"NAFARROAREN IDENTITATE PLURALA EZIN DA EUSKARATIK EZ GAZTELERATIK SOILIK ERAIKI"

  • "Nafarroa Oinez"eko "pin"ak banatzen zituzten bitartean, "nafarkeriaren itsutasun eta egoskorkeriak galtzen gaitu!" ohiukatu zigun, orain arte horrexi esker biziraun dugula uste bagenuen ere. Mitinaren puntu gorenera iritsita, RH+a borborka jartzeko ardo gorriarekin bedeinkatu gintuen bertara hurbilduak. Bitartean, "Riau-riau!" imnoa jotzen zuen Peñak, eta Xabier Silveirak Nafar Naziotasun Agiriaren aldeko jotak kantatzen zituen...
Nafarroa plurala da zuretzat. Zein pertsona edo ingurune izan dira pluraltasun hori ikusteko giltza?
Nire gurasoak baserritarrak dira. Aita Pitillasen jaio zen (goi Erriberan) eta bere familia gero Valtierrara joan zen bizitzera. Baina aita urte batzuetan Elizondon ere bizi izan zen, beraz, bazuen Nafarroaren ikuspegi plural bat, eta hori oso modu argian transmititu zigun. Elizondon euskara pixka bat ikasi zuen, eta pianoa oso ongi jotzen zuenez, nik etxean ikasi nituen "Gernikako arbola", edo "Goizeko izarra" bezalako kantuak, eta baita erdarazko zortzikoak ere. Nire amaren familia, berriz, Iruñerrikoa da, Elortz haranekoa hain zuzen, eta hori ere beste errealitate bat da, Nafarroako pluraltasunaren sintesia.
Nire familia karlista da, eta mutikotatik Iruñeko Zirkulu Karlistaren inguruan sortutako elkarte batean sartu nintzen. Elkarteak "Mutiko alaiak" du izena, fundatzailea Don Ignacio Baleztena zen, Leitzako euskalduna, eta nahiz eta denak karlistak izan, dantzak ikasten ziren, euskara ere bai...
Gaztetatik Campionen irakurle nintzen, eta Nafarroa ikusteko beste modu hori ere ezagutu nuen, eta garai hartan euskara ikasten saiatu nintzen, Lopez Mendizabalen gramatika liburuarekin.
Zuzenbidea ikasterakoan ere, aukera izan nuen Nafarroako mendialdeko nekazal gizarteari dagozkion instituzioak ezagutzeko, baita Erriberako marko sozio-geografiko-ekonomikoari erantzuten dioten erakundeak ezagutzeko ere.
Beraz, nire familian eta ingurunean euskara ez da errealitate obsesiboa izan, ez zentzu batean ez bestean: euskara aberastasun gisa ikusten genuen, gure kulturaren zati gisa. Berau ikasita, Nafarroa kultur arloan, hizkuntza arloan, geografian, giza alorrean plurala dela ulertu genuen.

Turrillas maisuak eraginik izan zuen?
Nire familiak betidanik izan du berarekin harremana, eta Turrillas maixua Nafarroako pluraltasuna ulertzeko eredu bat da. Barasoainen jaio zen (Tafallatik gertu) eta gerora Iruñeara etorri zen bizitzera. San Ferminetako bere musikak ezaugarri bat du: kalejirak, eta jotak nahasten dituela. Baina Turrillasengandik gutxien ezagutzen dena, bere zortzikoak dira, oso delikatuak, hunkigarriak, generoa bera den bezalakoxeak. Ederki ulertzen zuen Nafarroako bere ingurukoa ez zen genero musikala ere. Nafarroako erdigunetik eta Erriberatik datorren generoa, menditik datorren beste genero batekin nahastu zuen.
Gainera, letra askotan, Nafarroako erdialdeko hizkera berezia erabiltzen du: erdal eta euskal hitz eta sintaxi nahasketa egiten du. Garai hartako baserritarren hizkera horixe zen, eta Iruñeko umeek ere hizkera hori genuen, oharkabean euskal hitzak sartuz: "Te damos un zartako", "deslizarte por la txirrista", "meterte algo en el kolko"...

