Euskal Herriak paraje ugari bezain anitzak erakusten dizkigu. Baina ezagutzen al ditugu? Opor egunak non nahiago ditugu igaro euskaldunok? Euskal Herrian ala munduaren beste aldean? Hori guztia eta gehiago jakin gura genuen eta, uda honetan gure inguruak ezagutu nahi ditugula-eta, material bila joan gara liburu-denda batera. Liburu ugari bai, baina euskara hutsez ezer gutxi topa dezakegula konturatu gara. Liburu dendetan zer dagoenaren jakitun- edo, Iosu Etxaniz ermuarrari "Euskal Herriko Gida" egitea otu zitzaion, euskaldunari bertako bazterrak errazago ezagutzeko aukera eskaini asmoz. Euskal Herria ezagutzeko ibilbide anitz eskaintzen ditu argitaratu berri den liburuak eta erreportajean proposamen horietako zazpi aukeratu ditugu. Imanol Agirrek, Asier Agirresarobek eta Iñaki Muruak, euskaldunok Euskal Herria ezagutzen dugun ala ez azaldu digute. Ez dira oso baikor. Agian, uda honetarako genuen plana aldatu beharko dugu...
Euskal Herriko txokoak era askotara ezagutu daitezke: Inprobisatuz eta informaziorik jaso gabe bertara joanez, agian gehienok egiten duguna, edo aurretiaz dokumentazio eta datu bilketa eginez eta ondoren lekuak bisitatuz. Liburu-dendetako saltzaileek diotenez atzerritarrak euskaldunak baino gehiago saiatzen dira Euskal Herriaren inguruko informazioa biltzen. Euskaldunen artean ordea, bada multzo bat, mendizaleena hain zuzen, ibilbide ezberdinei buruzko xehetasunak ematen dituzten liburuak eta gidak eskuratzeko ohitura duena.
Guk uda honetan Euskal Herria ezagutu nahi dugula erabaki dugu. Badakigu horretarako material ugari dugula. Horregatik, euskaldun saiatuaren eta informazio zalearen paperean jarriz liburu-denda batera joan gara. "Gure inguruko parajeak ezagutzeko zer liburutan begiratu behar dugu?" galdera luzatu diogu saltzaileari eta hark txintxo-txintxo erakutsi digu bertan duen materiala. Horretaz gain, Euskal Herriko edozein liburu-dendatan topatu ahal ditugun liburuen zerrenda prestatu digu. Horrekin guztiarekin has gaitezke uda honetarako ibilbideak prestatzen.
"Hasteko gidak dituzue", esan digu liburu saltzaileak, "aukera handia da, batzuk oparituak izateko edo norberaren etxeko liburutegian gordeak izateko argazki dotorez hornituak daude; besteak berriz, kontsultarako, poltsikoan eramateko eginak dira. Zeuek erabaki". Eta gezurrik esaten ez digula frogatzeko, mahai gainean jarri dizkigu gidak. Batzuk handiak, argazki eta paper dotorez osatuak, besteak txikiak, baina ibilbide, jatetxe eta abarren inguruko informazio askorekin. Han zeuden esaterako, Sua argitaletxeko "Euskal Herria herri bat", hizkuntza ezberdinetan kaleratutako liburua, edo "Euskal Herriko toki miragarriak", Juan Carlos Muñozek idatzia; Everest argitaletxeko "Bilbao monumental y turistico"; Salvat argitaletxeko "El gran libro del País Vasco" edo Ostoa argitaletxeko "Lo mejor de Gipuzkoa". Guztiak liburu ederrak, handiak, argazki ikusgarriekin. Liburu saltzaileak esan digu atzerritarrek horrelako liburuak maiz eramaten dituztela opari gisa.
Informazio praktikoagoa eta formato erabilgarriagoa eskaintzen dutenen artean berriz; Everest argitaletxeko "Recuerda San Sebastian/Donostia", ingelesez eta frantsesez ere idatzia, Anaya argitaletxeko "Bilbao y alrededores. Guiarama" edo "Guiarama de San Sebastian", Susaeta argitaletxeko "San Sebastian. Guias clave", Txertoa argitaletxeko "Donostia. San Sebastián", Javier Sadak idatzia, eta Gaesa argitaletxeko "Navarra guia azul", "Pais Vasco guia azul" edo "Donostia San Sebastián. Guia baraca" aipatu daitezke, besteak beste. Gainera, gure asmoa nekazalturismoa egitea bada, horretarako aproposa den liburu bat ere ikusi dugu, "Mejores casas de turismo rural del Pais Vasco", Planeta argitaletxekoa. Ipar Euskal Herrira buelta bat egin nahi badugu berriz, duela gutxi Etorki elkarteak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan topatu daitezkeen aberastasunen berri ematen duen gida berezia kaleratu du.
