"NIRE OBRA NIRE OBSESIOEN, NIRE HARREMANEN EMAITZA DA"

  • Hamabost urte joan dira Dora Salazar artista altsasuarra lanean hasi zenetik eta egun gutxi Bilboko Windsorren azken erakusketa paratu zuenetik. Iraganaz eta orainaz mintzatu gara Gasteizko bere etxe-estudioan. Ez baitu gogoko etorkizunean pentsatzea; gero gerokoak.
Gasteizko etxean egiten du lan Dora Salazarrek azken aldian. Garbi utzi digu hori etxean sartu eta pasiloaren amaieran topatu dugun kobrezko hariz eginiko meninak. Elkarrizketa guztian parean izan dugu, Doraren hitzak baieztatuz, 38 urteko altsasuarraren ibilbidearen azken etaparen erakusle. Oraindik amaitzeke badago ere, arin, hegalari ageri da kobrezko menina korridore estuan.

Bilboko Windsor galerian duela gutxi arte zabalik izan duzun erakusketan "Humano demasiado humano" eta "Ciudades de hilo" serieak bildu dituzu. Hitz egiguzu zure azken lanez.
BBKren beka bat lortu nuen eta hortik abiatuta nire lana aldatu egin dut. Altsasuko estudioa utzi nuen eta horrek materialak eta teknikak aldatzen lagundu dit. Gainera etxean lan egiteak beste konnotazio batzuk ditu, obsesiboagoa da. Eta egunerokotasunarekin lotura handiagoa du, egunero bizitzen ari zarenetik abiatzen baita lana. Dena den, haustura ere ez da horren garbia, baina erronka bat badago, materialei dagokienez batez ere. Baita kontatzen ditudan gauzetan ere. Zentzu horretan pertsonalagoa da.

Duela bizpahiru urte "artea artearengatik" ideia ez zenuela gustuko esan zenuen. Baina baita gero eta estetagoa zinela ere.
Hori egia da. Orain egiten ari naizena esteta da guztiz.

Baina non dago oreka?
Artearen kontzeptu itxia da gustuko ez dudana, bizitzarekin kontakturik ez duena, artearen arazoez, espazio, denbora edo material arazoez ari dena. Bizitzarekin lotura duen bidea behar dut nik. Artearen oinarrizko postulatuak (piezak espazialak izatea, konposizio bat izatea, egitura bat...) ez dira inoiz niretzat helburu izan. Hasieran adibidez espazioaren nire kontzeptua oso teatrala zen. Gero, garai batean, espazioari eta formari buruz asko hitz egin nuen, beharbada lehenago nire lanak espazioarekiko interes faltaren bekatua zuelako. Eta horrekin geratu nintzen, orain egiten ari naizena ere oso espaziala baita. Heziketa eta obserbazio kontua da eta ez dut teoria jarraitzeagatik egin. Agian nire formazioagatik izango da. Fakultatean nengoenean Oteiza eta Txillidaren postulatuak nolabait atzean utzi genituen. Une horretan beste korronte batzuek eragin gintuzten: pop-ak, azken dadaismoak... formak ez zuen hainbesteko garrantzirik, gauzak kontatzea zen garrantzitsua. Asko esperimentatu dut, baina azkenean horrekin geratzen naiz. Eta uste dut artea hortik doala egun; gauzak kontatzeko eta bizitzatik gertuago egoteko behar hori dagoela.

Zer kontatu nahi duzu?
Hori ez dut oso garbi. Kontatu nahi dudala diodanean ez dut esan nahi narrazio lineal eta koherente bat ezarri nahi dudala. Beti esan nahi duzu zeozer. Horregatik beti landu izan dut figurazioa, errazago iristen delako, gertuago dugulako. Baina kontradikzio bat beti dago nire lanean. Aurretik ikusitakoa, inguruan duguna, irudikatzen dut, baina hori trastokatua dago. Lan prozesuan badakit nola aritu nahi dudan, baina ez horrek zertara eramango nauen, non amaituko dudan. Gustuko dut sorpresa hori.

Kontatzen duzuna publikoak modu ezberdinetan interpretatu dezake. Kezkatzen al zaitu zure lanaren harrerak, jendearengan eragina izateak?
Ez. Edozein publizitatek atzean talde handi bat dauka eta helburu zehatz bat. Horren aurrean nik zer egin dezaket? Hori ez da gainera inoiz nire helburua izan. Faszista samarra ere iruditzen zait. Ez dut inoiz diskurtso garbi bat zabaldu nahi izan. Askotan entzun izan ditut nire lanen inguruan inoiz burutik pasa ez zaizkidan komentarioak.

Asko saltzen al duzu?
Asko?... Horri esker bizi naiz.

Eta nork erosten ditu zure lanak?
Diru mordoa dabil hortik...

Lehengo batean irakurri nuen artelan ugari arrazoi fiskalengatik erosten dela.
Nire kotizazioak gora egin du, baina ez hainbeste. Nire lanek ez dute oraindik horretarako balio. Windsorren saldutako bi obretatik bat dentista batek erosi du. Arrebato sentimental bat izan zen, erakusketa jaso baino lehen eraman zuen. Horrelako ezustekoak hartzen ditut batzuetan, eta horiek obra nik baino gehiago maite dute. Niri egitea interesatzen zait, ez gordetzea.

Eta, atrebentzia ez bada, zenbat balio du horrelako arrebato sentimental batek?
800.000 edo 900.000 pezeta inguru. Baina nik gehienbat gauza merkeagoak, txikiak, marrazkiak... saltzen ditut.

Deskribatuko al zeniguke zure lan prozesua?
Nire lan egiteko modua aldatu egin da materialarekin batera. Batzuetan ideiak materialera eramaten zaitu eta bestetan materialak ideiara. Azkenean lan bakoitzak bere prozesua du. Orain kobrezko hariak baldintzatu egiten nau; baina laster utzi egin beharko dut, bestela gehiegi amaneratzeko arriskua dut. Kontzeptu edo material berri bat bilatu beharko dut.

Zarauzko malekoian zure eskultura bat dago. Nola sortu zen proiektua?
Deialdira azken unean aurkeztu nintzen eta zorte izugarria izan nuen. Horrelako lehiaketak loteria bezalakoak dira. Esperientzia moduan oso aberasgarria izan zen eta, gainera, eskala handian ez nuen inoiz lanik egin. Kezkaturik nengoen, hiru piezak eskala txikian aurkeztu bainituen eta ez baineukan garbi nola egin aurrera. Azkenean lana bete eta gustura gelditu nintzen. Separatu samarrak daude beharbada... Orain, hemen, Gasteizen beste batzuk jarri nahi ditut.

Kalerako lan egitea ezberdina izango da, ezta? Ingurunea kontuan hartu beharko duzu...
Zarauzko kasuan, alde batetik ez nuen nire eskultura oztopo izaterik nahi. Niri itsasora joan eta itsasoa ikustea gustatzen zait. Brontzezkoak dira eta paisaiarekin bat egiten duen kolore urdinxka, berdea, hartu dute. Horregatik erabaki nuen hiru pieza txiki egitea, handi bakarra beharrean. Orohar kanpokoa eta barrukoa batzeko joera daukat. Kalerako lanak iristen erraza izan behar du. Galeria batera nahi duena sartzen da, baina kalean dabilena behartuta dago zure lana ikustera.

Hamabost urte daramazu lanean eta zure ibilbidea nahiko lineala bada ere, zein eboluzio izan duzu materialei dagokienez?
Nire lehen erakusketan aulkiekin egin nuen lan, gero altzariekin, gero bizikletekin, gero latekin... Nire lehen etapa guztian hondakinekin egin nuen lan.

Zergatik hondakinekin? Arrazoi ekonomikoak ere tartean al ziren?
Bai, hori ere bazen. Badakizu, fakultateko urteak... Nire lehen lana kontainer batetik hartutako bi aulkirekin egin nuen. Baina hondakinek badute, alderdi ekonomikoaz gain, beste ezaugarri bat: inork nahi ez duenarekin zerbait interesgarria sortzea. Bestalde, baldintzatu egiten zaitu, material zatiak dituzu eta puzzle moduko bat egin behar duzu. Ez dituzu forma guztiak zuk erabaki behar, materialak berak ematen dizkizu batzuk. Niri muga horiek batzuetan gustatzen zaizkit, bestela betiko pieza berdinean jardungo nuke lanean. Beste batzuetan gehiegi mugatzen dutela egia da, ordea. Hondakin zatiek berek gehiegi esaten dute, obrak osotasunean esaten duenaz gain. Orain ez dut hondakinekin lan egin nahi. Baina horrek ez du esan nahi materialak ez duenik ezer esaten; duen kargarekin lantzen dut material jakin bat.

Eta formei dagokienez?
Nire lehen erakusketa nire modura antolatutako historiaren pertsonaien bilduma zabala zen: dantzari batzuk, On Kixote, Kristo... pertsonaia mordoa pilatu nituen. Orain, alderdi humanoa aztertuago eta antolatuago ageri da nire lanean. Baina giza irudiarekiko interesa nire ibilbide osoan izan dut.

Bereziki emakumezkoen irudia landu duzu. Zergatik?
Batetik, arte historia gizonezkoek egindako emakumezkoen biluziez beterik dago. Eta gizonezkoek gizonezko modeloak ere ezarri dituzte. Eta nik emakumezko batek egindako emakumezkoa egin nahi dut. Bestetik, ni emakumezkoa naiz eta emakumezkoen gorputza hobeto ezagutzen dut. Dena den, nire eredua nahiko androginoa izan da beti, nire emakumezkoen irudiek sorbalda handiak dituzte, esaterako; ezarritako pautak ez jarraitzeko ahalegina dago hor.

Emakumezko eta gizonezko artisten arteko desberdintasunen inguruan hitz eginez, joko horretan sartzea gustuko ez duzula esan izan duzu.
Shapiroren lana ezagutu nuenean asko gustatu zitzaidan eta, ez dakit zergatik, baina gizonezkoa zela pentsatu nuen. Harritu egin ninduen emakumezkoa zela jakiteak. Baina, beste alde batetik, emakumezkoek arte historiari ekarpen bat egin diotela pentsatu nahi dut. 70eko hamarkadatik aurrera emakumezkoen presentzia nabarmendu egin zen, baina adituek ez dute horrek eraginik izan zuenik esaten. Nik, ordea, emakumezkoek modu eta estrategia berriak ekarri dituztela pentsatzen dut, eta gizonezko batzuek bide horri heldu diotela. Baina ez dut femeninoa eta maskulinoaren arteko afera horretan sartu nahi, ez baitut sinesten modu femenino edo maskulinoetan. Ez dago arte femeninorik. Izan ere, azken finean, nork definitu du femeninoa? Nik beste modu batera definituko nuke. Pluralean sinesten dut, bakoitzak diskurtso berri bat proposatzean, eta ez idatzitako historia jenerikoan.

Zuk lehenxeago esan duzu, gizonezkoek hainbeste emakume irudikatu ondoren, emakumearen irudia emakumea zaren aldetik egin nahi duzula.
Baina arte historiaren berrirakurketa modura egiten dut hori. Historia errebisatu eta bertsionatzea gustatzen zait. Meninak, esaterako, askotan bertsioneatu ditut. Nolabait arte historiari ekarpen bat egiteko modu bat da. Noski, modu fiktizio eta pertsonal batean. Atzera egiten dut, baina ez soilik errebisio moduan, heziketa dosi handi bat ere badu horrek. Nik nire lanarekin zalantza batzuk ditut, artista jakin batek obra jakin horretan irtenbidea bilatu die eta nik hori erabiltzen dut. Ez da irudiak kopiatzea, elementuak xurgatzea baizik.

Artea desmaterializatzen ari omen da eta zuk artelan kontzeptu klasikoarekin jarraitzen duzu, zure obra oso fisikoa da.
Nik fisikoa behar dut. Nire obren atzean ideia ere badago, baina gauzen sentsibilitatea behar dut. Artearen barruan aukera asko dago eta nirea objektu fisikoarena da. Proposamen batzuk erradikalagoak eta itxiagoak dira publikoarenganako. Ni errazago iristen naiz. Nire obrak ez du gehiegi harrituko. Nik ez dut ibilbide intelektual bat, diskurtso kontzeptual bat. Nire obra nire obsesioen, harremanen emaitza da. Badu zerbait nolabait hegalaria, baina hemen dago, bertan dago.

Azkenak
2025-05-02 | Mikel Zuloaga
Askatasunaren Ontzidiko Mikel Zuloaga ‘Mikelon’en adierazpena Maltatik

Deshumanizazioa barru-barruraino sartu da Mendebaldeko botereetan, eta axolagabekeriaz begiratzen diote Gaza pairatzen ari den holokaustoari; Gazan, bonbek hiltzen ez bazaituzte, goseak hilko zaitu.

Gure itsasontzia bonbardatu duten honetan inpotentzia erabatekoa da, gu ondo... [+]


Palestinaren aldeko Askatasunaren Ontzidia bonbardatu dute Maltatik gertu

Ostegunetik ostiralerako gauean dronekin egin diote eraso Gazako blokeoa apurtu eta genozidioa salatu nahi duen nazioarteko ekimenaren itsasontziari, Maltatik hamahiru miliara, nazioarteko uretan. Aktibisten artean Mikel Zuloaga Mikelon euskal herritarra dago. “Hemen hau... [+]


Immigrazioa eta sindikatuak, eskubide unibertsalak ala porrot kolektiboa

Gabezia guztiekin ere, sindikatuek gizateriaren alde inoiz egon den beste edozein giza erakundek baino gehiago egin dute. Duintasunari, zintzotasunari, hezkuntzari, ongizate kolektiboari eta giza garapenari beste edozein pertsona-elkartek baino gehiago lagundu... [+]


Harri-jasotzea
Harri eskolek emandako bultzada

Harri-jasotzearen gorakada nabaritu da azken urteetan, batez ere emakumeen artean. Gazteek harri eskoletan ikasten dute kirolean esperientzia dutenengandik. Crossfit-a, sare sozialak eta telebista faktore garrantzitsuak izan dira kirolaren piztualdian, harri eskolekin batera... [+]


Kanboko Marieneko lurrak irauli dituzte ELB, Lurzaindia eta Ostia sareak

Maiatzaren 17an bertaratu eta barazkiak landatzeko hitzordua jarri diete herritarrei. Karia horretara egun osoko egitaraua osatu dute, Marieneako lurrak laborantzarako atxikiak izatearen alde.


Itzalaldiaren biharamunean, Espainiako Gobernuaren eta Red Eléctrica de Españaren arteko tirabirak dira nagusi

Pedro Sánchezek hornitzaile pribatuei eta Red Eléctrica de Españari egotzi die itzalaldiaren inguruko informazio gutxi eskaintzea, baina azken honek jakinarazi du "gutxi gorabehera" aurkitu dutela Iberiar penintsula osoko argindarra joatearen arrazoia... [+]


Homo erectusek hitz egiten zekiten?

Rudolf Botha hizkuntzalari hegoafrikarrak hipotesi bat bota berri du Homo erectus-i buruz: espezieak ahozko komunikazio moduren bat garatu zuen duela milioi bat urte baino gehiago. Homo sapiens-a da, dakigunez, hitz egiteko gai den espezie bakarra eta, beraz, hortik... [+]


Iraultza, iraultza baino lehen

Böblingen, Germaniako Erromatar Inperio Santua, 1525eko maiatzaren 12a. Georg Truchsess von Waldburgek Wurtembergeko nekazari matxinatuak mendean hartu zituen. Handik hiru egunera, maiatzaren 15ean Filipe Hessekoak eta Saxoniako dukeak bat egin zuten errebelde turingiarrak... [+]


2025-04-30 | Jon Torner Zabala
Aramu + AimarZ
Bizirik bada, musikaren berotasunagatik da

Aramu + AimarZ
Noiz: apirilaren 26an.
Non: Zumarragako Zelai-Arizti frontoi irekian.

---------------------------------------------------------

Udalaren webguneak dio: "Bide Bizia marka turistikoa eta izen bereko jaialdia Zumarragaren arima munduari erakusteko,... [+]


Gorputz hotsak
“Oso literala naizenez, marrazten dudana ulertzea gustatzen zait”

Irudimentsua eta umoretsua da, eta marraztea bere pasioa da. Oihan Iriarte Eletxigerrak (Bilbo, 2001) Autismoa eta biok (Txalaparta, 2025) liburu ilustratua sortu du autismoa ikusarazteko. Bere bizipenetatik abiatutako liburua da. Arte figuratiboaz baliatu da batez ere:... [+]


2025-04-30 | OlatuKoop sarea
Maiatzaren Lehenerako proposamen bat: lan desiragarriak eta burujabeak denontzat

Maiatzaren Lehenaren kari, bere gogoeta partekatu nahi izan du Olatukoop Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sareak. Langileen egunari lotuta, lanaren izaeraren eta zentzuaren inguruko gogoeta egin dute, lan burujabe eta desiragarriak denontzako garatzeak gure bizitzak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude