MINERAL GAZIA TERRAZAN ETZANDA

  • Gatza egiteko modu tradizionala galdu da ia erabat. Lanbide zaharraren arrastoak ordea, hor dira eta herritarrek jakinmina duen ororen bistara jarri nahi dituzte.

2021eko uztailaren 15ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Mapa batean begiratuz gero edo estatistika taula irakurriz gero, Añana-Gesaltza Arabako haranetako eskualde bakartia zipriztintzen duten herrixka lasaia dela ohartuko gara. Ia probintzia osoan gertatu bezala azken seme-alabak hiriburura noiz emigratuko duten zain dago. Orain, lehen herria populatzen zuten 1.000 biztanletatik 200 ere ez dira geratzen eta horietatik gehienak egunero Gasteizera joaten dira ikastera edo lan egitera. Herria hustutzen zihoan, baina duela urte batzuk Burgosek inguratzen duen penintsulatxo arabarra, Valderejo, Natur Parke izendatu zuten. Valderejora joan nahi duenak ezinbestez Gesaltzatik igaro behar du eta Gesaltzatik igarotzen denak errepidearen ezkerraldera begiratzen du. Han dira gatzez betetako lauki handiak: gatzagak.
Añana-Gesaltzako gatzagak ondasun historiko izendatuak daude. Bailaratxoaren erdia betez (herriak beste erdia betetzen du), mendian behera ia bost mila larrain barreiatzen dira, batzuk besteen ondoan, hainbat puskatan hautsitako ispilua bailitzan; terrazadun gatzagak dira, anitz urtetan herri honen izaera eta bizitza moldatu dituzten gatza egiteko laukiak. Gehienak hutsik edo belarrak janda daude. Oraindik horietako 200 bat erabiltzen dira eta bada tradizioari eutsiz lanbide gogor honi ekiten dion azken erromantikorik ere (horrelako gatzik ez omen dago beste inon). Dena den, udan lanean aritzen diren gehienak denbora pasa moduan edo aparteko sos batzuk ateratzearren aritzen dira, lanbidearen errentagarritasuna aspaldi galdu baitzen.
Gesaltzako gatzaren etorkizuna, terrazak ureztatzen dituen iturburu gazi bera erabiltzen duen enpresa da, Salinera Añana izenekoa. Enpresa hau bailara gazi honen behealdean dago. Gaur egun hiru teknikarik badihardute ere, sistema errendimendu osoan funtzionatzen hasten denean, zazpi-hamar lagunen artean urteko 17.000 tona gatz ekoizteko moduan izango direla uste dute. Kopuru hau bailarako larrain guztiak abian izango balira denen artean ekoiztuko luketenaren (tona bat larraineko) hirukoitza baino gehiago da. Lan prozedura ere desberdina da, noski. Bailararako "langilerik finena" eguzkia bada ere teknologia honekin helburua produktu bikoitza lortzea da. Batetik, gatza lortuko da. Ur gazia berotu eta berau lurrintzean kloruro sodikoa geratuko da. Bestetik, energia sortuko dute. Makineriako motorrek ur gazi horren hotza eta lurrinketa baliatuko dituzte. Gatza eta energia, prozesu bakarrean. Gero, ekoiztutako gatza larru-ontzaileek, papergintzako enpresek, hiltegiek edota errepideen garbiketan aritzen direnek erabiltzeko salduko dute. Lehenagoko lana dute gure etxeetan ohikoena izaten den Torreviejako (Alacant) edo San Fernandoko (Cadiz) gatzagekin lehia gogorrean aritzea.
Baina bada Salinera Añana enpresak aurrera eramango duen hirugarren "produktu" bat ere. Enpresako akziodunen artean Gatzagak taldea osatzen dute eta elkarte hau bailara gaziko larrainen jabea da (80tik gora kide ditu). Urtero enpresaren etekinen zati bat inguru monumental ikusgarria mantentzeko izango da.


