PASAIATIK DATOR NOTIZIA

  • Pasaia itsasoari begira bizi izan den herria da. Herri polita; batez ere bi alde historikoetan, Donibane eta San Pedron, arrantzale etxe zuriek badiaren gain-gainean kokatuta daudela diruditelako eta txalupa koloretsuak itsasontzi handiei ongi etorria egiten ari direla diruditelako. Herri bitxia; batetik bestera dauden ehunka metroak errepidez hainbat kilometro bihurtzen direlako, ferrytxoa hartu nahi ez badugu behintzat. Estropadak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula Pasaian, galdetu bestela bertakoei. Kirol lehiarako ez diren txalupatxoen eta sekulako itsasontzien arteko kontrastea ere ez da makala.

2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
DEMAGUN Donostiako zentrutik pasaiarantz ABIATU garela. Ezkerrerantz joko dugu, Donostia-Bilbo autopistaren norabidean, Pasaia ipintzen ez badu ere. Hala, portuko instalazioak eskuinaldean utziz, Pasai San Pedroko arrantzale kutsuko alde zaharrera ailegatuko gara, badiaren bestaldean Donibane dugula.
Irunerako errepidera itzuliz, 2 kilometrotara portu ondoko Pasai Antxo industrialetik pasako gara, eta handik 1,5 kilometrotara Errenterian sartu. Toponimiarekin gorabehera handiak dituen herri industrializatu honetan alde zahar interesgarria dago, armarridun Udaletxe, Jasokundeko eliza (XVI. mendea), Torrekua eta Morrontxo dorretxea eta Iturriza, Uranz eta Zubiaurre jauretxeek osatua, besteak beste.
Azken herri honetan ezkerrera, Lezorako bidea hartuko dugu, segituan, berriz ezkerrera eginda aurkituko dugun arrantzale kutsuko herri industrialera. Bisitatu beharrekoen artean Santo Kristo basilika dago, X. mendeko (beste batzuentzat XIII. edo XIV.ekoa) bizarrik gabeko Kristo gurutziltzatu bizantiar bat gordetzen duena, tradizioaren arabera itsasoan agertua. Zenbait jauretxe ere ikus daiteke.
Hurrengo herriak, Pasai Donibanek, alde zahar estuan kale bakar, baina ederra erakusten digu. Itsasoaren eta mendiaren artean doi-doi sartzen da herria... horrelakoa da kalea ere.


PASAIA

Pasaiako badia historikoki San Pedro eta Donibane guneek bete izan dute, badiaren sarreran hainbeste urtetan elkarri begira izan diren auzo arrantzale tipikoek. Itsasotik hain hurbil, baina lurretik hain urrun egoteak bi etxe multzo hauen arteko harreman-lehia nahikoa berezia sortu du, beste inon baino hobeto estropada garaian islatzen dena.
Horrelakoak alde batera utzita, bi auzo hauek bisitatzeari (batez ere Pasai Donibane) oso gomendagarria deritzogu, itsas-kutsu nabarmeneko gune politak direlako. Beste bi auzoak, Pasai Antxo badiaren erdian, eta Trintxerpe San Pedroren ondoan, beranduago eratu dira, badia honetan kokatzen den portuak gero eta garrantzi handiagoa hartu ahala. Gaur egun Euskal Herriko porturik garrantzitsuenetakoa da Pasaiakoa.

Laburpen historikoa
Udalerri bateratu gisa berriagoa bada ere, bi gune historikoen jatorria Donostia eta Hondarribiko fundazioekin lotzen da. Izan ere, Pasai San Pedro hainbat mendetan zehar Donostiako auzune bat izan zen, eta Pasai Donibane Hondarribikoa. 1765ean dagoeneko, bertako agintariek banaketa honek era guztietako kalteak ekartzen zizkietela zioen idatzia bidali zuten Madrilera, Koroari, hain zuzen.
1770ean Pasai Donibanek Hondarribitik desanexionatu eta bere udalerria sortu ahal izan zuen. Pasai San Pedrok 1805a arte itxoin behar izan zuen dekretu hori lortu arte, nahiz eta Independentzi Guda amaitu arte dekretua ezin bete egon bazen ere. Dezente geroago, XIX. mendearen amaiera aldera Pasai Antxo sortu zen, trenbideak eta N-1 errepideak bertatik pasatzen zirela lagundurik. Trintxerpe, berriz, joan den mendearen bigarren erdialdean sortu zen, kaiaren arrantza jardueraren eraginez.

