Zarata: Giza entzumenak jaso ondoren bertan kalteak edo molestiak eragin ditzakeen aire bidezko fenomeno dardarakorren multzoa edo artikulatu gabeko soinu multzoa. Hona hemen adituen esanetan kutsadura akustikoaren bi definizio. Lehenbizi Munduko Osasunaren Erakundeak 1972an eta Estokolmoko Konferentziak zazpi urte beranduago ohartarazten hasi zitzaizkigun gaur egungo kutsadura arazo honi buruz. Ordudanik gobernuak eta hiritarrak gero eta kontzientziatuago daude zikindu gabe kaltetzen duen kutsadura mota honen aurrean, baina oraindik ere legeak errealitatearen atzetik doaz eta jendeak ez dio duen besteko garrantzirik eskaintzen, zaratapean bizitzera ohituz. EAEn, esaterako, zarataren arazoa puntu bakarrean agertzen da indarrean segitzen duen 1985eko dekretu batean, osasun eta elkarbizitzaren aurkako beste hainbat gairen artean. Bitartean kutsadura iturriak ugaldu besterik ez dira egin.
ZARATAREN ITURRI ETA ERAGINAK.
Zarata sortzen duten iturriak oso ugari eta desberdinak dira: herri-lanak, oihuak, telebista, aireportua, ekaitza, txakurrak, industria, trafikoa... Hala ere, beste edozein eragileren gainetik trafikoaren hazkunde harrigarria (auto bat hiru biztanleko) azpimarra dezakegu, hiri eta hiritarren bizimodua nabarmen kaltetzeraino heldu dena: bozinak, sirenak, azelerazio zakarrak, isilgailurik gabeko motorrak... Autopisten inguruetan jendeak 75 dezibelio jasan ohi ditu, gehienez 65 db aholkatzen diren bitartean, eta diferentziak handiegia ematen ez badu ere, adituen esanetan zarata bikoitza jasatea esan nahi du. Hortik aurrera, hiritarrek kaleko lanak, trenbideak edota inguruko aireportuetara hurbiltzen diren hegazkinak ere jasan behar izaten dituzte. Etxean ere ez da giro izaten batzuetan, elektragailuak direla, bizilagun zaratatsuak, azpiko tabernako giroa... Atseden hartu beharrean kaleko giro zaratatsua etxeratu egiten da askotan. Ez da harritzekoa beraz, pertsona eta erakunde asko arazoaz kezkatuta izatea. Gehiago ala gutxiago denok gara zarataren errudun eta biktima.
Honek guztiak, gainera, osasun publikoko arazo handia sortu du, kutsadura honek estresaz gain erreakzio fisiko (buruko mina, tentsio igoera), fisiologiko (arazo baskularrak), psikologiko (arreta falta, urduritasuna, lo ezintasuna) zein jarrera aldaketak (haserrea, jotzeko gogoa) eragin ditzakeelako. Dena den, aktibitaterik kaltetuenak loa, arreta eta komunikazioa izan ohi dira, eta horrexegatik da hain garrantzitsua -gauez behintzat- zaratarik gabeko atseden sakonetaz gozatu ahal izatea. Kontuan hartu behar da, gainera, arazo honek badituela bere eragin ekonomikoak ere, medikuntzan, lan egunen galeran edota etxebizitzen balio galtzean esaterako. Europako Batzordearen esanetan 12.000 eta 36.000 milioi euro arteko galerak izaten dira kutsadura akustikoaren ondorioz.
Onena prebenitzea den arren, kutsadura akustikoari aurre egiteko metodorik erabilienak -aktiboen gainetik- pasiboak dira, zarata "irensten"duten pantaila akustikoak, isilgailuak edota eraikuntza material bereziak, baina hauek defentsa-teknikak dira eta beraien eragina mugatua da. Adibidez, hirietan areto publikoak besterik ez dira intsonorizatzen. Arazoari globalki aurre egiteko, azken urteetan hirietako mapa akustikoak ugaritzen ari dira, hots, hiriko hainbat lekutako soinu-mailak identifikatu, neurtu, analizatu eta herritarren iritziak biltzea. Neurketa hauek batez ere trafikoan oinarritu ohi dira, baina bestelako iturriak ere kontutan hartzen dira. Hortik aurrera, ikerketen ondorioekin, epe motz eta luzerako hartu beharreko neurriak eztabaidatu eta erabaki daitezke.
EAE-KO MAPA AKUSTIKOA.
Erreferentzi gisa, Labein Fundazioak aurrera eraman dituen bi mapa akustikoak aipa ditzakegu, bata Bilboko Udalaren enkarguz Bizkaiko hiriburuan oinarria zuena eta bestea Euskal Autonomia Erkidego osoko kutsadura akustikoa ikertu duena, honako hau Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailarentzat. Bigarren mapa honek, beraz, hiru herrialdeetako industrialde, errepide eta trenbideek hiri-guneetan sortzen dituzten eragin akustikoak izan ditu hizpide, milatik gora tokitan hain zuzen, eta azaleratu dituen ondorioak ez dira baikorregiak.
Patxi Ormazabal sailburuak Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egindako agerraldian, autobide orok, bederatzi errepide estatalek eta 19 eskualde errepidek (batik bat A-8, N-1, N-240 eta N-634) 70 dezibelioak gainditzen dituztela adierazi zuen, bide hauen inguruan dauden 100dik gora herri eta hiritan gertatzen den bezalaxe. Trenbideek, aldiz, kutsadura akustikoan eragin nabarmenik ez dutela azaldu zuen. Aztertutako 400 industrialdeen kasuan, 127k inguruan zarata handia sortzen dutela argitu zuen.
