"JUSTIZIARENTZAT ZIRRIKITURIK EZ BALEGO, UTZI EGINGO NUKE"

  • Legearen zirrikituetatik begira dago Nekane, gure epaitegietan zuzenbidea ez dadin N-1 bide zuzena bihurtu, eta euskararen auziak heriotz zigorretik aterako duen saihesbidea har dezan.
Hainbeste urtez abokatu izan ondoren, zerk bultzatu zintuen epaile izatera? Zein helburu zenituen?
Ez erabaki hori hartzeko, ez besteetarako, ez da une bat, edo bat bateko zerbait aldatzera eramaten zaituena, nigan behintzat. Hamabost urtetan abokatu lanetan aritu ondoren beste ikuspegi bat hartzeko gogoa egin zitzaidan (ez etorri, egin baino). Bezeroarengandik hurbilegi egiten nuen lana, hurbiltasunak ematen duen aberastasunez baina neke guztiekin, noski; eta gogoeta horietariko bat, tartetxoa jartzeko beharra ere izan zen. Beste ikuspuntu batean jartzerakoan gauzak beste modu batean ikusiz, asko ikasten baita (agian, adina besterik ez da, baina niri lan honek ere asko erakutsi didala iruditzen zait).
A! Dena den, beti esaten dut... Ez dakit lan honetan jubilatuko naizen.

Zuzenbide karrerak legeekiko eta epaileekiko ikuspegia aldatu zizun, edo zabaldu?
Zuzenbidea ikasten hasi nintzenean hamazazpi urte besterik ez nituen, eta abokatu laboralista izan nahi nuela oso argi neukan. Sindikatu, langile elkarte edo alderdiak... guzti hori 70eko udazkenean, amets bat besterik ez zen, baina garai hartako lege faxistetan zirrikituren bat bilatzeko gai ikusten nuen nire burua (adin horretako edozein gaztek moduan, noski), langileen eskubideak hain urratuak izan ez zitezen lan egin nahi nuen. Eta ikasterakoan, zirrikiturik bazela iruditzen zitzaidan, eta iruditzen zait. Ikuspegia aldatu zaidan? Noski... orain hamabost urte bakarrik norbaitek epaile izatera helduko nintzela esan izanez gero, ez dakit zein begirada modu botako nion ere... Dena den, epaileekiko irudia, barrutik, asko aldatu zait, eta ez onerako. Baina aldaketak aldaketa, orain hamabost, hogei urteko epaileen jarrera eta oraingoa, ez zaizkit berdinak iruditzen: gizarte osora begiratu besterik ez dago, eta epaileok ez gara salbuespena horretan.

Ez da berdina tornilo fabrikako langile baten hutsa, eta mediku batena edo epaile batena. Nola daramazu zure lanbideak berez dakarren presioa?
Jendeak sinistu ala ez, berdin zait, baina nik barruan daramadan presioa nire kontzientziarena besterik ez da, eta kanpokoak bost ajola. Beste presio moduei kasu egingo banie, ez ninduteke jarri izango askotan jarri nauten bezala, eta presio klase hori ardura zer den dakien orok du. Halako galderak egiten dizkidaten bakoitzean, hauxe datorkit burura: Epaimahaikideen legea martxan hasi zenean, hitzaldi batzuk ematera deitu ninduten, jendearen parte hartzea zela eta, kezka, beldur eta abar luze bat sortu baitzen. Eta gehienak erantzunkizun handiegia zela eta, aritzen ziren. Eta ni benetan haserretzen nintzen, hainbeste adibide jar baitaiteke besteengan eragina duen jokabideak arinkeria demasekoarekin egiten ditugula ikusita: zer dago serioagoa ume bat mundu honetara ekartzea baino? Egunero hazi eta hezi, eta bere bizitza (ez zurea, beste pertsona batena baino) nola zuzendu, mugatu... eta askotan izorratu egiten dugula ikusita. Eta horrek jendeari ez dio inolako kezkarik sortarazten, eta hamaika egoera dago zure keinu txiki batek (ez epaile moduan, persona soil moduan baino) eragin izugarria duena beste pertsona batengan, bere bizitzan, erabakietan. Egia da norbait kartzelaratzea gogorra dela, baina horretaz luzeago mintzatu gaitezke...
Inoiz bizi izan duzu epaia eman behar eta zure buruan kontraesana sortzea?
Behin baino gehiagotan.

