Irtenbidearen haritik tiraka

Mahainguru honi ekiteko, eta gaiaren inguruan dagoeneko gauza asko esan bada ere, hauteskundeen emaitzak utzitakoaren balorazio labur bat egingo al zenukete?
MARIANO FERRER. Nik parte hartzea azpimarratuko nuke. Harrigarria iruditzen zait %80ak botoa eman izana. Jendeak ulertu du hauteskunde hauetan benetan garrantzia duen zerbait zegoela jokoan. Eta horrek normalean botorik ematen ez dutenak edo behintzat hauteskunde guztietan botoa emateko ohitura ez dutenak bozkatzera bultzatu ditu. Demokrazia batean botoa ematen dela pentsatzeko gai diren guztiek eman dute botoa. Eta zertarako eman dute botoa? Ezin dugu milioi eta erdi pertsonen buruan zer dagoen asmatu. Jendeak botoa arrazoi pertsonalengatik ere eman ohi du, ez soilik arrazoi abstraktu, demokratiko edo humanoengatik. Jendeak zergatik bozkatzen duen misterio bat da. Baina zerbait ulertzeko beharra hor dago eta, hauteskunde hauetan gizarte honek apustu bat egin du: egin beharrekoa daukagunetik egin behar dugu eta daukagunetik gehiago izateko egin behar dugu, baina lan hori nori eman aurrez juzkatu gabe. Gizarte honek Estatutua defendatu du arriskuan jar dezaketenen aurrean. Hasiera batean nazionalistek egin zuten Estatutuaren aldeko apustua, nazionalista moderatuek, eta ez PPkoek. Hori litzateke lehen apustua. Baina, era berean, lan hau lehendakariari eman diote eta lehendakari honen politikaren ardatza hauxe da: oinarria daukagu, baina ez sabaia, eta euskaldunon borondatea dugun ordenamendua justifikatzeko errespetatzen den bezalaxe, errespeta dezagun euskaldunen borondatea beste zerbait nahi badute.
MAITE UBIRIA. Nik ere parte hartzea azpimarratuko nuke. Gizarteak garbi ikusi du hauteskundeekin jokoan zegoena ez zela Lakuako lau urterako kudeaketa hutsa. Parte hartze zabalak eta emaitzek berek hautesleek egoera ulertu dutela islatzen dute. Ados nago Marianorekin hautesleen buruan ezin dugula sartu dioenean. Baina nik esango nuke arazoak konpontzeko urgentziagatik eman duela jendeak botoa. EAJk lortu dituen emaitzak asko egitera behartzen dute alderdi hau. "Independentzia" oihukatzen den gau horren poza pasata, 600.000 boto dituzu, inoiz baino gehiago erresoluzioa eskatzen duten botoak gainera. 600.000 boto horiek aukera ederra ematen diote EAJri herri honen eskakizunak, egungo markoak betetzen ez dituenak, betetzeko. Euren asmoa beste lau urtetan bulegoan sartuta egotea balitz, horrek egonezin larria sortuko luke euskal gizartean. Parte hartzeak eta emaitzek agerian utzi dute hiru herrialdeetako hautesleek urgentzia daukatela.
ALBERTO SURIO. Parte hartzearena elementu garrantzitsuena da, zalantzarik gabe. Hauteskunde hauetan nazionalismo demokratikoari konfiantza botoa eman zaio. Euskal gizarteak protagonismo erabakigarria eman dio etorkizunean normalizazio eta pazifikazio politikak bidera ditzan. Etorkizuneko politikan EAJ da ardatz. Eta horrek EAJ behartu egingo du, baina baita ezker abertzalea eta alderdi ez nazionalistak ere. Euskal gizarteak heldutasunez jokatu du, hainbat mezu mediatikok islatu nahi izan duen baino heldutasun handiagoz. Autogobernuan atzerakada ekar zezakeen status politikoaren aldaketak beldurra sortu du. Hor herri honetan pisu garrantzitsua duen identitateak eragin handia izan du. Euskal Herriaren egoera erradikalizatuko zen beldur ere bazen gizartea. Autogobernu markoa indartu egin da hauteskundeotan. Gatazkari, erradikalizazioari beldurra izan zaio eta zentzuzko irtenbide baten aldeko apustua egin da. Askotan esaten da bakearen truke ez dela ezer ordaindu behar. Nire ustez hemen jendea zentzuzko prezioa ordaintzeko prest dago, arrazoizko irtenbideak nahi ditu, ez inposatuak.
M. FERRER. Albertok dioena oso garrantzitsua da. EAJri konfiantza eman izanak esan nahi du gizartea ez dela EAJri kontuak eskatzen ari Lizarrakoagatik. Eraso konstituzionalistaren argumentu izugarri horietako bat Lizarrakoa traizio demokratikotzat hartzea izan da. Eta euskal herritarrek Lizarrakoa traizio demokratikotzat ez dutela hartzen esan dute. Hobeto edo okerrago irtenda ere, merezi duen zerbait izan dela esan dute. 1998 eta 2001eko hauteskundeen artean boto mugimendu bat izan da: 98an askok Lizarrak boto gehiago bilduko zituela espero genuen eta orain Lizarrako zati batek inoiz baino boto gehiago lortu du. Ezker abertzalearen beherakada horrela interpreta liteke: gizarteak, arrazoiz edo arrazoirik gabe, Lizarrak bake aukera modura porrot egin izana ezker abertzaleari edo ETAri leporatzen dio, oro har nazionalismoari baino. Alde batetik, Lizarraren alderdi subiranista gordinenak ez zuen zain geratu zen jendearen botoa lortu. Eta orain, berriz, bake bilatzen zuen Lizarraren alderdi hori demonizatzen saiatu direnean, euskal gizarteak zera esan du: "Bakea bilatzen zuen Lizarraren zati hori nahi dugu, subiranotasuna bilatzen duen beste zatiarekin zer egin ikusiko dugu apurka".
M. UBIRIA. PPk eta PSOEk euren kanpaina Lizarraren etaparen amaiera moduan planteatu zuten. Gatazkaren irtenbidean egin den azken saiakerarekin bat egin zuten alderdiak indarturik atera dira hauteskundeetatik. Diskurtso ugari egon da Lizarraren inguruan: balio du, ez du balio, lurperatuta dago, berpiztu egin da... Argi dagoena euskal gizarteak irtenbideak bilatzen dituela da. Gerturatzearen, elkarrizketaren bidea hautestontziek berretsi duten bidea da.
A. SURIO. Ez dakit Lizarrari bermea eman ote zaion zuzenki. Baina egia da Ibarretxek mezu jakin batekin irabazi dituela hauteskundeak: herri honetan dinamika politiko bat ezartzeko saiakera egin behar da, elkarbizitza eredu berri bat eraiki behar da. Horrek edukiak edo kudeaketak errebisatzea ekar dezake. Lizarra nola garatu den errebisatu beharko da agian; Ajuria Eneko mahaia bezalakoak, tresna gisa, gaindituak daude.
Hauteskundeak beste mezu honekin ere irabazi ditu: Euskal Herritarrok indarkeriarengandik aldentzen ez den bitartean ez da lankidetzarik egongo. Hori ere kontuan hartu behar da gizarteak eman dion bermea ulertzerakoan.
M. FERRER. Nik ez dut uste hauteskundeotan Lizarra-Garaziri eman zaion sostengua, bere garapenagatik eman zaionik. Bakearen truke demokratikoki bidezkoa dena ordaintzeko prest dagoen aldetik eman dio gizarteak sostengua Lizarrari.
A. SURIO. Gizartea ordaintzeko prest dago. Gizartea borondate onekoa da bakea bilatzen dutenekin, baita erratzen badira ere.
M. FERRER. Bakea bilatzeak berarekin egungo sistema eztabaidatzen dutenen inkorporazioa ekartzea ere nahi du gizarteak, ez du inor baztertzerik nahi. Gizarte guztiarentzat onargarria izango den irtenbidea eskatzen da, egun ohiko bide politikoetan parte hartzeko prest ez daudenak barne.


Badirudi hau ez dela besterik gabe legegintzaldi berri bat izango, euskal politika etapa berri baten atetan dagoela. Hauteskundeetatik hilabete baino gehiago pasa denean, zer aurreikusi daiteke legegintzaldi berrian? Zein klabeetan jardungo dute alderdi politikoek? Eta zein klabeetan jardun beharko lukete?

