Literatura erotikoa idazkera bezain zaharra dela esan daiteke. Baina hainbeste denboran ereduak ez dira gehiegi aldatu. Egileak gizonezkoak izan dira gehienbat, baita kontsumitzaile nagusiak ere. Emakumezkoen orgasmoaren deskribapena, hortaz, ez da orokorrean kezka nagusia izan. Egun gauzak aldatu egin dira eta badirudi emakumezkoek gizonezkoek adina idazten dutela literatura erotikoa.
Hala ere, Juan Martin Elexpuru Txalaparta argitaletxeko Literotura saileko arduradunak dio euskal literatura erotikoan oraindik emakume gutxi dagoela. "Euskal Herrian gehienbat gizonek idatzi dute literatura erotikoa eta gizonen ikuspuntutik egin dute". Horrek ez omen du esan nahi gizonek ikuspegi sexista batetik idatzi dutenik; "askotan saiatu izan dira emakumeen lekuan jartzen". Saiatzea gauza bat da, baina "emakumeak sentitzen duena erabat islatzea ezinezkoa da. Sekula ezin daiteke %100ean beste sexuaren tokian jarri, ez fisikoki eta ez mentalki ere. Nik ez dut inoiz jakingo emakumezkoaren orgasmoa zer den".
Segidan euskal literaturako hainbat pasarte erotiko jaso dugu non emakumezkoen orgasmoa deskribatzen den:
"Eta galapan hasi zen,
aurrera-atzera
eta gora eta behera...
eta bihurrika,
suge sorgindu baten antzera...
eta bat, eta bi
eta hiru orgasmo lortzeko gai zen,
inongo arazorik gabe.
Eta orduan,
galaparen erritmoa
lasaiago zebilela,
John Wayne zela esan zidan,
eta barre egin zuen
neskatoen moduan"
Paddy Rekalde
Sex 15, "Sex Abaroa" "Nik, bai mingainaz bai hatzez egiten nizkion laztanak geroz eta gustorago hartzen zituen. Noizbehinka, plazer espasmo batek eraginda, zangoak ixten zituen azkar eta bortizki baina berehala zabaltzen zituen berriro, gonbidatuak bere losin eta musu goxo horiekin jarrai zezan.
Plazer espasmoak eta oihu txikiak.
Hauek sarriagotan suertatzen hasiak ziren. Lehertzeko moduan zegoen. Jadanik ez zen sartzen bere eserlekuan. Eserlekua txiki-txikia geratu zitzaion. Gorputz eder hori kontrolik gabe mugitzen zen. Une horretan, bidaiariren bat sartu izan balitz ere ez ginen konturatuko, ez baikenuen tutik ikusten. Haren eskuek ez zioten uzten nire buruari lorategi zoragarri hortatik alde egiten, eta orduan nire ezpain zoriontsuek lorategiko lorerik ederrena xurgatu zuten azkenengo aldiz.
Oihu luze batez bukatu zen. Orgasmo baten ondorengo isiltasuna nagusitu zen. Trenaren traka-traka-traka eta gure arnasa besterik ez nuen entzuten".
Xabier Etxaniz Rojo
"Eta begiak itxi zituen" "-Ba esaten nizuena, ezpatarekin sartu da nire aluan, batere arazorik gabe, ondo prestatua bainago, ezin zabalago eta bustiago, eta orgasmoaren amildegian behera erortzen hasi naiz. Atsegina, iritsi denean, nik inoiz sentitu dudan bortitzena izan da, eta gorputza estali dit manta bero batek bezala. Orduan, begiak itxi ditut eta mundu esmeraldaz bete da, kolore berde biziko izartxo iheskariek zeharkatu dute nire ikusmen eremua, eta ni Bat naiz, perfektoa, betea, jatorrizko andrea, berezko emea, nik beti izan nahitako Elsa osatua eta burutua, neuk jakin gabe barruan eraman dudan Elsa, Elsa beharrean, Elsaren zirriborroa izandakoa hainbeste urtean...