Eta nola daramazu kontraesan unetan lege jakinen gainean zure erabakia hartu beharra?
Lege asko ez dira nire gustukoak (ezta adiskidetzat dudan hainbat epailerenak ere, noski), baina badakizu zeintzuk diren legeak eta lege horiek irakurri eta aplikatzeko oinarriak, eta ahalik eta zuzenen jokatzea, printzipio horiei kasu egitea da: zigor, edo penal arloan, adibidez, berdintasuna, errugabetasun printzipioa, defentsa eskubidea, zigorra eta kartzela azken neurri moduan... eta ondorioa gustatzen ez bazaizu, ba, lehen esan dudan bezala: nire burua eta biok.

Zein epaiketatan ez zenuke parte hartu nahi?
Ez dut buruan epaiketa jakin edo zehatz bat, egoera bat baino. Legean justizia pixka bat egiteko inolako zirrikiturik geldituko ez balitz, orduan alde egingo nuke.

Epaile denek lege bera jarraitzen dute, baina bakoitzak nahi duen irakurketa egiten du. Horrek ez al du epailea legearen gainetik jartzen?
Beti eman dira halako egoerak, ezagunak, ez ezagunak (eta horregatik jasan izan duenarentzat gogorragoak, isiltasunean eraman beharra dela eta). Halakoetan galdetu beharko litzateke, epaile horrek legea eta agirian dauden printzipioak errespetatu dituen ala ez. Printzipio horiek ezagunak dira (ez da, kasu honetan, gustukoak izan ala ez, denentzat berdin irakurtzen diren baino). Behin abokatu ezagun eta fin bati zera entzun nion: ez dela epaile ona zerbaiten kontra borrokan dagoena, ezta delituaren kontra borrokan bizi dena ere. Horren gainetik, tarte batekin, eta gure miseria pertsonalak alde batera utzita jokatzen ez badugu, jai dago. Baina gizartean denetatik dagoen moduan, gure artean ere bai.

Nork epaitzen du epailea?
Legediaren arabera, beste epaile batzuk: alde batetik, ebazpen zehatz horren kontrako helegite edo errekurtsoen bidez; bestetik, epaile horrek legea behartu eta beste helburu batzurekin irakurri badu, pertsonalki erantzukizuna eskatuz (legearen arabera, behintzat, hori egin daiteke eta).

Botereek autonomoak izan behar omen dute. Aginte judiziala, eta beraz, epaileak, hala al dira?
Formalki bai, gero bakoitzak jakingo du halako ebazpen edo epai bat hedabideen matxakea ekiditzeko, edo zergatik ematen duen: hemen asko hitz egiten da terrorismoari beldurra diotelako ematen direla epai batzuk, baina zuzenean jasaten duenak bakarrik daki (eta ingurukoek) zer den hedabideen erasoa eta gure lanean eragina izateko egiten dituen eginahalak. Ez zuzenean, noski, niri behintzat inor ez zait etorri halako ebazpena eman behar dudala esanez, eta ez dut uste zuzenean inor ibiltzen denik. Beste modu batzuk daude. Eta hor, beste askotan bezala, bakoitzaren izaera dago.

