"KAZETARIOK BEHINGOAN BILDU EGIN BEHAR DUGU"

  • PERFILA. Komunikabideetako zuzendari batek denetik "Egin" behar du, gaur ez baita aski korrespontsal baten "Deia" jasotzea esanaz baietz, munduaren beste punta hartan ere gerran ari direla, eta barkatzeko baina eten beharra duela bere hankapeko lurrak telefono hariarena baino uhin handiagoaz bibratzen duelako. Komunikabideetako zuzendari batentzat gaur Euskal Herria inoiz baino txikiagoa da, Euskadik Radio gutxi ditu mundu-biraren perimetroarekin alderatuta, eta Nazioartean murgildu beharra dago. Telebista ikusi besterik ez dago, jakiteko Amazoniako azkenengo indioak ere dokumentaletan ikusten dituela eguzki sarrerak. Gaur kulturak telebistaz kolonizatzen dira, edo gaituzte, ditugu, dugu elkar... gaur, inoiz baino gehiago, munduan bizi gara, informazio agentzien mundu mundialean. Eta gaur ere, herri honetako istorioaz nork bere ikuspegia ematea ez da ahuntzaren gauerdiko pelikula.
Hogeita bost urterekin Venezuelara ihes egin behar izan zenuen. Bertan kazetari egin izanak zer aportatu zizun?
Nik etxetik alde egin nuen, Franco eta biok (Guardia Zibilak ahaztu gabe) konpatibleak ez ginelako. Baina behartuta joanagatik, niretzat mesedegarria izan zen benetan Amerikako egonaldia. Eta kazetaritza Caracasen ikastea ere bai. Garai hartan Venezuela Amerikako oasi bat zen, eta ez ekonomikoa bakarrik, baita kultura eta demokrazia giro aldetik ere: Nerudak astero idazten zuen egunkarian, Alejo Carpentier handik pasea zen, baita Garcia Marquez ere. Rodolfo Izaguirre intelektual handiak (gaur hain famatua den Boris Izaguirreren aitak) zine kritikak idazten zituen. Antzerkia, zinema... Giro kultural haren indartzea ez zen arrazoi ekonomikoengatik bakarrik izan (nahiz eta garai haietan Venezuelak petroliotik etekinak atera eta ekonomikoki sendo egon). Kontua da diktadurak botatako jende guztia handik pasatzen zela: Chileko ministroak, MIR taldeko buruak, Uruguayko Tupamaroak, Espainia eta Euskal Herritik joandakoak ere bai, Katalanak, Galiziarrak... eta niretzat, herri txiki batekoa izanda, eta diktaduraren menpean bizi ondoren, benetan aberasgarria izan zen.

"Gu hemen ez gaude kazetari hutsak garelako bakarrik" esan zenuen, "Egin"eko zuzendari zinela. Zer alde dago "Egin"en, "Deia"n edo ETBn kazetari izan?
Nik uste, "Egin"en bertan ere, nire jarrerak eta besteenak ez zuela derrigorrez berdina izan beharrik. Nik beti pentsatu izan dut, edozein mediotan, eta ezker edo eskuinekoa izan, gehienak soldata bat irabazi behar dutelako daudela hor. Baina noski, gauza bat da langile izatea eta beste bat zuzendari lanak egin beharra. Pertsonalki oso aberasgarria izan zen "Egin"eko zuzendari izatea. Nahiz eta ezker abertzaleko militantea izan, eta nahiz eta gaztetatik oso inplikatuta egon, ofizioak lagundu egin zidalako ez hain sektarioa izaten. Zeure burua halako proiektu batean sartzen duzunean, gauza on asko egiten dituzu, baina gehienetan sektarioa bihurtzen zara, eta zeure buruari exijitzen diozuna besteei ere exijitu nahi diezu, eta gainera exijitu nahi diezu zuk ikusten duzun ikuspegitik. Nire ofizioak lagundu izan dit ez hain sektario bihurtzen: kazetari izanda egunero manejatzen duzulako informazioa, jendearekin harreman handia duzu, zure kausak erlatibizatzen dituzu...
Ni "Egin"etik bota egin niduten, inkonpatiblea nintzelako aurrerantzeko proiektuekin. Eta urtebete luze bat egin nuen lanik eskatu gabe, banekielako luzatuko zizkidaten eskaintzak interesatuak izango zirela. Gero lan bila hasi nintzen. Banekien ofizio honetan ezin dituzula gauza asko zuk nahi bezala egin, baina nik lanari derrigorrezko baldintza bat jartzen nion: ez nuela "aquí, en España" idatziko. Niretzat hori zen lana hartu edo uzteko baldintza erabakigarria, eta beste gauza batzuk erlatibizatu egiten dituzu (eredu soziala, esaterako). "Deia"ra sartu nintzenean, gogoan dut Eva Forestek esan zidala: "Majo sufritu behar duzu orain!", eta esan nion "ez, nik sufritu "Egin"en egin dut, nire proiektua hori zelako. Orain lan bila joan naiz, eta badakit zer toki den hura". Adibide horrek berdin balio du bai "Deia"rentzat, eta baita ETBrentzat ere, eta ikuspegi horretatik nik uste zortea izan dudala, ze proiektu denak Euskal Herrikoak izan dira. Bestalde, bai "Deia"n, bai Radio Euskadin eta bai ETBn, oso giro ona aurkitu dut, eta hori da garrantzitsuena. Ezberdintasunak ez dira hainbestekoak, antzerako jendea aurkitu dut toki guztietan.

Pertsonengan gehiago fijatzen zara erakundean baino?
Bai, nik uste kazetaritzan langileen arteko harreman hori gakoa dela, erreferentzia. Ikusten dudanean jende arrunta nirekin gustura dabilela, nagusia baino gusturago, ondo ari naizen seinaletzat jotzen dut. Beste erreferentzia bat da zuk zeure buruari duda sistematikoa eragitea, eta saiatzea, kasu guztietan, korrontearen kontra joaten. Hori ez dakit lortu dudan, baina argi eduki dut.

Ez al zaitu tentatzen zure proiektu bat sortu eta horretan lan egiteak?
60 urte dauzkat. Ez 40 eta ez 30, eta jabetzen zara zure bizitzako etapa bakoitzak bere helburuak dituenaz. Nik uste errealistak ere izan behar dugula. Egia esan, ni ez naiz sekula errealistegia izan, beti saiatu naiz errelismo eta utopiarekin bat egiten. Ea nire ibilbide profesionala etxe honetan eta lan honetan bukatzeko asmorik dudan? Ez da derrigorra; hemendik ez naizela jubilaziora joango, alegia.

Hauteskundeetan ikusitakoak ikusita, komunikabiodeen eragina zenbaterainokoa da gure gizartean?
Hauteskundeetako ikerketa soziologikoek beti azpimarratu izan dute zure alboko pertsonaren mezua baino garrantzitsuagorik ez dagoela ezer. Badira hainbat mezu publiko eta masibo, baina badira hurbilagoko mezuak ere, pertsonalak. Jendeak komunikabideekiko halako mesfidantza naturala du, eta euskaldunok handia gainera: telebista aurrean sarri esaten dugu "bai, berba ondo egiten du horrek, baina...". Eta ingurukoek zer esaten duten entzutea fidagarriagoa da, sarri, komunikabideetan esaten zaiguna baino.
Gregorio Moranek askotan esaten zuen, "nola liteke hain abertzalea den herri batean komunikabideak hain espainolistak izatea?". Hori egia da, baina horren kontrakoa ere bai: nola liteke hain espainolistak diren komunikabideen herria hain abertzalea izatea? "Diario Vasco" eta "El Correo" hainbeste saltzen diren arren, badirudi jendeak ez duela onartu haiek saldutako mezua.
Komunikabideen jarrera lotsagarria izan da, baita profesionalen jarrera ere. Bai indibidualki, eta baita kolektibo moduan ere. Hori orain ikusi da argi eta garbi, baina nik uste Euskal Herriko kazetariok (abertzaleek eta ez direnek ere berdin) badugula zerbait berria egiteko garaia. Ez gara kolektibo bat, ez dugu ahots profesionalik, eta behingoan denok bildu egin beharko dugu kazetaritzan gertatzen ari dena aztertzeko: bai Pepe Reyren kasua eta baita Gorka Landabururen kasua aztertzeko ere, baina kazetari moduan.

Canal Vascok Amerikan zehar barreiatzen du Euskal Herriko irudia, baina ez oso hizkuntza "vasco"an...
Garbi dugu gaurko Canal Vascok gazteleraz joan behar duela (inoiz Californiara edo Nevadaraino iristen garenean ingelesez egingo da). Ameriketan, gure ikusle batzuk jatorriz "vascoak" dira, baina gehiengo handi bat amerikarra da, "vasco"en erreferentzia gertuan izan duena. Lehen susmo hutsa genuena orain ziurtatu egin dugu: lehiaketa moduko bat jarri dugu. Dagoeneko 500 erantzun baino gehiago jaso ditugu, eta horien artean euskaldunak edo euskaldunen ondorengo direnak, %5 bakarrik dira. Beraz, gure amerikar ikusleekin gazteleraz komunikatzen gara. Euskarazko programak botatzean ere (Bertatik Bertara, pilota, edo igandetako meza, esaterako) gaztelerazko azpitutulak daramatzate.

Nola ikusten dute Euskal Herria, Canal Vascotik begiratuta?
Haientzat gu Europako herri ttiki bat gara, baina ondo kokatuta dagoen herri bat. Colombian arrakasta izugarria du gure kateak, eta handik idazten zigun batek: "Orain ulertu dut euskara ez dela ez gaztelera eta ez frantsesa, baizik eta bien arteko nahasketa bat!". Ez zuen bete betean asmatu, baina behintzat bere erara ulertu zuen Euskal Herria non kokatzen den.
Gainera, hangoek Euskal Herria bere osotasunean hartzen dute. Kontuan izan behar da Chileko Euskal Etxeko sortzaile gehienak Iparraldekoak zirela, Argentina eta Montebideokoak berdin... Haiek "vasco" esaten dutenean ez dira baskongadetara mugatzen, edo "nafarra" esanda ere Euskal Herriaren barnean kokatzen dute; gure ezin-batua hemengo kontua da, hangoek "vasco" guztiak herri batekoak ikusten gaituzte.
Bestalde, askotan haiei esker ohartzen gara guk jada normaltzat ditugun gauzak ez direla hain "normalak" edo orokorrak. Gure gizartean oso barneratuta ditugu langileen eskubide aldarrikapenak, sentsibilitate soziala... haientzat ez dira batere normalak: askotan idazten digute galdetuz nola den posible denek soldata eskubidea izatea; edo harrituta gelditu ziren osasun zentru baten inaugurazioa ikusi eta zentru hori publikoa zela ohartu zirenean... Informazioarekin batera doazen erreferentzia horiek oso interesgarriak dira haientzat.

Zer funtzio betetzen du hemengo gauzak kanpora ateratzeak?
Gasteizko Parlamentuan proiektu hau atera zenean, nik uste buruan zutena hango euskaldunentzat eta euskaldunen semeentzat kate bat egitea zela; baina gero Andoni Ortuzar eta biok ikuspegia zabaldu dugu, eta ohartarazi ditugu ez dela euskaldunentzat bakarrik, zabalagoa behar duela. Kontuan izan behar dugu, Euskal Herriko berriak (eta gehienetan albiste txarrak izaten dira), ia egunero azaltzen direla bertako komunikabideetan. Eta jendeak hemengo bertsio bat eskatu egiten du.

Gaur egunean badago "beste bertsiorik"?
Uruguayko intelektual batek, Interpress Serviceko agentziaren sortzaileak hain zuzen, esaten zidan: "Nik jada ez dut ulertzen zer demontre gertatzen den Euskal Herrian. Dakidan bakarra da, komunikabideek kontatzen didaten bezalaxe ezin litekeela izan". Oso sinple esplikatzen dira gauzak, beti batzuek onak eta besteak txarrak direla esaten da, gainera txartzat hartutakoei oso jokabide ulergaitza egozten zaie... Pixka bat erreflexiboa dena jabetu egiten da hori ez dela posible, beste zerbaitek egon behar duela atzean. Baina egia esan ETAren azken atentatuek Ertamerikan benetan eragin txarra izan dute. Ez dut esango aurrekoek eragin ona izan dutenik, baina noski, jendearentzat ez da gauza bera general baten kontrako atentatu bat, edo politiko edo kazetari baten aurkakoa. Lehengo atentatuak "ulergarriak" zirela uste zuen ezkertiar askok, azken atentatuekin ETArekiko konplizitate osoa galdu dute. Niri esaten zidaten, "horiek infiltratuta daude, bestela nola uler daiteke egiten ari direna?".

Informazio jasa baten erdian bizi garen honetan, zein da kazetariak bete behar duen funtzioa?
Kazetariok ez dugu izan behar ez filosofo, ez analista politikorik onenak, ez gizartea aztertu behar dutenak... azalpen horiek espezialistek eman behar dituzte komunikabideetan. Kazetariok badugu funtzio bat, oso gurea dena, eta inoiz baino gehiago behar dena: jendeari interesatzen zaizkion gaiei buruzko informazioa erraztea, bitartekari izatea. Gaur hainbeste mezu, komunikabide eta tresneria berri dagoenez, azkenean jendeak ez daki nola eskuratu behar duen informazioa. Guk naturaltasun osoz esaten dugu "begira ezazu interneten halako web orria, edo halako kanal tematikotan..." , baina jende arrunta galdu egiten da. Norbait beharko da gauzak erraztu, eta komunikabide ezberdinetan hain sakabanatua dagoen informazioa jasota jendearen intereseko gaiak aurkezteko.

Kazetariak, informazioaren atzetik ibiltzetik ez al dira pasatu Interneten informazioa arrantzatzera?
Bai, nik uste sormeneko lan oso gutxi dagoela une honetan. Gaurko kazetariak beste komunikabide batetik jasotako informazioari titulu berri bat asmatzen ematen du denbora gehien. Nik uste zerbait ezberdina etorriko dela, batez ere egunkarietan: irrati edo telebistan emandako informazioa biharamunean emateak ez du zentzurik, eta gauzak beste modu batera eman beharko ditu. Hor kokatzen dut nik kazetariaren lana. Seguru asko, hamar urte barru egunkariak oso bestelakoak izango dira.

Aukerak ugaritzen direnean, gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuei ze etorkizun ikusten diezu?
Gu txarrena pasata gaude. Guk ez diogu Internet-eta halakoei beldurrik izan behar, alderantziz: inoiz baino aukera hobeak dauzkagu. Ea espabilatzen garen!
Gainera handiak zirenak ere orain txikiak dira. Gure "etsai historikoak" ere akonplejatuta daude. Frantsesek ez dakite burua nola atera. Espainolek berriz, esaten dute zorionez gaztelera oso osasuntsu dagoela, baina ez da Espainiako gaztelera, Amerikako gaztelera da! Ea gu gai garen egoera berri horretan gure interesak defendatzeko. Niri ez dit etorkizunak beldurrik ematen .

CURRICULUMA
- Jaio:
Gernikan, 1941ean.

- Bizi:
Algortan.

- Kazetaria.
- 1964-66 bitartean ETAko liberatu izan zen.

- 1966an Venezuelara alde egin zuen.

- Caracaseko Unibertsitate Katolikoan kazetaritza ikasketak egin zituen.

- 70eko hamarkada amaieran Euskal Herrira itzuli eta "Egin" egunkarian hasi zen lanean. 1980tik 1987ra bitartean "Egin"eko zuzendari izan zen.

- 1989an "Deia"n hasi, eta 5 urte eman zituen bertako zuzendariorde lanetan.

- 1996an Radio Euskadiko lantaldera joan zen, eta 2 urte geroago bertako zuzendari jarri zuten.

- 1999az geroztik, EITBko Nazioarteko Zuzendaritzako Arduraduna da.

BERE HITZETAN
"Nik ez dut sekula pentsatzen ez dudan zerbait idatzi, baina askotan isildu izan dut pentsatzen nuena", (Argia, 1996-06-23)

"Berrehun bat bider joan behar izan dut deklaratzera, eta behin ere ez euskarazko lan bat zela eta. Esan daiteke euskararentzat askatasunik ez dagoela baina euskaraz aritzeko bai.", (Argia, 1991-09-22)

"Kazetaritzan edo insentsiblea bihurtzen zara edo berri txarren kopurua dela-eta askotan beste batzuek baino gehiago sufritzen duzu", (Argia, 1996-06-23)

"Ohituta gaude gauzak osotasunean hartzen: "hau oso ona da" edo "hau oso txarra da" esaten. Hau segurtasun ezaren ondorioa da: jendeak ez dauka inolako ziurtasunik, eta guztia azalduko dien ideologiaren bat behar dute. Eta horrela gaude, guztia hirukoizteko joerarekin: batzokiak, herriko tabernak, alkartetxeak...", (Argia, 1996-06-23)

"Batzuek uste dute komunikabide publikoek gauza serioak soilik atera behar dituztela, baina oreka bat bilatu behar da, bestela inork ez ditu ikusten. Kulturaren alde eskatzen diren gauza batzuk azkenean kulturaren aurka doaz", (Argia, 1996-06-23)

BERTSOA
Doinua: Txoriak eta txori buruak
"Egin"etikan Canal Vascora
bi txori eta bi kabi,
alpiste emanez barruko eta
kanpoko diasporari.
Garai bateko arrano buru,
gaurko uso mezulari,
arrazoi eman beharko zaio
Darwinen teoriari.

Jexux Mari Irazu
ARGAZKI ZAHARRA
1986an, "Egin"eko zuzendari zela.

BIZITZAREN PASARTEA
Behin azaldu da "Egin", behin bakarrik, lehenengo orrialde osoa gai bakarrak betetzen duela eta argazkirik gabe. Joseba Arregi torturatuta hil zutenean izan zen. Preso batzuen senideek deitu zidaten, esanez dokumentu garrantzitsu bat zeukatela baina oraindik Madrilen zeudela. Etortzeko esan nien. Hernanira gaueko 10:00etan iritsi ziren, jada egunkaria egina zegoela; lehenengo orrialdea bakarrik falta zen.
Dokumentuaren titularra zen: "Oso latza izan da". Joseba Arregiren azken hitzak ziren. Berarekin zeuden presoek hitz horiek jaso, eta idatzi egin zituzten (dokumentu hura gordeta daukat, oso gutxi gorde izan ditut baina). Gero, ez dakit nola, presoek dokumentua leihotik bota eta kanpoan zeudenek hartuta ekarri zuten Hernanira.
"Bihar dokumentua osorik eta lehenengo orrialdean ikusiko duzue" esan nien senideei. Biharamunean, egunkaria goizeko 10:00etarako agortuta zegoen. "Egin"eko lehen orrialde hura antiperiodistikoa zen, atipikoa; eta atipikoa da, baita ere, ordu berantiar horietan gertatu zelako eta erabakia zuzendariaren eskutan bakarrik zegoelako. Gau hartan jabetu nintzen benetan zenbaterainokoa izan daitekeen zuzendari baten ardura. Eta ziur nintzen, dokumentu hori zela eta "Egin" itxiko balute ere inork ez zidala kontu hartuko.


Azkenak
Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Israel Donostiako Klasikotik kanporatzeko eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak

Larunbatean zeharkatuko ditu hiriko kaleak Donostiako Klasikoak, eta Gernika-Palestina herri ekimenak Israelek bertan duen presentzia salatu du, prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “genozidioa eteten ez duten bitartean” klasikoak ez luke Israel-Premier Tech... [+]


Egiazko arrazoia Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko

Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko helburua ez da erresistentzia ahultzea. Benetako asmoa da inteligentzian eta arlo militarrean bere nagusitasunaren irudia berrezartzea Israelgo iritzi publikoaren aurrean .


Puigdemontek esan du osteguneko inbestidura saioan izango dela

2017tik Bruselan dago Kataluniako presidente ohia, baina itzultzea erabaki du Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako. “Normaltasun demokratikoko baldintzak ez” izatea salatu du, eta aipatu du itzultzeak suposatzen duen atxiloketa arriskua.


Donostian jarrera eta eraso arrazistak ugaritzen ari direla salatu eta borrokatzera deitu dute

Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Israelgo armagile nagusiaren fabrika batera sartu eta gerrarako materiala suntsitu dute Erresuma Batuan

Palestine Action taldeak dio bere ekintzaileek astelehen goizean (abuztuak 6) Elbit-ek Bristolen duen fabrika "inbaditu" dutela. Ikerketa eta fabrikazio zentroa oso zainduta dago, eta espetxeko furgoneta bat erabili dute kanpoko perimetroa txikitzeko.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


Talde ultraeskuindar baten errekurtsoak geldituta du Donostiako Loiolako Kuartelen salerosketa

Loiolako kuartelen afera ez dago bere onenean. Espainiako Defentsa Ministerioak eta Donostiako Udalak akordioa “aldi baterako” etetea erabaki zuten joan den astean, hilaren 18a baino lehenago ezin izango zutelako gauzatu, eta hori delako, hain zuzen, salerosketa... [+]


Eguneraketa berriak daude