Kontu kontari aritu zen aitona. Bere aurrean isilik, txintxo-txintxo eta liluratuta gu, neska koxkor. Idatzi eta irakurtzen ez zen garaiko ahozko kulturaren testigu bakana da Lasarte. Kontalari paregabea, istorio bidez berreraikitzen du historia. Aitona bat izatea zer den berriro bizi dugulako hunkituta itzuli gara, eta triste. Bai baitakigu bere hitzak idazterakoan, zenbat eta gehiago "txukundu", orduan eta gehiago izorratuko ditugula. Ipuinetako goiz batez gain, "Beranduko lanak" biografia ere deskubritu dugu; gauero lokartu aurretik irakurtzeko istorioak.
Leitzako Franki baserrian jaio eta han pasa zenuen haurtzaroa. Nola oroitzen dituzu orduko jolas eta bihurrikeriak?
Jolasean, borrokan, txori zepoekin aritzen ginen, jostailurik ez baitzen izaten. Gogoratzen dut behin ahuntz batekin ibili genituen komeriak. Pareta gainetik salto egin eta gure baratze barruan han ari zen besteren ahuntz bat, zeuden landarerik ederrenak jaten. Beste bi anaia sasoikoak eta ni mutil koskorra egokitu ginen orduan. "Ahuntza harrapatu behar diagu" esan zuen anaiak. Ni langan jarri ninduten makila batekin, ahuntzari ihesbidea ixten. "Manueltxo, hi hemen jarri, eta ahuntza etortzen bada jo muturrean" agindu zidaten. Gure mutilak salto egin du ahuntzaren gainera, ahuntzak pareta jo eta heldu dio anaiak hankatik. Eraman genuen etxeko sukalde zaharreraino. Egun hartan bakarrik geunden etxean, ama han izan balitz ez liguke halakorik egiten utziko. Gure anaia batek pentsatu zuen ahuntzari ipurdia erre behar ziola. Hala, hartu zuen matxardarekin gori-gori zegoen txingar pusketa eder bat, bere isats motza jaso eta jarri zion ipurdian. Giro zen hantxe! Isatsarekin txingarra estutu egiten zuen eta orduan eta gehiago erretzen zion. Aske utzi genuenean, haiek garrasiak, han joan zen mendian gora otadira. Gu lehertu beharrean barrez! Amari esaten ez ginen ausartu. Elkarri begiratu eta barre egiten guk, eta amak aitari esaten zion "horiek zerbait badute". Hurrengo goizean kontatu eta aitak ere barre lasai egiten zuen. Amak errieta egiten zion "akzio hori egin eta barre?" "Zuri ere mesede ona egin dizu!" erantzun zion aitak. Eta ez zen, ez, ahuntz hura berriro gure baratzea txikitzera etorri!
Sehaskatik bertso zaletu al zinen?
Ama oso kantularia zen, aita isilagoa. Amari eskatzen nizkion kantatzeko Xenpelar eta Bilintxen bertsoak. Kantatzen grazi handia zuen, eta eztarri eta belarri ona. Nahiko lan izaten zuen hainbeste seme-alaba hazten, eta denbora gutxirekin zebilenean "Manueltxo, utzi nazazu isilik, gero kantatuko dizkizut" esaten zidan. Ni hala ere bere bueltan egoten nintzen, eta gutxien espero nuenean hasten zen kantuan. Seme txikienaren gustua egiteagatik, noski. Ama ama da. Anaia zaharrenak, berriz, Bilintxen bertso denak ikasten zituen herrian, denbora pasa joanda eta etxean kantatzen zizkidan gero. Gainera Leitzako herria beti izan da bertsolaritzan aurre puntakoa. Txirrita, Pello Errota eta gainerakoak asko ibili ziren han eta zaletasun ikaragarria egon da beti.
Garai haietan hainbesteko familia aurrera ateratzea ez zen erraza izango amarentzat...