Norbaitek pentsa lezake hau guztia oso ondo dagoela, baina etxean dituen seme-alabekin alferrikakoa dela oporrak prestatzea. Hori ez da horrela, Acento argitaletxeak umeak dituztenei laguntzeko gida bat kaleratu baitu, "Pais Vasco. Guias canguro".
Mahai gainean lehenago aipaturiko liburu guztiak zabalik genituela mapak erakutsiko dizkigula esan digu liburu saltzaileak. Besteak beste, han ikusi ditugu, Joseba Gereñoren "Mapa turistico País Vasco", hizkuntza desberdinetan argitaratua, eta Sua eta Harluxet argitaletxeetako Euskal Herriko mapak, baita Karlan argitaletxeko "Mapa Euskal Herria", oso erabilgarria, koaderno formatoa baitu.
Gure asmoa deskantsu egun horietan sabelari gusturen bat edo beste ematea baldin bada berriz, komeni da horretarako leku aproposak zein diren ezagutzea. Horretarako baliagarri izango zaigu adibidez, C.F.E. argitaletxeko "Guia de hosteleria y turismo Pais Vasco". Historia atsegin badugu berriz, Txertoa argitaletxeak kaleratutako eta Fernando Garcia Cortazarrek idatzitako "Historia del Pais Vasco" eta Manuel Monteroren "Historia del País Vasco" liburuak aurkitu ditugu liburu saltzaileak prestatutako zerrendan. Telebista irakurtzea baino nahiago badugu berriz, "Euskal Herria lau haizetara" telebista programako bi bideo zinta ere eskuratu ditzakegu. Dudarik gabe irudi zoragarriak ikusiko ditugu eta ziur Euskal Herrian geratzeko erabakiaz ez garela damutuko.
Azkenik, mendi ibilbideei buruz galdetu diogu liburu saltzaileari eta honek zalantza izpirik gabe, Elkarlanean argitaletxeak "Mendia Saila"n dituen tituluez gain, Sua argitaletxearen eskaintzaren berri eman digu. Argitaletxe horren bildumak mendi gidak, ibilaldiak, bizikleta bideak eta topogidak eskaintzen ditu, besteak beste. Euskal Herriko mendiak, Pirinioak eta Penintsulako mendikateak dira bilduma honen helbururik nabarmenenak.
Liburu-dendatik oso gustura irten gara, bertan eskaintza handia aurkitu baitugu, baina euskara hutsez ezer gutxi.
Interneten erabilgarritasuna ere frogatu nahi izan dugu. Etxera joan, ordenadorea piztu eta konektatu egin gara, bilatzaile batean "Euskal Herria" eta "turismoa" hitzak idatzi ditugu. Emaitzak ugariak bezain interesgarriak izan dira. Alde batetik, gida ugari topatu ditugu: http://guiahispavista.com/Ocio/Guias_Ocio/Espanna/Pais_Vasco, http://www.lycos.es/dir/Turismo_y_Viajes/Espana/Pais_Vasco edo http://revistaiberica.com/Rutas_y_destinos/pvas. Azken honek Euskal Herrian egin daitezkeen zenbait ibilbideren berri ematen digu. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzak turismoa bultzatzeko osatutako webgune bat ere topatu dugu:
http://www.euskaditurismoa.net. Bertan Euskal Herriko turismo gune, ibilbide, jatetxe eta abarren inguruko informazioa aurki dezakegu. Nekazalturismoak ere badu Interneten bere lekua: http://www.encomix.es/nekazal. Atzerritarrek gure herriari eskainitako orriak ere aurkitu ditugu. Baina hau hasiera baino ez da, Internetek eskaintzen dituen abantailak ugariak bezain anitzak baitira eta aurkitu dezakegun informazioa benetan baliagarria izan daiteke gure oporrak prestatzerako orduan.
