Frantses girotik datorren neska bakartia da Nora. Aita euskalduna duen mutiko beltzaran kubarra, Gartzen. Eta bien arteko maitasun istorio ezinezkoa aurtengo Lizardi Saria eraman duena. Bermeotarra da Begoña Bilbao, baina Ibarrangelun bizi da egun, eta bertan hartu gaitu. "Ezagutzen al duzu Laidako hondartza?" izan da bota duen lehen galdera. Pixka bat lotsaturik, ezetz esan eta bueltan bertatik pasatzeko gomendioa egin digu.
"Ibaia maitasunaren oztopo" izenburuak dion bezala, maitasun istorio bat da hau, eta horren oztopo, ibaia.Ibaia da oztopo nagusia. Baina niretzat ibaia sinbolo bat da, era askotako sinbolo bat. Ibaia pertsonak eta lurrak banatzen dituena da; zarata egiten du eta horrek inkomunikazioa ekartzen du. Une jakin batean ibaian hormigoizko hesi bat eraikitzen dute eta han trapu zaharrak, adarrak, zaborreria guztia trabatzen da. Hori kanpotik sartzen zaigun era guztietako zarataren sinboloa da: musika, mezuak... Gizakiok belarriak beti ditugu irekiak, dena barrura sartzen dugu eta askotan hartzen dugun guztia gorde eta trabatuta geratzen zaigu. Gazteak zaratan murgilduta bizi dira eta inkomunikazioa sortzen du horrek. Ipuinean errekak, ur handia dakarrenean, zarata handia egiten du. Eta hala ere pertsonaiek elkarrekin komunikatzea lortzen dute. Azken finean, nahiz eta zarata artean bizi, badago komunikaziorako aukera.
Liburu honetan ibaiak itxura desberdinak hartzen ditu. Eta horiek nik ondo ezagutzen ditut. Hasieran erreka estu bat da, hemen etxe ondotik pasatzen den huraxe bezalakoa. Baina gero eta zabalagoa izango da.
Beste oztopo batzuk ere ageri dira: arrazismoa, klaseen arteko bereizketa... Arrazakeria nolabait azaltzen da, baina neurri handiagoan klasismoa. Gaur egun esaten da klase sozialen artean ez dagoela mugarik. Baina gaur ere kasuak ematen dira. Dena den, ideia hauetan ez dut gehiegi sakondu. Gehiago sartu naiz inkomunikazioaren gaian. Badut nik beste lan bat eginda, Gernikaren bonbardaketaren inguruan. Hegazkinek bonbak jaurti beharrean, bozgorailu itzelak dituzte. Berben bonbaketa da. Horrekin esan nahi dudana da azkenean ohitu egiten garela era guztietako bonbaketetara: kontsumoa, moda, politika...
Dena dela, liburuak interpretazio asko izan ditzake irakurlearen arabera.
Aurkezpenean norbaitek esan zuen amaieran maitasuna dela garaile.Berak ondorio hori atera zuen, garesti aterata ere maitasuna garaile dela azkenean.
Baina ez al da ordainketa garestiegia? Haiek elkartu egiten dira haritza eta lizarrak euren adarrak elkartzen dituztenean. Baina bizitzaz ordaintzen dute eta hori ordainketa gogorregia da. Zuhaitzena sinbolikoa da. Irtenbide bakarra beste bizitza batean jarraitzea da. Ni sinestuna naiz, baina beste bizitzarena zalantzan jartzen dut. Asko maite duzun pertsona batekin beste bizitza batean elkartzea ederra izango litzateke. Baina ipuin honetan ez dago horrelakorik, ez dago jarraipenik.
Zein adinetakoei dago zuzendua ipuin hau? Gazteei zuzenduta dago, 13 edo 14 urte dituztenei. Nagusiek ere irakurtzekoa da, baina... Ez dut ahaztuta adin horretan Emilio Salgariren abenturak-eta irakurtzen nituela. Abentura horietako pertsonaia bat sentitzen nintzen. Sartu egiten nintzen. Hori ez dela galdu uste dut eta bateren bat pertsonaiekin identifikatua sentituko dela espero dut.