Ikastolak nola ikusten dituzu?
Nire anaiaren bi seme-alabak ikastolan ikasi dute, eta horietako bat ikastolako irakaslea da gaur. Eta ez dut uste euskal nazionalistak direnik. Nire anaia eta koinatua ere, nahiz eta haurrak ikastolara eraman, ez dira nazionalistak. Nire semeak, hirugarrenak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskaraz egin du diplomatura, eta bera ere ez da euskal nazionalista. Nafarroan, bada ulertzen ez duen jendea, baina gehiengoak ulertzen dugu euskal kultura maita dezakezula eta sustatu, euskal nazionalista izan gabe. Horixe da Nafarroaren paradoxa. D eredua bultzatu da, une honetan indartsuena bera da, eta euskal nazionalismoak ez du indar handiagoa hartu. Beraz, eskuinaren diskurtso horrek, ikastolak Espainia gorrotatzeko direla eta abar, Nafarroan ez du balio.

Euskararen gaia politizatzeak, zer mesede eta zer kalte egin dio hizkuntzari?
Dena kaltean egin dio, zeren komunitate baten identitate kulturalaren zigilu zena, eta adierazteko eta komunikatzeko tresna zena, ikur bihurtu dute. Eta hala, batzuk erradikalki alde egongo dira, eta besteak erradikalki kontra. Eta erradikalen artean zaplastekoka hasten direnean, erdian gaudenak gara zartakoak hartzen ditugunak.

Baina ez bada politikoki ere bultzatzen, posible al da hizkuntza gutxiagotu batek bizirautea?
Politikak, euskara balio kultural gisa onartzen badu, egin behar duena da babestu. Hizkuntza identitate pertsonala da, askatasun pertsonalaren manifestazioa, identitate kultural kolektiboaren elementu bat. Beraz, botere publikoen eginbeharra da pertsonek euren nortasuna eta askatasuna garatzeko ahalbideak jartzea: hezkuntza zentruak sortuz, hezkuntza ereduak hautatuz, komunikabideei aukerak emanez. Azken batean, garrantzitsuena da identitateak pilatzea: ni Iruñeko alde zaharrekoa naiz, eta gainera iruñarra, eta nafarra, eta euskal komunitate kulturaleko partaidea, eta espainiarra, eta europarra, eta Osasunazalea, eta "La Hermandad de la Pasion"ekoa (hilobiaren eramailea), eta Zuzenbidean doktorea... Pertsonak identitate erreferente ezberdinak pilatzen joaten gara, eta batzuk ez dituzte besteak ordezkatzen, aberastu baizik.

Zertan bereizten dira "navarrismo" eta "nafartasuna"?
Nafar guztiak gara navarristak, denek Nafarroa maite dugun zentzuan. Baina jarrera navarrista horri esanahi politiko baztertzailea eman zaio: navarristatzat eredu politiko jakin bat jarraitzen dutenak bakarrik (UPNrena) onartu dira, eta besteok nafarrak gara, baina "nafar txarrak" nonbait. Navarrismoaren adiera baztertzaile horren aurrean, batzuk jarrera zabalago baten alde egin dugu: nafartasuna. Horrek Nafarroa aniztasun osoan maitatzea esan nahi du, eta beraz, ideiengatik ez inor baztertzea, alderantziz, integratzaile izan gaitezela. Gainera kontzeptu hau kultura eta politika arloa baino zabalagoa da, badu osagai sozial bat ere: marjinazio eta bazterketa sozialaren kontrako jarrera da.

Praktikan nola elkartu daitezke nazionalismo erregionalista-espainol-nafarra eta euskal nazionalismoa?
Guztiok, geure ezberdintasunekin, proiektu bakar baten alde, Nafarroaren alde lan eginez. Nazionalista batzuk proiektu soberanistan sinesten dute, baina horregatik ez diote euren herrikideen alde lana egiteari uzten. Euskal nazionalista askok dio lehenik eta behin nafarrak direla, eta ez dutela Nafarroa Eusko Jaurlaritzaren menpeko Foru Aldundi gisa ikusi nahi, hori maila jaistea bailitzateke: bere gobernu eta legebiltzar propioa izatetik beste probintziek erabakietan eskuhartzera pasako litzatekeelako. Euskal nazionalista askok integrazioaren ideia hori kritikatzen du.

