ALLEGRO, MA NON TROPPO

  • Orain gutxi SGAEk (Espainiako Autoreen Elkartea) jakinarazi zuenez, espainiarren %92,3 ez da sekula musika klasikoko kontzertu batera joan. Berriak Espainiako hainbat elkarteren kezka sortu badu ere, Euskal Herriko orkestretan ez da alarmarik piztu.

2021eko uztailaren 20an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
SGAEk otsailean argitaratu zuen musika klasikoari buruzko datuak biltzen zituen txosten bat. Bertan jasotakoak Espainiari dagozkio ordea, eta ez dago jakiterik Euskal Herrian zein den zenbateko zehatza. Horregatik, zifra hauek aintzakotzat hartu gabe, bakoitza bere txostenei atxikitzen da. Hegoaldeko musika elkarte eta orkestren iritziz, Euskal Herriko musika klasikoaren munduak errealitate oparoa bizi du eta etorkizunera begira baikorrak dira.
Bilboko Orkestra Sinfonikoko (BOS) Iñigo Zubizarreta komunikazio arduradunaren esanetan, "duela urte batzuk kontzertuetara zazpirehun pertsona etortzen baziren, orain bi milatik gora datoz". Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) eta Pablo Sarasate Orkestrak, berriz, abonatu egiteko zain daudenen zerrendak prest dituzte. Publikoaren igoera hau, jakina, hein batean eskaintzaren areagotzeari zor zaio. Duela bi urte, adibidez, Hego Euskal Herriko 469 aretotan eskainitako 1.533 kontzertuetan 525.857 ikusle izan ziren; 1997an, aldiz, 1.316 emanaldi izan ziren eta 412.214 lagun bertaratu ziren. Bestalde, eta gezurra badirudi ere, 1999an 1997an baino 6.503.382 pezeta gutxiago bildu zen. Seguruenik, sarreren merketzearen edota diru-laguntzen handitzearen ondorioz. Hala ere, Hego Euskal Herrian Espainiako beste lurraldeetan baino sesio gehiagotan ordaindu behar izaten da sarrera, erakundeetatik diru-laguntza dezente jasotzen badira ere. Musika estiloak konparatuz, adibidez, 1999an izan ziren 4.599 kontzertu modernoetatik 325 dira rock gogor edota heavy motakoak, klasikoak baino askoz gutxiago. Dena dela, diferentzia ez zen hain nabarmena izango rock emanaldi gehienek SGAEn partea eman izan balute.


AUDITORIO BERRIAREN EKARPENA.

Musika klasikoaren munduan entzun, ikusi eta interpretatzeko auditorioek baldintza zehatz batzuk izan behar dituzte. Noski, ezberdintasun nabarmenak izanen dituzte solista, trio, kamara talde, musika banda edota orkestren kontzertu aretoek. Hala ere, guztiek beharko dute akustika berezia. Rock edo pop emanaldiekin erkatuz, adibidez, ez baitute soinua anplifikatzeko aparaturik erabiltzen. "Artistak edo musikariak abestu edota musika tresna erabili behar duenean, egokitasuna behar du soinua erraz pasa dadin eszenatokitik jendea dagoen tokira", dio Zubizarretak. Aukera eta baldintza hauek guztiak, besteak beste, orain gutxi sortu diren Kursaaleko eta Euskalduna Jauregiko auditorioek ahalbidetzen dituzte. Eta noski, jendeak erosotasun eta aukera horiek guztiak ongi baino hobeto aprobetxatzen jakin du. Dudarik gabe, abantaila hauetaz ohartuta jende gehiagok jo baitu musika klasikoko kontzertuetara. Horrela, Euskal Herriko orkestrek ahotsentzako prestatuago dagoen Arriaga batetik eszenatoki eta aforo handiagoko aretoetara egin dute jauzi. Donostiako Kursaaleko auditorioak, kasurako, 1.806 pertsona esertzeko lekua du eta 350 m2ko eszenatokia dauka. Horrekin batera, artista eta musikariak aldatzeko hamabost kamerino ditu. Ikusentzunezko baliabiderik ez da falta: soinua kontrolatzeko kabina, megafonia, mikrofonia finko eta haririk gabea, erreprodukzio/grabazio sistema (audio, kaset, CD, DAT, Mini-Disk)... Dena den, hau ez da Kursaalak duen areto bakarra: 120 m2ko eszenatokia eta 624 lagun esertzeko aukera ematen duen Ganbera eta Batzarrerako Aretoa, erakusketa guneak eta bilera gelak osatzen dute Donostiako auditorio garrantzitsuena.
Kursaalaren baliabide eta erosotasunek Donostia eta inguruetako hainbat musikazale erakarri duen bezala, efektu berdina eragin du Bilboko Euskalduna Jauregiak Bizkaian. Bertako auditorio nagusiak 2.200 pertsona biltzeko aukera ematen du, antzoki aretoan 615 lagun sartzen diren bitartean. Horrez gain, Kursaalak bezala, baliabide teknikoak eta maila txikiagoko hainbat areto ditu. Gipuzkoako eta Bilboko hiriburuetan kokatu auditorio hauek Euskal Herrian dauden garrantzitsuenetakoak dira, baina ez bakarrak. Donostiako Egia auzoko Gazteszenan (antzinako Jareño), adibidez, musika moderno zein klasikoko kontzertu ugari eskaintzen da, formato txikiagoan bada ere. Iruñean, berriz, gaur egun Pablo Sarasate Orkestraren areto nagusia Gayarre antzokia bada ere, bi edo hiru urte barru Baluarte auditorioa izango dute martxan. Honela, nafarrek Kursaalak eta Euskalduna Jauregiak eskaintzen dituen antzeko erosotasunez gozatzeko parada izanen dute. Gasteizen Printzipal Antzokian eskaintzen dira emanaldi gehienak. Bestalde, profesionalek ez ezik ikasleek eta herrietako musika bandek ere protagonismo handia dute Euskal Herrian. Honela, udal bandek normalki hilero eta gaztetxoek Gabonetan eta ikasturte amaieran eskaintzen dituzte kontzertuak. Hortaz, auditorio, antzoki zein areto txikietan ez da falta izaten musika klasikoko saiorik.


ABONUEN SISTEMA.

Musika klasikoaren munduan hedatuen dagoen sarrera sistema da abonuena. Horrela, kurtso hasieran zenbateko bat ordainduz, denboraldi osoan orkestraren kontzertuak ikusteko aukera dago. Dena den, bada honek entzuleak uxatzen dituela esaten duenik ere. Hauen iritziz, jendeak ez du azken orduan sarrerarik erosten denak abonu bidez salduak egongo direlakoan. Hala ere, beti egon ohi da sarrera kopuru solte bat abonatuak ez diren musika zaleentzat. Donostiako Musika Hamabostaldiko Luis Fernando Rupérezek futbol munduarekin egiten du konparaketa: "Hori Anoetan ere gertatzen da, Villareal taldea etortzen bada, ziurrenik sarrerak geldituko dira. Baina Bartzelona badator zailagoa izango da sarrera lortzea eta abonatuek soilik izango dute partidara joango diren segurtasun osoa".
Zenbait kasutan abonu bereziak ere izaten dira. Oinarrian adinaren kezka zuela, EOSek aparteko eskaintza egin zien musika eskoletako ikasleei duela zenbait urte. Gaur egun, egitasmo honen bidez, Iparraldeko eta Gipuzkoako musika ikasleek Donostiako kontzertuetan sarrera merkeagoa dute. Gauza bera Bizkaikoek Bilbon, arabarrek Gasteizen eta nafarrek Iruñean. Donostiako hamaika kontzertuetarako abonua, kasurako, bost mila pezeta (200 libera) ingurukoa da. EOSeko German Ormazabal zuzendari nagusiaren arabera bi helburu ditu proiektu honek: "Batetik, gazte jendearengana zuzentzea; eta bestetik, teorikoki gerora musikara dedikatu daitekeen jendeari EOSen kontzertuetara joan ahal izatea erraztea". Ormazabalen ustez, musika klasikoa "elitetzat" jotzen da sarri eta ideia hori apurtzen saiatu dira.


ESTEREOTIPORIK EZ.