Panorama kezkagarria ikusirik, sailburuak 180 gune kutsatuetatik 69 tokitan hainbat ekimen burutu daitezen gomendatu zuen (gainontzekoetan ez litzateke bideragarria), hala nola, pantaila akustikoak jarri, eraikinak isolatu, lur azpiko trenak bultzatu edota lantegiak lekuz aldatu. Baina era berean, argi utzi zuen alde batetik horretarako 2.700 milioi pezetako dirutza (108 milioi libera) beharko litzatekeela, eta bestetik erkidegoko orografiak eta dagoeneko eraikita dauden errepide eta industriguneak zarata gutxitzeko oztopo nabarmenak direla. Oztopoak oztopo, errepide sarearen zenbait tokitan dagoeneko ikerketa zehatzak egiten ari dira, eta etorkizunean horrelako planen lehen onuradunak honakoak izango dira: Ugao, Beraun, Tolosa, Berriz, Arrigorriaga, Bilbo eta Laudio udalerriak.
ZARATA HIRIBURUETAN.
Hego Euskal Herriko hiribururik populatuena Bilbo da, eta baita euskal hiribururik zaratatsuena ere. 80.000 bilbotar (%24) osasunarentzat kaltegarri izan daitekeen zarata mailarekin bizi da egunero, hauetako dezente autopista sarrera-irteera den Sabino Arana etorbidearen inguruan. Labein Fundazioaren mapa akustikoaren arabera, kopururik larrienera astean zehar egunez (populazioaren %30) heltzen da, baina jaiegunetako gauetan ere ez da txantxetan hartzekoa, %19 bizi baita zarataren menpe. Bizilagunen beraien esanetan, kutsadura honen iturbururik garrantzitsuenak trafikoa (batik bat motorrak) eta zaborretako kamioiak dira, eta hauen atzetik industriak, kaleko lanak, gaueko giroa eta larrialdi sirenak. Bilbotarren ustez langabeziaren atzetik bigarren kezka nagusia da kutsadura akustikoa. Udala zarata iturrien aurka gero eta indar handiagoz ari da. Adibidez, udaltzaingoak zaratatsu iruditzen zaion motor oro geldiarazi eta gidariari garabiaren isuna jartzeaz gain 25.000 pezetako (1.000 libera) fidantzapean arazoa konpontzeko eskatzen dio. Hala egiten ez badu gidatzeko lizentzia kentzen zaio.
Gasteizen ere ibilgailuen gai honi indar handiz ekin diote, eta nahiz eta berton fidantzarik ez eskatu motorra udalaren menpe izan eta lizentzia galtzeko arriskua mantentzen dira. Honez gain, 2000ko uztailetik aurrera indarrean dagoen araudi berriak edonolako kutsadura akustiko sortzeagatik isunak gogortzen ditu (gehienez 250.000 pezeta edo 10.000 libera), hirian bozina eta sirenak -larrialdietan ezik- erabiltzea debekatzen du eta prebentziozko neurriak unean bertan hartzeko ahalmena ezartzen du, hala nola, taberna eta edonolako areto zaratatsuak ixtea. Araudi berriaren lehen hilabetean udalak 30 areto salatu zituen kutsadura akustikoagatik.
Gipuzkoako hiriburuak, berriz, 2001eko urtarriletik aurrera du abian zarata araudi berria. Udalak, besteak beste, -kasu oso larrietan- bost milioi pezeta (200.000 libera) arteko isunak jartzeko ahalmena du. Adibidez, baimenik gabeko lanak burutzea edo onartutako zarata maila 12 dezibeliotan gainditzea lege hauste larritzat jotzen da, eta zamaketa lanak ordutegiz kanpo egin, isilgailurik gabeko motorra gidatu ala kontrolik gabeko alarma izatea, berriz, lege hauste arina da (50.000 pezeta edo 2.000 liberako isuna). Araudiak dakartzan berrikuntzen artean, udaltzaingoak isilgailurik gabeko motorrak geldiarazteko ahalmena dago, gidariari isuna jarri eta arazoa konpontzeko zazpi eguneko epea emanez. Azkenik, tabernen intsonorizazioan ere udala zorrotzagoa da, isunak gogortu eta aretoen ixte ahalmena azkartu direlarik. Batez ere, udal arduradunek tabernen bi ateak egunez zein gauez uneoro itxita egon daitezen eta itxiera ordutegiak errespeta daitezen zaintzeko asmoa dute, bizilagunen atsedena bermatu asmoz.
Iruñean, azkenik, nahiz eta azken 10 urteetan kutsadura akustikoaren eragina %24 jaitsi (Nafarroako Unibertsitate Publikoaren txostena 1988-98 artean) eta inguruko hiriburu dezente baino zertxobait isilagoa suertatu, alde zaharrean arazo handia izaten jarraitzen du, besteak beste, bertako kale estuek trafikoaren burrunba biderkatu egiten dutelako. Horregatik, bizilagunek kutsadura mota honen aurkako kanpaina ugariri ekin behar izan diote, parranda zaleei beraien etxeetan aritzen diren bezala aritzeko eskatzetik soinuak eta zaratak desberdintzen dituzten inkesta bitxiak abian jartzeraino. Inkesta honetan, adibidez, bizilagunek txistu, gaita, umeen jolas, herritarren solas eta elkarteetako zalapartak ongi jasaten dituztela diote eta "soinu" gisa hartzen dituzte, baina tabernetako algara, kaleetako lan, autoen trafiko eta batez ere motorren burrunba jasangaitzak zaizkie eta "zarata" desatseginen artean kokatzen dituzte.