EDERTASUN ESERITA

  • Originaltasuna eta funtzionaltasuna uztartzea. Hori da Lasarte-Oriako Akaba altzari modernoen enpresak eta DZ Diseinu Zentroak bilatzen duten diseinu mota. Biek beren lanagatik sari bana jaso dute, Espainiako Diseinuaren2.000. Sari Nazionala eta Ohorezko Saria.

2021eko uztailaren 23an
Diseinuaren inguruko zenbait sari Euskal Herrira etorri denaren oihartzuna izan dugu azken hilabeteetan; Lasarteko Akaba altzari modernoen enpresa eta Bizkaiko Foru Aldundiaren herri elkargoa den DZ Diseinu Zentroa izan dira hain zuzen ere sarituak. Lehenengoari Espainiako Diseinuaren 2.000. Sari Nazionala eman diote eta bigarrengoak berriz, bere lanagatik Ohorezko Saria jaso du. 1985. urtean sortu ziren bi proiektu hauek beren hamabosgarren urteurrenarekin batera nabarmenduak izan dira.
Badirudi euskaldunok ez dugula diseinuaren munduan orain artean behintzat arrakasta handirik izan, hein handi batean ez baita orokorrean horretan inbertitu ere egin. Gaur egun, egoera asko aldatu ez bada ere, jendea diseinuarekin lehen hartu emanak izaten ari da eta argi dagoena zera da: "Probatzen duenak, errepikatu egiten du", Ion Sojo DZ-ko zuzendari nagusiaren aburuz. Izan ere, diseinuak produktua asko aberasten baitu.
"Diseinua entzuten dugunean ez dugu filosofia mistiko bat denik ezta objektu arraro eta sofistikatuekin harremana duen artea dela pentsatu behar" , azaltzen du Joxean Díez Mintegi, Akaba altzari modernoen enpresako zuzendari nagusiak. Izan ere, diseinua beste erreminta soil bat da, produktu bat egitean marketina eta kalitatea kontuan izaten diren bezalaxe, diseinuaren garrantzia ere aintzakotzat hartu behar da.
Hala ere, zaila da enpresariak diseinuaren garrantziaz konbentzitzea, ez baitute bertan irabazi handirik ikusten. Aldaketa ezarian-ezarian ari da ematen. Euskal Herrian produzitzen diren produktuen kostu osotik, diseinuan gutxienez %3 eta gehienez %10 inbertitzen da, egin diren azken azterketen arabera. "Egia esan, forma berrietara egokitzea ez da oso garestia baldin eta modu egokian inbertitzen bada, ostera dirua alferrik botatzea izaten da", azpimarratzen du Ion Sojo-k. Gainera, diseinuan inbertitzeko orduan sektore bakoitzak bere ezaugarri bereziak dituela kontuan izan behar da eta bakoitzaren berezitasunen arabera modu egokienean forma berria diseinatuko da eta etorkizunerako produktu erosoagoa aurkeztu.
Horretarako hainbat faktore erabakigarriak dira: enpresak zein sektoretan egiten duen lan, produktu berriarekin zein helburu lortu nahi dituen, prezioaren mugak... Noski, eta azkenean diseinatzaileek edo diseinatzaile kabinete batek helburu eta ezaugarri horiei guztiei erreparatuz forma berri bat planteatuko dute, erakargarriagoa, beti ere praktikotasuna galdu gabe. "Gaur egun diseinuzko objektuak ez dira gauza arraro eta garestiak, aitzitik, altzairu erakargarri, erabilgarri eta merkeak egiten saiatzen gara", argitzen du Joxean Díezek. Originaltasunaren eta funtzionaltasunaren arteko oreka bilatzen dute.


DISEINATZEKO PAUSOAK.

Diseinuzko produktu bat egin nahi denean bi pauso daude: batetik, produktuak ekoizten dituzten enpresak eta bestetik, disenatzaile edo diseinatzaile kabineteak, objektuen formaren ideiak aurkezten dituztenak. Normalean bi alor hauek banatuta egoten dira, hau da, enpresek eurek ez dituzte diseinatzaileak izaten eta lan bakoitzerako kontratatu egiten dituzte.
Lasarte-Oriako Akaba altzari modernoen enpresa dugu kasu. Lantegi honen lana altzarietara mugatzen da eta beste edozein enpresa bezalakoxea da. Baina badu bitxikeriarik: hasiera-hasieratik diseinuari garrantzia handia eman dio. Joxean Díez: "Sorreratik guk pentsatzen genuen diseinuari bere arreta eskaini behar geniola eta erreminta hori asko zaindu dugu, horregatik saritu gaituzte, ez beste enpresekiko ezberdinak garelako". Horrez gain, Euskal Herriko enpresa bat saritzen duten lehenengo aldia da, eta saria lortu izanaren beste arrazoietako bat beren lanak atzerrian izan duen arrakasta da, euren lanaren %60 kanpoan saltzen baitute: Kanadan, Asian, Alemanian, Australian...
Akabak diseinatzaileak kontratatzen ditu eta ondoren beraiek ekoizten dituzte altzariak. Bi lan mota egiten dituzte: batetik, proiektu bereziak burutzen dituzte: Bilboko Metroa, Sevillako aireportua, Koloniako (Alemaniako) aireportua...bezalakoak; eta bestetik, estandarizatutako katalogo bat dute.
DZ Diseinu Zentroak, banatuta dauden bi lan horien arteko zubi lana egiten du: diseinatzaile eta enpresen arteko komunikazioa sortzen du. Beraz, enpresa konkretu batek DZri diseinuzko produktu bat egiteko nahiaren eskakizuna egin eta gero, proiektua diseinatzaile kabinete batera bidaltzen dute, besteak beste, hauexek dira DZrekin lan egiten duten zenbait diseinatzaile: Diara Design, ADN Diseño Industrial, Kefren, mdi, Weiss Design Asociados... Kabinete batera bidali aurretik ordea, sailkapen berezi bat egiten dute produktuaren arabera, sektore bakoitzeko ezaugarriak kontuan izateko: automozioa eta garraiogintza; etxetresna elektronikoak, elektronika eta ekipamendua; industriarako makineria; eskuzko lanabesak eta tresneria; altzariak eta argiztapena; aisia eta kirola eta beste zenbait.
Diseinuaz hitz egiten dugunean objektu arraro eta garestiak bururatzen zaizkigu; baina industriako beste erreminta bat besterik ez dela dio Akabako zuzendariak. Inbestigazio eta garapen departamentuak eramaten du diseinuaren ardura, produkzio departamentua produktuaren beste alderdi batez arduratzen den bezalaxe. Badirudi diseinuari arreta gehien eskaintzen dion sektorea altzariarena dela, baina uste hori okerra da, diseinuzko edozein produktu ikus baitezakegu: zorua garbitzeko ontziak, bizikletako gurpiletarako puzkailuak, txiza-detektagailuak, irratiak, hortzetarako zepiloak...
Hauek guztiak batzuk aipatzearren, diseinuak ez baitu mugarik. "Produktu berri hauen helburua gure bizitza eta gizartea hobetzea da eta hori alor guztietan landu beharra dago" dio Sojok. "Adibidez, Euskal Herrian Espainia osoan produzitzen den makina erreminten %80 egiten da, beraz, guk sektore honi garrantzi handia eskaini diogu". Saiakerak bere fruituak eman ditu eta 1998an egindako "Elektrohigadurazko makina, Techno" saritua izan zen. Egia esan, makina erreminten alor honetan lan asko egiten ari dira Sojoren arabera: "Gizarte bakoitzak bere inguruan dituen enpresetara egokitu behar du eta industria horretan diseinua bultzatu, era horretan, hemen Euskal Herrian makina erreminten sektorea dugu indartsuenetakoa".
DZk diseinuaren promozio lanaz gain, ekintza bitxiak ere jarri izan ditu martxan edozein objektuen eraketan diseinuak duen garrantzia azpimarratzeko, horietako batek, "Erabilera askotako erietxe oheak" hain zuzen ere, "1997ko Ergonomiako Sari Nazionala" jaso zuen.


MATERIALEN JOERAK.

Materialei dagokienean, ez dago material preziaturik diseinuzko objektu bat egiteko orduan, edozein enpresak inbertitu dezakeelako diseinuan eta batzuk egurrarekin lan egiten duten bitartean beste batzuk plastikoarekin eta besteak altzairuarekin aritzen direlako. Hala ere, material zehatz baten erabilera baino gehiago ikuspegi berri bat ari da sartzen diseinatzaileen ideietan, Ion Sojoren aburuz, "ekoproduktuetarako joera nabarmendu da. Hiru Erreak: Berziklapena (Reciclaje), Berrerabilpena (Reutilización) eta Errekuperazioa (Recuperación) dira gaur egungo produktu berrien gakoak". Gaur egungo gizartearen egoeraren ondorio zuzena da joera berri hau, halaber, merkatuak agintzen du eta azken aldiko pentsamoldean ekologismoak eta ingurumenarekiko ardurak indar handia hartu du. Horren eraginez, posible den heinean %100 berziklagarriak diren produktuekin lan egiten da. Ideia berdina azpimarratu digu Joxean Díezek ere: "Nahiz eta material askorekin lan egin, batez ere, berziklagarriak diren gaiak erabiltzen saiatzen gara, horien artean, lan asko egiten dugu, aluminioa, altzairua, egurra eta plastikoekin".
Tendentzia jakin bati buruz hitz egitekotan, iritzi ezberdinak daude. Indarrean dagoen joera minimalista nabarmentzen du Joxean Díezek. DZko zuzendariak aldiz, minimalismoa baino sinpletasunerako joera azpimarratu du. Gaur egun, arte kargatuegi eta makaletatik ihes egiten dela eta diseinu praktiko, garbi eta gutxiago kutsatzen duten produktuetarako joera dagoela adieraziz. Horren adibide garbia da Bilboko Metroa.
Aurrera begira Euskal Herriak diseinutik pasa beharko duela uste du Joxean Díez Akabako zuzendariak. Azterketa baten ostean egindako diseinuzko objektu bat erakargarria, kalitatezkoa eta praktikoa omen da eta horrek munduan zehar burua tente duzula aurrera joateko arrazoia ematen du. Bestela, dio Díezek: "Munduan dauden aulki guztien artean zergatik erosten du australiar batek Lasarten egindako aulki bat?". Hor dago diseinuaren erakargarritasuna.

EROSOTASUNAREN ZERBITZURA
Etxeko andreak, bidaiariak, kirolariak... guztiok behar ditugu geure neurrira eginiko produktuak. Ideia hori diseinuarekin uztartuz gero lortu daitekeena jarraian datozen objektuak dira. Produktu hauek DZ Diseinu Zentroarekin lan egiten duten zenbait diseinatzaile enpresek garatu dituzte, baina proiektu guztien artean adibide batzuk baino ez dira:

Zorua garbitzeko ontzia, Diamant
ADN Diseño Industrial, S.L. enpresak Araven, S.A. enpresarentzat egin zuen. Produktu hau 1993an ADI-FAD Delta Sarirako aukeratua izan zen eta 1995eko AEPD Diseinu Sarietarako proposatua.
ADN enpresakoek garbiketa lanak erraztea bilatzen zuten. Horrela, produktu honen diseinuari esker zoru-garbigailua uretan eragin eta xukatzen denean mugimenduarengatik zorua zipriztintzeko arriskua gutxitu dute. Heldulekua berriz, ezin hobeto moldatzen zaio eskuari. Bestalde, jarrera bertikal egonkorrari eusten dio, ontziari heltzeko makurtu beharra saihestuz eta mugitze lanak erraztuz. Gainera ontziaren oinarrian helduleku bat du ontzia errazago hustu ahal izateko.

Puzkailu bilduma, Impact
Tres D Innovación y Diseño Integral enpresak Industrias Luma, S.A. bezeroarentzat diseinatu zuen.
Bizikletako gurpiletarako puzkailu bilduma honek irudi berritzailea erakusten du, bai diseinu aldetik eta baita erabilgarritasunaren aldetik ere. Esaterako, koadro mota ezberdinetara lotu daiteke. Gainera, puzkailuaren pitak gurpileko balbularekin eta pertsonaren besoarekin ahalik eta erarik onenean egokitzeko modua ere aztertu dute Tres D enpresakoek.

Bilboko metroaren altzariak
Lan hau Weiss Design Asociados, S.L. enpresak Imebisa-rentzat egin zuen eta berari esker 1996an AEPD Saria irabazi zuen.
Bilboko metroaren proiekturako bi objektu egin zituzten, eserlekua eta paperontzia. Eta ondoren, bakoitzaren bi aldaera ere sortu zituzten, bata lur gaineko geltokietarako eta bestea lurrazpikoetarako.

Txiza-detektagailua, Dimpo
Item Design enpresak Novaclinic, S.L.-rentzat garatutako proiektuaren helburua enuresiaren tratamenduan lagun zezakeen detektagailu bat garatzea zen, bost urtetik gorako umeen kontrolgabeko txiza isurtzea ekiditeko. Horretarako, sentikortasun handiko eta iraupen luzeko sentsoreak erabiltzen dira. Gainera, Dimpok bozgorailu independente bat dauka, klip baten bidez elastikoari lotzen zaiona, alarma beti entzungo dela bermatuz.

Elektrohigadurazko makina, Techno
Tres D Innovación y Diseño Integral enpresak egin zuen 1998an Ona Electroerosión, S.A. bezeroarentzat.
Modelo honetan langilea eta makina elkartzen dituzten alderdi ergonomikoetan arreta berezia jarri zuen Tres D enpresak. Aipatu beharrekoak dira margotutako xaflaz eta beira zuntzezko poliesterrez egindako karkasak, kanpoan jarritako torlojo kopuru txikia eta teklatuaren birdiseinua. Makinak erradiazioaren balizko ihesetatik babesteko sistema du ateetan eta sabaian.

NON IKASI
Espainian bada diseinatzaileak hezten dituen goi mailako titulaziorik, baina Euskal Herrian Arte Ederretako eta Injenieritza Teknikoko espezialitateak besterik ez dira. Maila baxuago batean, goi mailako zikloak daude eta hauek ere ez dira asko, zehazkiago, altzarien diseinua Nafarroan, Korellako arte eskolan soilik erakusten da, Euskal Herriari dagokionez. Hiru ziklo ezberdin dituzte: Diseinatzaile Grafikoa (publizitate grafikoa), Altzari Diseinatzailea eta Barnealdeko Diseinua (proiektu eta dekorazio obren zuzendaritza). Mota guztietako altzariak diseinatzen dituzte (mahai, aulki, armairuak...), barneko diseinuetan proiektu partikular eta komertzialak diseinatzen dituzte (etxebizitza bateko diseinua, denden diseinua...) eta diseinu grafikoari dagokionean liburuen diseinu eta maketazioak, kartelak, web orrialdeak... lantzen dituzte.


Azkenak
1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Irakasle baten jazarpena eta ukituak
EHUk baieztatu du hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela

EHUko Errektoretza Taldeak ARGIAra igorritako oharrean zehaztu duenez, Filologia Hispanikoko irakaslearen aurkako salaketen "berri izan zuen unetik abian da protokoloak zehazten duen prozedura". Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo... [+]


Tabakoaren kea irensten duten haurrek erretzaile aktiboen antzeko arrastoak dituzte DNAn

Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.


2025-02-12 | Hala Bedi
Maren Lazpiur (Ikasle Abertzaleak): “Gizartean gertatzen ari den gorakada erreakzionario horretan, unibertsitatea ez da salbu gelditzen”

Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak... [+]


Netanyahuk gerrarekin mehatxu egin du larunbatean preso trukea egiten ez bada

"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]


2025-02-12 | Euskal Irratiak
Marieniako lurren aldeko militanteen epaiketa, irailaren 9ra gibelatua

Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]


Adimen artifizialean 200.000 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu du Europak

Otsailaren 10 eta 11n ehun bat estatuburu elkartu dira Parisen, Adimen Artifizialaren sektoreko ordezkariekin batera, AAri buruzko laugarren gailurraren kari. Abiadura handian garatzen ari den teknologia horri buruzko kezkak eta galderak entzun badira ere, ez zen horientzako... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


2025-02-12 | Iñaki Barcena
Aroztegiaren silogismoa

Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.

Tesia: Baztango... [+]


Antzinako hegaztien gidaliburua

Poloniar ikerlari talde batek Sevillako Italica aztarnategiko Txorien Etxea aztertu du, eta eraikinaren zoruko mosaikoak erromatar garaiko hegazti-bilduma xeheena dela ondorioztatu du. 

Txorien etxean 33 hegazti daude mosaikoetan xehetasun handiz irudikatuta. Beste... [+]


Despremu deprimituaren ondarea

Berriki landu ditut klasean Etxahun Barkoxeren kobla eder eta hunkigarriak. Gaizo gizona! “Edertasunez praube” sortu zelako hasi zitzaizkion etxeko nahigabeak, baina hamazazpi urtetan zen pulunpaka sartu zorigaitzaren itsasoan, maite zuen Marie Rospide doterik gabeko... [+]


2025-02-12 | Edu Zelaieta Anta
Gainbabesaren desbabesa

Elkarrizketa berritu dugu fakultateko idazkaritzan, auskalogarrenez: urruti daude, euren matrikula egiteko, ikasleak bakarrik etortzen ziren garaiak. Aspaldixko aldatu zen joera, eta gurasoek –nabarmenago amek– gero eta paper aktiboagoa hartzen dute seme-alaben... [+]


Harreman publiko-komunitario-kooperatiboak eraikitzeaz

Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]


Eguneraketa berriak daude