HIZKUNTZAK ITSASOTIK EDAN DU, EGARRI DA HALA ERE

  • Itsasertzeko eta barruragoko euskal herrien arteko aldea handia izan da beti. Beste horrenbeste gertatu izan da hizkuntzarekin eta hiztunekin eurekin. Salbuespenak dira kostako ikerleak eta ikerketak. Gaur, batek baino gehiagok oharrarazi du itsasoko euskararen beharrez.

2021eko uztailaren 23an
Euskalkien eta lekuan lekuko hizkeren gainetik, badago Bermeo, Hondarribia edo Donibane-Lohizune lotzen dituen soka: oso ondo ezagutzen duten munduak batu ditu bertakoak historikoki, itsasoa, behar adina ikertu gabeko gaia izan bada ere. Euskal Herriak hain berezko duen mundu horren urruntasunaz berbetan, Joserra Bilbao bermeotarrak eman zuen ikuspuntua aurtengo Mendebaldeko jardunaldietan. Noiz eta, Gotzon Garatek euskara zuzenaz eta hainbeste urtetan euskal baserrietan bildutakoaz ziharduela, itsasoko munduaz galdetu ziotelarik, Garatek baserrikoarekin bakarrik lan eskerga bazeukala esan zuela. Bilbaok hitza hartu zuen eta bere ustea azaldu: euskara eta Euskal Herria eliza inguruko jendeak ikertu izan du beti, eta itsasertzean gutxi izan ei dira. Baserrian nagusiarentzat bakarrik zen etxea eta beraz, gainontzekoentzat eliza eta ikasketak ziren alternatiba bakarra. Ondorioz, ikuspuntu horretatik ikertu izan dira euskara, Euskal Herria eta abar. Itsasertzeko herrietan baina, arrantza izan da bizibide nagusia, eta ez da inoiz langabeziarik egon. Lekeition, Ondarroan, Bermeon, ez da inoiz umerik sobera egon, gehiago, jende asko inklusatik ekarri behar izaten zuten. "Bilbao, nire abizena ere hortik dator", biribildu zuen Bilbaok.
Hala ere, barnealdekoak baino gutxiago izan arren, badaude salbuespenak ere, euskararen ikerle zenbait irten baitira itsas bazterreko herrietan, zorionez: "Azkue da nabarmenena. Kostakoa eta institutu irakaslea zen. Itsasoarekin konexio handia zeukan, ama ere mundakarra zeukan eta gauza asko batu zuen itsasotik", dio Bilbaok. Agustin Zubikarairen "Itsas-haize" liburua ere dauka hizpide bermeotarrak: "Inon ez dauden berbak daude hor, normala da hiztegi piloa lantzea".
Itsasoko herrietan egin den bilketa urri horrek ondorio ugari dauka gaur ere. Egunean-egunean erronka horiei aurre egin behar izaten diete, besteak beste, Donostiako Ontzi Museoan. Bertako arduradun Iñaki Bastarrikak hiztegiaren falta dagoela dio: "Gaia ez da gehiegi landu eta beti gabiltza geu sortuz eta han-hemen galdetuz eta gauzak hartuz, nahiko zoratuta hitz teknikoekin. Ez daukagu gaztelaniaz dagoen 'Enciclopedia del mar' edo antzekorik".
Ez du horrek esan gura baina, ezer egin ez denik. Gaikako monografiak, azterketa, argitalpenak... hor daude, baina non -eta nondik- sakondua asko daukan gaia da itsasoa: "Mila gai daude, ez da bat hartu eta kito, ontzigintza, arrantza... Ternuara doazenena terminologia bat da, arotzena beste bat, motorraren mekanika beste bat... azpigai asko daude, denak ez itsasoari bakarrik dagozkionak baina hemen ere oso garrantzitsuak", dio Bastarrikak. Bere esanetan, erdaraz abantaila dago, bibliografia handia daukate. Adituek diotenez gaztelaniazkoa ez da oso entziklopedia ona, baina definizioak dakartza eta zerbait bada.
Capitan Garmendiaren hiztegia, Gipuzkoako Diputazioaren babesean egindako lanak, ETBren bideoak, itsas memoriak... egin diren lanak aipatzen ditu Iñaki Bastarrikak, jende prestatua dagoela argi uzteko. Baina oztopoa oinarri faltan dago, euskalkiaren mugan ere bai, baina arazoa hizkera teknikoari dagokio gehiago, Bastarrikaren aburuz. Izan ere, zenbait mende dituzten testuak ere badaude, bertso zaharrak; eta Piarres Etxeberrik 'Itsasoko nabigazionekoa eta zerbait gehiago abantzatua' 1677an itzuli zuen.
Egun hiztegigintzan eta itzultzen dihardutenek plazaratu dute serioen arazoa. "'Altxorraren uhartea' itzuli zuten, baina 'Moby Dick' ez, sekulako terminologia lana daukalako. Bastarrikak adierazi duenez, "horrelakorik egin nahi duenak, idazle batek, zer egin behar du, porturik portu galdezka ibili? Guk ere hemengo arrantzaleei galdetzen diegu. Lehengoan galdetu genien 'este barco no hace agua' nola esan eta ontzi honek ez du urik galtzen da".
Terminologiaren arazoa handia da, Iñaki Bastarrikaren ustez. Izan ere,, arrantzaleek, bizkaitarrek adibidez, asko dakite horri buruz, baina ez dira alfabetatuak, eta gero itzulpen hutsak diren terminologia arrotza zaie. Adibide ugari aipatzen ditu: 'marea' itsasgora eta itsasbehera ditugu, baina 'mareas vivas' esateko ez da bizi gehitu eta kito, hori beti ur biziak da. Beste batzutan bai, 'contramaestre kontramaisu da eta 'compás' konpas, "Baina demagun Bermeoko portuan egiten duten postal bat: erdaraz 'chalupas boniteras en el puerto de Bermeo' dakar eta euskaraz itzultzeko Bermeoko portuan hegaluze txalupa edo egingo lukete askok, baina ontzi horren betiko izen teknikoa txalupa handia da. Nik urte asko daramat hemen eta badakit, baina itzultzaileak hori ez du inon aurkituko", azaldu digu.

Nolako entziklopedia osatu. Gipuzkoako Diputazioak egin zuen kontserba munduko hiztegia eredu dauka Donostiako Ontzi Museoko arduradunak: "Hori hor dago, escabeche ozpin-oliotan da eta kito". Baina ez du iritzi bera herrietako hizkera edo monografien gainean: "Hori oso ondo dago, baina horra nor helduko da? Filologoentzat-eta bai, horretan lanean gabiltzanok eta beste lau. Nik adibidez Sarasolaren hiztegia darabilt oso praktikoa delako, adibideak dakartza-eta".
Itsasoaren gainean zelan eta nork egin beharko luke beraz? Konbinazio onena eskola politeknikoko irakasle eta filologoa litzateke, bakarra baina lan taldean, kostaldeko filologoak eta itsasoko makinistak eta antzeko lanbidea daukatenak, instituzio ugarik konpromisoa hartuta, Bastarrikak jakinarazi digunez. Eta emaitza ere argi daukate Donostiako Ontzi Museoan. Orain arte kofradietara joan izan da eta grabazioak egin. Hala, bertako arduradunaren iritziz, 'achicar' txukatu da, baina adibideak behar dira, ura txukatu... "Tolosar batek nobela batean txukatu ikusi eta hiztegira badoa, nola erabiltzen den jakiteko adibideak behar ditu, azken finean artzainari ez diozu azalduko ardia zer den".
Juan Antonio Apraizek botatako beste arazo bat ere badago, euskaraz eta erdaraz desberdin diren kontzeptuena: "pesca al cerco" euskaraz trainarekin antxoatan" edo biziarekin atunetan da, eta "viento de fuerza 3-4" haize berdea da. Apraizek dioenez, arrantzaleak haserre egon ohi dira itzulpenekin, ez dira-eta identifikatzen, batzuk gogor samarrak direlako. Zera esan digu Apraizek: "Bilketa lana kulturala ere bada, eta beti ahal beste hizkuntzen baliokideekin sistematizatu behar da". Asko eskatzea izango da hori jasotzea, ekibalentzia matematiko teknifikatuak euskaraz ez direlako eman, aparatuak ingelesez daudelako, baina lan talde kualifikatu batek jasoko balu, gero, Euskaltzaindiak-edo onespena eman eta kalera irteterakoan argia eta erraza izan beharko luke, bere ustetan.


ELKARREN BERRI BAI.

Arazoak arazo, itsasoko langileek -beharrak aginduta- jarrera zabalagoa izan dute hizkuntzarekiko. Argi dago Bermeoko eta Hondarribiko euskarak ez direla berdinak, baina jakin ohi dute herriz herri nola esaten dioten, euskaraz ez eze, baita Kantabrian, Asturias edo Galizian ere. Bermeoko Itsas Museoko Aingeru Astuik pidgin antzekoa egon dela aipatzen du, irrati abisuak direla-eta, harremana beti egon delako eta jarrera ez da baztertzailea. Joserra Bilbaok ere izan du kontu hori mintzagai: "Lingua franca moduko bat egon izan da beti arrantzaleen artean, Lekeitio eta Hondarribi inguruko baserritar biri kostako zaie elkar ulertzea, baina arrantzaleek ziur ez daukatela arazorik".
Bermeo-Mundakako euskarari buruzko lana plazaratu ostean Lekeitio-Ondarroakoa prest daukan Eneko Barrutiak ere hori bera aipatu du: "Lotura handia egon da gai askotan, Zierbenan euskara galdu arren badaude Lekeition moduko berbak, orain, ez dakit nork nori eragin dion". Harremanak maileguak eragiten baititu, alabaina, zenbaitetan hiztegigintzan akatsak sumatzen ditu Barrutiak: "Sarritan beharrik gabe hartu dira maileguak, antxeta mokogorria adibidez, itzulpen hutsa da eta ez da inon esaten hori, horri kalatxoria edo txirtela esaten zaio". Eta adibide berezia ere aipatzen du: muskuiluren ordain gisa "almeja" dakar sarri eta hori "mejillón" da. Kontua da Azkueren hiztegitik txarto kopiatu zutela, "almeja"-ri "mojojón" diotsolako berak, baina frantsesez ordea, ondo dakar: "moule".


