"ERRIOXA EUSKALDUNTZEA IZAN DA NIRE MAITASUN EZKUTUA"

  • Latxagaren belaunalditik gurera alde handia dago. Ikastolakumeok geronek egiten dugu barre erdaraz egiten ditugun hankasartzeez; Latxagari barre egin diote kalean erdaraz ez zekielako. Ikastolakumeok jogurtarekin batera jan dugu euskara; Latxaga euskara gose da oraindik. Guk euskarari urrutitik, ironiaz begiratzen diogu; Latxagak barru barrutik. Baina ikastolakumeok ez dugu Latxagak bezala euskaragatik negar egin.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Donostian jaioa zara, baina euskal sena Beran jaso omen zenuen. Zure lan guztia ere Nafarroari eskaini diozu.
Jaio eta berehala eraman ninduten amonaren baserrira. Ni Nafarroan hazia naiz, eta Nafarroako usaina eta kutsua ditut. Oso baserri pobre batean hazi nintzen. Herritik oso urruti zegoen, eta enkarguak egitera herrira jaisten nintzenean burla egiten zidaten erdaraz ez nekielako. Horrela sortu zen nire barruan euskararenganako ikaragarrizko oinazea.

Orexan hasi zinen euskara ikasten.
Parisen apaiztu nintzen. Hizkuntza asko ikasi nituen, baina euskaraz nire ingurukoek hobeto egiten zuten nik baino. Aditza ez bagenuen ongi erabiltzen beste euskalkietako apaizek barre egiten ziguten. Beraz, herri txiki batera joan nintzen aditza ikastera, Orexara. Herri unibertsitate bat jarri nuen bertan. Euskara ikasleak ekartzen nituen bertako baserrietara. Baserriko lanetan laguntzen zuten, eta trukean euskara ikasi. Nik esaten nuen: "Harriek ere euskaraz egin beharko dute". 15-16 ikasle hartzen genituen urtero, eta eskaria ehundik gorakoa izaten zen. Bazen Kalifornia, Alemania, Norvegia edo Aragoitik zetorren jendea. Nik nire politika linguistikoa egiten nuen, nafarrei lehentasuna emanaz.

Parisen hiru doktoretza atera zenituen.
Parisa joan beharrak ikaragarrizko mina ematen zidan. Orexatik atera arratsalde batean, botak jantzi eta gelditu gabe Jakaraino joan nintzen oinez. Euskal haizea eta usaina arnastu nahi nuen denbora luze baterako.
Parisen hizkuntzalaritza ikasten aritu nintzenean, galdetu zidaten lehen gauza izan zen euskarak aditzik ba ote duen. Hain hizkuntza zaharra izanik, gerta baitzitekeen aditzik ez izatea. Lehen urratsa izan zen aditza bagenuenaz jabetzea, eta bigarrena erabat ezberdina zela ikustea, ez baitu zer ikusirik beste hizkuntzetako aditzekin eta batez ere hizkuntza klasikokoekin. Euskal Herrian garai hartan egiten zen lana aztertu nuen, eta bakoitza alde batetik zihoala ikusi nuen, lan asko nolanahi eginak ziren, ez zutelako materialik. Euskal aditzari buruzko dena irakurri nuen, baliotsu zena ikasi eta hortik aurrera nire bidea egin nuen.
Nire irakaslea judutarra zen, oso hizkuntzalari ona. Berak hizkuntzalaritza irakasten zidan, eta nik berari euskara.

Ingelesa ikastearren New Yorkera joan eta 15 urte pasa zenituen.
Zoraturik nengoen New Yorkekin. Nire doktoretza baten gaia hizkuntza txikien endak izan zen. Zer eta nola erabili, hizkuntza indartsu eta handien ondoan. Han espainola enda txiki bezala hartua zen, zigortua, nolanahi erabilia.
Columbia unibertsitateko eliz katolikoan egon nintzen. Hango San Lukas ospitalean lan egiten nuen, Houstongo San Lukas ospitalearekin elkarlanean ari zena. Houstongoan hasi ziren ebakuntzak egiten eta gure horretan urtero 1.800 egiten zituzten. Sendagai berriak kontrolatzeko talde batean sartu ninduten. Gaixoei laguntzeko, ez zitezen bitarteko huts sentitu, pertsona baizik. Nire asmoa hona etorri eta lana Nafarroari eskaintzea zen eta oso ongi zetozkidan han irabazitako sosak. Amerikara joan arte ez nuen dirurik ezagutu, eta han berriz oso erraz egiten zen. Lizarran erosi nuen etxea eta aste erdia hor pasatzen dut.