Hori azaltzeko beti gogoan dut kasu xelebre bat. Gure aita zenak, aberezale porrokatua izanik, behorrak izaten zituen mendian, aske. Elurte batek jo eta hemezortzi behor eta zaldi nahasian etxeratu zituen, ederki kostata. Ama batenak hamazazpi, eta bera bizirik artean. Behor hori bera bakarrik etortzen zen noizbehinka etxera, eta errotarako joan-etorrian eta azokako enkargutarako erabiltzen genuen. Behorra berehala joan zen gure amarengana, enkarguak egiteko berak erabiltzen baitzuen. Gure ama zenak, pozez beterik, honela esan zion behor zaharrari: "Bejondeizula! Zuk ere probatu duzu, gaixo horrek, familia handia haztea zer lan den, nik ezezik." Elurra urtu artean estalpean eduki genituen eta ekaiztea arindu orduko, igo ziren berriro mendira denak. Baina laster sortu, ordea, nahigabe beltza. Hurrengo neguan, elurte ikaragarri batek harrapatuta hamazazpi zaldi eta behor akabatu ziren. Behor zaharra bakarrik etxeratu zen bizirik. Eskarmentua eduki hark...
Gerra zibila ere zuen etxe inguruan hasi omen zen...
1936an hasi zen gerra, Urton. Gipuzkoa eta Nafarroa hantxe mugatzen ziren, gure baserritik bi kilometro eta erdira. Erreka dago tartean eta zubiaren alde bietan mikelete etxeak zeuden. Ikusten genituen Berastegiko mendiak euskal gudariz beteta zeudela aurreko egunetatik.
Nafar aldeko mendietatik zetozen soldadu batzuk, eta Gipuzkoatik besteak. Han hasi zen erasoa eta nafarrek aurrera egin zuten. Toki hobea ere bazuten, pareta zaharrak baitzeuden han babesteko. Gu une horretan etxean, belar ontzen ari ginen. Handik laster alde egin behar izan genuen beldurtuta, tiroak hasi ziren garaian.
Zuk orduan zortzi urte zenituen. Nola azaltzen zaio ume bati zer den gerra?
Gerrak ez du esplikaziorik. Gutxien uste duen garaian bat hasten da tiroka eta gero beste denak. Han bazkaltzen ari omen ziren eusko gudariak. Bazkaltzeko mahaiak jarrita zituzten eta mendi guztiak zeuden beteta jendez. Armarik eta, ez zuten izan behar fundamentuzkorik, ehizeko eskopetak, eta horrelakoak. Bazkaltzeko eserita zeuden garaian korneta joz ematen zioten hasiera jatorduari. Eta nafar aldetik tiratu eta korneteroa seko bertan hil omen zuten. Arratsalde hura gogoangarria izan zen. Gure etxea erreka zuloan zegoen eta mendiak babesten zuen etxea. Eta hara tiroa jotzea alferrik zen, bertara joan ezean.
Xalbador eta Mattin bertsolariak nolakoak ziren?
Biak atseginak, biak onak. Xalbador zen bertsolari serioa eta Mattin zen pikaro samarra. Piper pixka bat erabiltzen zuen, umore ikaragarrikoa, gizon ona. Bihotz handikoa. Bi gizon klase, bat serioa bestea oso adar jotzailea. Xalbador bera ere oso broma zalea eta txiste kontalaria zen, Mattinek beti zuen txistea. Baina Mattinek bazuen errespetua ere.
Behin, Zarautzen, elkarrekin kantatu behar genuen. Ostatu batean bildu ginen, eta Xalbador oinetatik kexa, mina hartzen zuela. Tartean Irun aldeko "Frantsesa" esaten zioten gizona zen gurekin, ikaragarri bertsozalea. "Ez nagok ontsa!" (Xalbadorrek) "Zer duk, ba?" galdetu genion. "Zapata berriak hartu ditiat eta orain min hanketan. Hemen espartinak non saltzen diren ba al daki inork?" "Hori egina zegok!" esan zion "Frantsesa"k. Joan dira denda batera eta zapatak erantzita espartinak jantzi ditu Xalbadorrek. "Frantsesa"k esan zion "orain espartinen gainean kantatu beharko duk, bada, bertso bat" "Gaur kantatzen ditudanak espartinen gainean beharko dute, soinean jantzita dauzkat eta!".