Gizarteak beti lotu izan du musika klasikoa eliteko jendearekin. Janzkera, hitzegiteko era, dirua... zinean, adibidez, askotan ikusi ditugun ezaugarriak dira. Guztiak, ordea, bat datoz garestia ez dela esaterakoan. Ez omen dira futbol partida bat edo rock kontzertu bat baino garestiagoak. "Elitetzat diru asko edukitzea ulertzen badugu, ez da elite handikoa, bostehun eta seiehun pezetako kontzertuak baitaude", dio Musika Hamabostaldiko Luis Fernando Ruperezek. Zubizarretaren hitzetan, "urtean hogei kontzertu baditugu, gazteentzako abonorik garestienak 16.000 pezeta balio du". Zinemara joatea baino "merkeagoa" ei da. Orkestretako arduradunen arabera, musika klasikoko kontzertuak ez dira klub sozial bat bezala ulertu behar. Florentino Briones Pablo Sarasate Orkestrako gerentearen iritziz, kontzertuak jendeak musikaz goza dezan antolatzen dira. "Hamar kontzertutarako abonu batek 19.500 pezeta balio ditu gurean; ez dut uste hori elitista denik".
Gakoa hezkuntzan dago askorentzat eta hori bultzatzeko beharra ikusten da. Hala eta guztiz ere, Pablo Sarasate Orkestrako Brionesen aburuz, irtenbidea ez da musika ikasketa berezituak indartzea: "Musika zaleak egoteko jendeak ez du zertan musika eskola batean ikasi behar, hori musikariak sortzeko da garrantzitsua". Bere ustez, funtsezkoena jendeak musika ezagutzeko, entzuteko eta kontzertuetara joateko aukera izatea da.
Hedabideek, besteak beste, paper garrantzitsua betetzen dute esparru honetan. Nahitanahiez, ikusi, entzun edota irakurtzen denak eragina baitu hartzailearengan. Euskal Herriko orkestrak bat datoz komunikabideek musika klasikoa bultzatzen dutela esaterakoan. Kontzertuak prentsan edo ikusentzunezkoetan iragartzen direnean ikusle kopurua asko igotzen dela dio Florentino Brionesek. Egunkarien eta orkestren arteko akordiorik ere izan da. Pablo Sarasate Orkestrak, esaterako, "Diario de Navarra" egunkariko harpidedunentzat eskaintza berezia egin zuen. Horren truke, noski, orkestra debalde iragarri zen. Akordio honen ondorioz orkestraren abonatu kopurua izugarri igo zen. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari German Ormazabalen ustez, oro har, kulturari tarte txikia eskaintzen zaio hedabideetan; baina ez du uste musika klasikoa gaizki tratatua dagoenik. Guztiek aho batez hedabideen interes eta jarrera positiboa azpimarratu dute. Gaur egun, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertuak Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Nacional de Españak emititzen dituzte. Horrez gain, akordio batera helduz gero, Radio Catalunyan ere.


KONTZERTU DIDAKTIKOAK.

Haurrak, gazteak eta gizartea, oro har, musika klasikoaren mundura hurbiltzeko asmoz orkestrek antolatzen dituzten ekitaldiak ezagun egin dira azkenaldian. Bilboko Orkestra Sinfonikoa izan zen Espainian kontzertu didaktikoak antolatzen hasi zen estraineko orkestra. Aurtengoa hamalaugarren edizioa dute. Iñigo Zubizarretak azpimarratu duenez, hasieratik bi esparru izan dira kontuan: "Alde batetik, musika klasikoaren mundua ezagutzeko modurik egokiena orkestra ezagutzea zela pentsatu genuen; eta bestetik, musika eskoletako neska-mutikoek orkestra profesional bat ikusteko aukera gehiegirik ez zutela ikusi genuen". BOSen musika ekimen hauek bederatzi urte arteko eta bederatzi urtetik gorako haurrentzat antolatzen dira. Eskola egun hauetan umeek, noski, ez dute piperrik egiten. "Arazoa aretoa jendez gainezka egoten dela da, baina musika klasikoaren munduan lehen aldiz sartzeko ezinbestekoa da", dio Zubizarretak. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilaritzak, berriz, eskolentzako bost musika ziklo antolatzen ditu; Pablo Sarasate Orkestrak hiru ziklotan hartzen du parte. Orkestrako gerente Florentino Brionesek "oinarrizkotzat" jotzen du honelako kontzertuak antolatzea: "Ekitaldi hauek garrantzitsuak dira umeek musika aspergarria beharrean, dibertigarria eta entretenigarria dela ikus dezaten". Kontzertu didaktikoez gain, EOSek "Miramoneko Eguerdiak" deritzon egitasmoa jarri du martxan. Bertan bikoteak, laukoteak, kamara taldeak... ikusteko aukera dago. Gasteizen, berriz, Vital Kutxa Fundazioak antolatutako Astearte Musikalak ditugu Printzipal Antzokian. Bestalde, datorren urterako Euskalduna Jauregian Maratoi Klasikoa antolatzeko asmoa ere bada. Egitasmoa Naoneten (Bretainian) azken zazpi urtetan egiten den "La Folle Journee" jaialdiaren antzeko zerbait da. Guztira, 60 kontzertu inguru, adituen hitzaldiak eta mahainguruak .