Estatu mailan, zer eredu politiko nahi zenuke?
Autonomia mekanismoa federalismorako pausoa dela ulertzen dugu. Federalismoa ez genuen 78ko Konstituzioan lortu, garai hartarako gehiegi zelako, eta erdibideko formula bilatu zen. Baina formula horrek berez federalismoa du jomuga. Askoren moztasunak, ulertarazten diete eredu autonomikoak Espainiaren batasuna hausten duela, Espainiaren batasuna eredu zentralistarekin identifikatzen dutelako. Baina estatu batek estatu izaten jarraitzen du deszentralismoarekin ere. Horregatik, ni federalismoaren alde nago. Beste batzuek diote federalismoak ezberdintasun denak berdin bihurtzen dituela. Baina nik ezagutzen ditut eredu federal asimetrikoak, alemaniarra edo kanadarra adibidez, eta ezberdintasunak bermatzen dira. Ni federalismo asimetrikoaren aldekoa naiz, gure estatuaren barruan errealitate ezberdinak daudelako.

Zertan bereiztuko zenituzke Nafarroako identitatea eta EAEkoa?
Nafarroak, historikoki, "probintziekiko" ezberdina den komunitate nortasuna izan du, eta halaxe izaten jarraitzen du. Komunitate batean garrantzitsuena komunitate horrek bere burua ezberdintzat izatea da, eta hala izaten jarraitu nahi izatea. Nafar herriak izan dezake euskaldunen hizkuntza eta kultura bera, baina badugu aragoar, errioxar eta Soriakoekin ere parekotasunik, eta horregatik ez gara ez Aragoi, ez Errioxa eta ez Soria, Nafarroa gara. Historikoki Nafarroan errealitate ezberdinek elkarbizi izan dute, eta Nafarroako identitatea markatzen duena pluraltasun hori da. Nafarroa Erriberako identitatetik eraiki nahi duena oker dabil, baina Bidasoako identitatetik soilik eraiki nahi duena ere bai.

Bi kulturak elkarbiziko badira, zer garrantzia du euskara ikasteak?
Askatasunaren erabilpen gisa ikusten dut: gurasoen askatasuna euren haurrentzat nahi duten hezkuntza eredua hautatzeko, eta pertsonen askatasuna gure identitate kultural pluralen zati den hizkuntzara hurbiltzeko. Ezin daiteke Nafarroaren identitate plurala euskaratik soilik egin, gazteleratik soilik egin ez daitekeen bezala. Eta elkarbizitza ezin liteke aurrera eraman, ez alde bateko ez besteko inposaketekin. Errealitatetik kanpo dago euskara Nafarroako hizkuntza ofiziala izateko batzuen asmo inposatzailea, eta denei euskara ikasaraztekoa, zeren niri ez dit balio XVIII. mendean Pitillasen euskara hitz egiten zela esateak, gu XXI. mendean bizi baikara. Zer zentzu du gaur herri hartan euskara hizkuntza ofiziala izateak? Elkarrekiko errespetutik abiatuta oreka bat bilatu behar da.

Baina hizkuntza bat askatasunez erabiltzeko, baldintza batzuk ziurtatu behar dira. Zer neurri hartu behar dira esparru publikoan euskara hitz egin nahi duenak lasai egin ahal izateko?
Hori legedian erregulatzen da. Ni lehendakari nintzela (eta Sanz jauna lehendakari orde nuela), euskararen legea garatu zen dekretu baten bidez. Antza denez orduan ez ginen hain euskal nazionalistak izango Sanz jaunak sinatu zuenerako. Baina dekretu bat egin genuen gatazkarik gabeko elkarbizitza marko bat jarriz, nahiz eta jakin hori ez zela muturreko jarreren gustukoa izan, ez alde bat eta ez bestearen gustukoa, noski. Orain UPNk muturreko ideologiara jo du dekretua aldatuz. Eta hain zuzen aldatu dituzten puntuak garai hartan nik aldatzen utzi ez nizkienak dira. Dekretua egiteko UPNk aurreko legearen irakurketa egin du, baina irakurketa hori gure legearen aurka doa, legeak onartzen baitu zona mistoak badirena. UPNk eremu horri edukia kendu dio. Eta eremu mistoak bere trataera behar du, ezin da eremu ez euskaldunaren marko berean sartu. Artxibotik atera dute garai batean ez lege eta ez dekretuarekin lortu ez zutena. Iraganeko fantasmak bizirik daude.

Politiko gisa, nola uztartu dituzu partiduaren hitza defendatu beharra eta zure ikuspegi propioa?
CDN-n oso ondo uztar ditzaket, sintonia handia dago. UPNn benetan gaizki, dibergentziak erabatekoak ziren, baita lehendakari izan aurretik ere. Baina hauteskundeetako marketingean ni nintzen gehien saltzen zuen produktua, eta horregatik izan ziren kandidaturan niri laguntzeko gai. Behin gobernura iritsita, nik guztientzat gobernatu nahi nuen, eta ez nire alderdikideentzat bakarrik. Eta hori uneoro zentsuratu zidaten. Esaterako, Nafarroa Oinezera joan zen lehen nafar lehendakaria ni izan nintzen, Atarrabian, hain zuzen. Eta harrezkero urtero joan izan naiz. Zergatik joan nintzen galdetu zidaten, eta erantzuna argi dut: nik sinesten dudalako Nafarroa Oinezek defendatzen dituen bi gauzetan. Nik, nafarra naizenez, noizbehinka festa egin behar dugula uste dut. Eta hezkuntza ereduaren askatasuna defendatzen da, eta nik horretan ere sinesten dut. Gainera sinesten dut euskal eredua gure identitate kulturalaren zati dela. Nafarroa Oinezen bertan ere komentarioak jasan behar izan nituen: "Aizu! Txapel hori espainola al da?" eta nik "ez, artilezkoa". Bestalde, UPNko askok ere kritikatzen ninduten, eta "el de la txapela" deituz trufatu. Nire txapelak ez du ideologiarik, ideologia txapel azpian dago!
CURRICULUMA
- Jaio:
Iruñean, 1943an.

CDNko lehendakaria,
Zuzenbidean doktore eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da.

Politikan:
Iruñeko zinegotzia izan zen 1983tik 1987ra. Nafarroako parlamentaria da 1983z geroztik. Nafarroako Gobernuko presidentea izan zen 1991-1995 legegintzaldian.

Argitalpenak:
"La mancomunidad del valle de Roncal" (1989an), "Estado y sociedad. Una visión de Navarra" (1997) eta "Navarra comunidad política diferenciada" (1998).

BIZITZAREN PASARTEA
Pertsona asko aipatu behar nituzke, bakoitzarekin izandako harremanak aberastu egiten baitu. Niretzat aita erreferentzia esanguratsua izan zen, formazio kultural handiko gizona, bizitzaren zentzu oso zabala eta sentsibilitate sozial handia zuena. Ama izan zen, berriz, gure lurreko tradizioak erakutsi zizkiguna. Eta Fermin Negrillos ezagutzea ere berezia izan zen. Iruñeko goi burgesiakoa zen, liberal handia, liburutegi zoragarria zuen. Nire heziketaren zati handi bat bere liburutegian jaso dut eta berarekin izandako elkarrizketetan aukera asko zabaldu zizkidan.

BERE HITZETAN
"Muturrek elkar bazkatzen dute, eta kasu honetan euskal nazionalismoak nabarrismoa eta espainiar nazionalismoa xaxatzen du." (Euskaldunon Egunkaria, 2000-02-13)

"Ur eskasiari aurre egiteko Itoitz funtsezkoa da. Nafarroak uraren beharra izanen du epe motzean." (Argia, 1996-08-04)

"Europan sartzean estatuek boterea galtzen dute, Europar Batasunaren mesedetan; eta Espainia galdutako boterea behekaldetik berreskuratu nahian ari da. Hortik dator erkidegoekin duen konpetentzia borroka". (Euskaldunon Egunkaria, 1999-09-16)

"Zigorra beren herrian eta beren ingurukoetatik gertu betetzea da presoak gizarteratzeko erarik egokiena." (Argia, 1996-08-04)

"UPNn bi aukera daude: peoia izatea ala ez izatea. Peoia izanik baduzu etorkizunik; errebelatuz gero, berriz, lepoa mozten dizute. Sanzek lehenengoa aukeratu du, politikan bizirik jarraitu ahal izateko." (Argia, 1996-08-04)

"Zuzenbide Estatu batean Estatuak eduki behar du indarkeriaren monopolioa".(Euskaldunon Egunkaria, 1999-03-11)

BERTSOA
Doinua: Xalbador eta Bilintx
UPN-ko lehendakaria
ero gutxigo kabala
bere egin nahi ta etxetik joan
beste napar bat bezala
batzuk "vasquista", besteek berriz
"folkloriko" hutsa zala.
Ondorengoek ondu dutena
urteak igaro ahala
pantanoa egin ta bete ez den
Garaikoetxea forala.

Jexux Mari Irazu
ARGAZKI ZAHARRA
Sanz eta Alli, 1993an. Orduan elkarren ondoan, orain parez pare.


Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude