Gu guztioi era batera edo bestera baztertuak sentitzeko aitzakiarik faltako ez zaigun arren, bada gizarteak baztertuagorik noski. Eta apika denetan baztertuenei eskaintzen zien ZERUKO ARGIAren 426. zenbakiak bere editoriala, "Atzeratuak" zeritzan huraxe. Antza denez, Lourdes-era joan berri ziren Amabirjinari laguntza eske. Zer erremedio, beste inoren aldetik bere premi eta beharrei erantzuna ematea espero ez zutenentzat!
AINGERU ERORIAK GOGOAN
Adimenez atzeratua, eta bereziki adimen atzeratasuna aurpegian nabari zaiona omen da inuzentea (hala dio Ibon Sarasolak osatutako Euskal Hiztegiak behintzat). Eta haiexek zein beraiekin harreman zuzena zutenak zituen bereziki gogoan editorialegileak.
"Iñuxenteak esan ohi zitzaien garai batean beroien errugabetasun eta aingeru-izatea adieraziaz. Dena dela, lau milla atzeratu bildu ziren Lourdesen, hogei aberri ezberdiñetatik, Pazko jaietan. Beste bostehun bat gazte, neska eta mutil, atzeratu oiek zaintzeko. Guraso, senide, guzira amabiren bat milla bilduko ziran egun orietan Lourdeseko Amabirjiñaren babespean. Burugabekeria zirudian onelako jendea urrutietan biltzea. Izan ere hainbeste arrixku, ezbehar eta buruauste sortu zezaketean! Baiña alaz guziz ere zoragarria gertatu zan Larunbat Santu gaua. Ezbeharrean alai, senide, pake-egille, errugabe izaten erakutsi nai zien munduari".
Fede edo borondate onenarekin ikusita ere, bilkura hark Amabirjina edo Eliza katolikoko ospakizunetik at zegoen beste zer edo zer bazekarren kontura, eta editorialegileak ez zuen ekidin erantzukizunak banatzen hasterakoan:
"Ez da aski, ordea, batzar au goraipatzea. Arazo sakon eta mingarri batean murgildurik arkitzen gera. Ortarako eskea egiten zaigunean diru pixka bat ematea ere ez da nahiko. Ezta oiekin kupitzea eta errukitzea. Zerbait gehiago eskatzen zaigu. Gipuzkoan bi milla atzeratu omen daude. Zer da atzeratu bat? Ez da erraz esaten. Beroien artean ere alde eta desberdintasun aundiak bai daude. Atzeratasun utsa, ariña, sendoa edo sakona izan bai dezake onelako edonork. Baiña auxe da egia: besteek baiño zailtasun aundiagoak dauzkatela gizon edo emakume osoak izateko. Izan ere buruz motelagoak, gorputzez baldarragoak eta gizarteko arremanetarako motzagoak ditugu. Eta ala ta guztiz ere edozeiñek bezelaxe beren buruaz baliatzeko eta beren buruen jabe izateko eskubidea dute. Eldutasun eta nortasun batera irixteko eskubidea. Gizon edo emakume izateko eskubidea.
Beste gizakiok baiño eragozpen gehiago dituztelako baztertzeko eskubiderik ez dugu. Beste guzioi baiño gehiago laguntzeko eginkizuna dugu baizik".
ATZERATUEN ESKUBIDEAK
1971n, bistan da, oraindik asko falta zen Atzegi, Gureak edo antzeko erakundeak indartsu izateko, nahiz jadanik atzeratuen senide batzuk amets horren atzetik borrokan hasiak ziren. Beraz, atzeratuen eskubideak bermatu ahal izateko gure aldizkariak proposatzen zituen bideen murritzak ez gaitu gehiegi harritu behar:
"Etxetik asi behar du laguntza orrek. Ortarako gurasoek beren semea edo alaba dan bezela artu behar dute. Ez da iñoren errua onelakoa etortzea. Gaitzezko biotz-beratasun eta gehiegizko babeskeriak alde batera utzi eta umea nor egiteari ekin behar diote. Goxotasun eta konfiantza giro batean aske, erantzunkizundun eta bere buruaren jabe izaten erakutsi behar diote poliki-poliki. Loa, jana, jolasa, lana, txukuntasuna eta abar zaitu behar dizkiote".
Den-dena guraso edo beste senideen esku al zegoen, bada? Ez, irakurle. Editorialegilearentzat ere, gizarte osoak egin behar zuen zerbait, bere alderdirik ahulenetako haren alde.