Ziur aurtengo oporren bueltan askoz gauza gehiago izango ditugula kontatzeko, material honekin guztiarekin atseden egun aberats eta dibertigarriak prestatzeko moduan baikara.
Iosu Etxaniz, "Euskal Herriko Gida" liburu berriaren egilea
Iosu Etxaniz, "Euskal Herriko Gida" liburu berriaren egilea
Britainiarren eskuetan zegoenean, India Himalaiarako lehen espedizioen abiapuntu naturala bihurtu zen. Asko ziren, gero eta gehiago, lehen begiratuan ezinezkoa zirudien ekimenari ekiten ziotenak: Munduko tontorrik garaienetara igotzea, batez ere ordurako denetan altuena zela bazekiten horretara; ingelesek Everest izena jarri zioten, baina askoz lehenagotik Txomolunga eta Sagarmata tibetar eta nepaldar izenekin ezaguna zen. Eta, zer dela-eta itzelezko esfortzu hori? Zergatik bizitza arriskuan jarri azken finean horma bat baino ez dena eskalatzen saiatzeko? Horrela galdetzen zieten funtzionario britainiarrek orduko lehen mendi esploratzaileei, horietako batek historiara igaro den eta abenturaren filosofia ezin hobeto laburtzen duen esaldiarekin erantzun zuen arte: "Hortxe dagoelako". Hortxe igotzeko, ezagutzeko, gozatzeko, arriskatzeko, hortxe gure zain, bere gailurrean norbaitek oina noiz jarriko duen zain.
Ez dugu gure burua beste inorekin konparatzeko inolako asmorik, ezta gutxiagorik ere; gure herria ezagutzea horrelako mendi batera igotzearekin parekatzea Donejakue Bidea oinez egin eta Bilbo-Bartzelona hegazkina lehen klasean hartzea bezalako konparaketa izango litzateke, eta liburu bat etxeko berotasunean eta ordenagailuz moldatzeak ez du zer ikusirik egutegi zahar batean gorputza goitik behera izoztua duzula nekez idaztearekin. Baina, zergatik ezagutu nahi izan dituzu Euskal Herriko bazterrak? Zergatik idatzi duzu horren inguruko gidaliburu bat? Galdetzen digutenean berehala datorren pentsamendua beste galdera bat izan ohi da: "Eta zergatik ez?". Zergatik iruditzen zaigu munduko gauzarik arruntena gure inguruko liburu-dendetan Tasmaniari edo Madagaskarri buruzko gidaliburuak aurkitzea (gazteleraz edo frantsesez ia beti, baina baita ingelesez ere), Euskal Herri osoko gidaliburu bat euskaraz eskatzeak ia lotsa ematen digun bitartean? Gu eta gure konplexuak.
Euskal Herriak euskaldun askorentzat ezezagun handia izaten jarraitzen du. Askotan, dugunaz konturatzen ez garelako edo kanpora joateak "glamour" handiagoa ematen duela uste dugulako, inguratzen gaituena gutxietsi egiten dugu. Penintsulako hiririk ederrena eta Europako ederrenetakoa dugu (Donostia), Frantziako hexagono osoko herririk maitagarrienetako batzuk (Sara, Larrañe...), beste inon aurkituko ez ditugun kobazulo miragarriak (Izturitze eta Otsozelaia), ohiko baserritar munduarekin zerikusi gutxi duen basamortua (Bardeak), antzinatik heldu zaizkigun oroitzapenak (Sorginetxe) eta etorkizuneko Euskal Herria irudikatzen duten monumentuak (Guggenheim Museoa). Eta horrela, beste hamaika mirari, naturak edo gizakiak moldatutakoak. Mundua ezagutzea, hau da, kultura, jende eta leku berrietaz gozatzea, bizi daitekeen esperientzia pertsonalik aberasgarriena da, jakina, baina beti ere etxea eta etxekoak ongi ezagutu ostean. Azken finean, munduko beste muturrean aurkituko dugun adiskide horrek ere gutaz jakin nahi izango du, ezta?... Beraz, zergatik ezagutu Euskal Herria? Merezi duelako eta hementxe bertan dugulako, gure zain.