M. UBIRIA. Egia da gizarteak irtenbidearen aldeko mezua bota duela. Baina egia da, baita ere, herri honek dituen gako ugarien artetik bat mugitzen den bakoitzean dena hankaz gora jarriko dela esaten dela. Lakuaren esperientziak berak esaten digu hori ez dela horrela, alderantzizkoa gertatzen dela. Aukeratu berri den Legebiltzarreko lehendakariak, bere lehen diskurtsoan, hau bakearen legegintzaldia izango zela esan zuen. Herri honetan bizi den sufrimendua ikusita galdera bat datorkizu berehala: Aurreko 6 legegintzalditan zer egin dute? Bakearen diskurtsoa nahiko agortua dago. Edukirik gabeko bakearen edo elkarrizketaren diskurtsoa nekea sortzen ari da euskal gizartean. Lanean hastea da behar dena. Gizartea lanerako prest dago, herri hau marko berri batera eramateko. Eta eszenatoki berri horretan denontzako lekua egin behar da, bertan guztiok sentitu behar dugu eroso. Pesimista izan nahi gabe, Lakuak egingo duena ez da behin betikoa izango, ez da erabakigarria izango herri honen etorkizunerako. Beste arrazoi batzuen artean, legebiltzar eta gobernu horrek ez duelako ordezkatzen euskal gizartea bere osotasunean.
Alderdi politikoei dagokienez, nahiko nuke lehengoan Nicolas Redondo Terrerosek esan zuenari inork kasurik egingo ez balio. Alternatiba gisa udal hauteskundeetarako erreserbatzen ari zela esan zuen. Espero dut inork ez diola kasurik egingo bizpahiru urte deskantsuan emango dituela esan duen politiko bati,. ideia eta alderdi alternatiba batez ariko bagina bezala. Ez, ez, hauteskunde hauetatik beste mezu bat atera da. Eta ez bakarrik hauteskundeetatik. Euskal gizartea kalean manifestatzen denean, bai atentatu bat gaitzesteko, bai presoen eskubideen alde, botoa ematen duenean, Kontseilua defendatzen duenean... beste mezu bat zabaltzen ari da, eraikuntza mezu bat. Eta hori erabat inkonpatiblea da bide elektoralista horrekin: oraingoan galdu egin dut, baina hurrengoan irabaziko dut. Analisi horrek ez dakit non balioko dion; hemen behintzat ez. Horregatik herriaren mezua entzutea nahiko nuke, eta ez ohiko legegintzaldi bati, aukeren zain geratuko den trantsizio legegintzaldi bati ekitea.
A. SURIO. Ez dut uste ohiko legegintzaldia izango denik. Hau legegintzaldi berezia izango da. Elkarbizitzarako eraikin berri bat altxatzeko saiakera egin behar da eta horrek eskuzabaltasuna eta ausardia eskatzen digu denoi. Herri honetan kultura politiko berri bati ekitea esan nahi du, iraganeko aurreiritziek baldintzatuko ez duten politika, etorkizunari begiratu behar dion politika, belaunaldi berriek ez dezaten azken urteotako bereizketa ezagutu, ez daitezen indarkeriaren tragediarekin bizi. Alderdi politikoek hauteskundeen emaitzak nola asimilatzen dituzten gakoetako bat izango da. Horretarako denbora behar da eta oraindik erreakzio kontraesankorrak ematen ari dira. Baina nik uste dut epe ertainean estrategia aldaketak emango direla. Emaitza hauek, katarsia izan dira guztientzat eta errealismoz kutsatuko ditu mezu eta diskurtso politikoak. Hala ere, herri honetan klase politikoak ez du oraindik beharrezko maila ematen hau bezalako gaietan. Denbora behar da, diskrezioa behar da komunikabideetaz hainbeste arduratu gabe. Badakit horrek gure eta euren interesen artean arazoak sortu ditzakeela. Baina, fase batean behintzat, lana isilean egin beharko dute azken urteetan galdutako konfiantzak berreskuratzeko. Elkarrizketa pribatu ordu asko eskatuko ditu horrek. Hortik aurrera bi galdera nagusi mahaigaineratuko dira. Bata, zein izango den ETAren erreakzioa; une honetan bazterketa, inposaketa eta exterminio ideologiko fase batean dago, sufrimendua gero eta urrutiago eramanez. Emaitzei ematen ari den erantzuna nahiko patetikoa iruditzen zait. Politikoki ukitua izan da eta ez da gai izan bere erregistroan aldaketarik sartzeko. Beste galdera, PPren gobernuak hartuko duen jarrera da. Itxuraz hauteskunde aurreko diskurtso berdinean geratu da, nazionalismoaren aurka beste erasoaldi bat burutzeko bigarren aukeraren zain. Lehenago edo beranduago, bere erregistroa malgutu beharko du. Horretarako, PSOEk epe ertainean aldaketaren bat eragin dezake. Eta azkenean ETAren aurkako borroka tinkoarekin bateragarria izango den malgutasun politikoa lortuko da.
M. FERRER. Hauteskunde emaitzak azken aldian egin ez duten errebisiora behartzen ditu alderdi politikoak. Gatazkaren jarraipenean politika oso estankatua zegoen, bakoitza bere tokian zegoen. Lizarrak aldatu zuen hori, baina hiru urteko zikloa besterik ez zen izan. Eta ondoren porrot egin duten bi apustu egon dira. Lehena, fronte konstituzionalistarena, Euskal Herriari irtenbidea kanpotik eman nahi diona, Madrilen egindako paktu batetik, Madriletik zuzendutako kanpaina politiko batetik: Espainia Euskal Herrira dator, euskaldunek lortu ez duten irtenbidea ematera. PP eta PSOEren apustu honek porrot egin du. Bestalde, ezker abertzaleak bere helburuak ekintzen bidetik lortzeko apustua egin du: ideia politiko baten testuingurua albo batera utzita: «Arrazoia daukagunez eta herri honek nahi duena zer den badakigunez, txorakeriak albo batera utzi, Estatuarekin Konstituzioa eztabaidatzeaz-eta ahaztu eta subiranoak bezala jokatuko dugu». Baina euskal gizartea apurka ideia horretatik aldentzen joan da, ez duelako konbentzitu edo ez zelako seguru sentitzen. Baina EAJk ere errebisioa behar du. Aurreikuspen guztiak hautsi ditu boto kopuru harrigarri horrekin. Baina ezin dugu ahaztu, nazionalista-ez nazionalista marjina gero eta estuagoa dela. EAJren garaipena boto nazionalista bildu duelako izan da, ez nazionalismoa zabaltzen ari delako. Alderdi guztiek gizartearen errekonozimendu ekintza bat egin behar dute: guk gizarte honekin hau edo bestea egin nahi dugu, baina ez diezaiogun gizarteari klitxe bat ezarri gure erudizio politikotik, bestela gizarteak ihes egingo baitigu. Une honetako hausnarketak ez du helburuen inguruan izan behar, ez du gizarte hau kokatzeko eskemaz jardun behar. Metodo arazoa da, gizarteak guk nahi duguna nahi izatea lortu behar dugu. Hausnarketa hori oso ona izan daiteke, politika esparru humanoago batera eramango baitu, kanpaina honetan elkarren aurka jardun duten egia absolutuetatik haratago.
M. UBIRIA. Ados nago zurekin ideia absolutuak hautsi direla esatean. Eta hauek ez dira garaipen edo porrot definitiboak. Garaipen eta porrot kondizionatuak dira. PP eta PSOE oso gertu geratu dira. Gertatzen dena da EAJ-EAk irabazi duela, azken asalto gisa planteatutako kanpaina indartsu baten ondoren. Egindako apustua galdu egin dute, baina euren emaitzak onak dira berez. Modu berean, EAJ-EAren garaipena ere baldintzatua dago. Ez da nartzisistentzako garaipen bat. Ez dago nartzisismorik inorentzat. Guztiek birplanteatu behar dituzte euren ideiak. Herri honentzat egin duten proposamena aztertu behar dute eta euskal gizartearekiko harremana orain artean nola bideratu duten ikusi. Garaipena zein porrota erlatibizatu egin behar dira eta hori oso positiboa izan daiteke arazoak gainditzeko. Gainera ez du balio 13-Maren inguruko analisi koiuntural hutsa abiatu, hemendik bi astetara amaitu eta gero berdin jarraitzeak. Hemendik aurrera guztiek sentsibilitate handiagoa izan beharko dute gizartetik datozkien mezuak onartzeko. Ez bakarrik hautestontzietatik etorritako mezua, gizarte honek bide gehiago baititu mezuak helarazteko: oinarrizko kontsentsua dago euskararen alde edo presoen eskubide batzuekin... Euren proposamenak inolako traumarik gabe aurkeztu behar dituzte, absolutuak ez du zentzurik eta inperfekzio eta zuzenketek proiektu politiko ederrago bat ahalbidetu dezakete.
A. SURIO. Balio eterno eta absolutuen krisiaren ideia hori gustatzen zait. Ikusi dugun kanpaina erredukzionismo eta sinplifikazio hutsa izan da. Politikan ñabardurak funtsezkoak dira, herri honetan bereziki. Azkenean gizarteak agente politikoei mugak jartzen dizkiela agerian geratu da. Gizarte hau oso plurala da eta hemen arriskua ekimen unilateralek ekarri dute; ez da ahaleginik egin ekimenak integratzaileak izan daitezen. Etorkizunean, irtenbideak bilatzerakoan irudimena eta ahalegina beharko dira unilateralitatea saihestu eta multilateralitatea bilatzeko.
Eusko Legebiltzarra abian da dagoeneko eta gobernua ondorengo asteetan osatuko da. Zein motako gobernua osatuko da? Eta zeintzuk izango dira gobernu horren erronka zehatzak?
M. FERRER. Egunkariak irakurrita badirudi IU-EB sartuko dela gobernuan. Garbi dago hori dela Ibarretxek nahi duena, pluraltasun sozial interesgarri batez janzten baitu bere gobernua. Garbi dago, halaber, Ezker Batuari bertan sartzea interesatzen zaiola. Presentzia politiko bat izango du horrela. Gainera Estatu Espainolaren barruan progresistatzat har dezakegun politika sozialean sartuko litzateke. Ezker Batua sartu edo ez, herri honi ez zaio ezertxo ere gertatuko. Elementu interesgarriak aurreikusi daitezke sartzen bada, baina, nire ustez, arriskutsua ere izan daiteke.
Erronkei dagokienez, nire ustez Ibarretxek bi erronka nagusi ditu. Bata: hemendik lau urtera, legegintzaldia amaitu eta ezin du berriro ere ezintasun balantze bat egin. Aurreko legegintzaldian erakutsitako ezintasuna gizarteak barkatu egin dio, oposizioaren eraso gordinari esker. Oraingoan gizarteak ez dio kobratu, baina datozen lau urtetan Ibarretxe ez bada gai irtenbide itxaropentsu baterantz abiatzeko, jai dauka. Bestea: herri hau ezker-eskuin transbertsalitatean eraikitzen saiatu behar du. Eztabaida politikoaren barruan hiritarraren oinarrizko ongizatean eragina duten gaiei behar duten garrantzia eman behar zaie. Gure bizitzaren, lanaren edo hezkuntzaren inguruko eztabaida aberats bat bultzatu behar da. Bizi egin behar dugu, superbibentzia ez da nahikoa.
M. UBIRIA. Herri honen erronka eskubidedun bakea lortzea da. Baina erronka honek Lakuako gobernua gainditu egiten du, herri honetako hiru lurralde besterik ez baititu ordezkatzen. Hala ere, Ibarretxek lagundu dezake, beste indar eta ekimen batzuekin batera, eszenatoki berri baterako urratsak ematen. Ibarretxek lortutako gehiengoa zalantzan jar daiteke, kanpoko etsaiaren aurrean lortutako gehiengoa izan delako. EEBBetako presidenteak langabezia arazo bat duenean eta milaka lagun multinazionaletatik bota behar dituenean, gerra bat sortzen du atzerrian. Eta atzerriko etsaiak barruan sostengu biltzaile bezala funtzionatzen du. Ibarretxek Mayor Orejaren aurkako boto asko bildu du. Lau urte hauetan, politika eraginkorra egiten badu, Ibarretxeren esku dago boto horiek eskuratzea. Beste baten kontrako botoa, bere aldeko boto bilakatu behar du. Hori oso positiboa litzateke herri honentzat.
Bestalde, Europak aldaketa asko ekarriko ditu. Hemendik aurrera Uztaritzen, Kaskanten eta Hernanin txanpon bera erabiliko dugu. Eta beste elementu berri asko egongo dira gobernu horri lagungarri gerta dakizkiokeenak. Gobernuak erronka horietan zentratu beharko luke.
A. SURIO. Interesgarria izan daiteke Ezker Batua Eusko Jaurlaritzan egotea. Transbertsalitate irudia emango dio gutxienez gobernuari. Bakegintza eta normalizaziorako estrategia berri baten sukaldea osatu dezakete. Borondate politikoa badago, hori egingarria da. Baina uste dut oraindik Ezker Batuak tik erreibindikatiboak baditu eta ezkerrerako joera bat eman nahiko diote agian Jaurlaritzari. Horrek filosofia ezberdinek topo egitea ekar dezake. Azkenean, Ibarretxeren erronka autonomia eta autodeterminazioaren arteko trantsizio zubia demokratikoki eraikitzea izango da, normalizazio politikorako estrategia integratzaile berri bat bilatzea. Hori guztia koakzio eta indarkeriarik gabeko ingurune batean, konplizitateak eta laguntzak bilatuz, hainbat klitxe eta aurrejuzku alde batera utzita. Funtsezko erronka da, baina zaila, oso zaila. Terrorismoaren presioak ez du horretan laguntzen, alderantziz, eztabaida politikoa kutsatzen du.
Beste puntu garrantzitsu bat, indarkeriak eragiten dituen sektore guztiak laguntzea izango da. Iraganeko zauriak ixten saiatzeak irtenbiderako paktu baten eredua bilatzea ekarriko du. Herri honen tradizio historikoari erreparatua etorkizuna paktismoaren eskutik etor daiteke. Baina, noski, horretarako errezeta ez daukat.
M. FERRER. Ados nago Suriorekin. Ibarretxeren gobernuak, ETAren biktimen inguruan sortzen joan den bidegabekeria sentsazioa nolabait desaktibatzen saiatu behar du. Sentsazio hori, alde batetik ekintzek berek ekarri dute, baina baita sentimenduak muturrera eraman dituen kanpaina basatiak ere. Baina denok onartu behar dugu, gatazkaren iraupenarengatik, gauzei hainbeste buelta emateagatik... errealitate honetara ohitu egin ginela. Ermuko Foroak, Aski da!-k ekarri duen errebelamendua mesedegarria izan da (mugimendu hauek dituzten alde kritikagarri guztiak ahaztu gabe, noski). Baina esparru hau birkonkistatzeko bidean, Ibarretxek kontuz ibili behar du ez badu beste esparru bat galdu nahi. Bere diskurtsoan ez da behar bezala zaintzen ari beste biktimekiko elkartasuna. Egia da egun beste indar batzuen jarduera ez dela ETArena bezain garbia eta horregatik gizarteak bakarrik alde bateko biktimak ikusteko joera du. Baina, zalantzarik gabe, sufrimendu handia dago ENAMen barruan. Eta ez dirudi azkenaldian Eusko Jaurlaritzak sentsibilitate handia erakutsi duenik sufrimendu horrekiko.
Hauteskundeetako emaitzei begira, denoi errazagoa egiten zaigu boto horren bitartez hautesleak ezetz zeri esan dion jakitea, baietz zeri esan dion jakitea baino. Ibarretxeren erronka gizarte hau zein baiezko onartzeko prest dagoen jakitea da. Eta ez bakarrik bere mundu nazionalistan, baita parean duen munduan ere.
M. UBIRIA. Nik ez dut pentsatu nahi herri hau une batez sufrimendura ohitu denik. Alde bateko edo besteko indarkeria ekintza bat gertatzen den bakoitzean, herritarren gehiengoak tragedia bat bezala sentitzen du, porrot bat bezala: ez dugu asmatu gauzak beste era batera egiten gauza hauek berriro gerta ez daitezen. Zentzu horretan, eta ETAren atentatuetan senideak galdu dituztenei errespetu osoz, lehendakariaren sostengua izan dutela uste dut. Baina nik ere uste dut ez duela sentsibilitaterik erakutsi gatazkaren beste biktimekiko. Vera eta Barrionuevo kartzelan sartu eta ordu gutxira aske uztea behar izan du Ibarretxek GALen biktimei besarkada bat bidaltzeko. Uste dut hori egiten duen lehen aldia dela. Sufrimendua bere dimentsio guztian hartu behar du. Eta solidaritatea baino gehiago, konpromiso politikoa eskatuko nioke herri honetan biktimarik egon ez dadin laguntzeko.
Ikusmin handia sortu zuen ETAk "Gara" eta "Euskaldunon Egunkaria"ri eskainitako elkarrizketak. Eragin al zizuen ezustekorik zerbaitek? Azpimarratuko al zenukete zerbait?
M. FERRER. Ez. Eta ezagutzera eman nahi duena gaurkotzea beti da ona, baina ezustekorik ez zegoen. ETAk elkarrizketan erakutsitako jarrera horrenbeste elkarrizketetan ikusi dugu... Patxi Zabaletak edo ezker abertzaleko beste norbaitek esan ohi duen esaldi bat dakarkit gogora: "Ezker abertzalean beti goaz aurrera, eta atzera egin behar badugu, buelta eman eta aurrera jarraitzen dugu". Itxura hori ematen dute elkarrizketan, beti ari dira irabazten, eta era batera ala bestera, gauzak beti doaz beraiek pentsatzen duten bezala eta estropezu txikiak ez dira kontuan hartzekoak. ETAren dinamikan diren egi osoak hor dira, halaber. ETAk errealitateari aurre egiteko duen gaitasuna eskasa erakusten du elkarrizketak; dena den, agian eskaparate bat besterik ez da, hots, esan behar diren gauzak esan kanpora begira, baina gero barruan birpentsatu beharrekoa ondo hausnartu. Esandako azken hau egia balitz, aurkitutako gauza positibo bakarra litzateke.
M. UBIRIA. Hauteskundeetan izandako emaitzen inguruko hausnarketak toki handia hartzen du elkarrizketan, lehen zati osoa hortaz da. Hauteskundeetan EHk izandako emaitzak txarrak izan dira eta horren azterketa egiten da, baina emaitza horiek oraindik azterketa sakonagoa eskatzen dute, ezker abertzale osoak egin beharko duena eta baita ETAk ere. Horrez gain, elkarrizketan politikan espazio komunikatiboak berreskuratu beharraren inguruan hitz egiten da. Zertara behartzen du honek? Lizarran gertatu zenari buruzko bere bertsioa dauka bakoitzak, EAJk bereak, ETAk, ELAk... eta bertsio kontrajarriak dira. Baina garai hori itxita dago, nire ustez une hartan zer egin zen ongi eta zer gaizki aztertzearen garaia agortu da dagoeneko. Hau da, aurrerantzean euskal gizarteak egin dituen eskakizunei nola egingo zaien aurre pentsatu behar da, eta hori egin behar da, lehen esan dudan bezala, ez bakarrik herri honen zati batean hausnarketak eginez. Hasitako hausnarketa ez da egun batean agortzen dena, jarrera aldaketak eta gisakoak denboran ematen dira eta.
Beste pasarte bat ere deigarria egin zitzaidan. Une batean esaten da Euskal Herria hiru zatitan banatutako lorontzia dela eta lortu beharrekoa ontzia berregiteko aukera dela. Irlandako prozesua datorkit gogora, Ostiral Santuko Akordioan Sinn Feinek ez zuen Irlandaren berbatzea sinatu, hori gauzatzeko aukera berdintasuna baizik. Eta honekin berriz gatoz absolutu eta erlatiboen kontzeptuetara. Hor bai ikusi nuen mezu absolutuetatik ihes egiten duen mezua, herria batzeko aukeraz ari da eta, eskubideez azken finean. Ekarpen gisa interesgarria iruditzen zait.
A. SURIO. Ez nuen osagai berririk ikusi eta elkarrizketak barne kontsumorako ukitu handia du. Hauteskundeetan ezker abertzaleak izan duen beherakada ETAren mundura ere iritsi da, etorkizuneko estrategiari begira eta oso gai oinarrizkoetan barne konbultsioa gertatzen ari da, eta ETAk hor eragin nahi du. Beharbada ez zegoen erabili ohi duen horren tonu harroa, baina ETAri dagokionez itxura kontuak baino bere egintzak dira garrantzitsuak. Egi osoa izatearen planteamendu horretatik ez da aldentzen eta, oro har, mundu guztiari nota jartzen dio eta bere gain hartzen du euskal gizartea eta bertako agente politikoekiko tutoretza. Une batean hauteskundeak ez zirela borroka armatuari buruzko erreferenduma izan adierazten dute -"escusatio no petita acusatio manifiesta"- eta horrek adierazten du politikoki ukituta daudela, baina oraindik ez dutela inertzia aldaketa ahalbideratuko dien heldulekua. Bitartean, errealitatearen printzipiotik erabat aldenduta daudela erakusten dute.
Sukalde lan garrantzitsua egin beharko dela aipatu da eta hori ez da lan samurra klase politikoan dauden arrail sakonak kontuan hartuta. Nola uste duzue gauzatu beharko litzatekeela sukalde zeregin hori eta zeintzuk lirateke agenterik garrantzitsuenak zeregin hori eraginkorra izan dadin?
A. SURIO. Jakina, alderdi politikoek harremanak eta konfiantzak berregin behar dituzte lan isilean, baina mugimendu sozialek ere zeregin oso garrantzitsua dute. Herri honetan adiskidetze kultura berri bat finkatze aldera funtzio garrantzitsua dute mugimendu sozialek. Bere garaian asko hitz egin zen porrot egin zuen Elkarri eta Bakearen Aldeko Koordinakundearen (BAK) kanpainaz, eta hauen elkarlanak etorkizunerako lan ildo oso interesgarria marraztuko luke. Euskal gizartean dagoen sentimendu sakon batekin konektatuko luke horrek. Horrez gain, mugimendu sozialek elkarrekin egoteko dinamikak bultzatu beharko lituzkete, eta debatea ordenatze aldera egin ditzaketen proposamen metodologikoak ere interesgarriak izan daitezke.
M. UBIRIA. Agente sozialen partehartzeari interesgarria deritzot, besteak beste alderdiak soka motzetik eustea ahalbideratzen duelako; epe motzean emaitzak eman behar dituzten agenteak dira alderdiak, laster ari dira hurrengo hauteskundeetan pentsatzen, eta agente sozialek haien lana fiskalizatu dezakete. Hori da agente sozialei eskatu beharko litzaiekeena, baina argi, alderdiek ez ditzakete koltxoi gisa erabili beren erantzunetatik ihes eginez, zenbaitetan pasatu izan den bezala.
M. FERRER. Bai, ados nago eta egin dezatela ahalik eta ekarpen handiena, baina egun aktiboak diren agente sozialetatik harat joan nahiko nuke, agente sozial aktiboak oso gutxi daude eta. Batzuk oso polarizatuak dira, adibidez, Amnistiaren Aldeko Batzordeak edo Senideak, Aski da!; beste batzuk ez dira hain polarizatuak, Elkarri eta BAK, esate batera. Baina horiez gain, herri honetan batere aktiboak ez diren agente sozial ugari dago: unibertsitatea, kolegio profesionalak... Une batean pluraltasunean gordetzen dira -"pluralak gara, eta bakoitzak nahi duen bezala pentsatzen du"-; "bai, jakina -erantzungo nieke- baina lagundu iezaguzue esanez pluraltasun hori kontuan hartuta zer proposamen egin dezakezuen alderdiak eta gobernua orientatu eta bultzatzeko".
Bakea eta ETAren aurkako borrokari dagokienez, esango nieke aski dela hau erreakzio sozialaren gain uzteaz. Erreakzio soziala osasungarria da, ondo iruditzen zait gizarteak bere mina agertzea, edo biolentzia eta heriotza arbuiatzea, baina alderdi politikoek irtenbideak topatu behar dituzte eta ez manifestazioen buruan ibili. Hau oso garbi daukat. Nahikoa da! Ez ditut alderdi politikoak nahi pankarta bat eramateko, irtenbideak jarriko dituen paper batekin nahi ditut, orain arte eskainitako irtenbideak baino pixka bat hobeagoak izango diren irtenbideak.
Bide berriak urratzeari buruz, hasiera batean pozik nengoke alderdi politikoak oztopo gehiago ez jartzeko gai balira. Kokoteraino nago ikusteaz, geroago aurrera egiteko alderdiek aurretik jarritako hesiak kentzen nola ibili behar duten. Bakearen arazoaz aritzean, ez dute ikusi behar beraiek galdu dezaketena proposamen batek aurrera egiten badu, horrek aurrera egiten badu gizarte osoak irabazi dezakeenaz baizik.
M. UBIRIA. Esandakoa elkarrizketa mahaiekin lotuko nuke. Herri honetan mahai gehiegi antolatu dira zerbaiten aurka (Ajuria Eneko Mahaia, Iruñekoa...) eta irtenbiderik ez dela etorri ikusi da. Beraz, mahairik eratu behar bada -ez dakit zein formarekin- izan dadila gatazka gainditzeko. Kontrako mahaiak egon dira baina gatazkak jarraitu du eta sufrimenduak zerbait egitekotan gora egin du. Oinarria edozeri buruz hitz egin daitekeela izan behar da, dena zalantzan jarri behar da.
A. SURIO. Baina, hasteko, gatazkari buruz diagnostiko bateratua bilatu behar da, gatazka beraren inguruan ere iritzi desberdinak dira eta. Batzuentzat gatazka ETA da eta honek dakarren askatasun eza, eta kito; beste batzuentzat hemen gatazka politiko bat dago eta honek eragiten du gatazka; beste batzuek uste dute bi gatazka daudela, bata biolentoa eta bestea antolakuntza politikoari dagokiona, eta ez daudela lotuta, nahiz eta harremana baduten... Beraz, egiazko gatazkaren diagnostiko bateratura heltzeak nahiko ordu eramango du.
M. UBIRIA. Ez, gatazkaren izaera politikoa ez dago zalantzan, 600 preso politiko dituen herrialdeak bizi duen gatazkaren izaera politikoa ukatzea...
A. SURIO. Sustrai politikoa ez dago zalantzan, baina batzuen ustez gatazka biolentoa berez da gatazka bat, eta lehenbizi hori konpondu behar da gero arazo politikoetan sartzeko, edo gutxienez bata bestetik bereizi behar da. Horrez gain, klase politikoari buruz ere hausnarketa bat egin nahiko nuke. Bere zentzu historikoan, euskal klase politikoaren gaitasuna kolokan dago, lidergoa eramateko gaitasunari dagokionez bere sabaia jo du. Marianok zioen bezala, gizarteak negar egin behar die bere hildakoei eta kalera atera behar du, baina jadanik heldu da pauso erabakigarriak eman eta orrialdez pasatzeko unea. Gizarteak hori exijitzen du.
Eta edukiei buruz zer? Zer eduki egon behar da aipatzen ari den konponbide jorratze eta sare korapilotsu horretan?
M. FERRER. Nik bi galderetan laburtuko nuke, beti ere gatazka politikoari dagokionez, eta kontuan hartuta biolentziarekiko dituen loturak oso korapilatsuak direla. Nola jakin ahal dugu gizarte honek zer nahi duen? Noiz eta nola jakingo dugu gizarte honek nahi duena gauzatzea posible den egun dugun sistema demokratikotik abiatuta? Ez dut beste arazorik ikusten.
M. UBIRIA. Hori da sakoneko arazoa, nola gauzatu herri honek dituen eskubide demokratikoak. Nik uste dut badagoela defizit demokratiko bat; herritarrek eskubide defizita dute eta defizit politiko bat dago. Hor dago erronka, eskubide horiek adierazpidea izan dezaten egungo "status quo"a nola aldatu. Nola egin hori? Ezin ditugu hauteskundeak egin herrialde osoan, hastapeneko instituzio nazional bat besterik ez dago. Begi-bistakoa da, eskubideak onartu baino lehenago aurreakordio bat beharrezkoa da.
M. FERRER. Beharbada guk herri honek gauza bat nahi duela pentsatzen dugu eta gero beste bat nahi du. Hau da, akaso gure burutik hitz egiten ari gara eta ez errealitatetik. Guztiok izan behar dugu zintzoak -alderdi politikoak lehenak- gizarte honek zer nahi duen asmatzeko ahaleginean, eta hortik aurrera pentsatzen hasi ea nola gauzatu daitekeen gizarte honek nahi duena, horrela gizarte humanoak baimentzen dituen mugen barruan elkarbizitzarako arrazoizko arau batzuk izango ditugun segurtasuna izanez.
A. SURIO. Arau berri batzuen definizioa jorratu beharko da eta klabea egungo kontsensua zabaltzean legoke. Bakea ezin da edozein preziotan lortu, baina, lehen esan dudan bezala, bai arrazoizko prezio batean. Horrez gain, jokoa demokratikoa bada, gehiengoen eta gutxiengoen printzipioa onartu behar da horrek izan ditzakeen ondorio guztiekin. Hori bai, egun dugun errealitatearen printzipiotik abiatu behar dugu, herri hau plurala dela onartuz. Onartu behar da, halaber, egun dagoen autogobernuaren joko eremua eta instituzioak ere hor direla, legitimitate baten gainean eraikiak; horietatik abiatuta etorkizuna eraiki eta hobetu daiteke, baina ezin da zalantzan jarri orain arte eraikitakoa, besteak beste, euskal herritarren borondate aske eta demokratikoaren gainean eraiki delako.
Hilabete batzuk barru, urte bukaera aldera, orain hitz egiten ari garen guztia aterako da modu batera ala bestera Elkarrik antolatu duen bake konferentzian. Zer aurreikuspen duzue konferentziarekiko?
M. FERRER. Bere helburua bideak zabaltzea da eta hemen mahaigaineratu ditugun desio onekin bat datorrela uste dut, hau da, alderdi politikoak irtenbideen bila jartzeko prest dauden jarrera erakustea. Horraino doala uste dut. Elkarriren ametsa litzateke horrez aparte han nolabaiteko akordioa lortuko balitz, baina ez dut uste horretan pentsatzen ari denik. Hurbilketak, konplizitateak, oso oinarrizko akordioak bilatzen dituela uste dut, gero dinamika politikoak berak bide errazagoa izango duelakoan.
M. UBIRIA. Oraindik ikusi beharko da nola erantzungo duten agente politiko desberdinek konferentziaren aurrean. Edozein modutan, herri honetan halako formularik erabili behar bada, abizenik ez izatea gustatuko litzaidake niri, hau da, ez zedila Elkarriren Bake Konferentzia izan Euskal Herriko Bake Konferentzia baizik. Gai honetaz aritzean, nazioarteko egiazko beste bake konferentzia batzuk datozkit burura, eta horietara jadanik nahiko aurresukaldatutako jakiekin joan izan dira, hau da, oinarri handi samarreko zenbait akordiorekin, eta burura datozkit Irlanda edota Madrilgo Ekialde Erdiko Bake Konferentzia. Beraz, Elkarriren konferentziaren ezaugarriak apalagoak direla imajinatzen dut; ez dakit alderdi guztiak izango diren, zer protagonismo izango duten, beste agente batzuk izango diren... Zintzotasunetik egindako edozein ekarpen positiboa dela deritzot, baina niri benetan gustatuko litzaidakeena da gure herri osoko egiazko bake konferentzia batean murgiltzea. Elkarrizketaren alorrean -eta elizako adibide bat hartuz- katoliko ez praktikante ugari dagoela iruditzen zait; jende askok egiten du diskurtso politikoa elkarrizketarekin, baina gero hori ez da gauzatzen egiazko gertakizunetan... Bakea serio jorratuko den benetako konferentzia edo dena delako horren zain nago, antzerki munduko terminologiara joz, antzezlan serioa nahi dut nik, protagonista serioekin, nik herri honen karteleran bakea jarri nahi dudalako, oinarri sendodun bake iraunkorra ekarriko duena. Bide horretan antzerki entsegu asko egin beharko direla? Ados, baina indarrak aipatutako eszenategira bideratzeko ordua dela uste dut.
A. SURIO. Eszenategi interesgarria izan daiteke Elkarriren konferentziarena, baina beldur naiz taularatze irudia gehiegizkoa izan daitekeelako, eta horrek zailtasunak ekar ditzake, azkenean alderdi edo agente desberdinei konplizitate lan bat egitea oztopa diezaiekeelako. Dena den, prozesuak ez du zergatik izan behar 95ean eman zena modukoa eta, alde horretatik, uste dut konplizitaterako eta lanak elkartrukatzeko aukerak izango direla. Azken finean, klabea metodoa da, metodologia desberdinak bilatzea eta konferentzia horretarako aukera bat izan daiteke, batez ere nazionalista eta ez nazionalisten artean ikuspuntuak elkartrukatzea ahalbideratzen badu. Azken finean, edozein irtenbidek herri honetako bi sentsibilitate historiko esanguratsuen elkar ulertzetik etorri behar du eta.
Horrez gain, arazo semantikoa oso garrantzitsua iruditzen zait, funtsezkoa iruditzen zait batzuetan hitzek duten zentzu itxia biluztuz lan egin ahal izatea. Zenbaitetan hitzak kartzelak dira eta herri honetan semantika kartzela bihurtu da. Alde horretatik, Elkarrik lan garrantzitsua egin dezake lengoaiaren garbiketari dagokionez.