HISTORIAURREKO ALTXORRAK.

Historialarien iritziz II. menderako jadanik lantzen ziren gatzagak eta batzuek historiaurrean kokatzen dituzte. 942. urterako beraiei buruzko agiri idatziak ere badaude. Erdi Aroan monasterio, jauntxo eta baita errege-erregina askok ere gatzaga hauek eta beste batzuk kontrolpean izatearren lehia bizian ibili ziren. Lehia bakarrik ez, liskarrak ere ugariak ziren. Adibidez, Gesaltzako gatza Portugal eta Extremaduran saldu ahal zen, baina Nafarroan eta Aragoin debekatuta zegoen. Garai hartan, beraz, gatzaren merkataritzak eta ekoizpenak garrantzi handia zuen.
Añana-Gesaltzako Gatzagak taldeko idazkariak, Balentin Angulok azaltzen digun moduan, "lehen gizakia gatzaren menpe bizi zen, garrantzi sozio-ekonomiko handia zuen. Hozkailua asmatu arte jakiak kontserbatzeko (arraina, haragia, ganaduarentzako janaria...) ezinbestez behar zuen gatza. Gaur, berriz, gatza saihesten dugu, analisiek ezinbestekoa dela badiote ere osasunarentzat txarra omen delakoan".
Agian ez dute lortuko uste horiek aldatzea eta gatzak aspaldian zuen ospea berreskuratzea, baina Gatzagak elkartearen ekimena are erakargarriagoa da: "Bailara Gazia"ren errehabilitazio integrala. Gatzagak, ondasun historiko direnez, Arabako Foru Aldundiaren Ondasun Historiko Sailaren esku daude, eta Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin epe ertainean larrain multzoa eraberritu nahi dute. Berritzea era tradizionalean egingo da eta betiko materialak erabiliz, hala nola, pinuaren zura, buztina eta harritxo biribilak. Gatzagak barrutik zein kanpotik bisitatzea ahalbidetuko duten ibilbidetxoak prestatzeko asmoa ere badute. Gatzagen aurrez aurre dagoen antzinako bainuetxearen hondakinak bailarako interpretazio-zentro eta museo etnografiko multimedia bihurtuko dira. Bisitarientzako hotel-bainuetxea eraikiko da eta komunikazio bideak errazteko asmoa dute... Azken finean, plan integrala abian jarriz bailara jasaten ari den populazio hustuketari aurre egin eta ingurua biziberritzea da xedea. Horretarako bertako baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatu nahi dira, gatzagak, kasu. Lehen urratsak jadanik emanak dira. Larrain multzoaren perimetro osoa egurrezko langa luze batez itxi zen lehenbizi eta orain gatzagetan hainbat urtetan pilatu diren hondakinak ateratzen ari dira (hondakinok batez ere larrainak eraikitzeko lurraren ordez porlana erabiltzen hasi zirelako sortu ziren). Porlanezko gatzagetatik gatza garbiagoa ateratzen zen. Elkartearen asmoa hondakinak atera ahala lursail garbiak berriztatzea da, baina lan hau bukatzerako dozena erdi urte itxaron beharko dute. Dena den, elkartekoen iritziz, museoa lehenago eraikiko dute, besteak beste, instituzioek ekimen honetan interes handia erakutsi dutelako.


GiPUZKOAKO ETA NAFARROAKO GATZAGAK.