Haiek mugaz bestaldekoak ziren. Elkar ulertzeko arazorik izaten al zenuten?
Hemen kantatzen hasi zirenetik gerora hemengo hizkera gehiago sartzen zuten. Den dena ez, baina asko bai. Ni lehendabizi mutil gazte nintzela hara joan nintzenean kantatzera kezka hori eraman nuen. "Ulertuko ote dute?" eta bertakoena bezain ongi.
Uztapide eta Basarrirekin asko aritu zinen. Nolakoa zen bikote hori?
Bertsotan batek galderak egin eta besteak erantzunak eman behar ditu. Bertsotako legea hori da. Uztapide zen erantzuten ederra. Ez zuen hark Txirritaren eskolarik. Txirritaren ateraldi berberak askotan, baina askoz ere dotoreago esaten zituen. Txirritak brasta-brasta botatzen zituen, gogoratu bezalaxe gordin-gordin eta gaurko bertsolaritzan ere ohitura hori dago. Baina gure garaian, ez denek, baina normalean bertsolariak gauzak disimuluagoan esaten zituen. Uztapide horretan artista zen.
Basarri galderak egiten oso ona zen, eta kazetaria nola zen, herri askotako berri zekien; guk ere jakiten genuen, noski. Bertsolari lasaia eta txarkeriarik gabekoa zen. Asko behartuz gero erantzunak emango zituen, baina besteek behartuta.
Pentsamoldez eta, Uztapide etorkizun txarrik ikusten ez zuen gizona zen. Konforme eta ondo bizi zen, ez zen aberatsa, baina bizimodu txukunekoa. Hark ez zituen trenaren zain bost minutu ere itxaroten. Beti justu-justu iristen zen, txartela erosteko adina denborarekin. Nik esaten nion askotan "Manuel, trena gain gainean dugu!". "Ba, batek alde egiten badu bestea etorriko duk!".
Orduko bertsokera zertan zen ezberdina?
Batetik disimuluan. Disimulua da ez nabarmentzea. "Mozkorra" esan beharrean beste esaera politago bat erabiltzea. Berdekeria ere ume batek ulertzeko eran esatea gaizki dago. Umeari bere garaia etorri behar zaio, eta berak bilatuko du bide hori. Neska-mutil koskorrak aita edo amari eskutik helduta saiora joaten ziren plazako saioa entzutera eta haien aurrean edozer astakeri esatea guri ez zaigu gustatu. Herri guztietan egoten dira pertsona xelebreak, eta haien berri jakinez gero haiek zirikatu pixka bat, eta izaten zen bertsotarako gaia. Orain, horri ere neurria hartu behar zaio. Inork ez du gaizki entzun nahi, baina gauzak kurioso antzean esanez gero, denoi gustatzen zaizkigu. Eta niri bertsolari "puntiloso" horietakorik ez zait gustatu sekula.
Oraingo neurri luzeak ordukoak baino luzeagoak dira, zortzi puntukoak-eta. Garai hartan ere doinu asko ziren, nahi adina, eta askotan bat gustukorik gogoratu ezin hasi behar denean. Zer lan den eta nolako bertsoak diren, doinu bat komeni izaten da. Guk ez dugu solfeo eta ezer izan, belarritik belarrira ikasten genituen eta doinu bera lau edo bost eratara erabiltzen zen.
Garai haietatik hona bertsolaritzan ere aldaketarik eman da...
Aldaketak egin direla bertsolaritzan? Nik onartzen dut. Oraingo jendearen gustua egin behar da. Garaian garaikoa. Nik ez diot jarraitzen gaurko bertsolaritzari. Hor "Hitzetik Hortzera" telebista saioa izaten da, baina nik siesta nahiago dut. Lehenago bertsoz aseta nago ni kopetezurreraino.
Bertso saio on batek zer behar du?
Aurrean dagoen jendeari antzeman zer nahi duen. Tiro batekin asmatzen baduzu, berehala nabarmenduko da, eta gero bide horri segi.
Zu bertsolari askorentzat eredu zara neurri eta errimen zuzentasunean...
Hori sortu egiten da barruan. Sortzen ez zaionak ez du zer eginik. Nik ez dut inor maisu izan, sekula ez diot nik inori ezer galdetu. Nire kasakoa naiz.
Bertso asko idatzia zara. Horrek laguntzen al du bat-bateko teknika hobetzeko?
Bertsolaria bat-batean kantatzetik idaztera ez da asko aldatzen. Pixka bat txukunago egingo ditu gauzak, baina ideiak ere berberak dira. Nire kasuan hala ikusten dut. Bertsoa pentsatzen denbora gutxi pasa izan dut. Nola edo hala hasi eta bukatu eta utzi besteari tokia.
Bertsoak hasieratik edo bukaeratik idazten dituzu?
Bukaera bertsoak berak ekartzen du aurretik ongi eramaten baduzu. Aurretik ongi eramaten ez baduzu bukaera onik ez duzu bilatuko. Nora joan behar duzun dakizula hasi behar da. Bertsoak ez du tarteko pausorik galduta behar legez.
Zergatik hasi zinen idazten?
Nik ez dut eskolan ikasi, nire kasa hasi nintzen idazten, hala eskatu zidaten eta. Gainera lehen liburua ez nuen idatzi, kantatu eta magnetofonoan grabatu baizik, eta gero handik papereratu egin zen. Orain "Diario Vasco"rako idazten ditudan artikuluak eskuz idazten ditut eta Aita Zavalak pasatzen dizkit makinaz. Lan handia egiten du liburugintzan, eta nik egindakoari ez dio letra bakar bat ere aldatzen. "H"rik ere ez dio sekula jarri. Orain urte mordoxka sekulako iskanbilak ibili ziren auzi hori zela eta. Ni ez naiz "h"aren aldekoa. Baina gaurko euskarari ez diot aitzakiarik ematen. Euskara modu hori bada gazteek nahi dutena, horri eutsi behar zaio, gazteak baitira aurrera egingo dutenak. Gazteen gustua egin behar da.
Orain ere ari naiz pixkanaka beste liburu bat idazten. Herriz herri ibili ginen garaian kirolari asko ezagutu nituen. Aizkolariak, harri jasotzaileak, pilotariak... merezi dute omenalditxo bat, merezi dute beren izena libururen batean jasota geratzea, gerora ere nor izan ziren ikasi nahi duenak zer irakurria izan dezan. Kirolari hauek banaka hartu eta bakoitzari buruzko artikulu bana idazten ari naiz.
Eskola gutxi jaso omen zenuen. Falta hori sumatu duzu bizitzan?
Beti, baina eskola falta hori sumatzeko ere eskola behar da! Nik eskolarik izan ez dudalako ez dakit zenbat erakusten duen eskolak. Bakoitza zerbaitetarako jaio da eta ni ez nintzen eskolarako jaio. Nik ez dut sekula irakurri, eta sekula ez dut liburu bat izan. Basarrik esaten zuen harentzat denbora pasatzeko lagunik onena liburu bat zela. Ni bertso liburu bat sekula izan gabea naiz. Ez ditut neronek egindakoak ere irakurri liburuan. Badakit gutxi gorabehera zer jarrita dagoen, eta horrekin pozik. Lana izan da nire bizitzako eskola.
Zu eskolan ez omen zara ikasle izan, baina unibertsitatera ere iritsi zara bertsoak kantatzera...
Donostiako unibertsitatean kantatu duen lehen bertsolaria izan nintzela esan zidaten. Eta Aita Santuaren aurrean ere kantatu nuen. 1983 urte inguruan Azpeitian, Loiolan izan zenean Basarri eta biok kantatu genuen. Kanpoan jarri zituen aldarea eta 200.000 pertsona edo ziren entzuten. Aita santuak ez zuen noski bertsorik ulertuko, baina gu kantuan jardun ginen denboran isilik egon zen, deskantsua komeniko zitzaion. Begiratu argia egiten zuen.
Doinua: Mutil koxkor bat
Ondarea da Manuel zarrak
bertsoari utzi diona
malezia erruz ta inoren bistan
pena kontatzen iaiona
behin gailurrera igo zenetik
jetsi gabea dagona
belarri batek entzun lezaken
bertsokerarik gozona
kolore onik ta bertso txarrik
izan gabeko gizona.
Jexux Mari Irazu
"Apustu asko jokatutako ahariari buruan arrak sortzen omen zaizkio. Hortik pentsatu liteke zertarainoko kolpe txarrak hartuko dituen, ematen dakien harek".(El Diario Vasco, 1995-08-05)
"Ez zait sekula gustatu besteen bertsoak ikastea, kopia daitezke eta".(Argia, 1992-01-19)
"Soltero edo bakarti egongo balitz ez ote luke hobeki bertsolari batek? Nik hala pentsatzen dut, askatasunaren alde naizelako, eta inori sufrituaraztea gauza txarra delako ere bai, noski".(El Diario Vasco, 1997-05-23)
"Kotxerik ez genuen guk baina neroni iritsita nago hiru herritan kantatzera egun batez".(Euskaldunon Egunkaria, 1994-10-16)
"Nik Uztapideri, bertsoaren erdirako antzematen nion noratsu zihoan. Eta halaxe denbora izaten nuen nire bertsoa prestatzen hasteko. Eta hari berdin gertatzen zitzaiola badakit nik'".(El Diario Vasco 1997-05-07)
"Ni umezale porrokatua beti izan naizela esateko ez daukat lotsatu beharrik. Nere bizitzan unerik gozoenak ume tartean igaro baititut".(El Diario Vasco, 1997-03-25)
"Kantuari uzteko erabakia latza izan zen baina, ez kantari jarraitzea bezain latza. Inoiz probatu al duzu zer den kantuan hasterako barruko tristura izugarri baten menpe egotea? Ba, behin probatzea ez da ezer. Nik hamar urte baino gehiago egin ditut horrela". (Eguna, 1987-11-05)
- Jaio:
Leitzan, 1927an.
- Bizi:
Orion.
- Bertsolari, idazle eta errementari izana.
- 42 urtean ibili zen herriz herri bertso kantuan eta Orioko bertso irakasle izan zen 4 urtez.
- Orain artean
6 liburu argitaratu ditu:
"Bertso mordoxka" (1970), "Gordean neuzkanak" (1975), "Beranduko lanak" (1992), "Lazkao Txiki gogoan" (1994), "Enbor zarraren ezpalak" (1995), "Kantuaren ordainez" (1997).
- Zutabegile da "Diario Vasco" egunkarian.
- Sariak:
Iparralde eta Hegoaldetik aukeratutako bertsolarien artean, Iparraldean 1952an jokatu zen Txapelketan txapeldun izan zen; Luhuso eta Elgoibarren (1953an) sari bana jaso zituen; Mogel saria eskuratu zuen (Eibarren, 1959an); Sariketa deitutako txapelketan hirugarren izan zen (1967), eta harrezkero ez du beste inolako neurketetan parte hartu.
- Omenaldiak:
16 bat omenaldi jaso ditu.
Euskal Herriari eskerrak eman nahi dizkiot. Lagun on asko eduki dut. Izan ditut osasun faltak eta gorabehera asko, baina bai egun onak ere. Eta oraindik herri askotatik etortzen zaizkit lagunak bisitatzera. Nik asko estimatzen dut. Entzuleek nik merezi baino gehiago maitatu naute. Bertsolarien artean izan ditudan maiteenak esateko ez dut lotsarik: Uztapide eta Basarri. 16 edo 17 omenaldi jaso ditut. Asko txikiak, baina txiki eta handirik ez da niretzat, txikia handia adina estimatu dut beti. Egun horrek estuasunak ematen ditu, baina halako estuasuna pipermin izatea baino hobea da.
"Lana izan da nire bizitzako eskola". Semea eta biak, bere errementerian, "Iturbide"n, 1974an.
Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]
Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]
Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]
Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.
Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]
Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.
Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]
95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.
Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]
Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]
Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]