Noiz arte, galdetzen zion latinez, euskaldunon patuari-edo, Jorge Oteizak bere "Quosque tandem...!" liburu ospetsuan. 1963an argitaratu zuen lehen aldiz, orduko gazteen gidaliburu bilakatuko zen "Ensayo de interpretación estética del alma vasca con breve diccionario crítico comparado del arte prehistórico y el arte actual" gogoangarri hura. 1971n berrargitaratzeko aukera izan zuen, eta hori aitzaki, Jorge Oteiza bisitatzera joan zen Luis Haranburu-Altuna. Izan ere, gizon hura profeta bat zen, Koldo Mitxelenak zioenez 1963ko ekaineko "Egan" aldizkarian: "Profeten antzera, badu Oteizak ere garra eta etorria, badu deadarka opportune et importune mintzatzeko deia. Eztio ajolakaberiaren pake gozoan denari pake gozorik utzi nai eta pakearen -besteak beste- jabe direnek eztiote berari ere barkatuko. Gerra badakar, gerra gorria izango du berak ere. Esan dezadan, bada, aurrera jo baiño leen, biziro gogoko dudala Oteiza eta Oteiza'ren jokabidea. Orrelako akullaitzailleren baten premian geunden, gure buruari ederretsiz lizunduko ezpagiñan. Aruntzago, gorago, bulkatu nai ginduzke, eta bultzada gogorren bearrean gera lozorrotik irten eta norabait mugitzeko. Argi eta garbi mintzatzea -gerta ala gerta- zer da ere erakusten digu eta ezta ori irakaspen makala izkuntza gogoeten estalki biurtu dugun frankorentzat".
Zer ote zioen Oteizak Euskal Herriaren egoeraz 1971n? "Bakoitza bere alderditik dabil. Euskal errealitatearen benetazko analisa sakon baten faltan gaude. Taldetxoetako ekintza arruntetan gelditzen gara. Ez dakigu Euskal Herria zer dan. Helbururik ezean galduta gabiltza. Batasunaren beharrean arkitzen gara! Bakoitzaren ideologi estu eta ttipiak baztertuta, batu egin behar dugu. Lanean, helburuan, bat izan behar dugu. Geure lanak batasun begiaz ikuspegitu behar ditugu. Eta analisa jator batek eraginda arduratu behar dugu. Ni aspertu naiz. Neure itxaropen bakarra zeuok, gazteok, zinaten, baina gazteriak huts egin du. Eta orain norengan itxaron behar dut? Zaharrengan? Utikan!".
SENA BERPIZTEAREN BEHARRA
Ilun zegoen Oteiza. Euskal sena berpiztu nahi zuen, baina lokartuxegi egoki, dirudienez. "Ni, pertsonalismo ororen aurka borrokatzen naiz", erantzuten zion. "Pertsonalismoak izan dira izan, gure Herriko politika egoeraren ondamendia sortu dutenak. Sena, instinto bat falta zaigu. Azkarrak izan behar dugu. Gure sena, berritu behar dugu, eta agian artegintzatik berritu ere dezakegu. Sena honek emanen die gure erabakiei bizitasun eta sakontasuna. Animalia batek borrokarako, lanerako, mugitzeko, saltatzeko eta aukeratzeko duen bizkortasunaren gisako sena berbiztu behar dugu".
Senarekin politika egiterik al zegoen, galdetzen zion Haranburu-Altunak orduan. Eta Oteizak: "Neure liburuan euskaldunon berezko sena eta berezitasun bat esna arazitzen ahalegindu naiz. Egungo estetika zentzuna eta senak, arte bera du iturburu. Euskaldunen berezko imajinazioa, hots irudimena, munduko aberatsenetakoa dugu. Gure irudimena sakona eta praktikoa da. Logikaz eta fantasiaz oretua eta jantzia. Baina ez norbaitzuek uste duten bezala, irudimenik gabeko zentzun praktiko, ustel eta tontoa (Adibidez gure industrial handi eta herri gizon ospetsu eta inportanteena). Egun, ikastolek, ez dute geure berezko irudimenik haurrarengan pizten. Gure andereñoek ere ezer gutti dakite, gure irudimen jatorraz".
Nola taju zitekeen, beharrezko euskal heziketa? Hura ere pentsatua zeukan Oteizak: "Loiolako Inazioren gogo-jardunen gisako zerbait moldatu behar dugu. Gogo-jardun sekular eta estetikoak. Geure jokaerak aztertuaz eta geure nortasunaren analisa eginaz. Mendietan, herrietan, hondartzetan... bildu behar dugu, talde ttipietan, gure barne muinari so eginaz. Baina heziketa hau aurrerat eramateko gizon askatuak behar ditugu, diruz eta berez askatuak. Diru kontuan nik azti jokatu dut eta hontaz jabetu naiz: Diruak ez duela dirurik balio. Dirua irabazteko gutiziak denbora galarazten du. Ni askatuta natza eta besteekin harremanean hasteko prest. Baina inor gutti arkituko duzu, besteentzat denbora duenik. Berekoi bihurtu gara. Politikarako genduen sena bizia, bizkortasuna eta irudimena, galdurik ditugu".
Ondorioz, honela zekusan Oteizak Euskal Herriaren etorkizuna: "Argi dakusat geure geroa, baina hobe dut ez esatea, zeren oso iluna deritzat... Bart gauean ez nau loak hartu, esnai egon naiz kezkati eta triste. Felipe IIz gero Euskal Herria lotan datza. Erderaz edo euskeraz zurrunkaka ari gara. Geure Herria miseria espiritual gorrian bizi da. Nor gelditzen da Euskal Herrian besteak direla ta, esnai? Ondo ezagutzen dut nire Herria, barrendikan, Jonasek balea bezala, nazka eta mespretxuraino ezagutzen dut nire Herria. Geure kupidarik handiena ere, denok euskeraz zurrunka egitea da... Ni federik gabe borrokatzen naiz, eta hau gauza ederra, zaila eta handia da. Fededun banitz bezala jarduten dut. Ni haur bat naiz, eta geure Herria ere, oraindik kozkortu gabeko mutikoa da"