"HERRIAK EZ DU FRONTERIK NAHI, EZ DITU FRONTEAK ONARTZEN"

  • Billabonako Fraisoro eskolan hartu gaitu legebiltzarkide berriak. Ezker Batuko koordina-tzailea da Gipuzkoan. Hogeitabost urte darama nekazaritza eskola honetan; hamazazpi zuzendari gisa. Eskola utzi eta legebiltzarkide gisa tinko aritzeko prest dagoela esan digu.

2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Azken hauteskundeen emai-tzak ezagutu ostean "Eusko gudariak" abestu zenuten. Jende askoren komentarioa izan ziren telebistako irudiak.
Nik aspaldidanik abesten dut "Eusko gudariak", Burgosko prozesuan, adibidez, eta gaur egun ere abesten dut. Baina, telebistak hori jarri bazuen ere, kantu gehiago ere abestu genuen, "Internazionala" esaterako. Guk "Eusko gudariak" eta "Internazionala" abesten ditugu, gure herria irekia nahi dugulako, aurrera egin nahi dugulako herri honen nortasuna zabalduz eta indartuz; ez dugu arazorik biak abesteko. Azken urteotan EBtik egin dugun politika bide horretatik doa.

IU-EBk EH Eusko Legebiltzarreko mahaitik baztertzea proposatu dio jarduneko Ibarretxe lehendakariari. Ez bide da proposamen herrikoia izan.
Ez da egia proposamen hori egin dugunik. EBk behin ere ez du hori esan, konfusio bat egon da. Gaspar Llamazaresek esandakoaren interpretazio oker bat egin zuen Madrileko prentsak. Gehiago esango dut, EBko zuzendaritzako azkeneko bileran ebazpen bat onetsi dugu alderdi guztiak Legebiltzarreko mahaian egotearen alde. Beti defendatu dugu hori, eta orain ere ez dugu inor baztertzen. Nahiz Legebiltzarraren araudiaren arabera bost kide bakarrik onartzen diren, alderdi guztiak parlamentuko mahaian ordezkatuak egoteko neurri politikoak har daitezke.

Hasiera batean, PSE-EErekin gobernua eratzea proposatu zenioten Ibarretxeri. Gero ez. Zergatik?
Herri honetako gatazka egoera gainditzeko eta aurrerapausoak ematen hasteko, nazionalistek eta ez nazionalistek osatu behar dute gobernu berria gure ustez. Azkeneko hauteskunde kanpainan, egundo esan ez duguna esan genuen, hau da, Gasteizko gobernua EAJ-EA, PSE eta EBren artean osatu behar dela; gobernu hori egokiena delakoan. PSEk eraman duen kanpaina eta orain bizi den egoera dela-eta ez dago gobernuan sartzeko kondizioetan nonbait. Eta haiek ez badute nahi, gu ez gara tematuko. Bide egokiena hori izan zitekeela esan dugu, baina oraingoz bazter utzi dugu.

Bide hori urratu baina zein baldintzarekin?
Bakerako mahai bat zabaltzeko eta herri honen gehiengoak erabakitzen duena onartzeko baldintzarekin. Herri honen gehiengoak eskatzen duena politikaren bidez gauzatu behar dela diogu guk. Horixe eskatu dugu beti eta orain ere horixe bera eskatzen diogu gobernuan egongo den edozein alderdiri. Badirudi PSE oso urrun dela gobernu horretatik, baina hori ez da gure arazoa. PSE aldatzen ari dela dirudi, hemengo gidariak presioak jasaten ari dira. Zaila da ulertzen Euskaditik baino Madriletik aldatu nahi izatea alderdiaren norabidea, Madriletik presionatzen ari baitira norabidea aldatzeko, hori ez da positiboa alderdientzat ez herri honentzat.

Bestalde, zeintzu dira IU-EBk Ibarretxeri gobernua osatzeko jartzen dizkion baldintzak?
Azkeneko bileran erabaki dugunez, Ibarretxerekin eztabaidatzeko eta gobernuan sartzeko prest gaude, baina ez edozein kondiziotan. Baldintzon arabera baiezkoa edo ezezkoa emango digu Ibarretxek. Erantzuna positiboa ez bada, ez gara beldur oposizioan aritzeko berriro ere. Gobernuan egon nahi dugu, baina bakerako prozesua aurrera eramateko eta politika soziala egiteko. Hauek dira gure baldintza nagusiak

Zehaztuitzazu berauek, arren?
Baldintzak oraindik ez dizkiogu aurkeztu Ibarretxeri, beraz ez ditut publiko egingo. Hauteskunde kanpainan garbi utzi genituen zeintzu diren gure arlo nagusiak eta proposamenean azalduko dira berriro ere. Orain berak erabaki behar du. Baina EB berarekin egotea nahi badu, ez da aulkia berotzeko izango. Gure partaidetza nabarituko da gobernuan, beste ezkerreko alderdiak (PSErena edo EHrena, gobernuan egon gabe sostengua emanez) nabaritu ez diren bezala. Herritarrentzako ulertzen errazak diren gauzak eska-tzen dizkiogu lehendakariari, gure politikaren zentzuarekin bat egiten dutenak.

Zuk zeuk Jaurlaritzako zein saila nahiko zenuke IU-EBrentzako?
Ez da sail arazoa, sail bat edo beste izan ez da inportantea, baizik eta zer politika egingo den orokorrean. Ezkerreko politika egiteko sail bat baino gehiago dago; batzuk beste batzuk baino egokiagoak dira, egia da. Baina gu ez gara itxita. Gure aldetiko akordioa ez dago sail bat ematearen menpe. Guk edukiak nahi ditugu landu eta lehenesten dugun politika ager dadin. Ez badugu akordioa lor-tzen ez gara fustratuak sentituko

Zu zeu sailburu izan zintezke?
Ez dut nire burua sailburu ikusten, ez dut gogoetatu horretaz. Nik ezkerreko ikuspuntutik eraman dut bizitza politikoa, ez dut inoiz nire ibilbide politikoa urratu nire nahi pertsonalen arabera, kontua ez da ni egotea edo ez.

Sailburu izan gabe, legebiltzarkide lana eta Fraisorokoa uztartzea pen-tsatzen al duzu?
Ez. Legelbiltzarkidea izateak bizimodu aldaketa ekarriko dit. Ezin daiteke bi buru txapela batekin tapatu, hobe da buru bat tapatzea edo ondo tapatuta edukitzen saiatzea. Parlamentaria izatera joango naiz Gasteizera. Aldatzeko unea iritsi da eta legebiltzarreko lana ahal den ondoen egin nahi nuke, datozen urteetan lan asko egongo baita Eusko Legebiltzarrean.

Jaurlaritzako kontuez bukatzeko. EB gobernuan egotea edo ez egotea, ez da gauza bera. Jakitun zarete, jakina.
Gobernuan egoeta berealdiko apustu bat da, mesedetarako nahiz kalterako izan daiteke. Gobernuak zer egiten duen, bada, gu ere horren arabera aterako gara. Gure partaidetza mesedegarria izan dadin nahi dugu, noski, bai herri honentzako bai alderdiarentzako. Gobernuan izanda eramango den politika aztertuko dute herritarrek, eta erantzun ere halakoxea jasoko dugu. Herri hau egoera berezi batean dago eta berau gainditzen parte hartu behar dugu. EB prest dago, baina ez gaude gure programaren mezu nagusiak ahazteko. Gobernuan baldin gaude ez ditugu mezuak albora utziko. Ibarretxek baloratu behar du gu bere gobernuan egotea interesatzen zaion ala ez. Nolanahi den ere, bakerako bidean eta herri honen gehiengoak erabaki dezan puntuetan bat gatoz Ibarretxerekin. Ibarretxek guk esandako gauza asko bere egin du. Lizarrako prozesuaren ondorenean gertatu diren gauza askotan Ibarretxek gurekin bat egin du eta horregatik benetan prest gaude berarekin aurrera egiteko.