GALTZEN ARI DEN ALTXORRA.

Bizimodu zaharrak aberastasun ugari eroan ditu aurretik, hiztegigintzak jaso barik. Lekuan lekuko euskarak oso aberatsak baitira terminologia horretan guztian, hiztegigileei buruhauste bat baino gehiago emateraino. "Banco de peces" esateko berba asko daude, Bermeon atuna saltaka da batzuetan, baina ur azaletik hurbil badoa zergera da, edo manjuba izurdeak arrain bila doazenean -Zierbenan manjuada esaten dute-. "Berba asko daude batu barik", adierazi digu Eneko Barrutiak.
Arrantza mundua ere aldatu egin da eta ondorioz, bela ontziekin zerikusia daukaten kontuak adibidez, galtzen ari dira. Eta lehenago aipatu txukatze kontuekin jarraituta, "Bermeon lehen dxietu esaten zitzaion 'achicar una embarcación' itzuliko genukeena -dio Aingeru Astuik- gaur berriz atxike, zergatik? Lehen eskuz dxietik atera egiten zelako, gaur ostera bonbekin egiten da. Biak dira ura ateratzea, baina batean eskuz eta bestean botoia sakatuta, eta ez da berdina".
Hori guztia nola batu eta zabaldu iritzi ugari egon arren, itsasoarekiko begirune edo arreta ezak euskara arruntean ere ondorioa daukala uste du Joserra Bilbaok: "Berba normala, espainolezko 'estela', itsasontziak uzten duen hori adibidez, Bermeon ugeria esan dugu beti, baturako ugerea da, ur-etik dator, ugeterea eta antzeko berba asko bezala, eta hori guztia galtzeko arriskua dago, eta liburuetan ontziaren lorratza modukoak irakurtzeko".
Batzuek herriz herriko monografiak eta grabazioak egin beharko liratekeela diote, lexikoaz gain, narrazioak eta abar ondo gordetzeko; beste batzuek hiztegiaren beharraz mintzo dira; serio egindako lana, tresneriaren eta antzeko gaien hizkuntza-atlasa ere aipatu izan dute. Ezbairik gabe, ikerketa lanera jende asko bultzatu duen eremua da itsasoa, eta euskaldun askorentzat betiko bizimodu arrunta izan dena beste hainbatentzat mundurik ezezagunena da.


Azkenak
2025-01-20 | Bertsozale.eus
Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa
Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

2025-01-20 | Euskal Irratiak
%221ko gainpopulatzea, Baionako presondegian

Alarma jo du, beste urte batez, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak. Abenduaren lehenean marka berri bat hautsi zen frantses estatuan, 80.792 pertsona atxiloturekin. Espetxe-administrazioaren aitzinikuspenen arabera, gainera, 86.000 baino gehiago izan litezke 2027an egungo... [+]


‘Goazen lagunok’: sare sozial toxikoetatik fedibertsora trantsizio kolektiboa

Trumpek AEBetako presidentetza hartuko duen eguna baliatuta, Goazen lagunok lelopean, multinazionalen jabetzako sare sozial "toxikoak" utzi eta fedibertsora trantsizio kolektiboa bultzatzeko kanpaina egiten ari dira eragile ugari. “Internet gizatiarrago batean... [+]


Aurtengorako irakurgaiak

Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu... [+]


2025-01-20 | Iñaki Sanz-Azkue
Hotza maite duen igela

Arboletako hostoak eroriak dira eta basoko lurra estalia dute. Lurraren eta hosto gorrituen artean, alabaina, sortzen da geruza fin bat, arreta gutxi jasotzen duena, baina espezie askoren biziraupenerako garrantzi handia izan dezakeena. Hezetasuna mantentzen du, zomorroak... [+]


2025-01-20 | Jakoba Errekondo
Euskal Herria banana errepublika

Sekula bananarik jan ez duten bi lagun ezagutzen ditut; nerau bat. Bananazalea da, ordea, jendea. Afrika eta Asia aldean sortutako landare generoa da banana (Musa x paradisiaca), baina gaur egun Ameriketan ere asko egiten da. Ekoizlerik handiena India da, eta esportatzaile... [+]


2025-01-20 | Garazi Zabaleta
Aleko
“Nekazaritza birsortzailerako eta proiektu kolektiboetarako test gunea da gurea”

Nekazaritzan trebatzeko eta proiektu propioak abiatu aurretik ekoizpenean eta merkaturatzean norbere burua probatzeko, abian dira gurean nekazaritzako hainbat test gune. Araban, 2023an abiatu zuten Aleko nekazaritzako test gunea, baina, antzeko egitasmo gehienekin alderatuta,... [+]


2025-01-19 | Urtzi Ugalde
Agur, amatxu

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.

Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]


Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Eguneraketa berriak daude