ARALARKO PAGADI ZAHARRA BILUZIAN

  • Bertako jai nagusia, Aralarko Eguna, maiatzaren 1ean ospatu berri da. Aurten ordea, aheri gaitzaren aurkako neurriek festa horretan ardiak ikusi ahal izatea galarazi zuten. Baina aheriaz gain, Aralarko artzainek badute orain nahikoa kezka. Esaterako, lana baldintza egokietan egin ahal izateko pista berriak eskatzen dituzte eta hori egia bihurtzeko proposamen desberdinak daude, bata Ekos enpresarena eta bestea, Aranzadi Zientzi Elkartearena.

2021eko uztailaren 26an
Aralar Euskal Herriko bihotz naturala dela esan genezake, gure geografian oso gutxi izango direlako hainbat jenderentzat hain esanahi berezia duten toki edo inguruneak. Milaka urtetan euskaldunon bizileku izanik, gaur egun arte zama sinboliko oso handia gordetzen jakin izan duen ingurumen ederra da berau. Baina era berean, Aralar arazoak dituen eta zainketa berezia behar duen naturgune hauskorra dugu, eta horregatik 1994an Gipuzkoako aldea parke naturala izendatu zuten. Nafarroako aldean ez da momentuz halakorik gertatu, batzuen ustez arrazoi politikoak direla-eta, Gipuzkoarekin lotura bat gutxiago izatearren, baina dirudienez Nafarroako Gobernuak laster hartuko du erabaki hori edo antzeko bat. Dena den, berari dagokion baso zatia Gipuzkoakoa baino askoz egoera hobean kontserbatzen da, jasan behar duen giza presioa txikiagoa delako eta denboran zehar aurrera eraman den basogintza eredua arrazionalagoa izan delako. Hona hemen, beraz, ingurune beraren gaineko bi errealitate ezberdin.


ARALARREN EZAUGARRI NATURALAK.

Aralar mendilerroa Gipuzkoa eta Nafarroaren artean dago kokatua, Euskal Herriaren bihotzean, eta 350 bat km2ko zabalera erakusten du, hortik heren bat Gipuzkoari eta gainontzekoa Nafarroari dagokiolarik, bertako herriek 1519an adostu bezala. Berau inguratzen duten 31 herrietatik 24 ere nafarrak dira, mendilerrotik onura komunak jasotzen dituzten herriak alegia: zura eta papera lortzeko basogintza, ganadua mantentzeko eta bertako gazta egiteko artzaintza, lurra lantzen duten laborariak... Inguru hau betidanik izan da gehiago ala gutxiago gizakiaren eraginpean; horrela, Aralar Euskal Herriko historiaurreko santutegirik garrantzitsuena dugu bertako 60tik gora monumentu megalitikoek erakutsi bezala, eta bestalde, mendetan zehar eta gaur egun arte artzainek izan duten eragina ingurumenean oso nabarmena izan da, txarrerako (antzinako pagadi aberatsen zati handi bat galdu eta leku batzuetan harkaitzak hartu du bere lekua), baina baita onerako ere (gaurko larre ederrak ezingo lirateke artzainen lanik gabe mantendu eta sasien inbasiotik gorde).
Geomorfologikoki, mendilerro hau duela 100 milioi urte sortutako sistema karstiko handi bat da, hots, kareharrizko lurrak ez dio ia jausitako euriari eusten eta ur-tantak harriaren milioika zuloetatik isurtzen dira lurpeko akuiferoetaraino. Tanta hauek inguruko ibai eta iturrietaraino bidea egiten dute.