Zergatik Lizarra?
Nire maitasun ezkutua Errioxa euskalduntzea izan da. Errioxa zoragarria iruditzen zait eta euskal usaina hartzen diot. "Errioxa euskal iturri" liburua atera nuen Francoren garaian. Estatuak ez zuen saltzen utzi eta sekulako liburu pilarekin aurkitu nintzen! La Poblacion herrixkan bizi nahi nuen. 1.000 metro altueran dago, eta nire ametsa zen etxetik alderik alde ikustea eguzkia goizean nola jaiotzen zen eta gauen nola ezkutatzen zen mendien atzean. Baina arrebek ez zuten ezer jakin nahi Errioxako etxe harekin, eta Lizarrakoa erosi nuen.

Francoren garaia nola bizi zenuten eliza barrutik?
Inork ez du ukatuko elizgizonek asko egin dutela Euskal Herriaren alde. Euskara landu genuen beste ezer baino lehen. Denetik izan da, eta elizgizonek ere jipoi galanta hartu dute. Baina Francok hor izan zuen bere etsairik handiena. Gu konkordatuarekin Erromari lotuak eta babestuak ginen. Estatuak ezin zuen nahi zuena egin eta askatasun gehiago genuen. Nire politika beti izan da politikan ez sartzea, baina kultura aldetik bazter guztiak nahastea.

Errioxa edo Nafarroa euskalduntzeagatik bizi izan al zara bertan?
Gipuzkoa oso txikia da, baina motore bat bezala da eta Euskal Herri osorako langileak eman ditu. Nik hori ikusita, nire bizitza Nafarroari eskaini diot. Nire bidea izan da atzetik datozkigun euskal iturri denak berpiztea, ezagutzera eman eta bultzatzea, euskal nortasuna hauena ere badela esanaz.

Kultura eta geografia aldetik nola azalduko zenuke Euskal Herria?
Hiru zati bereizten ditut. Bat euskal kulturaren autopista deitzen dudana, Iruñea-Gasteiz artekoa. Nire asmoa idatziz propaganda egin eta ikastolez jostea da. Bigarren frontea deitzen diot Ebroko fronteari. Bazter denak nahastuko ditut dirua bildu eta Ebro ikastolez josteko. Hitzetan bakarrik ez geratzeko, milioi bat pezeta emana diot hango ikastola bati. Frente hau indartzen badugu, Espaina aldetik datozkigun muturrekoak ez dira hain handiak izango. Hirugarrena mendebaldekoa, Auñamendiko bidea. Hiru toki horietan ibiltzen naiz, batera eta bestera. Zerbait lortu dutela entzuten dudanean, hara joan eta erreportajea egiten diet.

Errioxa eta Aragoi ere euskaldunak direla esaten duzu.
Nire bizitzako poza izan da Errioxan euskaltzaleak sortzen ari direla ikustea. Elkarte bat osatu dute 140 kidekoa. Logroñon dute egoitza, euskara irakasten dute, aldizkari bat ere badute... ahal dudan guztia egiten dut haiei laguntzeko.
Aragoien ere ikusten da euskaraz egin dela orain oso gutxi arte. Pentsatzen ari naiz oraindik hizkuntza ezkutua bezala bizirik egongo dela. Txillardegiren taldeak bitxikeria handi bat aurkitu du: Aragoiko familia batean euskaraz esaten duten aitagure bat. Eurek ere ez zekiten euskaraz ari zirenik. Iaz artzain batekin hitz egin nuen, eta galdetu nion ea bazekien beren asabak euskaraz mintzatzen zirenik. Badakizu zer erantzun zidan? "Guk bagenekien gure asabak euskaraz mintzatzen zirela. Baina beti esaten ziguten euskararekin egin genezakeen gauzarik onena ahaztea zela!"
Nik euskal usaina hartu diot beti Aragoiri. Pentsatzen nuen, oraindik nonbait egon behar zuela txistulariren batek. Eta aurkitu egin nuen. Txistua eta ttunttuna jotzen ari zen Jakako erromeria batean. Joten eguna zen eta 5.000 gazte bildu ziren.

Idazleei estimu berezia diezu...
Euskal idazleak atera daitezen lan egiten dugu. Idazlea da euskal bizitzaren motorra. Euskal Herriaren alde egiazko langileak idazleak izan dira. Horiek egin dute egiazko borroka, horiek agertu dute euskararen balioa.