Asier Agirresarobe, "Euskal Herriko mendietan barna" liburuaren egilea
Asier Agirresarobe, "Euskal Herriko mendietan barna" liburuaren egilea
Galdera hitz soil batez erantzutea oso lehorra bada ere, hain denean garbia erantzuna ezin luzapenekin ezkutatzen aritu. Ez. Salbuespenak salbuespen, noski, orokorrean, nere ustez euskaldunok ez dugu gure ingurua ezagutzen. Baina, zer ulertzen dut "ezagutzea" diodanean? Bada, mendizalea izanik, ikuspuntu geografiko batetik begiratuta erantzun ahal diot hobekien. Bizi garen inguruko mendien atzean ezkutatzen den bailara, herri edo mendi hori zein den jakitea; gailur, mendizerra, herri, haran eta ibai nagusiak zeintzuk diren eta nondik nora doazen; hemengo eta hango klimaren ezaugarri nagusiak zeintzuk diren jakitea da gure herria geografikoki ezagutzea.
Mendizaletasuna gurean oso hedatua dagoela esan ohi da. Neurri batean, batez ere, inguruko lurraldeekin alderatuz, hala da. Baina hain ugari diren mendi taldeek inguru berriak ezagutzeko parada eskaini arren, jendea mendira bere kabuz joaten den egun apur horietan, ezagutzen duen mendi edo leku berera joaten da behin eta berriz. Orokortzen hasi gabe, hori da behintzat inguruan ikus daitekeena. Ez du apenas ibilbiderik aldatzen, ez du mapa eta liburuak begiratzea gustuko. Hauek, leku eta mota guztietakoak izan arren.
Euskal kultura, beharbada, gehixeago ezagutuko dugu. Beharko lukeena baino egoera kaxkarragoan egon arren, geografikoki baino kulturalki zerbait hobeto ezagutzen dugula Euskal Herria deritzot. Historikoki berriz, hutsaren pare jarri beharra daukagu gure burua. Ez dakit zer eta nola erakusten den historia egun eskoletan, baina aski erraza da sumatzen, alor honetan hutsune handi bat dagoela euskaldunon artean, nere burua barne.
Euskaldunotaz aritu naiz denbora guztian. Baina beren burua euskaldun baino Espainiako estatuan kokatzen duten horiek berriz, Euskal Herria baino Espainia gehiago ezagutzen dutela iruditzen zait, baita bere burua euskalduntzat duen askok ere. Halaber, Espainia ezagutu baino inguru zehatz batzuen berri soilik dutela ere esan dezaket. Euskal geografia, kultura eta historiaz gutxiago.
Atariko galderatik at badago ere, neurri batean harremana baduelako, tamalez, euskaldun ia gehienok Euskal Herritar izatearen kontzientzi gutxi dugu, batere ez esatearren. Hegoaldekook Iparraldea baino hobeto ezagutzen dugu Espainia. Muga artifizial horrek, gaindiezina dirudien horma dirudi, batez ere gure buruarentzat. Hau da behintzat nire ingurua aztertuz iruditzen zaidana.
Iñaki Murua, bertsolaria
EUSKAL HERRI EZEZAGUN HAU
Oporrak datozela eta kanpora. Ez dakit zein urteurren ospatu nahia dugula eta kanpora. Ikasbidaia dela eta kanpora. Beti "kanpo larrosa" eta bertakoa besterentzat?
Hala da bai. Hemen dugunaren mailakorik ez dago edonon: lasaian, politean, berdean, maldatsuan, lauan, hezean, epelean, frexkoan ... denetik daukagu gurean. Eta giroa? Hemengo tabernen eskaintza eta kontu jariorik ez duzu nola nahi aurkituko bestetan. Kaleko patxadarik eta segurtasunik ere nekez (non dago bada hemen adina polizia traje desberdin?) eta jende irekia, ulerkorra, entzuteko prest dagoena ... Dena dugu bertan eta gu kanpora! Kanpoko intxaurrak hamalau.
Hiriak eta herri bakan batzuk ditugu gehien ezagutzen: Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Donibane Lohizune, Zarautz, Getaria, Ondarroa, Bermeo, Lekeitio, Orio, Astigarraga, Miarritze. Aldiz, Maule, Garazi, Agurain, Tutera, Baiona, Barakaldo... ezagutzen al ditugu?