Pasai Donibane
Errenteria-Lezotik etorriz, Pasai Donibaneko gune historiko-artistikoa osatzen duen kale bakar eta ederrean sartu aurreko aparkalekuan kotxea uztea gomendatzen dizuegu. Bestela, hamar bat minutuero aldatzen den semaforoa berde jarri arte itxoin beharko duzue, eta horren aurreko kale estuan arazoren bat izan dezakezue kotxez ibiltzeko.
Osorik monumentutzat jo dezakegun kale estu, bihurgunetsu eta batik bat eder honek etxepeko hainbat pasabide ere badu, erakarriko zaituzten ikuspegia sortuz. Sartu eta berehala alde batean eliza eta bestean jauregi bat aurkituko dugu. Jauregi ederra Arizabalotarrena da, herriko sendi garrantzitsua.
Bere lau aldeko teilatuak hegal landua erakusten du, eta baita aurrealdean armarri ederra ere. Eraikina XVIII. mendekoa da, barroko estiloan egina. Etxeondotik kaira gertura zaitezkete. Esan dugun moduan, bere aurrean San Joan Bataiatzailearen eliza dago. 1643an fundatua, aurrealde neoklasiko-barroko laua erakusten du, sainduaren estatuarekin (1731). Barrualdean erretaulak azpimarra genitzake.
Kalea segituz, kale honetako lau arku edo pasabideetako lehenetik igaroko gara. Bigarrena pasatu eta gure aurrean Miranda etxea agertuko da. Oso aurrealde ederra du, XVI. mendeko Berpizkundekoa, eta beheko solairuan (jubilatuen egoitza) bi armarri.
Etxe honen eskuinaldeko atetik Victor Hugo etxea izenarekin ezagutzen den etxebizitzara sar gaitezke. Izan ere, frantziar Erromantizismoaren ordezkaririk nabarmenenak bertan egun batzuk pasa zituen, lekuaz maiteminduta. Hirugarren arkuan Kristo gurutziltzatuaren irudi bat aurkituko dugu, eta pasatu ostean XVI. mendeko Guruztokia. Estilo herritarra eta manieristakoa, barruan Pietatearen Ama Birjina ikusi eta 778ko Orreagako batailan parte hartu zuten pasaitarren inskripzio bat irakur daiteke.
Guruztokiaren alboan Villaviciosatarren jauregia altxatzen da, XVI. mendean harlanduz eginikoa, Berpizkundeko estiloan. Jauregia dagoen plazatxo honetatik bi Pasaiak lotzen dituzten gabarrak ateratzen dira; zerbitzu honek antzinatik funtzionatu izan du eta erosoena denez, oso erabilia da. Plazatxo honetatik ere badia osoa dominatzen duen eta ikustaldi oso ederra eskaintzen duen Santa Ana baselizara igotzen diren eskailerak irteten dira. Barruan XVI. mendeko Ama Birjinaren holandar irudia dugu.
Pixka bat aurrerago Pasai Donibaneko zabalgune nagusira (edo bakarrera) iritsiko gara, eta bertan tarte luzea egitea aholkatzen dizuegu, bere edertasunak merezi du-eta. Zabalgune hori arrantzale kutsu nabarmena duen Santiago plaza da. Alde batean itsasoa duela, bestean arrantzale-etxe estu, garai, koloretsu eta politak, erdian Udaletxea... enparantza hau patxadaz jarrita egoteko leku ezin atseginagoa da.
Itsaso zabalerantz jarraituz, tartean Bonantzako Kristoren elizarekin topo egingo dugu (XVIII. mendea). Bere barrenean, sarrera osteko burdinazko langa landua eta aldare nagusiko erretaula eta Kristoren irudi barrokoak azpimarratuko ditugu. Azkenik, badia itsaso bihurtzen den lekutik hurbil, Santa Isabel gazteluaren hondakinak ikusiko dituzue. Carlos I.aren aginduz eraikia, badia balizko erasoen aurrean defenditu asmoz, 1876an desagertu zen.