German Ormazabal: EOSeko zuzendari nagusia
German Ormazabal: EOSeko zuzendari nagusia
Nola ikusten duzu Euskal Herrian musika klasikoaren panorama, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi zaren aldetik?
Nik orkestraren ikuspuntua daukat eta gure egoera izugarri aldatu dela uste dut. EOS 1982an eratu zen proiektu nazional moduan eta hasieratik ematen ditugu kontzertuak Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon. Publikoaren igoera izugarria izan da eta azken lau urteetan bikoiztu egin dugu abonatu kopurua. Gaur egun, Espainia mailan bigarren orkestra gara abonatu aldetik. Lehenengo postuan Bartzelonako orkestra dago, baina ez dago Bartzelonako eta Euskal Herriko biztanlegoa konparatzerik. Bestalde, Madrileko Espainiako Orkestra Nazionalaren oso gainetik gaude, adibidez. Horrez gain, irailetik hasi eta ekaina arte egoitzak %92 betetzen ditugu. Hortaz, alde horretatik orkestrak duen eragina handia da, eta beraz, osasuntsu dagoela esan genezake.

Kontzertuetan gazte gutxi ikusten da, ezta?
Egia da musika klasikoaren munduan gehienbat adineko jendea mugitzen dela, eta gai horrek kezkatzen gaitu. Hala eta guztiz ere, pixkanaka gero eta gazte jende gehiago ikusten ari gara kontzertuetan.

Musika eskoletan ez al dira haurrak txikitatik musika klasikora gehiegi behartzen?
Ni ere musika ikasketak egindakoa naiz eta hezkuntza puntu ahulenetako bat dela uste dut. Baina ez bakarrik musika eskoletan eta kontserbatorioetan, baizik eta jadanik ikastolatik hasita. Kezkagarriena hasierako urratsa da, finkatu gabe baitago. Formazioa zabalagoa, integralagoa izan behar da. Orain arte, adibidez, norbaitek baxu elektrikoa ikasi nahi bazuen ezin zuen musika eskola batetara jo. Orduan, bazirudien guztia instrumentu klasikoetara zuzendua zegoela. Dena dela, pausoak ematen ari dira alde horretatik. Umetatik kodigo minimo batzuk ikastea garrantzitsua da, nahiz eta gero profesionalki horretara ez dedikatu. Hasieran kuriositatea eta jakinmina esnatzea garrantzitsua da eta gero bakoitzak bere aukeraketa egin dezala.

Ez al duzu uste ikuskizuna birplanteatu beharko litzatekeela?
Guk horrelako esperientziak izan ditugu. Benito Lertxundirekin grabatu genuenean argi pila bat erabili genuen eta Donostiako belodromoan egin genuen zinemari buruzko kontzertuan irudiekin jokatu genuen. Horrez gain, aurten teknologia eta artea uztartzeko asmoa daukagu orkestra puntu ezberdinetan jarri eta toki zehatz batean ikustea ahalbideratuz. Dena dela, pop edo rock kontzertuetan ere gidoi bat dagoela dirudi eta ez da aldaketarik egon egungo eta duela hogeita hamar urtetako kontzertuak konparatuz gero.

Behin joanez gero errepikatu egiten omen da.
Baietz uste dut. Nik baditut orkestra baten kontzertu bat inoiz ikusiko ez zutela pentsatzen zuten lagunak. Gerta daiteke programa zehatz batera joan eta oso gustura ez ateratzea. Bestalde, ez du zerikusirik CD bat entzuteak edo zuzenean gertatzen den guztia ikusteak. Beste mundu bat da.


Azkenak
2024-11-19 | Leire Ibar
Langile bat hil da Petronorren konortea galdu ostean

Astelehen honetan zendu da langilea Muskizeko enpresan, mantentze lanak egiten zituen bitartean. Zerbitzu medikuek berehala esku hartu bazuten ere, ez zuten lortu suspertzea. UGT sindikatuak lan istripu honen arrazoiak ikertzea exijitu du.


2024-11-19 | Leire Ibar
Ijito herria ikusarazteko programazio didaktiko bat prestatu du Hezkuntza Sailak

“Te Siklârel Romanipen” ikasketa plana prestatu dute Ijito Herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu du proiektua, EHUrekin eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Nafarroako Unibertsitate Publikoak Justizia Errestauratiboko Titulua eskainiko du 2025ean

Bitartekaritzaren eta pertsonen arteko komunikazio zuzenaren bidez, izaera penaleko gatazka bati konponbidea aurkitzea da Justizia Errestauratiboaren helburua. NUPek eskainiko duen prestakuntza 100 ordukoa izango da eta ikasleei titulazioaren gastuen %90 ordainduko zaie. 


2024-11-19 | Pau Lluc i Pérez
Hainbaten artean, bat

Vicent Andrés Estellés poetaren hitzak harturik, bat naiz hainbat eta hainbat kasuren artean, eta ez kasu bakan, arraro edo ezohiko bat. Zoritxarrez, ez. Hainbaten artean, bat. Zehazki, Europako Kontseiluaren arabera, eta ibilbide handiko beste erakunde batzuen... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


2024-11-19 | Mikel Aramendi
G20ko protokoloa eta Txinaren lau marra gorri

Argazkia bai, ala argazkia ez? Oraintxe bertan, ez dago argi Rio de Janeiron hasi berri-berria den G20aren goi bileran argazkia izango ote dugun ala ez. Bertaratu diren agintari gorenen “familia-argazkia”, alegia. Horrelakoetan arauzkoa bihurtu dena: turista... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


2024-11-19 | Gedar
Kartzelatik irtetean ematen zen diru-laguntza apurra desagerrarazi dute Espainiako Estatuan

Nafarroako Salhaketak jakinarazi duenez, laguntza hori ezinbestekoa zen preso egondako pertsonek "gutxieneko oinarri ekonomiko bat" eduki zezaten, "askatasunean bizitzen hastera igarotzean". 480 eurokoa baino ez zen subsidioa.


Jaurlaritzak pobreenak berriro lotu ditu iruzurrarekin, dirulaguntzetan salaketak egiteko postontzi anonimoa jarrita

Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]


2024-11-18 | Euskal Irratiak
Palestinar herriari elkartasuna helarazi diote Makeatik

Palestina, mediatikoki aurkeztua ez den bezala, aipatu zen joan den larunbatean Makean, mintzaldi, tailer, merkatu eta kontzertuen bidez.


2024-11-18 | Uriola.eus
Bilboko Higiezinen Azokan protesta egin dute asteburuan Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek

Asteburu honetan Euskalduna Jauregian Euskadiko Etxebizitza eta Dekorazio Higiezinen-aretoa egon da. Sustatzaile eta higiezinen agentziek eraikuntza berriko promozioak eta bigarren eskuko etxebizitzak eskaini dituzte partikular eta profesionalen erosketa eta inbertsiorako... [+]


Elene Lopetegi, Bilgune Feministako kidea
“Beharrezkoa da utopia maximoetan pentsatzea, horra iristeko bideak marraztu ahal izateko”

Egin berri dira Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak, azaroaren 16an, Laudion. Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean 500 feminista elkartu ziren. Egun osoz amets egin zuten, utopiak lortzeko bidea marrazteko eta mugimenduko kideak ilusioz betetzeko.


Eguneraketa berriak daude