Gazteak lehen aldiz maitemindu daitezke adin horretan. Kontatzen duzun istorioa ez al da pixka bat gogorra haientzat? Ez. Eta hain zuzen lehen aldia delako. Askotan maiteminduko balitz, ohituta egongo litzateke egoera desberdinetara. Liburuko pertsonaiak lehen aldiz maitemintzen direnez, eurentzako berria denez, gauzak muturrera eramaten dituzte. Esaterako, errekan behera egiten dute elkar topatzeko...
Zergatik egiten dute errekan behera eta ez, zuzenean, gora? Ipuinean ibaia mugan badago ere, Bidasoa izan badaiteke ere, nik Laida ingurua izan nuen gogoan pasarte hori idazterakoan. Laida eta Sukarrietan, itsas beheran urak asko jaisten dira eta hondartzak agertzen dira. Leku jakin batzuetan posible da ibaia leku batetik bestera oinez zeharkatzea. Batez ere ur biziak direnean eta itsasoak atzera egiten duenean. Baina korronteak ere badira hor, eta oso arriskutsuak gainera.
Gero, behera eginez elkartu ezin zitezkeenez, gora egin zuten. Bazekiten errekaren iturburuan posible dela elkartzea. Eta iritsi eta elkar ukitu behar duten unean, past!
Amaiera tragikoa eta beste elementu batzuek kontuan hartuta istorio erromantiko gisa hartu daiteke, zentzu guztietan. Bada erromantikoa. Laxaro Azkunek Romeo eta Julietaren istorioa zirudiela esan zidan. Elkar ukitu ere ez dute egiten. Erreka zabaltzen doa eta gero eta ahalegin handiagoa egin behar dute komunikatzeko.
Protagonistek ez dute harreman fisikorik, beraz. Egungo gazteengana iristeko oztopoa ez al da hori? Hori ikusteko dago. Irakurleen iritzia jasotzea gustatuko litzaidake. Ez soilik nagusien iritzia, gazteena baizik. Eta badut esperantza istorioa gustatuko zaiena. Badut esperantza gazteei erromantizismo apur bat geratzen zaiena.
Gazteentzat idazterakoan, mezuren bat igortzea izan al duzu gogoan? Ni irakaslea izan naiz, gehienetan 14 urtetik gorakoen irakasle. Gazteekin beti izan dut harreman ona. Lagun onak egin izan ditut gazteen artean. Baina errespetua ematen dit haien aferetan sartzea. Gauza batzuekin ez nago ados, baina ez naiz ausartzen ezer esaten. Eta horregatik orain arte ez naiz ausartu gazteentzako idatzitako ezer argitaratzen. Gazteentzako ipuin lehiaketa batera aurkeztu naizen lehen aldia da.
Gauza irensgarri bat egin nahi nuen, ez moralizantea, ez nuen moralejarik egin nahi.
Horregatik ez zara sartu pertsonaien psikologian? Une jakin batzuetan ez bada, euren izaera ez da garbi agertzen liburuan. Gazteen izaera hurbiletik ezagutu dut, baina sekula ez dut horrelakorik sartu nire lanetan. Eta pertsonaien psikologian sartzekotan gura barik egin dut. Zeure buruari buruz idazten baduzu, ahal duzun guztia ipini. Baina idazle orojakile bat banaiz nik zu nolakoa zaren kontatu behar dut, eta nik ez dakit zu nolakoa zaren. Apropos behintzat, ez naiz pertsonaien psikologian sartu zalea. Psikologo zalea ere ez naiz. Nire ustez, psikologoek eurek behar dute psikologoa.
Dena dela, salbuespenak baditut. Badut nolabaiteko autobiografia bat idatzita. Nik gerra ezagutu dut eta 1936tik 1948a arteko biografia idatzi dut. Garai hartan aita kartzelan izan zen eta orduko pertsonetaz, berbetaz gogoratzen naiz. Gero, duela bost-sei urte ezagutu nuen pertsona bati buruz badauzkat gauza batzuk eginda. Kasu horretan apropos sartu nahi izan dut pertsona horren psikologian. Pertsona berezia da oso, beste mundu batean bizi da, adinekoa da eta fantasia asko dauka. Nobela bat idazteko moduko pertsonaia psikologikoa da.
