Xiberoko Makia» pastorala idazteko Jean Louis Davantek ez du soilik historia liburuetara jo. 1944an 9 urte zituen eta oroitzapen biziak ditu. Beldurra sentitzen omen zuten, baina baita harrotasuna ere:
«Alemanak hemen gutxi ikusten genituen. Bagenekien Maulen indartsu zirela eta hor behetik, ibarretik pasatzen ziren. Baina hemen arras gutxi ibiltzen ziren, hau dena basoa da-eta. Aldiz, makiak gehiago ibiltzen ziren. Zuberoan bi talde izan ziren. Bata Ospitalepeko-Sohütakoa. Hura armistizioko armadaren agintepean zegoen; Corps-franc ziren eta batailoi batean parte hartzen zuten, unitate erregularretatik at bazen ere. Bestea, zibila zen.
1942ko azaroaren 11n alemanek Zuberoa guztiz okupatu zuten eta ordutik hasi ziren makien asmatzen. Ospitalepeko makiaren buru Pierre Béguerie erreserbako kapitaina zen. Berak antolatu zuen 120 gizonez osatutako makia, baina denak ez ziren zuberotarrak. Hauek Normandiako aliatuen lurreratzearekin batera hasi behar zuten jarduna, 1944ko ekainaren 6an beraz. Ospitalepeko hiru baserritan eta Sohütako beste bitan ezkutatu eta hortik hasi ziren ekintzak burutzen. Egunero egiten zituzten hilketarik gabeko ekintza txikiak. Etsaia zirikatu behar zuten Mauletik iparrerantz. Haien helburua ez zen alemanen botatzea; aitzitik, haien mantentzea zen helburua, ez zitezen berehala Normandiara joan. Hasieran oso nekez egin baitzuten aliatuek Normandiaren hartzea.
Arbailakoak.
Beste makia, Arbailakoa, egiazki zuberotarra zen. L’Armée Secrète deitzen zen eta autonomia gehiago zuen. Clément de Jaureguiberry industria gizona zuten buru. Kristau-demokrata eta abertzalea zen bera, eta sozialistak ere baziren taldean. Komunistak gutxiengoa ziren baina Armée Secrète honetan sartu ziren denak. Espainiar gerrillari talde bat ere bazen. Oso zuhurki jokatu zuten.
Besteak aldiz nahiko buru beroak ziren. Esaten zuten zuberotarren makiak gauza gutxi egiten zuela, haiek egin behar zutela dena, baina ez zen egia. Ospitalepekoek armak jasotzen zituzten aliatuek paratxuteatuta. Besteek, aldiz, ezer ere ez.
Ospitalepekoek ekintza ugari egin zituzten, bizpahiru astez. Haietarik batek alde egin zuen, laido egin baitzioten. Anomalia bat zuen, ez da polit erraitea baina, barrabiletan. Uzkur zen eta besteek galdeturik erakutsi egin zien. Ez dakit bota zuten edo berak erabaki zuen alde egitea. Gero, alemanek Puyooko geltokian harrapatu zuten eta orduan salatu zituela erraiten da. Ekainaren 27an, asteartez, batailoi berezi bat etorri zen Ospitalepera eta xuxen joan zen makien etxeetara. Bazekiten non ziren. 21 pertsona atxilotu zituzten. Batzuk, berehala, ondoko egunetan askatu zituzten. 9 Alemaniara deportatu zituzten, haietarik bi emakumeak izaki. Zortzi hildako izan ziren. Baina egun zenbait lehenago makiak joanak ziren Sohüta eta Barkoxe arteko Aranbeltzera.
Bitarte horretan, Arbailakoek bere jarduna zuten. Ahüzkin Atharratzeko mugazain alemanek goarnizio tipi bat bazuten. Behinola, guardia aldatzekotan zela, Arbailako makia haien zain geratu zen basoan. Gora zetozenak eraso behar zituzten. Baina, euria hasi zen eta etxe batean gorde ziren zetozenak. Goikoak, joan egin behar zutenak, aspertu eta jaistea erabaki zuten. Ustekabean erori ziren makien gainera. Tiro egiten hasi eta aleman bat hilik erori zen. Horren ondorioz Lexarreko artzainak hartu zituzten, Altzaiko gizon batzuk ere bai, eta oinutsik eraman zituzten oinez Atharratzeraino. Aleman bat hiltzen zutelarik, haiek hamar bat fusilatu edo deportatzen zituzten. Hori zen arriskua. Baina Atharratzen emakume bati esker askatu zituzten. Sagardoi garagistaren emaztea zen. Sagardoi hark konpontzen zituen alemanen auto eta motoak. Alemanek Ahüzki utzi zuten. Arbaila guztia eta mugarako bidea aske zen. Hau 1944ko uztailaren hondarrean, 27an izan zen.
Ondoren, alemanen Spielberg batailoia etorri zen, 800 bat gizonekin. Baina ez zituzten harrapatu. Hala ere, borda batzuk erre zituzten eta gero joan egin ziren, Maulen 50 bat gizon utzirik. Partitzen zirela jakin zen eta bi makiak hitzartu egin ziren: Ospitalepekoek eraso behar zituzten, baina besteek atzea zaindu behar zuten Maulez goiti. Alemanak abuztuaren 10eko bazkalorduan abiatu ziren eta Maule utzi orduko eraso zituzten. Tirokatu zituzten baina ez zuten bat bera ukitu. Alemanek bazekiten zer egin behar zuten: kamioietarik salto, arto artera sartu, eta Mauleraino iritsi. Orduan Mauleko makia hasi zen mobilizatzen. Alemanek ikusi zuten ezin zutela ezer egin eta biharamun goizean entregatu ziren. Horrela gertatu zen Maule askatua. Alemanak preso hartu eta Arbailara eraman zituzten Maulen zeuden makiek. Ospitalepekoek bi ofizial hartu zituzten. Armak, aldiz, erdibana egin zituzten, kalapita ugariren ondoren.
Hegazkina
. Abuztuak 12, larunbata. Eguerdi aldera-edo, aleman hegazkin bat azaldu zen. Maule bonbardatu eta bideak metrailatu zituen. Gero alde egin zuen. Handik laster tiroak entzun genituen Mithikile aldetik. Zazpi kamioi aleman etorri ziren Orthezetik. Horien aurka joan ziren Ospitalepekoak. Bi talde lehenbizi eta geroago hirugarren bat. Arratsalde guzian aritu ziren.
Gari joitea zen. Herriko gizon guztiak ibiltzen ziren etxe batetik bestera elkar laguntzen eta gurea herriko azken etxea zen. Gari joitea bukatua zen eta denak zikin zikin atera ziren. Ura ekartzen zen, eta atorra garbitzen, arropak aldatzen... Denak bazkariaren zain zeuden, kalakan, madari handi baten itzalean. Bat batean hegazkina ikusi genuen itzulika, bere gurutze beltzarekin. Orduan amak edo aitak, ez dut oroitzen, esan zuen: ‘Ez zaitezte hor geratu, gizon tropa hau ikusten badute pentsatzen ahal dute makia dela’. Eta barrura sartu ginen. Larunbata zenez, festa egin zuten batzuk, baita pixka bat mozkortu ere. Atzean, tarratata, tiroak entzuten ziren. Eta, hala ere, batzuk kantuz eta kantuz aritu ziren.
Gauean tiroak isildu eta igande goizean berriz tiroz hasi ziren. Alemanek indar gehiago bidali zuten eta esaten dute guztira 8 hildako gertatu zirela. Bi makiek alde egin behar izan zuten. Batzuk Arbailara eta besteak Barkoxe aldera. Maule arrisku handitan zen. Spielberg alemanen buruak mehatxua igorri zuen, Maulen triskantza bat eginen zuela ez bazituzten preso hartutako 46 gizonak itzultzen. Alemanek 6 maki zituzten preso eta Jaureguiberryk erantzun zion ezetz, ez zela xuxen 6 pertsona 46ren truke ematea. Beldur handia zen. Tartean sartu ziren Gurutze Gorrikoak, Mauleko alkatea eta Mauleko apaiz nagusia. Gainera, Amabirjinaren egunean, abuztuaren 15ean beraz, amerikarrek Provence-n lehorreratu ziren. Eta, azkenik, alemanek bazituzten hamahiru zauritu. Haiek ikustera joan ziren ospitalera eta ikusi zuten ongi zainduak zirela. Hori dena ikusita, hurrengo egunean Maule utzi zuten Spielbergen tropek. Sarrikota-Pian hiru etxe erre zituzten eta bertako gizonak atxilotu, gero aske uzteko. Izan ere, bezperan gure herriko talde batek aleman convoy txiki bat eraso zuen eta iduriz hiru aleman hil zituzten. Bakoitzarengatik etxe bana erre zuten. Baina hori alemanentzat gauza txikia zen, beharrik ez ziren SSak! Hala ere, beste garai batean gehiago eginen zuten, baina orain aliatuak Parisera bidean ziren, Provencetik ere sartu ziren...
Baina mugazainak oraindik Atharratzen ziren: 167 gizon eta 29 metrailadore. Haiek trintxerak egin zituzten Atharratzeren inguruan eta alanbre hortzdunak ezarri. Orduan Jaureguiberryk esan zuen: ‘Guk bakarrik askatuko dugu Atharratze, beste makien beharrik gabe’. Eta beste makiek onartu egin zuten. Jaureguiberryk ez zituen eraso, baina setiatu egin zituen. Basabürükoak ere jaitsi ziren eta guztira 500 gizon izango ziren.
Orduan alemanek Oloroeko bidea hartu zuten eta Montorin maldan gora hartu zuten. 50 oinkari eta hainbat kamioi ziren. Han makiek eraso zituzten. Alemanek bost zauritu izan zituzten eta atzera egin zuten. Une horretan makiek ere atzera egin zuten, ez baitzuten muniziorik. Bitartean maki bat hilik gertatu zen. Kamioiei granadak botatzera joan zen eta alemanek tiro batez hil zuten. Julio Lopez espainiarra zen, nazioarteko brigadatan gerra egina zuena.
Hori pasa ondotik, diplomaziaren txanda iritsi zen. Aurretik Jaureguiberryk proposamenak eginak zituen: besteek entregatu behar zuten eta gerrako presoak bezala tratatuak izango ziren, Geneveko hitzarmenaren arabera eta hori guztia. Alemanek hasiera batean ezezko borobila eman zuten. Baina Montorikoa pasa ondoren, pentsaketan hasi ziren eta bitarteko bezala berriro andere Sagardoi sartu zen, baita Atharratzeko erretorea ere. Azkenean Becker hango komandantea konbentzitu zuten abuztuaren 23an. Beckerrek zera esan zuen: ‘Orain nire ofizialak konbentzitu behar ditut. Guretzat maki horiek terroristak dira. Zuk ezetz diozu eta sinesten dizut, baina haiek ere sinetsi behar dute’. Orduak eta orduak pasa ziren. Azkenean Becker-ek eta Jaureguiberryk elkar ikusi zuten Irurin, gauez gau, goizeko ordubatean-edo. Bere gizon guztiekin entregatzea onartu zuen alemanak. Biharamunean, 24an beraz, armak utzi zituzten. Zuberoa guztia aske zen eta Zuberoako kanpai guztiak entzun genituen ordu laurdenez»