Desobedientzia zibila nola ikusten du epaile batek?
Gure herri honetan ematen da bat ere gustatzen ez zaidan zertxobait: munduan zehar urteak eta urteak daramatzaten errebindikazio moduak talde jakin batek bere gain hartzen ez dituen bitartean ez dute baliorik, eta talde jakin batek ontzat ematen dituenean, ez dago ezer ez hoberik, ez egokiagorik, ez gaurkoagokorik.
Desobedientzia zibilak mendea baino luzeago den historia du (Thoreau 1862an hil zen, besterik gabe, eta hor daude historikotzat jo daitezkeen Gandhi eta Luther King). Bide luze horretaz gain, filosofia garbi bat ere badu desobedientziak: batetik baketsua izatea, biolentziarik ezak dakarren guztiarekin; bestetik arau edo legeren bat dela eta, nork bere burua edo bere sentitzen duena zapalduta ikustea; eta azkenik, aginteari ezetz esateak dakarkion sufrimendua jasateko prest egotea (ezbai luzeak daude, prest egote hori zigorra eta ondorioak onartzea den ala ez). Azterketa sakonak egin dira noraino den oinarrizko eskubidea ala ez, noraino Konstituzio demokratikorik dagoen herrietan, honen gainetik, azpian edo ondoan koka daitekeen zerbait den, zilegi den, desobeditzen duenak arau zehatz baten kontra egiten du, baina ez omen du legedi oso baten kontra egiten... bai ala ez... eta guzti honen ondorioak.
Herri honetan, beste behin ere, asunto interesgarri, aberats eta eragingarria betiko amildegirako bidean ote doan beldur naiz.

Legeak zenbateraino baldintzatzen du gure bizitza?
Zein legek? Idatzita dagoenak? Epaileok aplikatzen dugunak? Idatzi gabe albokoak inposatzen dizun bizitzeko modua, pentsatzeko modua, jazteko moduak? Berdintasuna legetzat hartu, eta gizona omen dela esanez, emakumea ote den galdetuz, begiratzen zaituzten hamaika biztanleren eraso den eguneroko legeak?

Epaitegietako euskararen egoera txarraren erantzuleetako bat "euskaldunon arduragabekeria" dela diozu.
Euskarak bizi duen egoera latz eta gogorra bistan da, bai gizartean, bai epaitegietan... eta hainbat hitzaldi eta mahai ingurutan, erru eta errudunen zerrenda egiten denean, guztiok besteei, kanpora botatzen ditugu erru eta arrazoiak: legeak, epaileak, funtzionarioak... eta nik ez diot inori berea kentzen, baina gauza bat garbi dago: oso euskaldun gutxik eskatzen dugula euskaraz epaitegietan, eta eskatzen denean, gehienetan gai jakin batzuetan da (insumisioa eta kale borroka), eta hori ez da normalidadez erabiltzea: edozein gaietan euskara erabiliz eskatu beharko litzateke. Gainera, filosofia kontu bat ere bada: errurik ez baduzu, errugabe zara. Errugabea=ahalmengabea? Guk ezin dugula ezer egin? Aurrena, euskaldunon artean euskaraz hitz egin eta idatzi behar genuke, baina abokatu asko dira, euskaldunak izanik, sekula santan karta bat euskaraz idaztera ausartu ez direnak bezero euskaldun bati, nahiz eta gero protesta biziak egin. Edo euskalzale, euskaldun eta gai honetan protesta bizian dabiltzanak, eta gero abokatu erdalduna hartu eta dena erdaraz aurkeztuz ikusi ditudanak, "eraginkortasun" edo "jakinduria" edo ez dakit zeren izenean. Halako eta antzerakoengan ari naiz pentsatzen hori esaten dudanean. Ez duzu uste euskaldun garen guztiok epaitegietan euskaraz eskatuko bagenu, orain arazotxoa besterik ez dena, problema handia bihurtuko litzatekeela?

