Gaurko Euskal Herriari so

  • Une bereziak bizi izan ditu Euskal Herriak urte hauotan. Lizarra-Garaziko Hitzarmenak eta ETAren su-etenak haize berria ekarri zuten. Su-etenaren hausturak une latzak sortu ditu ondoren. EAEko hauteskun-deak intentsitate handiz bizi izan dira Euskal Herri osoan. Nafarroako Gobernuak euskararen aurkako lehen neurri andana hartua du jada. Modu berezi batean ukitu nahi izan dugu gure herriaren egoera, eta horretarako gonbidatu ditugu adineko lau pertsona, beren lanagatik esparru desberdinetan aritutakoak eta esperientzia ugari bizkarreratu dutenak. Azaletik aztertu ditugu Euskal Herriko zenbait alor, orainari esperientziaren begietatik so egitea garran-tzitsua delakoan, eta laukote honen iritziak zipriztin moduan geratu dira mahaiaren gainean.
EAEn hauteskundeak burutu berri direnez, modu laburrean, nola baloratzen dituzue emaitzak?
JUAN SAN MARTIN.
Demokraziaz asko hitz egiten da baina demokrata gutxi dago politikan. Bakea eta demokrazia hitzak erabiltzen dituzte duela urte gutxi arte falangista izandakoek. Eta kanpaina izugarria egin dute abertzaleen kontra. EAJ eta EA ETArekin nahastu nahi izan dituzte.

IMANOL MURUA.
Hauteskunde hauekin euskal herritarrek erakutsi dute tontotik ez dutela ezertxo ere. Kanpaina lotsagarri horrekin engainatu nahi gintuzten. Eta kanpokoak beharbada engainatu egingo zituzten (askotan, nahiago dutelako engainatuak izatea). Baina herri honen erantzuna garbia izan da. Gobernu guztia etorri da, PSOEko gerifalte guztiak ere hemen ibili dira, baina herria horren aurka errebelatu da.
Hor dago ere EHren porrota. Euskal Herritarrok-eko militanteak ere nolabait errebelatu egin dira. Azken aldian ETAren jokabidea eta horren aurrean EHko buruzagiek duten jarrera ez dutela ondo ikusten erakutsi dute. EHko zenbait pertsona isildu egiten da, baina barruan badago inkonformismoa. Bestela ez zen 14tik 7 eserlekura pasako. Horrek zer pentsatua eman beharko lioke Otegiri. Horiek boto independentistak direla, eta EAJ-EAri Mayor Orejaren beldurrez eman zaizkiola esan du. Baina hori tontoak garela pentsatzea da. Botoa eman izanak, EAJ-EAren programarekin ados dagoela esan nahi du. Agian egongo da Mayor Oreja lehendakari izateko beldur hori ere.

J. SAN MARTIN.
Abertzale guztiak ETArekin nahastu nahi izan gaituzte, denak ETAren konplize garela sinestarazi nahi izan dute. Baina hori ez da egia. Eta nik askotan esan dut Euskal Herriari kalte gehien egiten diona ETA dela, bizitza sakratua dela. Ideiekin borrokatu behar da eta horretarako liderrak behar dira. Ibarretxek askotan esan du hori. Baina kanpainan denak nahastu nahi izan gaituzte ETArekin eta espainolak beharbada konbentzituko zituzten. Euskaldunen artean erreakzio bat izan du horrek: inoiz baino jende gehiagok botoa ematea.

I. MURUA.
ETAri ere emaitzak zer pentsatua eman beharko lioke. Hainbat manifestazio egin da ETAren aurka eta horrek ez du ezertarako balio izan. Baina orain EHko boto emaile askok bizkarra eman dio ETAri. Nahiz eta EHkoek esan kondenak ez duela ezertarako balio, horretan hasiko balira, ETA armak lagatzea pentsatzen hasiko litzateke. Prozesu hori hasi dela uste dut. Bestela hurrengoan oraindik boto gutxiago jasoko ditu EHk.

JOSE MARI SATRUSTEGI.
Madrilgoek egin duten kanpaina beren kontra itzuli dela uste dut. Gehiegikeria izan da eta jendeak beldurgarri ikusi du haien menpe sartzea. Guk Francoren denboran ikusi genuenaren oihartzuna dela esango nuke. Gu sakabanatzea eta Euskal Herriaren desitxuratzea bilatu dute. Mayor Orejarengan Francoren erreplika edo haren harrabotsa ikusi da eta horrek elkartzea eragin du.

ALBERTO GABIKAGOJEASKOA.
Herriak ezetza eman die PP eta PSOEri, eta hauek ekarri duten karga mediatiko guztiari. Herriak heldutasun handia erakutsi du. Eraso inboluzionista espainolistari ezetza eman zaio, zatiketari ezetza eman zaio eta joera itxiei ere ezetz esan zaie. Eta baietza eman zaie abertzaletasunari, elkarrizketari eta konponbideari. Orain kudeatzaileek badute lan garrantzitsu bat: indarkeria fisikoari konponbidea bilatzea, baina alde bietako indarkeriari. Borroka armatua konpondu behar da batetik; baina, bestetik, dispertsioa, tortura, hildakoak... Biktima guzti-guztiei eman behar zaie konponbidea. Gainera, konponbidea eman behar zaio herri honek mendeetan bizi izan duen tratu indignoari, herri bati zer nahi duen erabakitzen ez uzteari.
EHren beherakadaren arrazoiari bi adar ikusten dizkiot: batetik, borroka armatuarekin alde ez dagoen jendeak ez diela bozkatu; baina, bestetik, Mayor Oreja espainolista lehendakari jartzeak ere eragin du hori. Edozein modutan, emaitzek EHri hausnarketa sakon eta zehatza eskatzen diote. Ondorioetan asmatu behar dute.

J. SAN MARTIN.
Demokraziaz hitz egiten da. Denak omen dira demokratak, baina Francok ez luke 40 urtean iraungo hainbeste demokrata izan balitz Espainian. Beraz, kontuz demokraziaz hitz egiten dugunean.

I. MURUA.
Ni beldur naiz PPkoen jokaera aurrerantzean ere ez dela aldatuko. Arazoak ez ditu mahai gainean jarriko eta behar bezala aztertuko. Mahai gainean presoen dispertsioa eta horrelakoak jartzen direnean PPkoek hanka egingo dute. Eta PSOEkoek ere baietz esango nuke. Ibarretxek Aznarri hauteskundeen aurretik galdetu zion: "Onartuko al dituzu emaitzak?". Orduan ez zuen erantzun. Orain ari da erantzuten: emaitzak ez dituzte onartu.