Mahaikideak
Alberto Surio

«El Diario Vasco»ko kazetaria
Donostian jaioa 1963an, Euskal Herriko prentsa eta politikaren bazterrak ondo menperatzen dituen kazetaria da eta gaur egun «El Diario Vasco»n korrespontsal politiko lanean dihardu. EHUn atera zuen Informazio Zientzien lizentziatura. 83-85 urteetan «La Voz de Euskadi»n aritu zen; 87-89an «Deia»n, 85-87an «El Correo»n eta 89tik aurrera «El Diario Vasco»n ari da lanean. Besteak beste, Radio Euskadiko «Ganbara» irratsaioan ere parte hartu izan du analista politiko gisa.

Maite Ubiria

«Gara»ko Euskal Herria saileko burua
Irunen jaio zen duela 34 urte eta Informazio Zientzien lizentziatura bereganatu zuen EHUko Leioako Campusean. «Egin»en hasi zen lanean herrietako informazioa lantzen 1989an. Gero Mundua sekzioko arduraduna izan da «Gara» sortu arte; hemen Euskal Herria saileko burua da hasieratik. Euskadi Irratiko «Solasean» debate saioan parte hartzen du, halaber. Guraso nafarrak ditu eta Irungo nafartzat du bere burua. Gaztelera, euskara eta frantsesa hitz egiten ditu.

Mariano Ferrer

Donostiako Herri Irratiko kazetaria
Euskal Herriko kazetari eta analista sakonenetakoa da 62 urteko donostiar hau. Donostiako Herri Irratian ekin zion 1971n eta hor jarraitzen du egun ere. «Egin»eko lehen zuzendaria izan zen, urtebetez. «El Mundo»ko iritzi burua izan zen 93tik 96ra eta egun ere bertan kolaboratzen du. ETB-2n «Sin permiso» eztabaida eta hausnarketa saioa ere zuzendu zuen 89-90ean. Bi lizentziatura ditu: Zuzenbidea, Filosofia eta Letrak, eta bere garaiko kazetaritza titulua.