Baina ezeren gainetik, gaur egun Aralar ingurumen naturala da, eta mendilerro gisa, bertako lehen ezaugarri nagusia 1.200 metrotik gorako tontor lerden eta handiosen bilduma zabala da: gipuzkoarren artean hain maitatua den Txindokitik (1.346 m.) hasi eta Intzeko Torrea edo Irumugarrietaraino (1.431 m.). Gainera, esan beharra dago Aralarrek uren banalerro funtzioa egiten duela, bertan jasotako euriaren zati bat Oriatik Kantaurin itsasoratzen delako, baina beste bat Ebrok jaso ondoren Mediterraneo urruneraino isurtzen delako. Hain euritsua izanez, edonon topa daitezke erreka eta errekatxo gardenak, ur jauziak eta uharkak, Larraun ibaiaren iturburua eta "Guadiana" bezalako sartu-irten bitxiak kasu.
Faunari dagokionez, gure imajinazioak baso hauek hartz, otso, orein eta bestelako animaliekin lotzen baditu ere, egia esan horrelako ugaztun handietatik geratzen den bakarra basurdea da (azken hartza 1863an akabatu zuten); hala ere, horien ordez bestelako animalia bilduma aberatsa bizi da bertan, nahiz eta hauetatik gehienak gauez ibiltzen diren eta, beraz, ikusteko zailak izan: ugatzak, arrano beltzak, elurretako lur-sagua, basoetako gerri-txoria, okil beltza, pagausoak, sai zuriak, arrano txikiak, basakatuak...
Gauez basa animalientzat; egunean zehar baso zabalak gizakioi aurkezten zaizkigu, koloretsu eta aberatsak. Aralarko zuhaitzak mota eta espezie askotakoak diren arren (arteak, haritzak, pinuak ere bai), nagusia pagoa da, pagadi izugarriak sortzen dituen arbola miragarria; halere, bere edertasun eta kalitateak mendetan zehar basogintza eta ikazkintza-gai bihurtu du, eta horrek antzinako pagadi zabalak murriztea eta mendiak pistez betetzea ekarri du; baita artzaintzaren eraginez basoak larre bihurtzea ere. Azkenik, Aralar perretxiko zaleen paradisua ere bada, bere zuhaitz eta baso egitura onddoen sorkuntzan aproposa delako.
Mendilerro hau orokorrean hotz samarra (7,5° batez beste 1.000 metrotara) eta oso euritsua da (1.820 mm3. urtean goi-larretan), baina klimaren aldagaiak nabarmen aldatzen dira lehorragoa den Sakanatik epelago baina euritsuagoa den iparrera adibidez. Beste alde batetik, ez dira arraroak bat-bateko eguraldi aldaketa, laino eta ekaitzak, eta bertaratzen direnen artean asko mendizaleak direnez, inguruan hainbat txabola eta babesleku dago, nahiz eta hauetako batzuk itxita egon eta beste batzuk egoera txarrean aurkitu.
Kultura aldetik ere, ezin genezake aipatu gabe utzi Euskal Herriko erdigune geografikoa izan litekeen Mikel Deunaren Santutegia. "Mikel zurea zaizu Euskal Herria" lemapean bizi da sainduaren irudia (Nafarroako lurrak bedeinkatzeko erabiltzen da). Santutegian dago Nafarroa osoko altxorretako bat den erretaula ederra. Gainera, Aralar betidanik izan da euskal mitologiaren iturburu garrantzitsua eta ahozko kulturan hainbat dira Aralar hizpide dutenak.


ARALAR ZATI BAT PARKE NATURAL.

Gaurko bizimoduak, bestalde, ingurumenari egiten dion kalteari aurre egiteko eta Aralar bezala geratzen zaizkigun naturguneak ezagutu ditugun moduan babesteko mundu osoan aspalditik babes-eremu naturalak izendatzeari ekin zaio, beren balio natural, berezitasun edo adierazkortasunagatik, eskatzen duten babes behar edo erakusten duten bioaniztasunagatik, edota beren garrantzi ekologiko zein edertasunagatik. Hainbat dira naturgune bat babesteko kontuan hartzen diren eragileak, eta gure inguruan ere antzera egiten da: Urkiola, Aiako Harria, Valderejo, Larra, Abbadia... Euskal Herrian ditugun parke naturaletatik banaka batzuk dira. Baina zer da parke natural bat? EAEko Izadiaren Zaintzari buruzko 1994ko ekainaren 30eko Legearen arabera, parke naturalak "balio natural eta kultural garrantzitsuak dituzten eremuak dira, gizakiaren eragina gutxi jasan dutenak eta bere hartan gorde nahi direnak", baina era berean jendeari irekitako lekuak dira, gozamenerako eta heziketarako, eta horregatik kontserbazioa eta erabilpena uztartzeko beharra ikusten da.
Gauzak horrela, Gipuzkoako Aralar -Nafarroako zatia ez bezala- 1994an bertan parke natural izendatu zuten. Nafarroan berriz, izendapen hori egiteke dago oraindik, nahiz eta bere eremua dezente hobeto zaindua egon, baina Nafarroako Gobernuak urrats hori edo antzeko bat laster ematea espero da.
Nafarroako Aralarren egoera naturala eta administratiboa ezberdina da, baina honek arrazoi historikoak eta etorkizunaren aldetikoak ditu. Alde batetik, Gipuzkoako lurra betidanik bertako udalerrien menpe izan den bitartean, Nafarroako Aralarko mendialdea lehenago Espainiako Estatuarena izan zen eta gaur egun Nafarroako Gobernuaren jabegoa da; honek, bertan bultzatutako basogintza arrazionalagoarekin batera, nafar basoen kontserbazio hobea azaltzen du. Beste alde batetik, orain Europan pil-pilean dagoena Natura 2000 izeneko plana da, hau da, Europa osoko habitat naturalen edo babestutako naturgune guztien sarea abian jartzea, eta Nafarroaren ahaleginak horra zuzentzen dira, parke natural gehiago izendatzera baino. Horrenbestez, foru erkidegoko teknikariek Aralarko ordenamendu plana -edozein parke natural izendatzeko lehen urratsa- prestatu zuten, baina hurrengo pausoa eman gabe, gaur egun egiten ari direna Nafarroa Garai osoko ikerketa plana da, Natura 2000 horretan bere lurraldearen %20 bat barneratu asmoz. Beraz, gaur egun Nafarroako Aralar lege aldetik babesturik ez badago ere, laster izango dela espero da, sare europarrean sartzeko pauso hori beharrezkoa delako; hori bai, horretarako ez dago parke naturalik izendatu beharrik. Gipuzkoako zatia ere ibilbide bera burutzen ari da eta hortaz, epe motzean Aralar osoa Europako Batasuneko legeek babesturik izanen da.
Gaur egun babesturik eta parke natural izendatua beraz, Gipuzkoako Aralar dugu, eta bere zuzendari Iñaki Aizpuruk azaldu digun bezala, bere garaian erabaki hori hartzeko arrazoi ugari eta zalantza gutxi izan zen: 3.000 hektarea baso, gehiena pagadi baina baita artadiak ere, beste inon ez dauden larre (beste 2.500 hektarea) eta harkaitzak, landaredia eta fauna aberatsa, mendiko artzaintzak bizirik jarraitzen duen ingurunea... "hau guztia izatea Gipuzkoarentzat luxua da".
Parke naturalen kontua EAEn 1982an hasi zen, gutxien ukituta edo izorratuta zeuden lekuak (mendialdeak batez ere), babestu beharrekoak alegia, ikertzeari ekin zitzaionean. Hortik aurrera, toki bat parke natural izendatzeko lehenbizi baliabide naturalak ordenatzeko plana egiten da, hots, bertan aritzen den sektore bakoitzean zer dagoen eta zer ez, eta zer egiten den eta zer ez aztertzen da, horien artean ingurunearentzat komenigarriak, kaltegarriak eta zalantzazkoak aukeratzeko. Dena den, gauzak paperean idaztea praktikan jartzea baino askoz errazagoa da, eta beti sortzen dira arazoak: "Parkeekin gertatzen dena zera da, azken finean borondatezko gaia izan behar dela, eta hemen arazoa leku guztietakoa da, administrazioaren zatiketa eta eskuduntzen banaketa alegia; udalerriek ere beren eskuduntzak dituzte, eta parke natural bat izendatzen denean betiko eztabaida sortzen da, udal eskuduntzak murrizten diren ala ez; azken finean, Eusko Jaurlaritza, Diputazioa edota udalerria administrazio beraren besoak dira eta horrelako gaietan gakoa elkarlanean aritzea da". Horregatik, nahiz eta kudeaketa printzipioz Diputazioaren esku egon, parke natural izendatu eta berehala patronatu edo eztabaida foro bat sortu ohi da, aipatutako administrazio mailen zein tokian tokiko sektoreen ordezkariekin (nekazariak, mendizaleak, ekologistak...) eta aplikatu beharreko irizpideak hortik irteten dira.

PARKETXEA LIZARRUSTIN
Lizarrustiko mendatean, Ataun eta Etxarri-Aranatz artean, azkenean Aralarrek hain beharrezko duen parkearen interpretazio-zentroa eraiki dute, inguruko mendi eta zelaiak ezagutzeko abiapuntu ezin hobea. Hasteko, bertako jantoki atsegina mokadu eder bat dastatzeko toki aproposa izan daiteke, eta dagoeneko indarberriturik, sarrera nagusian dugun Aralar osoko maketa ederrari begira egin beharreko txangoa errepasa dezakegu, arduradunek luza diezaguketen informazioaren laguntzaz. Hortik aurrera gure hankek agintzen dute, baina itzuleran parketxean bertan gaua igarotzeko aukera dugu, aterpetxe funtzioa ere betetzen baitu. Honetaz guztiaz gain, helburua inguruaz gozatzea denez, parketxean bideo eta diaporamak eskaintzen dituzte eta ibilaldi gidatuak prestatzen dituzte partikular zein taldeentzat. Dena gure geografiako alderik ederrenetako bati ahalik eta etekinik onena atera asmoz.


Azkenak
Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok

Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]


Eguneraketa berriak daude