Bakea jomuga izanda, asko duzue jokoan.
Bakerako pausoak tinko-tzeak izugarrizko inportan-tzia du, ordea. Barruan edo kanpoan egon, zalantzarik ez dugu, Ibarretxeri lagunduko diogu. Izugarrizkoak jasan ditugu azkeneko bi urteotan, nazionalisten tonto-inutilak ginela, baina azkenean jende askok ulertu du gure koherentzia, eta hori ez da aldatuko. Nahiz komunikabideak aurka izan ditugun eta horregatik gure ideia batzuk ulertuak ez izan, ezkerrari eskatu behar zaizkion tinkotasuna eta koherentzia mantendu ditugu. Bakerako bidean ez da gure koherentzia aldatuko, hori gobernuan egotearen gainetik dago.

Alderdien foroa aipa-tzen da berriz ere. Ajuria-Enea eta Lizarra-Garaziko Akordioaren esperientzien ostean, nola gauzatu beharko da bake mahai berria?
Osatu behar den mahaia ez da Ajuria-Enekoa ez Lizarra-Garazikoa izango. Bateko gauzak zein bestekoak eduki behar ditu mahai berriak, bi akordio hauen puntu gehienak behar dira, baina osorik ez du batek ez besteak balio. Ajuria Eneko mahaia gainditu zen eta Lizarrako Akordioa pasa da. Lizarrak herri honek bere geroa erabaki behar duela dio, hori da bere zentzu nagusia. Hori hor dago eta egongo da gero ere, baina Lizarrako kudeaketa (guk asko protestatu genuen bere kudeaketa okerrarengatik) ez zen egokia izan. Orduan esaten genuena diogu gaur ere bai: herri hau eraikitzeko behar diren erakundeen eratze prozesuarekin bat gatoz, baina ezin da nahastu bake prozesua eta herriaren eraikuntza. Bi egiteko hauek erritmo berean jarri nahi izatekotan etor zitekeenaz kon-tziente ginen EBn, eta etorri zen. Baina, guk mantentzen dugu biak beharrezkoak direla, erritmo ezberdinetan betiere. Orain sortu daitekeen mahaian alde denak egotea nahi dugu. Horrek ez du esan nahi fase guztietan denek izan behar dutenik. Fase guztietan ez dira denak izango baina azkenekoan, akordioa lortzeko, denok izatea ezinbesteko da. Lizarrako akordioa izenpetu zenean esan nuenak balio du gaur egun ere: hemen ez daude denak eta ez baditugu falta direnak biltzen akordiora, akordio honek ez du aurrera egingo. Mahai berri honetan eseritzen diren lehen parteek hori aipatu behar dute lehenik, azkenean akordioan denok egotea lortu nahi bada.

Hauteskundeetako emaitzek errazten dute aipamen hori egitea?
Azken emaitzek mezu garbia eman dute: herri honek ez du fronterik nahi, ez ditu fronteak onartzen. ETAk eta PPk proposatzen dituzten bideak ez ditu herriak nahi, bide berri bat markatu du herriak. Herri honek izugarrizko heldutasuna azaldu du, ez da erori komunikabide boteretsuen tranpetan, Hitz egin behar dela, eta horretarako mahai bat osatu behar dela dio herriak. Bere buruaren jabe izan nahi du. Bake mahaiaren aukera indartu da, ez da kasualitatea Redondo Terrerosek eta Mayor Orejak mahaia osa-tzeko eskaera luzatzea. Hauteskundeen aurretik ez genuen horrelakorik entzun, orain aldatzen hasiak dira.

Hasi dira mugitzen PP eta PSE?
Hasi dira mugitzen herri honek eman dien mezua gordina delako. Ez dute espero zituzten emaitzak erditsi, ez dute herri hau beren harira eraman, orduan ezinbestean aldatu behar dute, herri honen tinkotasunarekin topo egin dute eta hori onartzen ez badute berentzako kalte izango da.

