"GIZA GENEROAREN NAHIKO DESENGAINATUTA NAGO"

  • Aitzakiarik ez da behar bera elkarrizketatzeko, baina bat bilatzekotan idatzi duen azken liburua, "Eterno retorno", izan daiteke. Aktore izateagatik ezaguna den ameslari honek bi antzezlan idatzi ditu eta beste bat du buruan. Beste gauza asko gordetzen dituen leku berean.
Helduentzako bigarren liburua argitaratu duzu berriki: "Eterno retorno". Zure aurreko eleberria atera zenuenetik, "Para no sé quién", hainbat haur liburu idatzi duzu. Errazagoa al da haurrengana iristea?
Lehen liburua idatzi nuenean, "Para no sé quién" haur liburu bat idatzi nahi nuen, baina eskuetatik joan zitzaidan. Hari aurka egin gabe, bukatu egin nuen eta berriz ere irakurri nuenean, haurrentzat ez zela konturatu nintzen, baina ezta helduentzat ere. Ez nekien zein irakurle motarentzat zen, horregatik jarri nion izenburu hura. Haurrentzat idaztean helduentzat idazten dudanean bezain gustura sentitzen naiz, baina beste modu batean. Haurrentzako idaztea ez zait zaila gertatzen, nahiz eta harroa gerta daitekeen hori esatea. Liluratu egiten nauen mundua da haurrena eta konturatu gabe beraiei so egiten diet, niretzako haurtzaroa oso garrantzitsua baita. Nire haurtzaroari buruz idatzi nahi nuen lehen liburuan, haurtzaroarekiko dudan obsesioa gainditzeko, baina hura idaztean ezinezkoa zela konturatu nintzen. Ia obsesiboa da oraindik ere niretzat.

"Eterno retorno"ko ipuinetan bizitza zatiak ageri dira. Bizitzeko angustia, bakardadea, maitasuna, heriotza behin eta berriz aipatzen dituzu.
Segur aski gehiago idatzi dut gaizki egon naizenean ondo egon naizenean baino. Eta orain egiten dut gogoeta horri buruz. Haurrentzako adibidez ez dut behin ere gaizki nintzenean idatzi. Alabaina, gaizki egon naizenean idatzi ditut helduentzako edo helduei buruzko ipuinak. Esaterako "Testamento I" ipuina idazterakoan sekulako depresioa behar nuen izan, suizidio batez hitz egiten dudala konturatu bainaiz orain. Oso espontaneoki ateratzen ari zitzaidala idatzi nuen. Seguru ipuin hori idazterakoan besteetan baino okerrago sentitzen nintzela.

Horrela idazten al duzu, sentitzen duzun bezala?
Idaztea ia behar bat da niretzako. Askotan ideia bat duzu eta ideia hori benetan sartu eta ernatu bada, azkarrago ateratzen zaizu. Ez bada errotu, hasieran ez da ateratzen. Eta orduan ofizioz hasten zara, esperientziaren poderioz eskuratu dituzun armak erabiliz. Horrela, literarioki hobeto atera daiteke, baina beti izango da hobea burura etortzen zaizun moduan kontatzen duzun historia, konbentzituago zaudelako. Liburua osatzerakoan, ipuin batzuk baztertu ditut eta era naturalagoan idatzi nituenak jaso ditut. Antzerkian gauza bera gertatzen da. Pertsonaia guztiak lantzea gogorra da. Baina beti beraiekin borrokan bazaude eta ez badira naturalki ateratzen, seguru ez duzula ondo bereganatu. Eta bizitzan ere hala da, naturalki eta lasai egiten duzuna egiazkoagoa da. Behartutako guztia ezin da zuretzat ez besteentzat ona izan.