Eta visio esmaradigma izan dut.
-Oso mistikoa- ondorioztatu du Pedrok, ironiaz.
Lucia Etxebarria
"Visio Esmaradigma" "Ai, gure aurrean iturri,
Jaunak eman dizkin metak!
Hire bihotzak barruan
lekurik ez, ta kanpora
luzatu ditun aihenak.
Zelai zuri-zabala,
aihen-azpi hunan.
Beherago, basa-beltzeko
leizea errekartean...
Etzan hintzananean
San Migeletako ur-biziak
gogora nizkinan.
Sumendi-ahoa
irakiten heukanan.
Salda berotan burni harrotua
aguro goritan ninan.
Ta hire poza leher zanean,
urruma-artean: "Biok bat!"
intziri egin hidanan."
Nemesio Etxaniz
"Eztai-gaba" "Ibiltari lasai bat bezala galdu nintzen haren ezpain haragitsuetako bidetxigor eta ezpondetan; ahoa haren leize erdian tinkaturik, mihiaz astindu nizkion sarrerako barrunbeak; pipitatxo mardula atzemanik, mihi-puntaz zigortu nion, errukigabe.
Ezkilatxo baten txilina zirudien.
-Horrelaxe! Xurgatu! Karameloa bezala!
Ezpainetan bildurik, kanpaihots gorgarri bat entzunarazi nion. Indarrez sakatzen zidan burua bere paradisu zingiratsuaren kontra, ia itomena sentitzeraino. Azkenean, kobaren sakonenetik orroaka etorri zitzaion orgasmo basati bat, dardaraz jarri zuena zein lurrikarak etxea."
Juan Martin Elexpuru
"Krabelina beltza" Suzko su sutsuaren sugarretan
amilka
biribilka
egunsentia etortzen, eta itsasoaren
goraldiak
hondarretara baztertutako
landare exotikoen gisan
pasioaren lore asetuak
hotzikara batek ditu hartzen.
Xabier Lete
"Suzko ezpainetan" "Puntu-puntuan nengoela, beltzak bere ahalmen guztia sartu zuen nire barruan, eta bultzaka hasi zen kementsu, nire gizonak klitorisa igurzten eta titi-muturra horzkatzen zidan bitartean. Ehun tonako kamioia gainetik pasatu balitzait bezala izan zen.
Nire orgasmoa joan eta etorri, joan eta etorri ibili zen olatuka, gero eta bortitzago. Garrasi egin nuen eztarria urratu arte, eta leher eginda erori nintzen. Kotoi artean, nire senarraren ahotsa entzun nuen zera esaten: "Zorionak eta urte askotarako!".
Pilar Cristobal
"Esku bakarrarekin irakurtzeko kontuak" Ezpain likits, esku lizun,
atseginetan jakintsun
bularretik belaunera
haragi biok ikara,
jauzten zaitut, neska lizun!
Hiltzen naizela dirudi:
batetan mila su-ziri
ene burmuinetan sartu...
Botz-uhinak uzten gaitu
hilik garela dirudi.
Jon Mirande
"Oianone" "Neskak bazekien zer eta nola egin. Eta mutila esperientzia berrien egarri zen. Bata bestearentzat eginak. Mutilak, izerditan, hormako baldosetan behera irrist egiten zuen eta neskak indarra egin behar izan zuen ez erortzeko eta kontzentraziorik ez galtzeko. Jokoaren haria ez zen galdu behar. Behin hasitakoa bukatu artean jarraitu eta mantendu behar zen. Kosta ahala kosta. Eta lortu zuten. Lehenengo mutilak. Eta gero, ahal bezala, eskuaz jarraitu zuen neskarekin, honek ere jolasa amaitzen sentitu zuen arte. Biek eztanda egin eta, baretasunean, aurpegia begiratu eta begietan lotsa ikusi zuten arte.
-Nola deitzen zara?"
Jasone Osoro
"Tentazioak"