Zein pausu konkretu eman beharko lirateke epaitegiek euskaraz funtzionatzeko?
Espainiako Konstituzioak euskararen ofizialkidetasuna aldarrikatzen du, eta ez definitu arren, lan hori Auzitegi Konstituzionalak aspaldi hartu zuen. Hala, ofizialkidetasun horrek hauxe ekarri beharko luke: hiritar batek hizkuntza hori aukeratzen baldin badu Administrazioarekiko harremanak aurrera eramateko, españolarekin moduan, harremanak berak aukeratu duen hizkuntza horretan egiteko modua bermatu eta gauzatu behar da. Hori da ofizialkidetasuna, eta ez dut uste itzultzailearen presentzia hutsarekin hala definitutako eskubide bat betetzen denik.
Baina hemen bigarren zatia dator: nik, euskaldun moduan, zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea baldin badut, zerbitzu hori eman behar didanak hizkuntza jakiteko obligazioa behar du, hau da, txanpon baten bi alderdiak hor daude. Eskubideak beste norbaitentzat obligazioa dakar. Obligazio hori ez dago araututa, eta ez dirudi horretarako asmorik dagoenik. Hala, funtzionarioaren (hemen denak sartzen ditut: epaile, idazkari, fiskal, beste funtzionario, polizia...) borondate onaren zain behar duzu, eta gogorra da eskubidea baldin baduzu, "ondo portau dalako, ia ia oinetan mun ematen ibili beharra" edo "habla en cristiano" entzutea zure lurrean, edo zuretzat garrantzitsua den zerbaiti buruz erabakia hartu behar duena gogoz kontra aritzea...
Beste alde batetik, ezin da gauetik goizera "aparataje" guztia euskaldundu (legea aldatu arren), eta momentuz, borondate on pixka batekin eta gauden euskaldunok "aprobetxatuz" (epaile, idazkari, funtzionario, fiskal...) epaitegi batzuk antolatu eta horietara euskaraz aurkez daitezken eskaera guztiak zuzentzeko aukera ere, aztertzeko modukoa dela deritzot. Oraingoz euskaraz egiten den eskaria aurrera ateratzeko modua legoke... ideia ez da berria, eta Europan zehar kontu honi antzerako planteamenduez eman diote irtenbidea: Belgikan, Italiako iparraldean, Suitzan... baita Kanadan ere... aldez aurretik bietako hizkuntza baten edo bestean prozesua aurrera eramateko aukera nola bideratzen den arautu eta ez da ezer gertatzen, baina hemen lehen aukera (eta askotan, bakarra) gaztelaniaz egin beharra da.

Espainiako Estatuko beste hizkuntzak zein egoeratan daude eta zein hartu behar dugu eredu?
Legedia bera da, eta honek sortzen duena ere antzerakoa. Hortik kanpo, datu soziologikoak eta politikoak daude: adibidez, Galiziako epaile lagunek Xuntak ezer gutxi egiten duela esaten didate, gauza oinarrizkoenetan ere. Katalunian, aldiz, katalanez hitz egin eta idazten duten epaile kopurua zabalagoa izanik, taldetxo bat sortu dute, katalanez lan egitearena bultzatzeko. Baina hauek ere funtzionario dexenterekin dute arazoa eta hori beste kontu bat da: euskaraz egin nahi duen epailearen arazoak ere bikoiztu egiten dira. Erderaz funtzionarioak moldatzen dituen idazki txikiak ere zerorrek egin behar dituzu euskaraz, eta beti atzean ibili... eta horrela lana aurrera ateratzea ezinezkoa bihur daiteke.
Eta hemen, ba betikoa, euskara badakigu zerekin lotzen den...
Lauzpabost urte dela, Generalitateak (epaile talde batek ere bultzatuta) jardunaldi batzuk antolatu zituen, gure antzeko kultura juridikoa zuten herrialdeetan arazo hau Justizia Administrazioan nola soluzionatu duten aztertzeko (bi hizkuntza ofizialak izatearena, alegia), eta Estatutako Epaile eta Irakasleak agertu ziren. Erraza zirudien, baina hori praktikara eramateko gogoa, errespetoa eta beste abar luze bat behar da, eta badirudi halakorik soberan ez dagoela.