Guk, bertsotan ibiltzen garenok, aukera bikainak izaten ditugu bazterrak ezagutzeko eta gainera behar bezala, hau da, bertakoen ahotik historia entzunaz eta bizimoduaz jabetuz. Ez gara harriak ezagutu eta kitto geratzen. Guk ordea, nekez ezagutuko ditugu Enkarterriak edo Aiara bailara nahiz Errioxa edo Erribera, berdin Zuberoa; Durangaldea, Goierri, Urola, eta abar bezain ongi. Hizkuntzak eta zaletasunek jartzen dizkigute mugak eta azkena aipatutako leku horiek ezagutzera, propio joan beharko dugu.
Mundua gero eta txikiagoa den honetan, geure herria handia dugu. Kanpokoaren gutizia pizteko kanpainak egunero ahoko zuloan jartzen dizkigute eta bertakoa? Lau mendi ezagutzen ditugu: Txindoki (ez Aralar), Aizkorri, Gorbeia eta Urbasa (ez Handi-Mendi). Baina Hiru Errege Mahaia, San Donato, Salbada Mendi-zerra eta horiek beren historia, esaera, istorio eta bizipenekin, ezkutuan/isilean geratzen dira gure begi belarrientzat.
Nire ustez, jasotzen dugun kulturan dago gakoa. Hiriak denontzat dauka esanahiren bat eta horietako ezezaguna ezagun bihurtzeko ez dugu beldurrik, baina mendiak eta herri txikiek edo auzoek daukaten ezezagunak ez gaitu erakartzen eta batzuk beldurtu egiten gaituzte. Ez gaitu erakartzen, ez dakigulako haietan dagoenarekin gozatzeko lain; ez dugulako nekazaritza eta basoei buruzko oinarrizko jakituririk eta, beraz, ia ezerk ez digu deus esaten. Gainera, oinez ibili behar dugu eta nekatzen garenean ez dago besterik: iturriko ura (dagoenean!) eta harriren bat gainean esertzeko, hori bai, kontu handiz begiratu ondoren ea zirinik, zizarerik edo sugerik baden gure "sofa" aurrez okupatu digunik.
Familian eta eskoletan, herriko taberna denak ezagutzeko joera txertatu ordez, natura eta geure herriaz jakin mina piztu behar ligukete. Igandero joan behar genuke herri, mendi edo bazter berriren bat ezagutzera. Ikas bidaietan, naturako klasean, soin heziketan... hezi behar genuke geure burua inguruaz gozatzeko jakintzetan. Bestela, beti, urrutikoak hamalau direlakoan biziko gara geure zazpiak ezagutu gabe eta lau direlakoan .
Imanol Agirre, "El mundo de los Pirineos" aldizkariko erredaktore burua
"SEKULAKO IRIZPIDE FALTA ANTZEMATEN DUT EUSKAL BIDAZTI ARRUNTENGAN"
Euskaldun bidaiariaren ohitura eta asmoen berri galdetu diogu Imanol Agirreri, eta Euskal Herria ezagutzeko eskuragarri dagoen materialaren inguruan zenbait argibide eman diezazkigun ere eskatu diogu, gai honetan oso dokumentatua dagoen pertsona baita.
Euskaldunari gustatzen al zaio bidaiatzea?Euskaldunok, bizitze-maila altua daukagunetik bidaia kontsumo produktu bilakatu dugu. Nabaria da 80ko hamarkadatik aurrera. Gero eta gehiago bidaiatzen da. Bidaia agentziak gero eta gehiago dira. Eskaintza gero eta handiago. Hala eta guztiz ere, azken aldian bidaietan enpresek agintzen dute. Haiek jartzen dituzten eskaintzak dira nagusitzen direnak. Sekulako irizpide falta antzematen dut euskal bidazti arruntengan. Masifikazioa heldu da. Bitartean, bidaia alde magikoa galtzen doa.
Zer ezagutzen du gehiago, Euskal Herria bera ala kanpoko bazterrak? Bizi duzun giroaren arabera kokatuko nuke erantzuna. Nire inguruan, Bilbon, kanpoko bazterrak nagusitzen dira. Hemen gaude Euskal Herriko mendebaldeko puntan eta nagusitzen da, zalantzarik gabe, mendebaldera jotzea, Kantabriara edo hegoaldera, Mediterraneora. Beraz euskal herritar ugari topa dezakegu Euskal Herria ezagutzen ez duenik.
