YAKO Ixiar Rozas
EREIN
101 orrialde
1.200 pezeta
48 libera
MAITASUNAREN SUAK BERE EGIN ZUEN NESKATOA
Ixiar Rozas Elizaldek idatzi du "Yako", maitasunaren sua bere barnean daraman neskatoaren abenturak eta atsekabeak kontatzen dituen narrazioa. Mattinen marrazkiez apaindurik, Erein argitaletxearen "Auskalo-Bumeran" sailean plazaratu du, hain zuzen, idazle lasartearrak gehiegi maite duten guztiei eskaini nahi dien istorio hau. Horrelakoxea baitugu Yako, ipuineko protagonista nagusia, uharte ezezagun bateko hondarrean, zumezko otarretxo baten sarturik, arrantzale batek ezustean topatu zuen umetxoa. Azal zurikoa zen haurra, eta azal ilunekoak uharteko biztanle guztiak. Halere, nahiz inork ez izan umearen jatorriaren berri, beraiena balitz bezala hartu zuten, eta poz-pozik bizi izan zen bertan, urteak aurrera egin ahala triste jarriko zuen arazoa gertatu zitzaion arte: bat batean mundu guztia urrundu baitzitzaion Yakori, bere maitasunaren suak erre egiten zituelako. Zer egin, hori konpontzeko? Yakok ez zuen triste bizi nahi, eta beraz, uhartea eta hainbeste maite zituen haiek atzean utzi eta bere maitasunaren sua epelduko zuen lurralde hotzago baten bila abiatzea erabaki zuen. Baina nahiz eta oso urrunera joan, bere arazoak berdinean jarritzen du, bere maitasunarekin funditzen ez den arte.
ERREKARTEKO KOADERNOAXabier Mendiguren Elizegi
ELKAR
146 orrialde
1.600 pezeta
64 libera
MENDIGURENEN IDAZLAN GUZTIZ PERTSONALA
Posible ote da nork bere buruaz idatzi eta zintzo jardutea, egolatriaren sagar disdiratsuari uko eginez, nabarmenkeriarik eta itxurakeriarik gabe? Bada, horixe egiten saiatu da Xabier Mendiguren Elizegi bere azken idazlanean, Elkar argitaletxeak kaleratu berri duen "Errekarteko koadernoa"n. Bere etxeko sukaldeko leihotik begira jarri, eta eraikuntza berri batek oztopatzen dion paisaiak berarentzat duen, eta ez duen, esanahia irudimenaren begiekin birsortzen ahalegintzen zaigu zintzoki, euskaldunon atzoko eta egungo patua apal aztertzen, manikeismo oro baztertu nahian. Eta teorian, 500 metrotara dagoen baserria, bertako aitona eta bere haurtzaro zein gaztaroa oroigarri baditu ere, gogoan dauzkan oroitzapenak, pasadizoak eta irakurketak harilkatuz doan heinean garbi uzten digu euskaldun izatea dela bere benetako pentsagaia.
GOIERRIKO ETA TOLOSALDE HEGOALDEKO HIZKERAKIrene Hurtado Mendieta
GOIERRIKO EUSKAL ESKOLA, MAIZPIDE ETA LAZKAOKO UDALA
76 orrialde
1.500 pzta./60 lib.
IX. GERRIKO IKERLAN SARIKETAREN IRABAZLEA
Goierriko euskara eta aldamenean daukan Tolosaldea bailarakoa konparatu egin ditu Irene Hurtado Mendietak IX. Gerriko Ikerlan saria irabaztea ahalbidetu dion "Goierriko eta Tolosalde Hegoaldeko hizkerak" saiakera egiterakoan. Gasteizen Euskal Filologian lizentziatu zen eta itzulpen lanak egiten diharduen gazte hau, alegia Goierriko hizkera kokatzen laguntzeko beste urrats bat ematen lagundu duen Irene Hurtado Mendieta, izatez Sodupekoa da, Bizkaiko mendebaleko muturrekoa. Harriturik utzi omen zituen horrek Gerriko sariaren antzolatzaileak -hau da, Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartea, Maizpide Euskaltegia eta Lazkaoko Udaleko Kultur Batzordea-, batik bat Irene Hurtadoren lanak agerian uzten zuen Goierriko hizkerari buruzko ezaguera argia eta osoarengatik.
EL MUNDO DE LOS PIRINEOSBatzuen artean
SUA
130 orrialde
750 pezeta
30 libera
PIRINIOEI BURUZKO ALDIZKARIAREN AZKEN ALEA
Dagoeneko kioskoetan duzue Sua Edizioak plazaratzen duen aldizkariaren azken zenbakia, hau da maiatza-ekainekoa. Aldizkari horren izen zehatza "El mundo de los Pirineos. Montaña, Cultura y Naturaleza" da, eta 750 pezeta edota 30 liberaren truke eskura dezakezue. Pirinioak ezagutzeko tresna ezinhobe honek bere azken emaitzan, argazki zoragarriz hornituriko lan hauek eskaintzen ditu: Biarnon dagoen Ossauko harana goitik-behitik zeharkatzeko era guztiak zehatz-mehatz erakusten dizkigu; Aragoiko Guara mendikatearen inguruetan aurki daitezkeen labar-pintura, paisaia ezberdin eta gailurrak agertzen ditu; eta Pirinioetako bide guztien egoeraren berri eman ere. Bide batez, ekainaren erdialdean eta Zaraitzuko haranan ospatuko den Pyrene deitu festa erraldoirako zein beste hainbat jaialditarako deia ere egiten du.
IRUDIKA IDURIKAMikel Dalbret,
Jon Maia
GATUZAIN
59 orrialde
2.800 pezeta
112 libera
MARGOZ ETA BERTSOZ OSATURIKO PAISAIAK
Margoz eta bertsoz osaturik dator Mikel Dalbret marrazkilaria eta Jon Maia bertsolariaren artean egin duten liburu eder hau. Iraganetik etorkizunera igarotzea ahalbidetzen duen lana da beraiena, Iparraldeko Gatuzain argitaletxearen eskutik plazaratu duten "Irudika idurika" izenburua daraman hauxe. Ama Lurraren barrunbeak zein zeruko astroak ikus arazi, eta bizi dituzten izakiak ezagutzera ematen dituen liburua dugu. Mendeetan iraun ondoren, gaurdaino heldu den zibilizazio baten aztarnak, denboraren iragaitearen lekuko isilak izateari uko eginez, margoz eta bertsoz biziberriturik agertzen zaizkigu, muga oro gaindituz, hegoa iparrarekin, iparra hegoarekin, bertsoa margolaritzarekin, eta margolaritza munduarekin lotzen duen zubia baita Mikel Dalbret eta Jon Maiaren artean eginikoa.
13. HAUR LITERATUR LEHIAKETA 2000Batzuen artean
IRUÑEKO UDALA
52 orrialde
SARIDUN IZANDAKO MARRAZKI, IPUIN ETA KOMIKIAK
Iruñeko Udalak antolatu zuen, iazko udaberrian, Haur Literatur lehiaketa honen 13. edizioa. Lehiaketan, Lehen Hezkuntza osoko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleek hartu ahal dute parte, mailaren arabera marrazkiak, ipuinak edota komikiak aurkeztu behar dituztelarik. 2000. urteko edizioan, 500 lan aurkeztu ziren, guztira 2.500 bat haurrek parte hartuz. Hona hemen irabazleen izenak: Itziar Azkoiti, Onar Yeregui, Ane Zabaleta, Itsaso Leoz, Luzia Txokarro, Xabier Ramírez, Iker Tubia, Daniel Munarriz, Naiara Zarraluki, Goizane Ros, Idoia Iglesias, Josu Iturri, Andrea Unzue, Itziar Jiménez, Amets Iturbide, Haizea Pérez, Ioar Cabodevilla, Amaia García, Lander Majuelo, Haritz Salaberri/Joseba Solano, Assuer Albéniz, Leire Hurtado, Iñaki Otxandorena eta Egurko Soria.
ILUNTZERO ELKARREKINJosu Penades
IBAIZABAL
94 orrialde
KOLORE HORIXKA ETA MOKO SENDOKO LAGUNA
Kolore horixka, moko sendoa eta okerra, hegoen puntetako lumak beltzak eta gainerakoak gris zurixkak ditu Hauskarak, Unai mutikoak egin berri duen lagunak. Gauero bisitatu ohi duen itsastxori horri hanka zauritu zitzaion Unai balkoian zegoen batean, eta geroztik adiskide dira biak. Udazkenarekin agertu zen Hauskara, eta geroztik Unai ez da sekula bakarrik sentitu, hari kontatzen baitizkio gertatzen zaizkion guztiak: Interneten zer deskubritu duen, jazten duen arroparen xehetasunak, ikastolan gertatutakoak, ikaskideekin izandako eztabaidak eta abar. Ezbehar serioak ere gertatzen zaizkio Unairi alditan, eta horien berri ere izaten du Hauskarak: gozokiak ematen zizkien andrea hil dela, kasu, edota Josebaren arreba hiesak eraman duela... Oi zer adiskide ona aurkitu duen Unaik! Hamar urtetik aurrerakoentzat.