Alboko koadroan gatza ateratzeko modu tradizionala pausoz pauso kontatu dugu; horrelaxe egiten zuten garai batean Añana-Gesaltzan (Euskal Herriko gatzagarik garrantzitsuenak hemen izan dira beti) eta baita Arabako Buradon-Gatzagan ere. Aipatu berri dugun herritxo honetan gatzagak eskola umeek lantzen zituzten, jabetza eskolarena zelako eta salmentaren etekinak eskolako ekintzetara bideratzen zirelako. Herrian gatza duela 30 bat urtera arte ekoitzi zen eta gaur egun, ur gazia saltzen du lehen aipatu dugun Salinera Añana enpresak.
Nafarroan, Gesalatz herrian, ohiko sistema naturala (haizea eta eguzkia) darabilten pare bat famili enpresa ari dira lanean. Hauen ekoizpena Añanakoarekin alderatuz txikia da, baina ezin ukatu lanbide tradizional honen adierazle direnik.
Gipuzkoan ere badira gatzagak, Leintz-Gatzagan. Klima (batez ere iturburu gazia isurtzen zen bailaratxo itxian) ez da Arabako bailaretakoa bezalakoa, eguzki bidezko lurrinketa ez da hain nabarmena. Egoerak behartuta, ur gazia zuzenean berotzen zuten suaren gainean lapikotzarrak zintzilikatuz. Instalazio hauek "dorla" izena hartzen zuten, eta horregatik omen dute Dorleta izena ondoko santutegiak eta Andre Mariak. Gatzaga hauek duela 40 bat urte arte funtzionamenduan aritu ziren baina gaur egun ez dira erabiltzen.

MUNDUAN GEHIEN EKOIZTEN DEN MINERALA
Gatza, gaur egun, munduan gehien ekoizten den minerala da. Hainbat herrialdetako lurpeek gatz biltegi handiak gordetzen dituzte, antzinako ozeanoek utzitakoak, eta hauek normalean meategi teknikak erabiliz ustiatzen dira. Lurrean zulotzarrak eginez biltegiotara iristen da eta bertako gatz trinkotua meategi makineria astunak ebakitako bloketan atera ohi da, blokeok nahi beste txikitu eta batzuetan gatz hauts bihurtu arte. Horrela egiten da, esaterako, Kanadako gatz gehiena eta Estatu Batuetako zati handi bat. Halere, Estatu Batuetan asko erabilitako beste teknika bat gatz biltegiok presiopeko uraz bonbardatzea da, gatzura (uraren laurdena gatza) ponpen bidez atereaz. Gero lehortu (birfindegi handitan) eta garbitu egiten da.
Ipar Amerikatik kanpo, Europako gatz gehiena ere teknika hauez lortzen da, batez ere Alemaniako meategietan edo turismo gune arrakastatsu bihurtu diren austriar edo poloniar ekoizpen zentroetan. Bestalde, eguzki bidezko ekoizpen zentrorik garrantzitsuena Mexikon dago, Kalifornia Beheko "Guerrero Negro"n. Bolivia eta Mali bezalako herrietan, teknologiarik ezean aspaldian lehortutako lakuetako azaletik gatza karrakatzen dute.
Milaka erabilera duen jaki minerala ekoizteko hamaika modu da, beraz. Gatza erabilera unibertsaleko produktua da, eta mundu osoan da ezaguna eta beharrezkoa; jateko, produktu kimikoak sortzeko zein errepideak garbitzeko. XX. mendean munduko ekoizpena 20 aldiz biderkatu da eta erabilpen moduak zenbaezinak dira.

