori habi bila ibiltzea niretzat zoramena zen, batez ere udaberrian, odola berotzen denean. Eskolara, egun batean bai eta bi astean ez nintzen agertu ere egiten. Don Marcelo maisuak ohar bat bidali zuen etxera hamar egunean ez nintzela eskolara agertu esanaz. Aitak sekulako egurra eman zidan. Aita gizona ona, baina astakilo bat zen, jotzen hasten zenean apurtu arte ez zen gelditzen. Erbestea eskatu nuen izeko Teresaren baserrian, eta hantxe egon nintzen 15 egunean. Aita ia barkamenak eskatuz etorri zen bila. Maisuarekin pakeak egiteko bakailu bat eman zidaten. Garai hartan bakailua altxor handia zen,eta nik ezetz erantzuten nien, ez nindoala eskolara bakailu batekin. Azkenean derrigortu egin ninduten, eta nik bidean, amorratuta, txilibitua atera, bakailuari txisa egin eta hala eraman nion maixuari.

Aitak epelak ematen omen zizkizun, baina zuk ere itzultzen zenizkion...
Bai, behin baino gehiagotan gainera: Baserrian kakalekua txabola moduko bat zen. Zuloa ortuetara begira egoten zen, eta inolako heldulekurik gabe egiten zen kaka. Behin, gure aita komunean prest zegoela, ni behean jarri nintzen, eta tiragomarekin harrikada bat jo nion barrabiletan.

Zer da gerrako ume izatea?
Bizirik atera dena da gerrako umea. Garai hartako umeek ez genuen ezer eduki. Alpargata batzuk, eta haiek ere euria hasten bazuen erantzi eta kolkoan eramaten genituen ez bustitzeko, garestiak ziren-eta. Baloiak piper latekin egiten genituen. Txatarra bildu eta hura salduz ateratako diruarekin erosten genuen baloia. Zulatzen zenean partxea jartzen genion, eta dozena erdi partxe irauten zituen.
Alde itzela dago lehengo umeen eta oraingoen artean. Oraingo umeek hamalau kanbioko bizikletak, futbolean egiteko botak, walkie-talkie-ak... dituzte, eta erdiei ez diete begiratu ere egiten. Ez diete gauzei balorerik ematen.
Lehengo umeek imajinazio gehiago genuen jolasak eta jostailuak asmatzeko. Oraingo umeak inteligenteagoak dira, ikasketak, interneta eta baliabide guztiak dituzte. Baina argiak ez dira. Lehengo umeak askoz ere independienteagoak, solidarioagoak, argiagoak (ez inteligenteak) izan ginen. Gure aitak bizikleta zahar bat ekarri zigun, eta auzoko ume denek ibiltzen genuen. Oraingo umeei ez esan ea utziko dizuten bizikleta buelta bat emateko! Askoz eskuzabal eta solidarioagoak ginen. Oraingo umeek beste balore batzuk izango dituzte, baina pertsonaren baloreak asko galdu direla uste dut. Ez dute konpromiso sozialik.

Nola pasa zinen ume arotik gaztarora?
13 urtera arte egoten ginen eskolan, lau graduko entziklopedia irakurri arte. 14 urterekin lan eskolan hasten ginen, makinak nola erabili ikasten. Hori zen muga, eta galtzak ere aldatu egiten ziren: txikitan galtza motzak, gero bonbatxoak, eta txilibitua galtza barrenetik ateratzen zenean, alegia, umea mutiltzen zenean, galtza luzeak.

Garai hartan sexu errepresioa ere itzela zen. Nolako harremanak zenituzten neskekin?
Parkera etortzen ginen dantzara. Plaza izkinan guraso denak egoten ziren zelatan. Hasieran sueltoan dantzatzen genuen. Gero orkestina bat jarri zuten, eta harekin hasi ginen lotuta dantzatzen. Baina lotuta, zer modutan! Neskak bi metrotara jartzen ziren, eta gu besoarekin gerritik heldu eta erakarri nahian, txinpanzeen erara.
Haurdun geratu eta gero ezkontzea sekulako eskandaloa zen, satanizatu egiten zen. Horrelako errepresioa egonda, zer egin? Beharrezkoa zen gorputzari piztualdi bat ematea, eta La Palancan jo genituen lehen tiroak.