Eta orain sozialistek zer? Hauteskundeak pasa ondoren hamaika analisi,gogoeta eta emaitzen azterketa egin dira azken hilabete honetan. PSE-
Hauteskundeak pasa ondoren hamaika analisi, gogoeta eta emaitzen azterketa egin dira azken hilabete honetan. PSE-EEren emaitzetaz ere komentario ugari egon dira bai partidu barruan eta komunikabide gehienetan. Ez da nire asmoa sozialisteen emaitzetaz azterketa bat egitea artikulu honetan, nire asmoa hauteskundeen emaitzak abiapuntu bezala hartuz hausnarketa bat egitea da euskal sozialisteen etorkizunari buruz.
PSE-EEren emaitzak utzi didaten zaporea porrotarena izan da. Badakit hau sentsazio subjetibo bat besterik ez dela baina kontuan hartu behar da politikan "sentsazioak" askotan erabakiorrak izan daitezkela, adibidez botoa emateko orduan. Porrotaren zaporea ez da hainbeste jasotako botoak eskasak izan direlako baizik eta emaitza hauek aspalditik datorren (gutxienez 1994tik) tendentzi bat egiaztatzen dutelako. 1993ko Martxoan gauzatu zen PSE (PSOE) eta EEren Konberjentzia. Bere momentuan arrisku handiko apostua izan zen baina itxura polita zeukan: euskal sozialismo tradizionalari abertzale mundutik zetozten sektore ilustratuak gehitzea eta koktel horrekin PSE-EE proiektu politikoa bultzatzea euskal gizartearen gehiengoaren bila. PSE-EEren lehenengo urratsak itxaropentsuak izan ziren. 1993ko ekainan estatuko hauteskunde orokorrak zeuden eta hauek izango ziren PSE-EEren indarrak baieztatzeko lehenengo proba. Emaitzak onak izan ziren: Gipuzkoan irabazi eta Bizkaia eta Araban emaitza onak oro har. Bazirudien PSE-EEk seinale onenekin prestatu zintzakela handik urtebetera egingo ziren hauteskunde autonomikoak. Aukera onenak zeudela zirudien Ramón Jauregik Ardantza jaunari lehendakaritza lehiatzeko. Baina seinale on guztiak bat-batean pikutara joan ziren. PSOEk gordeta zeukan lapikoa, poterean hainbeste urte egon ondorengo zikinkeriak gordetzen zuen lapikoa -eta ez nolanahiko zikinkeriak gainera- lertu egin zen bat-batean: Roldán, Rubio, GAL, Urralburu, Filesa eta abar. Guzti honek, etxeko sukaldean "olla esprés" sutan daukazunean janaria prestatzen eta lertzen baldin badizu, antzeko efektoak eduki zituen PSE-EErentzat. 1994ko autonomikoetan PSE-EE 19 legebiltzarkidetik 12ra pasa zen eta EEren 6ak kontuan hartzen baditugu 25 legebiltzarkidetik 12ra. Izugarrizko jipoia hartu zuen PSE-EEk eta Ramón Jauregik lapiko pozoinduaren leherketaren ondorioak jasan behar izan zuen. Ordutik beste bi hauteskunde autonomikoak egin dira Euskadin: 1998koetan PSE-EEk 12 legebiltzarkidetik 14ra pasa zen eta azkenekoetan, joan den hilekoetan, 14tik 13ra. Badakit azkeneko bi hauteskunde hauek aztertzekotan gogoeta zabalagoak egin beharko liratekela baina egia da, bai ta ere, analisi sakon guztien ondoren zenbakien gordintasuna hor geratuko dela. Eta okerrena izan liteke (Maragallek Arzallusi buruz aipatzen zuen bezala) "futuros"en merkatuan PSE-EEren kotizazioa gaur egun beheraka egiten duela.
Zein da sozialisten estrategia epe luzera Euskadin? Alde batetik PNVrekin hainbeste urteetan gobernuan elkarrekin egon ondoren badirudi gelditu den sentsazioa nahiko mingotsa izan dela. Bestetik azkeneko bi urteetan eraman den estrategia jende askori iruditu zaio PPren estrategiaren menpe egotea besterik ez dela izan. Zein da or duan arazoa, sozialisten mezua saltzen ez jakitea edo arazoa larriagoa da eta honek adierazten duena estrategi garbi baten falta izatea besterik ez da?
Nire ustez Sozialistek berpiztu egin beharko genuke konberjentziako izpiritua. Ez dut esan nahi honekin 1993ra bueltatu behar garenik, 8 urte ez dira debalde pasatzen eta gutxiago euskal politikagintzan. Esan nahi dudana da PSE-EEk gehiengoaren bokazioa bereganatu nahi badu eta prestatu alternatiba bat egunen batean PNVri gehiengoa lehiatuko diona, gehiengo hori bi zutabetan oinarritu beharko da. Lehenengo zutabea sozialismo tradizionalena da zentzu zabal batean eta bai ta ere IUk ordezkatzen duen sektoreekin harremanak hobetzea. Bigarren zutabea da abertzale munduan dauden hainbat sektoreengana hurbiltzea. Badakit sozialista askorentzat hau sakrilejio bat dela baina uste dut iritsi dela ordua euskal politikan hainbat sakralizazio pikutara bidaltzeko. Sektore abertzale asko ez dira sabinianoak, ETAren ekintzak guri bezainbeste nazka sortzen die, ideologi mailan ezkertiarrak sentitzen dira... Baina era berean euskaldunak izateaz gain euskaldunak sentitzen dira (sozialista asko euskaldunak dira baina ez dira euskaldunak sentitzen), euskera maitatzen dute eta pentsatzen dute ahalegin bereziak egin behar direla euskera eta euskal kultura sustatzeko. Eta pentsatzen dute sozialistek ez dugula ez ta sentsibilidade izpirik ere euskal kulturaren munduarekin. Errealitatea horrela da eta epe motzean oso zaila egingo zaigu sozialistei hau aldatzea baina erdi epean behar beharrezkoa ikusten dut bigarren zutabe hau osatzen duten sektoreengana hurbiltzea nahi badugu gehiengoaren bokazioa berpiztea. Hor daukagu Maragallen adibidea eredu gisa.
Urte gehiegi daramagu euskal politikan arazo sakonei irtenbiderik eskeini gabe, batzuk besteei leporatuaz egoera honen ardura eta horrela urte bat eta beste bat eta beste bat... Uste dut iritsi dela ordua hainbat urteetan euskal politika lotu duten kortsetak apurtzeko. Sozialistak hausnarketa sakon bat egin beharrean gaude eta horren ondorioa izan beharko litzateke sozialisten proposamena euskal arazoari behin betiko soluzioa emateko. Proposamen hau gauzatu bezain pronto, PNVrengana jo eta mahai gainean jarri bien proposamenak PNV eta PSE-EE artean akordio estratejiko bat lortu ahal izateko. Akordio honek ez luke zer ikusirik gobernu akordio batekin edo udal pakto batekin. Akordioa gauzatuko balitz estratejikoa izan beharko litzateke, hau da, Euskadiren etorkizunerako arauak finkatzea. Horrelako akordio bat ona izango litzateke PNVrentzat baina erabat mesedegarria izango litzateke sozialistentzat ere, behingoz politika egiteko aukera edukiko geneukan egoera normalizatu batean gatazkaren mamua uxatu ondoren.
Azkenik, orain arte ez ditut aipatu ere egin izan nahi ETAren atentatuak ete bere ondorioak. Pentsatzen dut denbora gehiegi daramagula ETAren estrategiaren menpe eta honek gehiegi baldintzatu duela politikagintza. ETAk min gehiegi egin dio euskal gizarteari eta aspaldi honetan sozialistei bereziki. Ahalegin guztiak egin behar ditugu ETA politikatik at uzteko, jakinarazteko atentatuak bai, min egiten digutela, baina egoera horri aurre eginez gai garela akordio politikoetara iristeko ETArik gabe, baldintzarik onartu gabe. Espero dut Ibarretxe jaunak gobernu berria osatzen duenean emango diola behar zaion lehentasuna ETAren kontrako borrokari. Sozialisten laguntza osoa edukiko du ahalegin horretan.
PSE-EEko kidea

Heldutasun bila Zorrotz ibili da Aznar Maiatzaren 13ko hauteskundeen emaitzak heldutasunarekin lotu dituenean. Nire uste apalean hortxe ber
Zorrotz ibili da Aznar Maiatzaren 13ko hauteskundeen emaitzak heldutasunarekin lotu dituenean. Nire uste apalean hortxe bertan ahitu zaio zuhurtzia baina, tira, ez da hutsala kasualitatez bederen diagnostikoaren funtsean asmatzea. Heldutasuna baita arazoa, batez ere gure honetan, duela bi urte eta erdi ETAk su-etena iragarri zuenean hementxe bertan edo ez dakit non esan nuela iruditzen zaidana berresanez.
Jakina, besteren buruan, euskaldun gehienon buru gogorrean, sumatzen du heldutasun gabezia Aznarrek. Eta horretan ere arrazoia emango nioke, baldin eta onartuko banu bere estrategiaren giltzarri aprioristikoa: alderdietako baten garaipenarekin kitatu behar duela 'euskal arazoak'; eta, jakina, on eta zilegi dela bere alderdia izatea irabazle hori. Gutxitan esaten du hau horrelaxe Espainiako gobernuburuak; nahiago izaten du ezezkako itzulinguruz adieraztea ("jakin dezatela sekula ezingo gaituztela makurrarazi", "ETA derrotatu egin behar da, eta horretarako..."; eta abar); baina bat eta berbera da aburua: garaipena lortu behar da... etsaiaren garaipena omen litzatekeelako alternatiba bakarra.Eta Maiatzaren 13an ikusi denaren arabera, horretarako bai dagoela berde EAEko herritarren gehiengoa.
Nork berezko hausnarketa seriorik ezinean politically correct-aren saltegi erosora maizegi jo behar izaten duten politikarien horniketan merkatu zabal bezain ongi ordaindua aurkitu duten putchista eta gisako espektro sektarioek, 1997 aldera, garaipenaren lilura hori Madrilgo botere politikoari saltzeko abagune aproposa aurkitu zuten. Eta baita aise saldu ere, gauzak zuzen egiteko baino historian agertzeko grina gehiago duen klase politikoari: gainerako bideen malkartasuna frogatuta zegoen, eta alderantzizkoa laua bezain zuzena izan behar zuela sinestea zilegi iruditu zitzaien. Inozokeria non amaitu eta gaiztakeria non hasten den jakin egin behar.
Lau urte geroago, garaipen-xede horren taktika hedakorrak ("ETA menderatzeko euskal abertzalegoa menderatu behar da lehenik") porrot egin duela ez aitortzeko xelebrekeriak egiten ari direnengandik, nekez espero daiteke estrategia beraren antzutasuna onar dezaketenik; baina errealitatea, espainol nahiz euskaldunok baino egoskorragoa dela dirudi. Baita, beharbada, beraiek osoro ez irabazten ez duten bakoitzean etsaiak irabazten duela sinesten dutenen garun sektarioa baino gogorragoa ere.
ETA akabarazteko errezeta psikologista ("Ezer ez dutela lortuko ohartzen direnean amaituko da dena") batekin burutzen den estrategia horrek berak, bere zabartasunaren zabarraz, zer edo zer pentsarazi behar lieke gure agintedun politikariei... baldin eta ez balira diren bezalakoak. Nazioarteko historia garaikideko argibide eta irakaspenak aintzakotzat hartzea gehiegizkoa zaienez, bertatik bertarako aurrekinak behintzat hausnartu behar lituzkete. Adibide hutsez: bizpahiru erakunde armatu (ETApm, KAA, Iraultza) desagertu dira Euskal Herrian azken 20 hauetan; haien 'aktibo' (komando eta baliabide) ia osoak eta 'pasiborik' gehienak (presoak, iheslariak, e.a.), ekinean geratzen zen beste erakunde armatuan (ETA militarrean) murgildu ziren, ekintzaileak desagertzen ez zireneko erakunde-desagerpen batean. Zein ote litzateke Estatuaren garaipen-estrategia batek egun arazo horri buruz lukeen helburua? 'Garaipena' eta buruhausteen amaiera sinonimoak direla uste ote dute?Nola?
Nire irudipena da Aznar (gure klase politiko ofizial osoa norbaitengan laburbiltzearren) horraino iritsi ere ez dela egin, gaurdaino behintzat. Bere hausnarketak, gauzarik gehienetan bezala, seriotasun itxura zurrunaren azpian, taktizismo hankamotzez betetakoak eta ikuspegi estrategiko oso kaskarrekoak direlako. Eta, bidenabar, edozein abenturari politiko lausengarik kabestrutik edonora eraman ahal izateko primerakoak. Horrelako zerbait gertatu zitzaion iragan legealdian Moncloako jauntxoari, ETA bentzutzeko erretolikatik nazionalismoa(k) suntsitzeko egitasmora eraman zutenean. Eta horixe bera gertatzen ari zaio oraintxe bertan, M-13ko porrotaren ondoren, estrategia txar bat on bilaka dadin behar adina itxarotea aski dela sinetsarazi diotenean. ETAren su-etenaren kudeaketan ez zuen trebetasun handiagoa erakutsi.
Heldutasunaren auzia alderantziz epaitzera eramaten naute, halabeharrez, egiaztapen hauek denek. Benetan, haren premia larrian dagoena Aznar eta bere ingurunea da: euskal arazoak ez daramatza bere horretan daramatzan hamarkada guztiak egungo PPko arduradunak bezalako azkarren 'ukitua' suertatu ez zaiolako. Oraingoak bezain azkarrak, eta zindoak, eta saiatuak, eta... pasatu dira hemendik. Zergatik ez zuten ezer konpontzea lortu? Lehenik eta behin, garaipena (beraiena, noski) zela konponbidea pentsatzen zutelako gehienek. Baina, baita ere, heldutasunik ez zegoelako.
Ez da batere erraza 'heldutasun politikoa', norbanakoena nahiz gizataldeena, zertan datzan definitzea, baldin eta ukazioz ez bada: zer dagoen zerbaitetarako heldugabe nahiko nabaria izaten da, gabeziaren estadiorik oinarrizkoenetan behintzat. Horrexegatik, euskal arazoaren baitan 'konponketa' eta 'garaipena' politikoki (bestelako kontua izan daiteke filosofiaren alorrean) eskluienteak direla pentsatzen dudan adinean, heldutasunaren frogagirietako bat, hain zuzen, hortxe kokatu ohi dut nik: garaipenari begira ari dena, ezin egon konponketarako helduta. Garaipena, luzamenduaren luzapenez lortu asmo badu ere, Aznarren moduan.
Gure arazoaren beste protagonista nagusietako batek, ETAk, bai bere su-etenaren kudeaketa praktikoan eta are gehiago geroztiko jardueran erakutsi duena izan daiteke heldutasun gabeziaren beste aldakietako bat: garaipenik gabeko konponbidea hitzez onartu ondoren, gero garaipen haren parekoa beste konponbiderik onartzen ez duenarena. Azken elkarrizketa luzearen irakurketak, erakunde armatuan heldutasuna atzeraka ez ote doan irudipena piztu dit gainera. Hurkoaren nahiz aurkariaren ikuspegiak, interesak eta beharrak aintzakotzat hartzen ez dituen heldutasun politikorik ez dut nik ezagutu behintzat, eta inoiz baino gutxiago sumatzen dut hori ETAko bozeramaileengan. Etsaia (beraiek ere gero eta zabalkiago definitzen duten etsaia) jo eta txikitzeko grina galanta bai, baina konponketa politikorako gogo gutxi antzeman diet nik behintzat. Gatazkaren protagonista kolektibo nagusitzat har genitzakeen biak horrenberde badaude, ezinbestekoa dirudi gure beronen heldutasuna urruti samar dagoela erabakitzea. Eta ez naiz ni hasiko txanpain botilak hozkailuan sartzen. Badira, ordea, helduxeago ageri diren beste faktore batzuk. Esate baterako, bi muturretatik eta zuzenki nahiz zeharka, koldarra deitu zaion euskal herritargoaren gehiengo hori. Helduen patua da nonbait heltzeke daudenen mespretxua nozitzea, baina heldutasun froga galanta izan da dinamika sektarioen zerbitzura ipinitako ahalegin guztiari bizkar ematea.
Berez, Aznarrentzat salbu, inorentzat ez luke harrigarria gertatu behar euskal herritarren gehiengoak gizalegezko konponbide politiko baten alde duen jarreraren heldutasunak. Inkestak inkesta, azken urte hauetako euskal politikaren konstante nabarienetako bat da, dudarik gabe, eta oraindik hazten ari dela esango nuke. Hori, besterik gabe, aski izango zela konponketa gauza zedin pentsatzea izan zen, seguruenik, Lizarrako saioaren hutsegite funtsezkoena, eta hartan murgildu ziren (edo ginen) askoren heldutasun eskasiaren salatzailea.
Ea egia den harez geroztik helduagoak garela.
Kazetaria

Aukeraz betetako ziklo berriaren hasieraGURUA
Euskal Autonomi Erkidegoak katarsis demokratiko bat, herritarren partehartze handi bat izan duten hauteskundeak eta komunikabideen arreta garrantzitsu bat bizi izan ditu, eta horrekin batera tentsionamendu politiko nabarmen bat. Azkenean gizarteak zuzenean eta masiboki hitz egin du eta, beraz, entzun nahi dutenek gure herria hobekixe ezagutu ahal dute. Datu gehiago ditugu azken bolada honetan eztabaida politikoa mamitu duten bi giltzarriri buruz: bakegintza eredua eta herri proiektua. Maiatzaren 13ko hitzorduak erreferendum bikoitz bat ere bazuen inplizituki: elkarrizketarekiko ala konfrontazioarekiko atxikimendua, bakegintzan; eta soberanismoarekiko ala autonomismoarekiko atxikimendua, elkarbizitza soziopolitikoaren marko gisa.