J. SAN MARTIN.
PSOEren gaian sartuz, nik Toribio Etxeberriari buruz idatzi eta hitzaldiak eman izan ditut. Sozialista zen, baina euskaltzalea ere bai. 1918an Diputazioak eskatuta hitzaldi bat eman zuen Euskal Herriari buruz. Han esan zuen lehenengoz Espainiak federalista izan behar zuela, Euskal Herriak bere nortasuna zeukala, hizkuntza berezkoa zuela eta burujabetza ere behar zuela, Cadizko Konstituzioa bitartean Batzar Nagusiek legislatzeko eskubidea zutelako. Testu hori berriro argitaratu beharko litzatekeela uste dut. Baina PSOEko gazteek ez dute nahi. Gauzak asko aldatu baitira, orain euskara baztertu egiten baitute. Eta hizkuntza errespetatu egin behar da, ez bakarrik euskara, hizkuntza guztiak baizik. Ni ez naiz inoiz egon gaztelaniaren kontra.

Abertzaleen eta estatalisten arteko zatiketa sozialaz hitz egiten da askotan azken boladan. Zuen ustez arrisku hori egiazkoa al da? Duela 40 urte baino zatiketa sozial handiagoa al dago?
J.M. SATRUSTEGI.
Euskal Herria zerbaitek sozialki zatitu badu, hori 36ko gerra izan da. Gerora horrek talde ezberdinak sortzea eragin du, baina ez du zatiketa sozialik eragin. Azkenaldian, batez ere abertzaleen kontra egin den kanpaina honetan, bazegoen horretarako arriskua. Mayor Orejak eta Aznarrek esan dutena ikusita, garbi dago errebantxismoa dagoela. Hezkuntzan egin den lana erasotu dute, euskararen arazoa garbi aipatu dute... Euskal Herriak gehien maite duen puntua ukitzea bilatu dute. Nik zatiketaren benetako beldurra nuen.
Zatiketa horretan gainera, euskaldunak gara errudun. Euskal Herriak jasan dituen eraso nagusiak euskaldunek, euskaldun kumeek, euskaldun abizenekoek eginak izan dira. Begira bestela Aznarri: aitona arantzarra, aita Bilbon sortua eta Imanol izenez bataiatua, inork gutxik badaki ere... Beraz, zatiketa hau ere euskaldun kumeek probokatua izatera zihoan.

I. MURUA.
Zatiketarako arriskua egon da eta oraindik ere badago. Hauteskundeetako emaitzak onartuko balituzte eta hausnarketa bat egingo balute ez litzateke arriskurik egongo. Baina emaitzak ez dituzte onartuko eta beren komunikabideen erasoarekin jarraituko dutela uste dut.

J. M. SATRUSTEGI.
Baina muturra pixka bat atzerarazi die behintzat. Eta beste batean horrelakorik egin nahi badute, beste modu batean egin beharko dute.

A.GABIKAGOJEASKOA.
Zatiketa gehienbat politikoek bultzatutakoa izan da eta hauteskundeetan emandako pausoa oso garrantzitsua izan da. Iraganean tirabirak egon dira Euskal Herrian maketoen kontuekin-eta, horrek urruntze izugarria sortu zuen, baina sindikatuek sekulako integrazio lana egin dute.

I. MURUA.
Orduko fraktura soziala eta oraingoa oso ezberdinak dira. Francoren garaian bazegoen haustura frankisten eta gure artean. Baina ezin genuen ahoa ireki, isilik egoten ginen eta ez zen zatiketa hori azaleratzen. Eta egon bazegoen. Baina nik ez nituzke bi egoerak konparatuko. Oraingoan PPk saiakera garbi bat egin du zatiketa lortzeko. Baina gehiago izan da politikoen eta komunikabideen kontua. Ez du haiek nahi adinako eraginik izan gizartean. Zarautzen adibidez, PPko botoemaile izandako asko lotsatuta egon da PPren jarrerarekin, zatiketa bilatze horrekin.

Azken mendeetan Euskal Herria hiru zatitan banandua egon da: Iparraldea, Nafarroa eta egungo EAE. Berriro 40 urte atzera joaz, Euskal Herria bere osotasunean hartuta, euskaldunak lehen baino bananduago ala elkartuago gaude?
J. SAN MARTIN.
Lurraldeen arteko distantzia areagotu egin da.

J. M. SATRUSTEGI.
Zalantzarik gabe.

J. SAN MARTIN.
Ni 20 urtera arte ez nintzen euskaltzale izan. Baina mendian ibiltzen nintzen Euskal Herri osoan eta, Iparraldean esaterako, euskaraz entzun orduko harrera ona egiten ziguten. Gaur Iparraldera joan eta beste mundu bat dela ikusten dut, beste kultura bat. Ez gara etxean sentitzen.

I. MURUA.
Nik, berriz, nahiz eta oraindik banatuta egon, lurraldeak elkarrengandik gertuago ikusten ditut orain. Nire sentsazioa hori da.

J. M. SATRUSTEGI.
Nire ustez atzera egin da nabarmen. 50eko hamarkadan adibidez, gure euskararen aldeko lanetan hasi ginelarik, nafarrak Gipuzkoara etorri eta harreman zuzenak izaten genituen. Francoren eraginaren ondoren, politika sendoagoa egitea lortu da baina ez euskara eta abertzaletasunaren inguruko lana. Hori da nik bizi izan dudana. Gero etorri den egoera elkar itotzekoa izan da, politika nagusitu baita. Abertzaletasunak irakurketa asko ditu eta euskaltzaletasuna bigarren mailara pasa da. Taldeen arteko elkar ezinikusia areagotu egin da. Une askotan taldekeriak irentsi egin gaitu. Ikusazue politika mailan zenbat hesi botatzen diren. Ez bakarrik Frantziaren eta Espainiaren aldeko hesi nagusiak; hesi hori hor dago eta Iparraldea erdaldunagoa da, euskaldungoa txikiagoa da bertan. Nafarroa eta EAEren arteko horrelako hesirik inoiz ez dut ezagutu. Eta horrek ondorio politikoak ditu. Ikusi, bestela, zer egiten ari den egun Nafarroan Sanz jauna. Lehen Nafarroako agintariek, frankista izandakoek ere "Euskara denona da" esaten zuten. Non dago hori gaur? Noiz esan da lehenago Nafarroako armarriari kateak kendu behar zaizkiola? Nire ustez banaketa areagotzen ari da.

J. SAN MARTIN.
Nik ere inoiz baino zatituago ikusten dut. Eta hizkuntzak hor badu eragina. Espainiako Konstituzioaren arabera gaztelera soilik da derrigorrezkoa. Suitzan duela 200 urte, XIX. mendearen hasieran eginiko konstituzioan, alemana, frantsesa eta italianoa onartu ziren eta hezkuntzan ere horrek bere isla izan du. Zergatik ez da hori egin Espainian?

A. GABIKAGOJEASKOA.
Nire esperientziak esaten dit batasunerako kontzientzia subjektibo handiagoa dagoela orain. Baina, hemen esan den bezala, Sanz eta horiek markatzen ari diren hesia oso garrantzitsua da. Baina badugu arma bat horren aurka egiteko: hain zuzen, gero eta kontzientzia handiagoa dagoela. Hori positiboa da.

I. MURUA.
Kontzientzia handiago hori nik behintzat Iparraldean ikusten dut. Eta Nafarroan bertan ere, Sanz eta horiez gain, ez al zaizue iruditzen gero eta jende gehiagok duela bere burua euskalduntzat?

J.M. SATRUSTEGI.
Baina hori beste gauza bat da. Egia da Nafarroak euskararen aldetik ez duela inoiz gaur bezalako egoera onik ezagutu. Nola pentsatuko genuen Tuteran ikastola bat egongo zenik? Eta horregatik asaldatu dira, hain zuzen ere.

J. SAN MARTIN.
Nafarroa bera ere sekula ez da inoiz hain banandua egon. Hor daude zonalde euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna. Eta zonalde euskaldunean badaude euskaraz ez dakitenak, baina baita euskaraz ondo baina erdaraz moldatzen ez direnak. Horiek ezin dira behartu menperatzen ez duten hizkuntza bat egitera. Nafarroan dagoen zatiketa hori ezin da egin, Nazio Batuen Erakundearen kontra doa, UNESCOren kontra doa... Azken batean, 40 urteko diktaduraren ondorenak bizitzen ari gara.

Hesiak gero eta handiagoak direla aipatu da. Baina zer egin daiteke horren aurka?
J.M. SATRUSTEGI.
Epe laburrean ez, baina epe luzexeagoan hori bere kasa etorriko zaigu. Egia da alderdiak alderdien kontra ibilita ez dugula ezer konponduko. Baina kontuan hartu behar dugu iaz Nafarroa osoan, Tuteratik Berara, eskolara sartu ziren haurren %60ak euskara hautatu zuela. Heren bat geratu da soilik euskara ikasten ez duena. Nork amestuko zuen hori duela urte batzuk? Noiz izan du euskarak hainbeste euskaldun hirian? Etorkizuna hor dago, hori etorkizuneko hazia da. Zergatik dago, orduan, sekula baino euskaldunduago dugun Nafarroan hauteskundeetan hain boto abertzale gutxi? Politikoek egiten ez duten emaria sortzen ari da. UPN eta PSNkoek, agintariek beraiek, euren haurrak ikastolara eramaten dituzte. Iruñeko azken alkateek haurrak San Fermin Ikastolan hezi dituzte. Etorkizuna kultura eta hizkuntza ez politizatzean dago. Zorionekoa hori ikusiko dugun eguna!
Hori horrela baldin bada Estatuen Europak ez du etorkizunik. Nik ez dut ikusiko, hori badakit. Baina Europa kulturan aberatsegia da, aberastasun hori garrantzitsuegia da eta Europako herrien historia sakonegia da XIX. mendeko estatu batzuen izenean Europa osoa eraikitzeko. Oraingoek hori gainditzen ez badute, beste batzuek gaindituko dute. Europak urrats hori ematen badu, politiko batzuk etorriko dira esanez: "Zer axola du muga hemen edo han ipini, baldin hizkuntzak eta kulturak mugarik gabe zatitzen baditu herrialdeak?". Beraz, zer egin behar dugu? Gure kulturan, gure hizkuntzan, gure herriaren maitasunean sakondu. Azkenean, Europak pertsonak lotzen dituen elkarteen Europa izan behar du. Hesi berriak sortzearen aurka nago. Batzuen dinamika independentzia eta estatu subiranoa eskatzea da. Zer nahi dute? Beste muga bat gehiago jartzea? Ez. Europa mugak hausten ari da. Europako eraikuntzak herrialdeena izan beharko luke, mugarik gabe, askatasun osoan, eta izaeraren errespetu osoan.

J. SAN MARTIN.
Baina gero beste gauza bat ere badago. Ezin duzu beti zain egon kanpotik etorriko denari. Barruan ere disparate handiak egiten dira. Zenbatek hitz egiten du erdararen kontra euskararik jakin gabe! Anasagasti bera hor dago. Legebiltzarrean gazteleraren kontra, baina euskara ikasteko asmorik bat ere ez. Horrek sumindu egiten nau.

2000. urtea heldu zen. Zuen gaztaroan, nola imajinatzen zenuten Euskal Herria 2000. urtean? Bete al da zuek pentsatzen zenutena neurriren batean?
J. SAN MARTIN.
Lehen aipatu dut 200 urte dituen Suitzako konstituzioa. Bada, hemen hori ere ez da bete. Hizkuntzen ingurune kulturala errespetatu beharrekoa da, eta ez da errespetatzen. Gainera demostratua dago elebidunek beste ikuspegi bat dutela. Arazoa elebakarrena da.

J. M. SATRUSTEGI.
Hala ere, nik ez nuen inoiz pentsatu euskara zabaldu den moduan zabalduko zenik. Zatiketaren gaian nahiko ezkor agertu naiz. Baina gai honetan alderantziz pentsatzen dut. Euskararen aldeko lanak hasi nituenean herriz herri, pentsatu nuen: "Hau aurretik galdutako borroka baten alde jokatzea da, baina nire kontzientzia lasai izango dut. Gurekin azkenak!". Barre egiten ziguten, eta hala ere gu lasai. Baina inoiz ez genuen pentsatu euskara horrela zabalduko zenik. Euskararen hegoaldeko muga Sakana da. Gasteiz, Agurain, Etxarri, Irurtzun eta Iruñea lotzea lortzen bagenuen, sekulako lana egingo genuke. Helburu hori handitzat jotzen nuen. Eta urte horietan Lizarrakoak eta beste toki batzuetakoak etorri zitzaizkidanean ikastola egin behar zela esanez, pentsatu nuen: "Hau beste gauza bat da. Erriberak salbatuko du euskara". Tuteran bertan, ikastolara joaten direnak, dagoeneko ez dira "los vascos", bertako botikaria edo PSOEko buruzagia baizik. Urte gutxitan ikastola bikoiztu egin da eta solairu berriak eman behar izan dizkiote. Eta oraindik ez du onarpenik, ez du Gobernuko diru laguntzarik.

I. MURUA.
Zalantzarik ez dago euskarak izugarrizko jauzia egin duela. Lehengo giroak ez du oraingoarekin zerikusirik. Nik 25 urte nituenean, Zarautzen behintzat, neska guztiek erdaraz egiten zuten. Gu gure artean euskaraz aritzen ginen, baina neskengana joan dantzarako eta erdaraz hasten ziren.

A. GABIKAGOJEASKOA.
Ni ados nago hizkuntza kontuetan eman den jauzi hori aipatzen duzuenean. Baina niri beste gauza batzuek ere ilusio handia egiten didate. Esaterako gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna ikustea, garai horretako egoerarekin alderatuta, behintzat. Askatasun sexualean eman den jauzia ere oso pozgarria da. Beti ere ordukoarekin konparatuta, bai baitakit oraindik ere mugak direla. Beste alor bat hezkuntzarena da. Ikasketak pribilegiatuen kontuak ziren orduan eta orain ia denek dute aukera. Antimilitarismoa ere aipatuko nuke. Militarismoaren kontra lortutako aurrerapausoak pozgarriak dira.

I. MURUA.
Nik lehen euskararena aipatu dut soilik. Baina orokorrean, orain dela urte batzuk aurrean paper bat jarri izan balidate 2000. urtean, zentzu guztietan (hezkuntza, osasungintzan, zerbitzuetan...) honela egongo ginela esanez, zalantzarik gabe sinatuko nuen.

J.M. SAtRUSTEGI.
Eta urre gorrizko lumarekin, gainera.

I. MURUA.
Baina bada salbuespen bat. ETA sortu zenean ez zitzaigun burutik pasa ere egiten 2000. urtean jarraituko zuenik.

Euskararen estatusaz aritu gara. Eta corpusaz zer diozue. Zuek batuaren sorrera eta bilakaeraren gora-behera guztiak bizi izan dituzue? Nola ikusten duzue gaur egun batua? Besteak beste, ajeez asko hitz egin da azken boladan.
J.M. SATRUSTEGI.
Batasunak egin duen lana beharrezkoa zen, bestela ez zegoen etorkizunik. Baina horrek, zenbait gauzetan bere ondorio kaltegarriak ere izan ditu, nahiz eta hori horrela izango zela bagenekien. Euskaltzaindiak batasuna egin zuenean, lehenbizi etxekoa ikastea gomendatu zuen, euskalkia hizkuntzaren funtsezko oinarria delako; hor dago gure aberastasuna, hor dago herriaren izaera. Zoritxarrez, ez zitzaigun kasurik egin eta ikastoletan batuan hasi ziren, gauza handi bezala; honek eten bat sortu zuen guraso eta seme-alaben artean, eta zeresanik ez aiton-amonekin. Beharbada ez zen erraza betetzea guk geniona, zeren eta Bermeon irakasle bat nafarra baldin bada, nola egingo du Bermeoko hizkuntza? Edo Zuberoan ikastola bat eraikitzen bada eta bertako irakaslerik ez badago eta lapurtar batek edo Hegoaldeko batek joan behar badu... Badakit zaila zela, eta ez nabil errurik botatzen, baina hor euskalkiekin akats handia izan dugu.
Bigarren akats nabarmena euskararen trakeskeria izan da. Ikastolek irakasleak behar zituzten eta nola edo hala prestatzen joan ginen irakasleak. Haiek bazekiten euskara ama eta aitaren aldetik, gramatika menperatzen ez bazuten ere, baina geroztik datozenak ikastolan ikasi dute eta euskara berri bat sortu da; errua prestaketa ezarena da eta ez batuarena. Gaur egun ez dago euskararen muina eta barnea zurgatzeko gogorik, gaur egun titulua da, EGA eta irabazten hastea da.

A. GABIKAGOJEASKOA.
Alfabetatzean hainbat urte eman ditut eta badut horren inguruko esperientzia apur bat. Metodologia moduan beti abiatzen ginen ikaslearen hizkuntzatik: dakienak dakienetik, pedagogiaren printzipio orokor bat. Guri ondo atera zitzaigun, jendea batuarekin eta bere euskalkiarekin jabetzen zelako.

J.M. SATRUSTEGI.
Zoritxarrez oso toki gutxitan gertatuko zen hori.

A. GABIKAGOJEASKOA.
Hori nagusiekin egiten genuen eta eraginkorra zen, umeekin ez dakit halakorik egin den. Maisu-maistrei hori eskatzen zaie, ez bakarrik hizkuntza, pedagogia ere bai. Umea ezagutu behar duzu, umea, ikastaro bereziak euskalkia ikasteko... Batuaren izenean astakeria handiak egin dira, baina era berean esan nahi nuke indar handiz batua bultzatu duzuenok txapela kentzekoak zaretela, euskararen biziraupenerako zutaberik handiena izan da eta. Orain batu hori aberasteko planteamendu asko egin daiteke.

J. SAN MARTIN.
Eibarren bada aldizkari bat, "Eta kito", beren ustez eibarreraz idazten dute, nire ustez ez. Aditz trinkoak kentzen dituzte -guk asko erabili ditugunean- eta horrez gain nahaste ikaragarria egiten dute. Hor ere behar da zerbait.

I. MURUA.
Batuaren sorreraren garaietan ikastolekin ari ginen jada eta ni Zarauzko ikastolako lehendakaria nintzen; biltzarretan eztabaidak izaten ziren eta beldurren batzuk sortu zituela gogoratzen dut, baina zalantzarik gabe batua ona izan zen. Gerora ere, batzuek euskara ez ikasteko batua jarri izan dute aitzakia gisa. Nik lau seme-alaba izan ditut eta nik behin ere ez dut arazorik izan haiekin zarauztarrez hitz egiteko, eta eurek batuaz arituz gero ulertzeko eta ahal nuena egiteko. Bizkaian seguruenik arazo gehiago izango zuten batuarekin.

A. GABIKAGOJEASKOA.
Batuarekin norbaitek ahalegina egin badu hori Bizkaia izan da. Jatezetik zaizkitera desberdintasun handia dago, saiheskixek esaten genuen guk txantxetan.

Herri honetan bizi den gatazkaren arrazoi handienetako bat hezkuntza sisteman ei da, hori da entzun duguna azken boladan behin eta berriz komunikabide eta aho askotatik.
I. MURUA.
Hori beraiek atera duten faltsukeria handi bat da. Hezkuntza sistema orokorrean oso egokia iruditzen zait.

J.M. SATRUSTEGI.
Bi aldetatik ikusten dut hezkuntzaren aurkako erasoa. Dena hobetu liteke, baina euskararen irakaskuntza zerbaitetan izan bada aurrerakoia teknika horietan izan da. Hain zuzen, heziketa aktibo hori Espainiako beste inon erabiltzen ez zenean, Kataluniara joan ginen eta han kopiatu genuen. Hizkuntzak erakusteko modu berezia dute ikastolek eta, hain zuzen ere, Madrilen eta Europan kopiatzen ari da. Baina bada bigarren eremu bat, edukiarena, eta horrek erretzen ditu. Zuek baduzue beste aitzindaririk, Recaredo edo Pelayo baizik? Ez zegoen besterik, eta mendean hartu gaituzte. Pragara noa aste honetan eta han badut historialari lagun handi bat, eta behin esan zidan: "Ekar itzazu Nafarroako historiako liburuak, zeren eta bestela, Nafarroako XIV, XV eta XVI. mendeetako historia ezagutu gabe ezin da garai hartako Europako historia ulertu; nik mende horiek irakasten ditudanean, sei hilabeteetatik hirutan Nafarroaz aritzen naiz". Non da gure testuetan Heptameron idatzi zuen emakumea? Non da gure testuetan Frantziako erregetza hartu zuen Enrike IV.a? Nafarroa hegoaldekoentzat "los reyes franceses" da. Edukiek ekarri dute oraingo eraso hau, Espainiako inperialistei ez zaie komeni Nafarroa zerbait izan dela esaterik. Kanpotik jakin behar dugu zer kultura zegoen Nafarroan. Baleta, esate baterako, hor sortu zen, eta bestela joan ikustera entziklopedia Britanicara, hemendik joan ziren gero Italiara eta han hedatu zen, gero berpizkundea eta abarrekoak. Hor ateratzen da zerbait izan garela.

A. GABIKAGOJEASKOA.
Monterok, EHUko errektoreak ukatu egin ditu halako akusazioak. Hori nahikoa litzateke akusazio horiek atzera botatzeko, ezin baita esan Montero susmagarria denik. Arazoa beste bat da, eta arazoa Jose Marik dioenaren bidetik dago; Nafarroan ez da hango historiarik irakasten. Horregatik bultzatu behar da bertako eskola. Ikastolek oso metodo aurreratuak daramatzate, baina baita bertako eskola publikoek ere.

J.M. SATRUSTEGI.
Beharturik ikusi direlako. Guk ikastolekin euskararen beharra ez bagenu txertatu, gaur eskola publikoek euskara sartuko al zuten?

A. GABIKAGOJEASKOA.
Ikastolek eragin izugarri handia izan dute, eta horren alde nago ni, baina ez dira izan euskararen alde egin duten bakarrak, eskoletako irakasleak ere hor izan dira.

J.M. SATRUSTEGI.
Bai, bakoitzari berea eta ez du ukatzen zuk diozuna, baina oro har, guri eskoletan egin zaigun kaltea odolean daramagu.

J. SAN MARTIN.
Nik ikasketak erdaraz egin nituen eta guri esaten ziguten euskarak kalte egiten zigula ikasteko. Gerora semeekin hori ez dela horrela ikusi dut, elebiduna izateak abantailak ditu.

Gaur egun eta duela 50 urte abertzaletasuna modu berdinean bizitzen zen? Entzuten da abertzaletasunak egokitu egin behar duela, berriztatu... Zer uste duzue?
I. MURUA.
Denborarekin denak egokitu behar du. Baina abertzaletasuna zer da, sentimendu bat ala ideologia bat? Nik sentimendu bezala jotzen dut.

J.M. SATRUSTEGI.
Antropologiaren aldetik ni ez naiz ausartzen abertzaletasunaz hitz egiten, abertzaletasuna bakoitzak bere modura ulertzen du eta. Iruñeko Diputazioko atean dago Obanosko Infanzoien lema: "Pro libertate patria, gens libera state" ("por la patria libertad, ser libres"). Eta zer da patria? Guk ulertzen dugun herrialde bat? Ez, patria pater-etik dator, "por la libertad de nuestros padres". Orduan zertaz ari gara hizketan? Odoletik, zainetatik datorkigun gure izaeraz? Ados nago, hori da patria. Gaur horrela ulertzen da? Nork?

Baina gaur egun ez da odolaren zentzuan bakarrik ulertzen.
J.M. SATRUSTEGI.
Ez da odola, arbasoak da. Gu gure arbasoetan oinarriturik gaude eta hori, nahi ala ez, barnean ekarriko dugu, eta barnean badaukagu, orduan, sentimendua da. Baina ez da sentimendua bakarrik, burura doa, estimua da. Pro patria libertate. Arbasoengandik hartu dugun ondarea. Ez naiz ni bakarrik, nire harremanak ere badira, nire baserria, nire Euskal Herria da azkenean. Hori ezin da zatikatu. Abertzaletasuna zatikatzen baduzu bereizkeriara, taldekeriara eta orduan elkar hiltzera gatoz. Mils Holmer suediarra behin Iruñera etorri zen hitzaldi batzuk ematera unibertsitatera eta nire etxean egin zuen lo, eta zera esan zidan: "Ba al dago etxerik hemen salgai? Emaztea, semea (orain Arthur linguista dena, orduan urte eta erdi zuen) eta hirurok etorriko ginateke hona bizitzera". "Zergatik hori?", esan nion, eta berak: "Ez ezazue egin guk Suedian egin dugun astakeria, erroak kendu dizkiogu zuhaitzari eta ezer ez gara. Orain arreta handiz ari gara, ea errotxo haietan zerbait bizirik topatzen dugun. Zuek erroak bizirik dauzkazue, hazi zuen zuhaitza eta ireki mundu osoko jakintzara, baina zuen nortasuna galdu gabe".

I. MURUA.
Nik azaltzen ez dakit, baina euskaraz dakiten abertzaleak eta ez dakitenak berdinak al dira? Niretzat ez. Atzerrira joan eta norbait erdaraz hitz egiten entzuten badut, ez dut kasurik egiten; euskaraz entzunez gero, aldiz, buruak buelta egiten dit begiratzeko, ez nik nahi dudalako, bihotzak hala eskatzen didalako baizik.

J.M. SATRUSTEGI.
Hori antropologian erraz azaltzen da. Abertzaletasunaren ezaugarri nagusia hizkuntza da, baina hizkuntza ez da abertzaletasuna. Hizkuntza komunikabide bat da, lehen aipatutako barnean daramagun horren agerpena da hizkuntza, tresna bat da, eta zuk tresnarekin lotzen duzu barnean txertatua daramazuna.