Jendea kanpora irten aurretik dokumentatzen al da? Ildo honetan bilakaera argia da. Azken hamar urte hauetan dokumentazioa asko ugaldu da eta hori dela eta bidaiariak ohitura hartu du dokumentazioa eskuratzeko. Nik uste nahiko dokumentatua doala.
Euskal Herriak dituen hainbat txokoren inguruko informazioa bildu nahi duenak nora jo behar du, zer liburu begiratu behar ditu, zer aldizkari...? Material ugari dago. Formato handiko liburuen artean, aitzindaria Miguel Angulo izan zen 1987ko "Euskal Herriko Inguru Gordeak" liburuaren lehenengo edizioarekin. Geroago beste autore batzuk etorri dira. Aipagarriak dira Xabi Oteroren lanak eta Sua argitaletxeak plazaratu dituenak: "Euskal Herria, herri bat" (1998) eta "Euskal Herriko toki miragarriak" (2000). Hauetan guztietan argazki ikusgarriez gain, testu interesgarri eta iradokizun ugari aurkitzen dira.
Ibilaldiak proposatzen diren liburuxkak ere badira. Arlo honetan oparoa da eskaintza. Ibilbideak eta mendi igoerak dira helburu. Naturarekin harremanetan jartzea, hain zuzen. Bi autore aipatuko nituzke: Santiago Yaniz eta Mikel Telletxea. Liburu hauek lurraldez lurralde banatu ohi dira eta aukera anitza da. Gainera gida praktikoen bitartez bidaiak antolatzea oso erraza da.
Astero prentsan argitaratzen diren gehigarriak ere aipatu behar dira. Azken urteotan prentsan mugitzen diren komunikabideek ildo honi egin diote arreta. Horietan guztietan gehigarriren bat aurkituko dugu non ibilaldiak eskaintzen diren. Noizen behin ideia politak har daitezke. ("Euskaldunon Egunkaria", ARGIA, "Gara", "Deia", "El Correo", "Diario Vasco"...). Aldizkarietan berriz, ez da eskaintza handirik. Hutsune nabarmen bat dago. Euskal Herriko aisialdiari buruzko bakarra frantsesez dago: Pays Basque Magazine. Estetika aldetik oso ederra da, baina gaiak nahiko arinki aztertzen dira.
Bestalde, informazio bulegoak eta interpretazio zentruak daude. Horiek oso baliagarriak dira Euskal Herrian barna bidaiatzeko. Informazio zuzena, anitza eta hurbila ematen dute. Merezi du horietara hurbiltzea.
Edonola ere, aukeratzen dugun lekuaren arabera askoz egokiagoak izango dira liburu batzuk beste batzuk baino. Kostaldera joan nahi izanez gero zer kontsultatu beharko genuke? Kostaldeari buruzko liburu gutxi argitaratu dira. Tremoia Kolektiboak idatzi duen "Rutas y paseo por parajes naturales de Euskal Herria, Costa Vasca" izan daiteke aukera bakarrenetako bat.
Eta mendira joan nahi izanez gero? Mendira joateko, berriz, aukera oso ugaria da. Geografia aldetik aukera daiteke (Nafarroa, Bizkaia, Araba, Gipukoako mendiak) edota natur gune aldetik (Urkiola, Gorbeia, Pirinioak...). Mendizaleak badu nondik edan. Liburu mardulak argitaratzen dira . Hori bai, gehienak gaztelaniaz.
Museo, balio arkitektonikoa duten eraikuntzen eta abarren inguruko libururik ba al da? Euskal patrimonioari buruz ez da asko plazaratu. Azken aldi honetan Guggenheim delako fenomenoagatik Bilboko patrimonioa gero eta gehiago azaltzen da liburuetan. Baina liburu hauek garestiak izateaz gainera, astunak dira.
Material hori guztia gaztelaniaz ala euskaraz topa dezakegu? Euskaraz konformatzeko adina ba al dago? Euskaraz ezer gutxi dago (ARGIA aldizkariaren ekimena izan daiteke bakarrenetako bat). Argitaletxeko zuzendariek diotenez, mendizalea euskalduna izan arren ibilbideak gaztelaniaz irakurri nahi ditu (ohitura falta ote?). Etorkizunean euskarazko argitalpenak ugaritu beharko dira merkatu honetan sartu ahal izateko.