CCOOk eta Espainiako Gobernuak pentsioei buruz lortutako akordioaren sinadurak hainbat erreakzio eragin du, batzuk alde eta beste batzuk aurka. Gainerako sindikatuek berrikuntza ahula eta zalantzagarria dela diote. Sindikatu abertzaleek dagoeneko aurkako jarrera agertu dute, haien ustez erregresiboa delako eta langileen interesentzat kaltegarriagoa izango den beste erreforma bat lortzeko modua delako. Nolanahi ere, akordioaren aurkako jarrerarik gogorrena botere ekonomiko-finantzarioen aldetik dator, beren adar mediatikoak ondoan dituztela. Hauek diotenez, erreforma hori "aditu" guztiek aldarrikatzen dutenaren aurkako bidetik doa. Aditu horien artean daude Espainiako Bankua eta bertako arduradunak, hain zuzen ere, ideologikoki botere ekonomiko-finantzario horietatik edaten dutenak.
Horregatik, garbi esan daiteke berrikuntza hori ez dela behin betikoa baizik eta guztiz behin-behinekoa, eta edozein unetan beste berrikuntza bat izango duela "adituek" adierazten duten bidetik. "Aditu" horiek pentsatzen dutenaren adierazgarri nabarmena aurkitzen dugu "Expansión" egunkari ekonomiko madrildarrak argitaratutako editorialean. Horren aipamen zabala egingo dugu idazlan honen bigarren zatian.
Egia da pentsioen berrikuntza honek, esan bezala, langileentzako alderdi onuragarri batzuk dituela, esate baterako, merkatu laboraletik ateratzera beharturik dauden langileak, orain, 61 urterekin aldez aurretiko erretiroa lor dezakete. Gutxieneko pentsioak, zurztasunarenak edo alarguntzarenak, dituztenentzat ere onuragarri gertatzen da. Baina, akordioaren aurka daudenen iritziz, "adituek" pentsioen sistema publikoa sendotzeko egindako gomendio bat bera ere ez du betetzen akordioak. Beraz, ez dago neurri bat bera gastua murrizteko benetako plan bat egin ahal izateko.
Irakurleak erreforma honen aldaketa nagusiak nondik nora doazen jakin dezan, haren alderdi nagusiak aipatuko ditugu eta 1996tik gaur arte izandako bilakaeraren azalpena egingo dugu, eta, aldi berean, "aditu" horiek nahiko luketen berrikuntza argitzen saiatuko gara.
ERRETIRORAKO ADINA.
1996 arte, 65 urte behar ziren pentsio osoa kobratzeko, 35 urteko kotizazioaren ondoren. Toledoko Itunarekin 65 urteko adina eta 35 urteko kotizazioa behar zen; aktiboetan iraunkortasuna bultzatzeko pizgarriak eskaini ziren, eta erretiro partziala hartzen zutenen gizarte babesa hobetu zen. Oraingo 2001eko erreformarekin 65 urteko adina eta 35 urteko kotizazioa behar dira; erretiroaren pentsioa eduki arren lanean jarrai daiteke, 65 urteko adina gainditu ondoren ere; ezintasun iraunkorragatiko pentsioak lor daitezke nahiz eta langileak 65 urte edo gehiago izan. "Adituek" erretirorako adina 70 urtetara atzeratzeko eskatzen dute.
Pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko modua: 1996 arte, lanean emandako azken zortzi urteak hartzen ziren kontuan. Toledoko Itunaz geroztik, pixkanaka 15 urtetaraino igotzen da epe hori 2002. urtera bitartean. Oraingo akordioarekin 2003. urtera atzeratzen da pentsioa kalkulatzeko epea handitzeko neurri berrien azterketa. "Adituek" pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko epea kotizazioko 35 urteetara zabaltzeko eskatzen dute.
ALDEZ AURRETIKO ERRETIROA.
1996 arte, Gizarte Segurantzan 1967ko urtarrilaren 1a baino lehen kotizatu zuten guztiek nahikoa zuten 60 urteko adina edukitzea eta 15 urtez kotizatu izana; 65 urte betetzeko falta zitzaien urte bakoitzeko %8ko murrizpena egiten zen. Toledoko Itunarekin, aurreko baldintza berberek jarraitu zuten eta murrizpena %7ra jaitsi zen, 40 urte kotizatu eta lanpostua bere gogoaren kontra galdu baldin bazuten. Oraingo akordioarekin baldintzek bere horretan jarraitzen dute, iragankortasunez eta lan merkatua uzten duten arte 1967ko urtarrileko 1a baino lehen kotizatzen hasiak zirenentzat. Honelako erretiroa lortzeko eskubidea izango dute baita ere, 61 urte eta 30 urteko kotizazioa izanik, lanetik bota ondoren lanpostua eskatzeko zerrendetan sei hilabetetik gora daramatzatenek; hauei pentsioa %8 eta %6 bitartean murriztuko zaie urte bakoitzeko, kotizaturik dituzten urteen arabera. Baina, hala ere, "adituek" aldez aurretiko erretiroari pizgarririk ez emateko eskatzen dute, aurreratzen den urte bakoitzeko murrizpen handiagoa ezarriz.
SISTEMA PUBLIKO OSAGARRIAK.
1996 arte, pentsio publikoen sistema besterik ez zegoen. Toledoko Itunaz geroztik, pentsioen sistema publikoa bestelako eredu pribatu batzuekin osatzeko aukera bultzatu nahi da, banakakoak nahiz taldekakoak. Oraingo akordioarekin enplegu planen bidez gizarte aurreikuspen osagarriak sustatzearen aldeko jarrera bultzatu nahi da; halaber enpresa txiki eta ertainak eta enpresari autonomoak nahiz langileak enplegu plan propioetan edo elkarren artekoetan atxikitzea erraztu nahi da. "Adituek", ordea, sistema mistoa bultzatu nahi dute, oinarrizko maila estaltzen duen sistema publikoarekin batera, langileentzat nahitaezkoa izan beharko lukeen beste sistema osagarri bat ezartzeko eskatzen dute.
PENTSIOEN BALIO HANDITZEA.
1996 arte, pentsioak urtero igotzen ziren, inflazioarekin batera, inolako legezko agindurik gabe. Toledoko Itunarekin legez ezarri zen prestazioak urtero KPIren arabera igotzea. Lehengo araudiaren arabera Gobernuak deskontatu egin zezakeen aurreko urtean inflazioari irabazitakoa, eta Parlamentuak ezabatu egin zuen arau hori. Oraingo 2001 akordioak ez du ezertarako ukitzen pentsioen balio igoera. "Adituek" pentsioak KPIren azpitik igotzea gomendatzen dute, pentsiodunen "erosketa saskiaren" arabera.
ERRESERBA FONDOA.
1996 arte, ez zegoen erreserba fondorik. Berau Toledoko Itunarekin eratu zen, ekonomiaren beherakada bat izanez gero prestazioei erantzun ahal izateko. 2001 akordioarekin, helburua 814.000 milioi pezetara (32.560 milioi libera) edo 2004. urtean bilioi bat pezeta (40.000 milioi libera) izatera iristea da, kotizazioen soberakinen bidez; ahal bada, soberakinak prestazioak hobetzeko eta kotizazioak jaisteko erabili behar dira. "Adituen" ustez, soberakin guztiak erreserbak hornitzeko erabili behar dira.
KOTIZAZIORAKO GUTXIENEKO EPEA.
Orain arte hamabost urtekoa izan da kotizaziorako gutxieneko epea. 2001eko erreforma honekin ere 15 urtekoa da epea. "Adituak", berriz, aipaturiko urte kopuru hori igotzearen alde agertzen dira.
"EXPANSION" EGUNKARIAREN HITZETAN PENTSIOAK "SAGUAREN ERDITZEA" DIRA
Botere ekonomiko-finantzarioek pentsioen erreformaren inguruan agertzen duten ezadostasuna komunikabideetan azaldutako hainbat jarreratan nabarmendu da. Ezin da ahaztu komunikabide horietako batzuk beren eskuetan daudela. Horren adibide gisa, "Expansión" egunkari madrildarraren editoriala aipa genezake. Honelako izenburu esanguratsua zeraman: "Pentsioak: saguaren erditzea".
Editoriala argitaratu zenean Gobernua aurreakordio batera heldua zen CCOOrekin, gaur egungo pentsioen sistema aldatzeko. Horren inguruan egunkariak honako jarrera agertu zuen: "adeitasunaren aurkako mugetan dabilelarik ere, lekuz kanpoko txantxa txar baten antz handiagoa du Espainiako ekonomiak behar duen egitura-berrikuntza batena baino, nahiz eta CEOEk ere itunarekin bat egin eta, azkenerako, UGTk berak ere sinatu". Zioenez, pentsioen arazo nagusia "sistema horrek epe luzez irauteko duen ezintasun finantzarioan datza", hiritarren bizitza itxaropena geroz eta luzeagoa delako eta, egunetik egunera handiagoa den per capita errentaren eraginez, prestazioen kopurua ere goraka doalako. Horrek guztiak, editorialak zioenez, kostuak murriztera behartuko du, eta gizarteari garbi erakutsi beharko zaio Ongizatearen Estatua ez dela dohainekoa eta nahitaez oreka bat egon behar duela hari ematen zaionaren eta harengandik jasotzen denaren artean.
Editoriala idatzi zuenaren ustetan, dagoeneko aurreko legealdian Alderdi Popularrak planteatutako pentsioen erreformak bi ildo nagusitatik egin behar zuen aurrera: erretiroa jasotzeko eskubidea ematen duten urteen kopurua igoz eta lan merkatua 65 urte bete aurretik geroz eta lehenago uzteko aukera ematen duen aldez aurretiko erretiroaren aukera lehenbailehen ezabatuz, bestela lantegietako langile kopuruak Estatuko aurrekontuen kontura egokitzeko neurri kaltegarria bultzatzen baita.
Zentzu horretan, aldizkariaren ustez, Espainiako Gobernuak bultzatu duen akordio hau "atzera pausoa da bi ildoetan". Erretiroa atzeratzeko pizgarri batzuk eskaintzen diren arren, zabaldu egiten da aldez aurretiko erretiroa hartzeko aukera, oso eragozpen gutxi jarriz. Nahiz eta 2003. urtetik aurrera gaur egungo 15 urteak baino gehiago kotizatzeko ahalegina gehitzeko premia aipatzen den, ez da inolako konpromisorik ezartzen zentzu horretan. Ondorioa, editorial egilearen ustetan, "etsipengarria da: aukera historikoa galdu da, hiritarren osotasunari onuragarri gertatzeko bidetik pentsioak berritzeko, batez ere etorkizuneko belaunaldiei begira".
Editorialak zioenez, Gobernuaren erreformak, prestazio mota guztiak igoaraziko dituenak eta sisteman ia inolako arrazionaltasun neurririk ezartzen ez duenak, "saguaren erditzea dirudi". Ia denen onuragarri delarik, ia inor behartu gabe, oso zaila izango da inor aurka jartzea, UGTren "kasu galdua" izan ezean. "Egia da -zioen editorialak amaitzeko- Gobernuak, horren truke, neurri batean elkarrizketa soziala berreskuratzen duela, greba orokorraren mamua uxatzen duela, PSOE hanka trabaturik uzten duela eta ohiko Moncloako argazkia egingo duela. Baina, zein da prezioa?"