A. GABIKAGOJEASKOA.
Abertzaletasunak, gaur egun ulertzen dugun moduan ulertuta, aldaketa asko izan ditu. Oso abertzaletasun elizkoia ezagutu dugu, "euskaldun fededun" eta abarrekoak. Gaur egun ezker aldera ere egin du, aurrerakoiagoa da... eta, hala ere, badu berritu beharra. Euskal Herria osotasunean hartze aldera berritu behar da abertzaletasuna, bai hesiak jartzen ari direlako eta bestela ere harremanak sendotzeko. Jarritako heziak asmo horrekin jarri ziren eta ekimen irudimentsuekin gainditu behar da hori.
Horrez gain, guk nahi ala ez, edozein abertzaletasun globalizazioaren baitan da gaur egun eta horrek ondorio handiak dakartza. Horregatik, interesgarria da Herria Mugi bezalakoak mugimendu sozialak gai horretan sakondu nahian aritzea. Eragina handia da eta, esaterako, dozenaka hizkuntza galduko dira munduan zehar.

J. SAN MARTIN.
Horregatik, Europako Legebiltzarrak aurtengoa Europako hizkuntzen urtea izendatu du, denekin osatzen baita Europa eta denak mantendu behar baitira. Bitartean, beste batzuk, Fragak adibidez, euskara museorako hizkuntza dela esaten aritu dira. Bada begira, nik euskaraz egindako lehenengo lanetakoa lantegiko maisu bezala hasi nintzenean egin nuen, lantegiko teknika desberdinen hiztegi bat egin nuen. Erdaraz ez zuten izendapenik, metalurgiari buruzko hiztegi teknikorik ez zuen gaztelerak eta frantsesetik edo ingelesetik hartutakoak erabiltzen ziren, eta euskarazko jatorrak baziren. Fragak hura esaten zuen baina ez Menendez Pidalek, honek esaten zuen, "gure sustraiak ikertzeko euskara ere beharrekoa dugu". Intelektualen mundua gauza bat da eta politikoena beste bat.

J.M. SATRUSTEGI.
Alberto, iritsi nahi ez nuen bidera eraman duzu abertzaletasunaren ikuspegia. Apaizena izan zela abertzaletasuna? Ondo da, baina inork egiten ez zuenean beraiek egiten bazuten, hor dago. Aurrerakoiagoa bada hobea dela, politikoagoa bada, edo erromantikoagoa (San Martinek Kanpioni buruz esan dituenekin-eta) edo dena delakoa... guztiak ez baditugu batzen ez gara abertzaletasunaz hizketan ari.

A. GABIKAGOJEASKOA.
Nik ez dut esan nahi zein den hobea, bilakaera bat egon dela eta berritu beharra dagoela, ez besterik. Planteamendu subiranistak egin behar dira, baina ez bakarrik politikan, baita kultura eta beste alor batzuetan ere.

J.M. SATRUSTEGI.
Eboluzioa izan dela ez da zalantzarik. Erromantikoena bihotzak bultzatutako mugimendua zen, baina herri osoa hartzen zuen. Abertzaletasuna pertsona osoa hartzea da, ondorio guztiekin, bihotza hartuz, burua... dena txertatuz. Hala hartzen al dute Zazpiak Bat, tiroka bada ere egin nahi dutenek? Ez. Ojo non sartzen garen e! Politika nagusi bada abertzaletasunean, nik ez dut abertzaletasunik nahi.

Beraz, zure ustez abertzaletasuna desorekatzen ari da.
J.M. SATRUSTEGI.
Bai, erabat.

J. SAN MARTIN.
Egibarrek aurreko batean zioen harrijasotzaileak ezin zuela 300 kiloko harria lehenbizikoan jaso. Epe bat behar duzu helburu hori lortzeko eta ETA eta EH dena bat-batean egin nahian ari dira. Ez dute formaziorik, sentimendu hutsetik ari dira.

J.M. SATRUSTEGI.
Edo sentimendurik gabe. Argi, hor ideia dago baina sentimendurik ez. Gaur kontsignaren abertzaletasuna nagusitzen ari ote den beldur naiz.

I. MURUA.
Sentimendu bezala hartuta, abertzaletasuna lehen baino ahulago dagoela uste dut. Ideologia politiko bezala, lurralde guztiak bat egiteko eta abar, igoal lehen baino indartsuago egongo da. Lehen esan egiten ziren "Zazpiak bat" eta halakoak, baina utopiatzat hartzen ziren.

Eta zergatik uste duzu sentimendu aldetik abertzaletasuna lehen baino ahulagoa dela?
Beharbada gurasoek guri sentimendu hori guk gure seme-alabei baino hobeto transmititzen jakin izan zutelako, edo agian gaur egun oztopo handiagoak daudelako hori transmititzeko. Gure etxean jaio ginenetik jaso genuen abertzaletasuna. Bazkalondoetan beti bertsoak eta halakoak kantatzen, aita-amaren inguruan egoten ginen sarri. Ez dakit nola azaldu, baina niri abertzaletasuna aitak eta amak transmititu zidaten, osoa. Eta gure etxean seme-alabei ere transmititu diegu hori, baina indar gutxiagorekin. Zergatik? Bada, gurekin gutxiago egoten direlako, telebistaren eragina handia delako, liburuena, unibertsitatean ere ordu asko pasatu izan dituzte... gauza asko dago.

J.M. SATRUSTEGI.
Aberastu egin dira, zaina galdu gabe zuhaitza handitzen doa.

I. MURUA.
Nik harreman asko izan ditut euskaraz dakiten abertzaleekin eta ez dakiten abertzaleekin, eta beti esan izan dut: ez dakitenak ez dira gu bezalakoak, abertzalea bai baina ez da berdina. Ez dakit zergatik baina nik hala sentitzen dut. Jose Mari Makuarekin borrokan ibiltzen nintzen ni eztabaidan eta lanean, eta beste askorekin ere aritu izan naiz, baina ez da berdina izan.

A. GABIKAGOJEASKOA.
Lehen gehiago transmititzen bazuten gurasoek, gaur egun lagun taldeak, giroak, ekintzak egitea eta halakoek transmititzen dute. Gure denboran euskaraz ez zekitenek, zenbatek ikasi zuten euskara ikastera joanda? Jende askok ikasi du euskara abertzale zelako. Hizkuntza batek behin ere ez du aurrera egin izan abertzaletasunaz bakarrik, bizitzako beste premia batzuk ere kontuan izan behar dira, eta ikusi hizkuntza horrek bizitzeko ematen duen ala ez.

J.M. SATRUSTEGI.
Abertzaletasunak ez baditu pertsona eta herri osoa bere osotasunean hartzen -eta nik hor ez dut bereizten euskara jakitea ala ez- okerrera doa. Euskara ez dakien abertzale jator asko dago, ez dute hizkuntzaren espresioa eta hizkuntza garrantzitsuenetakoa bada ere, horrek ez du bereizten abertzaletasuna. Bestetik, kanpotik etorri denak eta euskara ikasi, chapeau, eta nagusiekin egin den lana ere chapeau, beharrei erantzun zaie. Baina nire herrian ba al zegoen nire gazte denboran euskara erakutsi beharrik erdaldun bakarra ez zegoenean? Esan nahi dut egoerak desberdinak zirela eta errealitate bakoitza bere garaian aztertu behar dela. Oraingo errealitatera etorriz, euskaldun berri askok beharbada ikasi du euskara abertzaletasunarekin integratzeagatik, baina beste askok ogibidea topatzeko, besterik gabe. Beste batzuk, konsigna bat betetzeko, gurearekin aurrera eta bestela tiro.

A. GABIKAGOJEASKOA.
Esaten ari zaren azken hori sinplifikazio handia da.

J.M. SATRUSTEGI. (Ahots doinuak gora egiten du).
Nik ez dut esan denek hala egiten dutenik, hori ere badagoela baizik, adarrak deskribatzen ari naiz. Zortzi urtez ibili naiz Euskal Gobernuan ahozko azterketak egiten eta bai, batzuek atera dute titulua eta euskarazko irakasleak dira, baina gero ikusten duzu haien bizia eta ez diet hitz bat entzuten euskaraz, ezta beren seme-alabekin ere, hau beste adar bat da. Eta beste adar batean, batzuek euskara ikasi dute eta beste batzuek ez, eta beraien arazoa garaitzea eta Zazpiak Bat egitea da. Hori ez didazu ukatuko, ezta?

Goazen beste kontu batekin. Nola ikusten dituzue gazteak? Zuen inguruan ikusiko dituzue, batean eta bestean. Ulertzen al dituzue? Zer gomendatuko zeniekete?
J.M. SATRUSTEGI.
Ba al da horri erantzuterik? Gazteak molde bakarrarekin hazi ote dituzte?

Era denetako gazteak daude Euskal herrian, jakina, baina bakoitzak gazteekin izan duen esperientziaz ari gara.
I. MURUA.
Nik gazteen gehiengoaren esperientzia ona dut. Idealizatuta bizi dituzte gauza guztiak, baina borondate onekoak dira. Oso prestakuntza handia dute eta konfiantza dut gure gazterian. Beren nortasuna mantentzea gomendatuko nieke, Euskal Herria maitatzea eta horrekin kontsekuente izatea.

A. GABIKAGOJEASKOA.
Oso prestatuak ikusten ditut eta arduratsu ere bai, gure garaian beste. Droga kontuetan-eta, Euskal Herriko drogarik handiena eta kaltegarriena alkohola da. Beste drogak minoritarioak dira eta gainera batzuek medikuntzan erabiltzea aztertzen ari dira orain. Ez nabil drogen alde, baina apur bat erlatibizatzea komeni da. Neska mutilen artean, bestalde, hurbilpen handia egon da eta hori ona da. Gazte eta zaharren artean elkarrekin egoten saiatu beharko genuke, elkarri erakusteko.

J.M. SATRUSTEGI.
Denetarik dago, baina oro har estudiorako langileak direla ikusten dut, kultura aldetik ere ahalegin handia egiten dute eta gure aldean oso ongi prestaturik datoz. Bere denboran drogek ere horzkada handia eman zuten. Orain, oso emankor eta arduratsu jokatzen ari direnen ondoan dagoen beste talde batek ematen dit beldurra: coca-cola eta hanburgesaren taldea, beren bizitxoa eta kito.

Gizarte justuago baten bizi al gara? Berdintsuagoa al da? Orekatuagoa?
J.M. SATRUSTEGI.
Gero eta alde handiagoak dira, hor bai ez dagoela zalantzarik. Gure mundura lotzen bagara ez dugu arazorik, lasai gelditu gaitezke, Euskal Herrian goiko gailurrean bizi gara eta. Baina mundua gutxitan izan da gaur bezain desorekatua. Mirabetzak ikuspegi asko izan ditu, gaur mirabetza egiten da soldata txikiekin, bat-bateko postu aldaketekin, gaur lanetik bota eta bihar hartu... Mundua inoiz baino aberatsagoa da, inoiz baino gehiago produzitzen du eta inoiz baino behartsu eta pobre gehiago da.

I. MURUA.
Hala da bai, ez da zalantzarik. Hemen ez da halako desberdintasun handirik, baina munduan zehar... Pertsona bat joan berri da espaziora 3.000-4.000 milioi pezeta ordainduta eta munduan milioika pertsona goseak akabatzen ari da. Horrek bakarrik gauza asko adierazten du.

A. GABIKAGOJEASKOA.
Diozuena hala da bai, baina nik esango nuke lehen munduan ere joera hori dela, desberdintasunak gero eta handiagoak izatea. Hemen, dena den, asko aurreratu da, gosea kendu da, askatasunak aurrera egin du, aseguruak dira, ikasketak egiteko aukera.... eta niretzat egon denik handiena akaso emakumearen iraultza izan da. Ezin dugu esan, inondik inora, aurrera goazenik Hirugarren Munduak horrela jarraitzen badu, eta hori ondo sartu behar dugu buruan.

J. SAN MARTIN.
Hirugarren mundua lagundu behar dugu bai, baina ez bakarrik jaten ematearekin, baita kulturarekin ere, gauzak egiten erakutsiz beste giro batera eramanez.

I. MURUA.
Ikaragarria da bai, baina bertara joan ezik, guk hemendik zer egin dezakegu?

J.M. SATRUSTEGI.
Imanol, mentalitatea sortzea bera hazia sortzea da. Gero ez dakigu horrek zer emango duen. Egia da, gu ahalmenez ahulak gara, baina zer da ezkur bat lurrean sartzen denean, gero zortzi-hamar toneladako zuhaitza egiteko? Lehenik mentalizatu eta kontzientzia sortu.