Beti Nafarroaren alde ari zara. Nola bizi duzu nafarkeria, EAErekin elkartu nahi ez izatea?
Autonomia oso gauza handia da, guk egiten ditugulako gure legeak eta legeek agintzen dutelako gizarte batean. Baina huts handi bat badago, eta da Nafarroak behin ere ez duela izenpetu autonomia hori. Lehen urratsa Lizarrako autonomia izan zen. Nahiz eta Nafarroak ez izenpetu, autonomia horretan ikusten da beste probintziek nahi zutela Nafarroarekin bat izan. Hori oso garrantzitsua da. Nafarroari esan behar zaio zerbait bazarete, Euskal Autonomiari esker zaretela. Neronek ere euskaldunak bereizteko ez dut ezer idazten, alderdi polita erakutsiz lan egin nahi dut. Oso erraza baita euskaldunak bereiztea.

Nafarroa herriz herri ezagutzen duzu. Deskribatu lau hitzetan.
Nafarroa da oso ezberdina. Mendi koloreko Nafarroa eta gari kolorekoa bereizten dira. Mendiko Nafarroaren barruan hor dituzu ekialde eta mendebaldea. Baztan gauza bat da eta Erronkari bestea. Erronkarik beste nortasun bat dauka, oso-oso zaila. Bestalde Erriberako lurrak daude, euskaldun izatearen aurkakoak izan direnak historikoki. Orain ari da bere egiazko nortasuna, euskalduna, aurkitzen.

"Goiz Argi", "Zeruko Argia"... euskal kazetaritza hasieratik jarraitu duzu.
Idazten hasi nintzen, ikusten nuelako oso garrantzitsua zela Nafarroako berri euskaraz ematea. Niretzat egunkari eta aldizkari txikiek ez zuten kazetaritza aldetik horrelako garrantziarik, euskaraz idaztea zen garrantzitsua. Euskaraz idazteko toki eta aukera bat izatea.

Euskara batuaren arauak ikasiz erotu ez den bakarrenetako bat zara...
Euskal Herria esaten dugu, baina Euskal Herria ez da bat. Zuberoa euskal herria da, eta ez diozu behin ere esango bizkaitar bati zuberotarra denik. Bada zerbait denek daukatena, eta era berean bakoitzak bere ezberdintasuna du. Euskara ere singularrean esaten dugu, bakarra balitz bezala. Baina zer ikusi du Bizkaiko euskarak Zuberoakoarekin?
Amerikan nintzela, Pensilbaniako estatuan bizi den Amien sekta aztertzen egon nintzen. Bere hizkuntza dute, germaniarren familiakoa. Eta konturatu nintzen gu ere hizkuntza familia bat garela. Gipuzkera hartu, eta hain hizkuntza egokiari nola esango diozu dialektoa besterik ez dela! Bizkaiko aditz laguntzailea Gipuzkoakoaren oso bestelakoa da. Euskalki horiek egiazko hizkuntzak dira, munduan beste hizkuntza familia asko dagoen bezala, euskara ere hala da.

Euskal Herri osoan erabiltzeko hizkuntza batu baten beharrik ez dugu?
Hizkuntza familiarekin esan nahi dugu muga berak dituzten euskalkiak direla. Gipuzkoar eta lapurtarrek oso ondo ulertzen dituzte nafarrak. Mugako herriek oso ondo ulertzen dituzte beste euskalkiak, eta era berean kontraste horretan ez dela beraien euskara jabetzen dira. Ukraniarrek ukranieraz hitz egiten dute, errusiarrek errusieraz eta oso ongi ulertzen dute elkar. Euskal Herri mailako lanetan hizkuntza guztiek berdina duten alderdiak gehiago sartuko dira berezitasunak baino, baina ona da toki bakoitzak bere berezitasunari eustea eta lantzen jarraitzea.
Hizkuntza bat da gizarte talde batek elkar hartzeko duen bidea. Baina nork hartu behar du elkar? Lehenik elkarrekin bizi direnek. Talde txiki horrek beste bide bat hartzen badu, egin dezala bere bidea. Non jaioak garen, hangoak baikara. Aragoar bat ez da bizkaitarra, nafar bat ere ez. Elkarrengandik bertan egonda ere, oso ezberdinak dira.

Batasunari ez diozu zentzu handirik hartzen beraz.
Batasuna egiten du haurrak bere amaren bidez. Horri deitzen diogu ama hizkuntza. Amaren bidez bizitzaren hizkuntza jasotzen da, bizitzarekin zer ikusi handia duena. Hori da bidea, amaren bidez. "Hau da erabiliko dugun euskara eta hau ez da" esanaz etortzen dira, baina nor zara zu euskarari ezertxo ere kentzeko? Euskararen forma bakoitzak ikaragarrizko garrantzia du eta errespetua merezi du. Euskara ez baita euskaldunena bakarrik. Gauza garrantzitsu gehiegi ditu gure hizkuntzak, ludi osoaren ondare egiten dutenak. Besteak beste, hizkuntzak nola sortu ziren esaten digutenak.
Euskara batuari arrisku handi bat ikusten diot: euskara erromantze bat bihurtzea. Erdararen morroi egingo dela. Askok 100 hitzetik 60 erdal hitzak sartzen dituzte.

Ikastoletako hasierako irakasleak emakumeak ziren batik bat. Emakumeek zer garrantzia izan dute euskal kultura transmititzerakoan?
Uste dugu euskararen etsaiak arrotzak direla. Nik uste dut euskararen etsaiak euskaldunak berak direla. Euskaraz mintzatzeko lotsa dutenak, beldurra diotenak, maite ez dutenak... Emakumeetan laguntzaile handienak andereñoak izan dira, pedagogia lana egin dutenak. Baina badira lotsagatik erdarara jo dutenak. Euskara oso bestelako hizkuntza bada, euskarak hezteko dituen bideak ere oso bestelakoak dira. Erdal mundura bazoaz, haurrekin ez dituzu erabiliko hainbeste txori abesti. Euskaraz bai, herri euskara zaharra doinuz eta txorien kantuz josita baitago.

Euskarazaintza "Anaien arteko guda" lana argitaratzear da. Lau liburutan gerrako berri emango du. Ez al dago dagoeneko dena esanda?
Ezta batere. Nor dira egiazko euskaldunak? Herri honetan bere odola eman zutenak. Ez dago eskubiderik fusilatu zituzten gazte guztien hitzak bilduak izan eta orain arte ezertxo ere ez agertzeko. Guk argitaratuko ditugu. Zergatik pasa behar dute 66 urte hauek argitaratzeko?
Gudaz hitz egiteko modu ezberdinak daude. Bata da esatea zenbat soldadu sartu ziren eta nondik, eta zer nolako jipoia eman zuten. Beste gauza bat da aztertzea zergatik zen anai arteko guda. Karlisten eta abertzaleen artean, karlistak lehendabizi espainolak ziren, eta abertzaleak lehendabizi euskaldunak. Liburuan Josu Peña, Aretxabaletako 22 urteko gazte baten artikuluak biltzen ditugu. Berak azaltzen du baserritarrek botoa karlistei ematen zietela eta emakumeek abertzaleei. Baina euskararekiko zuten jarrera kontrakoa zen: Euskaltzaindian bertan ere karlista zirenek euskaraz egiten zuten eta abertzaleak zirenek, denek erdaraz! Mutil honek uste zuen karlistak abertzaleen aldera etorriko zirela. Baita ere uste zuen fusilamenduak bukatu zirela, eta hori idatzi eta hiru egun beranduago bera fusilatu zuten.

Zer irtenbide ikusten diozu?
Europa sortzen ari da eta Europan enda txikiek garrantzia handia izango dute. Bata da inperioen heresia eta bestea herri txikien heresia. Europan kultura txiki ezberdinak elkartuko dira, denak lantzeko eskubide eta askatasunarekin.

Oso liburutegi bitxia duzu.
Nik baditut euskal kulturari buruzko liburuak, ale bakarrak direnak. Ijitoei erosten nizkien. Etxeko andre berria baserrira etortzen zenean, etxeko andre zaharraren traste denak ganbarara igotzen zituen. Ganbara betetzen zenean, zer egiten zuen? Ijitoak etortzean dena kanpora atera. Ijitoek 50 zikinkeria eramaten zituzten, baina bi gauza beti balio handikoak. Pentsatu dut liburu zahar guztiak Berlingo unibertsitateari uztea. Euskararekiko mespretxu handia erakutsi du euskaldun askok eta joan den gizaldian alemaniar jakintsu askok ikaragarrizko maitasunarekin egin dute lan euskararen alde. Eta omenaldi gisa emango dizkiet. Humboldt-ek sortu zuen Berlingo unibertsitatea eta Euskal Herriarekin harreman handia izan zuen. Unibertsitate horrek Europako herri txikien kultura bildu eta aztertzeko topagune izan behar luke. Jakin dadin Europa kultura txikiz eraikia dagoela

CURRICULUMA
- Jaio:
Donostian, 1934an.

- Bizi:
Lizarran.

- Apaiza, idazlea, antropologoa eta hizkuntzalaria.
- Teologia, Antropologia eta Hizkuntzalaritza
n doktoratua Parisko Sorbona unibertsitatean.

-
1976tik 1979ra New Yorken bizi izan zen.

- Euskarazaintza
ko kide.

- 18 liburu
argitaratu ditu. Horietako batzuk dira

: Aralar'ko San Migel
(1973. urtean)

, Naparroa Euskal arrobia
(1973an)

, Errioxa'ko San Millan, Euskal Iturri
(1974an)

, Jaka'ra oñez Naparroa'n zear
(1976an)

, Euskal sena
(1999).

- 600 artikulu
idatzi ditu kazeta ugaritan: "Herria"n, "Principe de Biana"n, "Goiz Argi"n, "Zeruko Argia"n, "Diario de Navarra"n...

-
"Diario de Navarra" egunkariko euskarazko orriaren arduraduna da 1997az geroztik.

BERE HITZETAN
"Erri bat ondo ezagutzeko gogo haundia daukazunean, oiñez edo berebillez joatea ezberdintasun aundia dezu. Oiñetakoez lurra zanpatzen zoazela gauzak egiazkoagoak eta ederragoak dira"

Zeruko Argia, 1970-09-27
"Eguraldia bakarra gelditzen zaigu oraindikan emengoa. Arrotza degu nagusi. Eta giro negargarri orren errua, nork du? Ez al da gurea? Ez degu erreta bizi bear, baiña bai sututa, lan berriei eusten diegula ta gaurko egunari eutsiz etorkizun obea antolatzen ari gerala."

Zeruko Argia, 1970-10-25
"Gizonaren gizabide osoa kultura da. Nere iduriz kultura ez da bakarrik jakintza bat, gizabidearen alderdi guztiak baizik. Orixek kultura esan beharrean, gizabidea nahiago zuen. Jakintza itz ori etzitzaion atsegin."

Zeruko Argia, 1970-12-13
"Elizak, gizonak ta erriak, Jainkoarazteko obeak egin nai ditu. Orregatik Elizak euskal gizonen aurrerapenaren alde saiatuaz, nai ta naiez Euskal kulturaren alde jokatu bear du."

Zeruko Argia, 1970-12-13
"Juan Arrizibita apaiza euskaldun jatorrenetakoa da. Leendabizi Aranon egondu zan. Gero Beuntzan. Kristau-ikasbidea aurrei euskeraz ematen zielako, erderaz etzakiten gurasoak Iruñako gotzaiarengana joan ziran apaiza salatzera. Gotzaiak Marzillara, Erriberako erdalerrira aldatu zuan. An Mezalaguntzailleek euskeraz ikasi zuten. Errietan apaizen jokabideak asko esan nai du."

Zeruko Argia, 1970-09-20

BIZITZAREN PASARTEA
Arturo Kanpionek sekulako zirika izan zuen nire bizitzan. Hazten ari nintzela, bere liburuak irakurri nituen: "El último tamborilero de Erraondo", "El bardo de Itzaltzu" eta "Blancos y negros". Orduan jabetu nintzen euskara jasotzen ari zen ostiko galantaz, eta ostikoek mina ematen dutenaz. Kanpionek benetako saminarekin idazten du. "El último tamborilero de Erraondo" irakurtzean nik negar egin nuen eta euskaldunak negar egin behar du euskara galtzen ikusita.

BERTSOA
Doinua: Aita izena
Euskara "hizkuntz-familia" da;
euskalkien uztarria.
Ta hala're ezin elkar ulertu,
hauxe istilu larria
"anai arteko guda" daukagu
etxeko lege jarria
urteak pasa, ta betikoa
da gaurko moda berria
"H"ak soilik batu baititu
hizkuntza eta herria

Jexux Mari Irazu

ARGAZKI ZAHARRA
"Ez al duzu uste umeen kantuekin postalak egin eta zabalduta euskaldunduko genukeela herria?" dio, gerra aurreko bitxikeria hau erakutsiz: kantu, pentagrama eta marrazkia postal batean.


Azkenak
2024-07-12 | Gedar
Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen, faxista bati aurre egiteagatik

Orgullo Cazurro talde faxistako kide bati kontra egin zion atxilotuak, eta bideo batean jaso zuen hori. Guardia Zibilak atxiki du berriki, eta badirudi "gorroto-delitu bat" egotzi diola.


2024-07-12 | Euskal Irratiak
Cyclopotes elkartea: Ikusmenik gabeko jendeen inklusioaren alde, bizikletaz ibiltzeko

Angeluko Cyclopotes elkarteak ikusmen-gabeko jendeer parada ematen die bizikletaz ibiltzeko. Tandem club des déficients visuels du zinezko izena elkarteak eta 2004ean sortu zen. Joan den astean Amikuze eta Oztibarren gaindi pasa dute aste osoa, egun guziez ibilbide... [+]


Donostian 300 pertsona baino gehiago “muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute

Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center... [+]


Etxera dira jada Tsunami auziko Suitzako erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa

Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Fronte Herritar Berria garaile atera da, eta hirugarren kokatu da eskuin muturra

20:00etan atera dira lehen datuak, harridura orokorra eraginez: zundaketa guziek lehen kokatzen zuten eskuin muturreko RN hirugarren atera da eta ezkerreko FHB Fronte Herritar Berria garaile. Gehiengoan edota gehiengo osoan ikusten zen RN Batasun Nazionalarentzat zaplaztekoa... [+]


Anibal direktiba
Urriaren 7an Israelgo Armadak bere soldaduak eta zibilak ere hil zituen, ‘Haaretz’-en arabera

Israelgo egunkari Haaretz-ek hilabeteetako ikerketa egin du Israelgo Armadak iragan urriaren 7an Hamaseko erasoari nola erantzun zion aztertzeko. Armadako soldadu eta ofizial ugarirekin hitz egin du eta ondorioa argia da: Israelek Anibal direktiba indarrean jarri zuen, aurretik... [+]


Kanak gazte bat hil du Frantziako Poliziak, maiatzaz geroztik protestetan hildako zortzigarrena

Frantziako Estatuaren aurkako protestak aitzina doaz Kanaky irlan eta errepresioak ere ez dauka etenik. Uztailaren 10ean tiroz hil du errepide blokeoan zegoen Rock Victorin Wamytan gaztea. Independentisten artean ezaguna den familia batekoa da gaztea: 1998ko Noumeako Bake... [+]


Protestak eragin ditu Sharifeh Mohammadi sindikalista kurdua hiltzera kondenatu izanak Iranek

Langile eskubideen aldeko ekintzaile Sharifeh Mohammadiri heriotza zigorra ezarri diote. 2023ko abenduaren 5ean atxilotu zuten aktibista matxinada karguak egotzita.


Podemoseko 69 diputatu zelatatu zituen Espainiako Poliziak

“PPko polizia patriotikoak” Barne Ministerioaren datu-baseen bitartez, Podemoseko politikariak espiatu zituela informatu du El Paísek, horien artean Pablo Iglesias, Yolanda Díaz, Ione Belarra edo Irene Montero. Espainiako Estatu osoko autonomia erkidego... [+]


“Itxaropen haizea dakar Fronte Herritar Berriaren dinamikak”

Iñaki Echanizek irabazi du Zuberoa, Nafarroa Beherea, Hazparne eta Biarnoko zati bat barnebiltzen dituen laugarren hautesbarrutian. 2022an bezala, garaile atera da, ezkerreko Fronte Herritar Berriaren izenean.


2024-07-11 | Nicolas Goñi
Gazteen artean, ezker-eskuin banaketa politikoa genero ikuspegitik ere aztertu daiteke

Azken bi hamarkadetan, herrialde garatuetako belaunaldi gazteetan zabaldu da generoen arteko urruntze ideologiko bat. Gizon gazte gero eta gehiagok ideia kontserbadoreak edo eskuin muturrekoak onesten ditu eta emakume zein pertsona ez-bitar gazte gero eta gehiagok bere burua... [+]


“Janaria mintzaira bat da, epistemologia alterno bat”

Iruñerrian ondo ezagutzen dute, baina ni neu txundituta geratu nintzen Ana Laura Duarteren janari-instalazioak ikusi nituenean, lehenik Iruñeko Ziudadelan eta handik astebetera Uharteko parke batean, ekainaren erdialdean. Instalazio efimeroak izan ziren biak ala... [+]


Eguneraketa berriak daude