Eta nola lortzen duzu pertsonaiak natural jokatzea?
Antzerkian gotzainaz egiten baduzu, ezin duzu erabat bihurtu. Baina neurri batean berak bezala sentitu behar duzu, bestela ez duzu lehen aipatutako naturaltasun hori izango. Txorakeria bat iruditzen zait aktoreek pertsonaia etxera eramaten dutela esatea. Hori ez zaio inori gertatzen, niri behintzat ez zait pasatzen. Orain Txalo Produkzioak taldearekin egiten ari garen obran gaixo neurologiko batzuk antzezten ditugu. Hasieran oso arrotzak gertatzen zitzaizkigun, eta ahalegin handia egin genuen haiek gure egiteko eta ulertzeko, baina orain gutxi gorabehera gure egin ditugu. Orain arte nire bizitzan eragina izateko gai izan den zerbait egin badut, hau izan da, gaixotasun neurologiko gogorrak direlako. Hala eta guztiz ere, ni oso lasai joaten naiz etxera.

Ezagunagoa zara zure aktore lanagatik. Orain "Emakumea kapelarekin nahastu zuen gizona..." ari zara antzezten. Urte askotan "La cantante calva" egin duzu Teatro Estudio de San Sebastian-ekin. Talde horrek aurten ere lan hori taularatu du.
Bai, baina nik ez dut parte hartuko, eta izugarrizko pena ematen dit, "La cantante calva" Eugene Ionescorena delako. Ez nuen pertsonalki ezagutu, bere egunkaria irakurri dut eta zoragarria da, eta egunkari honengatik eta bere antzerkiarengatik ezagutzen dut, baina badakit oso ondo konponduko ginatekeela... Berak asmatu zuen beste batzuekin batera absurdoaren antzerkia. Bizitzaren absurdoa Ionescorentzat heriotzaren errealitatetik hasten dela uste dut, existentziatik eta bat bateko existentzia ezatik. Pentsatzen duen orori gertatzen zaio hori... horregatik ez dakit hainbeste pentsatu behar ote den, hobe bizitzea eta, batzuetan, pentsatzea. Baina orduan, txundituta uzten zaitu ingurukoak, bat batean hain deseroso sentiarazten zaituen gizarte batean aurkitzen zara, egiten dugunagatik, bizi garen moduarengatik... Uste dut gehienetan astakirtenak garela. Giza generoarekin nahiko desengainatua nago, nahiz eta salbuespenak egon badauden.

Antzerkian urte ugari daramatzazu, baina horren aurretik kazetari lanak egin zenituen Donostiako Herri Irratian, eta bertan "Señorita Elvira" pertsonaia ere antzezten zenuen...
Lehen ez nuen horretaz hitz egiten, ez aurreiritziengatik -gainera ia pertsonaia hori bera antzezten nuen "El Florido Pensil"en-, misterioa mantentzea, jendeak pertsonaia horrek benetan existitzen zuela sinetsi zezala oso interesantea iruditzen zitzaidalako baizik. Gero konturatu naiz ez duela garrantzirik. Egia esan irratian kazetari baino gehiago aktore izan naiz. Elkarrizketak egitea atsegin nuen gehien, entzutez bakarrik ezagutzen nituen pertsonak ezagutzeko jakin-minagatik.
"Señorita Elvira"k bazuen ahizpa bat Elsa Maxwell izenekoa Donostiako Zinemaldira etortzen zena. Bi ahizpen arteko elkarrizketa egiteko lehenengo ahots nagusia grabatzen genuen eta ondoren, gutxien hitz egiten zuena. Bazirudien bi pertsona ari zirela hitz egiten. Irratia asko gustatu izan zait, eta oraindik ere asko gustatzen zait, entzule legez. Telebista berriz ezin dut jasan, ezta aktore bezala lan egiteko ere, eta berarengandik ihes egiten saiatzen naiz. Irratiak bizitzan bertan atsegin dudan misterio hori du: zer edo zer entzuten ari zara eta gauza pila bat iradokitzen dizkizu. Bizitzan hori bera gertatzen da. Errealitate guztia aurkitzea baino interesanteagoa da nik zerbaiti buruz gogoeta egitea. Irratiak aukera hori ematen du, telebistak ez.

Elkarrizketa asko egingo zizkizuten. Bilatzen hasita ordea gutxi aurkitu ditugu...
Ez uste, asko egin dizkidate. Baina ez zaizkit batere gustatzen, agian deformazio profesionalagatik. Ohituago nago galdetzen duenaren aldean egoten, eta ez zait gustatzen niri galdetzea. Aktore izateak ezaguna bihurtzea dakar. Baina nik ez dut ospea gustuko. Orokorrean, eta ulertzen dut, jendeari gustatzen zaio. Niri, nire izaeragatik edo nire askatasunarengatik ez zait gustatzen. Kaletik zoazenean besteek hortik doana Pako dela jakitea ez dut atsegin. Nire intimitatea eta bizitza pertsonala askozaz ere garrantzitsuagoa da ospea baino. Baina oso maite dut antzeztea, uste dut aktore izateko jaioa naizela, eta badakit lan egin nahi badut, horrek besteek ezagut nazaten ekartzen duela, saihestezina da.

Lotsatia zarela diozu, baina horrela izanik ere, eszenatokira igotzen zara. Han goian denaz ahazten zara?
Oso une txarrak pasa ditut lotsatia izateagatik eta gauza asko gainditu ditut antzerkiari esker eta bizitzari esker, noski. Ez nintzen gauza asko egitera ausartzen. Parisen izan nintzenean, adibidez, jatetxe batean lan egiten nuen eta hamabietan, bazkaltzera eramaten gintuzten. Lehenengo egunean kamarero guztiekin aurkitu nintzen hantxe mahaian eta platera jarri zidaten denen aurrean jateko... Ordura arte beti etxean jan izan nuen, eta bat batean konturatu nintzen ezin nuela jende arrotzaren aurrean bazkaldu. Jatea, edatea, zerbait intimoa zen niretzat, komunera joatea bezala. Lotsa oso latza da. Une batean, zera erabaki nuen: "Lotsatia naiz eta listo". Beraz, horrelako egoera baten aurrean aurkitzen naizenean "Aizu barkatu, baina ni oso lotsatia naiz", esaten dut. Erabaki nuen ez nintzela saiatuko nire lotsa ezkutatzen. Dagoeneko ez dut ezkutatzen eta ezkutatzen ez dudanetik, ez naiz hain lotsatia.
Eszenatokira igotzen zarenean zein zaren ahazten duzu: "erdizka zara eta ez zara". Hori da nire teoria antzerkian. Nigan, eszenatokira ateratzen naizenean, indar handiagoa du naizen aldeak ez naizenak baino. Orduan ez dut inoiz lotsarik sentitu. Beldurra bai, sentitu dut. Eszenatokiarekiko beldurra izugarria da, denborarekin eta esperientziarekin lasaitzen joaten zara, baina beldurra ez zaizu inoiz kentzen. Badirudi, ordea, aktore eta aktoresa asko direla lotsatiak. Eta kontrako irudia ematen duen jendea, Federico Luppi adibidez, bere nortasunarekin mundua jango duela dirudien pertsona hori, lotsati samarra da. Elkartu ginenean, ia ni baino gehiago ezkutatzen zen bera, gero ordea, ederki egon nintzen berarekin. Gutxiena espero duzun antzerki munduko jendearengan asko gertatzen da lotsaren fenomeno hau.

Berriki jaso duzu "Garnacha de Rioja" saria "El Florido Pensil"en eginiko lanagatik. Antzezlanak arrakasta handia izan du. Zergatik?
Askotan galdetu digute hori. Prentsaurrekoetan nire lankideek zioten gertakari sozial bat zela, jende askorengana iristen zela jende askok bizi izan zuelako. Hortik omen zetorren arrakasta. Nik beti izan dut gogoa esateko zerbait sortzen duzunean, edo harreman batean, izaten den "graziazko egoera" horretan egoteko zortea izan genuela. "Graziazko egoera" bat non berez jokatu nahi duzun bezalaxe jokatzen duzun beste pertsonak gustuko izan zaitzan. Batbatean zure xarma guztia loratzea, zure energia positibo guztia, beste jende horrentzat. "El Florido Pensil" egin genuenean, bai egokitzaileak bai zuzendariak eta baita antzezleok ere "graziazko egoera" horretan egon ginen, harreman on bat egon zen, eta "graziazko egoera" hori sortu zen. Noizbehinka zerbait egiten dugunean gertatzen den "miraria" jazo zen. Gutxitan gertatzen da, zergatik? Agian deskubritzeko dagoen misterioetako bat da. Zergatik ez gara beti zoragarriak? Antzerkiarekin berdina gertatzen da. Bat-batean besteentzat liluragarria den zerbait ateratzen da edo "kaka" bat suertatzen da. Perfekzioa ez delako existitzen, hurrengo egunean pertsona berdinarentzat edo beste batentzat inperfektua izan litekeelako.

Zineman lan asko egin duzu: "Tasio", "Mikelen heriotza", "Cuando vuelvas a mi lado"... Baina telebistan ez zaitugu ia ikusi.
Ez daukat ezer telebistaren aurka medio bezala, baina bai bere erabileraren aurka. Sarritan esan den arren, telebistan asko alferrik galtzen da, jendea, sormena, irudimena... Benetako kaka bat da. Saiatzen naiz medio horrekin ez kolaboratzen. Euskarazko bi telesailetan lan egin dut: "Bi eta bat" eta "Jaun eta jabe", eta euskaraz lan egiteko aukera eman zidatelako izan zen, zeren nik euskaraz zailtasun handiak dauzkat eta gustura egin nuen. "Caligula" lana ere egin nuen telebistarako, baina hori egiteko gogoa banuen jende onarekin eta Camusen obra handi batean lan egin behar nuelako.

Zergatik eta zeinentzat idazten duzu?
Behar hutsagatik eta segur aski baita ere gogobetetze hutsagatik. Barrua lasaitzen dut, mendekatu egiten naiz, ondo pasatzen dut, bizi egiten dut, oso maite dut. Edozeinentzat edo inorentzat idazten dut. Badakit ezin dudala literaturatik bizi. Liburua atera dut lotsa kentzeko. Gehiago idatzi izan banu, ez nuke nire aktore esperientziaz hainbeste gozatuko, ezta irratiaz ere. Ez naiz ezertaz damutzen. Liburua jendearengana iritsi bada, ni pozik.

Nonbaiten esan duzu zalantzez eta galderez beteta gaudela. Adinak laguntzen al du hauek konpontzen?
Uste dut zure buruari gero eta gehiago galdetzen laguntzen duela. Zientzian adibidez zerbait deskubritzen denean, konturatzen dira beste hiru gauza daudela deskubritzeko. Eta bizitzan hori bera gertatzen da. Uste duzu gauzak aurkitzen dituzula, baina aurkikuntza horiek ikusarazten dizute gauza gehiago daudela deskubritzeke. Bizitzan ikasten zoazen neurrian, zure buruari galdetzeko eskubidea daukazu, galdetzeko beharra eta obligazioa, zeren zure askatasuna da, nahiz eta erantzuna ez duzula topatuko jakin. Arreta pixka bat jarrita, ikusten duzu unibertsoa inperfektua dela, Jainkoaren irudi eta antzera egina badago, bera ere inperfektua dela. Ez dugu honez gain beste unibertsorik ezagutzen, baina amets egin dezakegu, egon daiteke beste bat. Honekin guztiarekin jolastu dezakegu eta hori da politena. Orain modan dago esatea irudimena dela bizitzatik salba gaitzakeen bakarra, arauak haustea. Aske izatea lortzen dut? Hori da galdera bakarra. Baietz uste baduzu, ederki; bestela, kaka bat da, hil zaitez, esklabo bat zara


Azkenak
Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko Itsarazko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoari.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


2025-01-16 | Euskal Irratiak
Laborantzari buruzko ikuspegi desberdinak agerian, Departamenduko Laborantza Ganbararako bozetan

Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.


Montanako (AEB) Auzitegi Nagusiko epaile anderea... euskaraz

Irulegi irratiak elkarrizketatu du AEBetako Montana estatuko Auzitegi Nagusiko epaile Katherine Bidegaray. Gurasoak behe nafartarrak zituen, aita Mendibekoa eta ama Ahatsakoa.


2025-01-16 | Leire Ibar
Osakidetzako zuzendari ohi Mikel Sánchezek Mutualiarekin fitxatu du

Sánchez, 2019tik 2024ra Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria izan zena, azaroan hasi zen Mutualia enpresako mediku-zuzendari gisa. 2024ko udan kargua utzi eta hiru hilabete eskasera egin zuen jauzia enpresa pribatura, Jaurlaritzaren oniritziarekin.


Gazarako su-etena adostu arren, akordioaren bozketa gibelatu du Israelek

Adosturiko puntu batzuk aldatzen saiatzea leporatu dio Benjamin Netanyahuk Hamasi, baina azken honek informazioa gezurtatu egin du berehala. Urtarrilaren 15eko arratsaldean adostutakoaren arabera, hiru fase lituzke meniak eta igandean abiatzekoa dute. Bizkitartean, erasoekin... [+]


Militantzia politikoaren debekurik ez!

Asteartean eman zuten jakitera bost gazte lapurtarren kontrako sententzia. Hamabost hilabeteko espetxe zigorra gibelapenaz bi gazteri, 500 euroko isun banarekin; 140 orduko lan behartua eta 500 euroko isun bana beste bi gazteri; eta, azkenik, 1.700 euroko isuna beste... [+]


Adingabeak babesteko Foru Legea behingoz praktikara eramatea eskatu diote Nafarroako Gobernuari NUPeko ikertzaileek

Sandra Siria Mendaza eta Hodei Sarasa Camacho Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko irakasleek haien ikerlanen ondorioak azaldu dituzte Nafarroako Legebiltzarrean. 2022Ko legean “komunitateko tutore” figura berria sortzea eskatu dute, harrera baliabidetan... [+]


“More with less”

Lehengo batean, The Wire telesail sonatua berrikusten ari nintzela, etsipena gogora ekarri zidan eszena bat heldu zen. Bertan, The Baltimore Sun egunkariaren zuzendaritzak langileak bildu eta datozen aldaketei buruz ohartarazten die; hau da, kaleratzeez eta distira gutxiagoko... [+]


Smartphonea: gure fetitxe erregea

Bizi dugun kultura kontsumistak, erabiltzaile oro agintzen du gozamen neurrigabera. Slavoj Zizek dioen eran, Goza ezazu zure fetitxea, hiper-modernitatearen agindu ozena bihurtu da. Fetitxearen lekua betetzeko dauden gailu teknologikoen bidez gauzatzen baita egungo gozamena... [+]


2025-01-16 | Leire Ibar
Haurrak generoaren arabera banatzen dituzten ikastetxeak desagertuko dira Gipuzkoan datorren ikasturtean

2025eko irailarekin hasiko den ikasturtean ez da izango sexu bereizketarik Gipuzkoako ikastetxeetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez. Eskibel eta Erain ikastetxe kontzertatuak dira gaur egun ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten bi... [+]


2025-01-16 | Hala Bedi
Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeko bi kide
“Boterean dagoen klasearen interes nagusia beti izango da gazteen antolakuntza oztopatzea”

Larrabetzuko Hori Bai Gaztetxeak 60 urte bete ditu. Euskal Herriko Gaztetxe zaharrena da Larrabetzukoa.


2025-01-16 | El Salto
Amazonek bat egin du olatu ultrarekin, eta pertsona LGBTQ eta beltzen eskubideak babesteko politikak apaldu ditu

Hainbat enpresak aniztasun eta inklusio politikak aldatu dituzte Donald Trumpen gobernu berriari ongietorria egiteko.


Eguneraketa berriak daude