"Ez da nahikoa etxeko laguntza", aldarrikatzen zuen. "Erakunde indartsu guziak esku-artu behar dute langintza ontan. Oriek behar dituzten eskolak, sendakai eta sendagilleak, ezitzaille eta erakusleak tajutu eta ugaritu behar dira. Biltokiak, jolastokiak, lantokiak behar dituzte. Gizarte osoak arrera ona, laguntza ugaria eta babes goxoa eskeiñi behar die. Ezerk kalterik egiten badie, baztartzeak egiten die. Benetan erantzunkizun aundia dugu. Jabetu gaitezen arazo ontaz. Bideak jarri diezaizkiegun gizon eta emakume izatera eldu ditezen".
ZAPALKETA BAT AHAZTU NAHI
Iñaki Azkune, 1971-V-2Herrian, indarkeriari esker, egoera bat nagusitu eta luzaro irauten baldin badu, ba dirudi herritarrek, zapalketaren funtsa baztertuz, beste amets batzuk nahiago dituztela. Herriaren onak oporketa egitea eskatzen duenean, zenbaitek izanen du mila aitzakia. Ez zaio atsegin, ez. Herrikoia dela hitzez aitortuko du, baina patrikari behera eragiteak ez dakarkio gauza onik eta eragozpenak inguratuko ditu galerazteko. Herriaren iraupenak hizkuntza indartzea agintzen duenean, frantsesa eta ingelesa ikasten jardungo da eginahalean, eta euskera, gehienez gauza polit eta erromantikotzat joko dizu. Ez bait dio ondasunik ugaltzen. Herriak eskubideak ditu, bai. Baina, zertarako dituzu, gero geuk egiten ditugun makinak nori saldurik ez badugu? Herritarrok erbesteratu beharko genuke, eta hori hobea ahal litzateke? Gezurrezko galdera hauentzako bada erantzun sakonik, eta emanak izan dira ZERUKO ARGIAn, ekonomiari buruzko zenbait lanetan. Hala ere, atrika berodunen ahotan dabiltza gaur zoritxarrez holako sasi ertenbideak. Diruaren morroiek, onartuko dituzte Herri-eskubideak, hizkuntzak e.a. irabazirik baldin badakarkiete. Bestela hor utziko zaitu pikutara joaten zeure arrazoi eta nortasun guztiekin (...).
AREAGO
Imanol Laspiur, 1971-V-2Laster dozenaren bat literato geldituko dira; geroago seiren bat; ondoren pare bat eta azkenean pizti jakintsu rarotzat lizateken euskal literato horri honela jarriko liokete bere hilobi-harrian: "Aquí yacen los restos mortales del último vascongado que se dice conocía y sabía aquella misteriosa y gran lengua de nuestros antepasados, los legendarios vascos de heroicas gestas...". "Legendarios vascos de heroicas gestas". Gizajoak gu. Eta Euskal Herria euskaldun bezela hila litzateke. Gogorra izan behar dukela euskera erabilkeraren ohitura eta hedadura? Areago. AREAGO: Ez gaude inori barkatzeko. Nork ez du entzun ohi izan hauetako hitz pozoidun eta zimelik? "Hable usted en cristiano", edo "Por favor, hombres, un poco de educación; ¿acaso olvidáis que yo no entiendo el vascuence?", edo "Hablemos en español que estamos en España", edo "Oigan, hablen en español pues no sé si están ustedes desproticando por mi madre" edo geure arteko euskaldun anitz eta anitz honela jokatuz: "Hi, erderaz egin dezagun, Robertok ez dik ezer ulertzen-eta", edo ezer aditzera eman gabe, bat-batean, erderaz egin gure inguru edo hurbil den bat erdalduna delako eta... HORRELAKO MERKEKERIAZ SALTZEN ARI GARA EUSKALDUNOK EUSKERA ETA ARIMA BERA! Eta guzti hau geure etxean. EUSKAL HERRIAN BERTAN!!! Ez gara geure buruen jabe. Ez gara geure kontzientzien jabe. Ez gara geure nortasunaren jabe. Harrigarria: zein ezberdinak garen euskaldunak eta erdaldunak. Euskaldunak ez dugu inoiz pentsatzen, beste hizkera batean mintzatzen ari diranek gure amaren edo tataraitonaren kontra ezer esaten egon daitezkenik eta horrelako petralkeriarik. Baina ez da horrela mintzatzen diren erdaldun ezjakitun, edo bai pozoidunen aurka nik agertu nahi dutana. Ez, oker, merke eta bihurri jokatzen dugun euskaldunon aurka baizik (...).