«EGOERAK ESTRATEGIA POLITIKOA ALDATZEA BALDINTZATZEN DU»


2021eko uztailaren 12an
Zure alderdiak (PSE-EE) emaitzik onenak Araban lortu zituen, EAEko azken hauteskundeetan. Hala ere, oro har, ez dira aski izan alternantzia politikoa gauzatu ahal izateko.
Arabako emaitzak oso onak izan dira guretzat, bi osagai garrantzitsu dituztelako. Hau da, EAJk lehendakaria jarri zuen hautagai nagusi gisa; hobekien baloraturiko hautagaia zelarik, eta PPk Mayor Oreja. Araba politikagintzaren eredu gisa jarri zuen PPk. Bien aurka lehiatu gara arabar sozialistok, itxura guztien arabera, haientzako deus gutxi kontatu genuelarik. Arabako alderdi sozialistak, ordea, botoen %21 lortu du. Alderdi popularra erabat harrituta geratu da.

Hauteskundeen ostean garai eta egoera berri batera pasa al gara?
Hasteko eta behin, nik Ibarretxe eta EAJri ezer gutxi sinesten diet, benetan. Ez dut emaitzak onartzen ez dituenaren amorruz esaten, ez naiz euskaldunek bozkatu dutenaren aurka inola ere. Ordea, nazionalismoarekin buruturiko ibilaldi politikoaren perspektibatik begiratua desleialtasun izugarriak antzematen ditut, hitzeman ziguten gauza asko ez dira bete. Gainera, ez dut uste hori alderdi sozialistari soilik gertatu zaionik, beste alderdi batzuek ere nazionalismo demokratikoarekin izaniko itunak ez dituzte beteak ikusi.

Nortzuk dira beste horiek?
Beste batzuek. Beraiek badakite. Nik alderdi sozialistari gertatu zaiona dakit. Badakit beste batzuk nazionalistekin kexu daudela elkarrekiko izaniko desleialtasun eta itunen ez betetzea dela-eta. Edonola ere, nik Ibarretxe jaunak asmatzea nahi dut, arrakasta handiena opa diot. Izan ere, nire zoria bere arrakastaren baitan baitago, bere arrakasta nire arrakasta izango da. Oso gutxi exijitzen diot Ibarretxeri, ia ezertxo ere ez: hau da, legealdia bukatzerako bizkarzainik ez izatea. Bestela esanda: nazionalista ez garenok nazionalista bezala bizi gaitezen. Denok berdin bizitzearekin bikain biziko gara.

Ibarretxerengandik ezer gutxi espero duzu antza, baina udalerrietan akordioetara iristeko proposamena egin diozue sozialistek? Laudio eta Amurrioko udaleetan, esate baterako.
Guk Ibarretxeri koherente izaten lagundu nahi diogu, benetan diotsut. Planteatzen dudan honetan ez dago trikimailurik ez tranparik. EAEko hauteskundeak oso garrantzitsuak izan dira bi arrazoiengatik. Bat: euskaldunon %80k bozkatu dugulako. Jendea kezkatua dago, politikariok irtenbideak aurki ditzagun nahi dute herritarrek. Bi: Ibarretxe lehendakariak bete beharreko konpromiso oso garrantzizkoak dituelako. Ibarretxek zer ez duen egingo esan du. Hau da, ez zuzen ez zeharka, ez duela EHrekin harremana gauzatuko. Horretan koherente izan behar du eta hitza bete. Badakit oso zaila dela berak hori bakarrik egitea. Horregatik lagundu behar diogu, bai berari, nahiz EAJ zein EAri. Horretarako, gutxiengo batek gobernaturiko udaletan gehiengo demokratiko egonkorrak finka daitezen nahi dugu, eta udal horiek demokratikoki gobernatuak izatera pasa daitezen. EAJk du giltza. Konplikatua dela? Jakina. Politikan halaxe da dena. Baina kontrakoa egitea ez da gizalegezkoa, ez da ondradua. Joseba Permachek esaten duenez, argiki esan ere -EHk garbi hitz egiteko duen moldea gustatzen zait. Nahiz beren irizpideak nireak ez izan, EHkoak gardenak dira behintzat, eta niri ere horrela gustatzen zait izatea-, EHk biolentzia gaitzestea basarmortuan ura aurkitzea baino zailagoa da. Beraz, horra zein den norabidea. Ibarretxek horren arabera behar du jokatu orain. Instituzioak herritar gehiengoaren mesederako jarri behar ditu. Horixe da Ibarretxeri planteatzen dioguna. Halaber, EAJri eta EAri.

EA eta EAJ alderdiek maniobra politikotzat jo dute zuen poposamena. Joseba Egibarrek protagonismoa bilatzen ari zaretela esan du.
Bada, horrela bada, alderdi bi hauek ihesi dabiltza berriz ere, aurrerantz ihesi. Badakit, alderdi hauek oso etorkizun konplikatua dutela, eta hartara edozein proposamena deskalifikatzen dute. Tira, herritarrek juzka dezaten PSE-EEren jarrera. Gure proposamena zintzotasunez egina da, ordea. Ezin dutena eskatu da gu oposizioan egonda oposizio lanik ez egitea. Oposizio lana egin eta nazionalismoaren alternantzia politikoaren alde jardun behar dugu. Eta egin egingo dugu, eta hartara herritarrek juzka dezaten batzuek nahiz besteek esan eta egiten duguna.
Halaber, nik badakit Joseba Egibarrek proposamen honetaz pentsatzen duena. Nola onartuko du Egibarrek honelako proposamen bat EHko jaunekin liluratua izanda? Pertsona bat ez da aldatzen gauetik biharamunera, ez du urteetan esan eta egin duena bat-batean aldatuko. Egibar jaunari ulertzen diot. Egibar hauteskundeetan ezkutuan jarri dute alderdian. Nazionalista batzuk ezkutatu eta bestetzuk plazara atera dituzte. Egibarren ildokoak ezkutuan izan dira hauteskunde kanpainan; Arzalluz barne. Orain besteak atera dira: Atutxa, Ibarretxe... Hau da, nazionalismoaren sektore light. To! Aldatzen hasiak dira berriz ere, ezkutuan izan direnak ateratzen ari dira. Erantzukizun eta gardentasunaren garaia da ordea, mesedez, ez gaitzaten deskalifikatu.

PSE-EE Eusko Legelbiltzarrean oposizioan gelditzeko erabakia presazkotzat jo du zenbaitek.
Ez dut uste presazko erabakia izan denik, herritarrek jarri gaituzte oposizioan. EAE oso atipikoa da. Herritarrek botoa eman dute batzuek goberna dezaten eta bestetzuk oposizioan egon gaitezen, edota hirugarren batzuek, Javier Madrazo bezala, botafumeiroarekin jardun dezaten. Madrazok nahi zuen Jaurlaritzan hankaz eta buruz sartu, eta sartuko da. Madrazori sozialistak EAJ eta EArekin Gobernuan egon ginen bitartean berak esan zituenak aztertzeko eskatzen diot. Madrazok hiru parlamentarioekin hogeita hamairu dituenari oposizio politika egingo diola esaten du. Gu inozoak izan gaitezke, baina ez ergelak. Herritarrek oposizioan jarri gaituzte alternantzia politikoa gauzatzeko. Nazionalismoa ez da betiereko. Gainera, alderdi sozialista gobernuan sartu izana bai okerra litzatekeela, ez zuen inork ulertu izango. Politikak koherentzia behar du.

Esparru natural beretsukoak izaki, IU-EB Gasteizko Gobernuan egoteak ez dizu arrangurarik sortarazten?
Ezta gutxiagorik ere. Madrazo bozkatu duten ezkerreko botoemaileak ez daude Gobernuan sartzearen alde. Ez daude ados, ez duelako logikarik ez, koherentziarik, ez zentzurik. IU-EBk Gobernuan egon nahi duela, egon dadila eta Madrazo jaunari besarkada eman diezaiotela. Alajaina, Gaspar Llamazares jaunari kosta egingo zaio erabaki hori Andaluzian, Extremaduran, Valentzian edo Madrilen azaltzea. Bai horixe!

Zure alderdikide batzuen ustez garai berri batez hitz egitea ez da aski, zerbait erakutsi beharra dago. Estrategia berritu behar al dute sozialistek?
Zergatik ez? Gure politikaren hainbat atal berrikusi behar dugula? Baliteke. Baina, erne, Euskadiko politikan ez dira politika normalaren parametroak erabiltzen; ez beste inon erabiltzen diren parametroak behintzat. Politikan ari garen herritar eta sozialistok -popularrak beste hainbeste- oso baldintzatuak gaude. Gure mugimenduak ez dira nazionalisten mugimenduekin parekatzen ahal. Denok ari gara politikan, baina neurri ezberdinen arabera. Ulertzen dut nazionalistek ez ulertzea, haiek ez baitaude gure egoeran. Geure egoera pertsonala ez da logikoa politika egiteko, erabateko demokraziarik ez duen herri batean bizi gara. Politikan dihardugunon erdiak bizkartzainak behar ditugu. Politika baldintzapean dago, guztiz kondizionatua. Horregatik gure lehen baldintza da besteen baldintza berberan aritzea, hori da legealdi honetarako Ibarretxe jaunak bete behar duen lehen helburua. Ez zenbat hileta elizkizunetara joango den eta guretako zenbati deitu beharko dioen telefonoz doluminak emateko eta gurekin dagoela esateko. Horrek ez du zentzurik. Hemen, lau urte barne denok egoera berdinean izatea bermatu behar du Ibarretxek, politikaren planteamendu libreen arabera. Egungo egoerak estrategia politikoa aldatzea baldintzatzen du, aldaketa edozein eta txikiena dela ere. Euskadi bitan banaturik dago, erdiz erdi. Hori da errealitatea eta horrek izan behar du Gobernuaren kezka nagusia. Kontuz, herri hau erdibitzen duen ezpata hain zorrotza izanik, denok moztu gaitzakeenaren kontziente izan behar dugu.