Pasai San Pedro
Badiaren beste aldean kokatua, portuaren instalazioak eta Trintxerpe auzoa pasatu ondoren, bigarren auzune honek ez dauka bere anaia-lehiakidearen aberastasun artistikoa, baina berarekiko antza handia eta erakusteko moduko monumentu bat baino gehiago ditu.
Horrela, honen gune historikoa ere ilara bakarrean antolatutako etxe-multzoak osatzen du, badia ondoko Arraunlarien kalearen eta atzeko Kepa Deunaren kalearen artekoa. Antolaketa urbanistiko hau itsasoan amaitzen diren bi mendien pean bizitzeak dakar.
Hasieran San Pedro parrokia ikusiko dugu, XVIII. mendekoa, eta hortik aurrera, Donibanekoaren moduan, kaleak pasabide bat baino gehiago erakutsiko digu. Monumentuen artean hainbat armarridun etxe aipa dezakegu, Aizpuruatarrena, Blas de Lezo itsasgizon ospetsuaren (1689-1741) jaiotetxea, Sebastian Etxebarriarena...
Pasai San Pedrotik ere Donibaneren ikuspegi oso politaz goza dezakegu, bien artean ikusiko ditugun txalupa ugari koloretsuen atzean. Trintxerpe eta San Pedroren arteko Seoane Markesa plazatik La Plata itsasargiraino igo gaitezke edo badiaren ahoraino paseatu dezakegu. Bata zein bestea ibilbide ederrak dira.
INFORMAZIO PRAKTIKOA
PASAIA

Udaletxea:
943- 34 40 34.

Turismo bulegoa:
943-49 45 21. Victor Hugo etxea, San Juan 61.

Sendagilea (P. Donibane):
Juan XXIII z/g. 943- 51 51 88.

Osasun-zentrua
(P. San Pedro): Marine-len Igoera 1. 943- 39 86 40.

Botikak:
- Martinez-Lagos- Donibane 22. 943- 51 46 45.

-
Egurrola- Kepa Deuna 2. 943- 39 91 21.

Bankuak:
-Kutxa- Lezo-bidea (P. Donibane sarrera).

-BBVA, Kutxa, Euskadiko Kutxa- Euskadi Etorbidea - Trintxerpe auzoa (P. San Pedrora bidean)

Kotxe-tailerrak:
-Talleres Juan Ibañez (garabia)- San Markos errepidea z/g (P. Antxo). 943- 52 41 52.
- Talleres Arla- Lezo-bidea 19 (P. Donibane). 943- 52 87 77.
- Talleres Torrea- Euskadi Etorbidea 53- Trintxerpe (P. San Pedrora bidean). 943- 39 13 90.

Jatorduan:
-Ziaboga Jatetxea- Donibane 91.
- Nicolasa Jatetxea- Donibane 59.
- Casa Camara Jatetxea- Donibane 79.
- Txulotxo Jatetxea- Donibane 71.
- Casa Mirones Jatetxea- Donibane 80.
- Izkiña Jatetxea- Euskadi Etorbidea 19 (Trintxerpe-San Pedrora bidean).
- Maritxu Jatetxea- Euskadi Etorb. 13.
- Puerto Jatetxea- Kepa Deuna 38

Jan eta lo egiteko:
**Hostal Bahia- Eskalantegi 21 (P. Antxo). 943- 51 44 50. Logela bikoitza 6.400 pzta.


Azkenak
2025-03-05 | Sustatu
Euskaltelek ere men egiten dio LaLigari, bere bezeroei euskal zerbitzuetara bidea moztuz

Sustatun agertutako salaketa, LaLiga futbol erakunde espainiarraren eta Movistar/Telefonicaren arteko tratuek euskarazko zerbitzuak kaltetzen dituztela Interneten (kasu hartan Egunean Behin jokoan irudiak desagertzea zen kontua), hedatu egin da. Tokikom-eko euskarazko tokiko... [+]


Seme-alabak berandu izatearen ajeak

Batez beste, adinez gero eta nagusiago bilakatzen gara ama eta aita, hala diote datuek. Biologiari aurre hartu diote ugalketa teknikek, baina guraso zahar ugariko gizartea izatearen inguruan gogoetatzea falta dela iritzi dionik bada.