Lehen aferari buruz, bakegintza ereduari buruz, emaitzak ikusita, ondorioztatu ahal da elkarrizketak hauteskundeak irabazi eta oso indartuta atera dela. Konfrontazioak, aldiz, ez ditu gehiengoen atxikimenduak erakartzen. Ez tinkotasunak, apostu poliziala eta abertzaleak poteretik kentzea irtenbide-paradigma gisa, ezta ere ETAren biolentzia, desautorizazio garrantzitsu bat pairatzen duena. "Biolentziarik eza, bazterketarik gabeko elkarrizketa eta herriaren borondateari errespetua" eredua gehiengoarena da eta garailea. Argi eta garbi.
Bigarren aferari buruz, herri proiektuari buruz, lehen geunden bezala jarraitzen dugu. Hauteskundeen aurretik bezala, EAE oso komunitate anitza da, desberdintasun politiko sakonekin bere bokazio nazionalean. Aukera abertzaleak gehiengoarena izaten jarraitzen du eta ez-abertzaleak ezarrera nabarmen bat mantentzen du. Hauxe da dugun benetako herria. Edonora joateko dugun abiapuntua.
Badago hirugarren ondorio bat, tradizionalki esleitu izan zaion ahalguztia dela eta interesgarria dena: euskal gizartearen permeabilitatea komunikabide handien aurrean. Aurrekaririk gabeko komunikabide eta ideologi erasoaren ondoren, bi urtebetez horrenbeste baliabide jarrita "abertzaletasuna = terrorismoa; beraz, Mayor Oreja Lehendakari, irtenbidea" formula aldarrikatu baitu, euskal hautesleak arduratu dira formula honen zientifikotasuna eta zehaztasuna zalantzan jartzeaz, baita ere komunikabideak eragile sozio-politiko gisa haien lekuan jartzeaz. Entzuten da baina ez da betetzen. Areago, kontrako eragina izan duela susmatzekoa da. Iritzi sortzaile eta lider politiko espainiarrek erakutsi dute ez ezagutza, urruntasuna, sintonia eza eta akats ikarakarriak gehiengoarena den sentipen sozialarekiko Euskadin, gizarte desberdina, bere irizpide eta baloreekin, oso informatuta eta besteren aginduak irensten ez dituena. Honek guztiak izugarri erlatibizatzen ditu komunikabideen poterea eta eragina. Kanpaina baten porrot handiagorik ezinezkoa da.
Edozein kasutan, orain garrantzitsuena da ziklo berri bat ireki dela, aurrekoaren eta geroaren arteko marra dagoeneko zeharkatu dela, maiatzaren 13ko amildegia. Dagoeneko hurrengo egunaz bestalde gaude eta aurretik etapa berri bat dugu, aukeraz beteta eta lehengo oztopoetatik asko gabe. Gasteizen gobernu bat izango da gehiengo nahikorekin eta beraz egonkortasun handiagoz. Hauteskunderik ere ez da aurreikusten bi urtetan gutxi gora-behera, ez EAEn, ez Nafarroan, ez estatalak. Hortaz, hauxe da espero genuen unea, bake prozesua berrasteko unea. Elkarrizketaren eta biolentziarik ezaren garaia da. Aitzakiek, atzerapenek, luzamenduek, dagoeneko ez dute balio. Normalizazioa eta pazifikazioa lehentasun handiak bezala gailentzen dira gizartearentzat eta politikarentzat hurrengo garaiotan. Irtenbide ereduak birformulatzeko unea da, irtenbideak erdiesteko deitutako fase bati begira. Irtenbideen unea da. Egiaren ordua. Aukeren eremua zabala da, eta nahi duena -aldaketa demokratiko bat normalizaziorantz eta bakerantz-, zein nahi ez duena -sufrimendu antzuaren enkistamendua-, oso argi duen herri baten gizarte energia ugariaren inguruan kokatzen da. Horrez gain, laguntzeko ahalegin eskasak egingo ez dituen herria.
Emaitzek eragin dute birziklapen progresibo bat eta indar politikoen birkokapena etapa berriari begira. Bere denbora eta giro egokia beharko du. Errespeta dezagun. Orain, gizarteak norabide onean bultzatzen jarraitzeaz gain, komenigarria da indar politikoek protagonizatzea aldaketa historikoaren garai hau zuzen eta gizartearen babes nahikoarekin. Eta ETAK gelditzeko horren argi eskatzen dion gizarte honen ahotsa eta hitza entzutea. Politikari aukera bat ematea. Azkenik, bake prozesua berrasteko proiektu eta ekarpen zehatzak behar dira. Lan egiteko, gehitzeko, aurrera begiratzeko eta elkarlanean aritzeko unea da. Etorkizunean gaude.
Elkarriko koordinatzailea


Azkenak
Zinemaldi Alternatiboaren 16. edizioa aurkeztu dute, Palestinari keinu eta arrazakeriari aurre egiteko

Donostiako herri mugimenduak artikulatuta hainbat auzotan antolatzen den Zinemaldi Alternatiboaren 16. edizioa aurkeztu dute (11 + 5, beraiek dioten bezala, eraitsitako Kortxoenea gaztetxeko bost urteei erreferentzia eginez). Aurten sei proiekzio egingo dituzte ondorengo... [+]


2024-09-13 | ARGIA
Tematzearen emaitza: errepide seinaleak euskaraz

Herritarrak eskatzen du seinaleak euskaraz jartzeko. Gobernuak erantzuten dio legeak ez duela horretara behartzen. Behatokiak erantzuten dio, legeak ez badu derrigortzen ere, euskaraz jartzeko debekurik ez duela. Gobernuak bereari eusten dio. Alabaina, herritarrak tematzen dira... [+]


2024-09-13 | Euskal Irratiak
Baionako zitadelako eraikuntza proiektuak arrangura piztu ditu ekologistengan

Baionako zitadelan proiektu berriak ditu armadak. Eraikin berriak egin nahi ditu eta horretarako oihanaren zati bat deseginen dute eta ura atxikitzeko bi gune ere sortu nahi dituzte.


Aysenur Ezgi Eygi-ri zuzenean egin zioten tiro burura Israelgo soldaduek, autopsiaren arabera

Turkiar-estatubatuar aktibista irailaren 6an hil zuten Beiti herrian, Nablus hiriaren ondoan, Zisjordanian, Palestinako Lurralde Okupatuetan. Orain forentseen azterketek iradokitzen dutenez, Israelgo soldatuek zuzenean egin zioten tiro aktibistari.


Iturbide, Jiménez eta Azkona estatuaren biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.


Madrilgo Rolando kafetegiko hamahiru hildako haiek ETAm-ren eta ETApm-ren zatiketaren erdian

Ostiral honetan betetzen dira 50 urte ETAk, 1974ko irailaren 13an, Madrilgo Rolando Kafetegian bonba bat lehertarazi eta hamahiru pertsona hil zituela. Ofizialki 2018an onartu zuen erakundeak ETAren egiletza, bere burua desagertze bidean jarri zuenean.


2024-09-13 | Gedar
Bi lizarratar epaitu dituzte, Voxen salaketa baten harira

Faxisten aurka protesta egiteagatik auzipetu zituzten Lizarrako bi kideak. Asteazkenean, epaiketaren egunean, Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea egin zuen epaitegi aurrean. Voxeko faxistak jarrera probokatzailearekin agertu ziren bertara, eta Guardia Zibilak... [+]


2024-09-13 | Ahotsa.info
Urriaren 12an Tafallan eginen du manifestazioa Ernaik “españolismo eta faxismoaren aurka”

“Españolismoaren eta faxismoaren normalizazioan” Hispanitatearen egunak jokatzen duen papera salatzeko urriaren 12an Tafallan mobilizatuko da Ernai. “Gu, Nafarroako etorkizuna gara, haiek, aldiz, iragana. Faxismoak herri honetan lekurik ez duela argi... [+]


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Donostiako bi familia etxegabetze arriskuan daudela salatu du Kaleratzeak Stop plataformak

Zaurgarritasun ekonomikoaren baldintzak betetzen dituzten arren, Santander bankuak ordainketak epe batez etetea ukatu die bi familiei.


Eguneraketa berriak daude