Elkarri Bake Konferentzia antolatzen ari da. Zein da zure iritzia?
Herritarren %80k bozka eman du eta Eusko Legebiltzarra erabat legitimoa da beraz, erabakiak bertan hartu behar dira. Elkarrik egin nahi duena ondo dago, baina bazeukan hauteskundeetan aurkeztea. Ezin dena da debatea parlamentutik kanpora atera.

Mugimendu sozialek badute politikan partehartzerik, ezta?
Bai, bai. Munduko eskubide guztia dute. Baina egoeraren protagonismoa ez zaio herriak erabaki duenari kendu behar, hau da, Euskal Legebiltzarrari eta Jaurlaritzari. Eztabaida eta erabakien ardatza parlamentuari dagozkio, eta gero eztabaidatzeko nahi den mintegi edota konferentzia guztiak antola daitezen. Baina kontuz, instituzioetan ez dauden horiek ez dezaten erabaki herri honek nondik joan nahi duen, ezta legearen maila erabaki ere. Ez dezaten herritarrek bozkatu duten ordezkarien protagonismoa kendu, bestela denok den-dena zalantzan jarriko dugu, eta akabo.

Eusko Legebiltzarreko alderdiek bakearen aldeko mahai eraginkor bat antolatzeko abagunerik ikusten duzu?
Egin beharra ikusten dut. Baina ez gaitezen azkarregi joan, bestela helmugak gaindituko ditugu, eta, berriz ere, atzera egin beharko dugu. Hemen formula guztiak erabili dira. Ajuria-Eneako Ituna, kasu. Zailtasunak zailtasun, erkidego honen garai hoberena eman zuena. Gobernuaren funtzionamendua, aniztasuna, autonomiaren garapena eta bizikidetasunerako garai onena izan zen hura. Gero Lizarra etorri zen, desastre bat. Beraz, biak ikusita, zerbait berririk antolatzeko, lehenbizi desastretik aldendu beharra dago. Hobetu dezagun Ajuria-Eneako ituna. Ados. Ehunetik ehunean hartu gabe, har dezagun bere kontzepzioa abiapuntu gisa. Eusko Legebiltzarrak betebehar hori burutu behar du uneon. Bake mahaiaren ardatzak, aniztasuna eta herriaren ordezkaritzaren mahaia izan behar du.

Ibarretxek proposatzen duen euskal erabakiunea barne?
Ibarretxek euskal erabakiuneaz ari denean, zertaz ari den argitu behar du, ez baitu orainokoan argitu. Zein da euskal gune erabakitzailea? Euskadi hiru lurraldek osatua dago. Euskadin marko juridiko bat dago, nazionalistek egina, hain zuzen ere, beraiek gehiengoa zirela bakarrik egina. Lurralde historikoen legea, alegia. Baina, nik gauza bat ulertzen dut, Ibarretxek beste bat, eta ziur Otegik ez duela ulertzen ez Ibarretxek ez nik ulertzen duguna.

Hori ebazteko erreferendum baten aukera ikusten al duzu?
Egun dagoen ordenamendu juridikoa ez bada berritzen, ez. Konstituzioak ebazten du zein eratan egin daitekeen, eta hauxe dio: erreferendum mota hau ezin da EAEn bakarrik burutu. Aitzitik, gai honetan funtsezkoa da espainol guztien partehartzea. Erabaki daiteke, jakina. Hor dago Nafarroaren kasua. Baina bi erkidegoek erabaki behar dute. Konstituzioak metodoa markatzen du, berme juridiko bat behar da horretrako. Ordea, konplikatua da eta ez luke ezer konponduko. Zergatik? Hauteskunde mapa ez delako aldatzen, gizartea bitan banatua dago. Politikariok zuhurrak izatera, ehuneko ehunentzako politika egin behar dugu, eta ez irabazten dugunean besteak gure menpe jarri. Ibarretxek arduraz jokatu behar du. Egingo duena euskal gizarte osorako izan behar duela kontziente betiere. Batzuk nahiz besteak eroso nahiz deseroso egon behar dugu. Bestela ez dugu ezer konponduko eta orain arte bezala egongo gara

HIZKETA ZEHATZA DU GOGOKO

HIZKETA ZEHATZA DU GOGOKO

Iruñean jaioa da 1949an. Hamairu urterekin iritsi zen Gasteizera. Lanbide heziketa ikasi zuen. Politikan hasi zenez geroztik etengabe ari omen da ikasten. Zinegotzia Gasteizen, diputatu forala Araban eta Madrilen diputatu izana. Espainiako Senatuko presidenteordea da gaur egun, legebiltzarkidea eta PSE-EEko Arabako idazkari nagusia. Hizketa zuzena eta zehatza du gogoko. Bestela, alferrik ari garela, esan digu.


Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude