ITSASOKO BIZARDUN ERRALDOIAREN HONDORATZEA

  • Ordutik ez da gure kostaldera balerik hurbildu. Baina baleak garrantzia handia izan du Euskal Herriko historian; euskaldunak izan baitziren balenarrantzan aitzindari eta, horri esker, garai batean itsasoetako nagusi. Euskaldunek aspaldi utzi zioten balenarratzari, baina beste herrialde batzuetan ez diote jarduera honi uko egin. Ezta baleen biziraupena arrisku bizian dagoenean ere. Norvegia, Islandia eta Japoniarenen kasuez ari gara. Azken berria duela aste batzuk iritsi zen komunikabideetara: japoniarrek 400dik gora bale ehizatu zituzten Ipar Pazifikoan. Sarraskia justifikatzeko azterketa zientifikorako zirela esan zuten lotsagabeki. Bitartean Japoniako jatetxe askok bale haragia eskaintzen dute kartan. Oso garesti gainera.
Atlantikoko Shetland irlen hegoaldean inoiz existitu den izakirik handiena harrapatu zuten 1926. urtean. 33 metro luzeko eta 200 tonatako bale urdin emea zen. Egungo elefanterik handiena nekez iristen da 11 tonatara eta oraino ez da bale horren tamaina eta pisua gainditu dezaketen dinosauroen arrastorik topatu. Baina gaur egun munduko animalia handiena desagertzeko arriskuan da, bere bizar, jauzi eta kantuarekin batera. Erruduna, beste askotan bezala, gizakia da eta arrazoia, baleak dena duela aprobetxagarri bere gorputz mardulean. Kantitatea eta kalitatea batera. Zer gehiago behar du munduko harrapakari nagusiak, gizakiak, alegia? Agian pizti erraldoiak gainditzeko erronka eta zirrara. Gizakia eta balearen arteko borroka mito bihurtua izan baita mendeetan. Horren lekuko garbia da "Moby Dick" literatur klasikoa. Eta hain urrun joan gabe ere, etxean bertan topa ditzakegu borroka mitikoaren lekukotzak: hor dira duela 100 urte Orioko baleari jarritako bertsoak. Baina hil ala biziko borroka hori galdua da azken mendeetan teknologiaren aurrerapenen eraginez. Edo, hobe esanda, borroka hori galdua du baleak.
Zaila da balenarrantzaren hastapenei data zehatza jartzea. Norvegian, adibidez, 4.000 urteko baleen irudiak topatu dira harrietan, eta Alaskan duela 3.500 urteko bale hezurrak topatu dituzte arkeologoek. Badakigu egungo Columbian (EEBB) bizi ziren haida indioek baleak ehizatzen zituztela euren piraguetan, zurez eta maskorrez eginiko harpoiak baliatuz. Ipar Pazifikoko Aleutiana irletako biztanleek ere teknika beretsua erabiltzen zuten, baina harpoiei pozoia erantsiz. Japoniarrek, aldiz, igerilari- harpoilarien lana erraztearren sare handietan harrapatzen zituzten baleak lehenik. Baina jarduera hauek kostaldera gerturatzen ziren baleekin ziren posible soilik. Belaontziak nagusitu arte ez zen balenarrantzalea ur sakonetara hurbildu, eta horretan euskaldunak izan ziren aitzindari.


EUSKALDUNEN ERRESUMA.

Hasieran, beste herrialdeetan bezala, euskaldunek Kantauriko uretara hurbildutako baleen arrantzan jarduten zuten. Balea agertzen deneko agiri zaharrena Baionako hiriak 1059an balearen haragia saltzeko esklusibaren inguruan eginiko eskaria da. XIII. mendeko Bermeoko eta Hondarribiko zigilu banatan balearen irudia ageri da XVI. mendeko Mutrikuko armarri batean bezalaxe.
Euskal kostako ontzien teknologia aurreratuari esker eta bertako arrantzaleen ezagutza baliaturik, Kantauriko mugetatik at joan ziren berehala balearen eta hark zekartzan aberastasunen atzetik. Europarrak Amerikara joan eta berehala, XVI. mendean, dagoeneko Ternuako balenarrantzan nagusi ziren euskal ontziak. Euskaldunak Ternuara 1492 baino lehen iritsi zirela dioenik ere badago. Horixe idatzi zuen XVI. mendean bertan Bertrand D'Argentre frantziarrak. 1661ean Etienne Cleirac-ek Cristobal Coloni Indietako existentziaren berri eman ziona balenarrantzale euskalduna izan zela gaineratu zuen, eta 1789an D'Alembert-ek balenarrantza ikasi, bere koipea urtu eta Ternuara iristen lehenak euskaldunak izan zirela idatzi zuen "Entziklopedia Metodikoa"n.
Jules Michelet historialari frantziarraren "La mer" liburuan honako pasarte hau topa daiteke: "Nork ipini zuen nabigazioa gizonaren eskura? Nork ezagutarazi zuen itsasoa eta honen gune eta bideak? Nork deskubritu zuen mundua? Baleak eta balenarrantzaleak", eta ondoren, euskal arrantzaleen ausardia, indarra, ezagutza... ditu aipagai. Balenarrantzan zuten nagusitasunak XVI. eta XVII. mendeetako itsasoko errege bihurtu zituen euskal marinelak. Baina agintaritza XVIII. mendearen hasieran galdu zuten: holandar eta ingelesak bultzaka ari ziren azken urteetan eta 1713ko Utretcheko Itunean Ternuan aritzeko eskubide guztiak galdu zituzten euskaldunek. Handik aurrera, dena den, atzerritarrek euskal arrantzaleak hartu ohi zituzten euren ontzietan, estimu handitan baitzuten euskaldunek alor horretan zuten ezagutza.
Urte hauetan guztietan bale olioaren eskariak gora egin zuen etengabe eta, hala ere, zetazeo handi hauen biziraupena ez zen arriskuan. Mehatxu handienak etortzeke ziren: bapore ontzia eta, bereziki, harpoi mekanikoa.


ASMAKIZUN BELTZA.

Svend Foyn kapitain norvegiarra da harpoi mekaniko modernoen asmatzailea. 1896an harpoi explosiboa asmatu zuen. Harpoi hau balearen gorputzean sartzen denean eta hortzak zabaltzen hasten direnean, azido sulfurikoz betetako beirazko botilatxoa hautsi egiten da eta azido honek harpoiak daraman bolboraren eztanda eragiten du. Eztanda garunean ematen ez bada, balearen heriotza ez da inoiz bat-batekoa izaten. Alderantziz, baleak agonia luzea du aurrean eta ur sakonetan murgiltzeko joera izaten du. Tarteka gora itzuliko da arnas hartzera eta ohiko txorrotada gorri bilakatzen denean balenarrantzaleak badaki amaiera gertu dagoela. Gero, aire konprimitua injektatzea besterik ez da geratuko, gorpuak flota dezan eta, modu horretara, garraioa errazagoa gerta dadin. Balenarrantzaren arrakasta zalantzan jarriko duen elementurik ez dago. Tresna hiltzaile honez gain, egungo bale ontziak motor indartsuak dituzte eta sonarra eta beste hainbat aparatu dituzte baleak ihes egingo ez duela ziurtatzeko. Jarduera hiltzailea geratzeko aukera bakarra aginteak du.


NEURRI ANTZUAK.

1987an Nazioarteko Balenarrantza Batzordeak bale merkataritzaren bosgarren Karta erregulatzailea argitaratu zuen. Baina bertako neurriak ez dira inoiz guztiz bete eta, "arrazoi zientifikoak" argudiatu ditu askok arrantzan jarraitzeko. Gainera, baimen bereziak luzatu ditu Batzorde honek behin eta berriro. 1990. urtean soilik 364 aleen arrantzarako baimena eman zuen Batzordeak, Groenlandiako balea eta jubarta bezalako espezie arraroak tartean zirela. Kopuru horri mozorro zientifikoz jantzitako arrantzak gehitu behar dizkiogu. Japoniatik etorri diren azken berriek aitzaki honi esker 400dik gora bale ehizatu direla diote. Gainera, tradizio handieneko herrialdeak -Norvegia, Japonia eta Islandia- euren interes ekonomikoen aldeko presioan ari dira etengabe. Baleen merkatua berriro zabaltzea nahi dute eta euren eskaria sustengatzeko, baleen populazioa nahiko berpiztu dela diote. Argudio honen oinarria oso zalantzagarria da eta baleen defentsan dihardutenek kezka handiz ikusten dute herri hauen asmoa.
Hala ere, ez da arrantza baleek gainean duten mehatxu bakarra. Gizakiaren negligentzia eta akatsek hainbat baleren heriotza eragiten dute urtero. Ternuan esaterako, urtero sare erraldoiak botatzen dira itsasora arrautzetik irten berri diren arrain txikiak harrapatzeko. Sare hauek baleen migrazio bideetan daude, arrain txiki hauek baitituzte elikagai, eta urtero bale asko itota hiltzen da sare hauetan harrapatuta.
Kutsadura ere baleen etsaia da eta duela urte batzuk Kaliforniako kostan zortzi bale gris hil ziren Serpentine ibaian isuritako kontserbanteen eraginez. San Lorenzoko (Kanada) beluga bale populazioa arrisku bizian jarri zuen produktu kutsakorren isurketak eta alerik hil ez bazen ere, ugal aparatuan ondorio sendaezinak eragin zituen.
Errealitate ezkor honek badu, ordea, baikortasunerako zirrikiturik: oraindik bizirik dauden baleek euren ugalketa ohiturak aldatu dituzte. Gazteago eta sarriago hasi dira ugaltzen. Zaila izango da adaptazio horri esker soilik baleen populazioak garai bateko hedapen berbera lortzea eta egungo arriskuak saihestea. Baina baleek, eta naturak berak, berriro ere gu baino inteligenteagoak direla frogatu dute bederen.

BERTSO BERRIYAK ORIO'KO JARRIYAK
Maiatzaren 14an, hauteskundeen biharamon ajetsuan beteko dira 100 urte Kantauriko kostaldean azken balea agertu zela. Orioko barraren aurrean azaldu zen goizeko bederatzietan. Manuel Loidi, Manuel Olaizola, Eustakio Atxaga, Gregorio Manterola eta Zesareo Uranga patroi zirela bost traineru abiatu ziren balearen bila. Balea harrapatu, nekez lehorrera eraman eta eguerdirako herrian zen. Balearen zati guztiak saltzen ere ez zen lan handirik izan "Bertso berriyak Oriyo'ko baliari jarriyak" sorta ezagunak deskribatu bezala. Hona 21 ahapaldiko sortako lehen bertsoa:

Milla bederatzi eun
da lenengo urtean,
maiatzaren amalau-
garren egunean,
Oriyo'ko erriko
barraren aurrean,
balia agertu zan
beatzik aldean.
Bertso sorta Orbegozo abizeneko apaiz batek idatziak omen da, oriotarra bera. Inazio Eizmendi "Basarri"k, 1965ean zera zioen Zeruko ARGIAn: "Bertso bezala eztute balio geiegirik, gure iritzian. Gauzak zer eta nola gertatu ziran garbi adierazten du bertsolariak. Argatik irakurtzen degu arretaz bere lana ta ez bertsoen merituagatik".
Badira, ordea, gertakizunaren inguruko beste bertso batzuk, egile ezezagunekoak eta besteak baino kaskarxeagoak. Hamarreko handian eginak dira bederatzi bertsoak eta lehenak honela dio:

Ogeigarren sigluan lenengo urtian
maiatzaren amalaubia,
Oriyo barran plaian sartu zan
erriyo aldera balia.
Ekusitako denbora hau da:
goizeko bederatzik dia;
erri onetan bost treñerotan
okupatu da jendia,
al dan lenena preparatuta
berarengana juan dia

MOBY DICK: 150 URTEKO BALEA
Oriokoa ez da aurten urteurrena betetzen duen bale bakarra. Literaturako balerik ezagunenak, "Moby Dick"ek, duela 150 urte ikusi zuen argia Herman Melville (irudian) idazlearen eskutik. Balea zuria harrapatu nahi duen Ahad kapitain obsesiboaren istorioa kontatu zuen Melvillek nobela honetan. Liburua, ordea, ez zen abentura eleberri hutsa. Idazlearen beraren obsesioak islatzen dira Ishmael narratzaile misteriotsuaren ahotik, baita garaiko gizarte protestantearen obsesioak ere.
Literatuaren klasiko honek ez zuen, hala ere, arrakastarik ezagutu Herman Melville bizi zen artean. Egilearen beraren ustez, moralistegia zen eta bera hil eta urte batzuetara, literatura nazionalaren kontzeptuak garrantzia hartu zuenean, hasi ziren nobelaren balioa ikusten EEBBetan.
Ordutik klasiko bilakatu da "Moby Dick", baina apurka bere balio sinboliko aberatsa, bere sakontasuna galduz ere joan da. Nobelaren inguruan hainbat film, komikik edo bertsio laburtu egin izan da eta, modu honetan, "Moby Dick" abenturazko nobela huts gisa helarazi zaio publikoari. Urteurrenean, esaterako, Hollywooden eleberrian oinarritutako film berri bat prestatzen ari dira; ikusteke dago oraindik testuaren alde abenturazaleari helduko ote dioten edo Melvillen lanaren transzendentzia berreskuratzen saiatuko diren.
Eta itsas giroko abentura gisa ere "Moby Dick"en arrakasta apalduz joan da, orokorrean itsasoaren inguruko literaturaren oihartzunarekin batera. Ozeanoa egun ez da XIX. mendea bitarte izan zen toki mugagabe eta misteriotsua. Ezagutzak eta teknologiak erakargarritasuna jan diete horrelako lanei.
Ea 150. urteurrenaren aitzakiak publikoak "Moby Dick" nobelari justizia egiteko balio duen.

"EUSBALENA GLACIALIS" EDO BALE EUSKALDUNA
Euskaldunok badugu gure balea. Baina ez gure kostaldean dabilelako, euskaldunak espezie honen arrantzan aitzindari izan zirelako baizik. Eubalena generoko glacialis espezieari horregatik esaten zaio munduan euskaldunen balea. Bale zuzen edo egokia bezala ere izendatzen da (ingelesez northern right whales), lehen balenarrantzaleek izen hori ipini baitzieten arrantzarako oso errazak izateagatik. Ezaugarri beretsuko lehengusu bat du eubalena australis izenekoa. Izenak dioen bezala hau hegoaldekoa da eta euskaldunona, aldiz, ipar hemisferioan bizi da.
Agian bertan bizi dela esatea baino, zuzenagoa litzateke bertan nekez bizirautea lortzen duela. Euskaldunak haren arrantzan hasi zirenetik, beste askok hauen bidea jarraitu eta egun desagertzeko arriskuan daude. Esan dugu arrantzarako errazak direla euskaldunon baleak. Eurengana hurbiltzea ez da zaila, kostatik hurbil bizi ohi dira eta hildakoan flotatu egiten dute. Gainera kalitate handiko olio eta haragi ugari ematen dute.
Euskaldunon balearen, zein hegoaldeko ahaidearen babesa 1937an hasi zen, desagertzeko zorian zegoenean. Badirudi eubalena australisek errekuperaziorako joera hartu duela eta egun 3.000-5.000 aleko populazioa du. Euskaldunon baleak, ordea, ez du joera baikorrik erakusten eta egun populazioa 300dik 600 alera bitartekoa dela kalkulatzen da. Zoritxarrez espezie hau mantso ugaltzen da: emeek lehen kumeak 5-10 urterekin izaten dituzte eta 3-4 urtero erditzen dute soilik.
Bere ezaugarri nagusia kailu edo maskurrez beteriko buru handia da, ahoko kurba arkeatuarekin batera. Gorputza iluna eta zabala du eta bizkar hegatsik ez dauka. Bularraldeko hegatsak, aldiz, zabalak ditu eta espatula formakoak. 80 tonatako pisua izatera irits daiteke.
Igerilari mantsoak izan arren, oso akrobatikoak dira. Ur gainean hegatsak mugitzen, jauziak egiten edo isatsa mugitzen ikus daitezke. Jostalariak eta kuriositate handikoak dira. Ipar Atlantikoko mendebalean bizi dira talde handienak. Atlantiko ekialdean gutxi batzuk baino ez dira geratzen eta Ipar Pazifikoan ia desagertuak daudela esan daiteke.


Azkenak
Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


Eguneraketa berriak daude