«LUXUA LITZATEKE HERRI HONETAN PESIMISTA IZATEA»


2021eko uztailaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Bertsoaren munduan hasi zinen kantuan. Nola egin zenuen abestiaren mundurako jauzia?

Ikastolan nengoela, Joxe Ramon Arbe irakasle izan nuen, eta hark erakutsi zidan bertsogintza tradiziozkoa. Gogoan daukat ni melodien ederrarengatik sartu nintzela mundu horretan, ez bertsoen mamiagatik edo ez dakit noren bertsoak zirelako. Garbi dago bertsoan sorkuntza, inprobisazioa eta musika daudela. Nik orduan ez nion benetan daukan garrantzia ematen sortzeko zera horri; kantatuz disfrutatzen nuen, besterik gabe. Inprobisatzen nuen, baina oso kontziente izan barik. Gero gehixeago sartu nintzen bertsolariaren larruan, eta gehixeago disfrutatzen hasi ere bai. Baina hain justu orduantxe hartu nuen kantari hasteko erabakia. Erabaki zuzena izan zelakoan nago, musikak sarrarazi baininduen bertso munduan, eta hori eskatzen zidan benetan gogoak.
Bertso munduak gauzak erraztu dizkit, bai idazterakoan bai berbak eta musika ezkontzeko orduan. Garrantzi berezia ematen diot hitzak eta musika harmonia ederrean joan daitezen, hitza, silaba eta nota natural loturik joan daitezen. Eta uste dut horretan zor handia dudala bertsogintzarekin, eskola ona izan zen eta.

Zein alde ikusi duzu nagusiki bertsoaren eta abestiaren bi zurrunbilo horien artean?
Mundu ezberdinak dira, une jakin batean espazio berean bildu daitezkeenak; baina niretzat bi mundu dira. Abestiaren mundua bertsoarena baino unibertsalagoa da, batez ere Euskal Herriko bertsoa baino. Eta ez diot hori bakarrik bertsoa hitzak ulertzen dituenari baino heltzen ez zaiolako; eta hor amaitzen da mezua, nahiz eta hori asko den, noski, herri honetan. Musikarekin batera, ordea… Beno, bertsoan ere melodia kantatua dugu, berba kantatuak dira… Baina nire ustez bertsoaren osagai nagusia edukia da, esan-nahia, mezua. Abestiaren kasuan, berriz, musikarekin berarekin mugak gaindi ditzakezu… Eta horrek bihurtzen ditu bi mundu ezberdin…

Diskotik diskora, kantuetan bertsoak utzi eta abestiak eratzeko beste modu batera al zoaz? Etiketarik jarriko al zenioke, musikari gisa, zeure buruari?
Ez, ez dut etiketarik jartzen. Ez naiz gauza etiketarik jartzeko.

Maketa bat atera zenuen, disko bat gero eta nolabait behartuta sentitu zinen maketa disko formatoan ateratzera. Hirugarren diskoa Arriagan aurkeztu eta bete zenuen, eta kritika eta salmenta onak izan ditu «Espilue» horrek. Nola egiten zaio aurre merkatuari, arrakastari?
Ez dakit, kontuari bestelako garrantzirik ez ematen saiatzen naiz. Nire ustez daukan garrantzia ematen diot: egitea gustuko dudana egiten ari naiz, horixe da niretzat honetan guztian alderdirik transzendentalena. Arrakastari, famari nola aurre egin, hori oso erlatiboa da. Ni saiatzen naiz… ahaztu egiten zait pixka bat. Arriagarrena aipatu duzu, adibidez. Bai, dastatu egin nuen, baina aldi berean kanpoan, atzean geratutako zerbait da. Bere egunean, bizi izan nuenean, zoragarria izan zen. Baina biharamunean oroitzapen bihurtzen da, garrantzizkoa izan zelako gogoratuko dut. Baina egiten dudanari garrantzirik ez ematen saiatzen naiz, uste dut nahiko natural eramaten dudala. Bere eragina badu, noski, eragina izan behar duelako. Jendea begira izatea… edo, zer dakit nik, elkarrizketak, hango eta hemengo deiak izatea…, horrek guztiak eragiten dizu. Baina filtro ona izanez gero, uste dut ondo eramateko modukoa dela, gainera gure herri txiki honetan, ez zaitu itotzen. Hau ez da Espainia.
Bestetik, arrakasta eta famaren egitekoa entzuleek erabakitzen dute. Ariketa hori entzuleek ere egin behar dute, jakin behar dute kantaria, azken finean, beren aldekoa dela, pertsona bat, beste lanbide batekoa. Ez dut uste musikariarena berez arotz edo iturgin batena baino duinagoa denik. Uste dut kontua dela norbera egiten ari den horretan gustura egotea. Lanbidetzat daukat neurea.

Arrakastarenak badu beste alderdi bat ere… Ez ote dago euskal munduan halako aurreiritzi bat arrakastaren aurrean? Ez ote da batzuetan gaizki ulertzen euskaldunek kanpoan ere arrakasta izatea?
Tira, barruan ere gaizki ulertuko da, beharbada. Ez dakit, baina bekatu gizatiarren artekoa da banitatea, eta inbidia ere berezkoa du gizakiak. Alde horretatik, ez dut uste euskaldun izaerak hor inolako eraginik duenik, mundu guztian hala da, nik ezagutzen dudan munduan behintzat. Nik uste dut, ordea, edozein kultur agente euskaldunen arrakasta, dela idazle, musiko, eskulturgile edo dena delakoa, bai hemen eta bai kanpoan, garrantzizko kontua dela. Eta nire kasuan arrakasta hori hizkuntzaren bitartez lortua bada, nire ama-hizkuntzan…
Uste dut norbaitek hemendik kanpo arrakasta izatea, ona dela, bai euskararentzat, bai gure herriarentzat. Arrakasta, oro har, ondo bideratuta baldin badago…

Gasteiz. Gure herriaren ikuspegi topiko batetik, ez du lekurik egokiena ematen euskarazko abestiak sortzea lanbide duen batentzat, ez dirudi inguru sozio linguistiko ideala. Gasteizen bizi zara, ordea…
Nik ere ez dut uste toki ideal, inspiratzaileena denik, baina ez nago hemen sortzeko lekurik egokiena delako. Hemen bizi naiz, gustura bizi naizen lekua delako. Gasteizen, giro berria daukat… Lan-arrazoiak zirela eta etorri nintzen, eta gero gustuko nuelako geratu nintzen, lasaitu egiten nau hiri honek. Hemen beste adiskide inguru bat aurkitu dut; horrek ez du ezer kentzen lehendik neukanetik, baina aberastu egin du nire bizitza.

Mikel Urdangarin abestiak egiten, nola gertatzen da hori?
Gauza bat kontatuko dizut. Lehen diskoa atera baino lehen, urtebetez izan nintzen gitarra eskolak hartzen, izkutuan: inork ez zekien herrian. Etxean anai-arrebek zekiten, baina koadrilan inork ez. Gitarra ezkutuan edo autoan eramaten nuen adiskide irakaslearen etxeraino. Ez nuen inork jakiterik nahi. Urte eta erdira, bat-batean CDa eskuan heldu nintzen tabernara. Koadrilakoek pentsatu zuten adarra jotzen ari nintzela, izan ere garaian errugbian nenbilen, bertsotan…
Abestiak egitearena, berriz… Harra lehendik neukan, zerbait bazegoen lehengo melodia zaletasun horretan… Hamar akorde erdi menderatzen nituenerako… Si 7.etik Do-ra pasatzea sufrikarioa zen… Gaur egun dena orekatuagoa da. Naturaltasun handiz bizi dut konposatzearena, orain arte jardun gozagarria besterik ez da izan niretzat. Eta denbora askoan halaxe jarraitzea espero dut.

Musikari begira jarrita… Inporta al zaizu zure musikagintzaren iturriak aipatzea, gustuko musikariak…
Egia esan, ez dakit benetan zeintzuk diren nire iturriak, nik uste dut bizitzan zehar jasotako elementuak besterik ez daudela, nahiz eta aspaldi utzi nion musika entzuteari. Nahita, musika gutxi entzuten dut; entzuten da beti zerbait, baina ez naiz disko kontsumitzailea. Baina nire bizitzako garai jakin batzuetan disko batzuek eragina izan dute, bai; autoreak baino, diskoak eta abestiak dira. Disko horietako batzuk nire barruan sustraitu ziren. Ez dut uste hutsetik sortzen dugunik, bada iturri, biltegi antzeko bat. Iturriak edozein izanik ere, uste dut beti zerbaiten gainean sortzen dugula. Zerbaitek markatu zintuen bizitzan; gero, zuk originaltasun bat emango diozu, zuregandik sortzen baita, ez iturritik, eta hortxe dago berrikuntza.

Zure musika dela eta, «mestizaje» entzunez gero, zer sentitzen duzu, zer izan daiteke nahasten ari zaren hori?
Ia nahi gabe, ez baitut pentsatu, abesti bat bluseroa, beste bat latinoa, beste bat bertso mundutik gertuagokoa, estilo askotako abestiak atera zaizkit. Mestizaje? Ez didate berba horrekin aipatu, antzeko hitzen batekin bai…
Ondo iruditzen zait leihoak zabalik geratzea, arrasto ezberdinak ematea. Niri mestizaje ederra iruditzen zait, baina erroa non den, eta norbera nondik datorren jakitea, beharbada garrantzizkoagoa iruditzen zait. Ireki beharra dago, baina nonbaitetik ireki.

Abestiak egitean gehienetan zure hitzak erabiltzen dituzu, baina beste batzuen hitzak ere bai. Beti molde bera erabiltzen duzu hori egiteko? Hau da, hitzak eta musika lotzeko prozesua beti antzekoa izaten da, edo batzuetan halakoa eta beste batzuetan bestelakoa?
Nik sortzen dudanean, normalean musika egiten dut aurrena, eta musikaren gainean gero letra sortzen dut. Hori berezko prozesua da. Bestela ere sortu dut musika ona. Letra emanda, sortu musika letraren gainean. Baina bestela ere. Normalean nik sortzen dudanean musika egiten dut. Eta melodia horren gainean, horrek ematen didan atmosferarekin eta informazioarekin, letra egiten dut. Batzuetan biak batera kontzientzia argirik gabe, baina, hor egoten dira buruan. Hasten zara musika honekin eta gaia hor dago zintzilik. Badakizu jada, musika hau eta gai hau ia-ia batera datoz. Orduan, nik uste dut sortzeko erak desberdinak direla. Imajinatzen dut ia-ia musikari eta abesti-egile gehienetan hala izango dela, oso bariatua izango dela.

Grabaketaren prozesua nola bizi izan duzu? Irudipena daukat denbora dexente izan duzula, eta...
Harmonia dexenterekin. Eta horrek ez dauka preziorik. Gozatzen, gozatzen. Eta hori nahi nuke aurrerantzean ere. Grabaketa bakoitza lagunak elkartu eta norberak ere gustura egoteko tarte bat izatea. Sortu eta gauza garrantzitsu bat egitea.

Lehen mamiaz, eta mezuaz hitz egin duzu. Nabari da kezka sozio politikoa zure kantuetan hasieratik eta azkeneko diskora arte agerikoa dela. Zure abestiak ez dira marfilezko dorre batean idatzitakoak…
Ari gara horretaz, ari gara gatazka giroaz. Uste dut ez aipatzea, lur honetako kontrasteak hitzetan ez azaltzea…, ez dakit, hemen bizi ez banintz bezala izango litzatekeela. Neurri batean bertako kontraesan eta kolore anitzak islatuko ez banitu, iruzur antzeko bat litzateke, ez?, eta ni horrek guztiak eragiten nau. Eta uste dut bai disko honetan, bai aurrekoetan, ispilatu izan ditudala hemengo kontraesanak.
Hemen etsipen moduko sentimendu bat dago, ikusten ari garelako ez garela gauza herria egoki aurrera ateratzeko. Niri depresio txiki bat sortzen dit ikustea ez garela gai ontzi hau portura eramateko. Uste dut historia luzeegi doala, eta uste dut autokritika egin beharrean daudela guztiak, zer izan den orain artean, eta zer behar duen etorkizunean. Eta uste dut Madriletik, gobernu espainoletik ez dela inolako laguntzarik etorriko. Beraz, guk geuk konpondu behar…
Zeinek bere etxean indartsu behar du. Baina zer esan nahi du indartsu izateak? Lehenengo, kulturalki. Eta, bigarren, politikoki ere, batasunen bat egon behar du, elkarren arteko proiektuak. Gutxieneko konpartitu batzuk. Eta uste dut hori, oraintxe, ez dagoela.
Eta bestetik, boterean dagoenak, Espainiako Gobernuak noizbait hemengoari aurre egingo balio… ez dut esango ausardiaz, baina umiltasun apur batekin… eta arazoaren muinera jo nahi duenean, korapilo nagusira… Nik uste dut boterean dagoenak daukala erantzukizunik handiena. Neurea, eta herri honen parte batek izan dezakeena ukatu gabe ere. Baina hau ez da konpontzen, neurri handi batean, Madrileko Gobernuak nahi ez duelako.
Eta, gero, uste dut guk ez dugula asmatzen botere horri aurre egiten, ez dugula formula egokirik aurkitzen. Eta uste dut orain bildu, batu beharra dagoela; eragin, eta bide berriak bilatzen hasteko. Uste dut luxua litzatekeela herri honetan pesimista izatea.

Bai, mezu positiboa nabari da zure kantuetan; azken diskoan, adibidez: «Hau da nire herria, gorria azken neguaren gisan, ederra heldu den udaberrian…».
Bai, hitz horietan esaten dut gure herria negu gorria baino gogorragoa dela, baina, izan, badira gurea baino gogorragoak diren herriak, ezta? Hemen errealitate gordinak daude, zentzu bietan: era eta kolore askotan sakabanatuak, baina hemen, oro har, nahiko ondo bizi gara. Gure arazoak ditugu, baina nork ez dauka arazorik?
Ukaezineko beste errealitate bat ere badago hemen. Jende askorentzat garrantzi gutxien daukan kontua da. Baina jende asko gatazkan bizi da bere inguruarekin, horrek dakarren guztiarekin. Gogorra da oso bizitza gatazka modura bizi izatea, esan nahi dut badirela defizit batzuk onartu beharrekoak, alde izan zein kontra izan. Gerra giroan bizi bazara, etsaia hiltzea, tortura, kartzelak… Hemen jende asko bizi da gerra giroan, eta «beste aldean» ere berdin… Defizit horiek gerra guztietan gertatzen dira… Batzuek horrela bizi dutela, egia da. Baina oso zaila da gerra sentimendua gizarteratzea, beharbada horretarako prest ez dagoen herri batean

Zortzi oroitzapen
Oholtza
Normalean baino jende gehiagorekin komunikatzeko aukera ematen didan lekua.
Ispilua
Zarenaren oroigailua.
Zapata gorriak
...oin dotore eta bilduak, eta ibilkera dotorea.
Eskozia
Duela hamar urte engantxatu ninduen herria.
Zornotza
Jaioterria: han izan nuen haurtzaro zoriontsua, eta han hilko naiz beharbada.
Gaztelupe
Gaur eguneko mundu diskografikoa, jende ona.
Ruper
Musikari zintzoa, berriki deskubritu dut.
Bingen
Beste musikari zintzo bat, talentu handikoa. Asko ikasi dut harengandik, eta hala jarraitzea espero dut

Mikel Urdangarinentzat zer da...
Gaua?
Gaua niretzat istilu-sortzaile bat da, ez baita alferrik joaten. Lehen istilua da eguna aprobetxatzea ere gustuko dudala; goizari etekina ateratzea ere gustatzen zait. Baina gaua aprobetxatuz gero, zaila dago goiza aprobetxatzea… Horra nik gauarekin dudan lehen istilua.
Bestea… berdin izan daiteke istilu zein sugerentzia sortzaile. Gaua gaua da, egunaren beste aldea. Beste mundu bat, beste jende bat, beste aurpegi batzuk… eta beste hizkera bat.
Larrua, sexua?
Larrua, sexua. Euskaldunok urri praktikatzen dugun jarduna dela iruditzen zait. Hobetu beharreko ikasgaia. Uste dut energia gehiago eskaini beharko geniokeela arlo horri. Eta, enfin, patetikoa.
Eta maitasuna, oro har?
Gauza bat esango dizut: uste dut maitasuna beste gauza bat dela. Ez naiz gai maitasuna beste hitz batzuekin, sinonimoekin azaltzeko. Baina iruditzen zait maitasuna, edo antzeko zerbait badela, baina pasiotik bereiztuko nuke. Bi mundu dira horiek. Litekeena da espazio amankomun batean bat egitea. Baina uste dut gero bakoitzak bere bidea egin behar duela. Baina ez dut asmatzen maitasuna azaltzen. Sentitu beharra dago, ez? Bizi!


Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Eguneraketa berriak daude