La Palanca edo puten auzo horretan zer mugitzen zen?
Han edonor ikusten genuen, behin sakristauarekin egin nuen topo. Jainkojale bat ere bazen Zornotzan, guri filmak ematen zizkiguna eta musu eszena denak goraizez mozten zituena. Gato Negron hor non ikusten dudan gizon hura eskua neska baten gonapean sartuta. Berehala etorri zitzaidan eta esan zidan: «Lotsagabe hori. Zer egiten duzu zuk prostituzio etxe honetan? Eta gauza bat esango dizut: tabako gorria erostera etorri naiz" (kontrabandakoa). Zornotzara etorri eta nire aitari esan zion putetxe batean ikusi ninduela. Nik herri osoan zabaldu nuen: «Badakizue jainkojalea non topatu dudan? Tabako gorria erosten hanka tartean".

Nola ikusten duzu puten lana?
Nik uste dut gorputzaren langileak direla. Gustuz inork ez du hori egiten. Etortzen diren denak jasateko, asko mozkorrak, barrua behar da. Beharragatik egiten dute lan.
Baina garai hartan behintzat funtzio garrantzitsu bat bete zuten. Gaztetan zezen zoroa bezala eta batere jakin gabe joaten ginen putetxetara. Gato Negron egon zen Herminiak, pazientzia handia izan zuen gu bezalakoekin. Oso zahartuta ezagutu genuen, baina emakume horrek erakutsi zion amodioa egiten belaunaldi askori.

Militantzia hezurretaraino sartua duzu. Nola gogoratzen dituzu hasierako urteak?
Lehenengo militantzia EGIn izan zen. Mendigoizaletasunagatik eta abertzaletasunagatik sartu nintzen. Urtean behin Argentina edo Venezuelatik etortzen ziren panfletoak banatzen genituen, eta beste behin Aitor Ormazarekin mendian batzar bat egiten genuen. Hor bukatzen zen gure zeregina. Franco garaian EAJk ez zuen esku bat ere mugitu. Lurpean sartu eta ez zuten burua erakutsi ere egiten.
Fabriketan mugitzen hasi ginen: hiru-lau urtean aprendiz hartzen gintuzten, eta nagusien lana egiten genuen hutsaren truke. Sekulako esplotazioa izan zen. Gazte mordoa elkartu ginen militante zaharrekin. Gero, ETAko fronte obreroan...
Gainera Zornotza herri oso politizatua izan da beti. EAJ, PC, PSOEko jende oso gogorra ezagutu dut beti herrian, eta haiekin ibiltzen ginen. Gero etorri ziren marxismo-leninismoko generazio berri inportatuak: hirugarren internazionala, laugarren internazionala, eta nik deitzen diedan bezala, bosgarren interplanetarioa.

Iraultza egiteko asko irakurri beharra dago...
60ko hamarkadan marxismo-leninismo teorien eztanda izan zen eta guk sekulako egarria genuen teoria horiek ikasteko. Noizean behin Txinako itsasontzi bat etortzen zen Deustura eta bertatik betetzen zituzten EMK-ko denek motxilak liburuz eta panfletoz.
Horiek irakurtzen hasi ginen, baina baita ezberdintzen ere: euren teorien arabera abertzaleak burges txiki radikalizatuak ginen. Euren iritziz sozialismoak ez zuen zerikusirik abertzaletasunarekin.
Guk esaten genien Francoren kontrako borrokan punta puntan zegoena ETA eta ezker abertzalea zela, eta indar denak batu behar zirela, ez banatu. Hasten baziren bereizten, hemendik sozialismoa eta hemendik abertzaletasuna, EAJren jokoan eroriko ginen. EAJk orain 80 urte esaten zuen abertzaletasunak ez zuela zerikusirik sozialismoarekin. ETAk V. asanbladan erabaki zuen herrien askatasuna langileen askatasunaren eskutik etorriko zela. Independentzia eta sozialismoa bide beretik doazela eta lotu egin behar dela. Ikusi españolisten jarrera, EMK edo LKIren jarrera zein izan den: desagertu egin dira, euren teoria marxista denek porrot egin dute. Orain ez dago estatu espainiarrean ezkerreko oposiziorik. Gaur ere abertzaleak eta batez ere ezker abertzalea da puntan dagoena eskubide demokratikoak lortzeko eskubide nazionalarekin batera.
Batzuk diote estatutuarekin nahikoa dugula. Hori tranpa handi bat izan zen, eta batzuk berehala erori ziren horretan. Guk ez genuen lurraldeak banatzea onartzen, eta gainera bagenekien autonomia independentziari agur esatea zela. Arrazoi genuen, orain ELAk ere esan baitu estatutua agortuta dagoela, bide horretatik ezin dela burujabetasunik lortu. EAJk gauza bera esan du, onartu egin du guk orain 20-30 urte esandakoa.

Oraindik sozialismoa aldarrikatzeak badu zentzurik?
Sozialismo modelo horrek porrot egin du. Beste irakurketa berri bat egin behar zaio. Kapitalismoaren bidea aldatu egin baita. Lehen askoz gogorragoa izan zen. Oraingo liberalismoa lehengo kapitalismo basatia bezain gogorra izan gabe, arriskutsuagoa da.
Oraingoak askoz gehiago irabazten du, baina aurpegia demokratikoki garbituta. Baina esplotazioa askoz gogorragoa da: prekarizazioa, langabezia, lan baldintzak, bankuek eta enpresek irabazten dutena...
Gainera egun globalizazioa ere kontuan hartu behar da: superestruktura bat egin eta goitik ekonomia dena kontrolatu nahi dute. Horren aurrean sozialismoari beste irakurketa eta definizio bat eman behar zaio.
Marxista garaiko teoria langileen diktadura zen. Hori jada ezin da inondik inora horrela izan. Sozialismoa izango da diktadura baino gehiago langileen partaidetza, ekonomiaren klabe guztietan.

Kooperatiben bidea izan liteke?
Kooperatiben esperientzia oso interesgarria izan da. Garai hartan kooperatibak beste esplotatzaile batzuek izan ziren, baina orain behintzat neurri bat eman dute, globalizazioaren aurrean bertako ekonomia gure esku edukitzeko.

Egungo gazteen artean militantzia hori mantentzen da?
Badira banaka batzuk, baina gizarteko fenomeno hori ez da ematen. Oraingo gazteek beste buruko min batzuk dituzte. Lehenengo lana da lan bat bilatzea, ikasketak, eta asteburua... Ez dute denborarik irakurtzeko eta irakurritako horri erantzun bat emateko. Ez dago lotura eta militantziarik. Ezker abertzalea da militantzian neurri bat ematen duena. Militantzia gogorra gainera. Beste alderdietan ez dut ikusten militantziarik. Bilbotik etortzen dira buruak eta kontsignak, eta besteek segi egiten dute.
Ez dago eztabaida zabal bat, ez dago elkartasunik beste ideietako jendearekin... Oro har gazteriak ez du erantzuten.

Nola bizi da eguna bukatzera iritsiko den ez dakiena?
Bizitzeko gogoarekin beti, baina gauza bat onartuta: egunen batean agian suertatuko da ezbeharren bat. Etortzen bada, etorriko da, eta bitartean lan egin, eta bizi.
Bi edo hiru unetan pentsatu dut "hauek nire bila datoz", baina oso lasai egon naiz. Batean Bilbotik etorri nintzen Zornotzako mutil batekin, eta Lemoan geratu ginen enkargu bat egiteko. Tabernan geundela, tipo bat sartu zen eta makina batera joan zen jolastera. Atzetik beste bat etorri zen, eta makinan zegoenari pistola erori zitzaion lurrera. Berari begiratu, eta esan nuen, «hemen ez da gauza honik». Laguna etorri zen eta esan nion, "goazen hemendik, hemen enzerrona bat dago eta". Kotxera joan eta pistoladuna etorri zen nigana. Eskua patrikan sartu zuen, eta nik erreakzioz eskua bota nion. Eskua pistolan zuen, eta plaka atereaz esan zidan: "Polizia". Momentu hartan polizia izan beharra zeukan, baina zertara etorri zen?
Garai hartan oso zuhur ibili ginen kontu horrekin. Batallón Vasco-Español, triple A... gure aurkako talde asko zegoen. Zornotza oso herri zigortua izan da, eta patruilatzeko taldeak sortu genituen. Batean gerrillero bi harrapatu genituen, pistola kendu genien eta korrika joan ziren Guardia Zibilaren kuartelera.

Egungo egoera nola ikusten duzu?
Jakina, azken hauteskundeak fenomeno bat izan dira. Edo españolismoa edo abertzaletasuna gisa aurkeztu dituzte, eta EAJ oso abil ibili da, «Mayor Oreja badator» esanaz, eta Orejaren irudia aurretik ipinita. Gure boto asko EAJren eskuetara joan dira. Gauza askogatik: bata, Mayorren beldurragatik. Bestalde gu ez gara oso abil ibili. Parlamentua utzi baikenuen orain 7 hilabete eta jendearen mesfidantza piztu da, «hauek ez dira parlamentura joango, eta orduan horien botoak alferrik dira». Eta beste zati bat guretzako zigor bat izango zen, guk ere ez baititugu gauza batzuk oso ondo egin. Hauteskundeek aurreko bat eta ondorengo bat markatu dute. Autokritika bat egiteko garaia da, harrokeriarik gabe, eta pentsatu behar dugu gu ez gaudela hemen independentzia edo sozialismoa bakarrik lortzeko. Beste alderdi batzuekin harremanetan jarri behar dugu, eta gure aldetik gauza batzuk eman egin behar ditugu, amore eman.
Aurrera begira ezker abertzaleak hemengo burujabetzaren prozesua gidatu behar du. Ezker abertzalea garantia bat da prozesu horrentzat. EAJ eta EA oso ahulak dira, interes ekonomiko gehiegi dituzte Diputazioetan, negozioetan, eta hori hipoteka bat da. Ikusi behar da ea posible den EAJ eta EA Lizarra-Garaziko teorietara hurbiltzea berriz ere, eta horretarako guk ere pauso batzuk eman behar ditugu.
Gauza bat dago garbi: borroka armatuaren bidez ezin liteke gerra irabazi. Borroka armatua koiuntura politiko bateko fenomeno bat da. Uste dut oraindik ez direla borroka armatua desagertzeko minimo demokratikoak lortu. Minimo demokratikoak lortuz gero, indarkeria berez desagertuko da.
Lizarra-Garazi sinatu zenean ETAk 16 hilabeteko su-etena egin zuen. Erretiratu egin zen, plataforma demokratiko horrek aurrera egin zezan. Guk prozesu horretan akats batzuk egin genituen, baina EAJk ez zuen borondaterik hori aurrera eramateko. Sekulako beldur eszenikoa zuen.

Hauteskunde hauek emango zioten konfiantza, beldur horiek baztertzeko...
EAJk hausnarketa hori egiten badu, ondo goaz. Baina EAJk esaten badu 600.000 botoak bereak direla, ez goaz bide onetik. Harrokeriekin joaten bada, ez dago zereginik, eta borroka armatuak eta indarkeriak jarraituko du, eta atxiloketek eta presoek... EAJk eta EAk borondate garbia eta konpromiso serioa agertzen badute, gu prest gaude plataforma demokratiko batekin aurrera joateko

1980an Langraitzeko kartzelara eraman gintuzten denok, baita Telesforo Monzon ere. Telesforo aristokrata zen, hark ez zuen sekula kartzela bat ikusi. Nik preso arruntekin, kinkiekin eta, oso laguntasun ona izan dut. Patioan Telesfororekin paseatzen ari nintzela, esan nion: «Begira, horko hori munduan dagoen karteristarik finena da». "Aizu, harritzekoa da, hain abila al da?!" erantzun zidan. «Etorri hona», deitu nion karteristari. Aurkeztu nituen, eta Telesforok esan zion: «Nolatan zaude hemen, hain ona izanda?» Nik esan nion, «Telesforo, hain ona ez da hau, e, hau karterista da, rateroa»... Eta Telesforok berriro berari, "aizu, mutiko, nola hasi zinen horretan?" eta karteristak "Telesforo, zu bezala, galdetuta, galdetuta!"

-Jaio: Zornotzan, 1936an.
-Lana: Izar enpresan hasi zen 1952an. 1974an kaleratu egin zuten beste 11 lagunekin, grebak antolatzen aritzeagatik, eta peoi aritu zen. 1977an, berriz, «Anaitasuna» aldizkarian hasi zen.