Beste muturrean ETA eta EH izaki.
ETAk gure bidea aurrera eramaten baldintzatzen du. EHk balorazio eta erreflexio sakona egin beharko luke, doan bidetik joanez gero legebiltzarkide erdia atera badu, hurrengoan gutxiago ere atera dezake.

ETA konbentzituz?
Niri gustatuko litzaidake ETA bera konbentzitzea bere bidetik ez doala inora. EHkoei eskatzen diet ausartak izatea erabakiak hartzeko. Ez badute ETA konbentzitzen, jarrera hori hartu behar dute behintzat, bestela, mundu horretan jende askok beste jarrera hartuko du. Gu ez gara Euskal Herriko ezker bakarra, eta ezkerreko jende horrekin lan egiteko prest gaude eta egongo gara, baina ETArekiko jarrera garbi harturik. Herri honek ez du borroka armatuaren bidez bere burua askatzea nahi, hori gero eta garbiago dago ezker abertzalearen inguruan. Hauteskundeetako emaitzek aro berri baten lehen atala ireki dute.

Autodeterminazioa
Autodeterminazioa
Bernardo Atxagak independentzia ideia zaharkitua dela eta federalismoa hobetsi du IU-EBrekin bat eginez. Ez duzu uste independentziaren ideiari ixteak ezkerreko abertzale askoren sostengua kentzen dizuela?
Atxagak une honetan herri honen independentzian ez duela sinesten dio, eta nik ere ez. Ez dut esan nahi herri honek ez duela eskubide hori erabili behar, aitzitik, zilegia iruditzen zait. Baina ez dut uste herri honentzako onena denik eta egoki ikusten ez dudan gauza bat ezin dut defendatu. Pentsatzen dut herri hau eraiki behar dugula federaltasunaren bidean, atxikimendu librean oinarritua. Herriak erabaki dezala federakun-tza hori zein kondizioetan osatu nahi duen, nahi dituen baldintzak errespetatuz. Hori autodeterminazio eskubidea da; ez une konkretu batean une guztietan baizik.

Konfederalismoa ote da hori?
Batzuek federalismoa baino konfederalismoa dela hori, bai. Eztabaidatu egin daiteke. Konfederalismoa federalismoaren barruan erraz sartzen da, ordea. Beno, herri honek harremanak eduki ditu beste herriekin aurreko gizaldietatik. XIX mendeko estatuaren sorrera, estatu independente bat gure egoeran ez da ona herri honentzat. Aldiz, denok euskaraz jakin behar genukeela uste dut, euskaraz egiteko borroka egin behar dugu denok, elkarri lagundu abagune hori gauzatzeko. Baina gazteleraz jakitea beharrezkoa zaigu. Eta ingelesa eta beste hizkuntzak ere beste herriekin harremanetan segitzeko. Hori da gure eredua. Ezkerreko ikuspegi batetik begiratuta gizarte honek kultura nahiz ekonomia mailan dituen loturengatik independentzia izateak ez digu aurrera joaten laguntzen. Atxikimendu librean oinarritutako mezuaren aldeko jendea asko dago, EHko botoemaile askok mezu honekin ados dagoela esan digu, bide egokia dela. Niri bestela ez dit beldurrik ematen gehiengoa independentziaren alde paratzeak.

Espainolismoaren morrontza hor duzue beti.
Egia da. Ezkerrak estatu honetan eta Euskadin ere, ez du behar bezala ulertu Euskal Herriko arazoa. Ezkerrean ibili direnek mementu batzuetan herri honen izpiritua baztertu nahi izan dute, baina gaindituta dugun gauza dela uste dut, batzuek bizkarreratzen digute hori, eta horrekin jarraitzen dugu. Esaterako, Ibarretxerekin gobernuan sartzea edo ez, guk (EBk) erabakiko dugu. Gure estatutuetan idatzita dago, IUk bere iritzia eman dezake baina erabakia gurea da, EBrena.

Euskal Herriaz ari zara baina penintsulakoaz. Ipar Euskal Herria bazter uzteak ez dizu herrimina sortzen?
EBn gustatuko litzaiguke Euskal Herria penintsularra eta kontinentala batera eramatea. Autokritika egiten dugu, ez gara iristen Euskal Herri osora, baina zoritxarrez guk ezin ditugu dinamika berdinak garatu EAEn, Nafarroan eta Iparraldean, errealitateek ez digute uzten.

Lizarra-Garaziko batzorde iraunkorreko partaide izanda, zer pertzepzio duzu Iparraldeko abertzalekiko?
Bizi duten egoerarengatik-edo, Hegoaldekoak baino prakmatikoagoak aurkitu ditut, askoz ere errealitateari lotuak. Bakerako eta eraikuntza nazionalaren bidean ez dira Hegoaldeko jendea baino azkarrago ibili behintzat.

AMEZKETAKO EUSKARA GASTEIZEN
1943an Amezketan jaioa. ETAn hasi zuen ibilbide politikoa 1965ean. Iruñean bizi zen orduan. Alde zaharreko Eusko Bazterra elkartean euskara irakasle zen. Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiari euskara erakutsi zion han. Xabier Kintana ere ikasle izan zuen. IU-EBko legebiltzarkide berria da Gipuzkoatik. Gasteizko parlamentuan nagusiki euskara eginen duela hitzeman digu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


2024-11-27 | Mikel Zurbano
Trumpkonomia

AEBetako agintaldi berriak ekonomiaren esparruan ekarriko duena zehaztea ez da lan erraza. Estrategia ekonomiko berriaren ardatza liberalismoaren eta kanpo sektorerako protekzionismoaren arteko uztarketa bitxia izango da. AEBetan aldian-aldian halakorik gertatu den arren,... [+]


Francis Williamsen bikaintasunaren froga

Londres, 1928. Victoria and Albert Museum-era koadro berezi bat iritsi zen dohaintzan: margolanean gizon beltz bat ageri da, ileordea eta lebita jantzita, liburuz eta tresna zientifikoz inguratua. Museoan horrela katalogatu zuten: “Erretratu satiriko bitxia, beltzen... [+]


Kolono europarrek Afrikan lapurturiko 500.000 artelanak itzultzeko ariketa nekeza

Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
Israelek Libanon su-etena onartu du, Gazaren aurkako erasoa areagotzeko

Iranen “mehatxuari” arreta handiagoa eskaintzeko eta Gazan sarraskiarekin jarraitzeko helburuz sinatu du menia Israelek, Benjamin Netanyahuk onartu duenez, baita Hamas Hezbollahtik aldentzeko ere. Israelen aliatuen tropek "ziurtatuko" dute akordioa betetzen... [+]


2024-11-27 | ARGIA
Korsikako Asanblean frantsesa inposatzen jarraitzen dute, korsikera debekatuta

Korsikako legebiltzarkideek ezin dute Korsikako Asanblean korsikeraz hitz egin, Bastiako Auzitegiaren 2023ko epai baten arabera. Ebazpen horri helegitea jarri zion Asanbleak, baina debekua berretsi du orain auzitegi berak. Epaiak tokiko beste hizkuntzei eragiten diela ohartarazi... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
Espetxe zigorra ezarri dio Turkiak Beritan Canözer kazetari kurdu feministari

Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diote PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko "propaganda2 egitea leporatuta. Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Tarte horretan sei bider aldiz miatu du bere etxea Turkiako Poliziak, bost aldiz atxilotu... [+]


Laguntza humanitarioa, etenda: 130.000 haur elikagai eta botikarik gabe

Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.


2024-11-26 | EHU Palestina
EHUn Israelen genozidioa eta apartheidarekin harreman oro aztertu eta eteteko batzordearen alde

Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]


2024-11-26 | Mikel Aramendi
India, Trump 2.0 aldirako kontuak ateratzen

Ari da mundu guztia kontuak ateratzen Trump 2.0 aldian norberari gerta dakiokeenaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan. Subjektuaren mudakortasuna ezagututa, ziur samartzat eman daitekeen aurreikuspen bakanetakoa da Estatu Batuen Txinarekiko harremanak, ekonomikoak... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


Eguneraketa berriak daude