Familia asko bezala zure gurasoak ere 1949. urtean Argentinara joan ziren. Non jaio eta nola iritsi zinen Argentinara? Bordelen jaio nintzen 1937an ama gerra zela eta haurdun atera zelako Erandiotik. Francok Bilbo hartu zuenean nire aita Martiartu batailoian zegoen eta preso hartu zuten. Handik bi hilabetetara nire ama itzuli zen etxera nirekin. Erandion hazi nintzen eta 12 urte nituela familia osoa hona etorri ginen. Eusko Jaurlaritza mantentzeko dirua jasotzen zuen aitak. Txikitan aita ikusten nuen dirua botiletan sartzen eta etxeko lorategian lurperatzen. Ama beti kezkatuta zegoen, zerbait gertatuko zitzaiola eta. Hemen senitartekoak genituen eta aita bultzatu zuten hona etortzeko. Tornularia zen aita eta hemen lan asko eta aberasteko aukera zegoela esaten zioten.
Noiztik zaude Laurak Baten? Hau nire bigarren etxea da. Hemen izena eta abizena daukazu, denek badakite nor eta nolakoa zaren. Familia handia da. Duela 15 urte izan nintzen lehendakari eta orain berriro.
Zein da euskal etxe honen egoera? 560 bazkide gara, baina adin-piramide itsusia dugu: bazkide zahar asko dago eta gazteria falta da. Argentinan entretenimendu aukera guk eskaini dezakeguna baino zabalagoa da. Euskal Etxeko jendea garai bateko Euskal Herriaren irudiarekin gelditu da. Emigrazioa 1950ean bukatu zen eta orduko Euskal Herriaren irudi idilikoa gordetzen da hemen: ohiturak, kanta zaharrak... Gaur egungo Euskal Herriarekiko aktualizazioa falta da. Komunikazioa hobetzen ari den neurrian hobetuko da hori. Orain migrazio korrontea inbertitu egin da, hemengo gazte asko Euskal Herrira joan da, euskal etxeko kide batzuk adibidez. Bigarren eta hirugarren belaunaldiko bazkideak daude, baina handik etorritako jendea ere badago oraindik, Gerra Zibilaren ondoren etorritakoak.
Noiz izan zen Argentinarako migraziorik handiena? Euskaldunak mundu osoan daudela esan arren, ez dute asko emigratu. Tantaka etorri den migrazio historikoaz ari naiz. Amerikan Argentina, Txile eta Uruguaiera gertatu da gehienbat. Migrazio berria Venezuela, Mexiko eta EEBBetara joan da batez ere. Argentinan euskal abizenen konzentrazio handia dago. Biztanle guztien % 10 aipatzen da.
Eta zein dira euskal etxe honetan egiten diren aktibitate nagusiak? Frontoia egunero irekita dago eta larunbatetan pilota gogorrari ematen zaio lehentasuna, mutiko talde bat eskupilotan aritzen da. 75 urte dituen Lagun Onak abesbatzak izen handia du, urtean bi aldiz Teatro Colon ospetsuan abesten du. Euskara klaseak ematen dira. Ikastaro hasieran iragarki txiki bat jartzen dugu egunkari zabalduenetan eta urtero 100 ikasle berri etortzen zaizkigu. Koroak adina urte dituen dantza taldea ere badugu, Emakume Abertzale Batzaren ardurapean. 30 neska-mutil aritzen dira, ikasten ari diren haur txikiak kontatu gabe. Gure jaietan izaten dituzte emanaldiak. Euskal kultur etxea daukagu: kalera ematen duen liburudenda eta ikerketa-zerbitzua (abizenak, unibertsitatea, lana, herriak, bekak). Niko Iguain beasaindarra da buru. Ondoko lokalean FEVA (Federacion de Entidades Vasco-Argentinas) dago. 80 bat etxe edo elkartzen ditu, batzuk txikiak, besteak handiak, herrien eta euskaldun kopuruaren eta aktibitateen arabera. Antzoki txiki bat ere badugu hitzaldiak emateko. Eta taberna-jatetxea, noski. Orain euskaraz dakiten batzuk daude eta gainera sukaldea asko hobetu da. Larunbata da euskal familiaren eguna eta jende asko elkartzen gara afaltzen. Buenos Aires handia da eta astean zehar lanaren ondoren etortzea zaila da. Buletina egiten dugu bazkideentzat, informazioa eta euskal kulturako gaiekin. Orain euskal problematikaz kezkatuta gaude.