Europak armagintzara 800.000 milioi euro bideratzea proposatu du Von der Leyenek

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europa berrarmatu plana aurkeztu du, kontinentea "erresilientea eta segurua" bihurtzea xede duena. Bost zati ditu planak, eta estatu kideek 150.000 milioi euro jasoko dituzte mailegutan. Arau fiskalak moldatuko... [+]


Autogintza industriari CO2 isuriengatik aurreikusitako isunak atzeratuko dizkio Europako Batzordeak

2021etik 2025era isuriak %15ean murriztu behar zituen industriak. Ursula Von Der Leyenek automobilgintzaren sektorearen eskutik ekintza plan bat aurkeztuko du martxoaren 5ean. Oraindik erabakia hartua ez badago ere, Europar Batasunak sektorearen eskaerak onartuko dituela diote... [+]


Xabier Zabalo euskal presoa espetxera itzularazi du Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzak

Frantziako Poliziak 2002an atxilotu zuen zumarragarra, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da. Sare Herritarrak mobilizazioa deitu du datorren ostiralerako, Urretxuko Potros Plazan.


Trebiñu Araban sartzeko “aurrerapausorik” ez dela eman salatu dute enklabeko zinegotziek

Bizilagunek "egia eta politika" merezi dutela adierazi dute, oraindik konponbiderik bilatu ez zaizkien arazo ugari edukitzen jarraitzen baitute. Ikasketei eta osasun arretari loturiko arazoak nabarmendu dituzte.


2025-03-04 | ARGIA
Langile bat hil da Elorrion, makina batek harrapatuta

Betsaide enpresan gertatu da, 08:00ak aldera. Urtea hasi denetik gutxienez bederatzi behargin hil dira.


2025-03-04 | ARGIA
Euskaraz egiteko eskatzeagatik Tolosan EHEko kide bati eraso egin diotela salatu dute

Euskal Herrian Euskarazen arabera, Tolosako tren geltokiko segurtasun agente batek eraso egin zion militante bati, agenteari euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako. Tolosako alkateak "kezka" adierazi du eta azalpenak eskatuko dituela jakinarazi.


Ikasgeletako ratioak etapa guztietan mugatzeko legea eskatu diote Nafarroako Parlamentuari

Seme-alabek eskolan dituzten ratioekin kezkatuta, Arartekoari kexa helarazi zion guraso talde batek, eta orain zuzenean Parlamentuari egin diote eskaera, “legez berma dadin gure seme-alaben hezkuntzaren kalitatean oinarrizkoa den neurria, unean uneko aurrekontuez edo... [+]


2025-03-04 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Bagram, guraria eta arrandia nahikoa ez direnean

Trump/Vance eta Zelenskyren arteko sesio gogoangarriak, Europan behintzat, erabat isilarazi badu ere, bada beste mundu-parte batean bederen dezenteko harrabotsa harrotu duen burutazioa. Afganistango Bagrameko aire-basea berreskuratu nahiko luke Trumpek, bere lehen... [+]


Ukrainarentzako laguntza militarra geldiarazi du Trumpek, Zelenskik bakea “xede” duela erakutsi arte

Etxe Zurian edukitako liskarraren ostean, eskainitako laguntza "konponbide batera bideratuta" dagoela ziurtatu nahi du Trumpek. Zelenskiren arabera, Kievek bizirauteko aukera gutxi izango lituzke AEBen laguntza militarrik gabe.


Manifestazio jendetsua Martxoak 3an Gasteizen Poliziak eraildako bost langileen oroimenez

49 urte eta gero Espainiako Poliziak Gasteizko Maria Sortzez Garbiaren katedralean eraildako bost langileak oroitu dituzte beste behin astelehen arratsaldean. Milaka pertsona batu dira Zaramagatik abiatutako eta katedralean amaitutako manifestazioan. Manifestari guztiek ez dute... [+]


Danimarkak ez dizkie gurasotasun froga psikologiko gehiago egingo groenlandiar jatorriko gurasoei

Groenlandiar jatorriko 411 haur daude tutoretzapean Danimarkan, Gizarte Gaietako, Etxebizitzako eta Adineko Pertsonen Ministerioaren txosten baten arabera. Aitatasun eta amatasun froga psikologikoetan puntuazio baxuak lortzeko arriskua dute guraso groenlandiarrek, frogak ez... [+]


Eguneraketa berriak daude