-Politikan: Juventud Obrera Catolica, ETAko langile fronteko kidea, LABen sortzaileetakoa, KASen sortzaileetakoa, HBko mahai nazionaleko kidea, eta 8 urtez diputatua.
-Espedientea: 75 sumario baino gehiago eta 200 konparezentzia egin ditu epaile aurrean. Erbestean, Donibane-Lohitzunen egon zen 1974tik 1977a arte, eta kartzelan egon da 7 aldiz.
-Liburua: «Hijo de Juanita Gerrikabeitia».

Hawaiiano itxurarekin soldadutzan. (Argazkian ezkerrekoa.)

"Umetan ez omen nintzen garai hartako edertasun kanonetara oso ongi egokitzen. Amama Isabel gaixoa! Ez zuen nahi bizilagunek nire edertasun eza ikustea, eta beti eramaten ninduen mantarretan izkutatuta."

«Hijo de Juanita Gerrikabeitia» liburua
"Euskadi aske bat eta gizarte justu bat eraikitzen dutenen amei eskaintzen diet liburua. Ama hauek dira beren seme eta alaben eromen liluragarria isilpean eta harro sufritzen dutenak.»

«Hijo de Juanita Gerrikabeitia» liburua
"Gauak amaigabeak egiten zitzaizkidan. Kotxeak entzuten nituen pasatzen, eta bateren bat etxe inguruan geratzen bazen, sustoz altxatzen nintzen. Tabernetan jende susmagarria ikusten nuenero pentsatzen nuen «gaur gauean nire bila datoz». Egitan, nahiago nuen komisaldegian egon torturatzaileen aurrean, kezka horrekin egunero, eta batez ere gauero, bizi baino.»

«Hijo de Juanita Gerrikabeitia» liburua
"Bizitzak zer buelta ematen dituen! Erregea Euskadira zetorrenero sekulako iskanbila jartzen genuen, eta oraingoan ni nintzen Zarzuelara bertara zihoana, korbata jantzita gainera."

«Hijo de Juanita Gerrikabeitia» liburua
"EAJ, CCOO, ORT, PCE eta PSOE zeuden 79ko manifestazio hartan. Majaderoren batek bi uso eraman zituen eskutan, bakearen ikur. Eta hankak hautsi zizkien, usoak hegan egiteko askatu nahian ari zirela. To ikurra!"

«Hijo de Juanita Gerrikabeitia» liburua


Azkenak
Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Israel Donostiako Klasikotik kanporatzeko eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak

Larunbatean zeharkatuko ditu hiriko kaleak Donostiako Klasikoak, eta Gernika-Palestina herri ekimenak Israelek bertan duen presentzia salatu du, prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “genozidioa eteten ez duten bitartean” klasikoak ez luke Israel-Premier Tech... [+]


Egiazko arrazoia Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko

Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko helburua ez da erresistentzia ahultzea. Benetako asmoa da inteligentzian eta arlo militarrean bere nagusitasunaren irudia berrezartzea Israelgo iritzi publikoaren aurrean .


Puigdemontek esan du osteguneko inbestidura saioan izango dela

2017tik Bruselan dago Kataluniako presidente ohia, baina itzultzea erabaki du Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako. “Normaltasun demokratikoko baldintzak ez” izatea salatu du, eta aipatu du itzultzeak suposatzen duen atxiloketa arriskua.


Donostian jarrera eta eraso arrazistak ugaritzen ari direla salatu eta borrokatzera deitu dute

Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Israelgo armagile nagusiaren fabrika batera sartu eta gerrarako materiala suntsitu dute Erresuma Batuan

Palestine Action taldeak dio bere ekintzaileek astelehen goizean (abuztuak 6) Elbit-ek Bristolen duen fabrika "inbaditu" dutela. Ikerketa eta fabrikazio zentroa oso zainduta dago, eta espetxeko furgoneta bat erabili dute kanpoko perimetroa txikitzeko.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


Talde ultraeskuindar baten errekurtsoak geldituta du Donostiako Loiolako Kuartelen salerosketa

Loiolako kuartelen afera ez dago bere onenean. Espainiako Defentsa Ministerioak eta Donostiako Udalak akordioa “aldi baterako” etetea erabaki zuten joan den astean, hilaren 18a baino lehenago ezin izango zutelako gauzatu, eta hori delako, hain zuzen, salerosketa... [+]


Eguneraketa berriak daude