Toga eta mailutxoa utzita, nor da Nekane San Migel?
Epailetzara sartu den etxeko-andre bat, lan honek duen guztiarekin. Ez naiz "ganorabakua" (nire herrixan hala esaten dogu) eta jenio bizikoa naiz (fama horretan omen dut). Bestela, pertsona arrunta, normala, eta inolako erakargarritasun edo merezimendu berezirik ez diot nire buruari ikusten, baina orain hedabideetan edozein, beste meriturik gabe, egunero irteten denez, hemen atera nauzue

BERTSOA
Doinua: Hamalau heriotzena
Epaiak tarte gutxi
zirrikiturako,
ta justiziak benda
begi bueltarako...
Goenkale halako
zerbait badelako
Lizason esanean
sinistu beharko
ezikusiarena
egiten dulako

Jexux Mari Irazu
CURRICULUMA
- Jaio:
Arrasaten, 1953an.

- Abokatu izana, egun epailea.
-
Deustun egin zituen Zuzenbide Ekonomikoaren ikasketak, eta 1976an abokatu lanetan hasi zen.

-
1991ean epaile lanetan hasi zen Cangas Do Morrazo-n (Pontevedran). Urtebetera Tolosako epaitegira etorri, eta 1997tik iaz arte Bilboko Instrukzioko 7 Epaitegian ari izan da. Egun Bizkaiko Auzitegiko Magistratua da.

-
1993an, Tolosako epaitegian zela, epaiak euskaraz eman zituen lehen epailea izan zen. Justizia Administrazioa euskalduntzeko egin izan diren ahaleginetan parte hartu du.

-
1994-1997 bitarte EAEko Auzitegi Nagusiaren Gobernu Aretoan epaileen ordezkari izan zen.

-
Euskara irakasle izan zen gau-eskolatan (1971-1977), eta Zuzenbide klaseak ere eman zituen Bergarako UNEDen, abokatuen praktika eskolan.

BIZITZAREN PASARTEA
Hainbeste datozkit... eta egunerokoak. Pertsonak ezagutu ditut miresgarriak, miresten ditudanak, zentzuz eta eskuzabaltasunez, leialtasunez jokatzen dakitenak. Adiskidetasuna eta leialtasuna asko baloratzen ditut (gehiegi, nire lagun baten esanetan), eta pertsona horien izenak gogora datoz, noski, baina ez lidakete sekula barkatuko euren izenak hemen azaltzea.

BERE HITZETAN
HERIOTZA, HILKETA eta ERAHILKETAZ
Ez dugu gizakiok maite dugun edozeinen heriotza inoiz onartu. Ezinbestekoa dela jakin arren, denoi etorriko zaigula ikusi arren, ondoko horrek uzten duen hutsune bete ezina, amets gaiztoa balitz bizi izaten dugu luzaroan, denporaren igarotze luze batek bueltarik ez duela garbi utzi arte. "...gehiago egin izan bagenu...", "...hau edo bestea esan banio... ekiditu zitekeen...". Aien horiek egonezina gehitzen dute beste gizaki batek heriotz horretan inolako zerikusirik izan duenaren susmoak: zuhurgabekeriak eragin badu, istripu batek... Salaketak, zigor eskari gogorrak, kalteordain sendo baten ezartzeak bizitza bueltatuko balio moduan jokatzen dugu.
Baina denak gainezka egiten du heriotz hori beste gizaki batek hotz hotzean erabaki badu. Berdin zaizu zeren izenean hartu duen erabaki hori. Zalantza handiak ditut beste pertsona bat aldez aurretik erabakita erahil behar duenaren burutik horrelakorik pasatzen denik: heriotza eragingo dion hori maitatua dela, ingurukoen bizitzan zati bat betetzen duela, bere antzera sentitzen duela (nahiz beste ikusmolde batzuk izan)... Behin bakarrik horretan pentsatzen jarriko balitz, hune horretan "bere eskuetan" duen bizitza hori hurbilegi sentituko lukeela pentsatu nahi dut. Bizitza hori arnasten duena, pertsona, kide sentituko luke eta ez idea baten irudi, edo lan baten egile. Eta bakarrik, ez du zuk jasatzen duzun guzti horren errua. Eta bera bukatu delako, ez da zure arazoa soluziobidean jartzen.

Arrasate Press, 2000-05-12


ARGAZKI ZAHARRA
Nekane San Migel ahizpa txikia zaintzen.


Azkenak
Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok

Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]


Eguneraketa berriak daude