MAHAIKIDEAK

Juan San Martin

Euskaltzaina
Eibarren sortua 1922an, hainbat lan idatzia du euskaraz zein gazteleraz, etnografia, historia, artea eta hizkuntzaren inguruan. 1957an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 64tik aurrera euskaltzain oso da. Euskaltzaindiako idazkari, buruorde eta Jagon sailaren arduradun, gerra ondorengo bertsolari txapelketetako antolatzaile, alfabetatze taldeetako sortzaile eta "Jakin" aldizkariko zuzendari izana da, besteak beste. 1989tik 1994a bitartean EAEko Ararteko izan zen.

Imanol Murua

Gipuzkoako Ahaldun Nagusi ohia
Zarautzen jaio zen 1935eko ekainaren 3an. Maisutza industrialean tituluduna, 27 urtez jardun zuen irakasle Zarauzko Lanbide Eskolan. Zarauzko ikastolako sortzaileetako bat eta lehendakari izana. 79an Zarauzko alkate izan zen hautatua EAJren izenean. EAJrekin Gipuzkoako ahaldun izan zen geroago eta baita EArekin ahaldun nagusi ere. 90eko hamarkadan berriro itzuli zen Lanbide Eskolako irakasle lanetara eta Herri Edertu enpresa sortu zuen artista berriak lagundu asmoz.

Jose Maria Satrustegi

Antropologoa eta euskaltzaina
Arruazun (Nafarroa) jaio zen 1930ean, eta bertan bizi da gaur egun. 1955ean apaiztu zen eta Madotzen erretore izan zen, Luzaiden bikario eta Urdianen ere berriz erretore. Antropologian buru belarri aritua ehunka artikulu eta dozenaka liburu idatzi ditu. 1957az geroztik euskaltzain osoa da -Orixeren aulkia hartu zuen- eta 1978-92 artean Euskaltzaindiako idazkaria ere izan zen. Armeniako Hizkuntza Akademia Internazionaleko ohorezkoa kide ere bada, besteak beste.

Alberto Gabikagojeaskoa

Itzultzailea
Gernikan bizi da gaur egun baina Lekeition jaiotakoa da, duela 64 urte. Frankismoan espetxean izan zen 1969tik 1976ra arte, Zamorako espetxean batez ere. Espetxetik atera eta 12 urtez, 1988ra arte, AEKn aritu zen euskalduntze eta alfabetatze irakasle moduan, eta nagusiki didaktika taldean. Gaur egun itzultzaile lanetan ari da eta azken boladan filosofoak itzultzen. Karl R. Popper filosofoaren "Objective know ledje" liburua itzultzen ari da egunotan.


Azkenak
2024-12-04 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Muga-zergak ezarriko ote zaizkio unibertsitateko talentuari ere?

Ipar hemisferioan ikasturtea hastearekin batera izan ohi den albiste-zaparradan argitaratu zen duela astetxo batzuk: aspaldiko urteetan ez bezala, txinatar jatorriko ikasleak (275 milatik gora) ez dira jada ugarienak Estatu Batuetako unibertsitateetako atzerriko ikaslerian;... [+]


Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


2024-12-04 | Julene Flamarique
Autonomo faltsuen lan eredua aldatuko duela esan du Glovok, jabea epaitua izan baino egun bat lehenago

Sei urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete Oscar Pierreri langileen eskubideen aurkako hainbat delituengatik. Epaiketa asteartean izan da Bartzelonan, eta astelehenean iragarri du legearen pean kontratatuko dituela 15.000 rider. CGT sindikatuak “fiskaltzaren aurrean... [+]


2024-12-04 | Leire Artola Arin
Kapitalismo berdearen izenean, lurraren defendatzaileak kriminalizatuta

2023an ezagutu genuen Solway Investment Group multinazional suitzar-errusiarraren boterea noraino iristen den. Guatemalan duen Fenix meategiaren gehiegikeriak agerian uzten zituen ikerketa baten berri eman zigun Prensa Comunitariako kazetari batek, eta elkarrizketa hori [+]


Teknologia
Mundu digital bortitza

Bilbon bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin lanean aritu nintzen bost urtez, arrakala digitalaren inguruan, batez ere emakumeekin. Bidean, bortizkeria matxistekin eta beste arazo askorekin aurkitu nintzen. Oso modu organikoan, indarkeria matxista pairatzen zuten... [+]


Materialismo histerikoa
Beteta

Bata bestea irentsiz gordetako azken galtzerdi parearen ondoren, ezin izan nuen kaxoia itxi. Horrela zegoen, gaizki itxita, bi astez jada, pijamena (pijamen tiraderan, oparitutako hiru izan ezik, ez dago pijamarik; “etxerako” kamiseta eta galtzaz beteta dago). Atera... [+]


2024-12-04 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Sir

Londrestik iritsi da ospe handiko arkitekto bat Galiziako herri txiki batera. David Chipperfield du izena, eraikinak mundu osotik zehar ditu, Berlin, Milan eta Shangaigo bulegoetatik lanean. Arkitektura elegantea, fina, Sir batek egindakoa. Istorioa Corrubedo herrixkan hasten... [+]


Euskara mailu bat da

Neronek esan nezake, baina Macronek esan zuen. Frantses nazioa zatitzeko tresnak omen dira frantsesa estatu hizkuntza bilakatu baino lehenagotik ere exagonoan baziren hizkuntza horiek. Aitortu ordez Frantziak hizkuntza horietako hiztunak azpiratu, uniformizatu eta asimilatu egin... [+]


Ikusezin

Tabernan zaude, barran, eskatu nahian. Mostradorean beste pertsona batzuk ere berdin. Laster izango da zure txanda, baina zuri tokatu arren, zerbitzariak ez dizu galdetu ea zer nahi duzun, salto egin dizu eta zure atzean etorri den gizona atenditu du. Ergel aurpegia geratu... [+]


2024-12-04 | Tere Maldonado
Biraka jarraitzen du gurpilak

Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]


2024-12-04 | Karmelo Landa
Durangok dakarrena

Egotea egitea da. Hala dio aurten Durangoko Azokak, eta egia da, azokaren beraren kasuan behintzat eta Euskal Herria aintzat hartuta. Dagoeneko 59. azoka da aurtengoa, eta urtero egote hutsak frogatzen du euskara, euskal kultura, euskal nazioa egiteko modua dela Durangoko... [+]


Cristina Osés. Euskararen demokratizaziorantz
“Jakin nahi dut nola deseraiki daitekeen euskararen aurreko indiferentzia”

2022an egin nuen topo Cristinarekin lehen aldiz, Eusko Ikaskuntzak antolaturiko Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan proiektuaren baitan. Nafarroa Garaiko errealitate soziopolitikoaren ordezkari-edo ginen zortzi gazte elkartu eta batzen eta bereizten gaituzten aferez... [+]


Eguneraketa berriak daude