Zein jai ospatzen dituzue? Aberri Eguna ospatzen dugu eta jai honi indarra eman nahi diogu, ez hemen bakarrik, Argentinako zentro guztien artean baizik. Gero Loiolako San Inazio, Arretxinagako San Migel (Alderdi Eguna), independentzia gogoratzeko bi jai argentinar (maiatzak 25 eta uztailak 9) eta Laurak Baten fundazio eguna (martxoak 13) ospatzen ditugu. Uda ondoren urteko aktibitateen hasiera izaten da egun hori. Urtero euskal aste nazionala ospatzen dugu aktibitate desberdinekin (pintura, musika, enpresarialak, folklorea), baina Argentina handia da eta bere eragina galdu egiten da.
Lehendakari bezala zein dira zure eginbehar nagusiak? Jendea hartzea. Harreman publikoak dira orain garrantzitsuenak. Euskal Herriko udan turista asko etortzen da: enpresarioak ere bai. Aconcaguara joaten diren mendizaleak azaltzen dira asko. Juan Jose Ibarretxe, Jose Antonio Ardanza, Karlos Garaikoetxea, Mari Karmen Garmendia, Euskadiko Orkestra, Gaztelubide eta Gaztelupe abesbatzak izan dira adibidez.
Aurrera begira, nola ikusten duzu Laurak Bat euskal etxea? Lehen esan dudan bezala bazkideen batez besteko adina aurrera dihoa eta oroimenean oinarritutako mundu batean daude, gaur egun ez den Euskadi bat dute buruan. Bizitasuna eman nahi diogu gure elkarteari jende berria erakarriz. Euskal jatorriko argentinarrak erakartzea da zuzendaritzaren asmoa. Horretarako internet eta publizitatearen bidea erabiliko dugu. Elkarte eusko-argentinarra izango da, baina beste irtenbiderik ez dugu ikusten. Euskal Herritik denbora baterako datorren jendea ez da inguratzen, Buenos Airesek asko eskaintzen dielako. Bizitza osorako etorriko balira inguratuko lirateke hona. Enpresaren bitartez bi edo lau urterako etorritako euskaldun asko dago hemen, baina lagunak egiteko ez du hona etorri behar.
Lehen aipatu duzu euskal gatazkaz oso kezkatuta zaudetela. Zein eragin du egoera horrek hemen? Argentinara iristen den informazio guztia oso partziala da, atentatu bat edo horrelako zerbaiten berri ematen dute. Ez dira konturatzen arazoa konpontzeko abertzaleekin hitz egin behar dela. "La Nacion" egunkari ospetsuan Madrilgo korrespontsalak terrorismoa abertzaletasunarekin lotzen zuen eta PPk PSOErekin batera euskal hauteskundeak irabazi ondoren Eusko Jaurlaritza eskuratu eta hezkuntza, ETB eta abertzaletasuna laguntzen duten euskal enpresariak eta elkarteak erasotu behar zirela zioen. Gure artean kezka handia sortu zuen artikulu horrek eta eskutitzak bidali genituen egunkarira. Nirean adibidez, Euskal Herrian dohain eta ordainduz, eskola erlijiosoan eta laikoan ikas daitekeela jartzen nuen. Telebista eta komunikabideen % 95a Espainiatik datorrena dela eta euskaraz dagoen bakarra kendu nahi dutela. Gero prentsa askatasunaz hitz egingo dute. Athleticek jokalari atzerritarrak fitxatu beharko dituela esaten nuen, elkarte gastronomikoak jatetxe bihurtu, herri kirol eta folklore elkarteak desagertu zaharkinak direlako. Eta azkenik, Francok egin zuen bezala, euskal izenak eta abizenak kendu, horrek ere abertzaletasuna sortzen duelako. Ez dago eskubiderik. Horrelakoen aurrean erne egon eta gogor erantzun behar dugu.