Unibertsitatean izan nintzenean, kritikako irakasleak zera esaten zigun: "Pertsonaia psikologiko baten inguruko obra idazten duzuenean, arrakasta ziurtatuta izango duzue".
Eta nobela argitaratzeko asmorik bai? Ez, ez.
Baina arrakasta ziurtatua baduzu?Andre horrek interesa piztu zidan eta horregatik idatzi nuen. Baina nik gauza asko daukat idatzita eta gordeta. Dena gordetzen duten horietakoa naiz. Nire senarrak beti esaten dit egunen batean garbiketa egin behar dugula.
Adibidez, "Gutiziak" bildumarako idatzi zenuen "Amodio berantiarra" ipuinean neurri handiagoan sartzen zara protagonistaren izaeran. Bai egia da. Lehengo batean "Euskaldunon Egunkaria"ko Bizkaiko gehigarrian egin zidaten elkarrizketan, ipuin horretako pertsonaia ni neu ote nintzen galdetu zidaten. Eta ez da horrela. Baina nire alaba gazteenak esaten dit niretik zeozer badagoela. Horrek ez du erremediorik. Lehen pertsonan idazten dudanean pertsonaiaren barruan sartzen naiz.
Errazagoa egiten zait hirugarren pertsonan idaztea. Baina gehien gustatzen zaidana lehen pertsonan idaztea da. Eta nire lan guztietan beti dago zeozer, oinarri bat benetan ezagutu dudana. Ipuin honetan beharbada ez. Ibaia soilik da ezaguna. Ibaia bere itxura guztietan.
Ipuinaren barruan beste bi ipuin sartu dituzu: Pottorro txoriarena eta Xixili laminarena. Horiek nondik atera dituzu? Nik asmatuak dira. Baina oinarri errealak dituzte. Bermeon ubarroiari esaten diogu pottorro. Izarotik gertu Pottorro Harri izenekoa ere badago. Pottorrok lehen pertsonan kontatzen du bere istorioa. Beste ipuina, laminarena, aldiz, hirugarren pertsonan dago kontatua. Bermeon badago sirena baten irudia eta Xixili du izena. Eskultura dagoen lekutik gertu, Mundaka aldera, Laminaren Punta dago. Azkuek dio han laminak egoten zirela. Eta horietako bat da ipuineko Xixili.
Lizardi sariak ilusio berezia egin omen dizu. Benetan. Zarauzko Udaleko euskara zinegotziak hots egin zidanean ezin nuen sinestu. "Itzartuta al nago? Ez al nago ametsetan?" Galdetzen nion senarrari. "Ezetz, bada". Eta ilusioa arrazoi askogatik egin dit. Batetik Lizardi saria izateagatik. Lizardiren lan guztiak irakurri ditut eta izugarri gustatzen zait haren sentimendua, lirikotasuna... Niretzako ohore bat izan da. Bestetik, gazteentzat idatzitako lehen lanarekin saria irabaztea ere garrantzitsua izan da. Baina, gainera, sariketa honen lehen urtean Mariasun Landak irabazi zuen. Aurtengoa 19. urtea izan da. Bada, ordutik hona ez da saria irabazi duen beste emakumerik izan. Atxagak, Aristik, Igerabidek... irabazi dute, baina zaila da emakume baten izena hor ikustea. Benetan poztu nau horrek. Eta ez nadila azkena izan.
Solasean jarraitu dugu Begoña Bilbaorekin. Emakumeek idatzitako literaturaz hizketan hasi eta Lucia Etxebarria "erdi-bermeotarra"ren iritziak zalantzan jarri ditu, ondoren. Izaroko monastegiko monje baten amodio istorioa ere kontatu digu. Eta Bermeon PPk izandako igoeraren arrazoiak bilatu nahian ere ibili da. Eta hala ere bere irakurleek erromantizismoari tokia egingo dioten esperantza du.
Solasaldia amaitu, Ibarrangelu atzean utzi eta bere aholkuari jarraiki, Laidako hondartzan osteratxoa egin dugu. Itsas-behera egokitu zaigu eta erreka bare dator. Erraza dirudi alde batetik bestera pasatzea.