URA GATZ
Errehabilitagai diren larrain hauetan, ur gaziaren lurrintzearen bidezko gatzagintzak zenbait pauso eskatzen du: bete, nahastu, ureztatu, bildu eta sartu. Urrats hauek emateko pare bat egun behar dira. Garai honetan, apirila aldean, neguan kaltetu diren larrainak konpontzen hasten dira, udako eguzkia iristen denerako dena prest egon dadin. Dena den, kloruro sodikoaren kristalizazioan eguzkiaren eta haizearen jarduerak -haize egokiena iparrekoa omen da- beharrezkoak badira ere, giza jarduerarik gabe ez dago gatz negoziorik.
- Bete: ur gazia putzuetatik atera eta larrainetara isurtzen da, 2-4 zentimetro artean estaliz. Lehen hau itxura traketseko garabi batez egiten zen, baina azkenaldian mahukak edo ponpak erabili ohi dira. Eguzkiak eta haizeak orduan tela moduko bat azaleratzen dute, hau "lore" izeneko xaflatan hausten da eta xaflak biltzen doaz, beren pisuagatik larrainaren hondora jausten doazen grano kristalizatu bihurtu arte.
- Nahastu: hau (ur gazia mamitzen eta hondora erortzen ari denean) ziklo bakoitzeko birritan egiten da, alperraz lagunduz kristaltzea larrain osoan zehar uniformea izan dadin.
- Ureztatu: ur gazia barreiatzea da, berau erabat mamitu eta gatza larregi lehortu aurretik.
- Bildu: oraindik mamitu gabeko ur gazi pixka bat geratzen denean, egurrezko alperra erabiliz gatza biltzen da, larrainaren ertzetatik erdigunerantz mugituz eta bat edo bi meta eratuz.
- Sartu: gatza (saskiak erabilita) larrainpeko biltegietan sartzen da. Oraindik gatzak hezea egon behar du, eta lehortu, estalitako biltegi hauetan lehortu behar da, eguzkiak lehortuz gero gatzak pisua eta kalitatea galtzen dituelako.

LENITZ-GATZAGAKO EKOMUSEOA
Garai batean Leintz-Gatzagako oinarrizko ogibidea gatzaren ekoizpenarekin lotua zegoen (urtean 500 tonatik gora lortu eta saltzen ziren), Dorletako Ama Birjinari eskainitako santutegiaren ondoan isurtzen zen iturburu gaziari esker. Gatza "dorla" izeneko pertzetan egiten zen, suaren gainean jartzen ziren lapikotzarretan, alegia. Herriko etxe bakoitzean "dorla" bakarra erabil zitekeen eta beste "dorla" bat eskuratzen zuenak berau saldu edo oparitu behar zuen, mendian egurra mozteko eskubidea galdu nahi ez bazuen behintzat. Dena den, XIX. mendearen erdialdean izan ziren uholde handiekin iturburua kaltetu eta bizimodu hau gainbeheran hasi zen. Azken ekoizpena duela ia mende erdi izan zen.
Iazko urtearen erdialdean Leintz-Gatzagako Ekomuseoa ireki zen, herriari bere izena eta izaera eman dizkion bizibide honen aztarnak berreskuratu eta etorkizuneko belaunaldiei erakusteko asmoz. Erakundeen eta, batez ere, herriko jendearen laguntzaz altxatutako museoan bisitariari herriko historiaren berri emateaz gain, gatza egiteko prozesua azaltzen zaio. Lanbide horretan erabiltzen ziren hainbat tresna eta lanabes ikusgai da, hala nola, "dorla" ospetsuak (Dorletako Andre Mariari izena ematen diotenak) eta errekatik ura jasotzeko txanbilezko gurpila.
Gatzaren Museoa apiriletik abendura irekitzen da (taldeek negualdean ere egin dezakete bisita aldez aurretik deituz gero) eta egunean lau bisita gidatu egiten dira, 11:30etan, 12:30etan, 16:30etan eta 17:30etan. Sarrerak 300 pezeta balio du eta taldean joanez gero 250.


Azkenak
2024-11-25 | Euskal Irratiak
Alokairuak mugatzeko legea indarrean jada, Lapurdiko 24 herritan

Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]


'Superbotereak' liburua
Eskola-proiektuak izango dira mintzagai asteazkenean, Larraulen

Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]


Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-25 | ARGIA
Nazio auzia “erdigunean” ipintzeko eskatu du EH Bilduk, “jauzi” bat egin eta estatusaren eztabaida abiatzeko

Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHUko errektoretzarako bozketaren atarian
Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Fronte Zabala itzuliko da boterera Uruguain, bost urteren ostean

95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
A-25: mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


Udazkena agurtzen negua besarkatzeko

Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]


Eguneraketa berriak daude